usurbeko kritikak

Usurbeko kritikak: The Grand Budapest Hotel

Posted on

gbh_nyobserver_promoart_10-75x15-5_4c_rev2_final

THE GRAND BUDAPEST HOTEL

Zuzendaria: Wes Anderson
Gidoigilea: Wes Anderson
Aktoreak: Ralph Fiennes, F. murray Abraham, Tony Revolori, Mathieu Amalric, Adrien Brody, Willem Dafoe, Jeff Goldblum, Edward Norton, Harvey Keitel, Jude Law, Bill Murray, Saoirse Ronan, Jason Schwartzman, Lea Seydoux, Tilda Swinton, Tom Wilkinson, Owen Wilson.
Musika: Alexandre Desplat
Argazkia: Robert D. Yeoman
Herrialdea: AEB
Iraupena: 99 minutu

Ez naiz orain hasiko Wes Adersonen lana zenbat gustatzen zaidan kontatzen. Edo… Zer demontre? Bai! Hemen sartzeak ni aguantatzea dakar berekin modu saihestezinean eta badakizue . Bideoklub magiko hartan ezagutu nuen bizitza aldatu zidaten gainontzeko filma ako bezala (post hori gehiegi atzeratzen ari da…). Royal Tenenbaums handia izan zen nire eskuetan erori zen Andersonen lehen lana eta ez dakit zorte ona edo txarra izan zen. Pelikula ikaragarria iruditu zitzaidan eta ikaragarri gozatu nuen Wesek istorioak kontatzeko duen modu bereziarekin. Ikaragarri maitagarri egiten zaizkit sentimendurik ez dutela dirudien baina muturreraino eramaten dituzten pertsonaia horiek. Ikaragarri maite ditut guztia esaten duten isiltasun amaiezin horiek, ikaragarri baita ere istorioaren erraietaraino sartzen zaituzten off ahotsak eta ikaragarri maite dut nola ez, egiten duen guztian presente dagoen estetika eta simetria.

Royal Tenenbaums maisulan bat da eta eta horregatik aipatzen nuen lehen zorte ona edo txarra izan ote nuen lehena berau ikustean. Bere filmografia osoa ikusi dut Bottle Rocket opera prima eta Fantastic Mr. Fox aniamzio munduan lehen saiakera izan zena izan ezik eta guztiak gustuko baditut ere, ez daude inolaz ere maila berdinean. Rushmore eta Moonrise Kingdom, lan bikainak dira. Hoberenak nire ustez Tenenbaum familiaren ostean eta atzetik gertu datoz The Life Acuatic With Steve Zissou eta The Darjeeling Limited. Eta non sartuko nuke gaur Usurbeko Kritika hau idaztera ekarri nauen The Grand Budapest Hotel hau? Ba pena pixka bat ematen badit ere, bi hauen atzetik nahiz eta gainontzeko guztiak bezala oso gustura ikusi nuen.

hero_GrandBudapestHotel-2014-1

The Grand Budapest Hotel Wes Anaderson da zalantzarik gabe. Bere estetika mantentzen du, errealismo magiko ikutu berezi hori, baita pertsonaia arraro zein maitagarriak ere. Nola ez, pertsonaia horiei bizia ematen, Andersonen pelikula guztietan ageri diren aktore fetitxeak ageri zaizkigu: Bill Murray, Jason Schwartzman, Owen Wilson, Edward Norton, Adrien Brody eta baita ziur hemendik aurrera bere ekoizpenetan ikusi ahal izango ditugun beste hainbeste (Anjelica Huston eta Gene Hackman bota nituen faltan). Egia esan, filmerako biltzea lortu duen aktore zerrenda txalotu beharreko modukoa da. Nahiz eta oso ohikoa den Andersonen lanetan aktore ezagun mordoa ikustea, oraingo honetan muga guztiak gainditu ditu. Pelikula koarala da eta istoria nahasi baten bidez irauten duen denbora entretenituta igarotzea ahalbideratzen du. Atmosfera musikak osatzen du betiko moduan (kantu eder asko ezagutu ditut Wes Andersonen pelikulei esker) baina oraingo honetan, Wes Andersonen aurkakoen (izan badira eta ez dira gutxi) argudio nagusiarekin bat egin beharrean naiz nahiz eta min asko ematen didan blasfemo hauei arrazoia ematea behin bada ere.

Behin baina gehiagotan irakurri dut Wes Anderson zuzentzen ume bat marrazki bat egiten bezalakoa dela. Hau da, gogo askorekin hasten da baina azkenerako aspertu eta hala nola amaitzen ditu lanak. Kritiko hauen hitzetan, ikaragarrizko lana hartzen du istorioa kokatzen eta pertsonaiak aurkezten. Detaile guztiekin egiten du eta errealizazio eder batekin janzten du gainera. Ikuslea istorioan erabat sartzea lortzen du eta konturatzerako bertan zaudela senti arazten dizu. Hala ere, kokapen zein aurkezpen horren ostean, aspertu egiten omen da eta ez dio batere garrantziarik ematen korapiloaren askatzeari. Bikain hasten da baina garapen eta amaierak erdipurdikoak dira. Ez naiz sekula ados egon teoria horrekin nahiz eta askotan zergatik esaten duten ulertzen dudan azken finean, garapen eta amaierek beti asetu nautelako.

TGBH_LOOK_VFX_02

Hala ere, The Grand Budapest Hotel honetan sentsazio hori izan dut. Istorioaren zutabe eta pareta guztiak sendotasunez altxatzen ditu ikuslea istorio surrealista horretan erabat sartu arte, errealitate zoro horretan guztiak zentzua izango balu moduan. Filma aurrera doan eran ordea, istorioa besterik gabe aurrera doa eta aurreko lan guztiak merezi ez duen moduan amaitzen du. Errazegia da amaiera eta gehiago merezi zuenaren sentsazioarekin uzten zaitu.

Oscarreratara izendatua dago pelikula zein zuzendari onenaren moduan eta nahiz eta filma bere lanik hoberena ez izan, benetan gustatuko litzaidake sari nagusietako bat berak eramatea. Garbi daukat lan honengatik ez duela merezi baina sari hauetan, ibilbide osoak ere saritzen dira askotan eta Andersonek, aspaldi merezi izan zuen kategoria honetako aitortza bat.

Ez nuke aipatu gabe utzi nahi 4:3 eta 16:9aren artean filma osoan zehar egiten duen jokoa iragana eta orainaldia ezberdintzeko Andersonen errealizaio motarentzat muga bat suposatuko zuela pentsa zitekeen hori, bere alde jartzen duelako. Ez dut sekula halakorik ikusi eta polita da nahiz eta zalantzarik gabe, esperimentu moduan geratzea espero dudan 16:9ak beste dimentsio bat duelako. Aldi berean, eskertzen diot bi ordu eta erdiko filmak egitearen moda madarikatu horretan ez erori izana. Mila esker bihotzez Wes.

Laburbilduz, Wes Andersonen zinea ezagutzen ez baduzu, ikusteko lehen filma egokia izan daitekeela gustatuko zaizulako eta gehienbat, gainontzekoak ikustean espektatiba handiegiak sortuko ez dituelako. Hori bai, besteak ikustean zerua ikutuko duzu. Eta zer esan Wesi The Grand Budapest Hotel hau ikusi ostean? Ba ondo ari dela baina gehiago saiatuko balitz, emaitza hobeak lortuko lituzkeela. Egoki aurrera egiten du.

Usurbeko kritikak: Interestellar

Posted on Updated on

interestellar

INTERSTELLAR

Zuzendaria: Christopher Nolan
Gidoigilea: Christopher Nolan
Aktoreak: Matthew McConaughey, Anne Hattaway, David Gyasi, Jessica Chastain, Mackenzie Foy, Michael Cane, John Lithgow, Cassey Affleck
Musika: Hans Zimmer
Argazkia: Hoyte van Hoytema
Herrialdea: AEB
Iraupena: 169 minutu

Gogoratzen dudan bakoitzean oraindik hotzikarak sortzen dizkidan Gone Girl harrigarriaz idazteko eseri nahiz ordenagailu aurrean baina bat batean, egin beharreko Usurbeko Kritiken artean bi filma eder ahaztuak nituela gogoratu dut. Kuttun ditut gainera bi zuzendariak beraz Ben Affleck eta Rosamund Pikek itxaron egin beharko dute oraingoz.

Wes Andersonen The Grand Budapest Hotel da lehendabizikoa eta Christopher Nolanen Interestellar bigarrena. Berez, Wesen txanda behar luke baina bi filmak barnean eragin zidatena hain urrun dago bata bestetik, gaurkoan Matthew McConaughey eta Anne Hathawayren denbora zein espazioan zeharreko odisea zoragarriari heldu beharrean nagoela.

Memento bikainarekin ezagutu nuen Nolan Jauna eta ikusi nuenean nuen adinagatik edo, asko markatu ninduen. Ohiko iturrietatik edatera ohituta ginen filmeez haratago, mundu oso bat zegoela konturatu nintzen eta Menento hura eta gero hasi nintzen gaur egun pasio indartsuenetako dudan zinearekin gozatzen (Pendiente dut baita ere bideoklub xarmangarri harren inguruko posta… Beste batean).

Interstellar-Movie-2014-Poster-Wallpaper

Interestellar etorkizun apokaliptiko batetik abiatzen da. Ez ordea ohituta gauden horietakoa; zombiek erasotua, pandemia batek hartua edo hondamendi nuklear baten ondorengoa. Interestellarreko apokalipsia geldoa da, urteetan luzatzen ari da eta pixkanaka, egunez egun, gizateriaren desagertzea geldiezinago sumatzen da. Egoera horrek, Lurra Planetan bizi garenon helburu zein metodoak erabat aldatu ditu eta gaur egun ikusita, barregura ere sortzen duten egoerak sortzen ditu.

Hala ere, bada bizirautean baino, epe luzera begira dagoen jendea eta… Eskerrak. Gizateriarentzat mundu berriak bilatzen daramatzate makina bat urte eta plan horri hasiera ematea suertatzen denean sartzen dira jokoan Copper eta bere alaba Murph. Ez dizuet gehiegi kontatu nahi nik neuk ez nuelako ezertxo ere jakin nahi izan Interestellar ikusi aurretik eta filma ikusi ondoren, erabaki ona izan zela ondorioztatu nuen (Ez egin inori  zuri egitea nahi ez duzunik erakutsi ziguten haurtzaroan).

Interestallarrek gizakiaz hitz egiten digu, esploratzaile senaz, amore ez emateaz eta maitasunaz. Gehienbat, maitasunaz. Hala ere, ez da maitasun istorio bat eta horrek ematen dio hain justu indarra. Espazioa, zulo beltzak, planeta galduak eta gizakiak, bere bulkada eta kontraesanekin. Inception ikaragarrian denbora ezberdinetan gertatzen ziren planoekin jolastu zuen Nolanek eta oraingo honetan, joko hori ametsen mundutik fisikaren eremura eraman du. Emaitza, bikaina da bi saiakeretan eta filmaren garapenerako berebiziko tresna da gainera (Eta oso entretenigarria!).

interstellar46-anne-hathaway

Aktoreen lana ere azpimarratzekoa da eta nahiz eta nire aktorerik kuttunerak ez diren (kontrakoa esango nuke), gustura izan nintzen Matthew eta Anne kamera minutu eta minutuak gainean nola hartzen dituzten ikusten. Filma aluak egin ditu orain arte Hattawayek eta beste horrenbeste esan daiteke McConaugheyren inguruan. Biak hala biak ordea, nire errespetua irabazten ari dira azkenaldian egiten ari diren gidoi aukeraketekin. Hori gutxi balitz. Michael Cane edo aurreratuko ez dizuedan kameo berezi batek gorputza ematen diote aktore-multzo ederrari.

Kontra zerbait aipatzearren, agian, irauten dituen 169 minutuak aipatu beharko nituzke nituzke. Azkenaldian, badirudi filma on bat egin nahi baduzu bi ordu eta erdi baino gehiago iraun behar duela eta egia esan, nahiko aspertuta nago moda horrekin. Hala ere, kasu honetan barkatu egingo diogu niri behintzat, ikaragarri azkar pasa bait zitzaidan denbora (Jarriz gero, gehiago ere ikusiko nuke gustura)

Laburbilduz, Interestellar ikusi beharreko filma da. Zinetik atera eta egun batzuetan zehar buruan bueltaka jarraitzen duen horietakoa. Hari-muturrak lotzen, sakonago begiratzen, mundura, eta barrura. Denbora asko egon naiz Nolanen azken lanaren zain eta Interestellar ikusi ondoren, gogo gehiago dut oraindik hurrengoa ikusteko. Nora eramango ote gaitu orduan?

