Latest Event Updates

#EgunBatKantuBat 2017an zehar

Posted on Updated on

Musika asko entzun izan dut beti, uneoro ia-ia, edozer gaua egiten ari naizela. Lanean, sukaldean, idazten, autoan… Musika merkatuaren egunerokotasuna ere jarraitu izan dut, are gehiago Goierri Irratian lanean hasi nintzenetik (entzungai duzue webgunean ere). 2016 amaitzean ordea, urtean zehar argitaratutako disko oso gutxi entzun ditudala konturatu naiz. Musika entzuten jarraitu dut baina betikoa, edo ezagun nuena behintzat.

Hori dela eta, 2017 hasieran pasa den urtean zehar argitaratutako intereseko nituen diskoak CDetan sartu eta autoan entzun ditut hiru asteetan zehar. Gauza interesgarriak topatu ditut, eta baita ez interesgarriak ere. Txio honen harian dituzue disko hauen mikrokritikak interesa izanez gero.

Musikalki urtea zurian igaro zaidala konturatuta 2017an halakorik ez gertatzea erabaki dut. Hori dela eta, erronka bat bota diot nire buruari hil honen hasieran. Garai batean #EgunekoKantua traolapean egunean zehar entzundako kantuetako bat txiokatzen nuen baina ekimen hark edozer gauza zuen maiztasuna ezik… Gauzak horrela,  #EgunBatKantuBat traola sortu eta egunean zehar entzundako kantu bat txiokatu eta Spotifyko zerrenda batean zintzilikatzeko erabakia hartu dut.Irratian entzundakoak, irratian jarritakoak, sare sozialetan lagunen bati lapurtuak, taberna batean ehizatutakoak, lanean erabilitakoak, neure buruari jarritakoak, berriak, klasikoak, betikoak… Edozer gauza topatu daiteke zerrenda honetan eta oraingoz oso gustura nago emaitza anitzarekin. 20tik gora pilatu ditut dagoeneko eta hemendik urte bete ingurura 365 izango dira. Entzun nahi?

Advertisements

Sareko nire atari, pisu eta atera bueltan

Posted on

2016ko ekainaren 14a. Egun horretan idatzi nuen blogean azken aldiz baina esango nuke askoz denbora gehiago igaro dela sareko txoko ezkutu batetan abandonatuta utzi nuenetik. Gehiago begiratu eta konturatu naiz ordea, urte bete lehenago, 2015eko ekainean hain zuzen ere utzi niola maiztasunez idazteari. Beroaldika funtzionatu ohi dut eta proiektu berriak edo krisi existentzialak tarteko, bloga abandonatuta utzi izan dut behin baino gehiagotan unibertsitate garaian sortu nuen egun urrun hartatik (aspaldi sartu gabe nintzen blog zaharrean, diseinua ere aldatu zaio…).

Bitxia da, teknologia edo kultur korronte berriekin harremanetan egon diren hainbat euskarri zein plataformetan izan ditut erabiltzaile esperientziak baina bloga da bakarra, behin eta berriz utzi, eta bertara itzultzen naizena. Gabonetan, nahiz eta kanpoan bizi, etxera itzultzen den seme edo alaba bezala. Badu zerbait etxeaz blogak niretzat. Inon sareko helbideren bat eman behar izanez gero, orri batean idatziko nukeen atari, pisu eta atea da The Indezents bloga, ez da gutxi.

cabe_3

Duela hilabete pare bat edo, twitterreko azalpena aldatu eta bertan, blog honen helbidea soberan zegoela iruditu zitzaidan. Hala ere, ez nintzen gai izan kentzeko. Domeinua berritzeko ordua ere iritsi zen eta orduan ere, ez nintzen gai izan ezezkorik esateko. Hala ere, ez nuen berriz ere heltzeko grinarik. Zurekin ezin bizi eta ezta zu gabe ere…

Nagikeria sortu dit azkenaldian berriz ere hemen idazten hasteak baina aldi berean, behin baino gehiagotan bota dut faltan: iritziak ezerezera botatzeko, gustuko kontuak aipatzeko (ezerezari hauek ere), edo ezereza aurrean dudala baliatuz, beste inon botako ez nituenak botatzeko. Ba bai, hemen naiz berriro ere eta saiatuko naiz hilean behin idazten gutxienez. Badakit ordea beroaldi hau ere igaroko dela eta abandonatua utziko dudala berriz pazientzia infinituko blog santu hau. Badakit ordea, uzten dudan egunetik denbora batera, berriz itzuliko naizela nire sareko atari, pisu eta ate honetara.

Sarean da Euskal Harriaren ABDak

Posted on

2015eko urrian estreinatu genuen Euskal Harriaren ABDak film kolektiboa eta blog honetan bertan eman genizuen proiektuaren berri. Egun hartatik Euskal Herri osoan zehar aritu gara filma eskaintzen eta behin World Tour hori amaituta, pelikula goitik behera sarean jartzea erabaki dugu. X eta Z lanak falta dira oraindik baina jaialdietan dabiltz eta denboraldia amaitu arte ez dira sarean izango.

Guk ere egin genuen gure pieza film kolektiborako JAZPANA! Kultur Elkartearen izenean eta horixe aurkeztera nator gaurkoan aspaldi baztertuta dudan plaza honetara.

Mila esker Ultrafestan parte hartu zenuten guztioi ederra izan baita bidea; ideia idazten hasi ginenetik sarean ikusgai dagoen honetara. Gora Ultrafestazaleak!!


Euskal Harriaren ABDak film kolektiboko lan guztiak jarraian ikusteko egin klik hemen.

Egin ariketa bat

Posted on Updated on

Ez da erraza izaten beti norberaren akatsez konturatzea. Bada, ordea, oso ariketa osasuntsua egunero egiten eta normaltzat jotzen ditugun jarrera okerrak atzeman eta gerora, nahi izanez gero, aldatzeko. Sinplea da: beste norbait gauza berberak egiten ikustea.

Hego euskal herritarra izaki, Espainiar Estatua dut erreferentziazko estatu; esperimentu zientifikoetarako erreferentzia, ez erreferentzia ideal (ez hasi bazterrak nahasten, hasi besterik ez naiz eta egin). Hori dela eta, herri moduan ditugun jarrera batzuk hoztasunez aztertu nahi ditudanean, espainolek nola egiten duten begira jartzen naiz. Adibidez, nire herrian ikurrin erraldoi bat jartzen dutenean, Toledon ikusi nituen bandera espainol haiek sorrarazi zidaten ezinegonaz gogoratzen naiz. Edo… Herrigintza helburu, edozein ekitaldi txalapartari, bertsolari edo trikitilariz betetzen dugunean, 92ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetako irekiera ekitaldian atera zituzten sevillana eta bailaoreak etortzen zaizkit burura. Eta horrela egun osoan (sinplea da, baina ez dut esan atsegina denik).

Ezberdin ikusten dira gauzak ariketa hori egin eta gero, ezta? Bai, hainbeste kritikatu ditugun, kritikatzen ditugun eta kritikatuko ditugun espainolen akats berberetan erortzen gara. Nire identitate nazional edo kolektiboa asea dut Euskal Herriak eskaintzen dizkidan elementuekin, eta eroso sentitzen naiz identitate horrekin. Bada bidea, ordea, hortik abertzale izan edo patriota sentitzera (sentitzen dut, baina horixe da itzulpena inguruan ditugun hizkuntza guztietan).

Gure herriaren etorkizuna erabakitzen hasteko aukera ederra dugu ekainaren 5ekoa, baina are garrantzitsuagoa da balizko euskal estatu hori nola eraikiko dugun eta nolakoa nahi dugun erabakitzea. Nik, adibidez, nahiago nuke giza eskubide eta justizia sozialaren inguruan eraikitako estatu bat, bandera baten inguruan eraikitako bat baino (egin ariketa berriz, eta berreskuratu une batez Valladoliden «yo soy español, español, español…» kantatzen jasan behar izan zenuen kuadrilla hura. Listo, ezaba dezakezue zuen buruetatik berriz, lasai). Estatu berri bat sortzeko aukera badugu, baliatu dezagun aukera gainontzekoen akatsetatik ikasi eta hobeto egiteko, ezta? Edo zer?

Askotan entzun dugu Espainiako Gobernua independentistak sortzeko makina hutsa dela, eta egia galanta da. Eta zergatik gertatzen da hori? Beraien barnean, espainola izateko modu bakarra onartzen dutelako: beraiek bezalakoa, hain zuzen ere. Eta nora noa honekin? Egin dezagun ariketa berriz, eta azter dezagun balizko Euskal Estatuaz hitz egitean dugun jarrera. Bai, guztiok berdinak bagina moduan irudikatzen dugu, guztiok sagardotegira joatea gustuko izango bagenu moduan, edo inork BECeko finala galdu nahi ez balu moduan. Are gehiago, egun batean independente izatea lortuko bagenu, inor espainol sentituko ez balitz moduan.

Horregatik pizten du, hain zuzen ere, ilusioa nire barnean galdeketek. Ezberdin pentsatzen duen jendea elkarrekin lanean ikusi dudalako lehen aldiz, garrantzitsuena ez delako bai edo ez, baizik eta oinarrizko eskubide bat defendatzen ari garela. Ezetz bozkatuko duenak ere Euskal Herria erabaki subjektu onartzen duelako, nahiz eta ez den Kilometroetara joango ikurrindun txapela buruan duela. Ikas dezagun esperientzia honetatik, eta zaindu ditzagun igandean bozkatzera joan eta gutun-azalean ezezkoa sartu zutenak. Neurri batean, gu baino ikuspegi zabalagoa dutelako eta balizko Euskal Estatua beraiekin erakiko dugulako. Ezberdinen artean eraikitako eremuak osasuntsuagoak direlako beti. Bai, egin ariketa azken aldiz, mesedez.

 

Jatorrizko artikulua Berrian hemen.

Hemen da, iritsi da: Nikkin

Posted on Updated on

Bada jende mota bat, gela batean sekula ikusi ez duen musika instrumentu batekin sartu, atea giltzaz itxi eta ordu gutxi barru itzuliko bagina, instrumentu horri txispak ateratzeko gai izango litzatekeena.

Igor Alustiza Garmendia beasaindarra, A.K.A. Nikkin, horietako bat dugu. Bederatzi urterekin hasi zen gitarra jotzen eta lehen egunetik zur eta lur utzi zituen irakasleak gitarra baino txikiagoa zen kakanarru hark instrumentuari doinuak atera eta kantuak sortzeko zuen gaitasunarekin. Txikitatik ezagutzen dugunok pegatinaz jositako gitarra eskuan eta Nirvanaren sudadera hilezkor harrekin gogoratzen dugu oraindik. Igorrentzat gitarra zahar hura zen bere jostailurik maiteena eta hamahiru urterekin, bere lehen rock taldea sortu zuen gerora Goierriko musika eskenan garrantzia izan duten beste hainbat kakanarrurekin batera. Lehen esperientzia hartan gustuko taldeen bertsio zein moldaketak egitera mugatu ziren baina argi eta garbi ikusi zuten musikak beraien bizietan izango zuen garrantzia sekulakoa izango zela.

a2814746371_10
Diseinua: Oskarbi Sein

Igorrek ordea, sormen etengabean topatzen du plazerra eta hamasei urterekin Spurium taldea jarri zuen abian haurtzaroko lau lagunekin batera. Bertan izan zuen lehen aldiz bere kantuak garatzeko aukera eta egun hartatik, ez da geratu.

Gerora, The Gu edo Zero taldeetan aritu zen instrumentu ezberdinak jotzen. Beti ere grunge, stoner, rock alternatibo deitu zitzaionaren edo rock industrialaren influentziapean. Zero taldea desegitean eta taldeko entsegu zein eskenatokiez nekatuta, atseden baten beharra sentitu eta bere kantuak bakarka garatzen hasi zen hauek ezagutzera emateko asmorik gabe.

Orduan ordea, Igorren musika ibilbidea etxeko zein lagunei begirako zerbaitean geratuko zela zirudienean, inork nahi ez duena etorri zen, gaixotasuna. Giltzurruneko gaitz larri batek jota, horrek suposatu zuen guztiarekin, musikan topatu zuen babesa eta motibazioa. Nikkin sortu eta bere bakardadean buruan zituen doinu eta kantuei forma ematen hasi zen eriondo izan zen denbora luzean. Etxean estudio txiki bat atondu eta lehen kantuak grabatzen hasi zen inoren laguntzarik gabe. Hasieratik bukaerara Igorrek sortu eta jotako kantu hauek lagunek entzun zituztenean aho bete hortz utzi zituen: “Horrekin zerbait egin behar dek Igor”

Musikaren munduak urte batzuk lehenago sortutako nekea ahaztu eta musikan zentratu zen Igor orduan. Horrela aurkeztu zitzaigun 2014ko JAZPANA! Jaialdira. Bakarrik eskenatoki gainean eta loop zein programazioz osatutako ikuskizun ikaragarri batekin. Herriko musikari moduan gehitu zen kartelera baina bai zaleek, eta baita prentsa espezializatuak ere, bere kontzertua nabarmendu zuten ZA! handienarekin batera.

Kontzertu hartan aurkeztutako kantuetako batzuei berri batzuk gehitu eta etxean grabatu zituen bere kabuz “Ihes” izan den lana osatuz. Ondoren, Sound Source estudioetako Arkaitz Carrascoren laguntzaz soinuak findu eta gure eskuetara iritsi da Nikkinen lehen lan luzea. Rock Industriala dela dio berak baina “Ihes”, hori baino askoz gehiago da. Bere bizia musika den talentu baten proiekturik pertsonalena da. Musikatik aldendu eta bizitzaren krudeltasunak sekula utzi behar ez zuen bidera itzuli duen talentu baten lana. Gauzak sekula baino ilunago zeudenean, babesa eta zoriontasuna musika topatu duen musikari baten uztarik zintzoena.

Nota_de_Prensa Prentsa_oharra

Jostunak (Dokumentala)

Posted on Updated on

Beasainek 400 urte bete ditu aurten Goierriko beste hainbat herrik bezala. Egitarau zabala antolatu du Beasaingo Udalak urteurren hau ospatzeko eta tartean, ikerketa zein bilketarako bidea ere egin dute. Diego Gomez eta Elena Diez teknikariak arduratu dira urteurrenaz eta baita ikerketa lan horretaz ere. Beste gauza batzuen artean herriko lanbideak dokumentatu nahi izan dituzte eta hauen artean, jostungintzak herrian izan duen garrantziaz ohartu ziren. Hogei elkarrizketatik gora egin zituzten lanbide hau hobetoen ezagutu dutenekin eta hauetatik hogei bideoz grabatu zituzten.

Grabazio hauek armairu batean geratzek pena eman zien antza eta  elkarrizketa horiekin dokumental bat egitearen ideia sortu zitzaien. Hor hasi zen nire lana eta ez da gutxi izan. Berrogei ordutik gorako elkarrizketa sorta hau domatzen saiatu naiz eta hauxe izan da emaitza. Ardatz bat pentsatu eta jostun eta jostin hauen aitortzak hari baten bitartez lotzen saiatu naiz. Hari hori, lankide baten etxean topatu nuen josteko makinak eskaini dit eta beste lankide batek jarri dio ahotsa. Musika haurtzaroko lagun batek sortua izan da eta onartu beharrean naiz, ahots eta musikak hasierako edizioan ez zuen bolumen bat eskaini diola dokumentalari. Garrantzitsua da jende onez inguratua egotea, are gehiago talentua badute eta azpitituluak egiten ere oso gertu dudan eta egunero jasan behar nauen batek orraztu ditu.

Helburua, dokumental xume hau duintasun osoz lanbide hau gailurrera eraman zuten horien omenaldi izatea zen. Gustuko izatea espero dut. Beraiek bereziki, eta zuek bide batez.

Bat eta bat (2015/07/27)

Posted on Updated on

Jon Artola

Greziarrek agian Dionisorekin nahikoa zuten jai aitzakiatarako,  baina gurean San Joanekin hasi besterik ez da egiten santu jaien zirkuitua: Santa Isabelak, San Pedroak, Santa Anak… Denak kategorikoak noski, nik bezain ondo dakizunez Mikel!

Harritzekoa egiten da, ordea, Gipuzkoa bertan generoaren ikuspuntutik halako harrabotsa sortzen duten jaien ondoan (alarde desberdinak kasu), nolako lasaitasunarekin bizi ditugun guk gureak inguruan. Beti iruditu zait istilu falta honen arrazoia hemen gai hori gaindituta genuelako zela, baina garbi asko geratu zait aurten begirada maskulino huts-hutsa nuelako uste nuela hori. Izan ere, zer eta aurrenengoz egin dute dantza aurten neskek Zumarragako Antion. Aurrenengoz! Eta apur bat gehiago pentsatzen jarrita, oraindik ez dituzte egin ez Beasaingo sokadantza ez beste asko!

Kasualitatea da batzuentzat emakumeek gizonezkoenak soilik ziren eremu eta eskubide guztiak eskuratzea ondo egotea, baina juxtu beraien herriko ohituretan ezin ahal izatea. Ez al zaizu iruditzen Mikel?

batetabat

Mikel Alvarez

Errazagoa izaten da beti besteena objektibotasunez ikertzea norberarena baino.  Hau da, batzuk behin eta berriz errepikatzen dute bertakoak ez direnek ez dutela ezer ulertzen, bertakoa izan behar dela horretarako. Bertakoak ez direnek, ordea, erreka jaiotza bateko ura bezain garbi ikusten dute herri horretan egiten dutenak zentzurik ez duela.

Hala ere, eta ongi diozun moduan, kritika egiten duten horiek ez dute beren herrian gertatzen dena garbitasunez ikusten, Zumarragan edo Beasainen kasu. Umeak ginenetik modu mugiezin horretan gogoratzen ditugu ikuskizun edo ekintza horiek eta inork zalantzan jartzen ez dituen bitartean, ez dugu beraien egokitasun edo ezberdinkeriaz pentsatzen.

Onartuko dizut nik ere bekatu hori egin dudala eta ez dudala sekula pentsatu haurren soka-dantzaren desegokitasunean. Hala ere, garbi izan behar genuke baita ere arazoa, ez dela mutil edo neskek gauza ezberdinak egitea ikuskizun honetan edo bestean, baizik eta nesken papera, mutilenen menpe egotea. Eta bai, gurean horrelaxe gertatzen da soka-dantzan parte hartzen duten neskek mutilek gonbidatuta eta beraien bikote moduan bakarrik hartzen baitute parte. Mila esker Artola, gaur arte ez bainaiz horretaz konturatu. Lan asko daukagu oraindik egiteko.