Hilabetea: otsaila 2014

500 egun Celesterekin Garden Staten

Posted on Updated on

Ez dut indie hitza gehiegi atsegin baina azkenaldian nahi baino gehiagotan ari naiz erabiltzen. Kazetari txar guztien moduan, aurrean dudan guztia etiketatzeko behar obsesiboa dut eta halako hitzek gauza asko zaku berdinean sartu eta buruari buelta gutxiago emateko aukera eskaintzen didate.

Oraingo honetan ordea, errua ez da nirea hainbat argitalpenetan indie moduan definitzen baitute gaurkoan blogera ekarri nahi dudan eta aspaldiko partez barruak mugitzen dizkidan zine korrontea. Hasi aurretik esango dut zinema indiaren azpi-atal bat iruditzen zaidala baina ez dut etiketen baso ilun zein itxian zuhaitz gehiago landatu nahi.

2004an ikusi nuen zine mota honen ama deituko dudana eta zinean bertan ikusteko aukera izan nuen gainera, Donostiako Principen hain zuzen ere (nola ez). Matrakarako zine kritikak idazten nebilen garai hartan eta oraindik, filmak ikusi eta gero egiten nituen. Berezko izena Garden State bazuen ere, Algo en común izenpean ikusi nuen (bai, ez ninduen atzera bota itzulpen maravillosoak). Ez nekien zer ikustera nindoan ere eta aurpegi osoa zeharkatzen zidan irribarre batekin atera nintzen zinetik (kontuan izan buru oso handia dudala).

Garden State

Scrubs telesailarekin ezagun egin zen Zach Braff eta Natalie Portman zoragarria zituen protagonista eta aho bete hortz geratu nintzen kredituak agertzean Zach Braffen izen abizenak ikusi nituenean gidoigile eta zuzendari tituluaren azpian. Ezberdina iruditu zitzaidan ordura arte ikusi nuen guztiarekin alderatuta eta belaunaldi berri bat aurrean zuen mundua eta bere ezinegona deskribatzen hasi zenaren sentsazioa izan nuen. Nire belaunaladia, nire ezinegona.

Esan beharrik ez da kritika oso ona idatzi nuela (filma ondo jarri nuela alegia. Kritika bera mierda bat izango zen ziur beti bezala) eta nire top fivean sartu nuen zuzenean (bekatua litzateke soinu banda zoragarria ere ez aipatzea).

Urteak pasa ziren eta dexente deskonektatu nuen zinearekin garai haietan denbora guztia lapurtzen zidan musikaren alde. Halako batean, Garden State gomendatu nion lagun batek beste filma bat gomendatu zidan bueltan asko gustatuko zitzaidala ziurtatuz. Gomendioa agindua zen ia-ia (ez duze nire laguna ezagutzen), eta larunbat arratsalde alu batean ordenagailuko pantaila txikian ikusi nuen. 500 Days of Summer zen filmaren izena eta garagardo bat zor diot oraindik lagunari (itzulpen ederra hemen ere…).

Bat baino gehiagori entzun diot Marc Webbek zuzendu eta Joseph Gordon-Levitt eta Zooey Deschanel protagonizatutako filma hau komedia romantiko bat besterik ez dela baina entzun ondo: Joan zaitezte antzarrak ferratzera guztiok blasfemo putakumeak! Komedia romantiko bat garai batean Meg Ryan eta Tom Hanksek eta gaur egun Jennifer Aniston eta Mathew McConaugheyk egiten duten zerbait da. Hutsala, planoa, inpertsonala, arima gabea. (Badirudi Mathew proiektuak ongi aukeratzen hasi dela behingoz baina bost edo sei segidan egin arte ez dut sinestuko … Aizu, Putakumea deitu dizut ezta? Barkatu, sutu egin naiz).

Erabili ditudan adjektibo hauek erraz bota daitezke aipatu berri ditudan filmeen aurka baina nire ustez, hori baino askoz gehiago dira. Alde batetik, askoz tolesdura gehiago dituztela iruditzen zaidalako eta bestetik, txikitatik sartu nahi izan diguten maitasun erromantikoaren eredua hankaz gora jartzen duelako.

500 Days of Summer honetan ere soinu banda aipatu beharrean naiz.

500 Days of Summer

Ikaragarri gustatu zitzaidan 500 Days of Summer nahiz eta Zooey Deschanelen Summerri higuin izugarria hartu nion. Handik hiru urtera, 2012an, lagun berberak gomendatuta (oso desentxufatuta jarraitzen nuen), Celeste & Jesse Forever ikusi nuen. Ikaragarrizko entsegua berriz ere eta harmailak oihuka. Tom eta Summerren istorioarekin alderatuta beste maila batean zegoela iruditu zitzaidan eta berriz ere, oso nire sentitu nuen istorioa. Komedia bat zen bai, baina oso dramatikoa. Amiera faltsu zein estereotipatuetara ohitu gaituzte eta horixe da gure bizitzan bilatzera eraman gaituztena. Pertsona bat duzu gustuko, zoratuta zaude berarekin eta ez duzu zalantzarik, berarekin egin behar duzu bizitza osoa. Are gehiago, berak ez badu nahi… Ba ez! Bizitza hori baino gehiago da, ez da hemendik bost minutu eta metrora amaitzen. Horixe da filma hauen ekarpenik handienetako bat. Bizitza ez da nerabetasunarekin batera amaitzen beraz ez dugu 36 urte bete arte nerabetasuna luzatzen aritu beharrik. Bizitza, ez da epe motzean baloratzen eta orain erabat txoratuta zauzkan neskato hori, oroitzapen txar bat besterik ez da izango hemendik urte pare batera, edo ez (Ikus High Fidelity, genero honen amona. Amen).

Makina bat hitz-asperturako eman ziguten filma hauek eta generoaren maitaleentzat top threean sartuko omen zen filma bat iragartzen hasi ziren. Ruby Sparks zuen izena eta bai, high level total! Berriz ere aurrekoa hobetzen du nahiz eta generoaren bizkar-hezurra mantentzen duen: Bere bizitzarekin erabat gustura ez dagoen mutila, garai bateko ametsak tiradera batean ahaztuak dituela pentsatuz egunero esnatzen dena. Betetzen ez duen lan bat, familia edo koadrila xelebre bat eta nola ez, izarra, neska ideala (nahita erabili dut neska eta ez emakume). Eta ideala esaten dudanean, hitzaren zentzu osoan ari naiz; ideala, perfektua, gezurretazkoa, norberaren irudimenean soilik existitzen dena.

Ruby Sparks

Ez dizuet gehiago esango ez bainaiz spoiler zalea baina aurreratuko dizuet Ruby Sparksek gai honetan aurreko hirurak baino sakonago jotzen duela. Alde batetik, genero bera kritikatzen duen bitartean, bestetik, gaur egungo gizonezkoen mentalitateari kolpe gogor batematen dio. Oso modernotzat dugu gure burua, feministatzat ia-ia baina garai bateko pentsamoldeak beste batzuengatik aldatu ditugu. Ezberdinak, politikoki zuzenagoak baina irrealak eta lotuak hauek ere. Erabat nartzisistak bilakatu gara eta gure narzisismoa asetuko duen ipuinetako neska bat bilatzen dugu benetako pertsonak ezagutzen saiatu ordez. Hortxe egurtzen gaituzte filma hauek gupidarik gabe eta irribarre batekin. Hori da generoaren handitasuna.

