J. J. Abrams

Ez, LOST-en ez zeuden denak hilda artaburua!!

Posted on Updated on

LOST2

The Sixth Sence-n umea hilda zegoen hasieratik eta Bruce Willis ez zen konturatu, Seven-eko hiltzailea Brad Pitt da baina ez nuen oso ondo ulertu The Fight Club-en zer gertatu zen berekin, que puto David Gale… Berak akabatu zuen orduan!, Zein demontre da Slevin?!, Aaaaaaahh badakit! Ez, ez dut Memento ulertu, ai amaaaa!! Eduardo Noriegak bere buruaz beste egin du!, joder! Tximu madarikatuak! Askatasunaren estatua berdin-berdin bat egin dute! Hondartza ondoan ordea xarma asko galtzen du… Tximuak

Zer? Tontoa naizela pentsatzen ari zarete ezta? Ez dudala pelikula bat bera ere ulertu, nirekin zinera joatea hiru urteko ume batekin fisika kuantikoaren inguruko ponentzia batera joatearen antzeko zerbait dela duzue une honetan buruan ezta?

Ba jakin ezazue egin berri ditudan baieztapen inozo hauek egitea bezain larria dela, bai, bazen garaia kontu honi norbaitek heltzeko, “LOST-en HASIERATIK GUZTIAK HILDA ZEUDEN” esatea! Luzea da mesanotxeko bigarren tiraderan giltzapetuta gordea dudan lista beltza baina ziurtatzen dizuet, zerrenda honen lehen postuan, historiako telesailik hoberenaren azken atalaren ondoren ondorio hori atera zuten paganoak zaudetela (Nire aurrean halako blasfemarik ez errepikatzea espero dut zuen segurtasunarengatik alde batetik, eta nire etorkizuneko askatasunarengatik bestetik). Benetan, Ana Lucia Abbaren musikal batean baino jokoz kanpoago zaudete.

Sei denboraldi eder, 121 ezinbesteko atal (Exposé ezik, onartzen dut), mila enigma (guzti-guztiak erantzunak nahiz eta erantzun batzuen kalitatea eztabaidagarria izan, onartzen dut baita ere), erritmo eta informazioaren kudeaketa ikaragarri bat, ordurarte inork irudikatu ere ez zuen pertsonaiak idatzi eta garatzeko modu bat, soinu banda (ez beti musika) pertsonaia bat gehiago bilkatzeko erakutsitako maixutasuna eta guztiaren gainetik, sekula beste telesail batek sentiarazi ez zidan sentsazio hilezkorra eskaini izana: atal bat bukatzean, liburu on bateko atal bat bukatzean soilik sentitzen duzun hurrengoari heltzeko eta ia menpekotasunera gerturatzen den bulkada sahiestezina. Gauza asko dira telesail honek eskaini dizkigunak eta ehundaka bere erabilpenak,Sayd Jarrah berak izan ditzakeenak baino gehiago!

Sayid

Nahi edo ez, istorioak kontatzeko moduan iraultza bat suposatu zuen LOST-ek eta termino horietan mugitzen den OBRA bat ezin daiteke “guztiak hilda zeuden” esanez amaitu. Ez zaitezte blasfemariak izan eta ez alderatu J.J Abrams-en lan gorena Los Serrano edo Doraemonekin mesedez!! Jeijei jainkoa da eta jainkoak ezin du horrelakorik egin!

TVE1en hasi nintzen Perdidos ikusten eta igande arratsaldero Arrasateko pixura iristean ikusten nuen azken atala. Gerora, ordu eta egunez etengabe aldatzen hasi ziren eta internetera jo behar izan nuen asteko dosiaren bila (Pirateriaren errua izango da gero…). Bigarren denboraldirako, Jacobek baino jendea biltzeko gaitasun gehiago erakutsi zuen telesailak eta pixukide guztiak abstinentzia sindromeak jota izaten ginen azken atalaren zain. Pixukideetako batek FOX katea harrapatzen zuen gurasoen etxean eta astean zehar bere amak grabatu egiten zigun igandean pixura ekarri eta guztiok elkarrekin ikusi ahal izateko. Igande batean, pendrive-a etxean utzi zuen eta astelehen goizean klasera gehiegi joaten ez zen bat Beasainera itzuli zen pixukidearen amaren dendatik pasa eta pendrive-a hartu ahal izateko soilik! (Amaren semea ere ez zen gehiegi joaten klasera baina ez zen plana astelehen buruzuri batean bere amaren dendan agertzea LOST-eko azken atala hartzeko aitzakiarekin…).

Jacob eta Black

Hirugarren denboraldiaren ostean, kate espainiarrak atzean geratzen hasi ziren eta berriz ere internetera jo behar izan genuen. Atalak ingelesez ikusten hasi ginen orduan eta lehen aldiz gure bizitzan, jatorrizko bertsioa askoz hobea dela konturatu ginen! (John LockeHurley edo Sawyerrengaztelaniazko ahotsak erdi mailako sabeliztun baten lana besterik ez ziren dagoeneko…). Jeijeik ABC katearekin izandako istiluak gure lagun hoberenarenak izan balira moduan bizi izan genituen (ABCkoak beti berdin. Ez dio axola espainiarrak edo amerikarrak izan…). Berak lau denboraldi bakarrik egin nahi zituen istorioa lotua zuelako hasiera-hasieratik eta azkenean, sei egitera derrigortu zuten (Hortik telesailaren akatsik larrienak).

Joan ziren Arrasateko urteak eta lanean hasi nintzen. Anaia ere Charlie Pace bezain yonki zebilenLOST-ekin eta astelehen goizero atala eta azpitituluak jaisten zituen ni lanean nintzen bitartean ikusteko. Etxera bazkaltzera iristean Eko Jaunak baino hitz gutxiago erabailiz esaten zidan atala ona edo oso ona izan zen (bazekien spoilerren bat bota ezkero zer gertatuko zen). Hurleyk baino azkarrago bazkaldu eta nire gelan sartzen nintzen pertsianak jaitsi, argiak itzali eta azken atala ikusteko prest (Lanera justu-justu iristen nintzen garai haietan).

Telesaila amaitu zenean negar egin nuen, atala ikusten ari nintzela eta ondoren. Nire bizitzako fase bat amaitu zenaren sentsazioa ere izan nuen. Jeijeiren panpina bat erosi eta tenplu txiki bat egin nion ordenagailuaren mahaieko txoko batean (Hau gezurra da baina halako panpinaren bat baduzue eskertuko nuke). Etxekoak arduratzen ere hasi ziren telesail madarikatu har gugan zuen eraginagatik….

Benetan uste duzue halako idadeolla bat eragin dezakeen telesail mitiko-historiko-antologiko-bibliko bat “Ez, hasieratik hilda zeuden eta guztia gezurra zen” esanez amaitu daitekeela. Zuek uste, Chaliren greatest hits-akDharmako furgoneta bilatzen duteneko atala, “not Penny’s boat”, Desmond eta Pennyren arteko amodio hilezkorraren istorioa, Michaelek bizitako purgatorioa, “We have to go back, Kate. We have to go back!”, Jack eta Claire anai-arrebak zirela jakin genuenekoa,Juliet zulotik behera erori eta lehergailua eztanda araziz guztiak salbatu baina bere buruaz beste egin zuenekoa, The Constant atal ahaztezina (Bera bakarrik, ikusentzunezkoen historiako lanik bikainenetako bat. Hartu, zatitu eta aztertzeko modukoa), Jin eta Sun urpekarian ito zirenekoa, putakume hark Alex akabatu zuenekoa, Jeremy Benthamen heriotza, Daniel Faradayren heriotza! (denboran bidaiatzearen paradoxak elegantziaz konpontzearen paradigma behar lukeena). Hurley eta Milesen denboran bidaiatzearen inguruko eztabaidak (Zenbat barre egin nuen…), Jacob eta beltzezko gizonaren arteko elkarrizketak, banbu artean Jack Shepard heroia hiltzen ikusi genuenekoa (Bideo hori amaierarako utziko dugu) edo Hurley eta Benek irlako zaindari izatearen ardura onartzen duten unea bezalakoak bizi eta gozatu ostean, telesailak horrelak amaitu zezakeela? (Asko luzatu zait esaldia bai baina Katek Jacki xirriak egiten uzten ez zionean baino gehiago sutu naiz…)

Jack eta kate

Ba ez, ezin zen horrela amaitu eta ez zen horrela amaitu.

Gogoan dut, azken atala amaitu eta anaiarekin alde batetik eta pixukide ohiekin bestetik (LOST-en amaieraz hitz egiteko beste intentziorik gabe geratu ginen egun batean) telesail osoa mila aldiz buruz berrikusi eta destripatu ostean bapo eta erabat pozik sentitu ginela telesailari eman zioten amaierarekin (nahiz eta, errepikatuko dut, adar argumental batzuk erreztasun gehiegiz itxi zituzten).

Hala ere, gure mundu txikitik at, telesail jainkotiar honen amaiera oso ondo ulertu ez zenaren sentsazioa izaten hasi ginen eta Boone bere arreba Sharonekin “alaitzen” zenean baino galduago sentitu ginen. LOST-ek azken hilabeteetan lortu zuen oihartzuna zela eta, Cuatro katean (azken unean argia ikusi eta telesaila erosi zuenak) eztabaida bat ere antolatu zuten azken atalaren ostean! Bai bai, Maria Antonia Iglesias eta Arturo Gonzalez agertzen diren horietako bat! Bertan atera zituzten ondorioak, telesaila ikusi ere egin ez zuen norbaitenak izan ziren baina ez nion garrantzia gehiegirik eman. Sawyer baino harroxkoago jokatu eta sorbalda gainetik begiratu nien artelan hura ulertu ez zuten artaburu guztiei.

Hurrengo egunean ostea, Diario Vascon Esther Requenaren (Lista beltzean zaude zu ere. Benetan langabezian egotea espero dut…) artikulu hau irakurri nuen izuaren izuaz. “Señora! Que es usted periodista hombre!”. Sutan jarri nintzen eta facebooken talde hau ere sortu nuen beroaldiarekin (50 bakarrik gara, ez dut ezer ulertzen… Ah! Eta hau ere sortu nuen). Nire haserrea ordea, areagotzen joan zen kalean paganoak topatzen joan nintzen eran. “Bua… A ze truñakoa! Guztiak hilda zeuden hasieratik…” edo “Telesail horrek ez zuen ezertarako balio eta merezi zuen amaiera eman diote” bezalakoak entzuten hasi nintzen. Nire amorru kontagailua topea pasata zen eta yoga egiten hasi nintzen. Hala ere, Benjamin Linusen hoztasunarekin egoera aztertu eta pagano guztiek zerbait komunean zutela konturatu nintzen. Nire bizitzarekin jaraitu ahal izatea ahalbideratu zidan ateratako ondorioak. Kasualitatea izan edo ez, amaieran guztiak hilda zeudela pentsatzen zutenak, LOST-ek mundu mailan laugarren denboralditik aurrera (borobilena zalantzarik gabe) lortutako sonaren ondorioz telesaila ikusten hasi zirenak ziren. Hau da, bi urte edo gutxiagoan (asko eta askok hiru hilabeteetan) ikusi zuten telesail osoa. Une hartan, guk beste “lasaitasun” batekin ikusi genuela konturatu nintzen eta paganoen arazoa, informazio guztia behar zen bezala jalki ez zutela zela ondorioztatu nuen. Guk, Richard Alpertek baino denbora gehiago izan genuen atal guztiak ondo barneratzen joateko.

Urteak aurrera joan ahala eta gai hau, nire osasunarengatik gehienbat, berriz ez ikustea erabaki banuen ere, orain gutxi koadrilako batek legez debekatuak behar luketen hitzak errepikatu zituen berriro ere nire aurrean non sartzen zen jakin gabe (gajoa…). Orain ospitalean dago traumatismotik errekuperatzen eta berarentzat idatzi nahi izan dut post hau (azaldu nion bukaera baina konorte gabe zegoen eta ez zidan batere arretarik eskaini). Ea horrela, behingoz, bai berak, eta baita gainontzeko blasfemari guztiek ere ulertzen duten, ezetz, LOST-en, EZ ZEUDELA HASIERATIK HILDA eta guztia, ez zela amets bat izan.

LOST1

Post amaiezin honetako puntu honetara iritsi bazara; bat, ni bezain gaizki zaude burutik eta bi, ez dut ustea jarraian botako dudan oharrak atzera egin araziko zaituenik. Hala ere, esan beharrean naiz orain artekoak spoilerrak izan badira, orain datorrela potoloena eta noizbait telesaila ikusteko intentziorik baduzu, post honetatik atera beharko zinatekeela (Baina ez Barretartiatik eh! Oso gauza interesgarriak daude bertan eta! Ondo atera promoa ezta Bootxo?). Bai, LOST-eko amaiera azaldu behar dut, sekula azalpenik beharko ez zuela pentsatu banuen ere (danborarrada bat mesedez?).

AZALPENA:

LOST-eko denboraldi guztietan zehar flashbackaren teknika erabili zuen J.J. Abrams jaunak (Amen) pertsonaien inguruan informazioa eman, trama berriak sortu eta elementu berriak istorioan sartzeko. Azkeneko denboraldian ordea, eta gure pertsonaia maiteek denboran bidai pare bat egin ostean, flasforward teknika erabiltzen hasi zen. Honek esan nahi duena da, irlako bizitzaren gorabeheren tartean ikusten genituen tarteki haiek dagoeneko, ez zutela iragana kontatzen, etorkizun “bat” baizik (Daniel Faraday eskolaurreko ikasle bat da JeiJei handiaren parean).

Etorkizun horretan, telesaileko denboraldi guztietan zehar ezagututako pertsonaiak ikusten genituen baina beste bizi batekin. Hau da, guk ezagutzen genuenaren arabera ez zuen zentzurik non zeuden, norekin ezkondu ziren edo zer demontretan ari ziren. Irlako tramako korapiloa askatzen zihoan alde batetik eta bestetik, flashforwardetan, pertsonaiak telesail guztiak zehar beraientzat garrantzitsuak izan ziren pertsonaiaetara gerturatzen ari ziren nahiz eta errealitate berri horietan, ezezagun hutsak izan beraien artean.

Bata bestari gerturatzen zihoazen eran, banan-banan guztia oroitu arazi zien une bat bizi zuten guztiek eta ikusleok oraindik zer zen ez genekien zerbait ikusi zuten. Bitartean, irlako trama ixten joan ziren. JackekJohn Locke (Beltzezko gizona) akabatu zuen. Aldi berean, irlako zaintzaile izateko ardura Hurleyren esku geratu zen eta Benjamin Linus gaizto birziklatuak bere laguntzailea izatea onartu zuen hori izan bait zen bere motibazio bakarra Irla zapaldu zuen lehen egunetik.

Locke eta Ben

Hori gertatzen ari zen biartean flashforwarden errealitatean pertsonaia guztiak eliza batean elkarrekin ikusi genituen (Zalantzazkoa da aukeratutako lekua eliza bat izatea telesail osoa erabat akonfesionala izan denean baina tira, barkatu egingo diegu). Guztia gogoratu dute eta lasaitasun osoz ari dira beraien artean hizketan.

Kontua da, flashforwardek erakusten ziguten errealitate berri horretan, guztiak hilda zeudela, baina denbora plano indefinitu eta kokatuezin batean (Hortik jendearen nahastea nolabait justifika badaiteke behintzat…). Hau da, irlaren botere magikoak medio, pertsonaia bakoitza, linbo moduko zerbait den eta flasforward bidez ezagutu dugun errealitate horretan agertzen joan dira bizitza errealean hiltzen zihoazen eran. Hau da, Boone oso azkar iritsi zen bertara eta Hurley eta Ben oso berandu baina linboan, ez dago denborarik eta guztiak elkarrekin egon dira pertsonaia-jario horretaz konturatu gabe. Azken pertsonaiak hiltzean, guztia gogoratu dute eta ditsosozko eliza horretan elkartu dira linbotik hurrengo fasera (zerura edo nahi duzuen lekura) elkarrekin jauzi egiteko. Irla zerbait berezia da eta bertan bizi izanak, linbo berezi hori eskaini die bizitzari agur batera esan ahal izateko.

Hau da, flashforwardetan guztiak hilda zeuden bai baina hori irlako guztia gertatu eta gero etorri zen. Irlakoa gertatu ez balitz ez litzateke errealitate horretan gertatutakoa gertatuko. Inori zalantzaren bat geratuko balitzaio (Pagano ber bi), elizara sartu aurretik zalantza guztiak desagertarazten dituen elkarrizketa bat dute Hugo “Hurley” Reyes eta Benjamin “Ben” Linusek. Elkarrizketa honekargi eta garbi uzten du irlan geratatu dena geratu dela eta flashforwardean ikusten duguna horren ondoren gertatzen den zerbait dela. “Laguntzaile on bat izan zara” esaten dio Hurleyk Beni eta “Eta zu nagusi bikain bat” erantzuten dio honek.

Gauzak horrela, elizara sartzen dira eta “zerurako” bidaiari elkarrekin ekiten diote. Orduan, pertsonaia guztiak ikusten ditugu eliza barnean tartekatuta, Jack Shepardek irlan ematen dituen azken pausuak ikusten ditugun bitartean. Lurrera erortzen utzi eta bertan hiltzen da Vicent txakurra alboan duela. Orduan, LOST-eko lehen planoa izan zenari omenez, plano berbera ikusten dugu baina alderantziz. Lehen atalean, Oceanic 815 hegaldiaren istripuaren ostean Jacken begia irekitzen ikusi genuen lehendabiziko planoan eta azkeneko atalean, Jacken begia ixten ikusten dugu historiako telesailik handienari, merezi zuen amaiera elegantea emanez.

Bihotzez esaten dizuet, ez zitzaidan batere bukaera korapilatsua iruditu eta modu naturalean, hauxe izan zela nire, eta nire ingurukoen irakurketa. Gerora, Jeijei handiari eginiko elkarrizketaren batean ere irakurri nuen bai ber,a eta baita Damon Lindelof ekoizlea ere, aho bete hortz geratu zirela jendeak azken atalaren ostean ateratako ondorioekin. Beraien helburua ez omen zen amaiera ireki bat eskaintzea eta horregatik, trama guztiak ixten saiatu omen ziren. Niri behintzat, ez zait batere zalantzarik geratu.

Espero dut beraz, guztia garbi geratu izana eta eztabaida hutsal hau betiko lurperatzea ez bainuke nahi berriz ere, barruan dudan ke beltza esnatu, eta norbait irensterik.

Mila esker postaren amaierara iristeagatik! Hemen duzue opari moduan historiako telesail handienaren azken eskena. On egin, eta ondo izan losti agurgarri hori. “Live together, or die alone”.

Advertisements