kirola

Bat eta bat (2015/06/19)

Posted on

Mikel Alvarez

Artola!  Badakit ultramatadez eta gurera ekarri duten zorigaiztoko pandemiaz hitz egin genuen azkenekoan hiru astez egon zinela etxetik atera ezinik atarian zain zenuen horda sutua zela eta (bai bai, sarde, lastargi eta guzti!) baina gaur facebooken irakurri dudana eta gero ezin beste gai batekin etorri… Ba al dakizu zein den azken tendentzia ultramatatu eta inguruan sortu duten entrenatzaile, nutrizionista, teknifikazio aditu, galtza-motz aukeratzaile eta gel banatzaile segizioaren artean? Ba heldu zaitez nonbaitera lurrera eroriko zara eta: «Apadrina a un sedentario!».

Bai bai, irakurri duzun bezala. Jainkoak agintzen duen moduko pertsona izan eta kirola behar den bezala egiten dutenak, herrietako potolo alferren aitabitxi bilakatzen ari dira! Beraien bizitzak nagiak suposatzen duen zulo ilunetik atera eta baliozko pertsona bilakatzen dituzte Ultramatada bat egitea lortzen duten punturaino! Dokumentaltxo bat ere egin dute eta adibide moduan ageri den gizajoak, Jordi du izena, Iron Man bat egitea lortu du. Imagina dezakezu atsegin dut festa. Eta nola ez!? Iruzkinak! «Zorionak Jordi. Handia zara!», «Jendeak adibide moduan hartu beharko zintuzke», «Ongi etorri bizitzaz gozatzen dugunon mundura!». Zur eta lur Artola… Kirolik ez egitea ez da ona ez horixe baina, ezer egiten ez duen bat (Jordi kasu), terraza batean garagardo batekin egotetik, 365 egunetan Iron Man bat korritzera eramatea ez da ba oso osasuntsua izango ezta? Benetan, hau eskuetatik joaten ari zaigu eta okerrena da, badirudiela zoratuta gaudenak gu garela…

batetabat

 

 

 

 

 

 

 

 

Jon Artola

Bai, egia da gizartea abiada batetan aldatzen ari dela Mikel.  Duela urte gutxi kalean korrika ikustea pentsaezina izango zen adin tarte eta profileko jendea korrika ikusten dela adibidez. Baita bizi guztian beraien burua «gorputza gurtzearen» aurka egondako jendea ere! Baina noski, orain osasunagatik eta natura maite dutelako egiten dute kirola. Izan ere, zer naturarekiko maitagarriagoa mendian korrika egitea baino! Eta zer osasungarriagoa denbora librea, elikadura etab. profesionalen pare, kirolaren inguruan eraikitzea baino!

Egoera berri hau gainera normaltzat eman nahi zaigu, eta baita kasik guztiok iritsi beharreko eredu ere! Jendeak lau maratoiren luzera, gelditu gabe, mendian egin nahi duela? Bada guztiak animatu beharko genituzke eta miresmenez begiratu. Bere borondatez mendi arriskutsu batetara joan eta heriotza gertutik ikusi duela beste batek? Bada, herriko seme kuttun egiten dugu ia-ia.

Azken batean, gizarte sedentario batetik, gizarte bigorexiko-indibidual batera goazela kamarada, honek dakartzan balio guztiekin. Zeren garrantzitsuena osasuna bada adibidez, zergatik ez gonbidatu herriko gizenak talde-kirolen batetan parte hartzera? Noski, honela galdu egingo luketelako agian?

 

Jatorrizko artikulua Goiberrin.

 

Bat eta bat (2015/01/23)

Posted on

Jon Artola

Aurreko batetan Mikel, adin guztietako jendetza, gaztetxo nahiz heldu, egun argiz biltzen ikusi nuen Beasainen, etxeko arroparik dotoreenak txukun-txukun jantzita, ardoaren inguruan biltzen eta ogia jaten. Ospakizunen bat ezbairik gabe. Oraintxe zutik, geroxeago eserita. Ardo kopa gora, ogi puska eztarrian behera. Hizketan batzuetan, isilik besteetan.

Dagoeneko elizara joan ote nintzen pentsatzen ariko zara, baina ezezkoa eman beharrean natzaizu Mikel. Aipatu dizudan egoera igandez baizik ostegun batez eman zelako. Zineklubera joan ezin izan nuen ostegun arratsalde batez hain zuzen ere, ditxosozko pintxo-potean. Konparaketa hala-moduzkoa dela esan ahal zenidake, baina txikiteroentzako sortutako ekintza, elizako ospakizun eta ezkontza meza ondorengo mokadutxoaren arteko egoera ‘erabat zuzen’ eta ‘bekatuz garbia’ bihurtzen ari dela iruditzen zait. Ekintza negatibo marjinal baten neutralizatzea, baina baita nolabaiteko ‘kontserbadoretzea’ ere, jendeak itxura, arropa eta jarrera zuzenari ematen dion garrantziagatik.

