1. atala

Non-original soundtrack: Finlandia (1. atala)

Posted on Updated on

Hemen diztuze Finlandia online nobelaren 1. atalaren soinu banda izan diren kantuak entzungai:

Finlandia Durango eta Goierriko Azoketan!

Posted on

Duela zortzi hilabete hasi nintzen Finlandia online nobela blogean argitaratzen eta lehen atalarekin amaitu eta bigarrenarekin hasteko ordua iritsi denean bizitzak ematen dituen kasualitate eder horietako bat gertatu da.

Asteburu honetan zehar ospatuko da aurtengo Durangoko Azoka eta Finlandiaren lehen bi atalek leku bat izango dute bertan. Aurten, auto ekoizleen plaza izango da lehendabizikoz euskal kulturaren festa handi honetan eta plaza horretan egoteko aukeraz gozatuko ahal izango dut. Barrenkaleko 15ean izango gara eta oso zaila egiten zait Finlandia han izateak sortzen didan ilusioa deskribatzea.

Larunbatean bertan izango naiz gainera 10:00etatik 13:30etara eta 17:00etatik 20:30etara beraz nahi izanez gero, han izango nauzue zain.

Booktrailer Finlandia from The Indezents on Vimeo.

Hori gutxi balitz, Goierriko Disko eta Liburu Azokak ere tartetxo bat eskaini dio Finlandiari eta bertan ere salgai izango dira lehen bi atalak. Horretaz gain, larunbat arratsaldean (abenduak 13) idazleekin ospatuko duten solasaldirako gonbitea jaso dut eta gustu handiz hartuko dut parte nahiz eta idazle termino hori handi xamar geratzen zaidan.

Finlandiarekin hasi nintzenean irudikatu nezakeena baino gehiago da datorren bi asteetan gertatuko dena beraz une eder hau nirekin batera bizi nahi baduzue, ohore bat izango da gerturatu eta Finlandiaren zatitxo bat etxera eramatea erabakitzen baduzue.

Durango eta Goierriko azoketan izango gaituze zain!

Finlandia (1. atala) – 1.31

Posted on Updated on

Motxilak hartu eta eskaileretan gora jo zuen ingelesez hitz egitea txupatua zegoela pentsatzen zuen bitartean baina neskak oihu itzali bat bota zion. Harrerara gerturatu eta neskak txartelarekin ordaintzeko tramankulua erakutsi zion. Zirudienez, iritsi bezain pronto ordaindu behar zen egonaldi osoa. Bankuko eta aterpekide txartelak atera zituen barkamena eskatu ostean “Subnormala eta lotsagabe hutsa…”.

Lehen eta azken pisura igo eta komunak bertan zeudela konturatu zen. Hala ere, kartel batean jartzen zuenagatik dutxak -1 solairuan zeuden. Txartela ateko zuloan sartu eta barrura sartu zen kontu handiz hotsik ez egiteko intentzioarekin. Lehen kolpean gortina handi batzuk ikusi zituen leihate osoa estaltzen. “Beti entzun izan dut ba iparraldean ez zutela gortinarik erabiltzen…”. Eguzkiak gogor jotzen zuen eta gortinaren zirrikituetatik nahikoa argi sartzen zen inor zapaldu edo ezer lurrera bota gabe ibiltzeko. “Ez, pertsianak dira iparraldean erabiltzen ez dutena?”. Gelak hiru ohartze pare zituen baina bi pertsona besterik ez zeuden bertan. Bat ederki zurrunka egiten ari zen eta bestea zakuaren barruan zegoen azken ile puntara arte tapaturik “Zurrunketatik ihesi? Ba bizilagun txarra etorri zaik…”. Leiho ondoan libre zegoen beheko ohia aukeratu zuen inor ez gogaitzeagatik gehienbat eta behin ohean eserita, zer demontre egin pentsatzen hasi zen.

Ez zuen lotarako gogorik baina goizeko bostak ziren dagoeneko. Azkenean, eta gainean zuen izerdi usainaz konturatzean, dutxa bat hartzea erabaki zuen. Toalla eta barruko arropa joko garbi bat hartu eta lur azpiko lehen solairura zuzendu zen “Barruko arropa joko bat bi eguneko… Aztiago ibili beharko naiz kontu honekin hemendik aurrera”. Bertan, garbigailu gela bat topatu zuen. Alboan, garbigailua lanean dabilela denbora errazago pasatzeko edo, mahai tenis mahai bat topatu zuen “Nire kirola! Beste ezertan ez diet sekula lagunei irabazi! …Ze tristea…”. Korridorean aurrera jarraitu eta dutxak aurkitu zituen. Lauko ilara bateko azkenekoan sartu eta atea itxi zuen. Arropa guztiak atearen atzealdean zegoen zintzilikario batean jarri eta ura ireki zuen. “Kaka! Ez dut xaboirik! Beno, ez zait gaizki etorriko ur kolpe bat bada ere”. Ura erortzen hasi bezain pronto ordea, aldamenetara begira hasi zen. “Ze usain mierda da hau?!”. Atzera egin eta atearen aurka erori zen. Irrist egin eta lurrera joan zen ia baina atearen goialdeari indarrez heldu eta zutik jarraitzea lortu zuen. Usain hark Ormaiztegiko frontoi parean dagoen Urbeltz iturriko usaina ekarri zion gogora “Hau arrautza ustel usaina!”. Ura itxi eta harrerara zer demontre pasatzen zen galdetzera joatea otu zitzaion baina nekatuta zegoen eta badaezpada ere, ez joatea erabaki zuen. Ez zuen berriz ere hanka sartu nahi aste beteko pelikulak hornituko zizkion neskatoarekin. “Nahikoa artaburu itxura eman dut dagoeneko…”. Ura berriz ere ireki eta lasai erortzen utzita, usaina desagertzen joan zen pixkanaka “Edo joan da, edo ohitu naiz…

Xaboirik ez izan harren, ikaragarri eskertu zuen dutxa eta gelara abiatu zen berriz ere “Hegazkinetan xaboia sartzen utziko balute…”. Gelan sartu zenean gelakideek lo jarraitzen zuten. Ohean eseri eta lotarako gogorik izan gabe jarraitzen zuela konturatu zen. Berriz ere islandiarren ohituretan pentsatzen hasi zen. “Nola demontre egongo dira ohean orain bi ordu argitu du eta! Hauek ziur gosalduta daudela dagoeneko!”. Quechua txikia hartu, hustu eta Reykajavik ezagutzen hasteko behar zuena sartu zuen bertan: Gidak, argazki kamera, karpetatxo berdea, “El Ocho” mardula, egunerokoa eta boligrafoak. Kalera atera eta Reikjavik City Hostelaren sarreran zegoen zelaian zehar hamar bat metro egin zituen errepide ondoko banderetara iritsi arte. Inguruan zuena begiratu eta abentura hastear zegoela konturatu zen.

Arnasa indartsu hartu… Eta lotara itzuli zen. “Nora hostia noa ni goizeko seiretan”.

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Youtube eta Spotifyn.

Finlandia (1. atala) – 1.30

Posted on

Barrura sartu eta argiari ihes egiten uzten zion atetik sartu zen neska Txomini beste aldera joateko keinua egiten zion bitartean. Iristean, harrera barra luze baten parean agertu zen Txomin. Barraren beste aldean agertu zen neska liraina.

-Gud mornin! – Bota zion irriparre batekin. – Ai am bukin jier for for deis – “Buruz ikasia nekarren kar kar”.

Egun onak itzuli eta irribarre batez identity card-a eskatu zion. Ordenagailuan begira hasi eta lau egunerako ezetz, eskaera hiru egunerako egina zuela esan zion. Ulergarri hitz egiten zuen eta bihotzez eskertu zuen Txominek “Ea guztiek horrela hitz egiten duten

-Sorri, ai jaf txu diferent bookins. Ferst bukin is of zri deis an secon jaf guan– Lehena hiru egunekoa izan zen Akureyrin egun bat gehiagoz egon nahi zuelako baina azken hau jendez lepo zegoenez, egun bat gehiagoz luzatu behar izan zuen Reykjavikeko lehen egonaldia. – From zri of august to seben of august. – Azpimarratu zuen eskuekin zenbakiak adieraziz.

Ordenagailuan bila hasi zen berriz ere jainkosa bikingoa eta topatu zuen Txominek azaldutakoa. Barkamena eskatu zion eta azken egunean gelaz aldatu beharko zela jakinarazi zion.

-Nazin els maders – Bota zion lasai egoteko eta ezer gertatzen ez zela agertu nahian. “Zenbat ingeles ikasi dudan musikari esker! Nais tu nou yu, Its a long guei tu de top…” – Irribarre arraro batekin onarpen keinu bat itzuli zion neskak.

Ordenagailuari begira jarraitu zuen eta neska hark erabat sorginduta zuela konturatu zen. Ez zen ohiko islandiarra, edo ez berak espero zuena behintzat. Azalez zuri antzekoa zen baina ile marroi eta luzea zuen. Zintzotasun zein goxotasun izugarri bat iradokitzen zuen begiradarekin eta halako neskek zergatik ez zuten sekula berarekin amaitzen galdetu zion bere buruari. “Ba kasu honetan bi arrazoia izan daitezke. Lehena, nire txisteko ingelesa eta bigarrena, ahoa erdi zabalik eta untxi txiki baten begiekin begira nauela. Zuzendu hai demontre!”. Bila eta bila jarraitzen zuen ordenagailuan begirada hipnotikoko neskak. Eskuekin kopeta parean zuen ilea baztertu eta bere begi marroi ederrak kolpez ireki ziren “Zalantzarik gabe kantu eder bat izan behar du zureak. Coldplayen Warning Sign aspaldi nuen gordeta norbaitentzat. To, zuretzat”. Txominen arazoa konpondu omen zuen. Lehen egunetik gelaz aldatuko zuten eta horrela, azken egunera arte ez zuen gelaz aldatu beharrik izango.

-Zenkiu beri matx! – Esan zion Txominek beste irribarre batez. “Honek dagoeneko subnormala naizela pentsatzen du…”.

Hamaikagarren gelako txartela eman eta lehen solairuan zegoela azaldu zion eskuarekin eskailerak seinalatzen zizkion bitartean. Ulertu zionagatik gela barruan txartela ez uzteko eskatu zion. “Bai, subnormala naizela pentsatzen du”.

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Youtube eta Spotifyn.

Finlandia (1. atala) – 1.29

Posted on Updated on

Autobusa hiritik ateratzen hasi zen orduan eta ordura arte nagusi ziren hotel eta bankuak ziruditen etxe-orratzen ordez, Europa iparraldeko ezaugarri diren etxe txiki koloredunez osatutako auzoak hasi ziren. Berde eta urdinez margotuta zeuden gehienak baina gorriren bat ikusteko aukera ere izan zuen. Lasaitu egiten zuen paraje hori ikusteak soilik eta kale horietan zehar ibiltzen hasteko gogoa piztu zitzaion. Futbol estadio handi bat barnean zuen kirol gune bati begira zegoela txoferrak aspaldi entzun nahi zituen hiru hitzak oihukatu zituen: “Reykjavik City Hostel!”.

Autobusean geratzen zen bikotea eta txoferra agurtu eta bere bi motxila maiteen bila joan zen maletategira. Autobus geraleku batean utzi zuten baina ez zitzaion gehiegi kostatu aterpetxea topatzea. Bi motxiletatik begirada altxatu eta Hostelling International guztietan ohikoa den bandera ikusi zuen atari batean. Metro batzuk egin eta panel zuriz estalitako erakin aurrefabrikatua ikusi zuen. Bi solairu zituen eta belardi eder bat sarrera parean. Gustatu zitzaion lekua eta mugikorra atera zuen zein ordu zen begiratzeko. Oraindik ez ziren goizeko bostak eta eguzkia indarrez jotzen hasia zen. Hala ere, behin baino gehiagotan irakurri eta desio izan zituen hamalau graduak ez ziren inondik ageri. “Hotza!”.

