sufjan stevens

Hilabetea alaitu didaten diskoak: Sufjan Stevens, Mikal Cronin eta Peter Broderick

Posted on

Urte guztian zehar argitaratzen dituzte munduko artistek disko zoragarriak baina azken hilabete honetan hiru harribitxi ederrekin topatu naiz kaleratze eta kaleratze artean. Gaurkoan, hiru disko hauek gomendatu nahiko nizkizueke une bat duzuenean entzunaldi bat emateko:

SUFJAN STEVENS – CARRIE & LOWELL

descarga

Bada hilabete bat baino gehiago Sufjan Stevensen azken lana atera zenetik baina oraindik, berria balitz moduan gozatzen ari naiz. Illinoise (2005) edo Avalanche (2006) lan borobilengatik nuen ezagun amerikarra baina azkenaldian, dantza eta festarako joera lantzen ibili da. Hori ere ongi egiten du Sufjan jaunak baina onartuko dizuet lasai eserita eta barrura begira jartzen duenean gustatzen zaidala gehien.

Carrie & Lowell bere gurasoen izena daraman azken lan honekin (azalean ageri direnak ere beraiek dira) jarrera instrospektibo horretara itzuli da Detroitekoa eta lana 10ekoa da. Zalantzarik ez dut urte amaieran urteko disken zerrenda guztietan izango dela.

Hemen duzue lehen singlea izan den “Should Have Know Better” ideia bat egiten joateko eta disko osoa entzuteko aukera beherago Spotify bidez.

 

MIKAL CRONIN – MCIII

MCIII-608x608

Ty Segallekin batera egin zen ezagun baina bakarka lortu du ordura arte distantzia batera mantendu duen arrakasta. Bere bigarren bakarkako lana (MCII, 2013) izan zen bere doinuak munduan zehar sakabanatu zituena eta Euskal Herrian jotzera ere iritsi zen Californiarra.

Espektatiba altuak genituen zaleek 2015ean kaleratuko zuen bakarkako hirugarren lanaren inguruan eta bai, berriz ere tekla egokia sakatu du Mikalek. Diska zoragarria oparitu digu eta ziur naiz behin entzutera animatzen bazarete ez dela azkenekoa izango.

Californiarrak oraindik ez du bideoklipik egin azken lanarekin beraz zuzenean disko osoa entzuteko aukerarekin uzten zaituztet.

PETER BRODERICK – COLOURS OF THE NIGHT

Peter-Broderick-Colours-of-the-Night-ALBUM-Packshot-1440x1406Eta zer esan Portlaneko geinuaz? Blog hau irakurtzen duzuenok badakizue nire artista kuttunenetakoa dela kuttunena ez bada. Bilboko Kafe Antzokian eskaini zuen kontzertuaz aritu nintzen duela ez gehiegi eta egun hartan aurkeztu zigun Satellite EPaz ere hitz egin nizuen.

EP horren atzetik lan luze bat etorri da eta bertan “Colours Of The Night” zoragarria ageri bada ere, gainontzeko kantuak berriak dira. Ez naiz oso objektiboa Peterrekin baina aurreratuko dizuet lan bikaina iruditu zaidala lehen entzunalditik. Bertan, “Red Earth”, “The Reconnection” edo “More and More” bezalako kantu anitz zein zoragarriak topatuko dituzue. Hala ere, eta Peter Broderick handiaren lan guztiak bezalaxe, Colours Of the Night hau hasieratik amaierara entzuteko disko bat da. Peterrren munduan sartu nahi? Azti ibili betirako izanten baita.

 

PD: Zuek ere ziuraski disko bat faltan bota duzue hirukote hau pokerrean bilakatzeko eta bai, Anariren Zure aurrekari penalak kaleratu berriak ere post honetan lekutxo bat mereziko luke baina oraindik, tamalez, ez dut osorik entzuteko aukerarik izan. Hemen duzue Badok webgunean aurreratu zutena:

Finlandia (1. atala) – 1.15

Posted on

Egunak eta hilabeteak pasa ziren, baita urteak ere eta nire bizi berrira ohitu nintzen. Teknikari lanak ez zidan independizatzeko aukerarik eskaintzen eta gurasoen etxean jarraitzen nuen bizitzen. Ez zegoen gehiagorako aukerarik eta nahi edo ez, beti alboan izango nuen bakarra familia zela konturatzen hasi nintzen. Bizitzari ez ekiteko aitzakia berri bat besterik ez zen agian baina etxekoekin harremana hobetzen eta zentratzen hasteko aukera eskaini zidan egoerak.

Halako batean, gazteria zinegotzi anormalari bere ohiko anormalkerietako bat burua jetsiz onartzen nion horietako astearte puta batean, argia ikusi nuen. Alboko mahaiean dudan eta Komando Sekretariaseko kide den Marianjeles bere alabaz hizketan hasi zen. Behin baino gehiagotan eskatua nion txantxa artean aurkezteko, amaren antza pixka bat bazuen ezagutu nahi nuela. Barre egiten zuen orduan eta halakorik pentsatu ere ez egiteko erantzuten zidan. Bere alabak, ni bezalako parrandero bat baina zerbait hobea merezi zuela. Hala ere, ez nion sekula jaramon handirik egin eta ez nekien zer egiten ari zen bere bizitzarekin Kattalin liraina.

-Laburmetraia bat egin behar omen du! Bai bai, gidoia idatzita omen du dagoeneko!

Ikusentzunezko Komunikazioa ikasten ari omen zen Katalin ederra (Oso ona zegoen. Benetan…). Karrerako azken urtean zegoen eta lagun batzuekin batera laburmetraia bat grabatzekotan omen zen. Une hartan, aspaldi ez bezala, nire buruak gorputza bulego alu hartan utzi zuen oso urrunera joateko. Buruan egunero asmatzen nituen istorioetan pentsatzen hasi nintzen eta nire burua istorio horiek gauzatzen irudikatu nuen. Idazten, gidoi bat prestatzen, filma bat grabatzen! Azken aldiz B.B.B. garaietan sentitu nuen grina bat hasi zen nire gorputza zeharkatzen. Aspaldi ikusi ez nuen lagun min bat ikusi banu moduan sentitu nintzen eta zirrara ahaztu hura berreskuratu beharrean nintzela erabaki nuen. Ezin nion ihes egiten utzi.

Orduan gogoratu nuen nola nik ere Ikusentzunezkoak ikasteko ametsa nuen hamalau-hamabost urte nituela. Nola baztertu nuen ideia hura karrera hura hautatzeko 8,7ko batazbesteko nota bat behar zela jakitean. Horren aurretik ipuinak idazten eta marrazten igaro nuen denbora guztian pentsatu nuen. Marrazki zein istorioz betetzen nituen liburuez gogoratu nintzen eta salako mahai borobilean lan horietan igarotzen nuen denbora guztiaz…

Egun hartan, lana amaitu eta etxera iristean, prezintatuak ziruditen nire logelako tiradera zaharrak zabaltzen hasi nintzen. Orduak pasa nituen bertan topatu nituen ipuin eta marrazki koaderno amaiezinei begira. Une hartan konturatu nintzen garai haietatik aurrera ez nuela ezer berririk gorde logelako tiraderetan. Ezta apaletan ere. Harrezkero, nire bizia pause egoeran egon zela  eta nola ez, play-ari sakatzeko garaia zela.

Afaltzeko orduan topatu nuen guztiaz hitz egin nien etxekoei, gorputza zeharkatu zidan sentsazio olatu hartaz eta hiruek, irribarre oso zein katartiko batez begiratzen nindutela konturatu nintzen. Bazirudien ni neu nintzela nire bizitzarekin gertatzen ari zenaz konturatu ez zen bakarra. Ohera joan arte aritu ginen idazten eta marrazten pasatzen nituen garaiak gogoratzen.

Aste betera zabaldu nuen bloga eta musika artikulu eta ipuin txikiak argitaratzen hasi nintzen bertan. Ondo sentitzen hasi eta nire egoera, zoriontasunetik hurbilago zegoela konturatu nintzen. Zoriontsu izatea aukera bat zela ikusi nuen eta ordurarte, ez nuela horretan pentsatu ere egin. Bapatean, artikulu txiki haiek motz geratzen hasi zitzaizkidan eta zerbait handiagoa idatzi behar nuela konturatu nintzen. Ez zerbait luzeagoa idatzi nahi nuelako baizik eta kontatu nahi nuena, ezin zelako post soil batean idatzi.

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka.