Latest Event Updates

“Operación Palace” dokumental faltsuaren harira, Xabiertxo

Posted on Updated on

Ez dut ulertzen Jordi Évoleren Operación Palacek altxatu duen hautsa eta ezta alde guztietatik jasotzen ari den hainbat kritika ere. Dokumental faltsu bat da, besterik gabe. Gezur bat kontatu zigun eta amaieran bere bekatua aitortu zuen. Non dago arazoa?

Badira baita ere, dimetsio handiagoa eman nahi izan diotenak. Zertarako balio izan ote duen, komunikabideak zalantzan jarri ote dituen… Ez dut uste ezer berririk mahai gainean jarri duenik baina lokartua zebilen enpanaturen bat esnatzeko balio izan badu behintzat, ongi etorria izan dadila.

salvados-operacion-palace-530

Izan dira gainera lekuz kanpo ikusi ditudan kritika batzuk eta ulertzea oso zaila egiten zaizkidanak. Adibidez, erregea indartzeko balio izan omen du monarkia krisian dagoen garai batean. Non? Noiz? Nik behintzat ez dut halako ondoriorik atera inondik inora. Beste batzuek manipulatzaile hutsa dela aurpegiratu diote, ez zela fidatzekoa eta hemendik aurrera are gutxiago. Ez dakit ba, zer nahi duzue esatea? Nahiz eta Euskal Herrian izan den bakoitzean ez zaidan bere saioen emaitza gehiegi gustatu (bat ere ez egia esan…), normalean bere saioak zintzoak iruditzen zaizkidala aitortu behar dut.

Ezjakintasunetik gerturatzen da beti errealitatera eta kazetari profesional askok baina galdera hobeak egiten ditu askotan. Beste askotan aldiz, hanka sartzen du eta barruan duen komikoa behar ez duen une zein lekuan solte uzten du. Arrisku horiek ditu ezjakintasunak. Gauza batzuk ondo egiten ditu eta beste batzuk gaizki, gainontzekook bezalaxe. Hala ere, espainiar estatuan kazetaritza (beste guztia ez esateagatik) nola dagoen ikusita, bere lanak errealitate bati erantzun eta onuragarria delakoan naiz. Gertuen dugunari egurra emateko zaletasuna dugu itxaropen gutxi pizten digunaz, ez dugula ezer espero. Horrelakoak gara.

Kontua da, ikuskizun entretenigarria iruditu zitzaidala eta eskertzekoa da egia esan, telebistak homogenizaziorantz jotzen dueen garai honetan (iritsi da dagoeneko), igande gau batean zerbait ezberdina ikusi ahal izatea. Hori da agian zergatik ez, Operación Palace honek abiatu beharko lukeen eztabaida nagusia.

Gustuko ditut dokumental faltsuak, izugarri gainera. Ez da generorik emankorrena inondik inora eta nahi baino gutxiago ikusi ditut (baten bat ezagutzen baduzue, eskertuko nizueke aipamena). Dokumental faltsuak gezur bat egia moduan kontatzea baliatzen du beste edozein generok baina gehiago eta hori gutxi balitz, hain maite dudan umore surrealistarako bidea ere ematen du (edozer gauza esan dezakezu egia balitz moduan!).

HUHEZI garaietan, guk ere egin genion generoari ekarpen txiki bat eta dokumental faltsuen gaia guztion ahotan dabilela ikusita, apaletik jetsi eta The Indezents berri honetara ekartzea erabaki dut. Xabiertxo izena du eta dokumentalak lantzeko balio izan zigun ikasgaiaren amaieran aurkeztu genuen lana izan zen. Leku ezberdinetan ikusi ahal izan zen eta Lekeitioko Zine eta Bideo Bileran fikziozko lan ez profesional hoberenari lehen saria eraman zuen (bizi osoan jaso dudan sari bakarra). Ea zer iruditzen zaizuen!

Xabiertxo from The Indezents on Vimeo.

