arcade fire

Haurrak ez dira tontoak ez, ezta musikarako ere

Posted on

Tripa-Zorri saioa grabatzen aritu nintzen azkenekoan ordura arte pentsatu ere egin ez nuen kontu bat aipatu zuen Kuko jatetxeko Iker Markinez sukaldariak. Iker, sukaldari eta aita da eta bi “ofizio” horien uztartzeak egin du hain justu, saioan kontatu zein erakutsi digun guztia hain interesgarri izatea. Bere hitzetan jaun andreok, haurrak ez dira tontoak. Eta esango duzue… Beno! Higgsen bosoia topatu du! Ba ez, baina bai.

Haurrak ez dira tontoak eta badakigu, baina beraiekin ditugun jarrera askok, kontrakoa erakusten dute. Beraiekin jatetxeetara joaten gara eta menu infatila eskatzen diegu edo fast food kate erraldoietara eraman eta jostailuak oparitzen dituzten grasa poteak eskatzen dizkiegu azkenean, hori delako gustatzen zaiena… Bai? Probatu umeari kokotxa, ganba edo almeja batzuk ematen, ikusiko duzue nola ez den tontoa.

Ikusten dituen lehendabiziko aldian arraro begiratuko die eta ziur aski, ez ditu probatu ere nahiko. Hala ere, denerako egon behar da lehen aldi bat eta haurrak, zuk bezalaxe, erabaki eta probatzeko aukera izan behar du. Seguruenik, guztiok ados egongo zarete baieztapen honekin, eta hau kontatzeko bada, post puta hau idazteko nire bizitzako bi ordu zertarako galdu ditudan galdetzen arituko zarete zuen buruei.

Ba Ikerrek kontatutako hura, beste hainbat eremuetan aplikagarria delako. Ikerrek, elikadurari heldu zion bere lanbideaz gain, pasio duelako eta nik, nola ez, musikari helduko diot.

Haurrak ez dira tontoak baina tontoak izango balira moduan tratatzen ditugu. Garbi dago, badela musika mota bat hau txikientzat bideratua dagoena eta musika mota horrek gainera, badu bere funtzioa. Balioak zein jakintza transmititzen du eta ez da hori gaurkoan blog malapartatu honetara ekarri nahi dudana.

Arazoa, haurrentzako musikatik ateratzen garenean hasten da. Amorruz bete eta haserre bizian jartzen gara larunbat gauetan tabernetan entzuten ditugun kantu sexista, eduki gabe zein errepikakorrak entzuten ditugunean baina erabat normala iruditzen zaigu haurrarekin jaialdi edo disko-festa batera joan, eta eskenatoki gaineko DJ ezagunak kantu berberak jartzen dituenean. Guretzat oso kaltegarriak dira Kesha, Pitbull edo Ale Mendozaren azkenak baina gure haurrentzat… Beno, ez dago gaizki, animatua da.

Proba bat egitera gonbidatzen zaituztet. Jarri zuen semeari Reef, AC/DC, Imperial State Electric, Arcade Fire edo Sigur Rosen kantu bat zerrenda amaiezin batetik batzuk aipatzeagatik. Ea zer dioen, ea nola erreakzionatzen duen, ea nola egiten duen dantza. Ez dizuet eskatuko Volcano Choir edo James Blaken azkenak jartzea baina joan pixkanaka. Ikusiko duzue nola zuen haurra ez den tontoa eta musikaz gozatzen hasten den gaur egun industria bilakatu den diru zein haragi merkatutik haratago. Eta are garrantzitsuagoa dena, nola hasten den musikan hezten.

“Eske… Oso ilunak dira” esango duzue batzuk. “Eta hitzak… Oso gogorrak dira”. Ba hartu hamar minutu eta aztertu haurrarekin izan zinen azken jaialdian jarri zituzten modako abestien hitzak mesedez. Amaitzean hitz egingo dugu berriz.


Bonus Track:
Haurrari musiak ona jartzera animatzen denarentzat, to opari hau lehen entzunaldietarako.

