Hilabetea: abendua 2014

Non-original soundtrack: Finlandia (1. atala)

Posted on Updated on

Hemen diztuze Finlandia online nobelaren 1. atalaren soinu banda izan diren kantuak entzungai:

Durangoko Azoka gutxi balitz, Kameratoia!

Posted on Updated on

Ederra izan da Durangoko Azokak eskaini digun asteburua! Ilusio ikaragarria egiten zidan Finlandiaren lehen eta bigarren aleak bertan salgai izateak eta Durangoko Azoka eta Gerediaga Elkarteari esker posible izan da. Ez nuen espektatiba handirik salmenten inguruan eta azkenean, lehen atalaren ale guztiak agortu eta bigarrenaren hirurekin itzuli nintzen etxera.

Handia da Durangoko Azokak suposatzen duen bozgorailua eta asteburuan zehar komunikabide ezberdinetan irakurri ahal izan da Finlandiaren inguruan. Betse batzuen artean, Noticias de Gipuzkoa, Gara edo El Paisen (Cadena Serren ere egin dute aipamen bat baina zerrendan norekin batera jarri nauten ikusita, edo norbaitek irrist egin du edo zoratu egin gara).

Esperientzia ederra izan da Autoekozileen Plaza eta hori gutxi balitz, jende jator zein interesgarria ezagutzeko aukera eskaini dit. Aupa zuek!

Hala ere, eta betiko moduan, asteburua nahiko mugitu zein konplexua ez bazen, The Indezents taldeak Kameratoira aurkeztea erabaki zuen… Bai, ulertzen dugu zergatik ez diguten saririk eman. Hori bai! Ezin duzue imaginatu ere zeinen ongi pasa genuen lau minutuko labur hau grabatu eta editatzen. Antolakuntzak hamar objektu proposatu zituen eta horietatik hiru agertu behar ziren aurkeztutako lanean. Lehena, derrigorrezkoa zen Kameratoiaren 10. urteurreneko txapa. Gainontzekoeen artean, euskaraz 365 egunez hitz egitera animatzen gaituen kartela eta okzitanieraren aipamena aukeratu genituen. Eguraldia eta agenda kontuan izanda, gehiena etxean grabatzea erabaki genuen. Edizioa amaitu eta wetransfer bidez bidali genuen baina dirudienez, wetrasferrari ez zitzaion gure laburra gustatu eta ez zen iritsi. Eskerrak abisua eman ziguten eta berriz bidali ahal izan genuen… Hemen duzue aportazioa!

Zorionak? (Kameratoia 2014) from The Indezents on Vimeo.

Finlandia (2. atala) – 2.1

Posted on

2. ATALA

2010eko ABUZTUAK 4

(ASTEAZKENA)

Flag_of_Iceland

Logelako beste aldean entzuten zen botila hotsak esnatu zuen Txomin ordu batzuk lehenago Reikjavik City Hosteleko harrera gelan ezagutu zuen neska zoragarria protagonista zuen ametsetik. Egun luzea izan zen aurrekoa baina deskantsatuta eta abenturari ekiteko prest sumatu zuen bere gorputza. Begiak ireki eta gortina luzeek uzten zuten zirrikitu batetik kanpora begiratu zuen. Reykjavik City Hostelera iritsi zenean bezain eguraldi ona egiten zuen eta bere buruari jaikitzeko garaia zela agindu zion. Gortina atzean, eta leihoaren azpian zegoen irtengunetik lotara sartu aurretik kargatzen utzi zuen mugikorra hartu zuen ordua begiratzeko. Goizeko 08:52ak besterik ez “Joder, hiru ordu puta besterik ez ditut lo egin..”. Botila hotsak bere horretan jarraitzen zuen logelaren beste aldean eta mediterraneo itxura zuen mutil bat ikusi zuen ginebra eta whisky botila pare bat barnean zituen plastikozko poltsa zuri bat ohe azpitik ateratzen. Goizean logelara iritsi zenean zurrunka ari zen gaztea zela konturatu zen. Beste aldera begiratu eta zurrungez babesteko zakua goraino zuen gelakidearen ohea hutsik zegoela ikusi zuen.

Hiru ordu besterik ez…” errepikatu zion bere buruari. Arreta asko eskaintzen zien beti bere lo orduei Txominek. Bilbon bizi izan zenetik, lotarako zenbat ordu zituen kalkulatzen zuen ohera joan aurretik. Nahi baino gutxiago izanez gero, urduri jarri eta gehiago kostatzen zitzaion lo hartzea. Zortzi ordu zen kopuru egokia, bederatzi ikaragarria, zazpi onargarria eta hortik behera, kaka zaharra. Asko zaintzen zuen kontu hori eta bere osasunerako berebizikotzat jotzen zuen. Aldi berean ordea, kontziente zen ardura hura kontraesanean zegoela zeraman gautxori bizia janzten zuen kulpa ezarekin. “Konpentsatzeko…” esaten zion bere buruari “Lemmy gutxiago zaindu zen eta begira nola dagoen…”. Aprensiboa zela esaten zuen hipokondriako hitza gehiegi gustatzen ez zitzaiolako. Behin, hiztegian ere begiratu zuen bi hitzen esanahia eta identifikatuago sentitu zen lehenarekin. Aprensiboa: leku guztietan bere osasunarentzat arriskuak ikusten dituen pertsona. Hipokondriakoa: nahiz eta medikuak ondo dagoela esan, zerbait gertatzen zaiola pentsatzen jarraitzen duena. “Aprensiboa hobe, nahiz eta arriskuak antzematen nahikoa selektiboa naizen…”. Hori gutxi balitz, ikaragarri eragiten zioten ingurukoen gaixotasun edo heriotzek eta berak ere halako zerbait izango ote zuen pentsatzen hasten zen segituan. Sintoma hau izan zuen, edo bestea… Beti topatzen zuen baten bat bere gorputzean. Stieg Larsson berrogeita hamar urtera iritsi berri zela bihotzeko batek jota hiltzeak ere ez zuen gehiegi lagundu. Millenium idazten ari zela, egunean lau ordu besterik ez omen zuen lo egiten eta esna zegoen denbora, bi tabako pakete eta hamaika kaferekin laguntzen omen zuen. Horri, lanera joan zen egun batean igogailua izorratuta zegoela gehitu ezkero, eskailerak igotzen amaitzean jasan zuen bihotzekora iristen gara. Txomin berak ere “obra handi zein antologiko bat” idatzi behar zuen baina ez zuen halakorik gertatzerik nahi. “Saga amaitu gabe joan zitzaigun gainera… Eta Lisbeth zer?”.

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify (2. atala) eta Youtuben (Osoa).

Lehen ataleko soinu banda Spotifyn hemen.

Finlandia Durango eta Goierriko Azoketan!

Posted on

Duela zortzi hilabete hasi nintzen Finlandia online nobela blogean argitaratzen eta lehen atalarekin amaitu eta bigarrenarekin hasteko ordua iritsi denean bizitzak ematen dituen kasualitate eder horietako bat gertatu da.

Asteburu honetan zehar ospatuko da aurtengo Durangoko Azoka eta Finlandiaren lehen bi atalek leku bat izango dute bertan. Aurten, auto ekoizleen plaza izango da lehendabizikoz euskal kulturaren festa handi honetan eta plaza horretan egoteko aukeraz gozatuko ahal izango dut. Barrenkaleko 15ean izango gara eta oso zaila egiten zait Finlandia han izateak sortzen didan ilusioa deskribatzea.

Larunbatean bertan izango naiz gainera 10:00etatik 13:30etara eta 17:00etatik 20:30etara beraz nahi izanez gero, han izango nauzue zain.

Booktrailer Finlandia from The Indezents on Vimeo.

Hori gutxi balitz, Goierriko Disko eta Liburu Azokak ere tartetxo bat eskaini dio Finlandiari eta bertan ere salgai izango dira lehen bi atalak. Horretaz gain, larunbat arratsaldean (abenduak 13) idazleekin ospatuko duten solasaldirako gonbitea jaso dut eta gustu handiz hartuko dut parte nahiz eta idazle termino hori handi xamar geratzen zaidan.

Finlandiarekin hasi nintzenean irudikatu nezakeena baino gehiago da datorren bi asteetan gertatuko dena beraz une eder hau nirekin batera bizi nahi baduzue, ohore bat izango da gerturatu eta Finlandiaren zatitxo bat etxera eramatea erabakitzen baduzue.

Durango eta Goierriko azoketan izango gaituze zain!