Finlandia

Finlandia (2. atala) – 2.21

Posted on

Egunak pasa ziren eta zazpi zifrako telefono zenbaki hura mugikorreko agendan galdu zen. Alde batetik, nahiko arraroa iruditu zitzaidan mugikor zenbaki batek zazpi zifra besterik ez izatea eta beste batetik, Islandian galduta nebilela ezagutzen ez nuen tipo bati nirekin geratzeko deitzea oso arraro zein tristea iruditu zitzaidan. Sisharekin ikaragarrizko konfiantza izan banu agian, baina horrela? Gizon egingo ninduten oporrak hasteko prest nintzen eta laguntza eskatzen hasi behar al nuen bidaia?

Abelardori deitzeko aukera puntuak galtzen joan zen abuztuaren hirua gerturatzen zen heinean baina aldi berean, lasaitasun apur bat ematen zidan Islandian zerbait gertatuz gero, bertan bizi zen norbaiten telefonoa izateak. Gauzak horrela, lana amaitu eta oporrak hartzen nituen eguna iritsi zen. Etxera iritsi eta facebookeko adiskidetasun eskaera berri bat topatu nuen mezu eta guzti:

Conversation started 2010.eko Uztailak 30

Abelardo Rossini Charpentier

Hola,

Soy Abelardo, amigo del Mikel…. estoy por acá por hielolandia.

No seas tímido jajajaj y contactame pa’lo que sea, me dijo el Mikel que estarás por Islandia así es que venga!!

Te llevo a comer pintxos de ballena.

Un saludo, Abelardo.

 

Mezuarekin amaitu ostean, irakurtzean sentitu nuen lehen gauza poza zela konturatu nintzen. Jatorra ematen zuen argentinar islandiarrak eta bale haragia jatearen kontua oso erakargarria egin zitzaidan gainera. Beldur eta aitzakia guztiak albo batera utzi eta  bakarrik ezagutuko ez nuen Islandia bat ezagutzeko aukera bikaina izan zitekeela erabaki nuen. Bidaia hark berebiziko garrantzia izan behar zuen nire bizitzan eta helburu nagusia, ordura arte egiten nituen gauza asko egiteari utzi eta egiten ez nituen beste batzuk egiten hastea zen. Reykavíketik bale pintxo bat jateko aitzakiarekin ezertaz ezagutzen ez nuen argentinar bati deitzea, sekula egin ez nuen gauza bat zen zalantzarik gabe.


Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.

Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.

Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.

 

Finlandia (2. atala) – 2.20

Posted on

Hala ere, eta nire harridurarako, uztailaren 17an Sisharen adiskidetasun eskaera bat jaso nuen facebooken. Lau bat minutu behar izan nituen eskaera egin zidan Mikel Alustiza hori Sisha zela konturatzeko. Ohikoa da ia jaiotzetik ezizen bat hartzen duenari halakoak gertatzea. Eskaerarekin batera, mezu bat zetorrela ikusi zuen:

Conversation started 2010.eko Uztailak 17

Mikel Alustiza

Aupa hi!

Abelardokin hitzein diat eta lasai deitzeko esaten dik!

Hau dek bere zenbakie: 7******

Eskuminek emaizkiok nere partez! Aio!

 

Erabat zentzugabea iruditu zitzaidan guztia eta lanak izan nituen nire ikuspuntutik gertatzen ari zena normal moduan ikusteko. Ia ezagutzen ez ninduen tipo batek, nire berri sekula izan ez eta munduaren beste aldean bizi zen beste tipo bati, nitaz kargu egiteko eskatu eta baiezkoa erantzun zion. Eta halako mezu sinple batekin kontatzen dit gainera! Normala izango balitz moduan! Abelardo hori burutik jota egongo ote zen ere pentsatu nuen eta Sisha apur bat ezagututa ez zen harritzekoa izango. Nire buruari galdetu nion ea halako zerbait egingo nukeen ezagutzen ez dudan norbaitengatik eta bizkor zein ozen jaso nuen erantzuna, niporelputoforro.

Hala ere, eta bakarrik joateak sortzen zidan mesfidantza zela eta, Abelardoren zazpi zifrako zenbakia mugikorrean gorde nuen, badaezpada ere. Bakarrik egin behar nituen hamabost egun Islandian eta ez zitzaidan gaizki etorriko egun batez bazen ere, hiria ezagutzen zuen norbait eskura izatea. Zalantzak ere izan nituen nire bidaia helburuekin bat ote zetorren gida moduko bat izatea baina azkenean, Islandian kontaktu bat izatea ongi etorriko zitzaidala erabaki nuen. Eskerrak eman nizkion Sishari eta ekainean taberna kanpo hartan izandako elkarrizketa harrengan batere konfiantzarik ez nuela aitortu nion.


Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.

Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.

Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.

Finlandia (2. atala) – 2.19

Posted on

 

FLAG Finlandia
-Islandiara hoa oporretan? – Galdetu zidan Sishak oporretara bere herrira joango banintz moduan – Koadrilarekin?

-Ez, bakarrik – Erantzun nion azkenaldian ohikoa nuen harrotasun eta lotsa arteko sentimendu arraro hark hartuta.

-Nire lagun min bat han bizi dek! Abelardo!

Sisha gu baino hiru-lau bat urte zaharragoa zen. Eskola berdinean ikasi genuen eta bere anaia txikia gure kintoa zen. Ez genuen tratu gehiegi izan sekula baina Beasain bezalako herri batean guztiak ezagutzen gara gutxi gorabehera. Are gehiago, eskola berdinean ibilitakoak izanik. Gainera, Sisha tipo hiztuna zen eta gure adin inguruko jende gutxi izango zen Beasainen berarekin sekula hitzik egin ez zuenik.

-Bai? Eta nolatan? – Galdetu nion elkarrizketa hark probetsuzko ezer ekarriko ez zidala aurreikusiz.

-Andrea, bere neska, hangoa duk eta bertan bizi dituk! Reykjavíken!

Sisha Bartzelonan bizi zen urte batzuk lehenago lan kontuengatik herria utzi ostean. Ondo joan zitzaion eta bertan geratzea erabaki zuen. Hala ere, maiz itzultzen zen herrira etxekoak eta lagunak ikusteko asmoz. Haietako egonaldi batez gozatzen ari zen taberna kanpo hartan elkar topo egin genuenean.

-Eta bera? Nongoa dek? – Jarraitu nuen adeitasunagatik gehienbat.

-Argentinarra da. Mendozakoa. Gure etxean bizitzen aritu zituan denbora batez.

Argentinar bat islandiar batekin” pentsatu nuen, ez dago hauek engainatuko ez dutenik. Pisukideak izan zituen Abelardo eta Andrea lan kontuengatik Bartzelonan igaro zuten garai batean. Harrezkero, tratua mantendu zuten eta ahal zen neurrian, elkar ikusten zuten urtean behin gutxienez. Aurreko udan, Sisha bera Islandian izan omen zen bisitan eta benetan merezi zuen leku bat zela aitortu zidan.

-Esango zioat bahoala! Ingo dik lekutxo bat etxean!

-Ez da beharrezkoa, lasai. Aterpetxe gehienak lotuak ditut gainera… – Bota nion zentzurik gabeko elkarrizketa hura amaitu nahian.

-Ba hiria ezagutzen laguntzeko bada ere. Konpainia ederra da Abelardo! Ez zaik gaizki etorriko. Are gehiago bakarrik joanda! Egun horietan beraiek han zereken jakin beharko nian lehenago… Noiz hoa?

-Abuztuaren hirutik hamazortzira – Erantzun nion aho bete hortz.

Beste baten laguntza eta etxea errazegi eskaintzen ari zela iruditu zitzaidan. Ondo erortzen zitzaidan Sisha baina tipo ona zenaren zalantzarik ez banuen ere, nahiko ahozabala zela pentsatu izan nuen beti. Esan bezala, ez nuen konfiantza gehiegi berarekin eta sinestezina iruditu zitzaidan eskaintzen ari zitzaidana. Beroaldian esaten diren gauza horietako bat zela pentsatu nuen eta ez nion batere baliorik eman.

Garagardoa amaitu eta koadrilak tabernaz aldatzeko ordua zela erabaki zuen. Sisha agurtzean Islandian ondo pasatzeko esan zidan “Flipatu” egin behar nuela, “Eta neskak! A ze neskak!”. Abelardorekin hitz egingo zuela eta egun haietan han bazebilen, ziur bere berri izango nuela. Eskerrak eman eta beste taberna batera abiatu ginen. Inondik inora ez nuen pentsatu elkarrizketa hark ondorio errealik izango zuenik. Tabernetan, errugbi partidetan bezalaxe, zelaian gertutakoa zelaian geratzen baita normalean.

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.

Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.

Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.

Finlandia (2. atala) – 2.18

Posted on Updated on

Hirigunean barneratzen jarraitu zuten eta autobus geltoki bat zirudien eraikin txiki batera iritsi ziren. Hiri itxura zuten eraikinez inguratu zegoen eta geltoki bat baino gehiago, autobideetako atseden guneetan zerbait jan nahian topatu ditzakezun ezleku horietako bat gogoratzen zuen. -So, I get off here. It’s been a pleasure. – Esan zion amona zoragarriak hamasei urteko neska baten erraztasunarekin eserlekutik altxatzen zen bitartean – Enjoy your stay in Reykjavik. – Esan zion Barbara Goenagak ere beretzat nahiko lukeen dotoretasunarekin. -Ttak! – Errepikatu zuen berriz Txominek lezioa ondo ikasi duenaren aurpegiarekin. “Begira zer ikasi duen gaur zakurrak! Gailetarik?”. – Gudbai! -Bless! – Eskuarekin agurtuz eta hitz berri bat erakusten ari zitzaiola adieraziz. “Beste hitz bat txakurrarentzat. Kaixo bakarrik falta zait oinarrizko hirukotea osatzeko”. Euskalduna izateak beste hizkuntzekiko interesa izatea itsatsita zeramala pentsatu zuen beti. Hizkuntza txiki bat hitz egiten zutenek jaiotzez atxikia zeramaten zerbait iruditzen zitzaion eta mundu osoak jarrera hori izanez gero, guztia errazagoa izango zela pentsatzen zuen “Agian arrazoi berberagatik gorrotatuko dut hainbeste ingelesa…”. Hori zela eta, atzerrira joan eta hizkuntza berriren batekin topatuz gero, beti saiatzen zen gutxienez kaixo, agur eta eskerrik asko bertako hizkuntzan nola esaten zen ikasten. Interes berezia zuen eskerrik asko terminoarekin eta zortzi hizkuntza ezberdinetan zekien esaten “Bederatzi honekin! Peter Brodericken And It’s Alright amona adeitsuarentzat!”. Autobuseko atera begiratu zuen amona arinak lurrera salto nola egiten zuen ikusteko eta Lily ere parada horretan jaisten zela ikusi zuen. Irribarre batez agurtu zuten elkar “Nik uste gustuko nauela… Eta nik bera? Nire buruari galdetu behar badiot ez gehiegi… Bigotten Cool Single Wedding zuretzat Lily” Hlemmurreko geltokia atzean utzi eta Reikjavíken barneratzen jarraitu zuen autobusak. Hala ere, metro gutxi barru, eremu ireki batean agertu ziren berriz ere “Eraikin dentsitate gutxiko hiria da hau…”. Zerumuga zabal hartan inguruetara begira hasi zen harri zurizko eliza desiratuaren bila. Halako batean, hantxe topatu zuen. Reykjavík altueretatik zaintzen ari zen bere muinotik. Bi segundoz erabat lelotuta geratu zen hainbeste denboran jomuga izan zuen eraikinari begira. Une hartan, harri zurien artetik argi berezi bat barreiatzen zuela ere iruditu zitzaion. Ez zekien hori ote zen amona begi urdin zein adeitsuak gomendatutako geralekua baina eserleku gainean zuen botoi gorria sakatu zuen autobusa geraleku horretan bertan geratu zedin. Hamar bat metrora ikusi zuen hurrengo geralekua. Jauzi batez eserlekutik jaiki eta autobusaren atzeko atera jo zuen. Atea erabat zabaltzerako, Snorrabraut kalea zuen mendiko boten azpian eta zuzenean elizara bidean jarri zen. Hallgrímskirkjaren atzealdean zegoen. Ingurura begiratu eta bertara iritsi ahal izateko, eraikin ezberdinen artean igarotzen zen aldapa eder bat igo beharko zuela konturatu zen. Beste ezertan pentsatu gabe aldapari ekin zion begirada dorre zuriaren puntatik kendu ere egin gabe. Etxe txiki batzuen artean sartu eta bistaz galdu zuenean, korrika zihoala konturatu zen.   Horrela doa orain arte Finlandia. Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben. Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen. Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.

Finlandia (2. atala) – 2.17

Posted on

Irribarre zabal batekin eman zizkion azalpen guztiak baina Txominek ez zion tutik ere ulertu. Geratu zitzaion artaburu aurpegiaren ezinbesteko laguntzaz eskerrak eman eta barrura sartu zen. Lily bilatu zuen begiradarekin txoferrak zer demontre azaldu zion argitzeko asmoz eta autobusaren amaieran topatu zituen betaurreko handiak. Eskuarekin ondoko eserlekua libre zegoela adierazten zion baina ikusi zuenerako, alboan zuen amona batek eskutik heldu zuen.

-You haven’t understood anything, right? Don’t worry, I’ll explain you. – Eskutik helduta goxotasunez tira egin zion Txomini bere aurreko eserlekuan eser zedin “Kaka, betaurrekoek berotzen nautenarekin”. Laurogei urtetik gora zituen baina oso ondo zahartu zen. Ile orrazkerak zein arropak Segurako edozein Margari edo Ortentxi gogoratu zezaketen baina bere aurpegiak izaera berezi bat eskaintzen zion. Ilearen kolorea sekula ikusi ez zuen zuritasun batekoa zen. Bizi on bat iradokitzen zuten zimurrez jantzia zuen aurpegia eta sudur zorroztu baten gainean harri bitxiak ziruditen bi begi urdin txiki zituen.

-You have difficulties speaking English, don’t you? – Irribarre gozo batez eta eskua askatuz. – Pétur is a kind man but he speaks like fishermen from the north of Iceland. – Bi harri bitxiek distira egin zuten barre algara batek ihes egin zionean .

Oso garbi hitz egiten zuen ingelesez eta nahiz eta hitzen batek ihes egiten zion, arazorik gabe ari zitzaion Txomin guztia ulertzen. Buruarekin onarpen keinu bat itzuli zion orduan  eta irribarre batez, eta eskuez lagundurik, azalpenarekin jarraitzeko eskatu zion.

-The ticket you’ve bought lasts for 40 minutes. Until then, you can take any bus without buying any new ticket. Ok? – Oso geldo hitz egin zion eta eskuekin lagundu zuen azalpena.

-Ok, zenkiu beri matx – Erantzun zion Txominek azalpena bihotzez eskertuz “Zein adeitsua den jendea hemen. Horrela gustua ematen du…”. Ez zekien non geratu behar zuen  eta autobusetik Hallgrímskirkjako elizaren bila hasi zen leihotik. Irakurri zuenagatik, ia Reykjavik osotik ikusi zitekeen beraz horrek izan behar zuen geralekua aukeratzeko bilatu beharreko erreferentzia. Horixe zen ikusi nahi zuen lehen lekua. Horixe zen azken asteetan buruan bueltaka izan zuen irudia. Horretarako, non jaitsi behar zuen amonari galdetzea ere pasa zitzaion burutik baina bere burua Hallgrímskirkja esaten irudikatzean gogo guztiak kendu zitzaizkion. Pixkanaka, hiri kanpoaldeko errepide zabalak atzean utzi eta hirigunea izan zitekeela iruditu zitzaionean murgiltzen hasi ziren.

-Don’t worry, there are four more stops before you arrive to the city center. I’ll get off at HIemmurre but you need to go on. – Azaldu zion elur-ilezko amonak poliki-poliki. “Ikaragarrizko tonto konplexuarekin itzuli behar naiz etxera…”.

-Zenkiu beri matx agen – Erantzun zion Txominek Islandiara iritsi zenetik ahoan zizelkatua zeraman irribarrearekin – Jau sei zenkiu in aislandik?

-Takk! – Erantzun zion amonak Txominen interesa eskertzen zuen harridura aurpegi batekin “Joño! Orain badakit zer esan nahi duen Sigur Rosen diska antologiko hartako izenburuak!”.

-Ttak! – Bota zion Txominek bere ahotsaren ozentasuna nahi baino gutxiago kontrolatuz.