Finlandia (1. atala) 1-11

Posted on

Flag_of_Iceland

 

BRUUUUMMMM… The Suburbs hastearekin bat ikargarrizko jauzia eman zuen Txominek. Begiak ireki eta alboan zuen amona irriparre batekin begira zuela konturatu zen “Bidaia kide berria dut. Ez dut uste alboan nuen emakumea hainbeste zahartu denik hain denbora gutxian…”. Konplizitate keinu batekin erantzun eta iPodaren bolumena jaitsi zuen. Kanadarren diskografia osoa hasieratik jarri zuen berriz ere lo hartu aurretik eta bazirudien azken lanak askoz bolumen indartsuagoa zuela “Ia bihotza ere atera zait ahotik”. Garai batean, disko guztiek bolumen antzekoa izaten zuten gutxi gorabehera baina azkenaldian, diskoak kalitate hobean argitaratzen dituztelako alde batetik, eta saretik jaitsitakoen kalitatea negargarria izan daitekeelako bestetik, behin baino gehiagotan hartzen zituen halako sustoak. “Kopia guztiak legalki jaisten hasi beharko naiz… Edo guztiak piratak… kar kar kar”.

Karpetatxo berdea Quechua txikitik atera eta aurretik zuen bidaiaren egitaraua gainbegiratu zuen. Hamabost egunetarako joan behar zuen Islandiara eta nahiz eta bidaiako xehetasun guztiak aztertu ez zituen, ia oporraldi osoan non lo egingo zuen lotua zuen. Lau gau Reykavikeko Reykjavik City Hostelean, hiru gau Akureyriko Youth Hostelean, beste bi Kopaskerreko hostelean, hiru gau libre han bertan erabakitzeko zer egin eta azken bi gauak Reykavikeko City Hostelean berriz ere. “Hostel atsegina izatea espero dut…”.

Lehiotik begiratu eta Bartzelonara iristen ari zirela konturatu zen. Hiria zain zuen monstruo baten moduan irudikatu zuen. Santseko geltokitik aireporturako lotura konplexuegia ez izatea espero zuen. Hegazkina gauerdian zuen ordea eta horrek denbora eta lasaitasuna eskaintzen zizkion. Hala ere, eta kontuan izanik behin Olaberriatik autoan atera nahian galdu  zela, bere lasaitasuna ez zen erabatekoa, “Zer ez zaio gertatuko Bartzelonan Olaberrian galdu denari…”. Mugikorra poltsikotik atera eta hamabiak eta hogeita bost minutu zirela ikusi zuen, mezu bat zuen. Iker zen, bidaia ona izan eta aurretik zituen egunetan ederki pasatzea opa zion. Eta nola ez, ez galtzeko “txurroa bustitzeko” aukerarik. “Bakoitza berearekin…

Iker eta Aitzol Albariñoaren festan zeuden Cambadosen. Aitzolek unibertsitate garaian ezagututako galiziar xelebre batek gobidatuta joan eta parranda ederrak botatzen ari omen ziren bertan. “Ez gara ez parrandarik gabe geratuko… Ez Beasainen, ez Cambadosen eta ezta Gobiko Basamortuan ere…”. Beno, Txomin eta Aitzolek parranda. Ikerrek ligatu ere egingo luke Gobiko Basamortuan. Nahiz eta haurtzarotik ezagutu, egunero harritzen zuen tipoa zen Iker. Batzuetan, lotsaz lurra noiz irekiko zain uzten zuten astakeriak botatzen zituen baina beti, zutik erori eta neskaren bat ondoan zuela amaitzeko abilezia zuen, “Ez dut sekula ulertuko…”. Apostu egingo luke irla bakarti batera paraxutean iritsiko balitz ere lagunak egiten amaituko lukeela, “…edo lagunak baino gehiago…”. Aspaldi utzi zion Ikerrekin parrandak buruz-buru botatzeari. Ez dago parranda lagun okerragorik goizeko ordubietan bakarrik uzten zaituena baino.

Horrela doa Finlandia orain arte.

Eta horrela non-original soundtracka.

Usurbeko kritikak: Her

Posted on Updated on

Her-716403893-large

HER

Zuzendaria: Spike Jonze
Gidoigilea: Spike Jonze
Aktoreak: Joaquin Phoenix, Scarlett Johansson, Amy Adams, Rooney Mara, Olivia Wilde
Produkzioa: Spike Jonze, Megan Ellison, Vincent Landay
Musika: Arcade Fire eta Karen O
Edizioa: Jeff Buchanan, Eric Zumbrunnen
Estudioa: Annapurma Pictures
Herrialdea: AEB
Iraupena: 126 minutu

Kevin Smith eta Wes Andersonekin batera Spyke Jonze da nire zine zuzendari kuttunetako bat (Guy Ritchie ahaztu gabe. Beti ere, Madonnarekin ezkonduta egon zeneko tartea kenduta noski).  Onartu beharrean naiz ez dudala Being John Malkovich ikusi nahiz eta alde batetik, batzuk bere obra goren moduan izan eta bestetik, ikusi beharreko zerrendan urte asko eraman. Bideoklipgile moduan ezagutu nuen lagun batek orain urte batzuk (dezente egia esan) bere bideoklip hoberenen bilduma bat utzi zidanean (oraindik ez diot itzuli, barkatu). Ikaragarri gustatu zitzaidan bere lana eta bideoklipgintza bezain arte estereotipatu bat iraultzea posible zela ikusi nuen (Guy Ritchie ere kontuan hartu beharreko zuzendaria da arlo honetan).

Gerora, John Malkovichen buruan sartzeko lagun izan zuen gidoigile berberarekin, Charlie Kaufmanekin hain zuzen ere (Eternal Sunshine of the Spoteless Mind zoragarria beste batzuen artean) Adaptation egin zuen eta ez dizuet gezurrik esango filma horrek markatu egin ninduela aitortzen badizuet (Nicolas Cageren lan bat gustuko izatea lortu zuen beraz atera kontuak). Ondoren, Where The Wild Things Are lanaren berri izan nuen Arcade Firerekin txoratuta nenbilen garaian. Wake Up kantua zen soinu bandako kantu nagusia nahiz eta gainontzeko soinu banda Karen O and The Kidsek sinatu zuten. Zinean ikusi nuen eta berriz ere ikaragarri gustatu zitzaidan Jonzeren lana. Azken honetan ordea, ez zuen Kaufmanen laguntzarik izan eta zuzendariaren barne mundua ikusten hasi ginenaren sentsazioa izan nuen.

Gauzak horrela, Her iragartzen hasi ziren eta ikusi beharreko filmen zerrendan sartu nuen. Spike Jonzeren azken lana izatea gutxi balitz, I’m Still Here egin zuenetik Joaquim Phoenix ikusteko aukera eskaintzen zuen eta buru hori bere lekuan ote zegoen ikusteko aukera bikaina iruditu zitzaidan (Scarlett Johansson ere ageri da bai baina kolonia iragarki aluak egiten hasi denetik jainkosa izatetik petardilla izatera pasa da…). Usurbe Antzokian nahiko fin dabiltza kudeatzen duen enpresa aldatu eta herriko gazte batzuk hartu dutenetik eta herriko antzokira iritsi arte itxaroteko erabakia hartu nuen (ondo ari denari lagundu egin behar zaio ahal den heinean).

Igande honetan iritsi da Beasaina Jonzeren lan txalotua eta zer nahi duzue esatea? Ez dit hutsik egin inondik inora. Ikaragarri gustatu zait eta nahiz eta gustuko izateko aurretiko jarrerarekin joan nintzen zinera, Her uste nuena baino gehiago dela onartu beharrean naiz.

her-joaquin-phoenix-3

Where The Wild Things Are lanarekin bere barne mundua erakusten hasi bazen, erabat biluztuta ageri zaigu Jonze Her eder honetan. Planteamendu sinple zein arriskutsu batetik abiatzen da Rocvilleko zuzendaria (herri izen ederra zalantzarik gabe) eta arriskutsua diot, beste edozein zuzendariren eskuetan erori izan balitz, komedia alu bat izaten amaitzeko aukera asko zituelako alde batetik, eta aktore batengan pisu gehiegi jartzen duela pentsatu daitekeelako bestetik. Ba ez bat, eta ezta bestea ere.

