Musika

Finlandia (Non-Original Soundtrack)

Posted on Updated on

Oso garrantzitsua da musika Finlandian eta horrela erakusten du Txominek ia ahoa irekitzen duen bakoitzeko. Horregatik, Online nobelan zehar agertzen den musika nolabait bildu beharrean nintzela erabaki nuen argitaratzen hasi aurretik. Spotify zerrendetan pentsatu nuen lehendabizi (eta prestatuko ditut atal bakoitzaren amaierarako) baina azkenaldian, bideokliparekin lantzen ari naizen lotura dela eta alde batetik, eta eta erosotasunagatik bestetik, Youtuben ere Finlandian ageri diren kantuak biltzen joatea erabaki dut.

Zatitxo bat argitaratzen dudan bakoitzean bertan ageri diren edo pasarteak iradokitzen dizkidan kantuak gehitzen joango naiz helbide honetan bertan. Gozatzea espero dut. Hemen dituzue orain artekoak:

Advertisements

Kafesnea berotzen hasi eta barazkiekin musika egiten amaitzen duzunean

Posted on


Kantu honekin ezagutu nuen j.viewz musikaria orain bi urte edo. Ikaragarri gustatu zitzaidan eta Jonathan Dagan izen-abizenekin 1982an Israelen jaiotako tipo honen inguruan informazio gehiagoren bila hasi nintzen. Hainbeste gustatu zitzaidan rivers and homes kantuak ,2011an kaleratu zuen diskoari izena ematen zion eta azken hori, bere bigarrena zela jakin nuen. Lehendabizikoak Muse Breaks izena zeraman (oso euskalduna) eta 2005ean argitaratu zuen.

Kostatu bazitzaidan ere, lortu nuen lanak eskuratzea (bide ilunetatik nola ez) eta gehienbat bigarren diskoak erakarrita, kopia fisikoaren bila jo nuen. Ez nuen ez amazonen eta ezta discogs edo fnac-en topatu eta asko harritu ninduen egia esan. Bai musika zein ekoizpen aldetik lan borobila iruditu zitzaidan eta azkenean, garai hartan disko hori eskuratzeko modu bakara, bere webgunea zela ikusi nuen. Hala ere, ordurako erabakia nuen ez nuela CDrik berriz erosiko (salbuespen oso zehatzekin) eta binilorik ez zuenez, kopia digitalarekin geratu nintzen.

j-viewz-456

Ahaztua nuen dagoeneko j.viewz Brooklyndarraren lana baina askotan gertatzen den bezala, eta oso ondo azaldu ezin baduzu ere, egun batean entzun zenuen kantu hartaz oroitzen zara, zigarro bat erretzen, ogia mozten edo kafesnea berotzen ari zarela. Pare bat egun daramatzat bere kantuak youtube bidez entzuten eta bideoklip ederrak dituela ikusi ahal izan dut. Beraien artean, esperimentu, lankidetza zein bitxikeriak topatu ditut eta horietako batetik, gaurko post honen izenburua.

Beste batzuen artean José González suediarrak bertsionatu zuen Massive Attack mitologikoen Teardrop kantua dakarkigu bideo honetan baina oso modu bitxian exekutatua. Barazkiekin bai, barazkiekin. Ez dut uste musikaren mundua edo norabidea aldatuko duenik eta ezta ezer berririk asmatu duenik ere baina aitzakia perfektua iruditu zait ostegun alu hau alaitu eta j.viewz The Indezents honetara ekartzeko.

PD: Kantu batez gogoratzeak beste kantu batera eramaten zaitu eta azken horrek beste batera. Azken bideo honekin, saihestezina egin zait The Suicide of Western Culture bikote kataluindarraz gogoratzea hauek ere, oso tramankulu bitxiak erabiltzen baitituzte beraien musika garatzeko. Beste egun batean eskainiko diet agian post bat. Bitartean, hemen duzue aurrerapen eder bat.