Usurbeko kritikak: Loreak

Posted on Updated on

Loreak_Flores-119305517-large
LOREAK

Zuzendaria: Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga
Gidoigileak: Jose Mari Goenaga Jon Garaño eta Aitor Arregi
Aktoreak: Nagore Aranburu, Itziar Ituño, Itziar Aizpuru, Joxean Bengoetxea, Egoitz Lasa, Ane Gabarain, Joxe Ramon Soroiz, Jox Berasategi
Produkzioa: Irusoin eta Moriarti
Musika: Pascal Gaigne
Argazkia: Javi Agirre Erauso
Herrialdea: Euskal Herria
Iraupena: 99 minutu

Baina azken batean, loreak baino ez dira”. Horixe dugu ikusi aurretik filmaren inguruan izan dugun pista bakarrenetako bat. Zuzendariek ez dute askoz gehiago kontatu nahi izan eskaini dituzten elkarrizketetan eta egia esan, eskertzekoa da.

Filma ikustera sartu eta dakigun gauza bakarra, Nagore Aranburuk bikain gorpuzten duen Ane astero loreak jasotzen hasten dela da; egun berdinean eta ordu berberean. Sentsibilitate ikaragarriko aktorea dugu Nagore eta sekula plater bat hautsi ez izanaren aurpegi hori, indarrez beteriko begirada batekin uztartzen du. Gidoi bikaina da Jose Mari Goenaga eta Jon Garañok Aitor Arregiren laguntzarekin idatzi duten hau baina ez da hau Moriartikoen meritu bakarra Loreak zoragarri honetan. Hiru emakumeen istorioa dela irakurri dugu han eta hemen azken asteetan eta a zer hiru emakume! Aktore aukeraketa bikaina egin zuten eta hauek proiektuan erabat murgiltzea lortu  dute gainera. Nagore Aranburu dugu trailer eta aurrerapenetan gehien ikusi dugun aktorea baina Itziar Aizpuru eta bereziki, Itziar Ituñoren lana ikaragarria da baita ere.

Loreak baino ez dira…” eta hala da. Loreek ez dute sentimendurik, ezta zentzu zehatzik ere, guk islatzen ditugu hauek beraiengan erosi, oparitu edo nonbait jartzen ditugunean. Loreakeko loreek ere zentzu ezberdinak dituzte eta hiru emakume hauen begiradatik ikusten dugu nola erramu berdinak, oso erantzun ezberdinak sortu ditzaketen.

loreak-14

Loreaken erritmoa lasaia da, pausatua, baina aldi berean, denbora gutxian gauza asko kontatu eta gehiago iradokitzen dituenaren sentsazioarekin amaitzen duzu filma. Kontatzeko moduaren aldetik, eta nahiz eta kontakizuna orotara kronologikoa den, collage itxura du. Leku ezberdinetatik hartutako pasarteak ikusten goaz, askotan, beste une batean gertatu diren elkarrizketekin jantzita. Hori gutxi balitz, atal ezberdinetan banatzen da filma eta hala ere, gidoi makinaria perfektu batez lotutako eraikuntza bat miresten ari zarenaren sentsazioa duzu.

Makinaria horretan engranaje pertsonaiak ditugu eta Beñaten kasuan ezik, ederki garatu eta aurkeztuak daude guztiak. Pertsonaia bakoitza agertzen den lehen eskenan ez dituzu hamar segundo ere behar nolakoa den jakiteko eta hori, oso zaila da alferrikako elkarrizketetan erori gabe. Beñaten kasuan ordea, zuzendariek beraiek aitortu dute pertsonaiaren anbiguotasun hori nahita hartutako erabaki bat dela eta behin filma ikusita, erraz ulertzen da zergatik. Hala ere, eta esandako guztia ona izan ez dadin bada ere, nire barneko kuxkuxeroak informazio gehiago eskatzen zidala onartuko dizuet. Hala egin balute ordea, filma berdina izango ote zen? Emaitza berdina lortuko ote luke? Ziurrenik ez.

Loreak – Trailer VOSE from Irusoin on Vimeo.

Ohituak gaude filmeetan New York, Chicago, Madril edo Paris ikustera eta nahi edo ez, horrek distantzi moduko bat ezartzen du ikusle eta filmaren artean. Urruneko lekuak ditugu eta hori dela eta, beste errealitate batekoak iruditzen zaizkigu askotan. Horrek abantaila garbi bat du, istorioa hain urrun ikusita, errazagoa baita sinesgarri egitea. Ez duzu han zer gertatzen den ezagutzen, ez dakizu nola bizi diren egunerokotasunean eta edozer gauza irensten duzu. Hor topatzen dut Loreakek, edo gurean kokatutako edozein filmak, izan dezakeen erronka nagusia guztiok ezagutzen ditugun eta ia etxeko sentitzen ditugun lekuak agertzean (ia salto bat eman nuen autobideko kartel batean Ormaiztegi Beasain ikustean), atzerriko edozein filmak baino sinesgarriago izan behar baitu ikusleak ezer arrarorik ez sumatzeko. Zalantzarik ez izan ordea, gertutasun une horiek filmaren alde jartzen dituztela eta Goenaga eta Garañok. Garañok eta Goenagak arazorik gabe gainditzen dute erronka hori filmak irauten dituen 99 minutuetan zehar istorioa, etenik gabe eta jario natural baten moduan igarotzen baita ikuslea filmetik une bakar batez ere atera gabe (ondokoari mugikorra dantzan hasten zaionean kenduta. Hain zaila al da zinera sartzean mugikorra isiltzea?)

loreak-13
Ederra da Loreak, zoragarria, eta ez dakit zertan ari zareten oraindik ikustera joan ez bazarete. Ez dut nik zuzendariek egin ez dutena egingo, pelikula destripatzea hain zuzen ere baina hala ere, polita da filmeetatik inon irakurri ez duzun irakurketak ateratzea eta nik ere, nirea utzi nahiko nuke Usurbeko Kritika honetan. Bada elementu bat pelikulan ia loreak bezain garrantzitsua iruditu zaidana eta hori, denbora da. Loreek ez dute zentzu zehatzik, guk ematen diegu zentzua baina denborak, errealitatea finkatzen du, nahiz eta orain bost urtekoa izan. Berri Txarraken azken lana kalean izateko aste bete inguru falta den honetan, filma hau hoberen definitzen duen esaldia disko hirukoitz horren izenburua delakoan nahiz. Hain zuzen ere, denbora dela, poligrafo bakarra.

Ikusi Irratia – Joxe Mari Goenaga eta Jon Garaño (Loreak) from GITB on Vimeo.

Usurbeko kritikak: La Isla Mínima

Posted on Updated on

La_isla_m_nima-276450591-large
LA ISLA MÍNIMA

Zuzendaria: Alberto Rodríguez
Gidoigileak: Alberto Rodríguez eta Rafael Cobos
Aktoreak: Raúl Arévalo, Javier Gutiérrez, Nerea Barros, Antonio de la Torre, Jesús Castro, Manolo Solo, Jesús Carroza, Cecilia Villanueva, Salvador Reina, Juan Carlos Villanueva
Produkzioa: Atresmedia Cine, Atípica Films eta Sacromonte Films
Musika: Julio de la Rosa
Argazkia: Alex Catalán
Herrialdea: Espainia
Iraupena: 105 minutu

Gogo izugarria nuen La Isla Mínima ikusteko eta hori arriskutsua izan ohi da. Filma bat ikusteko gogo asko duzunean erraza izaten da zinetik irtetean espektatibak bete ez direla sentitzea baina kasu honetan, halakorik ez, guztiz kontrakoa.

Alberto Rodriguezen filma thriller bat eta zer nahi duzue esatea? Thriller eta zine espainiarra terminoak elkarrekin ikustean aurreiritziak izan nituela onartu beharrean naiz. Are gehiago, La Isla Mínimaren atzean Atresmedia zegoela jakitean. Ezin dut saihestu baina koadrila hau zerbait ekoizten ikusten dudan bakoitzean Mario Casas irudikatzen dut nerabeek ere nahi ez duten nerabeentzako filma batean nazka ematen.

Hori dela eta, Donostiako Zinemaldian jaso zituen kritikak irakurri ostean nire jakin mina piztu zuen. Trailerra ere ikusi nuen sarean eta… Nola? Aste bete lehenago ikusten amaitu nuen True Detective etorri zitzaidan burura. Argia, elkarrizketak, pertsonaiak, testuingurua, argumentua… Kopia lotsagabe baten aurrean ginela pentsatu nuen eta sarean begira hasi nintzen. Bat baina gehiagoren ahotan entzun nuen telesail amerikarrarekiko antzekotasun gehiegi zituela eta Matthew McConaughey eta Woody Harrelsonek protagonizatutakoaren arrakasta baliatu zutela Alberto Rodriguez eta Rafael Cobosek istorioa garatzerakoan.

Hala ere ikustera joan nintzen eta gauza bakarra atera nuen garbi alderaketa honen inguruan, trailerrak batzuetan, pelikula izorratzeko gai direla hain zuzen ere. Antzekotasunak ditu bai baina kasualak izan daitezke lasai-lasai. Agian, nahastea eragin duena istorioa gertatzen den lekua da. True Detective Luisianako kostaldean gertatzen da eta La Isla Miníma Guadalquivir ibaiaren bokale inguruan. Ez nuen inguru hori ezagutzen eta egia esan, ikaragarria da. Padura amaiezinez betea dago ingurunea eta nahi edo ez, Luisianako padurak ekartzen ditu burura paraje mota horrek. Are gehiago, True Detective ikusi berri baduzu. Horretaz gain, bertan topatzen dugun gizarteak iraganean harrapatua dirudi eta bazter guztiak paletoz josita topatzen ditugu. Misisipi ibaia eta Guadalquivir beraz uste genuena baino gertuago ageri zaizkigu bata bestearengandik baina horretaz gain, benetan, La Isla Mínima istorio originala dela esango nuke.

La Isla Mínima bikain honetan bi polizia, ideologikoki plano erabat kontrakoetan bizi direnak, elkarrekin joaten dira ipuin batekoak diruditen padura hauetara bi ahizpen desagertzea ikertzera. Lan horretan, bertako errealitate eta jendartean murgilduko dira kasuan eta beraien garapenean aurrera egiten dugun heinean.

Istorioa 1982an kokatzen da eta Espainiar estatua Frankismoan ez bizitzera ohitzen hasia da. Testuinguru historiko horrek ere, balio berezia ematen dio filmari bi Espainien arteko talka nabarmena baita bai gertakarietan, eta baita bi pertsonaien artean ere. Filma osoan zehar atzeko soinua besterik ez da errealitate hau baina filmean aurrera goazen eran, garrantzia hartzen doa. Ez dizuet spoilerrik botako baina trantsizioaren inguruan zer pentsatu ematen duelakoan nahiz.

La-isla-mínima

Raul Arevalo eta Javier gutierrez bikain daude beraien papeletan eta kolpe batez “Con el culo al aire” edo “Borjamari y Pocholo” bezelako españoladetan egindako paperak ahaztu arazten dituzte. Aipatzekoa iruditu zitzaidan baita ere Nerea Barrosen lana eta harritzekoa Antonio De la Torrek filmean zehar duen pisu urria. Luxu ederra benetan estatu aktorerik hoberenetako bat hain esaldi gutxirako kontratatu izana.

Thrillerrak garapenak egiten ditu bikain edo kaka zahar eta La Isla Mínimak hortxe asmatzen du. Informazio zein gertaerak ongi dosifikatuak daude eta pixkanaka pixkanaka eta modu naturalean iristen gara korapiloaren askaerara. Askotan, bira ikaragarriekin amaitzen dira thrillerrak eta askotan baita ere, aurretik egindako lan guztia zakarrontzira botatzen dute magoaren kapeletik ateratako amaiera sinestezin zein zentzugabeekin. Rodriguez eta Cobosek ordea, ez dute azken txilipurdia bilatzen eta kasu honetan, ez du gehiago behar istorioak. Amaierak, filmaren alor ezberdinak zabalik uzten ditu baina kasua bera, itxita geratzen da. Hori ongi egin ezkero, salto mortalak ez dira beharrezkoak.

Gidoia eta aktoreak aipatu ditut baina ez nuke Usurbeko Kritika hau amaitu nahi La Isla Mínima honetako protagonista nagusiaz hitz egin gabe. Eta nola ez, Guadalquivirreko Padura da hau. Hasieran aipatu dizuet gezurretakoa dirudiela lekuak eta horrela da. Sinestezina dirudi hasierako kredituetan ageri diren lekuak gure planetakoak izatea eta aukera ona iruditzen zait gainera hasieratik, halako garrantzia ematea. Lekua protagonista bat gehiago da filmean eta bera gabe, kontatzen diguten ezerk ez luke zentzurik izango. Gerora irakurri dudanez. Rodriguez eta Cobosek inguru hau ezagutzean hasi ziren istorioa asmatzen garbi zuten gauza bakarra, beraien hurrengo pelikula han grabatuko zutela baitzen.

Benetan, erabat gomendagarria filma on bat ikusi nahi baduzu. Arrazoi gehiagorekin thrillerrak gustuko badituzu eta gehiagorekin oraindik, espainiar zinearen inguruko aurreiritziak birrindu nahi badituzu.

30

Usurbeko kritikak: Her

Posted on Updated on

Her-716403893-large

HER

Zuzendaria: Spike Jonze
Gidoigilea: Spike Jonze
Aktoreak: Joaquin Phoenix, Scarlett Johansson, Amy Adams, Rooney Mara, Olivia Wilde
Produkzioa: Spike Jonze, Megan Ellison, Vincent Landay
Musika: Arcade Fire eta Karen O
Edizioa: Jeff Buchanan, Eric Zumbrunnen
Estudioa: Annapurma Pictures
Herrialdea: AEB
Iraupena: 126 minutu

Kevin Smith eta Wes Andersonekin batera Spyke Jonze da nire zine zuzendari kuttunetako bat (Guy Ritchie ahaztu gabe. Beti ere, Madonnarekin ezkonduta egon zeneko tartea kenduta noski).  Onartu beharrean naiz ez dudala Being John Malkovich ikusi nahiz eta alde batetik, batzuk bere obra goren moduan izan eta bestetik, ikusi beharreko zerrendan urte asko eraman. Bideoklipgile moduan ezagutu nuen lagun batek orain urte batzuk (dezente egia esan) bere bideoklip hoberenen bilduma bat utzi zidanean (oraindik ez diot itzuli, barkatu). Ikaragarri gustatu zitzaidan bere lana eta bideoklipgintza bezain arte estereotipatu bat iraultzea posible zela ikusi nuen (Guy Ritchie ere kontuan hartu beharreko zuzendaria da arlo honetan).

Gerora, John Malkovichen buruan sartzeko lagun izan zuen gidoigile berberarekin, Charlie Kaufmanekin hain zuzen ere (Eternal Sunshine of the Spoteless Mind zoragarria beste batzuen artean) Adaptation egin zuen eta ez dizuet gezurrik esango filma horrek markatu egin ninduela aitortzen badizuet (Nicolas Cageren lan bat gustuko izatea lortu zuen beraz atera kontuak). Ondoren, Where The Wild Things Are lanaren berri izan nuen Arcade Firerekin txoratuta nenbilen garaian. Wake Up kantua zen soinu bandako kantu nagusia nahiz eta gainontzeko soinu banda Karen O and The Kidsek sinatu zuten. Zinean ikusi nuen eta berriz ere ikaragarri gustatu zitzaidan Jonzeren lana. Azken honetan ordea, ez zuen Kaufmanen laguntzarik izan eta zuzendariaren barne mundua ikusten hasi ginenaren sentsazioa izan nuen.

Gauzak horrela, Her iragartzen hasi ziren eta ikusi beharreko filmen zerrendan sartu nuen. Spike Jonzeren azken lana izatea gutxi balitz, I’m Still Here egin zuenetik Joaquim Phoenix ikusteko aukera eskaintzen zuen eta buru hori bere lekuan ote zegoen ikusteko aukera bikaina iruditu zitzaidan (Scarlett Johansson ere ageri da bai baina kolonia iragarki aluak egiten hasi denetik jainkosa izatetik petardilla izatera pasa da…). Usurbe Antzokian nahiko fin dabiltza kudeatzen duen enpresa aldatu eta herriko gazte batzuk hartu dutenetik eta herriko antzokira iritsi arte itxaroteko erabakia hartu nuen (ondo ari denari lagundu egin behar zaio ahal den heinean).

Igande honetan iritsi da Beasaina Jonzeren lan txalotua eta zer nahi duzue esatea? Ez dit hutsik egin inondik inora. Ikaragarri gustatu zait eta nahiz eta gustuko izateko aurretiko jarrerarekin joan nintzen zinera, Her uste nuena baino gehiago dela onartu beharrean naiz.

her-joaquin-phoenix-3

Where The Wild Things Are lanarekin bere barne mundua erakusten hasi bazen, erabat biluztuta ageri zaigu Jonze Her eder honetan. Planteamendu sinple zein arriskutsu batetik abiatzen da Rocvilleko zuzendaria (herri izen ederra zalantzarik gabe) eta arriskutsua diot, beste edozein zuzendariren eskuetan erori izan balitz, komedia alu bat izaten amaitzeko aukera asko zituelako alde batetik, eta aktore batengan pisu gehiegi jartzen duela pentsatu daitekeelako bestetik. Ba ez bat, eta ezta bestea ere.

