kultura

Folklorea eta euskara: Hobe lagun bikote baino

Posted on Updated on

Datorren larunbatean (hilak 27) ospatuko da lehen aldiz Beasainen Mutur Beltz Eguna eta egitaraua irakurtzean, betiko burrunbak hartu du nire burua. Mutur Beltz Eguna, Igartzako kultur mahaitik ateratako ekimena da. Bertan, herriko hainbat elkarte biltzen dira eta guztien artean, norberak bere kabuz lan egiteko ohitura duen herri honetan, sinergiak baliatu eta herri osoarena eta herri osoarentzat izango den festa bat sortu nahi izan dute. Denboran errotu eta ohitura bilakatuko den festa bat.

Beasainek lotura handia du trenarekin eta horri heldu diote jaiak sustrai sendo bat izan dezan. Mutur Beltz Egunak trena herrira iritsi zenetik igarotako 150 urteak ospatu nahi ditu eta Mutur Beltz terminoak, lokomotoren koloreari edo makinistek ikatza zela eta aurpegian zeramaten koloreari egiten dio aipu (bi bertsioak iritsi zaizkit eta ez dakit ziur zein den egiazkoa).

Bat egiten dut irakurketarekin eta ideia ona iruditzen zait urtean zehar beasaindar izaera indartuko duen egun berri bat bultzatzea. Horretaz gain, miresgarria iruditzen zait hainbeste elkarte zein herritar mahai batean elkartu eta guztien artean herri osoarentzat izango den jaialdi bat antolatzen beraien denbora eta lana xahutzea. Nire errespetua guztientzat bihotzez ez baita hori guztia zalantzan jartzea post honen helburu edo gogoa. Mutur Beltz Egun honek nire barnean sortu dituen pentsamendu zein zalantzak gure herritik haratago doaz.

Azkenean, betiko kontura noa eta blog hau jarraitzen duzuenok badakizue zein den. Mutur Beltz Eguneko egitaraua hartu eta ekitaldi nagusian dantzariak, erraldoiak, herri kirolak, bertsolariak eta trikitixa ikusi ditut jaialdiaren ardatz eta barkatu, baina nahigabe osoz aitortuko dizuet etsipenak hartu nauela.

Aipatu ditudan elementu hauek guztiak euskal folklorearen parte dira eta ados nago zaindu egin behar ditugula esatean. Hala ere, horrek ez du esan nahi gure folklorea euskal kulturgintzaren ardatza izan behar denik. Are gehiago, jarrera hori gure kultura zein hizkuntzarentzat kaltegarria delakoan naiz. Folklorea, gure kulturaren zati bat da. Gehiago esango nuke, gure izaeraren zati ere bada folklorea,  gure iragan zein sustraien gordailu ezin hobea baita. Hala ere, hori gauza bat da, eta beste bat, edozer gauza antolatzen dugun bakoitzean, egitaraua trikitilariz zein aizkolariz betetzea.

Folkloreak bere eremua izan behar du;  literaturak, zineak edo arte modernoak duen moduan eta ezin du euskal kulturaren unibertso osoa irentsi. Adibide moduan, beste kontu batzuetan oso aurreratutzat ditugun iparraldeko herrialdeak hartuko ditut. Folklorea dute, zaintzen dute eta ekintza mordo bat antolatzen dituzte hau galdu ez dadin baina ez da folklorea herrialde osoaren kulturatik tira egiten duena.

Egia da Euskal Herriaren historia zaila izan dela baina badirudi, igaro ditugun eta igarotzen ari garen inposaketa zein zapalkuntzek gutxiagotasun-konplexu bat eragin digutela. Gauza guztien gainetik, ezberdinak garela erakutsi nahi dugu, badugula arrazoi bat libre edota independente izateko, norbaiten baimena beharko bagenu moduan gure etorkizuna erabaki nahi dugula aldarrikatzeko. Horretarako, folkloreari heldu diogu eta bandera baten moduan astintzen dugu munduak jakin dezan alboan ditugunetatik ezberdinak garela. Sentimendu hori, euskalduna izatearen baieztapen hori, panderoa jotzen jakin edo idi proba batera joateak ahalbideratuko balu moduan.

Sentimendu hori, hori guztia baino askoz ere sakonagoa delakoan naiz. Gainera, bandera bat beharko bagenu gure ezberdintasuna lau haizeetara aldarrikatzeko, ez al litzateke nahikoa izango euskararekin? Nahikoa baino gehiago esango nuke nik euskara baita gure bandera, gure sentimendua, gure izana, gure iragana eta garrantzitsuagoa dena, gure etorkizuna.

