2. atala

Finlandia (2. atala) – 2.1

Posted on

2. ATALA

2010eko ABUZTUAK 4

(ASTEAZKENA)

Flag_of_Iceland

Logelako beste aldean entzuten zen botila hotsak esnatu zuen Txomin ordu batzuk lehenago Reikjavik City Hosteleko harrera gelan ezagutu zuen neska zoragarria protagonista zuen ametsetik. Egun luzea izan zen aurrekoa baina deskantsatuta eta abenturari ekiteko prest sumatu zuen bere gorputza. Begiak ireki eta gortina luzeek uzten zuten zirrikitu batetik kanpora begiratu zuen. Reykjavik City Hostelera iritsi zenean bezain eguraldi ona egiten zuen eta bere buruari jaikitzeko garaia zela agindu zion. Gortina atzean, eta leihoaren azpian zegoen irtengunetik lotara sartu aurretik kargatzen utzi zuen mugikorra hartu zuen ordua begiratzeko. Goizeko 08:52ak besterik ez “Joder, hiru ordu puta besterik ez ditut lo egin..”. Botila hotsak bere horretan jarraitzen zuen logelaren beste aldean eta mediterraneo itxura zuen mutil bat ikusi zuen ginebra eta whisky botila pare bat barnean zituen plastikozko poltsa zuri bat ohe azpitik ateratzen. Goizean logelara iritsi zenean zurrunka ari zen gaztea zela konturatu zen. Beste aldera begiratu eta zurrungez babesteko zakua goraino zuen gelakidearen ohea hutsik zegoela ikusi zuen.

Hiru ordu besterik ez…” errepikatu zion bere buruari. Arreta asko eskaintzen zien beti bere lo orduei Txominek. Bilbon bizi izan zenetik, lotarako zenbat ordu zituen kalkulatzen zuen ohera joan aurretik. Nahi baino gutxiago izanez gero, urduri jarri eta gehiago kostatzen zitzaion lo hartzea. Zortzi ordu zen kopuru egokia, bederatzi ikaragarria, zazpi onargarria eta hortik behera, kaka zaharra. Asko zaintzen zuen kontu hori eta bere osasunerako berebizikotzat jotzen zuen. Aldi berean ordea, kontziente zen ardura hura kontraesanean zegoela zeraman gautxori bizia janzten zuen kulpa ezarekin. “Konpentsatzeko…” esaten zion bere buruari “Lemmy gutxiago zaindu zen eta begira nola dagoen…”. Aprensiboa zela esaten zuen hipokondriako hitza gehiegi gustatzen ez zitzaiolako. Behin, hiztegian ere begiratu zuen bi hitzen esanahia eta identifikatuago sentitu zen lehenarekin. Aprensiboa: leku guztietan bere osasunarentzat arriskuak ikusten dituen pertsona. Hipokondriakoa: nahiz eta medikuak ondo dagoela esan, zerbait gertatzen zaiola pentsatzen jarraitzen duena. “Aprensiboa hobe, nahiz eta arriskuak antzematen nahikoa selektiboa naizen…”. Hori gutxi balitz, ikaragarri eragiten zioten ingurukoen gaixotasun edo heriotzek eta berak ere halako zerbait izango ote zuen pentsatzen hasten zen segituan. Sintoma hau izan zuen, edo bestea… Beti topatzen zuen baten bat bere gorputzean. Stieg Larsson berrogeita hamar urtera iritsi berri zela bihotzeko batek jota hiltzeak ere ez zuen gehiegi lagundu. Millenium idazten ari zela, egunean lau ordu besterik ez omen zuen lo egiten eta esna zegoen denbora, bi tabako pakete eta hamaika kaferekin laguntzen omen zuen. Horri, lanera joan zen egun batean igogailua izorratuta zegoela gehitu ezkero, eskailerak igotzen amaitzean jasan zuen bihotzekora iristen gara. Txomin berak ere “obra handi zein antologiko bat” idatzi behar zuen baina ez zuen halakorik gertatzerik nahi. “Saga amaitu gabe joan zitzaigun gainera… Eta Lisbeth zer?”.

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify (2. atala) eta Youtuben (Osoa).

Lehen ataleko soinu banda Spotifyn hemen.

Finlandia Durango eta Goierriko Azoketan!

Posted on

Duela zortzi hilabete hasi nintzen Finlandia online nobela blogean argitaratzen eta lehen atalarekin amaitu eta bigarrenarekin hasteko ordua iritsi denean bizitzak ematen dituen kasualitate eder horietako bat gertatu da.

