The Indezents
Finlandia Durango eta Goierriko Azoketan!
Duela zortzi hilabete hasi nintzen Finlandia online nobela blogean argitaratzen eta lehen atalarekin amaitu eta bigarrenarekin hasteko ordua iritsi denean bizitzak ematen dituen kasualitate eder horietako bat gertatu da.
Asteburu honetan zehar ospatuko da aurtengo Durangoko Azoka eta Finlandiaren lehen bi atalek leku bat izango dute bertan. Aurten, auto ekoizleen plaza izango da lehendabizikoz euskal kulturaren festa handi honetan eta plaza horretan egoteko aukeraz gozatuko ahal izango dut. Barrenkaleko 15ean izango gara eta oso zaila egiten zait Finlandia han izateak sortzen didan ilusioa deskribatzea.
Larunbatean bertan izango naiz gainera 10:00etatik 13:30etara eta 17:00etatik 20:30etara beraz nahi izanez gero, han izango nauzue zain.
Booktrailer Finlandia from The Indezents on Vimeo.
Hori gutxi balitz, Goierriko Disko eta Liburu Azokak ere tartetxo bat eskaini dio Finlandiari eta bertan ere salgai izango dira lehen bi atalak. Horretaz gain, larunbat arratsaldean (abenduak 13) idazleekin ospatuko duten solasaldirako gonbitea jaso dut eta gustu handiz hartuko dut parte nahiz eta idazle termino hori handi xamar geratzen zaidan.
Finlandiarekin hasi nintzenean irudikatu nezakeena baino gehiago da datorren bi asteetan gertatuko dena beraz une eder hau nirekin batera bizi nahi baduzue, ohore bat izango da gerturatu eta Finlandiaren zatitxo bat etxera eramatea erabakitzen baduzue.
Durango eta Goierriko azoketan izango gaituze zain!
Prest da Finlandiaren 2. atala! Eta zuek?
Gezurra badirudi ere ia zortzi hilabete igaro dira Finlandia online nobela argitaratzen hasi nintzenetik. Asteak daramatzat lehen atala amaitzeko gutxi falta dela esanez eta konturatzerako amaierara iristen ari gara. Hiru zati besterik ez dira geratzen Txominen abenturaren lehen eguna amaitzeko eta poztuko ninduke, bigarren atala argitaratzeko prest dagoela jakiteak inori ilusioa egingo balio (Bada inor beste aldean?).
Bigarren atalarekin hasi bezain pronto fisikoki ere eskuragarri izango duzue lehendabizikoa bezalaxe eta nola ez, gonbidatuta zaudete hau ere eskuratzera. Lehena baino luzexeagoa izango da eta lehendabizikoarekin bezala, irakurleak entretenitu eta irribarreren bat edo beste lapurtzeka izango du helburu nagusi barruan dudan burrunba kanpora ateratzeaz gain.
Asko laguntzen nau lan horretan musikak eta badakizue zatiz zati osatzen ari garen non-original soundtracka entzungai zein ikusgai duzuela youtuben. Hala ere, bada denbora Spotify zerrenda bat prestatuko nuela hitz eman nizuela eta berandu bada ere, hemen duzue:
Horretaz gain, eta oraindik noiz eta non ziurtatu ezin badut ere, Finlandiaren bi ale hauek salgai izango dira Gabon inguruan leku ezberdinetan (hasta aquí puedo leer).
Besterik gabe, eta bigarren atal honen amua botatzen joateko, hemen duzue aurrerapen txiki bat:
Halako batean, neska gazte eta aurpegi borobildun bat gerturatu zitzaion galtza beltz eta alkandora zuriz jantzita. Ilea motots motz batean bilduta zuen eta horrek are borobilago egiten zuen bere aurpegi zuria. Ile adats batek ihes egin zion mototsetik eta aurpegi parean dantzan zebilen. Putz eginez aldendu eta zer nahi zuen galdetu zion Txomini boligrafo eta koaderno txiki bat eskuan zituela. Turista hitza kopetan zizelkatua zeramala pentsatu zuen lehen hitzak ingelesez bota zizkionean:
-What will you have?