Gizonezkoentzako komedia erromantikoak direla ere entzun dut hortik eta erabat ados nago baina badira ñabardura batzuk gure arreta merezi dutela iruditzen zaidanak. 500 days of Summer generoaren hasiera besterik ez da. Ez da mezu aldetik, halako konplexutasun batera iristen baina bai Ruby Sparksen, eta baita eta bereziki, Celeste & Jesse Forverren, emakumeek ere jasotzen dute beraiena. Eta zergatik? Ba ziuraski  bai Celeste & Jesse Foreverren, eta baita Ruby Sparksen ere, emakumezkoak direlako gidoigileak. Rashida Jones (Quincy Jonesen alaba) lehendabizikoan, eta Zoe Kazan (Elia Kazanen iloba)  bigarrenean. Eta azti! Biak ala biak direlako gidoigile izateaz gain, filmeetako protagonistak! Gainera, eta kontuan hartzeko datua iruditzen zait, Celeste eta Ruby dira izenburuetan pisu gehien dutenak. Narzisismoa eta egozentrismoaren pandemia beraz, ez da bereziki gaur egungo gizonezkoon arazoa gizarte modernoarena baizik (beste egun batean eztabaidatuko dugu moderno edo postmodernoa den).

"Celeste and Jesse Forever"

Filme hauen arrakasta baliatuz, hainbat pelikula agertu dira Ruby Sparks gustatu zitzaien ekoizleen edo 500 Days of Summer  ikusi zuten gidoigileen eskutik eta onartu beharrean naiz, zabor asko dagoela tartean.  Ikusi ditudan azkenekoen artean Stuck in Love bakarrik izan dut gustuko nahiz eta orain arte aipatu ditudanak baino ohikoagoa izan (Hemen aktore lanetan baina Phil Collinsen alaba agertzen zaigu). Batere gustatu ez zaizkidanen artean  aldiz, ezaugarri komun bat dutenak aipatuko ditut. Ted Mosby gogaikarria aktore edo gidoigile lanetan ikusten baduzu, egin ihes ahal bezain pronto, benetan. Josh Radnor izenarekin sinatzen du baina sinetsi, Ted Mosby da (filmeak gomendatzen dizkidan lagunaren errieta bat irabazi dut azken honekin baina abisatu behar nizuen. Lasai, garagardo batekin azkar baretzen da eta…).

Ted Mosby

Advertisements

“Operación Palace” dokumental faltsuaren harira, Xabiertxo

Posted on Updated on

Ez dut ulertzen Jordi Évoleren Operación Palacek altxatu duen hautsa eta ezta alde guztietatik jasotzen ari den hainbat kritika ere. Dokumental faltsu bat da, besterik gabe. Gezur bat kontatu zigun eta amaieran bere bekatua aitortu zuen. Non dago arazoa?

Badira baita ere, dimetsio handiagoa eman nahi izan diotenak. Zertarako balio izan ote duen, komunikabideak zalantzan jarri ote dituen… Ez dut uste ezer berririk mahai gainean jarri duenik baina lokartua zebilen enpanaturen bat esnatzeko balio izan badu behintzat, ongi etorria izan dadila.

salvados-operacion-palace-530

Izan dira gainera lekuz kanpo ikusi ditudan kritika batzuk eta ulertzea oso zaila egiten zaizkidanak. Adibidez, erregea indartzeko balio izan omen du monarkia krisian dagoen garai batean. Non? Noiz? Nik behintzat ez dut halako ondoriorik atera inondik inora. Beste batzuek manipulatzaile hutsa dela aurpegiratu diote, ez zela fidatzekoa eta hemendik aurrera are gutxiago. Ez dakit ba, zer nahi duzue esatea? Nahiz eta Euskal Herrian izan den bakoitzean ez zaidan bere saioen emaitza gehiegi gustatu (bat ere ez egia esan…), normalean bere saioak zintzoak iruditzen zaizkidala aitortu behar dut.

Ezjakintasunetik gerturatzen da beti errealitatera eta kazetari profesional askok baina galdera hobeak egiten ditu askotan. Beste askotan aldiz, hanka sartzen du eta barruan duen komikoa behar ez duen une zein lekuan solte uzten du. Arrisku horiek ditu ezjakintasunak. Gauza batzuk ondo egiten ditu eta beste batzuk gaizki, gainontzekook bezalaxe. Hala ere, espainiar estatuan kazetaritza (beste guztia ez esateagatik) nola dagoen ikusita, bere lanak errealitate bati erantzun eta onuragarria delakoan naiz. Gertuen dugunari egurra emateko zaletasuna dugu itxaropen gutxi pizten digunaz, ez dugula ezer espero. Horrelakoak gara.