Asteburu honetan zehar ospatuko da aurtengo Durangoko Azoka eta Finlandiaren lehen bi atalek leku bat izango dute bertan. Aurten, auto ekoizleen plaza izango da lehendabizikoz euskal kulturaren festa handi honetan eta plaza horretan egoteko aukeraz gozatuko ahal izango dut. Barrenkaleko 15ean izango gara eta oso zaila egiten zait Finlandia han izateak sortzen didan ilusioa deskribatzea.

Larunbatean bertan izango naiz gainera 10:00etatik 13:30etara eta 17:00etatik 20:30etara beraz nahi izanez gero, han izango nauzue zain.

Booktrailer Finlandia from The Indezents on Vimeo.

Hori gutxi balitz, Goierriko Disko eta Liburu Azokak ere tartetxo bat eskaini dio Finlandiari eta bertan ere salgai izango dira lehen bi atalak. Horretaz gain, larunbat arratsaldean (abenduak 13) idazleekin ospatuko duten solasaldirako gonbitea jaso dut eta gustu handiz hartuko dut parte nahiz eta idazle termino hori handi xamar geratzen zaidan.

Finlandiarekin hasi nintzenean irudikatu nezakeena baino gehiago da datorren bi asteetan gertatuko dena beraz une eder hau nirekin batera bizi nahi baduzue, ohore bat izango da gerturatu eta Finlandiaren zatitxo bat etxera eramatea erabakitzen baduzue.

Durango eta Goierriko azoketan izango gaituze zain!

Prest da Finlandiaren 2. atala! Eta zuek?

Posted on

Gezurra badirudi ere ia zortzi hilabete igaro dira Finlandia online nobela argitaratzen hasi nintzenetik. Asteak daramatzat lehen atala amaitzeko gutxi falta dela esanez eta konturatzerako amaierara iristen ari gara. Hiru zati besterik ez dira geratzen Txominen abenturaren lehen eguna amaitzeko eta poztuko ninduke, bigarren atala argitaratzeko prest dagoela jakiteak inori ilusioa egingo balio (Bada inor beste aldean?).

Bigarren atalarekin hasi bezain pronto fisikoki ere eskuragarri izango duzue lehendabizikoa bezalaxe eta nola ez, gonbidatuta zaudete hau ere eskuratzera. Lehena baino luzexeagoa izango da eta lehendabizikoarekin bezala, irakurleak entretenitu eta irribarreren bat edo beste lapurtzeka izango du helburu nagusi barruan dudan burrunba kanpora ateratzeaz gain.

Asko laguntzen nau lan horretan musikak eta badakizue zatiz zati osatzen ari garen non-original soundtracka entzungai zein ikusgai duzuela youtuben. Hala ere, bada denbora Spotify zerrenda bat prestatuko nuela hitz eman nizuela eta berandu bada ere, hemen duzue:

 

Horretaz gain, eta oraindik noiz eta non ziurtatu ezin badut ere, Finlandiaren bi ale hauek salgai izango dira Gabon inguruan leku ezberdinetan (hasta aquí puedo leer).

Besterik gabe, eta bigarren atal honen amua botatzen joateko, hemen duzue aurrerapen txiki bat:

liburua.indd

Halako batean, neska gazte eta aurpegi borobildun bat gerturatu zitzaion galtza beltz eta alkandora zuriz jantzita. Ilea motots motz batean bilduta zuen eta horrek are borobilago egiten zuen bere aurpegi zuria. Ile adats batek ihes egin zion mototsetik eta aurpegi parean dantzan zebilen. Putz eginez aldendu eta zer nahi zuen galdetu zion Txomini boligrafo eta koaderno txiki bat eskuan zituela. Turista hitza kopetan zizelkatua zeramala pentsatu zuen lehen hitzak ingelesez bota zizkionean:

-What will you have?

-Ok, kofi guiz… – Txominek izotzarekin hartzen zuen kafea beti. Ez zitzaion inporta basamortuan edo Ipar Poloan egon, “kafea izotzarekin hartzen da”. Hala ere, bere harridurarako izotza ingelesez nola esaten zen ahaztu zitzaion. Hitz hori burmuineko tiraderaren batean gordea zuen baina une hartan, ez zuen bilatzen “lastima tiradera hauetan gauzak bilatzeko amak ez duen ezertarako balio…  Burutik kanpo daudenetan ez du kalerik egiten ordea…”. -…Kofi guiz… Yu nou…- Eskuekin berak ere oso ondo ulertzen ez zituen keinu batzuk egiten hasi zen lepo gainean gazta bat zuen zerbitzariak atake epileptiko bat jasaten hasi balitz moduan begiratzen zion bitartean “Joder! Zergatik ez dute garunerako googlea asmatu oraindik?!”. –Guiz glases! – Bota zuen bat-batean “Eing? Norbaitek zer esan dudan ulertu badu esan diezadala mesedez”.

-What? – Erantzun zion Telepizza batean legatz kilo bat bat eskatu izan balio moduan “Bai lasai, larrialdietara deitzen ez baduzu konformatzen naiz”.

-In frentx, glase – “Ole, ole y ole! Orain artekoa gutxi ez balitz, orain poliglota!”. Zerbitzariak oso ondo irakurri ez zuen aurpegi bat itzuli zion eta Txominek lurra bere oinetan ireki zedin eskatu zien Rock & Rollaren jainkoei. –…Kol guater… In solid – Bota zuen amore emanez metalezko eserlekuan uzkurtzen zen bitartean.

-I’m sorry but I don’t understand you. –Erantzun zion zerbitzariak bere aurpegi zuria beltza jartzen zen bitartean. “Ez naiz harritzen neska…” Terrazatik altxatu eta korrika ihes egitea ere pentsatu zuen Txominek baina azkenean, bizkarra zuzendu eta eskuineko eskua altxatu zuen duintasun osoz edalontzi bat astintzen arituko zenaren keinua egiten zuen bitartean.

-Kofi guiz… Klin klin klin? – Esan zion txiste bat kontatu eta harrapatu ote duten galdetzean jartzen den aurpegi inozoarekin.

-Iced Cofee!!! – Oihukatu zuen zerbitzari gazteak telebistako lehiaketa bateko erantzuna asmatu izan balu moduan “Torremolinosera bidaia zuretzat!”.

-Jess… – Erantzun zion Txominek azken minutuetako tentsio guztia askatu eta eserlekuan erortzen uzten zen bitartean. –Zenkiu –Zerbitzariaren oihuak ondoko mahaietako bezeroen arreta deitu zuen eta guztiak beraiei begira zeuden. Zerbitzariaren aurpegi aldabera beltzetik gorrira igaro eta korrika txikian kafetegi barnera sartu zen. “Eskerrak ez nuen hipoteka bat kontratatu behar…”.

Alboko mahaietako bezeroen begiradak zerbitzariaren korrika saioari jarraituz urrundu ziren eta Txominek zerura begiratu zuen bere burua zigortzen zuen bitartean. Burua jaisten zuen bitartean barre algara txiki batek ihes egin zion eta bizi berri zuen eszenaren komikotasunaz ohartu zen. Quechua txikitik aitak oparitutako egunerokoa hartu eta ordura arte egunak eman zuena modu eskematizatuan apuntatzen hasi zen. Idazten ari zela “glace” hitza non demontretik atera zuen gogoratu nahian hasi zen eta pare bat urte lehenago koadrilakoekin iparraldera egindako Aste Santuetako oporraldiaz oroitu zen. Izotz bila sartu zen Atharratzeko janari denda batean eta denda zeraman emakume lodikote eta aurpegi alaidunari izotza nola demontre eskatuko ote zion pentsatzen hasi zen. Emakumeak jakin minez begiratu zion aurrean zuen eta edozein momentutan hizketan hasteko itxura zuen gazteari:

-O – Esan zion Txominek jarraian besoekin gorputza besarkatzen hasi eta dardarka hotz keinuak egiteko.

-Glace! – Bota zion dendako emakumeak barre algara handi batekin batera. Izotza lortu zuen behintzat. Okerragoa izan zen harategira joan eta Eneritz alboan zuela, oilasko bat eskatzeko oiloaren keinu eta hotsak egiten hasi zenekoa. Ia zerbaitek eman zion harakinak euskaraz “oilaskoa?” galdetu zionean. “Eneritzek barre ederrak bota zituen behintzat. Horregatik bakarrik merezi izan zuen”.

Bere pentsamenduetan murgilduta zegoela alkandora zuri eta galtza beltzeko neska aurpegi borobilduna Txominen iced cofeearekin itzuli zen. Maitasun gehiegirik gabe mahai gainean utzi zion jarraian gerrikora lotua zeraman txartelarekin kobratzeko tramankulua, mesprezuz eta beste alde batera begira, Txomini eskaintzeko “Ez dakit nola ez didan atera aurretik kobratu… Feist gozoaren So Sorry zuretzat.