-Ok, kofi guiz… – Txominek izotzarekin hartzen zuen kafea beti. Ez zitzaion inporta basamortuan edo Ipar Poloan egon, “kafea izotzarekin hartzen da”. Hala ere, bere harridurarako izotza ingelesez nola esaten zen ahaztu zitzaion. Hitz hori burmuineko tiraderaren batean gordea zuen baina une hartan, ez zuen bilatzen “lastima tiradera hauetan gauzak bilatzeko amak ez duen ezertarako balio… Burutik kanpo daudenetan ez du kalerik egiten ordea…”. -…Kofi guiz… Yu nou…- Eskuekin berak ere oso ondo ulertzen ez zituen keinu batzuk egiten hasi zen lepo gainean gazta bat zuen zerbitzariak atake epileptiko bat jasaten hasi balitz moduan begiratzen zion bitartean “Joder! Zergatik ez dute garunerako googlea asmatu oraindik?!”. –Guiz glases! – Bota zuen bat-batean “Eing? Norbaitek zer esan dudan ulertu badu esan diezadala mesedez”.
-What? – Erantzun zion Telepizza batean legatz kilo bat bat eskatu izan balio moduan “Bai lasai, larrialdietara deitzen ez baduzu konformatzen naiz”.
-In frentx, glase – “Ole, ole y ole! Orain artekoa gutxi ez balitz, orain poliglota!”. Zerbitzariak oso ondo irakurri ez zuen aurpegi bat itzuli zion eta Txominek lurra bere oinetan ireki zedin eskatu zien Rock & Rollaren jainkoei. –…Kol guater… In solid – Bota zuen amore emanez metalezko eserlekuan uzkurtzen zen bitartean.
-I’m sorry but I don’t understand you. –Erantzun zion zerbitzariak bere aurpegi zuria beltza jartzen zen bitartean. “Ez naiz harritzen neska…” Terrazatik altxatu eta korrika ihes egitea ere pentsatu zuen Txominek baina azkenean, bizkarra zuzendu eta eskuineko eskua altxatu zuen duintasun osoz edalontzi bat astintzen arituko zenaren keinua egiten zuen bitartean.
-Kofi guiz… Klin klin klin? – Esan zion txiste bat kontatu eta harrapatu ote duten galdetzean jartzen den aurpegi inozoarekin.
-Iced Cofee!!! – Oihukatu zuen zerbitzari gazteak telebistako lehiaketa bateko erantzuna asmatu izan balu moduan “Torremolinosera bidaia zuretzat!”.
-Jess… – Erantzun zion Txominek azken minutuetako tentsio guztia askatu eta eserlekuan erortzen uzten zen bitartean. –Zenkiu –Zerbitzariaren oihuak ondoko mahaietako bezeroen arreta deitu zuen eta guztiak beraiei begira zeuden. Zerbitzariaren aurpegi aldabera beltzetik gorrira igaro eta korrika txikian kafetegi barnera sartu zen. “Eskerrak ez nuen hipoteka bat kontratatu behar…”.
Alboko mahaietako bezeroen begiradak zerbitzariaren korrika saioari jarraituz urrundu ziren eta Txominek zerura begiratu zuen bere burua zigortzen zuen bitartean. Burua jaisten zuen bitartean barre algara txiki batek ihes egin zion eta bizi berri zuen eszenaren komikotasunaz ohartu zen. Quechua txikitik aitak oparitutako egunerokoa hartu eta ordura arte egunak eman zuena modu eskematizatuan apuntatzen hasi zen. Idazten ari zela “glace” hitza non demontretik atera zuen gogoratu nahian hasi zen eta pare bat urte lehenago koadrilakoekin iparraldera egindako Aste Santuetako oporraldiaz oroitu zen. Izotz bila sartu zen Atharratzeko janari denda batean eta denda zeraman emakume lodikote eta aurpegi alaidunari izotza nola demontre eskatuko ote zion pentsatzen hasi zen. Emakumeak jakin minez begiratu zion aurrean zuen eta edozein momentutan hizketan hasteko itxura zuen gazteari:
-O – Esan zion Txominek jarraian besoekin gorputza besarkatzen hasi eta dardarka hotz keinuak egiteko.
-Glace! – Bota zion dendako emakumeak barre algara handi batekin batera. Izotza lortu zuen behintzat. Okerragoa izan zen harategira joan eta Eneritz alboan zuela, oilasko bat eskatzeko oiloaren keinu eta hotsak egiten hasi zenekoa. Ia zerbaitek eman zion harakinak euskaraz “oilaskoa?” galdetu zionean. “Eneritzek barre ederrak bota zituen behintzat. Horregatik bakarrik merezi izan zuen”.
Bere pentsamenduetan murgilduta zegoela alkandora zuri eta galtza beltzeko neska aurpegi borobilduna Txominen iced cofeearekin itzuli zen. Maitasun gehiegirik gabe mahai gainean utzi zion jarraian gerrikora lotua zeraman txartelarekin kobratzeko tramankulua, mesprezuz eta beste alde batera begira, Txomini eskaintzeko “Ez dakit nola ez didan atera aurretik kobratu… Feist gozoaren So Sorry zuretzat.”
Finlandiaren inguruko elkarrizketa Goiberri astekarian
Ikusentzunezko Komunikazioa ikasi zuen Mikel Alvarezek (Beasain, 1982) eta egun Goierri Telebistan lan egiten du. Hortik aurrerakoan, bere ametsa ahal den neurrian egi bihurtzen inbertitzen du denbora: online nobela bat egiten, eta berau modu berezian zabaltzen.
Nola hasi zara idazten?
Nire ametsa gidoigintza izan da beti. Pare bat film labur egin nituen karrera garaian, Azken trena eta Xabiertxo. Imajinazioa nire bizitzan konstante bat izan da: oso ondo pasa arazi didana eta arazo bat, era berean. Baina, nola egingo dut nik pelikula bat? Norekin? Nik idatzi dudan gidoi horrek merezi du pelikula bat? Norbaitek jarriko du dirurik hau egiteko? Gauzak ez dira horrela errealitatean, eta horren aitzakian, neure burua frenatzen ari nintzen, zerbait egiteko.
Zergatik orain? Aurrez ere idazten zenuen?
Sei urte neramatzan oharrak hartzen, idazten honetarako. Eta orain egin beharra nuela pentsatu dut. Nire bizitzako une lasai batean nago, eta egoera hau aprobetxatu behar nuen.
Zeren inguruko nobela da?
Gaur egungo Euskal Herrian heldu egiteaz da. Nerabezaro luzatu bat ari gara bizitzen. El guardian entre el centeno liburua gogorarazten dit.
Zerez baliatzen zara hori azaltzeko?
Bi kontakizun uztartzen dira. Alde batetik, Txomin pertsonaiaren Islandiarako bidaiko gertakariak biltzen ditut hirugarren pertsonan eta, bestetik, lehen pertsonako kontakizuna dago, Finlandian. Lehen pertsonan hitz egiten duena ez dakigu nor den, ezta zein momentutan idazten duen ere. Baina Txominen ibilerak ulertzen laguntzen dio irakurleari: Islandiarako bidaiak bizkarrezurra ematen dio istorioa kontatzeko.
Eta nola kontatzen duzu hori?