Kontua da, ikuskizun entretenigarria iruditu zitzaidala eta eskertzekoa da egia esan, telebistak homogenizaziorantz jotzen dueen garai honetan (iritsi da dagoeneko), igande gau batean zerbait ezberdina ikusi ahal izatea. Hori da agian zergatik ez, Operación Palace honek abiatu beharko lukeen eztabaida nagusia.

Gustuko ditut dokumental faltsuak, izugarri gainera. Ez da generorik emankorrena inondik inora eta nahi baino gutxiago ikusi ditut (baten bat ezagutzen baduzue, eskertuko nizueke aipamena). Dokumental faltsuak gezur bat egia moduan kontatzea baliatzen du beste edozein generok baina gehiago eta hori gutxi balitz, hain maite dudan umore surrealistarako bidea ere ematen du (edozer gauza esan dezakezu egia balitz moduan!).

HUHEZI garaietan, guk ere egin genion generoari ekarpen txiki bat eta dokumental faltsuen gaia guztion ahotan dabilela ikusita, apaletik jetsi eta The Indezents berri honetara ekartzea erabaki dut. Xabiertxo izena du eta dokumentalak lantzeko balio izan zigun ikasgaiaren amaieran aurkeztu genuen lana izan zen. Leku ezberdinetan ikusi ahal izan zen eta Lekeitioko Zine eta Bideo Bileran fikziozko lan ez profesional hoberenari lehen saria eraman zuen (bizi osoan jaso dudan sari bakarra). Ea zer iruditzen zaizuen!

Xabiertxo from The Indezents on Vimeo.

Produkzioa: Maitane Nerekan eta Txomin Tapia

Kamera: Jon Arriaga eta Zuriñe Madinabeitia

Soinua: Nerea Ruiz de Azua

Argia: Nerea Barrutia

Itzulpenak: Josu Arizkorreta, Irati Goitia eta Xabier Azurmendi

Ilustazioak: Imanol Aizpuru

Musika: Xabier Sarasola eta Jeff Buckley

Aktoreak: Juan Kruz Mendizabal, Maria Luisa Garcia, Javier Sarriegi, Josu Lopez, Ixabel Olano, Valero Feo, Juanjo Otaño, Ainhoa Larrañaga eta Roberto Alvarez

Finlandia (1. atala) – 1.1

Posted on

liburua.indd
Azala: Anita Faus

HITZAURREA

Ehundaka istorio idazten hasia zen, hasia besterik ez. Ehundaka bizipen imaginatua, imaginatua besterik ez. Zerbait handia idatzi nahi zuen, zerbait handia bizitzeko gai ez zelako. Mundua aldatuko zuen zerbait idatzi nahi zuen, inguruan zuen mundua ulertzeko gai ez zelako. Sakatzean, bere bizitza kolpez baretu eta zentzuz jantziko zuen botoiaren bila zebilen.

Forma eman nahi zion eta batzuetan, izena izatera ere iritsi zen. Orriak eta egunak pasa ahala ordea, zentzua galtzen zuen. Zerbait kontatu nahi zuen eta bazekien zer baina, oso zaila egiten zitzaion hitzekin azaltzea.  Batzuetan, guztiak zentzua hartu zuela iruditzen zitzaionean, behatz artetik ihes egiten zion.

Hasiera, disko gogorreko karpeta galdu batean gordea zuen baina, bukaera falta zitzaion. Burugogorra zen eta erabakia hartua zuen. Ez zuen ezer idatziko bukaera jakin arte, amaierara iritsi eta bere begiekin botoi madarikatu hura ikusi arte. Ezin da ezer kontatu nora doan ez badakizu

Ez zen konturatzen ordea,  bere buruari “nora” galdetzen zion bitartean, erantzuna beste galdera bat besterik ez zela: “zer”. Askotan, galderak, erantzunak baino bidaiakide aberasgarriagoak izan ohi direla.

Hori bai, bidaiatzeko, abiatu egin behar da lehendabizi.

Orain arte, horrela doa Finlandia

Localbier (garagardo artisau bilatzailea)

Posted on

Larunbat bateko goizeko hamarretan genuen zita ondo gosaldu eta gidoia azken aldiz errepasatzeko. Odolki kurruskari bat jan nuen kafesne batekin lagunduta. David urduri zegoen eta ez zuen ebaki bat baino gehiago eskatu. Pablok ia parrandara iritsi zen bueltatxo bat eman zuen ostiralean eta ez zuen goserik (nahikoa puntual iritsi zela…). Jon lasai zen, bere lana Ataun of The Deadeko lagunek utzitako mikrofono eta pertiga heltzea zen.

Hautatutako bankura gerturatu eta lehen entseguekin hasi ginen. Davidek ideiak zituen bere pertsonaiarentzat eta normal eseri beharrean, ipurdia bizkarrekoaren gainean jarrita esertzea proposatu zuen. Bere pertsonaiak Pablorenaren gainetik behar zuen zentzu guztietan. Ideia ona iruditu zitzaidan eta nahi zuen lekuan jartzeko esan nion.

Goizeko hamaiketan piztu genuen kamera eta bazkaltzeko tarterik egin gabe ere, arratsaldeko bostak laurden gutxiagotan hartu genuen azken planoa. Ordurako, Davidi, eta bereziki bere ipurdiari, ez zitzaion hain ideia ona iruditzen bankuaren bizkarrekoan esertzea.

Abentura ordea, hiru aste lehenago hasi zen. Haurtzaroan gurasoen koadrilakide nuen Igorrek deitu zidan Londresetik. Proiektu berri bat omen zuen martxan eta iragarki bat nahi omen zuten. Lagun batek egin behar zien baina bizitzera Brasil aldera joateko erabaki hartua zuen. Orduan gogoratu zen bere jaioterrian jarraitzen zuen umetako lagun hartaz eta bazuen zantzuren bat garai batean bideoak egiten ibiltzen zenarena.

Garai hartan, The Indezents berria martxan jartzeko azken ukituak besterik ez zitzaizkidan falta eta egun hartan bertan jaso nuen Rural Potsmodern Videos sasi-produktora martxan jartzeko behar nuen kamera. “Patua da Igor” esan nion.

Edizio lana erraza izan zen nahiz eta montajera, ia hiru orduko materialarekin iritsi nintzen (toma faltsuekin DVD bat atera genezake…). Piezak bakar-bakarrrik enkajatu zuten eta konturatzerako, bi arratsalderen buruan, bideoa amaitua zegoen. Ahotsa eta musika sartzea besterik ez zen falta eta musika libreko bankuetan murgildu nintzen behar nuen kantuaren bila. Ia zoratu nintzen bila eta bila baina ez nuen balio zidan ezertxo ere topatu. Orduan, haurtzarotik lagun mina dudan eta oraindik aguantatzen nauen Igorri deitu nion (beste Igor bat). Azkenaldian etxean bertan musika ekoizten zebilen eta iragarkirako piezaren bat egin ahal zidala pentsatu nuen.

Telefonoz deitu nion baina oso liatuta omen zebilen. Ez omen zuen denborarik izango eskatzen nion denboran kantu bat prestatzeko. Lastima.

Hurrengo egunean ordea, familia artean bazkari eder batez gozatzen ari nintzela, mail bat jaso nuen mugikorrean. Igorren kantu bat zen. Melodia eta ukitu elektronikoa atsegin nituen baina irlandar mozkor ukitu bat behar nuela aitortu nion. Hurrengo egunean jaso nuen nire espektatiba guztiak gailendu zituen kantua.

Ahotsa sartzea besterik ez zen falta iragarkia amaitzeko eta profesionala naizenez, nik neuk sartzea erabaki nuen. Ez nintzen kontziente ordura arte erderaz nuen azentuaz. Zazpi saiakera egin nituen s eta rr-ak disimulatu nahian eta txukunenarekin geratu nintzen (bai, besteak entzun beharko zenituzkete…).

Aktoreak: David Camarero eta Pablo Sanchez

Soinua: Jon Artola

Musika: Igor Alustiza / Nikkin (nikkinband@gmail.com)

Bezeroa edo: Localbier

Eskerrak: Katihotsak (mikrofonoa eta pertiga) eta Goierri Telebista (tripodea)

Hemen da The Indezents berria!

Posted on Updated on

Hilabeteetan zehar paliza ematen aritu ostean, hemen da behingoz The Indezents berria! Gogo zein ilusio asko jarri dut proiektu berri honetan baina bada beste zerbait, abentura berri honek duena eta orain arte oso ohikoa ez zena blog honetan, lana hain zuzen ere. Dimentsio berri bat deskubritzearen moduko zerbait izan da niretzat.

Eta zertarako behar du artaburu honek blog berri bat berdina egiten jarraitzeko? Ba hori da kontua, The Indezents berri honek bi hanka gehiago dituela eta eman didaten lanarekin (batek gehienbat), euskarri berri zein erabilgarriago baten behar zutela iruditu zaidala.

Hilabeteak daramatzat bai paliza ematen eta ez dut sekula oso garbi utzi zertan ari nintzen… Ba bada garaia ahots ozenez esan eta errealitate bilakatzeko. The Indezents honek betikoa izaten  jarraituko du bai baina ohiko postez gain, bi proiektu berri barneratuko ditu.

Lehena, Rural Postmodern Videos da eta sasi-produktora bat besterik ez da. Asapldi utzi nuen bideogintza eta faltan botatzen nuen. Bideoklip Rural Postmodernoak egitera dedikatuko naiz gehienbat (ez galdetu hori zer den oraindik nik neuk ere ez baitut eta oso argi…). Horretaz gain, burutik pasatako harrikarak eta beste buru batzuetan sortutako enkarguak ere burutuko ditut (webgune zoragarri batentzat eginiko spota izango da lehen lana eta gaur bertan aurkeztuko dute localbierreko lagunek).

Eta bigarrena… Ai bigarrena… Finlandia izena du eta nire bizitzako proiekturik garrantzitsuena dela esango banu, motz geratuko nintzateke. Urteak daramatzat notak hartu eta ideia puta hori nola gauzatu pentsatzen eta azkenean iritsi da eguna. Finlandia, nobela online bat da (bai, burua joan zait) eta nobela online bat da “nobela” soilik esango banu, izena handiegi geratuko litzaiokeelako (nire bizitzako proiekturik garrantzitsuena dela esan dizuet baina horrek ez du esan nahi ona denik…).

Asteartero zatitxo bat argitaratuko dut eta zuek fideltasunez jarraitzea espero dut nahiz eta badakidan hori nire esku dagoela zuen esku baino gehiago. Ez dizuet gehiegi aurreratu nahi baina esango dizuet  filma indie bat dela paperean harrapatuta. Beste gauza batzuen artean, heldua egiteaz hitz egiten duela eta fikzioa eta errealitatea etengabe nahasten direla betetzen dituen orrietan zehar (dagoeneko nik neuk ere ez dakit muga hori non dagoen…).

Ba hori guztia da The Indezents berria eta hori bakarrik aldi berean. Datorren asteartean Finlandiaren azala eta hitzaurrea irakurri ahal izango dituzue eta datorrenean hasiko da festa. Gonbidatuta zaudete bidaia honetan parte hartzera!

Ez nuke nahi post hau amaitu proiektu berri honetan ezinbestekoak izan diren bi pertsonei eskerrak eman gabe. Alde batetik, Martak blogarekin lagundu dit eta nire eskaera surrealista guztiak irribarre batekin jasan ditu (baduzu pazientzia gero…). Bestetik, Imanolek bere artea oparitu dit eta blogaren buruan duzuen logo eder hori prestatu du. Mila esker bioi! Hoberenak zarete! Orain niri suertatzen zait lanean hastea.

Zazpi urte bete berri eta hau hasi besterik ez da egin! Keep on rockin!

The Indezents berria (Promoa) from The Indezents on Vimeo.