Autotik eta burutik atera ezinik nabilen bi disko: A ala B eta Llamp de Déu

Posted on Updated on

Nahiko lasai nabil azkenaldian musikari dagokionean. Baretu edo beste zerbaitetan kontzentratu ahal izateko besterik ez dut musika entzuten eta joera horren froga garbia da azken astean gehien entzun ditudan diskoak London Grammar-en If You Wait (debut lana WTF! Gaur egungo mukizu hauekin beldurtzen hasia naiz…) eta Ásgeir-en In The Silence direla.

Autoan sartu eta Goierritik ateratzean ordea (Goierri Irratia Zumarraga eta Tolosa artean bakarrik entzuten da…), orain ez hainbesteko rock-zale amorratuak hartzen nau. Bi astean behin edo CD berri bat prestatzen dut autorako eta badira bi disko indartsu zein zoragarri azken nahasketa guztietan sartu direnak. Eta martxa honetan, sartzen jarraituko dutenak. Ez dakit zenbat aldiz entzun ditudan eta ez naiz oraindik nazkatu (ez dakit sekula nazkatuko ote naizen…).

Lehena, Euskal Herrian aski ezaguna den talde batena dugu eta bigarrena, tamalez hain ezaguna ez den bikote kataluinar batena. Ea post honek injustizia hori konpondu eta unibertsoarekin adiskidetzen laguntzen nauen.

WILLIS DRUMMOND – A ala B: 

azala_A_1Zer esan? Makina bat kritika idatzi dira lapurtarren lan honen inguruan, makina bat irakurri ditut eta oraindik ez dut ezer txarrik topatu. Lehen diskotik jarraitzen ditut eta nire talde kuttunetako bat dela onartu beharrean naiz. Lehen bi diskak kolpez sartu zitzaizkidan barreneraino (Anthology eta Willis Drummond). Hirugarrenak aldiz (Instanteak), entzunaldi pare bat gehiago behar izan zituen. Gaur egun, aurreko biak bezain beste maite dut. Gauzak horrela, laugarrena aterako zutela jakin nuenean, ez nuen gutxiago espero izan. Espektatiba altuak bai baina ez zuten hutsik egin berriz ere. A ala B lehen entzunaldian hipotalamoraino sartzen zaizun lana da. Adinean gora doaz baina hori ez da beraien musikan sumatzen. Aurreko diskoak baina zuzenagoa da, indartsuagoa eta leloak aurreko diskoetan baina errazago zizelkatzen zaizkizu garunean (bi egun pasa berri ditut “denborak egiten gaitu, aanai” ahapetik kantatzen).

willis--647x231
Argazkia: Willis Drummond

Hori gutxi balitz, entzuten dudan bakoizten diskoko nire kantu kuttuna beste bat dela erabakitzen dut eta hori, oso oso zaila da eta oso disko gutxirekin pasatzen da. Dagoeneko, “Ilegala”, “Menoperatzen dut”, “Anai”, “Tresna”, “Ate ttipia” edo “Berantegi” izan ditut kuttunen.

Esandakoa, erraz sartu eta oso zail ateratzen den diskoa. Indarrez betea eta indarrez betetzen zaituena. Autoko leihoak zabalik eta kantuan entzuteko ezin hobea den horietakoa. Inork ez dezala zure aurrean bidegurutze bat intermitenteari eman gabe hartu hau entzuten ari zarela.

L`HEREU ESCAMPA – Llamp de Déu

a0761751897_10Egia esatea nahi baduzue, ez dut sekula kataluniarrez kantatzen duen talderik ezagutu. Lehena da eta erabat engantxatua nauka.  Hizkuntza guztietan egiten dira gauza onak eta txarrak (hortaz asko dakigu, gehiegi agian… Linkak jartzeko bulkada frenatu dut) baina hitzen sonoritateak ikaragarrizko indarra du.

Talde gutxi izango dira eskenatoki batera halako planteamendu sinple batekin ateratzen direnak. Bi tipo, gitarra bat eta bateria bat. Sinplea ezta? Ba diskoetan iradokitzen den eta zuzenekoetan birrintzen zaituen indarra sinestezina da.

lhereuescampa
Argazkia: musicazul.com

2013ko Jazpanan izan genituen (Willis Drummond urte bete lehenago) eta jaialdia baino bi hilabete lehenago edo zortzi mila buelta eman nizkien beraien bi disko eta EPari (Usopopeko lagunei esker facebook bidez ezagutu ostean). Oso zaila egiten zait zuzenean transmititzen duten energia hitzez deskribatzea baina esango dizuet kontzertua amaitu ostean lurrera itzultzeko hamar minutu behar izan nituela.

Kantu motzak, apaingarri gutxikoak eta zuzenak (George Foremanen gantxo baten moduan). Kolpe horiek dira hasieran zure arreta bahitzen dutenak baina kantuak entzun eta entzun ahala, atzean dituzten mila detaile zein lasaitasun uneez gozatzen hasten zara.

Lehen diska homonimoa borobila da (zirkunferentzia perfektu bat) eta bertan, “Consol, condol” edo “L’Estampa” bezelako ahrribitxiak aurkitu daitezke beste batzuen artean. Ondoren, split EP bat argitaratu zuten Her Only Presence hirukotearekin erdibana eta azkenik, merezi duten lekua eskaintzen hasi zaien “Llamp de Déu” zoragarria.

Zer esan tamaina biblikoa duen disko honetaz? Ba hasieratik bukaerara entzuten den horietako diskoa bat dela. Kantua amaitu eta izena begiratzera jotzen duzun horietakoa. Hori ordea, kantu guztiekin gertatzen zaizula konturatzen zara bederatzi kantuak aurrera doazen eran. Azkenerako, amore eman eta ez zaizu axola ere egiten nola demontre izena duten. “La feram”, “Incendi”, “Amics estim”, “Ingràvid” edo “La font” ultramegaepikoa!

Amorrua, gorrotoa eta zoriontasuna batera sentiarazten dizkizun diskoa da eta ez da komenigarria autoko leihoa zabalik duzula entzutea. Bertatik burua atera eta munduari Polonia konkistatzeko prest zaudela oihukatzen amaitu nahi ez baduzu behintzat (goizean igerilekura joan ostean noski).

Eta zergatik ekarri dizkigu gaur artaburu honek bi diska hauek gaur The Indezents honetara? Ba Rural Postmoder Videos sasi-produktorak bere lehen bi bideoklipetarako gidoiak prest dituelako eta nola ez, lehen bi protagonistak, bi disko hauetako kantu bana izango direlako. Zeintzuk? Aposturik egin nahi?

Noel Vs. Liam edo Gallagherren arteko borroka amaiezinaren amaiera

Posted on Updated on

Guztiok borrokatu gara anaiarekin haurtzaroan. Historian zehar ama guztiei loa kendu dien kontua dugu hau baina denborarekin pasa egiten da. Anaia txikia eta ni behintzat ederki moldatzen gara gaur egun eta sinetsi, gure arazoa ez zen gehiegi borrokatzen ginenik borroka besterik egiten ez genuela baizik.

Hala ere, badira kasu batzuk non bandera zuria atera, aizkora lurrean utzi eta anaiak lagun bilakatzeak ezinezkoa ematen duen. Kasurik garbi eta ezagunena Manchesterreko Gallagher anaiena dugu eta bi artaburu hauek dira gaurkoan ordenagailuaren aurrean jartzera eraman nautenak.

Grunge garaietan (nire nerabetzaroko zutabe nagusia Son Gokurekin batera) Brit Poparekin adarrak jartzen nizkion noizean behin Seatleko mobidari eta OasisBlurOcean Colur Scene edo Travisenkantuekin ederki gozatzen nuen sekula Chris Cornelli onartu ez banion ere.

Gerora, nire entzunaldietatik desgertzen joan ziren talde ingeles hauek baina Oasisek beti izango zuen lekutxo bat nire bihotzean. Orduan dagoeneko Noel eta Liam eta Liam eta Noelen arteko iskanbilekin barre ederrak botatzen genituen lagun artean eta badirudi, jende normalean ez bezala, anaia hauen harremanak okerrera egin duela.

Milaka zurrumurru, keinu eta mehatxuren ostean, taldea desegitea erabaki zuten eta anaia bakoitzak bere aldetik jo zuen 2011n. Liamek Oasiseko musikari ezberdinak bildu eta “Different Gear, Still Speeding” diska argitaratu zuen Beady Eye izendatu zuen taldearekin. Noelek aldiz, NoelGallagher’s High Flying Birds diska kaleratu zuen (Eta zergaitik ez nuen post hau orduan idatzi? Ba sudur puntatik atera ez zitzaidalako).

Ordurate, antologikoak ziren bai bi anaien arteko ego borroka eta baita zaleen arteko eztabaida ere. Nor da bi Gallagherren artean talentu gehien duena? Badakit borroka batean Supermanek edo Hulkek irabaziko ote zuen eztabadaidatzea bezain zentzugabea dela baina horrelako gauzetan galtzen genuen (eta dugu) denbora zer nahi duzue esatea…

Kontua da, 2011 arte bi anaiak talde berean zeudela eta eztabaida honek ezin zuela erantzun objektiborik izan. Bi diska hauek kaleratu ostean ordea konparaketa posible da eta hori, edozein musika frikiren ametsa zen! Gogoan dut behin irakurri nuena. Inspiral Carpets taldearen teknikari lanetan bira batetik itzultzean Noel Liamen talde berriaren kontzertu bat ikustera joan zen. Amaitu ostean, taldearen aldagelara sartu eta tamaina biblikoa duen esaldi bat bota zien: Bi aukera dituzue, edo taldean sartu, kantuak konposatzen ditut eta izar batzuetan bilakatzen gara, edo bizi osoa Machesterreko lokal kakaztuetan jotzen igarotzen duzue. Genio y figura.

Arazoia ote zuen Noelek? Edo Liamena zen arrazoia bere anaiak bere kreatibitatea mozten zuela esaten zuenean? Ez dut uste erantzun garbirik dudanik baina saiatuko naiz.

Beady Eyeren diska enztun nuen lehendabizi eta BBK Live jaialdi deskafeinatuan ere ikusi nituen zuzenean. Gehiago gustatu zitzaidan taldea zuzenean baina horretan, asko lagundu dezake Liam bezalako kantari mitiko bat eskenatoki gainean ikusteak soilik. Diskoa ondo dago, entzuten uzten da baina lehen hiru kantuek uzten dizuten sentsazio onaren ostean, haizea galtzen joaten da erabat beteta duzun puztuki bat lotu aurretik askatzen duzunean bezalaxe. “Bring The Light” kantuan berpiztun egingo dela iruditzen zaizu baina… ez. Aldapera behera doa dagoeneko. Musikari onak ditu eta produkzioa bikaina du baina… Ez dakit, ez dit ezer berezirik esaten. Gustora entzuten dut oraindik baina ez zait iruditzen hemendik lau urtera entzuten jarraituko dudan horietako diska bat denik.

Noelen lana hilabete batzuk beranduago entzun nuen eta desiatzen nintzen onartu beharrean bait nago bere aldekoa izan naizela beti (Bai, honek zientifikotasun guztia kentzen dio ikerketari baina izorratu. Bloga nirea da). Autoan entzun nuen lehen aldiz eta asko gozatu nuen. Lehen kantutik harrapatzen zaitu eta une brillanteak ditu. Lasaitasunez idatzi eta kantatua dago eta somatzen da. Beady Eyeren lanean berriz, izenburuan daraman abiadurak kantuak idazterakoan garrantzia gehiegi izan duenaren sentsazioa uzten du. Instrumentazioa beste maila batean dago High Flying Birds honetan eta instrumentu zein soinu baliabide guztiak ezberdindu daitezke uneoro. Melodiak askoz jostagarriagoak dira eta Liamek amestu ere ezin dituen sentsazioak azalaratzen dituzte “Dream On”, “If i Had a Gun”, “The Death of You & Me” zoragarrian edo “Soldier Boys and Jesu Freaks” ederrean.

Ez dakit esan bezala, objektiboa naizen baina horixe da nire epaia. Biek gogoratzen didate Oasis kantu bakoitzean baina Noelen lanak Oasisetik gustoko nituen gauzak ekartzen dizkit burura eta Liamenak agian, Oasisen musikan aintzat hartzen ez nituenak.

Noel wins beraz nire ikuspuntutik. Zer deritzozue zuek? Nork du talentu gehien bi anaia narzisista, egolatra eta jasanezin hauen artean?