Hari punta bati tiraka katramila handiegia ari naiz sortzen agian, baina antzemango zenuenez mina eman zidan, mundu osoko zinema interesgarriena dakarkigun zinekluba hutsik dagoen bitartean, kaleak jendez lepo daudela jakiteak.

Zinekluba ilegalizatu beharko genuke agian, jendea joaten hasteko.

batetabat

Mikel Alvarez

Ez dut uste debekatuz gizartearentzat ezer ona lortuko duzunik. Are gutxiago, Euskal Herrian jana eta edana kriminalizatzen hasten bazara… Azti non sartzen zaren Jon.. Gainera, ez dut uste Zinekluba hutsik egotearen erruduna pintxopotea denik. Orain ez urte asko ez zegoen pintxopoterik eta zineklubera animatzen zen jende kopurua ez zein ikusle olatu geldiezin bat. Egia da, ikusle gutxi batzuk pintxopotea aukeratu dutela zineklubaren ordez  eta hori kolpe gogorra izan da ostegunetako zine saioarentzat.

Urteak daramatzagu kultur ekintza ezberdinak antolatzen eta gutxitan gerturatzen dira hamar lagun baino gehiago (erdiak antolakuntzakoak). Esperientzia horrekin ez dut ulertzen nolatan jarraitzen duzun fenomeno tamalgarri horrekin harritzen. Kulturak ez du molatzen Jon, ez da modernoa. Benetan molatzen duena guapo egotea da. Elizan, pintxopotean edo korrika nola ez. Aspaldi galdu dut gure Beasain honetan kultura herriak izan nahi duenaren plan estrategikoaren ardatz izatea. Errazagoa da jendea jan-edanera edo korrika egitera animatzeko ekintza berriak antolatzea (gutxi omen dira…). Hori dela eta, hemendik aurrera Beasain Challengea ere izango dugu guztion gozamenerako. Bitartean, zinekluba hutsik, liburutegia zerbitzu minimoetan eta kultur eskaintzaren %80a folkloreari eskainita. Hori bai, oso guapo eta sasoi betean Jon.

Bat eta Bat (2014/06/27)

Posted on Updated on

Jon Artola

Aurreko batetan hitzeman bezala, azkenean korrika egiten hasi naiz Mikel, eta oso ondo dagoela aitortu beharrean natzaizu. Jendeak arrazoi zuen. Behin harra sartuta, ordea, erronka handiagoei ekitea erabaki dut, eta buru-belarri ekin diot zer eta mendi lasterka luze-luze horietakoak prestatzeari.

Astean nik mendian adina denbora inork tabernan edo bideojokoetan pasako balu, edo eta prestakuntzak nire bizitzan duen garrantzia bestelako ezeri emango balio, arazoren bat argi eta garbi lukeela pentsatuko luke jendeak. Baina niri animatu eta aurrera jarraitzeko esaten didate, eta horrek  indarrak ematen dizkit.

Pena bat da paisaiaz eta naturaz disfrutatzeko denbora gehiegi ez edukitzea, edo eta horren zabalduak ditugun eraikin megalitiko eta datxekien kondaira, mito eta abarrei behar adinako arreta eskaintzerik ez izatea, baina dena ez da posible Mikel. Oraintxe bertan ibilbidea ahalik eta azkarren egitea da kontua. Tren azkar batentzat xedea bidaia burutzea den bezalaxe, tarteko herrietan gertatzen denaz gehiegi arduratu gabe.

Jendearekin hizketan halere, oraindik taldetik kanpo sentiarazten nauten gaiak badirela ohartu naiz, nahiz eta kirola
egiten hasi naizen. Guztien errege noski, telesailen inguruko elkarrizketa gaiak. Honetan ere zerbait handia galtzen ari naizenaren sentsazioa dut. Zuk honetaz asko dakizu, eta horregatik galdetzen dizut jakinminez, hala al da Mikel?

 

batetabat

 

Mikel Alvarez

Bihotzez pentsatzen nuen gaur egungo kirol-epidemiaren kontua itxitzat jo genuela azken aldian Artola, eta ez naiz berriz sastraka horretan sartuko (nahikoa heriotza mehatxu jaso nituen azkenarekin…). Horregatik, telesailen kontuari helduko diot, onartu beharrean bainaiz aspaldian horixe dela nire gaixotasunik larriena. Kontua galdu dut dagoeneko zenbat telesail ikusten ari naizen aldi berean, eta aitortuko dut, dagoeneko ez dudala telebistarik ikusten. Ez, ezta pixka bat ere, benetan. Gogoan dut garai batean telebista ikusten ez zutela ziotenak zein aluak iruditzen zitzaizkidan: «Nola ez duzu ba telebistarik ikusiko?». Pre-hipster jarrera txatxu bat besterik ez zitzaidan iruditzen eta oraindik ez dakit nola barneratu beraietako bat izaten amaitu izana. Arrazoia bakarra eta garbia da Jon: kaka-zaharra da. Hala ere, gogoko dut ikusentzunezko komunikazioa eta gure etxeetara iristen denak ezer eskaintzen ez didanez, beste leku batzuetan hasi naiz bila.

Bide horretan, maisulanak topatu ditut, eta telesailen kalitate zein berrikuntza gaitasuna noraino iritsi daitekeen ikusten ari naiz, edo ez, egunero topatzen dudalako muga gorago jartzen duen lan bat. Lost, Fringe, Breaking Bad, Tronu Dema (kasu honetan liburuekin geratzen naiz), The Wire, The Sopranos, True Detective… Aukera amaiezina da eta astero ale berri bat eskaintzen dute gainera. Maixulan horiek gutxi balira, telesail arinagoekin ere ikaragarri gozatzen dut: Revenge, The Mentalist, Castle, Falling Skies edo nerabetzarotik ikaragarri kuttun dudan Stargate handia… Bai Jon, aspaldi ez naiz mendira joan…

 

Berezko artikulua, Goiberrin.

Bat eta Bat (2014/02/28)

Posted on

Jon Artola
Erabaki garrantzitsu bat hartu berri dut Mikel. Bai jauna!
12 bat urtetako mutiko bat kalean bakarrik lasterka ikusi ondoren, nik ere hala egiten hasteko garaia badudala erabaki dut. Nik ere korrika egiten hasi behar dudala. Izan ere, zerbait handia galtzen behar dut! Mutil zein neska, ume nahiz heldu, pijo edo borroka, jende anitza ikusten dut bidegorrietan korrika. Eta ni, behiak trenari lez beste aldetik begira. Baina nahikoa da! Mens sana in corpore sano! Zertarako irakurri, musika entzun, pelikulak ikusi… Apokalipsia iristen denean Txindoki puntara babestera 35 minututan igotzeko gai ez bazara? Zertarako ikasi hizkuntza bat orein baten ehizan joan eta atzetik jarraitzeko gai ez bazara? Zertarako suspertu zure kreatibitatea, ondoren herriko seme-kuttun bere borondatez bizitza arriskuan jarri duen mendizale bat egiten badute? Zertarako egon hilabetetan liburutegia arratsaldez noiz irekiko zain, kiroldegia egunero zabaltzen dutenean?

Bai Mikel, zerbait handia galtzen behar dut eta ez nago horrela jarraitzeko prest. Etorkizuneko belauneko arazo edo eskuindar bihurtzeko arriskuak kontutan hartuta ere.
Zeren badakizu, ezkertiar izatetik eskuindar pragmatiko bihurtzeko ezinbesteko aro bat omen da norberaren gorputzean arreta jartzea. Edo hala dio behintzat Zizekek.

 batetabat

Mikel Alvarez
Nik ere sentsazio berbera daukat azkenaldian, eta nire herrian arrotz sentitzen hasia naiz. Urrun ikusten nuen plaga bat izatetik, gertuan eta sekula esperoko ez nuen lekuan, pandemia hau zabaltzen ari dela ikusi dut. Baina aizu! Agian arrazoi duzu eta gu gara oker gabiltzanak. Goierri kirolaren herrialdea bilakatzen ari da eta leku guztietan mendi lasterketak, BTT probak, duatloiak, ultratrailak eta megaultramatadak besterik ez daude. Hori bai, zineklubera egunetik egunera jende gutxiago joaten da, liburutegiak frikientzat babestoki bilakatu dira, eta %90ak edo ez du normalean irakurtzen, edo Kilian Jorneten biografia da irakurri duen azken liburua.

Dagoeneko ez dugu gogoratzen orain 10 urte arrakasta soziala eskaintzen zuten jarduerak zeintzuk ziren, eta garbi dugu, gaur egun pundamentuzko pertsona bat izateko, gutxienez Arriarango Mendi Lasterketa egin behar duzula, eta kilometroa ez dakit zenbat denboran.
Gu ere entrenatzen hasi beharko gara lanak libre uzten digun denbora urrian eta, agian, gu ere pro-gizonak izatera iritsiko gara. Orduan Artola, eta orduan bakarrik izango gara kontuan hartzeko moduko pertsonak eta une horretan, ez dugu liburutegiko ordutegi tristea ezagutuko, ezta inportako ere. Kilian Jorneten biografia irakurriko dugu eta ez zaigu axolako Zizekek zer esaten duen. Nor den ere ez dugulako jakingo.

Berezko zutabea Goiberrin