ipuinak

Errusiatik ekarritako ipuinak: Taskenteko taxi-gidariarena

Posted on Updated on

Beroa egiten zuen apirila izateko. Are gehiago, goizeko hiru eta erdiak zirela kontuan izanda. Egun osoa zeraman Seat Toledo zaharrarekin Moskuko kaleetan barrena bueltak ematen. Normalean, ez zituen eguneko zazpi karrera baino gehiago egiten baina egun hartan, hamabigarren bidaia bukatu berria zen.

Goizeko seietan hasten zuen laneguna unibertsitatera lanera eramaten zuen emakume zahartuarekin, “Hiru urte lanera eramaten eta oraindik ez dakit bere izena”. Ondoren, unibertsitatetik etxera itzultzen zuen gaueko zaindari zimurtua hartu zuen. Hortik aurrera, eta iluntzean goizean goizeko bi bezeroekin kontrako bidea egin arte, zoriak agintzen zuen.  Egun hartan, zortea izan zuen eta hiru lekuetan zereginak zituen negozio gizon batekin pasa zuen goiza. Ez zuen gustuko bezeroekin hitz egitea baina gizon hark umore txarrez jarri zuen. Bidai osoa mugikorretik hizketan pasa zuen eta buruko minez utzi zuen “Egunero amorru gehiago ematen dit jendearen ahotsak”. Atsegin zuen autoa isiltasunean gidatzea. Aspaldi hasi zen bezeroei irratia izorratua zegoela esaten.

Zortzi urte ziren Uzbekistandik Moskura joan zela bizi hobe baten bila eta ez zitzaion gaizki joan. Auto zaharra lehen astean ezagutu zuen herritar bati erosi zion eta horrezkero, taxi-gidari lanetan ibili zen. Aberia gutxi eman zizkion autoak eta izan zituenak, berak konpondu ahal izan zituen. Ateratzen zuen diruaren gehiengoa etxera bidaltzen zuen Taskenten utzi zituen emazte eta bost seme-alabek aurrera egin ahal izateko. Moskura joan zenean negarrez agurtu zituen etxekoak eta gehienera, handik hiru urtera berriz ere etxean izango zutela hitz eman zien. Ez zuen hitza bete baina dagoeneko ez zuen errunduntasunik sentitzen. Batzuetan gaizki sentitzen zen samin gabezia horrengatik baina besteetan, familiak elkarrekin bizi zirenean sentiarazten zion ardura gogoratzen zuen. Ez zituen aspaldi ikusten ez baina dirua bidaltzen zien astero. Horrek bere kontzientzia lasaitzen laguntzen zion eta bera, lasaiago bizi zen “Nahikoa egiten dut”.

Turista mordo bat zebilen egun haietan Moskun eta taldetxo bat baina gehiago eraman zuen leku batetik bestera. Bazirudien gidaren batean Moskura behin joanez gero, taxi ilegal bat hartu behar zela jartzen zuela edo. Urduri hasten ziren ordaindu beharreko diru kantitatea adosterakoan eta isil isilik pasatzen zuten bidaia, hori gustatzen zitzaion. Autotik ateratzean, lehoi baten aurka borrokatu izan balute moduan begiratzen zioten elkarri. “Gustura geratu badira…”. Bezero onak ziren turistak, beti ateratzen zizkien bertakoei baino berrehun edo hirurehun rublo gehiago. “Aluak…”.

Turistetan pentsatzen ari zela Taskentez orioitu zen. “Hara ez da turistarik joaten…”. Aspaldiko partez herrimina sentitu zuen eta Igor txikiaz oroitu zen. Seme gazteena zuen eta alde egin zuenean, urte bete besterik ez zuen, “Dagoeneko gizontxo bat izango zen”. Eta Kati, hemeretzi urte izango zituen dagoeneko. “Agian ama izango da… Agian aitona izango naiz”. “Bere amaren antza izango du ziur”, emazteak ere Katia izena zuen baina umeekin ez bezala, bere aurpegia lausotzen hasia zen bere oroitzapenetan.

Une batez, etxera itzultzeko unea izan zitekeela pentsatu zuen baina ideia hori barruraino sartu zitzaion beldur batek uxatu zuen. Burua astindu, aspaldi itzalita zuen irratia piztu  eta azken bidaia bat egitea erabaki zuen “Nire pentsamenduak ere buruko mina ematen hasi zaizkit azkenaldian…”.

Errusiatik ekarritako ipuinak: Dimitri zapatariarena

Posted on

Listo, maleta itxita”. Hiru gau zeramatzan Arbat kaleko Da! Hostelean lotan eta guztia ondo aterako balitz, bertan igarotako azkena litzateke “Hala izan dadila mesedez…”. Urtebete pasa berri zen bere bizitza aldatuko zuen bidaiarako aurrezten hasi zenetik. Hamaika urterekin hasi zen Vassili zaharrarekin zapatari lana ikasten eta ikaragarri gustatzen zitzaion. Goizero seietan esnatzen zen Vassilien hitzetan, gizon onak, goizeko zazpietarako lanean ari baitziren “Dimitri, Goizeko bederatziak baino beranduago etxetik irteten den gizonak, arreta gehiago eskaintzen dio gauari egunari baino”. Bazekien zerbait horren inguruan Dimitrik. Ez zuen oroitzapen gehiegi bere aita zenaz baina gauetan, eta izerdi patsetan esnatzen zen bakoitzeko, bere irudia zizelkatua izaten zuen buruan. Amorruz gorri, eta atzera botatzen zuen vodka usainarekin. Horrela esnatzen zenean, nahi baino gehiagotan, norbaitek ukuilu osoa vodkaz busti zuela hitz emango luke. Sudur zuloetatik sartu eta garuneraino iristen zitzaion kiratsa. Agian, horregatik ez zuen sekula vodkarik probatu.

Goizeko bederatzietan geratu zen Kadhasevskyi kaleko zapatariarekin baina Vassili zaharrarekin hartutako ohiturek bere horretan jarraitzen zuten. Goizeko seietan esnatu eta dutxa bero bat hartu zuen hosteleko dutxa nimiñoan. Ordu horretan lo behar luke Da! Hostelak baina egun horietan turista atzerritarrez josita zegoen. Dutxan zegoela, ulertu ez zuen hizkuntza batean oihuka sartu zen koadrila bat entzun zuen sarreran. Erabat mozkortuta zeuden eta beraietako bi komunetan agertu ziren. Ez zuen hizkuntza ulertzen baina hitz egiteko moduagatik errusiarrez hitz egingo balute ere berdina ulertuko ziela pentsatu zuen “Dirua izan eta horrela xahutu behar da gero…”. Bi mozkorrak komunetik atera arte itxaron zuen dutxatik irten eta lehortzeko. Amaitzean, toalla lurrera bota eta aurrean zintzilikatua zuen trajeari begira geratu zen. Ia ia, Botovotik Moskurako tren txartela bezain beste kostatu zitzaion baina ikaragarri dotore ikusi zuen bere burua jantzi zuenean “Lortuko dut”.

Gelara sartu eta bi mozkorrak bere gelan zeudela konturatu zen. Hala ere, eta bere zorterako, argia piztu ere egin gabe ohean sartzen ari ziren. Une hartan, eta gelaren iluntasunean ohean eserita zegoela, Olesyaz gogoratu zen. Hamahiru urte zituztenetik zeuden elkarrekin eta bera zen bidaia harren arrazoi nagusia. Bere ahizpak harrobiko ateetan igarotzen zuen eguna, beste hainbatek bezala, langileak noiz irten eta rublo batzuk ateratzeko zain. Olesyak ordea, ez zuen halakorik nahi beretzat. Olesyak ametsak zituen eta Dimitri zoriontsu egiten zuen amets horietan egoteak “Lortuko duzu eta zurekin joango naiz Moskura bizitzera. Zoriontsu izango gara Dimitri”. Bere azalaren berotasun leuna sumatu zuen berearen aurka hots ikaragarri batek trantzetik atera zuenean. Mozkorretako bat goiko ohatzeetako batetik erori zen. Danbatekoa beldurgarria izan zen. Ohetik altxatu gabe argia piztu eta mozkorra bere azpiko ohean zegoen neskarekin hizketan ari zela ikusi zuen “Ez zaio ezer gertatu”. Argia itzali eta gelatik irten zen.

Sukalde atsegina zen Da! Hostel hartakoa. Armairu zein hozkailuz betea zegoen eta horietako batean zituen hiru egun haiek igarotzeko eraman zuen janari guztia. Gazta zati bat, oilasko bular gatzatu bat eta amak maitasun osoz prestatu zion infusioetarako belarra. Te bat prestatu zuen eta bidaia hark etxean utzi zituen guztientzat suposatzen zuena etorri zitzaion burura. Olesyak Moskun bizi eta lan duin bat bilatu ahal izango luke eta amak, amak lasaiago bizi ahal izango luke astero bidaliko zion diruarekin. Bizitza ez zen zintzoa izan amarekin. Gizon galdu batekin elkartu zen eta sei urteetan zehar, babesa eta maitasuna eskaini beharrean, jipoiak besterik ez zizkion eman. Urte horietan jaio zen Dimitri baina azkena izan zen. Egun batean, bere aita zenari eskua joan zitzaion eta ama hilzorian utzi zuen sukaldeko zoruan botata. Hurrengo goizean bere hiru osabak aita zenaren bila joan ziren eta horrezkero, ez zen gehiago jakin. Herri guztiak zekien errekako arrainen jateko izaten amaitu zuela iluntze hartan baina inork ez zuen hartaz hitz egiten. Botovo horrelakoa zen.

Vassili zaharrak ederki erakutsi zion zapatari lana, nahikoa Moskuko zapata denda batean lana topatzeko. Gerora, diru apur bat egindakoan, berea zabalduko zuen. “Pixkanaka Dimitri” errepikatu zion bere buruari. Azkar ikasten zuen eta azken urteetan Vassili zaharrak baino lan gehiago, azkarrago eta hobeto egiten zuen. Urte bete lehenago, goizero bezala etxetik irten eta Vassiliren tailerrera iritsi zenean, bere aulki zaharrean lanean topatu zuen zapatari zimurtua “Hemendik aurrera, ez zaitez gehiago etorri. Une bat iristen da mutil ororen bizitzan, gizon izaten hasi eta bere bidea jorratu behar duena. Eta zu, berandu zabiltz”. Egun hartan hasi zen Moskurako bidaiarako aurrezten.

Janaria poltsa batean sartu eta gelara sartu zen maletaren bila. Dagoeneko isiltasuna zen nagusi bertan eta hotsik egin gabe utzi zuen “Betiko“. Korridoretik sarrerara bidean zihoala ispilu batekin egin zuen topo. Gorbata bere lekuan jarri eta aterruntz zuzendu zen “Gaur hasten da nire bidea”.