Month: otsaila 2015

Finlandia (2. atala) – 2.9

Posted on

 

Flag_of_Iceland

Bates anderearen adierazpenak buruan behin eta berriz errepikatzen ari zela Reykjavík City Hosteletik atera eta aterpetxe kanpoan zeuden bi egurrezko eserlekuetatik libre zegoen bakarraren parean geratu zen Txomin. Euskal Herriko edozein askaldegitan topatu zitezkeen mahai eta banku berdinak ziren eta irribarre batek ihes egin zion. “Honaino etorri eta Oainguko mahai berdinak topatzea ere…”. Quechua txikia mahai gainera bota zuen karpetatxo berdea bertan sartu ahal izateko. Motxila bizkarrean hartu eta aterpetxeak atarian zituen bi zelai ederren artetik igarotzen zen bidetik errepidera iritsi zen. Auto gutxi zebilen eta zebrabide bat bilatzen denborarik galdu gabe, korrika txikian pasa zuen errepidea aldenik alde. Korrika zihoala, nerabe garaietan koadrilakoak Donostiara joaten ziren bakoitzean errepikatzen zuten balentria alua gogoratu zuen. “Nork ez du hiri handi batean errepide bat behar ez den lekutik korrika igaro abarkadun hutsa naiz eta harro nago oihukatuz?”. Bere obra handian sartzeko moduko egoera bat iruditu zitzaion “Bitxia da. Gero gure herrian semaforoa berde jarri arte itxaroten dugu…”. Errepidea gurutzatzen amaitzean egunerokoa Quechua txikitik atera eta ohar moduan apuntatu zuen burutapena.

Bi norabideko errepide zabal bat zen korrika igaro berri zuena, bi bidekoa bakoitza “Joder! Autobia bat ia-ia…”. Beste aldera iristean topatu zuena ordea, beste kontu bat zen. Handik aurrera etxe txiki eta bide estuak besterik ez zituen ikusten. “Kale garrantzitsu bat izango da agian”. Kalearen izenaren bila hasi eta azkar bilatu zuen kartela: Sundlaugarvegur. “Harrapa zak! Ea ez dudan inori non dagoen galdetu beharrik…”.

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.

Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.

Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.

Artxibotik tiraka: Keler Nationetik Kelerrera bidalitako gutuna

Posted on

Orain aste batzuk Segura Irratiara itzuli nintzen Itaka saioaren elkarrizketa gonbidapen bati erantzunez  eta irratiaz bertan maitemindu nintzela gogoratu nuen (hemen duzue elkarrizketa). Uda oso bat izan nintzen bertan praktiketan eta goizeko magazina gidatzeko ardura izan nuen. Gerora, karrera amaierako proiektua aitzaki, Keler Nation saioa jarri nuen martxan sei hilabeteetan zehar astelehenetik ostiralera gaueko 22:00etatik 00:00etara bitartean. Ederki pasa genuen bertan eta gaur berreskuratzen dudan gutun hau adibide garbi bat da.

Keler Nation, saiorako espreski asmatutako erresuma bat zen eta bertan, beste gauza batzuen artean, haurrak garagardoarekin batailatzen zituzten. Keler zaleak izaki, markaren izena jarri genion saioari eta zergatik ez, babes bila jo genuen konpainiara. Oraindik ez dut ulertzen nola ez genuen erantzunik jaso…

 

Estimado señor o señora que lee los e-mails de Keler:

Le escribo esta misiva para confesarle que desde muy temprana edad somos asiduos consumidores de su producto estrella y cuando digo asiduos, quiero decir asiduos de verdad.

La cuestión es que siempre hemos entendido el beber Keler como un rasgo de personalidad y también, por que no decirlo, como una forma de entender la vida. Respetamos a la rubia de 18 años como si fuera nuestra propia mujer ya que es la única que nunca nos ha abandonado. Nuestro compromiso con su producto es tal que nunca acudimos ni a bares, tabernas, cantinas, teatros, cines, centro culturales o comerciales, escuelas públicas ni hospitales que no la sirvan y como no, odiamos sin ningún escrúpulo a todo aquel que muestre menosprecio a ese gran tesoro cultural que es la cerveza y pida una San Miguel en cualquier barra del mundo (siento nombrar el nombre del Diablo en la casa del Señor).