Produkzioa: Maitane Nerekan eta Txomin Tapia

Kamera: Jon Arriaga eta Zuriñe Madinabeitia

Soinua: Nerea Ruiz de Azua

Argia: Nerea Barrutia

Itzulpenak: Josu Arizkorreta, Irati Goitia eta Xabier Azurmendi

Ilustazioak: Imanol Aizpuru

Musika: Xabier Sarasola eta Jeff Buckley

Aktoreak: Juan Kruz Mendizabal, Maria Luisa Garcia, Javier Sarriegi, Josu Lopez, Ixabel Olano, Valero Feo, Juanjo Otaño, Ainhoa Larrañaga eta Roberto Alvarez

Advertisements

Finlandia (1. atala) – 1.1

Posted on

liburua.indd
Azala: Anita Faus

HITZAURREA

Ehundaka istorio idazten hasia zen, hasia besterik ez. Ehundaka bizipen imaginatua, imaginatua besterik ez. Zerbait handia idatzi nahi zuen, zerbait handia bizitzeko gai ez zelako. Mundua aldatuko zuen zerbait idatzi nahi zuen, inguruan zuen mundua ulertzeko gai ez zelako. Sakatzean, bere bizitza kolpez baretu eta zentzuz jantziko zuen botoiaren bila zebilen.

Forma eman nahi zion eta batzuetan, izena izatera ere iritsi zen. Orriak eta egunak pasa ahala ordea, zentzua galtzen zuen. Zerbait kontatu nahi zuen eta bazekien zer baina, oso zaila egiten zitzaion hitzekin azaltzea.  Batzuetan, guztiak zentzua hartu zuela iruditzen zitzaionean, behatz artetik ihes egiten zion.

Hasiera, disko gogorreko karpeta galdu batean gordea zuen baina, bukaera falta zitzaion. Burugogorra zen eta erabakia hartua zuen. Ez zuen ezer idatziko bukaera jakin arte, amaierara iritsi eta bere begiekin botoi madarikatu hura ikusi arte. Ezin da ezer kontatu nora doan ez badakizu

Ez zen konturatzen ordea,  bere buruari “nora” galdetzen zion bitartean, erantzuna beste galdera bat besterik ez zela: “zer”. Askotan, galderak, erantzunak baino bidaiakide aberasgarriagoak izan ohi direla.

Hori bai, bidaiatzeko, abiatu egin behar da lehendabizi.

Orain arte, horrela doa Finlandia

Localbier (garagardo artisau bilatzailea)

Posted on

Larunbat bateko goizeko hamarretan genuen zita ondo gosaldu eta gidoia azken aldiz errepasatzeko. Odolki kurruskari bat jan nuen kafesne batekin lagunduta. David urduri zegoen eta ez zuen ebaki bat baino gehiago eskatu. Pablok ia parrandara iritsi zen bueltatxo bat eman zuen ostiralean eta ez zuen goserik (nahikoa puntual iritsi zela…). Jon lasai zen, bere lana Ataun of The Deadeko lagunek utzitako mikrofono eta pertiga heltzea zen.

Hautatutako bankura gerturatu eta lehen entseguekin hasi ginen. Davidek ideiak zituen bere pertsonaiarentzat eta normal eseri beharrean, ipurdia bizkarrekoaren gainean jarrita esertzea proposatu zuen. Bere pertsonaiak Pablorenaren gainetik behar zuen zentzu guztietan. Ideia ona iruditu zitzaidan eta nahi zuen lekuan jartzeko esan nion.

Goizeko hamaiketan piztu genuen kamera eta bazkaltzeko tarterik egin gabe ere, arratsaldeko bostak laurden gutxiagotan hartu genuen azken planoa. Ordurako, Davidi, eta bereziki bere ipurdiari, ez zitzaion hain ideia ona iruditzen bankuaren bizkarrekoan esertzea.

Abentura ordea, hiru aste lehenago hasi zen. Haurtzaroan gurasoen koadrilakide nuen Igorrek deitu zidan Londresetik. Proiektu berri bat omen zuen martxan eta iragarki bat nahi omen zuten. Lagun batek egin behar zien baina bizitzera Brasil aldera joateko erabaki hartua zuen. Orduan gogoratu zen bere jaioterrian jarraitzen zuen umetako lagun hartaz eta bazuen zantzuren bat garai batean bideoak egiten ibiltzen zenarena.

Garai hartan, The Indezents berria martxan jartzeko azken ukituak besterik ez zitzaizkidan falta eta egun hartan bertan jaso nuen Rural Potsmodern Videos sasi-produktora martxan jartzeko behar nuen kamera. “Patua da Igor” esan nion.