Txalo bat eman zuen airean orduan emakumeak poztasun oihu batekin batera. Keinu hori munduko amona guztiek errepikatzen zutela pentsatu zuen Txominek. “Lastima biloba jaioberriak edo zakurrak zerbait berria ikasi dutenean egiten duten…”.

 

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.

Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.

Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.

Finlandia (2. atala) – 2.16

Posted on Updated on

Autobusa agertu arte aritu ziren hizketan. Oso neska atsegina zen Lily eta bere bidaiaren gorabeherak kontatu zizkion. Itzulpengintza ikaslea zen eta hori dela eta hitz egiten zuen hain ongi gazteleraz. Frantsesa, ingelesa eta gaztelera ziren bere lan hizkuntzak. Hala ere, Erasmuserako proposatu zizkioten hiri ezberdinen artean aukeratzeko ordua iritsi zenean, Reikjavíken alde egin zuen apustu. Irailean hasi behar omen zuen bertako unibertsitatean ikasten eta pisu bila hiru egun zeramatzala kontatu zion. Goiz hartan ere etxe bat ikustera omen zihoan zentrora. Ikasketez eta hauek amaitzen diren garaiaz aritu ziren orduan. Txominek ederki asmatu zuen eta Lily, ez zen bera baino urte bete gazteagoa besterik. Frantziar filologia ikasi zuen lehendabizi baina amaitzean, erabat arrotz egin zitzaion bere titulazioak lan merkatuari begira eskaintzen ziona. Hori dela eta, itzulpengintzarekin hastea erabaki zuen. Oso gustura omen zegoen erabakiarekin. Erabat identifikatua sentitu zen Txomin Lilyk kontatu zionarekin baina berak beste bide bat aukeratu zuela aitortu zion. “Nik berdina egin izan banu…”. Hala ere, Txominen egoerak inbidia apur bat ere sortzen ziola aitortu zion Lilyk. –Tu dinero, tu vida… – “Euria edo eguzkia, beti dugu arazoren bat”.

Autobusa iristerako beste lau bat pertsona bildu ziren geraleku inguruan. Ateak irekitzean Lily sartu zen lehendabizikoa. Atzetik sartu zen Txomin eta zebrabideko zuria baino zuriagoa zen txoferra “center” lakoniko batez agurtu zuen. Heziera askokoa izaten zen normalean baina urduri zegoen non jaitsi behar zen ideiarik ere ez zuelako.

-Plis. Gud mornin! – “Konpondu diau…”.

-Good morning! – Ia barre algara bat izatera iritsi zen irribarrearekin. “Subnormala naizela pentsatuko duen beste bat…”. – The ticket to the city center costs 220 krónur but once you’ve got it, you can take another bus within the next 40 minutes without paying more. –Ingeles zantzu guztiak desagertarazten zituen azentu itxiarekin.

-Aha, aha… – “Pintto pintto, gure txakurra data…”.

-Once the time ends you need to buy another ticket. If you are out for the whole day it is worthless but if you go for an errand, it is ok. – Konplizitate irribarre batekin eta ezertxo ere ulertu gabe.

-Aha, aha… – “Lanroberra, popopopopo…

-Have a nice day! Bless!

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.

Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.

Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.

Finlandia (2. atala) – 2.15

Posted on Updated on

 

Flag_of_Iceland

Berrogei bat minutu behar izan zituen dirua ateratzearen misioa gauzatzeko. Itzulerako bidean eta eldarniozko istorio bat asmatzen ari zela, oraindik kleenex beharrik izan ez zuela konturatu zen “Hemen ez dut pa alergiarik!”. Iparraldeko klimak ederki egiten ziola pentsatzen hasi zen “Erdi Bikingoa, esaten dut ba nik…”.

Kathy Bates gazteak gomendatu bezala, City Hostelera sartu zen kanbio bila. 1.000 krónako billetearen truke 500eko billete bat eta txanpon mordoxka bat itzuli zizkion. Hirigunerainoko autobus bidaiak 220 króna balio zituela esan zion eta baita beste zerbait ere baina Txominek ez zuen ulertu. Buruarekin baietz esan eta aterpetxetik irten zen. Hirigunerako autobusa hartzeko, errepidearen beste aldera pasa behar zuen lehendabizi eta hogei bat metro kalean gora egin ondoren. Oraingo honetan, zebrabidetik pasa zen.

Autobus geralekura iritsi zenean neska bakar bat zegoen bertan zain. Txomin baino pare bat urte gazteagoa zirudien. Ile luze eta leuna zuen eta ia aurpegi osoa estaltzen zioten betaurreko handi batzuek atzean zituen begi txikiak ezkutatzen zizkioten. Betaurreko handiek ordea, ez zuten ia beraien tamaina berdinekoa zen hortzeria disimulatzen.

-Gud mornin! – Esan zion Txominek heziera keinu batez

-Good morning!- Erantzun zion irribarre zabal batez – Are you spanish?

-Nou… Bueno… Ai am bask – Erantzun zion Txominek Euskal Herritik ateratzen zen bakoitzean bizitzen zuen egoera deserosoari automatikoki ematen zion erantzunarekin.

-¿Pero hablas castellano? – Galdetu zion azentu frantziardun neskak irribarrea milimetro bat ere mugitu gabe.

-Si – Irribarrea itzuliz – ¿Eres francesa?

-No, soy de Bruselas, Bélgica.

-Pues hablas muy bien castellano. Mejor que yo inglés – “Y castellano…” Eskua buru atzera eraman zuen hazka egiteko lotsatzen zen bakoitzean egiten zuen bezala.

-Kar kar – egin zuen barre Bruselaseko neska hortz handidunak – Bueno, todo es intentarlo. Seguro que aquí tienes la oportunidad de mejorarlo. ¿Que vienes? ¿De vacaciones?

-Pues sí, acabo de llegar. Es la primera vez que voy al centro. ¿Y tú? ¿De vacaciones también? – Galdetu zion Txominek. Islandiara iritsi berria zen baina dagoeneko ezagutzen zuen hizkuntza batean hitz egiteko beharra zuela konturatu zen. “Ezagutzen dudan hizkuntza batean edo hitz egiteko besterik gabe… Nik ingelesez egiten dudana oso urrun dago hitz egitetik…

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.

Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.

Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.

Finlandia (2. atala) – 2.14

Posted on

Bi heroi euskaldunak espaziora iristen dira eta espazio-ontzi amaz gain, zientoka espazio-ontzi txiki daudela konturatzen dira. Beraien eskuetatik kamejame antzekoak botatzen hasten dira estralurtarren laserrak saihesten dituzten bitartean. Hala ere, ez daude bakarrik. Beraiek bezalako ehunka daude estratosferan erasotzaile interglaktikoen aurka borrokatzen (zati honetan, akzion a kaskoporro eta hostias komo panes). Borroka latza da baina lurtarrak terrenoa irabazten ari dira pixkanaka.

Espazio-ontzi estralurtarrak erortzen doaz eta heroi lurtarrek espazioan murgiltzen jarraitzen dute ama-ontzira iritsi arte. Halako batean, Aitorrek bere ondoan borrokan ari den neska batean jartzen ditu begiak. Edertasun hawaiiar bat da eta euskaldun baten berezigarri den artaburu aurpegiarekin berari so dagoela, espazio-ontzi txiki bat ondotik pasatzen zaio gorputza urratu eta Pipi Lastrumen mozorroa apurtuz. Bere harridurarako, bi motosdun ileorde gorriak bere lekuan jarraitzen du.

Azken erasoa gauzatzen hasten dira baina segundoro lurtarrak erortzen doaz, uneoro gutxiago geratzen dira baina oso gutxi falta zaie borroka irabazteko. Gure protagonistarekin batera abiatu zen neska ere erori da laser baten ondorioz (kamera geldoan, tragiko tragiko…). Aitor zuzen zuzenean abiatzen da ama-ontzira eta deputamadreko kamehame batzuk botatzen dizkio. Ez da konturatzen ordea, atzetik, espazio-ontzi txikietako bat (milaka daude) gerturatzen ari zaiola.

Indarrak biltzen ari da kamehame ikaragarri bat botatzeko asmoz baina atzetik gerturatzen jarraitzen du espazio-ontzi txikiak. Energia bola botatzeko keinua egiten du eta gainean du dagoeneko. Halako batean, norbait agertzen da bere atzean eta espazio-ontzi estralurtar txikia suntsitzen du. Aitorrek kamejamea botatzen amaitu eta ama-ontzia desegiten hasten da su bola ikaragarri batean bilakatu arte.

Kaza moduko espazio-ontzi estralurtar txikiak desagertzen hasten dira orduan eta Aitorrek atzera begiratzen du. Neska hawaiiarrak libratu du eta honek, irribarre bat bota eta alde egiten du.

Ingurura begiratzen du Aitorrek orduan eta lurtar gutxi geratzen direla ikusten du. Bat, bi, hiru… Hamar besterik ez. Ehunka ziren borroka hastean baina gehienek bizia galdu dute gure lurra defendatzen.

Arnasa hartu, Pipi Lastrumen mozorroa ahal bezala lotu eta hamarrak lurrera abiatzen dira, elkarrekin. Lurrera gerturatzen ari direla, orube bat ikusten dute hiri batetik gertu. Ez dakite non dauden baina orubearen erdian hartzen dute lur jarraian ingurura begira hasi eta non dauden jakiteko asmoz. Aitorrek kartel bat ikusten du hondakin erromatarrak diruditen harri puska guztien artea. Iruña-Veleian daude.

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.

Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.

Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.

Finlandia (2. atala) – 2.13

Posted on

HAMAR TRILOGIA I

INAUTERIETAKO INBASIOA

 

Tolosako inauteriak dira eta kalea jendez lepo dago. Goizeko laurak inguru dira eta koadrila bat taberna kanpo batean dago tabernara sartu aurreko azken zigarroa apuratzen. Gure protagonista, Aitor, 23 urteko ikaztegietarra, ginkas urtu bat eskuetan duela eztabaidan dabil Xabier Arzallus eta Dark Vaderren arteko borroka bat nork irabaziko ote lukeen. Hau guztia, Jaiaken erositako Pipi Lastrumen mozorroa soinean daramala.

Halako batean, zerua argitzen da kolpez eta kalean dagoen jende guztiak burua altxatzen du. Batzuk txaloka hasten dira su artifizialak diruditen horri begira. Beste batzuk aldiz, begiak zabal-zabalik dituzte. Azken hauetako bati kuba-rona lurrera erortzen zaio harriduraren harriduraz lurraren aurka hautsi arte.

Une horretan bertan su bola erraldoi batek ondoko etxea jotzen du eta dena hegan irteten da. Kalea kaosean murgiltzen da eta su bola erraldoiek Tolosako kale zein etxeetan jotzen jarraitzen dute guztia suntsituz. Zerutik, tximistez inguratutako laino beltz arraro bat gerturatzen da pixkanaka.

Bat-batean, gure protagonista trantze moduko batean sartzen da. Dardarka hasi da berak ere kontrolatu ezin duen indar batek hartuta. Energia aura ikaragarri bat pizten da bere inguruan eta tximista modukoak sortzen hasten dira aura eta bere gorputzaren artean. Hala ere, ez da bakarra. Ehun bat metro atzerago neska bati antzeko zerbait gertatzen ari zaio.

Su bolek erortzen jarraitzen dute dena suntsituz eta Aitor eta neska hartu dituen energia aura lasaitu egiten da. Bata besteari begiratzen diote eta beste inork ulertu ezin duena ulertu dutela dirudi. Bitartean, laino iluna zirudiena forma hartzen doa eta iluntasunetik espazio-ontzi estralurtar bat ateratzen hasten da. Batak besteari onarpen keinu bat egin eta hegan ateratzen dira espazio-ontzirantz.

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.

Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.

Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.

Finlandia (2. atala) – 2.12

Posted on

Pixkanaka, bizitegi-auzotik irteten joan eta eremu ireki batera iritsi zen. Han, ez zen etxe berde zein urdin haiek iradokitzen zuten berotasunaren izpirik ere geratzen. Etxe orratzak ziren nagusi eta deigarri egin zitzaion guztiak zuriak izatea “Elurrik ez dagoenean ere zuria atsegin dute hauek gero…”. Etxe orratzen gainean, enpresa ezberdinen ikurrak ikusi zitezkeen eta bankuen zonaldera iritsi zela pentsatu zuen. Bizitegi-auzoa atzean utzi eta etxe orratzetara iristeko jaitsi behar zuen aldapari ekin zion. Aldapan behera zihoala etxe orratzen atzean itsasoa zegoela konturatu zen. Barku ezberdinak zeuden hondartuta bertan, erraldoiak guztiak. Laino moduko batek estaltzen zituen badia eta itsasontziak. “Kea darion badia. Ederki jarri zioten izena Reykjaviki”.

Aldapa amaitu eta parean zuen etxe orratz altuenera jo zuen zuzenean. Ate nagusia itsasoari begira zuen eta buelta eman behar izan zion eraikin erraldoi zuriari. Bertara iristean bulego eraikin bat zela konturatu zen. Atea itxita zegoen eta ez zuen batere itxurarik barruan kutxazainik izateko “Kale!”. Eraikinetik apur bat urrundu eta aldamenetara begiratu zuen. Handik ez oso urrun NBI hizkiak letra gorriz idatzita zituen beste etxe orratz bat ikusi zuen. Gerturatzean, sarreran jendea zebilela ikusi eta misioa amaitzeko zuen grinak eraginda edo, ate gainean zuen eta “L” oker bat zirudien ikur gorri hark banku batena izan behar zuela pentsatu zuen. Zortea izan zuen eta bigarrengo saiakeran asmatu zuen. Sarreran bertan kutxazain bat topatu eta harro sentitu zen bere buruaz “Inork ikusiko banindu… Zein gutxi behar dudan nire buruaz harro egoteko…

Bera baino altuagoa zen emakume bat ari zen kutxazaina erabiltzen eta itxaroten zuen bitartean diru-zorrotik txartelak ateratzen hasi zen. Kreditu eta zor txartel bana zituen. Banku batean lan egin zuen lagun batek Islandiara biak eramateko gomendatu zion. “Kreditukoa ordainketak egiteko eta zorretakoa dirua ateratzeko” esan zion. Beste gomendio bat ere eman zion baina belarri batetik sartu eta atera zitzaion “Zertarako nahi dut Visaren limitea igo? Diruarekin ordainduko dut guztia eta listo!”.

Emakume zahar zein altuak bere gestioak amaitzean Txominen txanda iritsi zen. Ez zuen diru gehiegi gainean eraman nahi baina egunero dirua ateratzen aritzearen ideiak ere ez zuen gehiegi erakartzen. Aterpetxea ordaindua zuen dagoeneko eta baita hurrengo eguneko txangoa ere. Azkenean, 15.000 króna ateratzea erabaki zuen. 7.000 poltsikoan zuen diru-zorroan sartu zituen. Ondoren, dirua non gordetzen zuen inork ez ikusteko asmoz eta bere disimulu gaitasun guztia martxan jarriz, gainontzeko 8.000ak galtza eta izterraren artean zuen zorroan sartzen hasi zen. Kutxazainaren kontra jarri zen lehendabizi inguruan zituenen ikusmena oztopatzeko. Aldamenetara begiratu eta eskuineko eskua hankartean sartu zuen larru beltzezko zorroaren bila. Gerrikoa indarrez lotua zuen eta dezente kostatu zitzaion harrapatzea. Lortu zuela iruditu zitzaionean indarrez tira egin eta kremaileraren punta ezkerreko potroan trankatu zitzaion. Min oihu estu batek ihes egin zion eta 8.000 krónak lurrera erori zitzaizkion. Mina pasa arte, bost bat segundo igaro zituen uzkurtuta eta burua kutxazainaren aurka zituela. Bere trebezia madarikatzen ari zela ordea, bi emakume hizketan entzun eta atzera begiratu zuen. Ahoa estaltzen zuten eskuarekin eta bata besteari azkonar bati atzetik ematen ari zaion bati begiratuko baliote moduan begiratzen zuten. Geratzen zitzaion duintasun guztiarekin 8.000 krónak lurretik jaso, dagoeneko gerrikotik zintzilika zuen zorroan sartu, arnasa hartu, tripa sartu eta hankartera itzuli zuen

-Egunon andereak  – esan eta kutxazainetik urrundu zen “Mission one, done”.

Bankuetara iristeko egin zuen bide berdinetik itzuli zen Reikjavík City Hostelera eta eguneko hirugarren zigarroa pizteko baliatu zuen ibilaldia. Lehen zupada ematean, Kerobiaren Rose Scargot entzuteko gogo ikaragarria sartu zitzaion. Ipoda martxan jarri eta aterpetxera bidean jarri zen. “Ez dut Isburt ezagutzen baina Reykjavik zoragarria da”.

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.

Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.

Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.