Nuestro amor es tal, que tal día como hoy, estamos llevando a cabo un programa de entretenimiento en la emisora de ámbito provincial Radio Segura con el nombre de su respetable empresa. Dicho programa lleva por título Keler Nation y todo su contenido se desarrolla dentro de esta imaginaria nación donde todo el mundo es feliz, pues saben en su interior que la felicidad no es un estado de animo si no una simple actitud.

En Keler Nation hablamos de rock&roll, cine, rugby, juventud y cerveza siendo el siguiente nuestro lema: Rocka, Rugbya eta Kelerra! o lo que es lo mismo; Rock, Rugby y Keler.

Como ya habrá usted entendido, estimado señor o señora que lee los e-mail de Keler (trabajando usted en Keler tiene que ser inteligentísimo), esta misiva tiene un carácter reivindicativo a la vez que pedigueño. Realizamos el programa Keler Nation de martes a jueves de 22:30 de la noche a 00:30 de la madrugada y las menciones a vuestra, nuestra Keler son continuas.

Por tanto, nos gustaría saber si sería posible que harían ustedes un pequeño desenvolso por nuestra, vuestra causa. No tenemos grandes pretensiones ni aspiramos a grandes cantidades de dinero ya que como ustedes sabrán, el dinero, es algo totalmente secundario en Keler Nation.

Nos conformaríamos con una pequeña donación a cambio de introducir unas cuñas de promoción y si es esto pedir mucho nos conformaríamos también con cobrar en especias porque total, lo que nos den nos lo vamos a gastar en Keler y el dinero va a volver a su hogar.

Le adjunto al mail la cuña de promoción que se emitió semanas antes del estreno del programa  Keler Nation para que vean ustedes que no estamos de coña (si es posible después de este mail)

Muchas gracias y sigan como hasta ahora haciendo de este mundo un lugar mejor.

 

Ignatius Bukowsky “Ministro de asuntos exteriores de Keler Nation”

Finlandia (2. atala) – 2.8

Posted on

Esan bezala, ez nituen egun gehiegi. Hegaldiak begiratzen hasterakoan, oporraldi hauei merezi zuten garrantzia eman nahi izan nien eta hamabost egun denbora nahikoa iruditu zitzaidan Islandian igarotzeko. Are gehiago bakarrik joanda. Hala ere, ibilbidea antolatzen hasi bezain pronto, irla osoa ezagutzeko hamabost egunak motz geratuko zitzaizkidala konturatu nintzen. Hori dela eta, Reikjavíketik Akureyrira jauzi egitea erabaki nuen zuzenean. Iparraldeko hiriburua deitzen diote Akureyriri inguru haietan eta  Reikjavíkeko zonaldetik kanpo, herrialde osoko biztanleria gehien duen hiria da, 17.000 bizilagun. Datu hura irakurtzean, hiri hura gustuko izan behar nuela jakin nuen. Herri handi bat niretzat Islandian ere.

Akureyriko argazkiak begiratzen aritu nintzen interneten eta ikaragarri gustatu zitzaidan ikusi nuena. Ez dago erabat kostaldean baina itsas sargune baten amaieran kokatzen da. Ikusi nituen argazkietan, bi lur zati erraldoien artean harrapatutako laku amaiezin bat zirudien itsasoak. Portuan aldiz, transatlantiko ezberdin bat zegoen hondartuta argazki bakoitzean. Ez zen oso hiri handia eta argazki gehienetan kale berdina ageri zen. Kafetegiz beteta zegoen eta jende mordo bat ageri zen kanpoko mahaietan eserita. Kalearen ahoan, teleaulki bat zirudien eserleku bat zegoen eskultura moduan jarrita. Argazkietan ageri ziren gehienek liburu bat zuten eskuan eta ez dakit zer arituko ziren irakurtzen baina irribarre bat zuten guztiek ahoan. Gidaren baterako nahita ateratako argazki sorta bat zela ere pentsatu nuen baina ez nituen burutazio haiekin argazki eder haiek izorratu nahi izan. Konturatzerako, sekula zapaldu ez nuen leku hartaz maitemindu nintzen. Lasaitasuna iradokitzen zuen eta hausnarketarako leku egokia zirudien. Horixe zen bidaia honetan bilatzen nuena.