Edizio lana erraza izan zen nahiz eta montajera, ia hiru orduko materialarekin iritsi nintzen (toma faltsuekin DVD bat atera genezake…). Piezak bakar-bakarrrik enkajatu zuten eta konturatzerako, bi arratsalderen buruan, bideoa amaitua zegoen. Ahotsa eta musika sartzea besterik ez zen falta eta musika libreko bankuetan murgildu nintzen behar nuen kantuaren bila. Ia zoratu nintzen bila eta bila baina ez nuen balio zidan ezertxo ere topatu. Orduan, haurtzarotik lagun mina dudan eta oraindik aguantatzen nauen Igorri deitu nion (beste Igor bat). Azkenaldian etxean bertan musika ekoizten zebilen eta iragarkirako piezaren bat egin ahal zidala pentsatu nuen.

Telefonoz deitu nion baina oso liatuta omen zebilen. Ez omen zuen denborarik izango eskatzen nion denboran kantu bat prestatzeko. Lastima.

Hurrengo egunean ordea, familia artean bazkari eder batez gozatzen ari nintzela, mail bat jaso nuen mugikorrean. Igorren kantu bat zen. Melodia eta ukitu elektronikoa atsegin nituen baina irlandar mozkor ukitu bat behar nuela aitortu nion. Hurrengo egunean jaso nuen nire espektatiba guztiak gailendu zituen kantua.

Ahotsa sartzea besterik ez zen falta iragarkia amaitzeko eta profesionala naizenez, nik neuk sartzea erabaki nuen. Ez nintzen kontziente ordura arte erderaz nuen azentuaz. Zazpi saiakera egin nituen s eta rr-ak disimulatu nahian eta txukunenarekin geratu nintzen (bai, besteak entzun beharko zenituzkete…).

Aktoreak: David Camarero eta Pablo Sanchez

Soinua: Jon Artola

Musika: Igor Alustiza / Nikkin (nikkinband@gmail.com)

Bezeroa edo: Localbier

Eskerrak: Katihotsak (mikrofonoa eta pertiga) eta Goierri Telebista (tripodea)

Hemen da The Indezents berria!

Posted on Updated on

Hilabeteetan zehar paliza ematen aritu ostean, hemen da behingoz The Indezents berria! Gogo zein ilusio asko jarri dut proiektu berri honetan baina bada beste zerbait, abentura berri honek duena eta orain arte oso ohikoa ez zena blog honetan, lana hain zuzen ere. Dimentsio berri bat deskubritzearen moduko zerbait izan da niretzat.

Eta zertarako behar du artaburu honek blog berri bat berdina egiten jarraitzeko? Ba hori da kontua, The Indezents berri honek bi hanka gehiago dituela eta eman didaten lanarekin (batek gehienbat), euskarri berri zein erabilgarriago baten behar zutela iruditu zaidala.

Hilabeteak daramatzat bai paliza ematen eta ez dut sekula oso garbi utzi zertan ari nintzen… Ba bada garaia ahots ozenez esan eta errealitate bilakatzeko. The Indezents honek betikoa izaten  jarraituko du bai baina ohiko postez gain, bi proiektu berri barneratuko ditu.

Lehena, Rural Postmodern Videos da eta sasi-produktora bat besterik ez da. Asapldi utzi nuen bideogintza eta faltan botatzen nuen. Bideoklip Rural Postmodernoak egitera dedikatuko naiz gehienbat (ez galdetu hori zer den oraindik nik neuk ere ez baitut eta oso argi…). Horretaz gain, burutik pasatako harrikarak eta beste buru batzuetan sortutako enkarguak ere burutuko ditut (webgune zoragarri batentzat eginiko spota izango da lehen lana eta gaur bertan aurkeztuko dute localbierreko lagunek).

Eta bigarrena… Ai bigarrena… Finlandia izena du eta nire bizitzako proiekturik garrantzitsuena dela esango banu, motz geratuko nintzateke. Urteak daramatzat notak hartu eta ideia puta hori nola gauzatu pentsatzen eta azkenean iritsi da eguna. Finlandia, nobela online bat da (bai, burua joan zait) eta nobela online bat da “nobela” soilik esango banu, izena handiegi geratuko litzaiokeelako (nire bizitzako proiekturik garrantzitsuena dela esan dizuet baina horrek ez du esan nahi ona denik…).

Asteartero zatitxo bat argitaratuko dut eta zuek fideltasunez jarraitzea espero dut nahiz eta badakidan hori nire esku dagoela zuen esku baino gehiago. Ez dizuet gehiegi aurreratu nahi baina esango dizuet  filma indie bat dela paperean harrapatuta. Beste gauza batzuen artean, heldua egiteaz hitz egiten duela eta fikzioa eta errealitatea etengabe nahasten direla betetzen dituen orrietan zehar (dagoeneko nik neuk ere ez dakit muga hori non dagoen…).

Ba hori guztia da The Indezents berria eta hori bakarrik aldi berean. Datorren asteartean Finlandiaren azala eta hitzaurrea irakurri ahal izango dituzue eta datorrenean hasiko da festa. Gonbidatuta zaudete bidaia honetan parte hartzera!

Ez nuke nahi post hau amaitu proiektu berri honetan ezinbestekoak izan diren bi pertsonei eskerrak eman gabe. Alde batetik, Martak blogarekin lagundu dit eta nire eskaera surrealista guztiak irribarre batekin jasan ditu (baduzu pazientzia gero…). Bestetik, Imanolek bere artea oparitu dit eta blogaren buruan duzuen logo eder hori prestatu du. Mila esker bioi! Hoberenak zarete! Orain niri suertatzen zait lanean hastea.

Zazpi urte bete berri eta hau hasi besterik ez da egin! Keep on rockin!

The Indezents berria (Promoa) from The Indezents on Vimeo.

Puto amoa igogailuko elkarrizketetan

Posted on Updated on

Joseba Irazoki musikarentzat dena da nire bizilaguna igogailuko elkarrizketei dagokionean. Benetan, ezin duzue imajinatu ere egin zein birtuosismo mailara iristen den. Berritzaile bat da, jakintsu puta bat !

Izen txarra dute igogailuko elkarrizketek eta egia esan, nik ere ez nituen batere gustuko tipo hau ezagutu arte. Ordu berdinean ateratzen gara lanetik eguerdiro eta badirudi gure lantokiak etxetik distantzia berdinera daudela. 13:09etan (minutu bat gora edo behera) garajeko atera iristen banaiz, badakit igogailuan berarekin topatzeko aukera handiak ditudala eta zirrara batek gorputza zeharkatzen dit gaurkoan zerrekin harrituko nauen pentsatzearekin bat.

Bai, hor ari da autoa aparkatzen”. Ni baino maniobra gehiago egin behar ditu autoa bere lekuan uzteko eta ohikoena, atzetik datorrenari ihes egin, igogailuko atea itxi eta etxera igotzea den garai hauetan, nik atea zabalik itxaroten diot “egunon!” irripartsu bat botatzen diodan bitartean.

Bera seigarren solairura doa. Ni ordea, hirugarrenera, baina ez dio axola. Igogailuak -1etik 3ra iristen igarotzen duen denbora nahikoa du ni eguerdiro aho bete hortz uzteko. Tipo behatzailea da, guztiarekin geratzen dena eta eguneko xehetasun txikienekin ere, estatistikak ateratzeko gai da.

(Putoa Amoa) – Egia esan, bagara batzuk egunero igogailu honen bueltan topatzen garenak. Minutu baten gora beheran bat edo bestearekin egiten duzu bazkaltzerako bidearen azken zatia. [1. Solairua]

(Fana: Hau da ni neu) – Ba bai… [2. Solairua]

(Putoa Amoa) – Bitxia da nola autoko giltzak atera edo STOP batean zain galtzen duzun segundu pare baten ondorioz pertsona ezberdina topatu dezakezun egunero… [3. Solairua]

(Fana) – Ba bai… (Miresmen irribarre ahozabal batekin igogailutik ateratzen naizen bitartean).

(Puto Amoa) – On egin!

Badirudi badakiela igogailuak burutuko duen bidaiak zenbat iraungo duen eta horren arabera aukeratzen duela elkarrizketa.

lift

(Puto Amoa) – Zer moduz joan da eguna?

(Fana) – Ba nahiko mugitua egia esan [1. Solairua]

(Puto Amoa) – Ez dira txarrak egun horiek ere, errutinako normaltasunetik ateratzen zaituztenak. Bizirik jarraitzen duzula erakusten dizute.

(Fana) – Ba bai… (Mundu berri bateko ateak muturren aurrean ireki zaizkionak duen tentel aurpegiarekin) [2. Solairua]

(Puto Amoa) – Hala ere, ez da txarra izaten egun mugitu horiek ere kontrol baten barnean mugitzea kar kar Ez dugu atsegin biziegi egotea ere… [3. Solairua]

(Puto Amoa) – On egin!

Ez dago gehiago esaterik, puto amoa da eta kitto. Hala ere, pena bakarra dut barnean, ez ditudala sekula 4. edo 5. solairurako elkarrizketak ezagutuko…

Noel Vs. Liam edo Gallagherren arteko borroka amaiezinaren amaiera

Posted on Updated on

Guztiok borrokatu gara anaiarekin haurtzaroan. Historian zehar ama guztiei loa kendu dien kontua dugu hau baina denborarekin pasa egiten da. Anaia txikia eta ni behintzat ederki moldatzen gara gaur egun eta sinetsi, gure arazoa ez zen gehiegi borrokatzen ginenik borroka besterik egiten ez genuela baizik.

Hala ere, badira kasu batzuk non bandera zuria atera, aizkora lurrean utzi eta anaiak lagun bilakatzeak ezinezkoa ematen duen. Kasurik garbi eta ezagunena Manchesterreko Gallagher anaiena dugu eta bi artaburu hauek dira gaurkoan ordenagailuaren aurrean jartzera eraman nautenak.

Grunge garaietan (nire nerabetzaroko zutabe nagusia Son Gokurekin batera) Brit Poparekin adarrak jartzen nizkion noizean behin Seatleko mobidari eta OasisBlurOcean Colur Scene edo Travisenkantuekin ederki gozatzen nuen sekula Chris Cornelli onartu ez banion ere.

Gerora, nire entzunaldietatik desgertzen joan ziren talde ingeles hauek baina Oasisek beti izango zuen lekutxo bat nire bihotzean. Orduan dagoeneko Noel eta Liam eta Liam eta Noelen arteko iskanbilekin barre ederrak botatzen genituen lagun artean eta badirudi, jende normalean ez bezala, anaia hauen harremanak okerrera egin duela.

Milaka zurrumurru, keinu eta mehatxuren ostean, taldea desegitea erabaki zuten eta anaia bakoitzak bere aldetik jo zuen 2011n. Liamek Oasiseko musikari ezberdinak bildu eta “Different Gear, Still Speeding” diska argitaratu zuen Beady Eye izendatu zuen taldearekin. Noelek aldiz, NoelGallagher’s High Flying Birds diska kaleratu zuen (Eta zergaitik ez nuen post hau orduan idatzi? Ba sudur puntatik atera ez zitzaidalako).

Ordurate, antologikoak ziren bai bi anaien arteko ego borroka eta baita zaleen arteko eztabaida ere. Nor da bi Gallagherren artean talentu gehien duena? Badakit borroka batean Supermanek edo Hulkek irabaziko ote zuen eztabadaidatzea bezain zentzugabea dela baina horrelako gauzetan galtzen genuen (eta dugu) denbora zer nahi duzue esatea…

Kontua da, 2011 arte bi anaiak talde berean zeudela eta eztabaida honek ezin zuela erantzun objektiborik izan. Bi diska hauek kaleratu ostean ordea konparaketa posible da eta hori, edozein musika frikiren ametsa zen! Gogoan dut behin irakurri nuena. Inspiral Carpets taldearen teknikari lanetan bira batetik itzultzean Noel Liamen talde berriaren kontzertu bat ikustera joan zen. Amaitu ostean, taldearen aldagelara sartu eta tamaina biblikoa duen esaldi bat bota zien: Bi aukera dituzue, edo taldean sartu, kantuak konposatzen ditut eta izar batzuetan bilakatzen gara, edo bizi osoa Machesterreko lokal kakaztuetan jotzen igarotzen duzue. Genio y figura.

Arazoia ote zuen Noelek? Edo Liamena zen arrazoia bere anaiak bere kreatibitatea mozten zuela esaten zuenean? Ez dut uste erantzun garbirik dudanik baina saiatuko naiz.

Beady Eyeren diska enztun nuen lehendabizi eta BBK Live jaialdi deskafeinatuan ere ikusi nituen zuzenean. Gehiago gustatu zitzaidan taldea zuzenean baina horretan, asko lagundu dezake Liam bezalako kantari mitiko bat eskenatoki gainean ikusteak soilik. Diskoa ondo dago, entzuten uzten da baina lehen hiru kantuek uzten dizuten sentsazio onaren ostean, haizea galtzen joaten da erabat beteta duzun puztuki bat lotu aurretik askatzen duzunean bezalaxe. “Bring The Light” kantuan berpiztun egingo dela iruditzen zaizu baina… ez. Aldapera behera doa dagoeneko. Musikari onak ditu eta produkzioa bikaina du baina… Ez dakit, ez dit ezer berezirik esaten. Gustora entzuten dut oraindik baina ez zait iruditzen hemendik lau urtera entzuten jarraituko dudan horietako diska bat denik.

Noelen lana hilabete batzuk beranduago entzun nuen eta desiatzen nintzen onartu beharrean bait nago bere aldekoa izan naizela beti (Bai, honek zientifikotasun guztia kentzen dio ikerketari baina izorratu. Bloga nirea da). Autoan entzun nuen lehen aldiz eta asko gozatu nuen. Lehen kantutik harrapatzen zaitu eta une brillanteak ditu. Lasaitasunez idatzi eta kantatua dago eta somatzen da. Beady Eyeren lanean berriz, izenburuan daraman abiadurak kantuak idazterakoan garrantzia gehiegi izan duenaren sentsazioa uzten du. Instrumentazioa beste maila batean dago High Flying Birds honetan eta instrumentu zein soinu baliabide guztiak ezberdindu daitezke uneoro. Melodiak askoz jostagarriagoak dira eta Liamek amestu ere ezin dituen sentsazioak azalaratzen dituzte “Dream On”, “If i Had a Gun”, “The Death of You & Me” zoragarrian edo “Soldier Boys and Jesu Freaks” ederrean.

Ez dakit esan bezala, objektiboa naizen baina horixe da nire epaia. Biek gogoratzen didate Oasis kantu bakoitzean baina Noelen lanak Oasisetik gustoko nituen gauzak ekartzen dizkit burura eta Liamenak agian, Oasisen musikan aintzat hartzen ez nituenak.

Noel wins beraz nire ikuspuntutik. Zer deritzozue zuek? Nork du talentu gehien bi anaia narzisista, egolatra eta jasanezin hauen artean?

Nor da Red John? Badut teoria bat

Posted on Updated on

2012ko martxoko egun buruzuri bat zen. Pasa zen gauean erabat harrapatuta ninduen The Mentalist telesaileko 4. denboraldiko transizio atal bat ikusi nuen. Autoan etxera itzultzen ari nintzen eta horrelakoetan ohikoa dudan moduan, buruari bueltak ematen hasi nintzen. Astegun buruzuri hartan ordea, ez nintzen istorio edo argumentu disparaturen bat asmatzen hasi. Egun hartan, Red John nor demontre izan zitekeen pentsatzen hasi nintzen.

Telesailaren testuinguruan erantzunik arrazionalena zein izango zen ondorioztatzen saiatu nintzen orduan eta Ordiziatik Beasainerako bidean erantzun posible bakar batekin geratu nintzen. “Bai, zentzuzkoena hori izango litzateke…

Hurrengo egunean, The Mentalist telesailera ni bezain engantxatua dagoen Amena lagun minarekin topatu nintzen Potten kafeste izotzdun goxo baten inguruan (bai, martxoa zen baina nik kafea, beti izotzarekin).

Teoria bat nuela aitortu nion baina pixukide ginen garaian Frailty filmaren amaiera hamabigarren minutuan asmatu nuenetik ez zen nitaz fido eta egun hartan egin genuen bezala, nire teoria paper batean idazteko eskatu zidan. Hala egin nuen eta martxoko egun buruzuri hartako data idatzi nuen erantzunaren azpian.

Onartu beharrean naiz une hartan telesailaren argumentua zihoan moduan nire erantzunak ez zuela logika gehiegi. Hala ere, The Mentalisteko bostgarren denboraldian murgiltzen ari ginela, nire erantzuna zentzua hartzen ari zela ohartzen hasi nintzen. Egia esan, nik neuk ere ez nuen espero Amenaren karteran ezkutatuta jarraitzen duen paper txiki tolestu hartan idatzi nuena erantzun egokia izan zitekeenik baina atalak aurrera zihoazten eran, aho betre hortz geratzen joan naiz nire erantzuna zentzua hartzen nola ari zen ikusi nuenean.

tzo, bostagarren denboraldiko azken atala ikusi nuen eta bertan, Patrick Jane handiak zazpira murriztu zuen susmagarri zerrenda. Bai, Red John zazpi horietako bat da eta bai, Amenaren karteran izkutatuta jarraitzen duen paper tolestu txiki horretan ageri den izena, azken zazpi hautagai horien artean dago.