Motxilak gainean hartu eta aterpetxeko atera zuzendu zen. Barruko argiak itzalita zeuden eta islandiarrak eguzkiarekin batera esnatuko ote ziren edo eguzkia ahaztu eta ordutegi arrunta jarraituko zuten galdetu zion bere buruari. Ingurura begiratu eta kalean arima bakar bat ez zegoela ikusi zuen. Txirrina jo eta ate bat ireki zen atetik pare bat metrora. Gelatik zetorren argiarekin batera neska gazte zein eder bat gerturatu zitzaion atea irekitzera “Egia izango da islandiarrez kontatu didatena”. Irribarre batekin agurtu zuen Txomin eta barrura sartzeko gonbitea egin zion.

Horrela doa Finlandia orain arte.

Eta horrela non-original soundtracka Youtube eta Spotifyn.

Finlandia (1. atala) – 1.28

Posted on

Eserlekuan eseri eta denbora gutxira, katalana izateko itxura guztia zuen gazte tximaluze betaurrekodun bat eseri zitzaion alboan “Manu Chaoren koadrilakoak izateko itxura duten hauek Bartzelona bertakoak izaten dira normalean…”. Antza denez, bera ere konturatu zen Txomin ez zela bere herritik oso urrun jaiotakoa eta erderaz agurtu zuen.

-¡Buenos días!  – Esan zion konplizitate keinu batekin.

-¡Buenas! – Erantzun zion Txominek keinua itzuliz.

-Me habían dicho que amanecía pronto en Islandia pero no creía que a esta hora ya habría salido el sol.

-Por lo que me han dicho, amanece hacía las cuatro. Además, tampoco es totalmente de día. Es un color un poco extraño de noche… – Erantzun zion Txominek zeru beltz urdindu harri leihotik begira.

-Bueno, la cuestión es que ya hemos llegado. ¿Para cuanto tiempo vienes tu?

-Pues la verdad…

-Yo vengo para un mes. – Moztu zuen tximaluzeak Txominek kontatzeko zuena entzuteko inongo interesik ez zuela garbi utziz. -El año pasado estuve en Irlanda tres meses y el anterior dos en Camboya. Me gusta viajar así además, sin nada atado. Ya sabes, mezclarme con la gente y la cultura. ¿Y tú? Has cojido un hotel o algo?

-Hombre, pues…

-Yo nada tío. – “Y dale…” – Solo viajo con mi mochila y mi tienda y duermo en zonas de acampada libre o campings.

-¿Pues hara un poco de frio en Islandia como para andar durmiendo en la tienda no?

-¡Quá va! Todo es cuestión de taparse bien. Ademas, siempre encuentro alguna que me de un poco de calor. ¿Me entiendes? – “Sí, hablo castellano” – No entiendo a la gente que viaja con todo atado. Hoteles, albergues y tal… Lo bueno de viajar es encontrar la esencia del pueblo, de la cultura y empaparte. Esa es la forma en la que creces como persona y no yendo a lo seguro – “Ba nik apustu egingo nuke barrutik baino, kanpotik hazteko ere falta zaizula oraindik” – Mira, tengo 19 años – “Begira? Banekien nik…” – Estoy estudiando Ciencias Politicas – “¿Pero por qué me cuentas esto?” – …Y siento la necesidad de explorar el mundo. Me dí cuenta hace mucho… – “Sehaskan?” – … De que la vida es para disfrutarla. Por eso, estudio durante el año y en verano me dedico a recorrer mundo porque tío, las lecciones de la vida no estan todas en clase. Hazme caso. – “Pues no se si hacerte caso o meterte una hostia… Egunen batean ile-apaintzaile edo gasolindegiko langile ez izatea bakarrik espero dut…”.

-Joder, pues vaya vida, ¿no? ¿Y eso quién lo paga? – Galdetu zion Txominek barruan zuen puta-kumea askatuz.

-Mi padre – Munduko galderarik aluena egin baliote moduan erantzunez – El esta empeñado en que curre en la empresa pero esa no es mi vida tío… – “Pero te la paga no te jode…

Bere pentsamenduetan murgildu zen Macacoren espirituak hartutako gaztea une batez eta Txominek leihora begira jartzeko probestu zuen despistea. Gazte jakintsuaren bizitza irakaspenak jasotzen zituen bitartean egunak erabat argitu zuen eta goizeko hirurak jota zirela konturatu zen. Reikjavik barnean bueltaka zebiltzan eta geldialdi bakoitzeko jende gutxiago geratzen zen autobusean. Konturatzerako, gazte tximazulea, bikote bat eta Txomin besterik ez zeuden bertan “Ezin zian hire zelaie lehendabizitakoa egon ezta?”. Bira eta bira artean, Hallgrímskirkja eliza ikusten zuen noizean behin eraikinen artetik eta bere helmugara iritsi zela sentitzen hasi zen “Hasiera helmuga baino gehiago”. Halako batean, alboan zuen gaztearen txanda iritsi eta agurtu aurretik, aurkeztu eta bakarrik bidaiatzearen inguruko zentzurik gabeko gomendio pare bat oparitu zizkion Txomini “The Hivesen Walk idiot walk hiretzat. Segi zak aurrera…

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela, non-original soundtracka.

Finlandia (1. atala) – 1.27

Posted on

Leihotik begira pasa zuen FI597 hegaldiaren azken zatia eta txundituta geratu zen ikusi zuenarekin. Gauetik egunera denboran bidaiatu beharrean, espazioan bidaiatzen ari zirela zirudien. Pixkanaka iluntasuna atzean uzten zuten bitartean, argitasunera gerturatzen ari ziren. Urrunean eguna erabat esnatua zela nabari zen baina hegazkinak gauen murgilduta jarraitzen oraindik. Altuera galtzen hasi eta Keflavikeko aireportuan lur hartu zutenean ordea, Islandian oraindik gaua zela konturatu zen. Zeruak beltz urdindu tonu bitxi bat zuen baina ezin zen inondik inora esan dagoeneko egunez zenik. El Praten fakturatzeko zain zegoela islandiar hego-amerikarrak esandakoaz gogoratu zen orduan. “Laurak aldera argitzen du garaia hauetan Islandian”.

Hegazkinetik jaitsi eta bere errugbi baloi erraldoia jasotzera joan zen Quechua txikia bizkarrean hartuta.  Islandian zegoen dagoeneko eta ezin zuen sinetsi ere egin. Pentsatu hutsarekin, aurretik zuenaz gozatzen hasi zen ohikoa zuen pelikulismoaz baliatuz. Oso mugimendu gutxi zegoen aireportuan. Informazio paneletan ikusi zuenagatik, eguneko azken hegaldia zen beraiena. Langile gutxi geratzen zen aireportuan eta Suncamp handiaren zain zegoela, gainean zuen nekeaz kontziente izan zen egun osoan lehen aldiz “Vaya paliza…”. Bigarrena atera zen uhal garraiatzailetik eta ezertan hasi aurretik, gainean zuen plastiko festa kendu zion. Ondoren, maletak jasotzeko gunetik atera eta Reykjavikera nola iritsi ikertzen hasi zen.

Bidaia kide gehienak bera bezain galduta zebiltzala konturatu eta inori galdezka hasi aurretik informazio leihatilara jotzea erabaki zuen. Berandu zen ordea eta aldameneko kafetegia bezalaxe, itxita zegoen dagoeneko. Aldamenetara begiratu eta informazio postuaren parean aireportuko irteera ikusi zuen. Atearen alboan, autobus txofer bat izateko itxura guztia zuen gizon bat topatu zuen koaderno bat eskuan zuela. Berarengana gerturatu eta bere ingeles traketsarekin Reykjavikera ote zihoan galdetu zion. Baietz erantzun zion metro laurogeita hamar inguru neurtzen zuen bikingo bizardun irribarretsuak. Hala ere, bazuen beste zehaztapenen bat Txomini jakinarazteko eta honen ingeles maila kaskarra ikusiz, alboan zuen makina bat adierazi zion. Han hartu behar omen zuen tiketa. Makinara iritsi eta pantailan ageri zen azalpena deszifratzen saiatu zen. Fly Bus zerbitzua zen eta aireportutik hostatua hartua zenuen lekura eramaten zintuen zuzenean. “Ona! Arazo bat gutxiago!”. Tiketa erosi, txoferrari Reykjavic City Hostel esan eta autobusera igo zen bere bi fardelak maletategian utzi ondoren.

Orain arte, horrela doa Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka.

Finlandia (1. atala) – 1.25

Posted on

FLAG Finlandia

 

Oporretara bakarrik joateko erabakia indarra hartzen hasi zen nahiz eta buruan bidaia irudikatzen edo antolatzen hastean, irrealtasun zantzu bat izaten jarraitzen zuen. Erabaki itxia zen baina irekiune bat zuen nonbait. Zerbaitek kale egiten zuen eta nire buruarekin zintzo  jokatzen nuenean, lotsa puntu batez onartzen nion azkenean, ez nuela potrorik izango abenturari ekiteko.

Milaka webgune bisitatu nituen Finlandiaren inguruko informazio bila eta beti topatzen nuen aitzakiaren bat bidaia alde batera uzteko (hiri gehiegi hamabost egunetan  bisitatzeko, desplazamendu luzeegiak, garraio garestiak, hegaldi oso garestiak, unikornio adar birrinduz eginak behar zuten izarez estalitako oheak…).

Hamabost egunetan Finlandian zehar burutzeko milaka ibilbide ezberdin planifikatu nituen baina guztiek zuten ibilbide berri baten bila jartzen ninduten akatsen bat. Eta akatsik ez bazuen, asmatu egiten nion. Begiratzen nuen webgune bakoitzeko urrunago ikusten nuen Finlandia eta pentsatzen hasia nintzen oporretara bakarrik joateko erabakia inori kontatu ez nionez, oraindik atzera botatzeko aukera nuela.

Halako batean ordea, eta ez dakin nola, bideo batekin topatu nintzen sarean. “Inspired by Iceland” izena zuen eta Islandiako gobernuak 2008ko krakaren ostean turismoa indartzen hasteko martxan jarri zuen kanpaina turistiko baten barnean zabaldutako iragarki bat zen. Emiliana Torriniren islandiarraren “Jungle Drum” kantua barruraino sartu zitzaidan eta bideoa ikusten ari nintzen bitartean idaztean sentitzen nuen zirrarara sentitu nuen gorputz osoan zehar. Glaziarrak, geyserrak, lur zati amaiezinak, ipuin batekoak ziruditen lekuak, Hallgrímskirkjako eliza, jende zoriontsua, neska zoragarriak… Bideo hasieran ageri den neskak zeramana bezalako jertse batekin ikusi nuen nire burua leku eder guzti haiek ezagutzen. Emiliana Torriniren kantua amaitzean, ahoan aspaldi izan ez nuen irribarre bat nuen.

Konturatu gabe, pentsatu gabe, erabakia hartua zegoen. Erabaki harri falta zitzaion itxiturak borobila osatu zuen bat-batean. Islandia ez zen Finlandia baino merkeagoa baina ez zuen axola, Reykjavikeko publizista abilen batek prestaturiko bideo hark bere helburua bete zuen nirekin. Islandia zen nire ametsetako bidaiari falta zitzaion elementua eta bideo hori zorte hutsez topatu izanak magia ukitu bat erantsi zion erabakiari. Patua zen. Nahiz eta sekula ez nuen halakoetan sinetsi.

Islandiaren inguruko informazio bila hasi nintzen orduan eta zenbat eta gauza gehiago begiratu zirrara handitu egiten zen nire barnean. Emiliana Torriniren diskografia osoa jaitsi nuen saretik eta bere “Me and Armini” diskoa entzuten pasa nuen aste bete. Aurretik Islandian egondako lagun edo ezagunak lokalizatzen hasi nintzen lehen eskuko informazioaren bila eta konturatzerako, izotz eta suaren lurraldera bakarrik nindoala ez zen sekretu bat.

