Month: urria 2014
Finlandia (1. atala) – 1.27
Leihotik begira pasa zuen FI597 hegaldiaren azken zatia eta txundituta geratu zen ikusi zuenarekin. Gauetik egunera denboran bidaiatu beharrean, espazioan bidaiatzen ari zirela zirudien. Pixkanaka iluntasuna atzean uzten zuten bitartean, argitasunera gerturatzen ari ziren. Urrunean eguna erabat esnatua zela nabari zen baina hegazkinak gauen murgilduta jarraitzen oraindik. Altuera galtzen hasi eta Keflavikeko aireportuan lur hartu zutenean ordea, Islandian oraindik gaua zela konturatu zen. Zeruak beltz urdindu tonu bitxi bat zuen baina ezin zen inondik inora esan dagoeneko egunez zenik. El Praten fakturatzeko zain zegoela islandiar hego-amerikarrak esandakoaz gogoratu zen orduan. “Laurak aldera argitzen du garaia hauetan Islandian”.
Hegazkinetik jaitsi eta bere errugbi baloi erraldoia jasotzera joan zen Quechua txikia bizkarrean hartuta. Islandian zegoen dagoeneko eta ezin zuen sinetsi ere egin. Pentsatu hutsarekin, aurretik zuenaz gozatzen hasi zen ohikoa zuen pelikulismoaz baliatuz. Oso mugimendu gutxi zegoen aireportuan. Informazio paneletan ikusi zuenagatik, eguneko azken hegaldia zen beraiena. Langile gutxi geratzen zen aireportuan eta Suncamp handiaren zain zegoela, gainean zuen nekeaz kontziente izan zen egun osoan lehen aldiz “Vaya paliza…”. Bigarrena atera zen uhal garraiatzailetik eta ezertan hasi aurretik, gainean zuen plastiko festa kendu zion. Ondoren, maletak jasotzeko gunetik atera eta Reykjavikera nola iritsi ikertzen hasi zen.
Bidaia kide gehienak bera bezain galduta zebiltzala konturatu eta inori galdezka hasi aurretik informazio leihatilara jotzea erabaki zuen. Berandu zen ordea eta aldameneko kafetegia bezalaxe, itxita zegoen dagoeneko. Aldamenetara begiratu eta informazio postuaren parean aireportuko irteera ikusi zuen. Atearen alboan, autobus txofer bat izateko itxura guztia zuen gizon bat topatu zuen koaderno bat eskuan zuela. Berarengana gerturatu eta bere ingeles traketsarekin Reykjavikera ote zihoan galdetu zion. Baietz erantzun zion metro laurogeita hamar inguru neurtzen zuen bikingo bizardun irribarretsuak. Hala ere, bazuen beste zehaztapenen bat Txomini jakinarazteko eta honen ingeles maila kaskarra ikusiz, alboan zuen makina bat adierazi zion. Han hartu behar omen zuen tiketa. Makinara iritsi eta pantailan ageri zen azalpena deszifratzen saiatu zen. Fly Bus zerbitzua zen eta aireportutik hostatua hartua zenuen lekura eramaten zintuen zuzenean. “Ona! Arazo bat gutxiago!”. Tiketa erosi, txoferrari Reykjavic City Hostel esan eta autobusera igo zen bere bi fardelak maletategian utzi ondoren.
Orain arte, horrela doa Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka.
Basuraindik Ordiziara joan nintzenekoa
Larunbatean Ordiziarocken izan ginen eta ederki pasa genuen bertan. Ordiziako Rock jaialdia Goierriko beteranoenetako bat dugu Sustraiez Blai klasikoarekin batera eta bertan egonda, bizkor ulertzen da zergatik egin duen hain aurrera denboran. Antolakuntza zein giro bikaina bizi izan genituen bertan eta ez nuke post hau amaitu nahi jan genituen BurgerRock zoragarri haiek ere aipatu gabe (garrote).
