memento

Zineaz maitemindu nintzen lekua

Posted on Updated on

Gure bizitzak une magikoz beteta daude. Maitasun bereziarekin gogoratzen ditugu eta sentsazioa dugu, une haiek gabe gure bizitza ez litzatekeela berbera izango. Gu geu, ez ginatekeela pertsona berbera izango. Une magiko horiek gure bizitzan zehar garrantzitsuak izan diren pertsonei lotzen gaituzte askotan eta nahiz eta urteak pasa elkar ikusi gabe, gertuko sentitzen ditugu bizipen hark espazioa eta denbora gainditzen dituen modu batean lotuko bagintu moduan.

Hala ere, une magiko horiek, ez dira beti pertsonei lotuak egoten. Askotan, protagonista, leku bat izaten da. Askotan aipatu dut blog honetan Bilboko San Inazio Auzoan zegoen bideoklub txiki bat. Eta aipatu dudan bakoizten, hitza eman dut egunen batean post bat eskainiko niola (Bazen garaia…). Pasa den asteburuan Bilbon izan nintzen aspaldiko partez eta ikasle urte haietan ederki ezagutu nituen lekuetara itzuli nintzen une magiko haiek intentsitate gehiagoz gogoratu nahian edo. Hori dela eta, eta burura tsunami baten moduan etorri zitzaizkidan oroitzapenen freskotasuna baliatzeko asmoz, post madarikatu hau idazteko unerik egokiena hauxe dela iruditu zait. Ea hizkietan jarrita ez duen magikotasunik galtzen.

Bost goierritar bizi izan ginen Arturo Kanpion kaleko etxe hartan eta ederki pasa genuen, baita gaizki ere (Hori du bizitzak). Nor garen zehazten hasi ginen urte haietan eta liburu bat idazteko ere emango lukeen anekdotak sortu ziren bertan (Hori beste baterako utziko dugu hobeto). Garai haietan, musika nuen obsesio nagusi eta nahiz eta zinezalea nintzen dagoeneko, denbora askoz gehiago igarotzen nuen musika entzuten pelikulak ikusten baino. Gogoan dut ordurako banituela nire pelikula kuttunak (Trainspotting edo Do The Right Thing datorzkit burura oraintxe). Kontua da, gaur egun zinea dela nire obsesio nagusia musikaren parera iritsita eta zazpigarren artearekin dudan maitasun istorioa bideoklub txiki hartan hasi zela.

Gure etxea Bilbon
Gure etxea Bilbon

Etxetik etxadi batera zegoen San Inazioko plazako aldamenetako batean. Bertara sartu eta eskumara bideoklubeko langilearen txokoa zegoen. Parean, azken estreinuekin beteta zegoen apalategi erraldoia. Sartu ginen lehen aldian bertan aritu ginen pelikula bila baina ez genuen ezer interesgarririk topatu. Atzekaldean, apalategi bera pelikula zaharragoz beteta zegoen eta horren parean, paretaren aurka, apalategi luzeago bat zegoen eduki berberarekin. Lehen egunetan, apal horietatik hartu genituen pixura eramateko pelikulak. Atzeko pasillo horretatik ezkerrera, gortina gorri bat eta barruan helduentzako pelikulak (19 urte genituen bai baina onartuko dizuet ez genuela jakin minez bazen ere, sekula gortina hura igaro. Nik dakidanagatik, snuff pelikulak grabatzeko estudio txiki bat egon zitekeen bertan).

Horrela esanda, ez du ematen bideoklub hark ezer berezirik zuenik eta hala da, oraindik, ez baitizuet gure bizitza aldatu zuen apalategiaz hitz egin. Paretaren aurkako apalategi luzearen eskumara topatu genuen egun batean, txoko batean, ia ezkutuan. Ez dakit zein kriterioren arabera jarri zituen bideoklubeko langileak apal horretan pelikula haiek eta ez gainontzekoekin baina ordurarte ikusi nituenez gain, istorio ikaragarriz beteriko mundu amaiezin bat zegoela ezagutu ahal izan nuen apalategi harri esker. Beste askok ez bezala, barrena ukitu zidan zine mota batekin egin nuen topo.

Garai hartan VHSa zen modako euskarria eta pixuan bideorik ez genuenez ebay-n erosi genuen atzera ondo botatzen ez zuen bat. 50 pelikulatik gora ikusi genituen apalategi magiko hartatik hartuta eta egun hartatik aurrera, nire bizitzak bide berri bat hartu zuen. Egia esan , ez ditut pelikula haiek guztiak gogoratzen baina nire oroitzapenean indar gehienez eutsi direnak zerrendatzen saiatuko naiz jarraian.

Das Experiment:

Run Lola Run:

Requiem For A Dream:

Memento:

Cube:

Pi:

La haine:

Mallrats:

Lock, Stock and Two Smoking Barrels:

The Edukators:

Good Bye Lenin:

Noviembre:

El factor Pilgrim:

 

Idazten hasi eta uste nuena baina gehiagoz gogoratu naiz azkenean. Esan beharrik ez daukat guztiak direla gomendagarriak eta gehienak ikusi beharreko moduan katalogatuko nituzkeela. Gehienak ezagunak ditugu baina bada filma berezi bat hauen guztien artean eta azkenerako utzi dut nahita. Ulergaitza egiten bazait ere, El Factor Pilgrim ahanzturaren zuloan erori da eta zaila da Youtuben ere bere inguruko bideo edo trailerrik bilatzea. Are zailagoa, ezinezkoa hobe esanda, kopia bat eskuratzea. Zinezale amorratua izateaz gain, bildumazale patologikoa ere banaiz eta filme hauek zein beste askoren DVD originalak etxean izaten saiatzen naiz. Hau ordea, ez da lan erraza aipatu ditudan asko eta asko deskatalogatuak daudelako gaur egun. Zer esan Santi Amodeoren lehen lana izan zen El Factor Pillgrim honetaz…

Orain gutxi, twitter bidez topatu nuen Santi eta pelikula zoragarri honen DVDrik ba ote zegoen galdetu nion. Azkar erantzun zidan eta lastima bada ere, ez da berargitalpenik izan eta geratzen diren kopia urriak VHS formatuan daude. Zer egingo diogu ba…

Amaitzeko, kontatuko dizuet baita ere bideoklub magiko hark zabalik jarraitzen oten begiratzera ere joan ginela eta bai, nire harridurarako, zabalaki jarraitzen du. Bejondaizuela!

Gure bihotzeko bideoklub magikoa.
Gure bihotzeko bideoklub magikoa

 

Usurbeko kritikak: Interestellar

Posted on Updated on

interestellar

INTERSTELLAR

Zuzendaria: Christopher Nolan
Gidoigilea: Christopher Nolan
Aktoreak: Matthew McConaughey, Anne Hattaway, David Gyasi, Jessica Chastain, Mackenzie Foy, Michael Cane, John Lithgow, Cassey Affleck
Musika: Hans Zimmer
Argazkia: Hoyte van Hoytema
Herrialdea: AEB
Iraupena: 169 minutu

Gogoratzen dudan bakoitzean oraindik hotzikarak sortzen dizkidan Gone Girl harrigarriaz idazteko eseri nahiz ordenagailu aurrean baina bat batean, egin beharreko Usurbeko Kritiken artean bi filma eder ahaztuak nituela gogoratu dut. Kuttun ditut gainera bi zuzendariak beraz Ben Affleck eta Rosamund Pikek itxaron egin beharko dute oraingoz.

Wes Andersonen The Grand Budapest Hotel da lehendabizikoa eta Christopher Nolanen Interestellar bigarrena. Berez, Wesen txanda behar luke baina bi filmak barnean eragin zidatena hain urrun dago bata bestetik, gaurkoan Matthew McConaughey eta Anne Hathawayren denbora zein espazioan zeharreko odisea zoragarriari heldu beharrean nagoela.

Memento bikainarekin ezagutu nuen Nolan Jauna eta ikusi nuenean nuen adinagatik edo, asko markatu ninduen. Ohiko iturrietatik edatera ohituta ginen filmeez haratago, mundu oso bat zegoela konturatu nintzen eta Menento hura eta gero hasi nintzen gaur egun pasio indartsuenetako dudan zinearekin gozatzen (Pendiente dut baita ere bideoklub xarmangarri harren inguruko posta… Beste batean).

Interstellar-Movie-2014-Poster-Wallpaper

Interestellar etorkizun apokaliptiko batetik abiatzen da. Ez ordea ohituta gauden horietakoa; zombiek erasotua, pandemia batek hartua edo hondamendi nuklear baten ondorengoa. Interestellarreko apokalipsia geldoa da, urteetan luzatzen ari da eta pixkanaka, egunez egun, gizateriaren desagertzea geldiezinago sumatzen da. Egoera horrek, Lurra Planetan bizi garenon helburu zein metodoak erabat aldatu ditu eta gaur egun ikusita, barregura ere sortzen duten egoerak sortzen ditu.

Hala ere, bada bizirautean baino, epe luzera begira dagoen jendea eta… Eskerrak. Gizateriarentzat mundu berriak bilatzen daramatzate makina bat urte eta plan horri hasiera ematea suertatzen denean sartzen dira jokoan Copper eta bere alaba Murph. Ez dizuet gehiegi kontatu nahi nik neuk ez nuelako ezertxo ere jakin nahi izan Interestellar ikusi aurretik eta filma ikusi ondoren, erabaki ona izan zela ondorioztatu nuen (Ez egin inori  zuri egitea nahi ez duzunik erakutsi ziguten haurtzaroan).

Interestallarrek gizakiaz hitz egiten digu, esploratzaile senaz, amore ez emateaz eta maitasunaz. Gehienbat, maitasunaz. Hala ere, ez da maitasun istorio bat eta horrek ematen dio hain justu indarra. Espazioa, zulo beltzak, planeta galduak eta gizakiak, bere bulkada eta kontraesanekin. Inception ikaragarrian denbora ezberdinetan gertatzen ziren planoekin jolastu zuen Nolanek eta oraingo honetan, joko hori ametsen mundutik fisikaren eremura eraman du. Emaitza, bikaina da bi saiakeretan eta filmaren garapenerako berebiziko tresna da gainera (Eta oso entretenigarria!).

interstellar46-anne-hathaway

Aktoreen lana ere azpimarratzekoa da eta nahiz eta nire aktorerik kuttunerak ez diren (kontrakoa esango nuke), gustura izan nintzen Matthew eta Anne kamera minutu eta minutuak gainean nola hartzen dituzten ikusten. Filma aluak egin ditu orain arte Hattawayek eta beste horrenbeste esan daiteke McConaugheyren inguruan. Biak hala biak ordea, nire errespetua irabazten ari dira azkenaldian egiten ari diren gidoi aukeraketekin. Hori gutxi balitz. Michael Cane edo aurreratuko ez dizuedan kameo berezi batek gorputza ematen diote aktore-multzo ederrari.

Kontra zerbait aipatzearren, agian, irauten dituen 169 minutuak aipatu beharko nituzke nituzke. Azkenaldian, badirudi filma on bat egin nahi baduzu bi ordu eta erdi baino gehiago iraun behar duela eta egia esan, nahiko aspertuta nago moda horrekin. Hala ere, kasu honetan barkatu egingo diogu niri behintzat, ikaragarri azkar pasa bait zitzaidan denbora (Jarriz gero, gehiago ere ikusiko nuke gustura)

Laburbilduz, Interestellar ikusi beharreko filma da. Zinetik atera eta egun batzuetan zehar buruan bueltaka jarraitzen duen horietakoa. Hari-muturrak lotzen, sakonago begiratzen, mundura, eta barrura. Denbora asko egon naiz Nolanen azken lanaren zain eta Interestellar ikusi ondoren, gogo gehiago dut oraindik hurrengoa ikusteko. Nora eramango ote gaitu orduan?