Gutxi gora beherako ibilbidea pentsatu eta hegaldiei begira hasi nintzen. Nahiz eta egun konbinazio ezberdinekin saiatu, 380 eta 400 euro tartean aurkitzen nituen guztiak eta apur bat itxarotea erabaki nuen. Gauzak horrela, asteazken buru-zuri batean, eDreamseko bilatzailean eguneroko kontsulta egiten nebilela, 235 euroko hegaldi bat agertu zen nire muturren aurrean. Abuztuaren hirutik hamazortzira. Garaipen oihu batek ere ihes egin zidan eta Komando Secretarias osoa barrez hasi zen bitartean,  bere burua estatu-gizontzat zuen zinegotzi motzak erremediorik ez duenari botatzen zaion begiradetako bat oparitu zidan “Ez dakizu zein gustura egon behar naizen zu bezalako artaburu bat egunero ikusi gabe”.

Hegaldia erosi eta sentsazio arraro batek hartu ninduen. Egia zen, ez zegoen atzera bueltarik. Bakarrik joan behar nuen oporretara. Bakarrik joan behar nuen Islandiara.

Orain arte, horrela doa Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka.

Finlandia (1. atala) – 1.24

Posted on

Pixkanaka leihatilara gerturatzen hasi zen Txomin eta bilbotarrak kanabera guztiak fakturatzen amaitu zuenean, errugbi baloi erraldoi batean mutatu zuen Suncamp handia maletak pisatu eta hegazkinerako bidea hasten duten pasabidean jarri zuen.

Behin maleta handia fakturatuta Quechua txikia hartu eta ohiko kontrolak pasa behar izan zituen. Tokatu zitzaion emakumezkoari ez zitzaion Txominen kaxa elektrikoa gustatu eta irekitzeko eskatu zion. Harridura aurpegiarekin ireki zuen Txominek eta kargatzaile eta egokitzaileak besterik ez zirela azaldu zion. Hala ere, emakumeak eskua sartu zuen kaxan bonba baten kableak maneiatzen dituenaren zuhurtasunarekin. Azkenean, kaxa itxi eta aurrera egiteko esan zion. “Banoaa tio! Banoa Islandiara!”.

Irribarre bat ahoan zuela bere atearen bila hasi zen. Sarreratik oso gertu zegoen korridore baten amaieran irekitzen zen gela handi batean topatu zuen. Lau bat ate zeuden bertan eta horietako bat zen bere hegaldiarena. Eserleku batean eseri eta bere ilara kide gehienak dagoeneko bertan zeudela konturatu zen “Hauek ez zuten bonba kaxarik gainean…”.  Mugikorra poltsikotik atera eta gaueko hamarrak bost gutxi zirela ikusi zuen nahiz eta bere buruari onartu zion moduan, ez zen ordua LG txikian bilatzen ari zena “Nahikoa dek hostia!”. “El Ocho” atera zuen Quechua txikitik itxaronaldia entretenigarriago egiteko asmoz eta dagoeneko, liburu mardularen laurden bat irakurria zuela kontura zen “Ez, ez da nahikoa izango hiru libururekin eta bai, oso gaizki erortzen ari zait protagonista”.

Alboan zuen ateetako batetik zetorren iskanbilak eten zuen liburuari eskaintzen ari zen kontzentrazio urria. Berrogeita hamar bat gazte ilehori atera ziren bertatik korrika eta oihuka hooligan samalda baten moduan. Salou           edo halako lekuren batera joateko traza guztiak zituzten eta bisonte talde baten moduan pasa ziren terminaletik. Korridoretik desagertzean, hautsa ere harrotu zutela iruditu zitzaion Txomini.

Gela handi hartan zain zeuden guztiak ilehori samalda irentsi zuen korridoreari begira geratu ziren ahoa erdi irekita. Bat-batean, Txominen  atea ireki zen. Bertatik lasaiago irten zen jendea. Ilehoriak ziren gehienak oraingoan ere baina ez zuen gazte mozkorrik topatu beraien artean. Familia osoak alde batetik, jubilatu koadrila handi bat eta gazte gutxi batzuk.