Eta hortxe, Euskaraz hizketan hastean topatzen dut folklorearen nonahikotasunak eragin duen oztoporik handiena nonahikotasun horrek , Euskara bahitu baitu. Jasandako zapalkuntzek gure izaera berrestearekiko menpekotasuna sortu digute eta egun batean, ez dakit noiz, euskararekin nahikoa ez zela iruditu zitzaigun. Ziur aski, gaurkoak baina garai gogorragoak zirelako alde batetik eta hizkuntza zabaltzeak elementu ezberdinak eskatzen zituelako bestetik.

Hala ere, denborak aurrera egiten du eta mundua ez da geratzen. Azken 50 urteetan abiadura ikaragarriak aldatu da eta horrela jarraitu ezkero, jokoz kanpo geratuko garelakoan naiz. Ezberdintasunaren bandera astintzen dugu dantza eta trikitixa artean eta ez gara konturatzen atzean geratzen ari garela. Folklorea, folklorea da eta bere eremua du. Folklorea historia da, eta historia moduan tratatu behar dugu. Bildu, ezagutu eta gogoratu baina beti, denboraren igarotzeak eman beharko ligukeen distantziarekin. Folkloreak nor izan ginen erakusten digu baina orain, nor izan nahi dugun erabakitzeko ordua da.

Lokazti batean gure historiarekin zirriak egiten ari garen bitartean, munduak aurrera darrai. Teknologia berriak agertzen dira egunero, kolore guztietako kultur joerak, abangoardiak eta abar eta guk, herri bezala aurrera egitea baliatuko ligukeen tresna, bahitua dugu. Ez dugu sekula herri onarpenik izan eta badirudi hori lortze bidean, gure etorkizunaren jabe izatea baino, nahiago dugula aspaldi erori zen Amaiurko Gazteluan bizitzen jarraitu, gure etorkizunaren jabe izan eta XXI. mendean murgiltzea baino.

Folkloreak, iraganean izan ginena ekartzen digu baina euskara, iraganetik independentea da. Gaur erabiltzen dugu eta etorkizunean erabiliko dugu. Horregatik, ezin du iraganaren bahi izan. Etorkizunean Euskal Herri euskaldun bat izan nahi badugu, ilusio saltzaile horretatik ihes egin behar dugu bestela; 1) gure ondoren etorriko direnek ez gaituztelako ulertuko edota 2) Erdi Aroan trabatuak geratuko gara betiko.

Askotan entzun dut Euskarak tren asko galdu dituela historian zehar eta lehendabiziko aldiz orduan hartu zuena, internet izan zela (Erabat ados nago baieztapen horrekin eta uste dut, tren hori hartzeko lanetan aritu zen jendeari ez zaiola behar bezala eskertu). Eta tren garrantzitsua izan zen bai, baina ez azkena. Gehiago esango nuke, geroztik, bat edo beste galdu dugulakoan naiz.

Nahi edo ez, Euskal Herria munduan dago eta gaur egun, hein handi batean internet dela eta, askoz konektatuagoak gaude munduaren beste aldean geratzen denarekin. Gaurkotasuna, informazioa baina baita ere, kultura. Hizki handiekin eta ulertu dezakeguna baina dimentsio zabalagoan.  Kultura hori gure etxeetara sartzen da eta pixkanaka, hemen ere joera bilakatuko dira. Gazteek ez dute ezer jakin nahiko guri gustatzen zaizkigun musika, pelikula, artista edo arropez eta beraien garaikoa dena bilatuko dute. Erabaki behar duguna da, etorkizuneko euskal gazteek bilatuko duten hori guztia euskaraz egotea nahi dugun euskaraz ez badago, beste hizkuntza batean hartuko baitute eta orduan, ez dute izango beraien herri izaerarekin konektatzeko modurik (tartean, folklorea).

Euskara, gure seme-alabei utziko diegun tresna da, hein handi batean gure herriaren izaera egituratzen duen tresna. Kontua da, ea erakargarri egingo ote zaien eta erabiltzen jarraituko duten beraien seme-alabei guk beraiei utzi genien moduan uzteko. Hori bermatzeko, Euskarak aurrera egin eta folkloretik independente izan behar du orainaldiak eta etorkizunak eskainiko diguna euskaraz landu ahal izateko. Mugikorrerako app-ak behar ditugu Euskaraz, filmak, komikiak, diskoak, adierazpen artistikoak eta zergatik ez, bideo-jokoak. Itzuliak batzuk baina guk sortuak besteak, etorkizunean, joera edo abangoardiak guretik ere abiatu daitezen mundura, euskaraz eta naturaltasun osoz.

Orduan izango da euskara indartsu eta ez dugu ezberdintasunaren banderarik astindu beharko gure izana aldarrikatzeko. Orduan, eta orduan bakarrik izango du gure hizkuntzak bizi propioa eta bera izango da euskaldun izateko baimena emango digun bakarra. Euskara hitz egitea izango baita, euskaldun izatea. Extremaduratik, Senegaletik edo Errumaniatik etorri.

 

Denborak aurrera etengabian
ta orain ezin eutsi izan giñana
rutinaren morroiak bihurtu gara
laztana lehen baino 
lehen aska gaitezan.

 

Euskal Herrian molatzen duten 10 gauza

Posted on

Joder! Begira ze izenburu absolutista eta begira zein lasai geratu naizen! Kontua da, The Indezents berria martxan jarri nuenetik ez dudala oraindik meme edo rankingik egin eta barruan lo dudan eta noizean behin kontzientzia astintzen didan sentsazionalistak haize apur bat behar duela. Gauzak horrela, eta gehiegi luzatu gabe, hemen duzue zerrenda subjektibo zein sudurpuntatikateratzenzaidalako hau

Zerrenda honek ez du orden zehatzik. Ordena ausa hutsez ezarria izan da:

1.- Bidehuts

Molatzen dute eta ez dut ezezkorik onartuko. Musikaren industria kale kantoietan lastima eman nahian dabilenean, aro berri bat asimilatu, “bera hasi da” esateari utzi eta tren berriei heltzeko gai izan ez diren garai hauetan, mundu mailan kontuan hartu beharreko proiektua izan beharko lirateke. Txikitik handira, pixkanaka eta egiten dutenean sineste hutsak ematen duen indarrarekin. Bide berri bat jorratuko dute eta ez dute horregatik plantarik egingo. Kooperatibismoa musikaren mundura eraman dute baina ez dituzte SGAEren konferentzi batera gonbidatuko beraiek zertan eta nola ari diren azaltzeko. Askotan iraultza etxe ondoan dugu eta ez gara konturatzen.

txinaurriak_azala_web

 

2.- Jazpana

Rural Postmodern Festival! Egia esan, ez dakit zer demontre esan nahi duen ere baina finak dira eta gure herrian sekula amestu ere egingo ez genituen taldeak ikusteko aukera eskaintzen digute urtero. Musikarekin nahikoa ez eta skate eta saskibaloi txapelketak zein argazki rallya antolatzen dituzte beste gauza batzuen artean. Hori guztia gainera, debalde eta euskaraz. Nork eskaintzen du gehiago?

448525449_640

 

3.- Katihotsak

Iraultza hemen da eta hauek ez dira baimen edo barkamena eskatzen hasiko. Katihotsak dinamita da eta dinamita lehertu egiten da. Oso normaltzat izan dugu beti hiru tximaluzek instrumentu batzuk hartu eta hauek astintzen bi aste pasa ondoren disko bat argitaratzea. Ez dute putaidearik baina egiten dutena gustatu eta beraien kontzertuetara joaten gara egunero urriagoak diren gure tximak dantzatzera. Ondo ezta? Ba Katihotxak artaburu horiek berberak dira baina musika egin beharrean zinea egiten dute, euskaraz eta irudimen zorrotz baten laguntzaz. Ah! Eta mudua konkistatzeko plan bat dute, azti.

a1520791496_10

 

4.- Orain

Maitasun ikaragarriz eginiko lanak, edizio bikainekoak, gustu handiz eta musika ederrez bilduak. Inork ezagutzen ez zituenean hoberenak ziren. Hortik gutxira, batzuetan ondo ereindako jasotzen delako gehienbat, guztiok ezagutu genituen eta dagoeneko, ez zuten hainbeste molatzen. Zer egingo diogu ba? Hipster euskaldunak gainontzekoak bezain inozoak gara. Ez dakit hori izan zen arrazoia aleen produkzioa eteteko, ez dut uste baina faltan botatzen ditut eta egunen batean ale gehiagoz gozatzeko aukera izatea espero dut.

orain1

 

5.- Usopop

Iparraldeko altxorra. Txikia, mimo handiz egina, eskuekin ia-ia. Saran jaialdi eder honetaz gozatzen izan denak badaki zertaz ari naizen. Hollywoodeko kartela kakaren pare uzten duten hizki zuri horiek ikusi bezain pronto maitemintzen zara U S O P O P ez eta badakizu, zure barrenean, ez dela bertaratuko zaren azken aldia izango. Usopopek kolore ezberdina du, argi ezberdin bat eta zu ere aldatu egiten zaitu. Usopop zerua da baina badu zerbait zerua bera baino hobea egiten duena, hilik egon gabe ere, sartzen uzte dizute.

ban_uso5

 