Hala ere, eta jaialdiarekin zerikusirik izan gabe, arreta deitu zidan Ordiziara iritsi eta lehen ordu erdian bizi izan nuenak. Gure nerabezaroa (luzea, 24 bat urte artekoa) Ordizian pasa genuen. Milaka ordu igaro genituen Bogan lehendabizi eta Sugaarren ondoren eta nire bizitzan leku berezia duen herria da. Aita bertakoa dut eta lan ere bertan egiten dut gaur egun. Hori gutxi balitz gainera, nire familia berria ere Ordiziako da.
Gustuko dut Ordizia baina azken urteetan gutxiago gerturatu gara bertara (badakizue, adinak alfertu egiten gaitu). Hori dela eta, gogo berezia nuen larunbatean Ordiziara joan eta bertako giro, taberna eta aspaldikoez gozatzeko. Kontua da, herrira iritsi eta ordu erdi batean hiru ezagunekin egin nuela topo. Besterik gabe agurtu eta kontzertuez, giroaz edo grabitateaz hitz egin genuen. Rigorezko elkarrizketa hutsal horietan ordea, Beasainekiko gorroto edo nazka moduko bat sumatu nuen. Bai, ez naiz pike sano batez ari, gorroto edo nazkaz ari naiz eta bai, hirutik hiru elkarrizketetan.
Entzun nituen komentarioen arabera, bazirudien barkamena eskatu edo esplikazioak eman behar nituela beasaindarra izan eta nire aisialdian Ordiziara joateagatik: “Gaur bai e? Gaur etorri zarete Ordiziara…”, beasaindarra izateagatik soilik egun santu osoan Ordiziarekin sartzen aritu eta gustuko zerbait egotean burua jaitsi eta bertara joan bagina moduan. Edo, “Beasaindarrak ere etorri dira eta!” guretzat Ordiziara joatea mailaz jaistea dela pentsatuko bagenu moduan. Horretaz gain, 14 urte nituenetik entzuten ez nuen “Basurain” terminoa ere entzun behar izan nuen pare bat aldiz.
Erdi brometan eta parranda testuinguru batean esandakoak dira bai baina hain denbora gutxian jarrera berdina hiru aho ezberdinetatik entzun izanak zer pentsatu eman zidan. Ziur naiz ordiziar guztiek ez dutela horrela pentsatzen baina esanguratsua ere bada ezta? Esandakoa, gustuko dudala Ordizia eta horixe esan nion solaskide izan nituenetako bati. Orduan bere erantzunak harrituago utzi ninduen posible bazen behintzat: “Eta Beasain gustatzen zaik?” Harriduraz, Ordizia gustuko izateak zentzutasunez jantzi eta horrek Beasain Basurain dela ikusteko gaitu izan banindu moduan. Aho bete hortz baietz erantzun nion, gustuko nuela eta harro nagoela gainera beasaindarra izateaz. “Atsegin dut nire herria baina baita zurea ere, ez dut hor kontraesanik ikusten”. Are gehiago, Beasaingo gauza batzuk gehiago gustatzen zaizkidan moduan, badira Ordizian nire herrirako nahiko nituzkeenak ere. Horixe dute ona herriek, izaera propioa dutela eta bakoitzak berea duela; ona, eta txarra.
Antzinakoa da Beasain eta Ordiziaren arteko pikea eta haurtzaroan gehienbat guk ere egin genituen bromak kontu honen inguruan. Hala ere, inondik inora ez genuen gorrotorik sentitzen Ordizia edo ordiziarrekiko. Zaharragoen kasuan ordea bai sumatu dudala jarrera hori (Bai Beasainen eta baita Ordizian ere) eta egia esan, zentzugabea eta sinpletasun ikaragarri batekoa iruditu zait beti.
Hasieran aipatu dut aitaren aldetik ordiziarra naizela eta agian, erdian egote horrek pike alu horietatik at egotera eraman nau baina nire inguruan ere, koadrila edo lagunartean, ez dut sekula Ordiziaren aurkako halako jarrerarik sumatu.