Theodore Twomly (Joaquin Phoenix) gutun idazlea da gertuko etorkizun batean. Badirudi jendeak, etorkizun horretan, internet bidez enpresa bati ordaintzen diola bere bikote, lagun edo familiari gutunak idazteko (ez dakigu hartzaileek badakiten edo ez nahiz eta erantzuna baiezkoa den ulertzera ematen den). Horretan ari dela hasten da Her eta lanbidea bera elementu bikaina da gizarte aurreratu hori nolakoa den ulertzen joateko. Gaur egungo teknologia berriez hitz egin nahi digu Jonzek eta hauek eragiten ari diren norbere baitan biltze eta bakartzeaz. Kalean milaka pertsonekin gurutzatzen da egunero Theodore baina arreta mugikorrari konektatua dagoen eta belarrian duen pinganilloan du aurrean topatzen dituen guztiek bezalaxe. Teknologia berri eta sare sozialen kritika horretatik abiatzen da beraz baina giza izaera, behar zein desioez hausnarketa sakon bat egiten amaitzen du.

Twombly jauna orain urte bete banandu zen eta oraindik ez dio bueltarik eman. Lur jota dago eta ezinezkoa egiten zaio bere bizitzan aurrera egitea. Testuinguru horretan, sistema operatibo berri bat erosten du eta hor sartzen da Scarlett Johansson. Sistema iraultzaile honek inteligentzia artifiziala du eta ikasi egiten du bezeroaren beharrei egokitzen den oinarri batetik. Esan beharrik ez dago gizon eta makinaren arteko harremana dela Her honen ardatz nagusia eta nola ez, maitasun istorio bat sortzen dela bien artean.

Ez dut argumentua zanpatu nahi eta ez dizuet gehiago kontatuko bere inguruan baina aurreratzen dizuet harreman horretatik eratorritako egoerek guztiok barnean ditugun zalantza, beldur eta ametsak azaleratzen dituela (gaur egungo gizartearen berekoitasuna, amodio idealen tranpa, oroitzapenen kartzela…). Tekla egokia sakatzen du Spike Jonzek eta guztiok Theodoreren azalean jartzea lortzen du irribarre bat baino gehiago lapurtuko dizun filma honetan.

I’m Still Here ikusi ondoren Joaquin Phoenixen buruak bere lekuan jarraitzen ote zuen zalantzak zituen edonor (ni barne) bere akatsaz konturatuko da. Aktore sanjuandarra (Puerto Ricoco San juan, ez Pasaiakoa) oso handi ageri da bere lanik hoberenetakoa izan daitekeen honetan. Samantha (Scarlett Johansson) ahotsa besterik ez da eta horrek Joaquinen pantaila aurreko minutuak ikaragarri biderkatzen ditu filma arrunt batekin alderatuz (onartu beharrean nahiz Samen bikoizketa  izan dela kale egiten duela iruditu zaidan gauza bakarra. Jatorrizko bertsioa ikusi beharko dut filmaz erabat gozatzeko). Pisu handia du Phoenixek filma osoan zehar baina izugarri ondo darama bizkarrean. Ez da plano-kontra planorik eta elkarrizketa gehienetan bakarrik ageri da. Ikuslea bere biboteaz aspertzeko arriskua ordea, oso ongi saihesten du Jonzek eta irudi iradokitzaileekin janzten ditu hainbat pasarte. Horrek guztiak, erritmo pausatu bat eskaintzen dio filmari eta zu ere erritmo horretan sartzen zara bihotz taupadak Arcade Fireren soinu bandaren pare jarri arte.

Where The Wild Things Are bikainean kantu nagusia Arcade Firek eta Soinu Banda Karen Ok egin bazuen, rolak aldatu ditu oraingo honetan Spike Jonzek eta Karen Ok (Yeah Yeah Yeahs) kantu nagusia egin duen bitartean (ederra benetan) Montrealekoek soinu banda osoa gorpuzteko aukera izan dute. Nik dakidala, halako zerbait egiten duten lehen aldia da eta emaitza, txapela kentzeko modukoa da.

Ez nuke nahi kritikatxo hau amaitu jantzigintzaren alorra aipatu gabe normalean, ihes egiten didan kontu bat bada ere, oraingo honetan nire arreta eta nirekin zeudenena eskuratu baitu. Gertuko etorkizun hori osatu eta barneratzen laguntzen digu beraz, bere funtzioa ongi betetzen duelakoan naiz baina ezin izan nuen saihestu, filma osoan zehar, praka madarikatu horiek bere lekuan jartzeko pentsatzen aritzea.  Zuk ere pentsatuko duzu ziur, ikustera joaten bazara behintzat. Nik, zalantzarik gabe gomendatzen dizut.

her-fp-0835