Modu oso ez ortodoxoan. Ez du zertan hizkera jasoan idatzia izan behar, zuzen… Euskaraz kaka ere egin beharra dagoela uste dut. Gainera, ez daukat egoki idazteko presiorik. Hori bai, euskaraz baliabide literario falta dudala konturatu naiz, baina, kapituluak aurrera doazen heinean, hobeto idazten noala konturatu naiz: working progress egiten ari naiz. Ironia asko erabiltzen dudala uste dut: oso neurea dut. Hala ere, idatziz, ez da hain erraza ironia egitea.
Zu al zara Txomin?
2010ean Islandian izan nintzen hamabost egunez. Despelote publiko bat bada, baina, fikzio punttu bat sartuta, zer den egia eta zer ez garbi ikusi gabe: autofikzioa deitzen zaio orain.
Eta, zer da Finlandia?
Ametsetako lurra da: leku imajinario bat da, egoera bat da, eta han, denak enkajatuko duela uste du. Islandiarako bidaiak bizkarrezurra ematen dio istorioa kontatzeko. Pelikula indie bat da, paper artean trabatuta.
«Ametsetako lurra da, leku imajinario bat da,
eta han denak enkajatzen duela uste du»«Nik ez nioke nobela deituko: zerbait umilagoa da:
online nobela dela esango nuke»
Online nobela dela diozu…
Bai. Nik ez nioke nobela deituko; zerbait umilagoa da: online nobela dela esango nuke. Asteartero zatitxo bat zintzilikatzen dut theindezents.com blogean. Zergatik astearteetan?
Jendeak irakurtzeko aukera gehiago izateko. Asteburuan jende gutxiago ibiltzen da Interneten eta asteleheneko tartea uzten diet kokatzeko. Igandetan prestatzen dut zirriborroa, eta asteartean igotzen dut.
Nobelarekin hasi aurretik, idazteko ohiturarik ba al zenuen?
Lehen ere theindezents.com nire bloga zen eta idazten nuen bai; gustatzen zait. Astean pare bat aldiz edo idazten dut. Tartean, Sustatuk, Sarezko Euskarazko Testurik Onenaren saria eman zidan. Lehen neukan bloga Idoia Aiestaranek egin zidan eta oraingoa, Jazpanako kide nuen Marta Fausek egin dit. Eta gustatu zait, atalak garbi ikusten dira.
Denbora eta gogoa ere behar dira…
Bai. Lanean zortzi ordu egin ondoren, pereza pixka bat ematen du egia esan. Baina, jada hasi naiz eta segi beharrean nago orain.
Blogeko bertsioan loturak eta abestiak sartzen dituzu.
Deskribapenak ez zaizkit gustatzen. Horregatik, hautazkoak dira: nahi baduzu sartzen zara linketan. Sentimenduak musika bidez ere azaltzen ditut. Erreferentzia asko daude. Horrez gain, nire blogera igotzen dudan nobelaren atal bakoitzaren amaieran bideoklip bat sartzen dut, bideoklip hori aurrrez aipatu dudalako, edo bideoklipak nolabaiteko erlazioa duelako idatzitakoarekin.
Mota honetako online nobelarik ezagutzen al zenuen aurrez?
Seguru baten batek egin duela horrelako zerbait nik baino lehen, baina ez dut ezagutzen.
Webgunean zintzilikatzeaz gain, papereko edizioan ere eskura daiteke.
Blurb webaren bidez editatu dut liburua. Nahi adina eros daitezke: ez dut liburu kopuru jakin bat saldu beharrik. Nire blogean eros daitezke 4,50 euroan. Baina, nire helburua ez da saltzea. Nahi ez duenak, Interneten irakur dezake. Hamasei liburutxo izango dira: Islandian (eta Finlandian) pasatzen dituen hamasei egunak.
Halako istorio guztiak nola antolatzen dira?
Ez da erraza. Zaila egiten ari zait. Ondo banatu behar da kapitulu bakoitzean zer sartu. Webgunera igotzen ditudan atal batzuk motzegiak iruditzen zaizkie batzuei, baina zerbaitegatik mozten ditut justu hor. Ez gehiago eta ez gutxiago. Hor bukatu behar dute.
Nork diseinatu du azala?
Azala Ana Fausek egin du eta bere ahizpa da bloga egin didan Marta Faus. Azala, irakurtzen ari zaren heinean ulertzen duzu.
Jatorrizko elkarrizketa hemen.
Hemen da The Indezents berria!
Hilabeteetan zehar paliza ematen aritu ostean, hemen da behingoz The Indezents berria! Gogo zein ilusio asko jarri dut proiektu berri honetan baina bada beste zerbait, abentura berri honek duena eta orain arte oso ohikoa ez zena blog honetan, lana hain zuzen ere. Dimentsio berri bat deskubritzearen moduko zerbait izan da niretzat.
Eta zertarako behar du artaburu honek blog berri bat berdina egiten jarraitzeko? Ba hori da kontua, The Indezents berri honek bi hanka gehiago dituela eta eman didaten lanarekin (batek gehienbat), euskarri berri zein erabilgarriago baten behar zutela iruditu zaidala.
Hilabeteak daramatzat bai paliza ematen eta ez dut sekula oso garbi utzi zertan ari nintzen… Ba bada garaia ahots ozenez esan eta errealitate bilakatzeko. The Indezents honek betikoa izaten jarraituko du bai baina ohiko postez gain, bi proiektu berri barneratuko ditu.
Lehena, Rural Postmodern Videos da eta sasi-produktora bat besterik ez da. Asapldi utzi nuen bideogintza eta faltan botatzen nuen. Bideoklip Rural Postmodernoak egitera dedikatuko naiz gehienbat (ez galdetu hori zer den oraindik nik neuk ere ez baitut eta oso argi…). Horretaz gain, burutik pasatako harrikarak eta beste buru batzuetan sortutako enkarguak ere burutuko ditut (webgune zoragarri batentzat eginiko spota izango da lehen lana eta gaur bertan aurkeztuko dute localbierreko lagunek).
Eta bigarrena… Ai bigarrena… Finlandia izena du eta nire bizitzako proiekturik garrantzitsuena dela esango banu, motz geratuko nintzateke. Urteak daramatzat notak hartu eta ideia puta hori nola gauzatu pentsatzen eta azkenean iritsi da eguna. Finlandia, nobela online bat da (bai, burua joan zait) eta nobela online bat da “nobela” soilik esango banu, izena handiegi geratuko litzaiokeelako (nire bizitzako proiekturik garrantzitsuena dela esan dizuet baina horrek ez du esan nahi ona denik…).
Asteartero zatitxo bat argitaratuko dut eta zuek fideltasunez jarraitzea espero dut nahiz eta badakidan hori nire esku dagoela zuen esku baino gehiago. Ez dizuet gehiegi aurreratu nahi baina esango dizuet filma indie bat dela paperean harrapatuta. Beste gauza batzuen artean, heldua egiteaz hitz egiten duela eta fikzioa eta errealitatea etengabe nahasten direla betetzen dituen orrietan zehar (dagoeneko nik neuk ere ez dakit muga hori non dagoen…).
Ba hori guztia da The Indezents berria eta hori bakarrik aldi berean. Datorren asteartean Finlandiaren azala eta hitzaurrea irakurri ahal izango dituzue eta datorrenean hasiko da festa. Gonbidatuta zaudete bidaia honetan parte hartzera!
Ez nuke nahi post hau amaitu proiektu berri honetan ezinbestekoak izan diren bi pertsonei eskerrak eman gabe. Alde batetik, Martak blogarekin lagundu dit eta nire eskaera surrealista guztiak irribarre batekin jasan ditu (baduzu pazientzia gero…). Bestetik, Imanolek bere artea oparitu dit eta blogaren buruan duzuen logo eder hori prestatu du. Mila esker bioi! Hoberenak zarete! Orain niri suertatzen zait lanean hastea.
Zazpi urte bete berri eta hau hasi besterik ez da egin! Keep on rockin!