Keflaviketik zetorren Icelandair konpainiaren FI597 hegaldiko bidaiariak ziren. Hegazkin horrek berak eramango zuen Txomin Islandiara. “Haiek hona eta gu hara…”. Nahi gabeko oporretako truke programa bitxi hartan pentsatzen eman zituen lau segundo.

Orain arte, horrela doa Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka.

Finlandia (1. atala) – 1.23

Posted on

Konturatzerako, ontziratzearekin hasiak ziren hogeita hamabigarren leihatilan agertu ziren bi hegazkineko laguntzaileak.

-Debe ser un país muy tranquilo- Esan zuen bilbotar bizardunak kanaberak ahal zuen bezala aurrerantz bultzatzen zituen bitartean.

-Eso parece sí…- Erantzun zion Txominek hizketarako gogo gehiegi geratzen ez zitzaiola. “Bagoatz! Ontziratzen ari gara! Islandiara noa tio!”

-Por lo que he leído además…- Kanabera bat erori zitzaion sorta guztia beso artean zerabilela – En esta época del año amanece hacia las dos de la mañana. Quizá tengamos suerte y veamos la Aurora Boreal. Es la mejor época del año para eso…

-Ahora mismo amanece hacia las cuatro de la mañana y ya es tarde para ver la Aurora en Islandia- Moztu zuen hiru metro aurrerago zuten azentu hegoamerikarreko mutil gazteak. Ondoan, bere doinuaren zonalde berdinekoa zirudien eta buru bat ateratzen zion neska beltzaran bat zuen. Mutilak ordea, ez zuen itsasoaz beste aldekoa izateko batere trazurik. Eskuan zuen pasaporteari begiratu zion Txominek, “Island!”.

-¿Eres Islandes?- Galdetu zion bi aldiz pentsatu gabe. Harridura aurpegia erabat zehazterako irribarre batez eta pasaportea altxatuz baietz erantzun zion islandiar gazteak.

– jajaja Sí sí, soy islandes.

-¿Pues  hablas muy bien castellano!

– Sí, eso es culpa de esta- Esan zuen aldamenean zuen neskari begira. Neska erraldoiak ere barre egin zuen. Kolonbiarra omen zen eta Kanariar irletako hotel batean lanean ari zirela ezagutu omen ziren. Zazpi urte pasa omen ziren egun hartatik. Maitasunez begiratu zuten elkar. Urte erdia Kanarietan eta beste erdia Islandian igarotzen zutela kontatu zieten. Udako hilabeteak pasatzera joaten ziren Islandiara negua oso gogorra egiten zitzaiolako Luciari. Izen horrekin aurkeztu zitzaien neska Txomin eta arrantzaleari. Mutila ere aurkeztu zen baina bere izena errepikaezina egin zitzaion. “Grufsstaagh… Zaila izan behar du izenak ikasteak… Eyjafjallajökull esaten behintzat ikasi behar dut ba!

Izen ahoskaezineko gazte islandarrak bere herrialdera joateko garai hoberena aukeratu zutela azaldu zien nahiz eta Aurora Boreala ikusteko berandu izan. Urte osoan gertatzen dela kontatu zien baina oso zaila zela udan ikustea. Garairik egokiena negu eta udazkena izaten zirela. Batazbeste, hamalau bat gradu izango zituztela ere esan zien eta urteko garai hartan gaueko hamaikak aldera iluntzen zuela.

-Bueno, pues no podremos ver la Aurora pero ya que te tenemos aquí, podremos aprovechar para pedirte algun consejo sobre qué ver. ¿Verdad? – Erantzun zion Txominek irribarre batez.

Gustu onez onartu zuen eskaera eta hizketan ari zela bere herrialdearekiko harrotasunez puzten joan zen. Makina bat leku aipatu zituen baina gehienak agendan zituen dagoeneko Txominek: Gullfoss, Dettifoss, geyserrak… Ez zen originalegia izan eta ez zuen primiziarik eskaini. Hala ere, leku horiek ikusteko grina areagotu zion Txomini.

Orain arte, horrela doa Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka.