Bideojokoak
Sarean da Euskal Harriaren ABDak
2015eko urrian estreinatu genuen Euskal Harriaren ABDak film kolektiboa eta blog honetan bertan eman genizuen proiektuaren berri. Egun hartatik Euskal Herri osoan zehar aritu gara filma eskaintzen eta behin World Tour hori amaituta, pelikula goitik behera sarean jartzea erabaki dugu. X eta Z lanak falta dira oraindik baina jaialdietan dabiltz eta denboraldia amaitu arte ez dira sarean izango.
Guk ere egin genuen gure pieza film kolektiborako JAZPANA! Kultur Elkartearen izenean eta horixe aurkeztera nator gaurkoan aspaldi baztertuta dudan plaza honetara.
Mila esker Ultrafestan parte hartu zenuten guztioi ederra izan baita bidea; ideia idazten hasi ginenetik sarean ikusgai dagoen honetara. Gora Ultrafestazaleak!!
Euskal Harriaren ABDak film kolektiboko lan guztiak jarraian ikusteko egin klik hemen.
Assassin’s Creed eta Final Fantasy gustoko izan zuten jokalarien eskutik hemen da Game Of Thrones, bideojokoa
Filma edo telesailetatik ateratako bideojokoak ez dira normalean joko onak izaten (sekula ez esateagatik). Filma edo telesailaren booma baliatu nahi izaten dute eta korrika eta presaka prestatzen dituzte estreinaldi edo denboraldi berri baten hasierarekin bat egiteko. Horren froga garbia da PS3aren azpiko tiraderan gordea dudan LOSTeko… Bideojokoa? (vaya koñazo…).
Ba nahiakoa da! Altxatu gaitezen industriaren aurka eta exijitu ditzagun jatorrizko produktuaren mailan dauden bideojokoak! Beno, ez dut uste kasu gehiegi egingo digutenik baina pasa den astean galdera bat etorri zitzaidan burura Assassin’s Creed IV Black Flagen jokatzen ari nintzela. Zergaitik ez du inork Game Of Thronesen (edo Tronu Dema MartinJulianen unibertsoan) inguruko jokurik egin? Google orakulura jo nuen erantzun bila eta bertan jakin nuen izan badela Game Of Thrones ardatz moduan duen bideojoku bat. Hala ere, eskaintzen dioten nota ikusi besterik ez dago hasieran aipatu dudan joera horri jarraitzen dion putamierda bat dela ikusteko.
Game Of Thrones telesail arrunt bat baino gehiago da eta atzetik dituen liburuak (bost orain arte) dira horren erantzule. Lehen liburua, telesailari izena ematen diona (liburu sagak A song Os Fire and Ice baitu izena) 1996an argitaratu zuen George R. R. Martinek eta gaur egun bizirik jarraitzen du, bai istorioak eta baita Martinek ere (eta ez dadila hil zazpigarrena idatzi aurretik mesedez…). Horregatik, ez zait iruditzen hainbesteko presa zuenik saga honentzako bideojoko bat prestatzeak eta merezi zuela, denbora gehiago hartu eta produktu duin bat eskaintzeak. Ez dakit bideojoko ingeniariren batek blog hau irakurriko ote duen baina badaezpada ere, banoa nire proposamenarekin.
Esan bezala, Assassin’s Creeden azken alean jokatzen ari nintzela bururatu zitzaidan ideia hau (eta azkena izango da hurrengoa PS4rako soilik egingo baitute. Putakumeak…). Nire bideojoko gogokoena da Final Fantasy sagakoekin batera eta zortekoa izan naiz orain arte (bai, orain arte.. Putakumeak mila aldiz!), bilduma luzeak izan direnez, hamaika ekoizpenez gozatzeko aukera eskaini didatelako. Bideojoko batek izan behar duena dira bi frankizia hauek nire uste apalean eta hortik joko nuke mundu mailako arrakasta izango litzatekeen Game Of Thrones hau gorpuzteko.
Istorioa:
Gure protagonista etxe txiki bateko aita gaztea litzateke. Jokoak familiaren abizena, leloa eta armarria pertsonalizatzeko aukera eskainiko liguke ezertan hasi aurretik. Historioa Ned Starken heriotzaren ondoko bost erregeen gerraren hasieran kokatuko litzateke. Gregor Clegane eta bere gizonak krudelkeriaz ari dira herrixka eta gaztelu txikiak suntsitzen eta gure protagonista hauetako bateko jauna da. Bere emazte eta alaba bortxatzen dituzte bera eusten duten bitartean begira dutela. Ondoren, buruan kolpe bat ematen diote eta konortea galtzen du. Esnatzean, gazteluan ez dago inor bizirik. Hori gutxi balitz, bi emakumeen buruak piketan jarriak daude atarian (ez naiz ni, liburua horrelakoa da). Bizirik utzi dute bere porrota, ahultasuna eta galera bizitza guztian zehar sufritu ditzan eta asmatu dute. Lur jota dago eta noraezean gaztelutik irteten da negarrez eta nora doan ere jakin gabe. Basora iristen da eta bertan, eguzkia ezkutatzean, hotzez dardarka eta gosez konortea galtzen du berriz ere zuhaitz baten magalean bere buruaz beste egiteko beste aukerarik ez duela erabakitzen duenean.
Halako batean ordea, lurretik altxa eta nonbaitera eramaten dutela konturatzen da sukar-amets artean. Kobazulo batean esnatzen da eta ile gorriko gizon bat hizketan hasten zaio. Myrreko Thoros da, armarri gabeko ermandadearen eskuetan dago. Beric Dondarrion eta konpainiak bere istorioa entzun eta borrokan erakusten diote, defendatzen, eta are garrantzitsuago dena, bere mendekua prestatzen.
Ermandadea utzi eta Westeroseko lurretara ateratzen da bere familia akabatu dutenei egin dutena itzultzera. Trama honi esker liburu zein telesailak kontatzen dizkiguten trametan barneratuko eta bertako pertsonaia eta lurraldeak ezagutzen joango da. Pixkanaka, Gregorren ekintzak errege baten agindu edo utzikeriaren ondorio izan direla ikusiko du eta ez du nahikoa izango Clegane anaietatik nagusiena akabatzearekin.
Horretaz gain, ezagutzen goazen lurralde eta pertsonaiek jokoa amaitzeko derrigorrezkoak izango ez diren bigarren mailako tramak eskainiko dizkigute.
Joko eremua:
Izan gaitezen anbizio handikoak! Zein joku eremu? Ba Westeros, Essos eta Udako Irlak (Sothoryos eta Ulthos alde batera utziko ditugu). Alde batetik bestera ibiliko da bere mendekua gauzatzeko beharko dituen objektu, irakaspen edo lagun bila eta aitzakia horrekin liburuko unibertsoa ahal bezain hobetoen ezagutuko dugu.
Mapa, mugatua izango da joko hasieran eta ardatz nagusian aurrera goazela, eremu berriak eskuragarri izaten joango gara. Eremuak zabaltzen goazen eran, nahi dugunean itzuli ahal izango gara bertara eta bertako altxor, bigarren mailako misio eta lorpenak (munstroak barne) burutu ahal izango ditugu.
Eremu batetik bestera mugitzeko garraio bat beharko dugu Game Of Throneseko planeta handiegia baita. Erreinu ezberdinak eta tarteko hainbat puntu egongo dira eremu jokagarrien artean baina bideak ez ditugu ezagutuko. Hoberena, garraiobideak kontratatzea izango da. Dirua beharko dugu leku batetik bestera mugitu ahal izateko. Hauek karabana edo gurdiak izango dira.
Tresnak:
Tresna nagusiak armak izango dira eta uneoro eta jokua geratu gabe aldatu behar izango ditugu, Assassin’s Creeden kurtsoreei esker aldatu daitezkeen moduan. Bestelako objektuak ere modu berean erabili ahal izango ditugu baina ezin dugu jokoa abentura grafiko batean bilakatu. Ezin ditugu orduak eta orduak pasa ate edo erronka bakoitzean zein objektu erabili behar dugun asmatzen.
Zerbait behar denean automatikoki tresna hori erabiltzeko eskatuko digu jokoak, erritmoa berebizikoa da.
Borroka:
Berebiziko garrantzia duen arlo bat da hau halako bideojoko batean eta oraingoan ere eredua Assassin’s Creed izan behar da. Hala ere, borrokatzeko moduari dagokionean sinpleegia da batzuetan Ubisoften jokoa eta horregatik, borrokarako mugimendu kopurua handituko genuke. Ez dadila errazegia izan baina ezta Skyrim bat ere.
Ondo egongo litzateke mugimendu ezberdinak izatea eta jokoan aurrera joan ahala hauek desblokeatzen joatea.
Pertsonaiaren garapena:
Kasu honetan Final Fantasy hartuko genuke eredu moduan. Borroka edo lorpen bakoitzarekin gure pertsonaia mailaz igotzen joango litzateke eta hobetzen joan ahala, gaitasun ezberdinak lortu eta hobetzen joango litzateke.
Rol joko baten moduan funtzionatuko luke baina joko mota horiek bezain konplexua izan gabe. Halakoetan lan gehiegi ematen du pertsonaia zein armak hobetzeak eta horrek jokoaren erritmoa asko moteltzen du. Game Of Thrones honek azkarra izan behar du. Armak armak dira eta listo, hobeago bat nahi izanez gero, erosi edo lapurtu hildakoren bati.
Musika:
Blog hau ezagututa, ezin genuen arlo hau planteamendu orokorretik kanpo utzi. Egia esan, post hau idazten ari nintzela Sigur Rosen Kveikur entzuten aritu naiz eta buruan dudan jokoaren izpiritua ederki islatzen duela iruditzen zait. Are gehiago, telesailerako egokitu dute Rains Of Castamere honen ondoren.
Ba luze joan zait azalpena eta orriak bete ahala uste nuena baino askoz frikigoa naizela konturatu naiz… Itxaropen bakarra geratzen zait. Zuk, bideojoko ingeniari euskaldun jator horrek, nire ideiak hartu eta urte bete baino lehenago joku hau garatzea. Badakit denbora gutxi dela halako joko bat gorpuzteko baina bestela, PS4rako aterako dute eta ez dit ezertarako ere balioko…