blur
Finlandia (2. atala) – 2.16
Autobusa agertu arte aritu ziren hizketan. Oso neska atsegina zen Lily eta bere bidaiaren gorabeherak kontatu zizkion. Itzulpengintza ikaslea zen eta hori dela eta hitz egiten zuen hain ongi gazteleraz. Frantsesa, ingelesa eta gaztelera ziren bere lan hizkuntzak. Hala ere, Erasmuserako proposatu zizkioten hiri ezberdinen artean aukeratzeko ordua iritsi zenean, Reikjavíken alde egin zuen apustu. Irailean hasi behar omen zuen bertako unibertsitatean ikasten eta pisu bila hiru egun zeramatzala kontatu zion. Goiz hartan ere etxe bat ikustera omen zihoan zentrora. Ikasketez eta hauek amaitzen diren garaiaz aritu ziren orduan. Txominek ederki asmatu zuen eta Lily, ez zen bera baino urte bete gazteagoa besterik. Frantziar filologia ikasi zuen lehendabizi baina amaitzean, erabat arrotz egin zitzaion bere titulazioak lan merkatuari begira eskaintzen ziona. Hori dela eta, itzulpengintzarekin hastea erabaki zuen. Oso gustura omen zegoen erabakiarekin. Erabat identifikatua sentitu zen Txomin Lilyk kontatu zionarekin baina berak beste bide bat aukeratu zuela aitortu zion. “Nik berdina egin izan banu…”. Hala ere, Txominen egoerak inbidia apur bat ere sortzen ziola aitortu zion Lilyk. –Tu dinero, tu vida… – “Euria edo eguzkia, beti dugu arazoren bat”.
Autobusa iristerako beste lau bat pertsona bildu ziren geraleku inguruan. Ateak irekitzean Lily sartu zen lehendabizikoa. Atzetik sartu zen Txomin eta zebrabideko zuria baino zuriagoa zen txoferra “center” lakoniko batez agurtu zuen. Heziera askokoa izaten zen normalean baina urduri zegoen non jaitsi behar zen ideiarik ere ez zuelako.
-Plis. Gud mornin! – “Konpondu diau…”.
-Good morning! – Ia barre algara bat izatera iritsi zen irribarrearekin. “Subnormala naizela pentsatuko duen beste bat…”. – The ticket to the city center costs 220 krónur but once you’ve got it, you can take another bus within the next 40 minutes without paying more. –Ingeles zantzu guztiak desagertarazten zituen azentu itxiarekin.
-Aha, aha… – “Pintto pintto, gure txakurra data…”.
-Once the time ends you need to buy another ticket. If you are out for the whole day it is worthless but if you go for an errand, it is ok. – Konplizitate irribarre batekin eta ezertxo ere ulertu gabe.
-Aha, aha… – “Lanroberra, popopopopo…”
-Have a nice day! Bless!
Horrela doa orain arte Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.
Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.
Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.
Finlandia (1. atala) – 1.12
Trena Santseko geltokian sartu eta Txomin eta bere bi fardel maite eta pisutsuak nasara jaitsi ziren apur bat kostatu bazitzaien ere. Behin trenetik kanpo, motxilak lurrean utzi eta geltokia bere osotasunean begiratu zuen katedral bateko lanak begiratzen dituen jubilatu baten moduan. Bai, berak uste zuena bezain handia zen “Desiatzen nago hemendik ateratzeko…”. Aireportura nola joan pentsatzen hasteko ordua zen eta laguntza bila nasa osoa zeharkatu zuen begiradarekin. Halako batean, Zumarragako geltokiko bi lagun koadrodun konjuntatuak ikusi zituen trenetik ateratzen.
-Aupa! Barkatu. Aireportura al zoazte? – Diru eske datorren bati moduan begiratu zioten biak. “Nik beraiek bai baina beraiek ez naute ikusi Zumarragan”– Barkatu, nahiko galduta nabil eta maletekin ikusi zaituztedanez…
-Ba bai, bagoatz baina ez hemendik bi egun arte. Bartzelona ezagutu nahi dugu lehendabizi – Defentsa aurpegia irriparre batean bilakatuz.
-Eta badakizue nola joaten den?
-Ba ez, sentitzen dut. Orain taxi bat hartu behar dugu – Ixilik zegoen koadrodunak eskua goxotasunez heldu zion hizketan ari zenari eta honek maitasun begirada bat itzuli zion, “Bai, lagunak baino gehiago dira”.
Eskerrak eman eta agurtu ostean Suncamparen pixuak oreka galdu arazi zion Txomini. Informazio panel bati helduz saihestu zuen lurra musukatzea, “Zuetaz potroetaraino amaitu behar dut… Dagoeneko ez banago… ”. Bidaia luze eta ertainetako zonaldetik atera eta anabasa hutsa zen Bartzelonako tren geltokiaren sarreran agertu zen. Eguerdiko ordubatak hogei gutxi ziren eta jendez lepo zegoen Santseko geltokia. Alde batetik bestera mugitzen ziren guztiak haize korronte ezberdinek gidatuta moduan aldamenetara begiratu ere egin gabe. Youtuben ikusitako Bombay edo New Delhiko trafikoaren inguruko bideoak etorri zitzaizkion burura Txomini, “Gezurra dirudi beraien artean tupust ez egiteak…”. Eskerrak ordea bera agertu zen kaos ordenatu hura apur bat animatzeko. Gainontzekoek ez bezala, Txominek ez zekien nora joan behar zuen ere eta ez zuen haize korronte bati jarraitzeko modurik. Suncamp handia bizkarrean eta Quechua txikia bularrean jarrita informazio bulego baten kokalekua adieraziko zion i-dun kartel baten bila hasi zen “Uste dut horrelako zerbait ikusi nuela Paco Martinez Soriaren filma batean…”. Bidean, autotxoke baten moduan sentitu zen bata eta bestearekin talka eginez, “Joño! Horrekin ez dut talkarik egin oraindik, banoa berarengana…”.
Informazio kartelak altueretan egon ohi dira beti eta horrek bi ondorio nagusi izaten ditu. Batetik, oso erosoa dela urrunetik ere ikusten direlako eta bestetik, erantzun bila zerura begira zoazen bitartean ez duzula nondik zoazen ere ikusten. Amore eman eta taxi bat hartzea ere pentsatu zuen une batean baina ez zen bidaia ausart hura hasteko modurik egokiena izango “Animo Txomin hostia!“. Behingoz bere kabuz nahi zuena egiteko gai zela erakutsi nahi zion bere bururari eta une hartan taxi bat hartzeak, partidako lehen minutuan bere helburu guztiak zakarrontzira botatzea ekarriko luke.
Ez zekien aireporturako bidea autobus, tren, edo metroz egin behar zuen eta bazpadaere, geltoki kanpora irten zen. Goizeko hamar graduek goruntz egin zuten goizean zehar eta Lorentzo gogor egurtzen ari zen kanpoaldean. Autobus paneletan informazio bila hasi zen baina han ez zuen aireportu hitza inon topatu. Geltokira sartu eta autobus enpresa baten informazio postu txiki bat topatu zuen.
-Buenas. Me podría decir como llegar al aereopuerto?
-En autobus no. – “Oleeeee! Maja, maja, maja!”
-De acuerdo. ¿Pues me podría indicar cómo hacerlo? – Asko kostatu zitzaion aurpegi atsegin bat mantentzea eta zer demontre, ez zuen lortu.
-No sé –Aurpegiko muskulo bakar bat ere dantzan jarri gabe.
Neska hura egunero lanera kaza batean etortzen zela pentsatu zuen orduan Txominek. Paraxute batean askatzen zutela goizero Santseko geltoki gainean eta etxera itzultzeko eskailera bat botatzen ziotela. Honek ordea, Ikerrek ez bezala, ez zuen han lagunik sekula egingo. “Nola ez du ba jakingo aireportu puta horretara nola joaten den!?”
-Muchas gracias maja…
Miss Simpatía ahaztu eta desinformazio postu madarikatu hartatik urrundu zen. “Duten Ezjakintasunaren kateak suntsitu gutxienez nonentzat… Merezi duzun ez dakidan arren…” Halako batean, gosea sartzen ari zitzaiola konturatu eta kanpora irten zenean topatu zuen taberna txiki batez gogoratu zen. Bertara abiatu eta bi fardelak ondo helduta zituela sartu zen tabernan.
Horrela doa Finlandia orain arte.
Eta horrela non-original soundtracka.