Hori gutxi balitz, Islandia iparraldean ikusteko moduko leku eder mordoxka bat zeudela irakurri nuen han-hemenka eta Akureyri txikia txango horiek guztiak egiteko leku egokia izan zitekeen. Aterpetxe bakarra zuen hiriak oraingo honetan eta horrek, ohea bilatzea arazo bilakatu zuen. Iparraldeko hiriburua turista guztien derrigorrezko geldialdietako bat zen eta nire beldurrak egi bilakatu ziren erreserba egiterakoan. Abuztuaren seitik hamarrera hartu nahi izan nuen ostatu bertan baina ezinezkoa zen. Konbinazio ezberdinekin saiatu eta arazoa, abuztuaren seiko gaua zela konturatu nintzen. Full zeuden egun hartan eta hasiera batean, Akureyrira iritsi eta lehen gauerako ohe bat bilatzen hastea burutik pasa zitzaidan. Ez nekien zer topatuko nuen han eta bertan behera utzi nuen azkenean ideia. Burura etorri zitzaidan konponbide bakarra Reykjavíkeko egonaldia egun batez luzatzea izan zen. City Hostelean ez zegoen batere arazorik egun bat gehiagoz bertan geratzeko eta hori izan zen azkenean nire aukera. Hirutik zazpira Reykjavíken eta zazpitik hamarrera Akureyrin. Beldur nuen ez ote zen denbora gutxiegi izango Akureyrin igarotzeko…

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.

Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.

Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.

Joshua Tillman: 3 proiektu musikari bat

Posted on

Urte hasiera bukatu berri den urteko diskorik hoberenez hitz egiteko garaia izaten da normalean. Milaka zerrenda argitaratzen dira abendu zein urtarrilero milaka komunikabide, blog edo webgunetan eta eta niri behintzat, ederki etortzen zaizkit urtean zehar ihes egin didaten hainbat lan ezagutzeko. Hala ere, badira musikariak musikazale guztien begi eta belarriak zerrenda horietan golkoraino murgilduta daudenean lan berriak argitaratzera ausartzen direnak. Adibide garbi bat dugu aurten Father John Misty izenpean bigarren lana argitaratu duen Joshua Tillman.

Onartuko dizuet “I Love You, Honeybear” hau entzun nuen lehen aldian ez nintzela konturatu atzean zegoena Tillman zenik eta harrituta geratu nintzen lagun jakintsu horietako batek bera zela argitu zidanean. Eta zergatik harritu? Ba Joshua Tillman ezaguna nuelako eta bere aurreko proiektuekin izugarri gozatua nintzelako. Goazen pixkanaka.

2008an ezagutu nuen J. Tillman zelakoa “Minor Works” lan bikaina nire esku artean erori zenean. Garai haietan folk kantari garaikideen musika zen entzunaldi gehien lapurtzen zidana. Elliot Smith, Mark Lanegan, Damien Jurado, Jason Molina zenaren bertsio guztiak (Songs: Ohia, Magnolia Electric Co.), Bonnie “Prince” Billy eta gertuago begiratuta, Mobydick getxoztarra. Ikaragarri gustatu zitzaidan baina ez zen erraza bere lan gehiago lortzea. Orduan, lagun batek pasata, “Vacilando Territory Blues” diskoa ere eskuratu eta J. Tillman handia nire folk kantari kuttunen artean sartu zen betirako.

Nire jakin mina piztu zuen Baltimorekoak eta sareko hainbat lekutan irakurri ahal izan nuen Fleet Foxes izeneko talde bateko bateri jolea ere bazela. Gaur egun talde ezaguna dugu baina garai haietan, ez zen oraindik gure ingurura iritsi. Halako batean “White Winter Hymnal” hipnotikoa iritsi zen nire belarrietara irrati uhin bidez. Fleet Foxes taldearen lehen laneko lehen singlea zen eta J. Tillman irudikatu nuen perkusio fin zein eraginkor horren atzean. Fleet Foxesek ikaragarrizko arrakasta lortu zuten debut lan homonimoarekin eta J. Tillmanek bakarkako ibilbidea alde batera utziko zuela pentsatu nuen. Oker nebilen. Fleet Foxesek 2008an argitaratu zuen lehen lana eta 2011n “Helplessness Blues” borobila. Bitartean ordean, Joshua ez zen aspertu eta 2009 eta 2010ean “Year In The Kingdom” eta “Singing AX” kaleratu zituen J. Tillman izenpean. Fleet Foxesek ordea, ez du ezer gehiago argitaratu nazio artean egonkortu zituen bigarren lan harren ostean eta bai Seattlekoez eta baita J. Tillmanez ere ahaztu nintzen.

Eta horrela iritsi gara 2015 hasierara. 2014ko diskorik hoberenen artean murgilduta eta Alt-J, King Creosote, David Giguere, William Fitzsimmons edo Thee Silver Mt. Zion Memorial Orchestraren diskoak berreskuratzen Father John Misty leku guztietan ikusten nuen bitartean. Halako batean, eta lagun baten gomendioz, entzunaldi bat eman nion “Fear Fun” debut lanaren ostean Joshua Tillmanek argitaratutako lan honi eta egia esan, ez naiz nire ingurukoak bezain beste berotu. Diska borobila da eta gustatu zait baina indiecrooner rollo horrek ez nau gehiegi konbentzitu. Agian, arrazoia garaia batean egin zuena faltan botatzen dudala da, ez dakit. Hala ere, “I Love You, Honeybear” entzuten ari naiz post hau idazten dudan bitartean eta badakit, hemendik bi hilabetera ikaragarri gustatuko zaidala. Horrelakoa naiz zer egingo diogu ba? 2015ko lanik borobilen artean sartuko ote dudan jakiteko ordea goiz da oraindik, urtea oso luzea da…

 

PD1: Postean aipatzen ditudan talde guztiak zerrenda batean entzuteko gogoz geratu naiz beraz hemen duzue prestatu dudan Spotify playlista hutsune garrantzitsu batzuekin. Hots, Bonnie “Prince” Blly, Bill Callaghan edo Mobydick.

PD2: Barkatu baina post hau ezin da bukau bi basapizti hauen kanturik entzun gabe:

Folk garaikideari tiraka

Posted on Updated on

Hemen duzue “Joshua Tillman: 3 proiektu musikari bat” postaren harira sortutako Spotify zerrenda:

Finlandia (2. tala) – 2.7

Posted on

Bidaia forma hartzen ari zen pixkanaka eta googletik atera nuen Islandiako mapak zirriborro gehiago zituen gainean egunero. Hala ere, hiri bakoitzean zenbat gau pasa behar nituen zehazten hasi beharrean nintzen. Ezer lotua izan gabe Islandiara joateak, deseroso sentiarazten ninduen oraindik. Are gehiago, elkarrizketatuek kontatutakoa eta gero. Hotelak ikaragarri garestiak zirela azaldu zidaten. Euskal Herritik joandako batentzat, aterpetxeak omen ziren aukera bakarra beti ere, kooperatiba bateko edo CAFeko langile ez bazinen behintzat. Aterpetxeak ordea, azkar betetzen ziren udan eta erreserbak aurretik egitea komenigarria zen. Zinegotzi aluak mahai azpian zituen hamaika kaxetako batetik Beasaingo Udalak urtero ateratzen zuen egutegietako bat lapurtu eta abuztuko orria kendu nion.  Hortxe idatziko nuen nire ibilbidea.

Interneten begira hasi eta Islandiako aterpetxe gehienak Hostelling International katekoak zirela ikusi nuen. Urte batzuk lehenago, koadrilakoekin Portugalera joateko atera nuen aterpekide txartelaz gogoratu nintzen orduan. Etxeko tiraderetan begira hasi eta topatu nuen azkenean baina iraungita zegoen dagoeneko. Horrelakoak egiteko Ordiziako Gazte Bulegora joan behar zen garai hartan eta bertan atera nuen berria. Txartel hau ez da beharrezkoa Hostelling International aterpetxeetan lo egiteko baina eduki ezkero, kontuan hartzeko moduko deskontu bat egiten dizute.

Hostelling international katearen webgunean sartu eta aterpetxeak begiratzen hasi nintzen. Reykjaviken bi atera zitzaizkidan: Reykjavík Downtown eta Reykjavík City Hostel. Lehena hirigunean zegoen eta bigarrena erdigunetik hamar bat minutura autobusez. Reykjavík Downtownek itxura ederra zuen baina gau bakoitza hogeita zortzi euro inguruan zebilen. Reykjavík City Hostelean berriz, gau baterako ohea hamazazpi euroren truke eskuratu zitekeen. Hamalau gau igaro behar nituen Islandian eta  askoz erakargarriagoa egin zitzaidan  bigarrena. Zer dira gainera hamar minutu autobusean?

Zenbat egun beharko ote nituen Reykjavik ondo ezagutzeko? Eta bertatik egin beharreko txangoak burutu ahal izateko? Reykjavík, Gullfoss, geyserrak… Vatnajökull? Islandia handia zen eta denbora gutxi nuenez, Reykavíken lehen hiru gauak pasatzeko hautua egin nuen. Nahiz eta Beasaindik abuztuaren hiruan irten, iristerako abuztuaren laua izango zen. Lehen egunak ez zuen ezertarako balioko. Laua hiriburua ezagutzeko eta bosta, ikusi beharreko leku horietakoren bat ezagutzeko baliatzea erabaki nuen. Bakarrik joanda ez nuen arazorik izan Reykjavík Cityn ohea topatzeko eta egutegian lehen zehaztapenak idatzi nituen: Abuztuaren hirutik seira Reykjavíken.

 

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.

Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.

Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.

Usurbeko kritikak: The Grand Budapest Hotel

Posted on

gbh_nyobserver_promoart_10-75x15-5_4c_rev2_final

THE GRAND BUDAPEST HOTEL

Zuzendaria: Wes Anderson
Gidoigilea: Wes Anderson
Aktoreak: Ralph Fiennes, F. murray Abraham, Tony Revolori, Mathieu Amalric, Adrien Brody, Willem Dafoe, Jeff Goldblum, Edward Norton, Harvey Keitel, Jude Law, Bill Murray, Saoirse Ronan, Jason Schwartzman, Lea Seydoux, Tilda Swinton, Tom Wilkinson, Owen Wilson.
Musika: Alexandre Desplat
Argazkia: Robert D. Yeoman
Herrialdea: AEB
Iraupena: 99 minutu

Ez naiz orain hasiko Wes Adersonen lana zenbat gustatzen zaidan kontatzen. Edo… Zer demontre? Bai! Hemen sartzeak ni aguantatzea dakar berekin modu saihestezinean eta badakizue . Bideoklub magiko hartan ezagutu nuen bizitza aldatu zidaten gainontzeko filma ako bezala (post hori gehiegi atzeratzen ari da…). Royal Tenenbaums handia izan zen nire eskuetan erori zen Andersonen lehen lana eta ez dakit zorte ona edo txarra izan zen. Pelikula ikaragarria iruditu zitzaidan eta ikaragarri gozatu nuen Wesek istorioak kontatzeko duen modu bereziarekin. Ikaragarri maitagarri egiten zaizkit sentimendurik ez dutela dirudien baina muturreraino eramaten dituzten pertsonaia horiek. Ikaragarri maite ditut guztia esaten duten isiltasun amaiezin horiek, ikaragarri baita ere istorioaren erraietaraino sartzen zaituzten off ahotsak eta ikaragarri maite dut nola ez, egiten duen guztian presente dagoen estetika eta simetria.

Royal Tenenbaums maisulan bat da eta eta horregatik aipatzen nuen lehen zorte ona edo txarra izan ote nuen lehena berau ikustean. Bere filmografia osoa ikusi dut Bottle Rocket opera prima eta Fantastic Mr. Fox aniamzio munduan lehen saiakera izan zena izan ezik eta guztiak gustuko baditut ere, ez daude inolaz ere maila berdinean. Rushmore eta Moonrise Kingdom, lan bikainak dira. Hoberenak nire ustez Tenenbaum familiaren ostean eta atzetik gertu datoz The Life Acuatic With Steve Zissou eta The Darjeeling Limited. Eta non sartuko nuke gaur Usurbeko Kritika hau idaztera ekarri nauen The Grand Budapest Hotel hau? Ba pena pixka bat ematen badit ere, bi hauen atzetik nahiz eta gainontzeko guztiak bezala oso gustura ikusi nuen.

hero_GrandBudapestHotel-2014-1

The Grand Budapest Hotel Wes Anaderson da zalantzarik gabe. Bere estetika mantentzen du, errealismo magiko ikutu berezi hori, baita pertsonaia arraro zein maitagarriak ere. Nola ez, pertsonaia horiei bizia ematen, Andersonen pelikula guztietan ageri diren aktore fetitxeak ageri zaizkigu: Bill Murray, Jason Schwartzman, Owen Wilson, Edward Norton, Adrien Brody eta baita ziur hemendik aurrera bere ekoizpenetan ikusi ahal izango ditugun beste hainbeste (Anjelica Huston eta Gene Hackman bota nituen faltan). Egia esan, filmerako biltzea lortu duen aktore zerrenda txalotu beharreko modukoa da. Nahiz eta oso ohikoa den Andersonen lanetan aktore ezagun mordoa ikustea, oraingo honetan muga guztiak gainditu ditu. Pelikula koarala da eta istoria nahasi baten bidez irauten duen denbora entretenituta igarotzea ahalbideratzen du. Atmosfera musikak osatzen du betiko moduan (kantu eder asko ezagutu ditut Wes Andersonen pelikulei esker) baina oraingo honetan, Wes Andersonen aurkakoen (izan badira eta ez dira gutxi) argudio nagusiarekin bat egin beharrean naiz nahiz eta min asko ematen didan blasfemo hauei arrazoia ematea behin bada ere.

Behin baina gehiagotan irakurri dut Wes Anderson zuzentzen ume bat marrazki bat egiten bezalakoa dela. Hau da, gogo askorekin hasten da baina azkenerako aspertu eta hala nola amaitzen ditu lanak. Kritiko hauen hitzetan, ikaragarrizko lana hartzen du istorioa kokatzen eta pertsonaiak aurkezten. Detaile guztiekin egiten du eta errealizazio eder batekin janzten du gainera. Ikuslea istorioan erabat sartzea lortzen du eta konturatzerako bertan zaudela senti arazten dizu. Hala ere, kokapen zein aurkezpen horren ostean, aspertu egiten omen da eta ez dio batere garrantziarik ematen korapiloaren askatzeari. Bikain hasten da baina garapen eta amaierak erdipurdikoak dira. Ez naiz sekula ados egon teoria horrekin nahiz eta askotan zergatik esaten duten ulertzen dudan azken finean, garapen eta amaierek beti asetu nautelako.

TGBH_LOOK_VFX_02

Hala ere, The Grand Budapest Hotel honetan sentsazio hori izan dut. Istorioaren zutabe eta pareta guztiak sendotasunez altxatzen ditu ikuslea istorio surrealista horretan erabat sartu arte, errealitate zoro horretan guztiak zentzua izango balu moduan. Filma aurrera doan eran ordea, istorioa besterik gabe aurrera doa eta aurreko lan guztiak merezi ez duen moduan amaitzen du. Errazegia da amaiera eta gehiago merezi zuenaren sentsazioarekin uzten zaitu.

Oscarreratara izendatua dago pelikula zein zuzendari onenaren moduan eta nahiz eta filma bere lanik hoberena ez izan, benetan gustatuko litzaidake sari nagusietako bat berak eramatea. Garbi daukat lan honengatik ez duela merezi baina sari hauetan, ibilbide osoak ere saritzen dira askotan eta Andersonek, aspaldi merezi izan zuen kategoria honetako aitortza bat.

Ez nuke aipatu gabe utzi nahi 4:3 eta 16:9aren artean filma osoan zehar egiten duen jokoa iragana eta orainaldia ezberdintzeko Andersonen errealizaio motarentzat muga bat suposatuko zuela pentsa zitekeen hori, bere alde jartzen duelako. Ez dut sekula halakorik ikusi eta polita da nahiz eta zalantzarik gabe, esperimentu moduan geratzea espero dudan 16:9ak beste dimentsio bat duelako. Aldi berean, eskertzen diot bi ordu eta erdiko filmak egitearen moda madarikatu horretan ez erori izana. Mila esker bihotzez Wes.

Laburbilduz, Wes Andersonen zinea ezagutzen ez baduzu, ikusteko lehen filma egokia izan daitekeela gustatuko zaizulako eta gehienbat, gainontzekoak ikustean espektatiba handiegiak sortuko ez dituelako. Hori bai, besteak ikustean zerua ikutuko duzu. Eta zer esan Wesi The Grand Budapest Hotel hau ikusi ostean? Ba ondo ari dela baina gehiago saiatuko balitz, emaitza hobeak lortuko lituzkeela. Egoki aurrera egiten du.

Finlandia (2. atala) – 2.6

Posted on

 

FLAG Finlandia
Udaletxeko ordenagailu batean inprimatu nuen hegaldiaren xehetasunekin posta elektronikora iritsi zitzaidan agiria. Erabakia hartua zegoen eta ez zuen atzera bueltarik. Islandian bakarrik pasa behar nituen 2010eko oporrak. Irudikapenak alde batera utzi eta bidaia prestatzen hasteko ordua zen.

Islandian egon zen jende ezberdina topatzen saiatu nintzen ezagunen artean alde batetik eta interneteko foroetan bestetik. Zerbitzuetako teknikari baten anaia bi urte lehenago egon zen lagun batzuekin bertan eta telefonoa eskatu nion kafe bat hartu eta Islandiaren inguruan ahal bezain beste informazio eskuratzeko. Harren bidez jakin nuen beraiek egon ziren uda berdinean Islandian bi aste pasa zituen beste beasaindar baten berri. Taldean joan ziren bi espedizioak eta ados egon ziren Islandia ezagutzeko modurik egokiena, auto bat alokatzea zela esatean, 4×4 bat ahal izanez gero. Nik ordea, bakarrik egin behar nuen oporraldia eta auto bat alokatzearena ez zen aukera bat. Aurrekontua ikaragarri igoko zuelako alde batetik, eta bakarrik joatearen alde onetako bat, aterpetxe eta bidaia ezberdinetan jendea ezagutzea zelako bestetik. Auto batean bakarrik ibiliko banintz alde batetik bestera, oso bidaia bakartia izaten amaituko luke eta ez nuen hori nahi inondik inora. Bakarrik joan bai, baina bakarrik egon, ez. Aspaldi ikasi nuen bakardadea eta ni ez garela adiskide onak.

Hiri batetik bestera mugitzeko garraioen inguruan galdetu nien orduan baina ez zuten horren berri. Han topatu zuten jendearen artean ba omen ziren autobusez mugitzen zirenak baina ez zekiten ez non hartzen ziren, ez noiz eta ezta preziorik ere. Hala ere, bakarrik joanez gero, auto bat alokatzea baino merkeago aterako litzatekeela iruditzen zitzaien. Gainera, autobus askorekin egin omen zuten topo errepidean. Trenik ba ote zegoen ere galdetu nien eta zerbitzuetako teknikariaren anaia, galdera horren zain zegoela iruditu zitzaidan. “Islandia osoan ez dago trenbide bakar bat ere!”. “CAFekoi abisatu beharko diegu” erantzun nion.

Ikusi beharreko lekuez galdetu nien eta bai aurrez aurre izan nituenak eta baita foroetan erantzun zidatenek ere, leku berberak gomendatu zizkidaten. Gainera, guztiak bat zetozen bidaia egiteko moduarekin. Egokiena, Reykjaviketik irten, iparraldera abiatu eta irla osoari buelta ematea omen zen. Reykjavikeko egonaldia Gullfosseko ur-jauzia eta geyserrak ezagutzeko probestu zitekeen eta Akureyrikoa, Detifoss eta Mivatneko lakua ezagutzeko. Vatnajökulleko glaziarra, Islandiako guztietan handiena hego-ekialdean zegoenez, itzuli amaieran Reykjavikera bueltan ikusi zitezkeen. Langjökull eta Hofsjökull glaziarrak aldiz, Reykjavik eta Akureyri artean zeuden irlaren erdialdean.

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.

Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.

Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.