6.- Joseba Irazoki

Ez nuen pertsona fisikorik zerrenda honetan sartzeko asmorik baina Joseba ez da pertsona fisiko bat. Joseba etereoa da, airean dago, musikan, hemen eta han. Josebak pitzadura larri bat du baina pitzadura hori gehiagok izango bagenu lurra leku hobeago bat izango litzateke. Joseba gainera eredu bat da. Eredu da pertsona ona delako alde batetik, urrunetik ikusten zaio aurpegi irribarretsu horretan (ez dago ezagutu beharrik ere), eta eredu da baita ere self made man bat delako. Urteak zeramatzan nahi zuena egiten, diskoak argitaratzen, musikariekin lankidetzak burutzen baina munduak ez zuen ezagutzen. Horregatik da eredu Joseba, urte askoren ostean, lana, lana eta lana egin ostea, ondo ereindakoa jaso egiten dela frogatzen duelako. Hor abantaila bat du ordea beratarrak, barnean duen talentua ez dago edozeinen eskura eta horrek ere laguntzen du…

Argazkia: bornmusic.org
Argazkia: bornmusic.org

 

7.- Moriarti

Puto amoak dira. Lau lagun, amets bat dutenak. “Zinea egin behar dugu” esan zioten elkarri arratsalde batean eta orrezkero, ez dakit zenbat pelikula zein laburmetraia egin eta ez dakit zenbat sari jaso dituzte. Beraien ekoiztetxe ereduak ez omen zuen etorkizunik, ezinezkoa omen zen modu horretara, lagun artean eta norberak egindakoarekin gustura sentitze hutsagatik, zinea ogibide bilakatzea. Ba urte batzuk pasa dira eta barkatu, baina lanean jarraitzen dute eta sekula baino emankorrago. Betiko gauzak kontatzen dituzte baina beraien ahotsetik, beraien erraietatik eta beraien hizkuntzan. Askotan, ez zaio buruari buelta gehiegi eman behar tekla egokia topatzeko.

80-egunean

 

8.- BOX.A

Zein demontre dira etxe ondoko pabelloi abandonatu puta hori etxe okupa batean bilakatu duten hippy zikin horiek?”. Ziur nago San Esteban auzoko bizilagunen batek hitz hauek berberak ahoskatu zituela Tolosako Gko galerian jaio eta Box.A izaten amaitu duen proiektu honetako artistak (hitzaren zentzurik literalenean) bere etxe atzean agertu zirenean. Ziur nago baita ere, gaur egun ez lukeela berdina esango inondik inora eta jainkoari eskerrak ematen dizkiola bere auzoan agertu ziren egunagatik. Artea kalean ulertzen dute, guztion eskura eta hori da beraien helburu nagusia, zuk ere, artista gazteak egiten ari direna ezagutzea. Ah, abisu bat, hauek ere mundua konkistatu nahi dute. Ostiral iluntze tonto batean Katihotsakekoekin elkarte gastronomiko batean elkar ez topatzea bakarrik espero dut. Gureak egingo luke.

391548503_640

 

9.- Rugbya

Onartzen dut, ez dut kirolik egiten eta egin beharko nuke. Hala ere, kirolaren esentzia galtzen ari garelakoan naiz. Kirola talde lana da, guztiok aukerak izatea da, lehia da, norbere burua hobetzea. Kirola taldearen indarra da, identitatea, norbanakoa eta kolektiboa. Kirolari profesionalen ardura nagusia azken zapatilak eramatea edo zelaira orrazkera in batekin ateratzea den garai hauetan, Rugbya da irtenbidea. Guretzat indibidualki eta baita nazio moduan ere. Rugbyan haur guztiek dute lekua eta ez dira beti berberak baztertuta geratzen kapitainak taldekideak aukeratzen hasten direnean. Taldekide azkarrak behar ditu hegaletan aritzeko, indartsuak kontentzio lanetan ibiltzeko, trebeak baloia mugitzeko eta potoloak bultza egiteko. Guztiok dugu leku bat Rugbyan eta Euskal Herriak ere munduan leku bat izango luke Rugbyari esker. Ingelesek asmatu zuten bai baina Rugbya, oso euskalduna da begiratzen duzun lekutik begiratzen duzula. Ez ahaztu hirugarren denboraz…

119381-620-282

 

10.- Kafea eta Galletak

Norbaitek disko bat aukeratzen du eta hitz batzuk idazten ditu beretzat hain garrantzitsua izan den lan horren inguruan. Ondoren, hitz horiek irakurriz disko hori entzuten dugu guztion artean inguruan kafea eta gailetak zerbitzatzen dituzten bitartean. Askotan, genialitateak ez du zergaitik konplexua izan beharrik eta jende honek argi eta garbi utzi du berriz ere. Festa eder hauek antolatzeaz gain, liburuak argitaratzen ere hasi dira eta beldur naiz, hauek ere, ez ote duten mundua konkistatu nahi… Animo!

c7e2e98b6e9109d6fd237a31e420d194_m

 

Ba hauxe izan duzue nire zerrenda baina hala ere, irekita nago proposamenak entzuteko halako gutiziaren bat gehiago ezagutzea beti baita eskertzekoa. Zuen txanda da orain. Ideiarik?