Theodore Twomly (Joaquin Phoenix) gutun idazlea da gertuko etorkizun batean. Badirudi jendeak, etorkizun horretan, internet bidez enpresa bati ordaintzen diola bere bikote, lagun edo familiari gutunak idazteko (ez dakigu hartzaileek badakiten edo ez nahiz eta erantzuna baiezkoa den ulertzera ematen den). Horretan ari dela hasten da Her eta lanbidea bera elementu bikaina da gizarte aurreratu hori nolakoa den ulertzen joateko. Gaur egungo teknologia berriez hitz egin nahi digu Jonzek eta hauek eragiten ari diren norbere baitan biltze eta bakartzeaz. Kalean milaka pertsonekin gurutzatzen da egunero Theodore baina arreta mugikorrari konektatua dagoen eta belarrian duen pinganilloan du aurrean topatzen dituen guztiek bezalaxe. Teknologia berri eta sare sozialen kritika horretatik abiatzen da beraz baina giza izaera, behar zein desioez hausnarketa sakon bat egiten amaitzen du.

Twombly jauna orain urte bete banandu zen eta oraindik ez dio bueltarik eman. Lur jota dago eta ezinezkoa egiten zaio bere bizitzan aurrera egitea. Testuinguru horretan, sistema operatibo berri bat erosten du eta hor sartzen da Scarlett Johansson. Sistema iraultzaile honek inteligentzia artifiziala du eta ikasi egiten du bezeroaren beharrei egokitzen den oinarri batetik. Esan beharrik ez dago gizon eta makinaren arteko harremana dela Her honen ardatz nagusia eta nola ez, maitasun istorio bat sortzen dela bien artean.

Ez dut argumentua zanpatu nahi eta ez dizuet gehiago kontatuko bere inguruan baina aurreratzen dizuet harreman horretatik eratorritako egoerek guztiok barnean ditugun zalantza, beldur eta ametsak azaleratzen dituela (gaur egungo gizartearen berekoitasuna, amodio idealen tranpa, oroitzapenen kartzela…). Tekla egokia sakatzen du Spike Jonzek eta guztiok Theodoreren azalean jartzea lortzen du irribarre bat baino gehiago lapurtuko dizun filma honetan.

I’m Still Here ikusi ondoren Joaquin Phoenixen buruak bere lekuan jarraitzen ote zuen zalantzak zituen edonor (ni barne) bere akatsaz konturatuko da. Aktore sanjuandarra (Puerto Ricoco San juan, ez Pasaiakoa) oso handi ageri da bere lanik hoberenetakoa izan daitekeen honetan. Samantha (Scarlett Johansson) ahotsa besterik ez da eta horrek Joaquinen pantaila aurreko minutuak ikaragarri biderkatzen ditu filma arrunt batekin alderatuz (onartu beharrean nahiz Samen bikoizketa  izan dela kale egiten duela iruditu zaidan gauza bakarra. Jatorrizko bertsioa ikusi beharko dut filmaz erabat gozatzeko). Pisu handia du Phoenixek filma osoan zehar baina izugarri ondo darama bizkarrean. Ez da plano-kontra planorik eta elkarrizketa gehienetan bakarrik ageri da. Ikuslea bere biboteaz aspertzeko arriskua ordea, oso ongi saihesten du Jonzek eta irudi iradokitzaileekin janzten ditu hainbat pasarte. Horrek guztiak, erritmo pausatu bat eskaintzen dio filmari eta zu ere erritmo horretan sartzen zara bihotz taupadak Arcade Fireren soinu bandaren pare jarri arte.

Where The Wild Things Are bikainean kantu nagusia Arcade Firek eta Soinu Banda Karen Ok egin bazuen, rolak aldatu ditu oraingo honetan Spike Jonzek eta Karen Ok (Yeah Yeah Yeahs) kantu nagusia egin duen bitartean (ederra benetan) Montrealekoek soinu banda osoa gorpuzteko aukera izan dute. Nik dakidala, halako zerbait egiten duten lehen aldia da eta emaitza, txapela kentzeko modukoa da.

Ez nuke nahi kritikatxo hau amaitu jantzigintzaren alorra aipatu gabe normalean, ihes egiten didan kontu bat bada ere, oraingo honetan nire arreta eta nirekin zeudenena eskuratu baitu. Gertuko etorkizun hori osatu eta barneratzen laguntzen digu beraz, bere funtzioa ongi betetzen duelakoan naiz baina ezin izan nuen saihestu, filma osoan zehar, praka madarikatu horiek bere lekuan jartzeko pentsatzen aritzea.  Zuk ere pentsatuko duzu ziur, ikustera joaten bazara behintzat. Nik, zalantzarik gabe gomendatzen dizut.

her-fp-0835

Finlandia (1. atala) – 1.4

Posted on Updated on

Suncamp handia bizkarrean eta Quechua txikia eskuineko sorbaldan, “A ze pisua duten… Bi aste horrela? Baja eskatu beharko dut lanera itzultzean…”. Hankarekin atea erdizka ireki eta zeharka sartzen saiatu zen, Suncampa atean trankatu zitzaion. Geltokitik ateratzen ari zen emakume batek laguntzeko keinua egin zion baina orpoarekin ateari kolpe bat eman eta atetik sartzea lortu zuen ahal izan zuen duintasun guztiarekin.

Trenbidearen azpiko igarobidetik pasa eta bere trena hartuko zen nasara iritsi zen Txomin. Zortea izan zuen eta eskailerak igo bezain pronto topatu zuen eserlekuan ez zegoen inor. Metalezko banku gorri “erosora” bota zituen bere bi bidaia kideak “Bai, zuetaz potrotaraino bukatu behar dut”.

Eserlekuan eseri eta aldamenetara begiratu zuen. Makina bat jende zebilen geltoki txikian zehar. Pare batek aurpegian idatzita zeramaten lanera bidean zirela baina gainontzekoek oporretara abiatzeko itxura osoa zuten, Txominek bezalaxe. Giro alaia sumatzen zen Zumarragako geltokian abuztuaren hiruaren goiz hartan. Ordularira begiratu eta trena iristeko ordu laurden falta zela ikusi zuen. Motxilatik iPoda atera eta bidaia handi honetan entzungo zuen lehen diskoa zein izango zen erabakitzen hasi zen.

Musikarako zaletasun ikaragarria zuen Txominek, apur bat frikia izatera iritsi arte. Zer demontre? Oso frikia! Ezagutzen zuen pertsona bakoitzari kantu bat oparitzen zion eta! Ez zien hartzaileei ezer esaten baina bere buruan “Honentzat, kantu hau” pentsatzen zuen. Pertsona bakoitzak bere doinua zuela defendatzen zuen beti. Itxura edo izaerek ere bere melodia zutela eta egunerokotasunean ezagutzen zuen jendeari, berea biltzea gustatzen zitzaion.

Nerabezaroan hainbat musika taldeetan aritu zen kafrearena egiten Txomin. Instrumenturik jotzeko gaitasunik ez zuen sekula izan baina kantari moduan… Beno, moldatzen zen. Kantua ez zen bere dohainetako bat baina eskenatoki gainean mugitzen zekien eta ederki pasatzen zuen gainera. Hogeita bi urte bete zituen egunean ordea, musika uztea erabaki zuen. Edo berak esaten zuen moduan, “Musikak utzi ninduen ni”. Harrezkero musika entzun, bildu eta musikaz idaztean jarri zituen bere indar guztiak. Inork gutxik irakurtzen zuen bere blog malapartatua baina Txomini ez zitzaion axola. Munduko webgunerik garrantzitsuena izango balitz moduan idatzi eta zaintzen zuen artikulu bakoitza. Musika maite zuen baina are gehiago idaztea eta artikulu haiek, bi maitasun horiek uztartzeko aukera eskaintzen zioten.

Arcade Fireren azken lana bero-bero zuen iPodean baina disko harren lehen entzunaldirako denbora gehiago behar zuela erabaki zuen. Azkenean, Fanfarloren Reservoir izan zen hautatua. “Nola demontre sortu daiteke halako zerbait debut lan batean? Ez dut uste disko honetaz sekula nazkatuko naizenik…

I’m a Pilot amaitzen ari zela aldameneko bankuan kontu-kontari zebiltzan bi neskek tranzetik atera zuten Txomin. Bost maleta zituzten bien artean eta bostak ziren Txominen Suncampa baina handiagoak “Zer demontre eramango ote dute emakumeek maletetan… Espero dut hauek ere hegazkin baten bila ez joatea oporretarako dirua maletak fakturatzen xahutuko dute bestela”. Ondoan, gizon bat ikusi zuen maleta txiki gurpildun batekin, “Hau hondartzara doa fijo!” Hamar gradu inguru, xirimiria eta tipoa koadrodun bermuda zuri-beltz eta mahuka motzeko kamiseta zuri bat jantzita. “Gutxienez Ibizara… Beach Houseren edozein honentzat… Konjunto elegantea ikusita, Zebra adibidez” Bat-batean, oihuka hasi zen tipoa maleta askatu eta bi besoak altxatuz. Trenbidearen beste aldean bere lagun bat agertu zen eta hark ere tontoarena egiten erantzun zion. Bazirudien oporretarako arropa batera erosi zutela “Hoik dittuk piurak…“. Trenbidearen igarobidean barrena murgildu eta iristean besarkada gozo bat eman zioten elkarri “Nik uste hauek lagunak baino gehiago direla…“ .Ipoda itzali eta Islandiako esperientzian zehar produktiboen suertatuko zitzaion liburua atera zuen Quechua txikitik; Español – Inglés, Inglés – Español Collins Hiztegia.

Inorri onartu ez bazion ere, beldur apur bat sortzen zion bere ingeles maila penagarriak aurretik zuen bidaiari zegokionean. Komunikaziorako erraztasuna zuen Txominek txikitatik baina horrekin bakarrik ezin daiteke miraririk egin. Txominen ingelesa eskolan ikasitako gutxira eta kantuen izenburuetara mugatzen zen eta horrekin soilik, oso zaila izan behar zuen behar den bezala komunikatzea. Sekula ez zuen ikasketekin arazorik izan baina ingelesa eta matematikak bere kryptonita izan ziren beti. Haurtzaroan higuina sentitu zuen bi ikasgai hauengatik eta ez zuen sekula ezer egin hori aldatzeko, “Erroak kalkulatzeko kalkulagailuak eta ingelesez komunikatzeko… Google Translator!” esaten zuen beti.

Hiztegi nahiko ona zuen baina ez zen gai esaldiak eratzeko. Bere azken ingeles irakasleak esan zion bezala, “adreilu mordo bat  dituzu baina zimenduak falta zaizkizu”. Gauzak horrela, westernetako indioen moduan hitz egiten zuen eta segurtasun gehiago izateko, beti orainaldian. Hori bai, ez pentsa ingelesa hitz egiteak lotsa ematen zionik. Ezta gutxiago ere! “Ez dago ezer garrantzitsurik rock kantu batean esan ez denik!

Hiztegian reserva nola esaten zen begiratzen ari zen bitartean Eneritzi oporretan Islandiara bakarrik joan behar zuela esan zion egunaz oroitu zen:

-Eta nola demontre komunikatu behar zara?

-Ez dakit ba, moldatuko naiz… – erantzun zion Txominek barre algaren artean.

Eneritzek zulo txiki batetik gustura ikusiko lukeela aitortu zion Txomini barrezka. Berak ordea, zulo txiki batekin, ez luke sekula nahikoa izango Eneritz ikusteko…

Eneritz burutik kendu nahian hiztegi txikitik begirada altxatu eta bere inguruan jendea mugitzen ari zela konturatu zen. Bartzelonara eramango zuen trena iristen ari zen.

Orain arte, horrela doa Finlandia.