Beste edozeren gainetik pena eman zidana, ondoan dauden eta batak besteari hainbeste eman diezaioketen bi herriren arteko ezinikusia berpizten ari dela ikustea izan zen. Gerora, jende ezberdinarekin hitz egin dut anekdota honetaz eta ikusi dudanagatik, gori-gori dagoen gaia da azkenaldian. Ez naiz kausa edo ondorioak aztertzen hasiko zentzurik ez lukeelako izango alde batetik, eta ezagutzen ez ditudalako bestetik. Besterik gabe, hausnarketa hau plazaratzea besterik ez nuela nahi. Ordu erdian topatu nuen hiru horietako batek irakurri eta pentsatzeko ematen badio, ni gustura.
Horrela, berriz ere joan ahal izango naiz Willis Drummond ikustera Ordiziara Basurain terminoa entzun gabe.
Renée Zellwegeren aurpegi berria betiko munduan
Gogoan dut Renée Zellwegerez maitemindu nintzen eguna. Jerry Maguire ikusten ari nintzen eta erabat tontotuta utzi ninduen bertan ageri zen neska zoragarriak. Pertsonalitatez betetako aurpegia zuen eta bere begiradak ordura arte irudikatu ere ezin izan nuen goxotasuna iradokitzen zuen. Begi eder haien aurrean mototsetik erortzen zitzaion ile xerlo bat agertzen zen noizean behin eta irudi horrek, edozein egunetan kalean topatu zenezakeen neska batean bilakatu zuen. Hizketan ari zenean ere ez zuen magia hura apurtzen eta konturatzerako bere ezpain haragitsuetara begira nintzen edozein unetan “maite zaitut” esatera joango balitz moduan. Renéek emakume gorputza zuen gainera, benetakoa, berea. Eta horrek egiten zuen hain berezi, hain arrunt zein zoragarri.
Zoragarria zen. Bai, nahiz eta Tom Cruisekin amaitu filma amieran (Tom Cruisekin amaitzea ez da erraz barkatzen dudan zerbait). Ederra zen hitzaren zentzurik zabalenean eta hori dela eta gehienbat (horrelakoxea da gaur egungo zinea. Edo betikoa…), ezaguna egiten hasi zen. Bridget Jonesek egin zuen falta zen lana eta izar artera eraman zuen kolpe bakar batez. Eta hain justu, ospera eraman zuen pertsonaia Bridget izatea bitxia da gutxienez, filma hartan agertu baitzen sekula baino haragitsuago. Bridget Jones hark maitemindu zuen mundua eta ez Renée argalak. Handik gutxira, aurrekontu handiko filmetan parte hartzen hasi zen eta Oscar bat ere irabazi zuen bidean. George Clooney edo Jud Lowrekin ikusi genuen istorio epikoak protagonizatzen eta urte batzuetan zehar, izar handienen artean egon zela esan dezakegu. Ordurako ordea, bere aurpegia ez zen Jerry Maguireri bizitza salbatu zion hartakoa eta are gutxiago, bere gorputza. Urrun geratu ziren denbora eta kiloetan Bridget Jonesek Hugh Grant eta Colin Firth zoratu zituenekoa.
Begietan operazioren bat egin zuela garbi zegoen baina ez zen hori bakarrik izan, botox madarikatuarekin eskua joan zitzaion eta barkatu baina, aste bete kaka egin gabe zeramala iradokitzen zuen aurpegia geratu zitzaion. Aurpegi berriak benetakoa izateari utzi zion eta dagoeneko, bere aurpegiak ez zuen inondik inora bere garaietako ez izaera eta ezta indarrik ere. Guztiz kontrakoa…
“Zahar” bilakatzen joan zen zinearen mundu gezurti zein merkantilizatuarentzat eta dagoeneko, bere managerrak ez zituen lehen bezain beste gidoi jasotzen. Denbora generaman Renée filma batean ikusi gabe eta atzo gauean agertu zen berriz ere mundu aurrean ameriketan hain jarraituak diren ekintza “sozial” horietako batean.
Medio guztietan izan du oihartzuna Renéeren aurpegi berriak eta guztiok ikusi ahal izan dugu gaur. Bai sarean eta baita informatiboetan ere. Zertan dabilen galdetu diogu gure buruari, ea burua bere lekuan duen. Hainbat mediotan barre ere egin diote Sylvester Stallone edo Donatella Versacerekin alderatuz baina… Hori al da Renée ederraren aurpegi berriak sortu beharreko hausnarketa?? Ez al litzateke galdera zuzena puntu horretara zerk eta zergatik eraman duen izango?
Gaur egungo zineak ez ditu neska normalak maite. Beno, batzuk bai. Eta arrakasta handia izaten dute gainera! Baina badirudi arrakasta horiek ez direla adibide esanguratsuak. Jendeari gustatzen zaizkio eta mirestu ere egiten dituzte. Normalak direlako, gu bezalakoak direlako… Baina ez, zineak ez du hori izan behar. Zinea beste errealitate batean mugitu behar da. Bertan gertatzen diren gauzek, agertzen diren pertsonek beste maila batekoak izan behar dute, bestela, ez ditugulako ikusi nahi izango. Edo hori pentsatzen dute ekoiztetxe handiek behinik behin… 3D programa batekin egindako estereotipoak indartu eta bultzatzen dituzte eta jendeak, estreotipo “ideal” horiek ditu eredu. Eta hori… Gazteei dagokienean!!! Gaia askoz bizarroagoa jartzen baita adin batetik aurrera goazenean.
Renée txikia Katy, Texasetik irten zenetik zineaz bizi izan zen baina egun batean, zineak, berarekin egoteko zaharregia zela esan zion. Renéek, bere bizitza irauli eta ordura arte egin zuenaren erabat ezberdina zen zerbait egiten hasi beharrean, inork hitzez esaten ez ziona baina begiradarekin mundu guztiak eskatzen ziona egin zuen.
Emaitza, beldurgarria da. Niri pertsonalki, barregura baino gehiago, ezinegona sortu dit. Jerry Maguire hartan maitemindu ninduen neskaz gogoratu naiz eta inguruan jasan behar izan dituen presio estrukturaletan pentsatu dut. Bizi dugun mundu gezurti zein azalekoan… Eta zein faltsuak garen, guk geuk, nahiz eta gaur Renée gajoari barre egin, eredu horiek bultzatu eta zabaltzen ditugulako.
Niretzat, egun tristea da gaurkoa. Tristeagoa esango nuke ez baitut uste, Renéeren aurpegi berriak Katy, Texasetik Holliwoodera ametsez beteta iristen den hurrengo neskaren bizitza ezberdin egingo duenik.
Finlandia (1. atala) – 1.26
Lau ordu eta laurden inguruko bidaia izan zen Txomin Bartzelonatik Keflavikeko aireportura eraman zuena. Bartzelonan pasa beharreko orduek zenbat arduratu zuten gogoratu zuen hegaldian zehar eta betiko moduan bere kezka guztiak alferrikakoak izan zirela konturatu zen “Zer axola, hurrengoan gauza berbera egingo dut eta”. Lau ordu eta laurden iraun zituen bidaiak bai, baina hiru aste lehenago arte, bi ordu eta laurden besterik izango ez zirela pentsatu zuen “Gertu dago Islandia gero!”. 23:25etan irten eta 01:40etan iritsiko zela jartzen zuen udaletxeko inprimatzailean ezkutuan inprimatu zuen paperean. Ez zen konturatu ordea, ordu aldaketa zegoela Euskal Herria eta Islandiaren artean eta ordutegi horretan asimilatua zegoela dagoeneko. Sekula ez zuen ordu aldaketarik suposatzen zuen hegaldirik hartu eta ez zuen batere denborarik galdu horretan pentsatzen. Itzulerako bidaiaren ordutegiari begiratzea besterik ez zuen behar hegaldia laburragoa zela ikusi eta bere akatsaz konturatzeko baina ez zuen denborarik galtzen gauzak irakurtzen. Erreaktore nuklear bat ere argibiderik gabe muntatuko lukeen horietako bat zen Txomin.
Bidaia lasaia izan zen. Familia oso bat suertatu zitzaion alboan baina ez zuten ia hitzik egin hegaldian zehar. Lo egiteko probestu zuen aukera eta horrela egin zuen bidaia erdia baino gehiago. Berandu iritsi behar zen Reikjavik City Hostelera eta goiz esnatu nahi zuen lehen minututik denbora baliatu eta Islandia ezagutzen hasteko. Nahiz eta alboko familiak bi ume izan, hegazkineko zerbitzariak sasi-afari madarikatua ekarri zutenean besterik ez zen esnatu. Emakumea antzarrak ferratzera bidaltzeko bulkada kontrolatu eta ezetz esan zion eskuarekin. Ikaragarri gogaitzen zuten hegazkinetako mokaduek eta ez zuen sekula ezer jaten bertan. Janaria, hutsaren parekoa iruditzen zitzaion eta ez zuen ulertzen jendeak nola hartzen zuen halako alaitasunez orgatik. “Debalde da tio!” Esan zion behin edo behin koadrilakoren batek. “Eta nola debalde den, barrura ezta?”. Ez zitzaion janari hura gustatzen baina gehien gogaitzen zuena zerbitzariak, nahiz eta lo egon, mokadua eskaintzeko jendea esnatzea zen “Loa infrabaloratua dago gizarte honetan…”. Gustura egoten zen hegazkinetan. Lasai, isilik. Musika entzuten, irakurtzen edo bere pentsamenduetan murgilduta. Berdina gertatzen zitzaion egunerokotasuneko beste hainbat momentuetan eta barruan zuen marmartia ateratzen zitzaion gasolina botatzera edo hilea moztera joan eta gasolindegikoak edo ile-apaintzaileak elkarrizketa eman nahi zionean “Bazatoz nire zen momentua izorratzera…”. Barre egiten zioten lagunek haserre horiengatik baina berak ikaragarri maite zuen bere barneko marmartia. Haserre horiek besteengandik desberdintzen zuten eta bere nortasuna berresten laguntzen zioten. Ingelesa ez jakitea edo free, 0,0 eta sin produkturik ez kontsumitzeak bezalaxe.
Orain arte, horrela doa Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka.
Finlandia (1. atala) – 1.25
Oporretara bakarrik joateko erabakia indarra hartzen hasi zen nahiz eta buruan bidaia irudikatzen edo antolatzen hastean, irrealtasun zantzu bat izaten jarraitzen zuen. Erabaki itxia zen baina irekiune bat zuen nonbait. Zerbaitek kale egiten zuen eta nire buruarekin zintzo jokatzen nuenean, lotsa puntu batez onartzen nion azkenean, ez nuela potrorik izango abenturari ekiteko.
Milaka webgune bisitatu nituen Finlandiaren inguruko informazio bila eta beti topatzen nuen aitzakiaren bat bidaia alde batera uzteko (hiri gehiegi hamabost egunetan bisitatzeko, desplazamendu luzeegiak, garraio garestiak, hegaldi oso garestiak, unikornio adar birrinduz eginak behar zuten izarez estalitako oheak…).
Hamabost egunetan Finlandian zehar burutzeko milaka ibilbide ezberdin planifikatu nituen baina guztiek zuten ibilbide berri baten bila jartzen ninduten akatsen bat. Eta akatsik ez bazuen, asmatu egiten nion. Begiratzen nuen webgune bakoitzeko urrunago ikusten nuen Finlandia eta pentsatzen hasia nintzen oporretara bakarrik joateko erabakia inori kontatu ez nionez, oraindik atzera botatzeko aukera nuela.
Halako batean ordea, eta ez dakin nola, bideo batekin topatu nintzen sarean. “Inspired by Iceland” izena zuen eta Islandiako gobernuak 2008ko krakaren ostean turismoa indartzen hasteko martxan jarri zuen kanpaina turistiko baten barnean zabaldutako iragarki bat zen. Emiliana Torriniren islandiarraren “Jungle Drum” kantua barruraino sartu zitzaidan eta bideoa ikusten ari nintzen bitartean idaztean sentitzen nuen zirrarara sentitu nuen gorputz osoan zehar. Glaziarrak, geyserrak, lur zati amaiezinak, ipuin batekoak ziruditen lekuak, Hallgrímskirkjako eliza, jende zoriontsua, neska zoragarriak… Bideo hasieran ageri den neskak zeramana bezalako jertse batekin ikusi nuen nire burua leku eder guzti haiek ezagutzen. Emiliana Torriniren kantua amaitzean, ahoan aspaldi izan ez nuen irribarre bat nuen.
Konturatu gabe, pentsatu gabe, erabakia hartua zegoen. Erabaki harri falta zitzaion itxiturak borobila osatu zuen bat-batean. Islandia ez zen Finlandia baino merkeagoa baina ez zuen axola, Reykjavikeko publizista abilen batek prestaturiko bideo hark bere helburua bete zuen nirekin. Islandia zen nire ametsetako bidaiari falta zitzaion elementua eta bideo hori zorte hutsez topatu izanak magia ukitu bat erantsi zion erabakiari. Patua zen. Nahiz eta sekula ez nuen halakoetan sinetsi.
Islandiaren inguruko informazio bila hasi nintzen orduan eta zenbat eta gauza gehiago begiratu zirrara handitu egiten zen nire barnean. Emiliana Torriniren diskografia osoa jaitsi nuen saretik eta bere “Me and Armini” diskoa entzuten pasa nuen aste bete. Aurretik Islandian egondako lagun edo ezagunak lokalizatzen hasi nintzen lehen eskuko informazioaren bila eta konturatzerako, izotz eta suaren lurraldera bakarrik nindoala ez zen sekretu bat.
Gutxi gora beherako ibilbidea pentsatu eta hegaldiei begira hasi nintzen. Nahiz eta egun konbinazio ezberdinekin saiatu, 380 eta 400 euro tartean aurkitzen nituen guztiak eta apur bat itxarotea erabaki nuen. Gauzak horrela, asteazken buru-zuri batean, eDreamseko bilatzailean eguneroko kontsulta egiten nebilela, 235 euroko hegaldi bat agertu zen nire muturren aurrean. Abuztuaren hirutik hamazortzira. Garaipen oihu batek ere ihes egin zidan eta Komando Secretarias osoa barrez hasi zen bitartean, bere burua estatu-gizontzat zuen zinegotzi motzak erremediorik ez duenari botatzen zaion begiradetako bat oparitu zidan “Ez dakizu zein gustura egon behar naizen zu bezalako artaburu bat egunero ikusi gabe”.
Hegaldia erosi eta sentsazio arraro batek hartu ninduen. Egia zen, ez zegoen atzera bueltarik. Bakarrik joan behar nuen oporretara. Bakarrik joan behar nuen Islandiara.
Orain arte, horrela doa Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka.
Peter Broderickek iluntasuna argi bilakatu zuenekoa
Colours of the night, turn every darkness in the light. Horixe da Peter Broderick amerikarraren azken lanari izena ematen dion kantuak diona eta horixe da hain zuzen ere, Portlanekoak astelehenean Bilboko Kafe Antzokian lortu zuena, gela ilun eta txiki hori, argiz betetzea. Eta bide batez, baita gure bihotzak ere.
Indartsu hasi naiz bai baina ez da harritzekoa kontzertutik zein aurpegirekin atera nintzen kontuan izanda. Badira artista batzuk, disko batzuk, gure bizietako soinu bandan leku berezia dutenak. Batzuetan, bizitzako une garrantzitsuetan etengabe entzun ditugulako. Beste batzuetan aldiz, une zehatz hartan sentitzen genuena guk geuk baina hobeto azaltzeko gai izan zirelako. Askotan, disko batek gure arimaren doinu berdina duela iruditu zaigu baita, gure ahotsarekin nahasten zela ere kantua gu geu izan arte. Memorian zizelkatuak geratzen diren une zein sentsazioak dira hauek eta nik, astelehenean, hori guztia sentitu arazi didan artista bat zuzenean ikusteko aukera izan nuen.
Kafe Antzokiko gela txikian jo zuen hiru musikari bikainez lagunduta eta ikuskizunak ez zion bertara gerturatu zen inori kalerik egin. Berrogeita hamar bat lagun bildu ginen areto txiki zein erosoan eta ziur naiz, une batzuetan, une magiko bat bizitzen ari ginen familia bat ginela pentsatu genuela. Hemendik hamar urtera kalean topatuko dugu elkar eta gaua kolorez jantzi zen egun hartan han izan ginela gogoratuko dugu. Pasatzen ari naiz agian baina horixe du musikak benetan ukitzen zaituenean, barrena jo eta eramaten uzten zarela, une horretan munduan beste ezer egongo ez balitz moduan.
Orain pare bat hilabete izan genuen Peter estatuan ibiliko zenaren berri. Ourensen kontzertu bat lotua zuen eta gainontzeko bira lotu nahian zebilen. Sekula errepikatuko ez zen aukera bat iruditu zitzaigun eta Broderick jauna Beasainera ekartzeko helburuarekin martxan jarri ginen hainbat jazpanazale. Hizketan hasi eta libre zuen egun bakarra urriaren 6a zela jakinarazi ziguten, astelehena. Beldurra eman zigun astelehen buru zuri batean Beasainen halako kontzertu bat antolatzeak nahikoa jende ez gerturatzeak suposatu zezakeen zuloa, kontuan hartzekoa baitzen. Jarrera ona erakutsi zuen Peterrek eta harrituta geratu ginen eskatutako baldintza apalekin baina azkenean, ideia bertan behera uztea erabaki genuen. Eskerrak Kafe Antzokikoak azti ibili ziren eta egun hori bera lotu zuten Euskal Herrian eskainiko zuen kontzertu bakarrerako. Gerturatu ginen berrogeita hamar lagunak ikusita, esan beharrik ez dut erabaki ona hartu genuela. Lastima.
21:00etan hasten zen kontzertua eta puntual jo genuen sarrera ingurura. Peter Brodericken aurretik Mikel Inun zornotzarrak jotzen zuen eta onartu beharrean naiz ez nuela ezagutzen. Hainbeste denbora kontzertu bat ikusi nahian pasa ostean nahi duzun gauza bakarra teloneroak egin beharrekoak amaitu eta eskenatokitik jaistea da. Hala ere, ederki bete zuen Mikelek bere lana eta gustura izan ginen bere kantuak entzuten. Egiten duena zer den ulertzeko, kontzertu amaieran Sopelako Jack Johnson moduan izendatu genuela aitortuko dizuet (alderaketaren zentzurik onenean). Nabarmentzekotan, hitzek jakin mina piztu zidatela esango dizuet.
Amaitu zuen Mikelek eta Broderick jauna igo zen eskenatokira Nick, Roland eta Marioren laguntzaz. Ez nuen zalantza izpirik ere hirurak musikari bikainak izango zirena eta horrelaxe izan zen. Teknikoki kontzertu ikaragarri bat eskaini ziguten, apainduretan galdu gabe eta kantuak uneoro eskatzen zuena besterik ez eginez. Ez du hori baino askoz gehiago behar Peterren musikak eta hori da duen gauzarik ederrenetako bat. Sinpleak izan ohi dira bere kantuak, eraginkorrak. Baina joera hori, esperimentazioarekin uztartzen du sarri. Bere disko bat baino gehiago esperimental moduan definitu genitzazke eta arlo horretan ere, beste maila batera iristen da Portlandekoa. Bi aurpegi horien nahasketan topatzen dugu agian bere bikaintasuna.
Eskenatokira igo zenean izan nintzen kontziente benetan hainbeste aldiz entzun eta hain nire sentitu nituen doinuak zuzenean entzun behar nituela. Zirrara ikaragarri batek hartu ninduen eta negar ere egingo nuela pentsatu nuen (behin bakarrik pasa zait kontzertu batean negar egitea. Beste batean esango dizuet noiz). Bertaratutakoak agurtu eta bere gaztelania kaskarragatik barkamena eskatu zuen. Hala ere, ez omen zuen pentsatzen arazo handia izango zenik Euskal Herrian egonik, ez baikenuen españolik entzuteko gogorik izango. Horrela altxatu zituen gaueko lehen txaloak Broderickek eta hortik aurrera txalo zaparrada etengabea izan zen. Gitarra hartu eta bere hiru lagunak geldirik zeudela, Home diskoko harribitxi hau eskaini zigun.
Home (2008) eta www.itstartshear.com dira gehienbat Portlaneko kantariaren lanen artean kuttunenak ditudanak eta 2008ko Home eder harrekin ezagutu nuen gainera. Disko horretako kantu batekin hastean, hortik aurrera etorriko zena bizitza osoan zehar oroituko nuela konturatu nintzen. Dirudienez, Kafe Antzokian bildu ginen berrogeita hamar lagunek intentsitate berdinarekin eskertu genion lehen kantua eta Peterrek barkamena eskatu zigun berriro. Lan berri bat argitaratu omen du atzean dituen hiru musikariekin batera eta bertako kantuak omen dira kontzertuan eskainiko dituenak gehienbat. Barreak entzun ziren aretoan, ez zitzaigun inporta, berak ginen dagoeneko.
(Colours Of The Night) Satellite (2014) izena du EP berriak eta post hasieran zintzilikatu dudan “Colours Of The Night” ederrarekin hasi zen. Hasi aurretik ordea, kantuaren leloa erakutsi nahi izan zigun eta guk, ahal genuen moduan errepikatu genuen kantuan zehar. Disko berria da eta ez dut oraindik ondo asimilatzeko astirik izan baina Peter Brodericken musika zer den ulertzeko ale bikaina iruditzen zait. Instrumentazio anbientalak, sinpleak, apaingarririk gabekoak, doinu gozo zein emotiboekin uztartuta eta esperimentazio zati distiratsuekin tartekatuta. Kantatzeko modu propioa du Peterrek eta horixe delakoan naiz, bere indarguneetako bat. Askotan, esaldiak hizketan hasten dituela dirudi baina amaitzerako, melodia ederretan bilakatzen dira. Melodiagile aparta da eta edozein kantutan erabat bereziak diren bira eta bueltak sortzeko gai da. Horren froga dira azken diskako kantuak. Adibidez, “Take Me Back” epel zein ederra (ez dago sarean entzungai oraindik, sentitzen dut).
Hortik aurrea kantu ezezagun sorta bat eskaini zigun eta nabarmentzekoa iruditu zitzaidan kantuek une batzuetan lortzen zuten intentsitatea, instrumentuak egurtuz eta ia post rockera iritsiz. Begiak itxi eta burua astintzeko parada eskaini ziguten kaosera gerturatzen zien zati haiek eta une goren horiek izan ziren hain zuzen ere, musikarien kalitatea agerian uzteko balio izan zutenak. Hau guztia, hain bereziak diren baina hain zure sentitzen dituzun hitzekin lagunduta. Musikari bikaina da bai Peter Broderick baina idazten dituen hitzek ere, liburuxka hartu eta arreta eskaintzea merezi dute
Kantu batean, eskenatoki aurrean zegoen hutsuneaz ohartarazi gintuen eta dantzarako leku ona zela bota zigun. Eskenatoki txikitik jaitsi eta dantzan hasi zen taldekideek kantu bat hasten zuten bitartean. Dantzarako gonbitea ere egin zigun baina Euskal Herrian nahiko gogorrak izaten gara halakoetarako eta bakarrik aritu zen dantzan neska bat animatu zitzaion arte. Mila esker hemendik espontaneoari une eder batez gozatzeko aukera eskaini zigun eta.
Pixkanaka, kontzertuaren amaierara gerturatzen hasi ginen baina horren aurretik, Home disko borobileko ale bat gehiago oparitu zigun. Oraingo honetan “Below It” izan zen aukeratua.
Eskerrak eman, eskenatokitik jaitsi eta kamerinora abiatu ziren baina jakin bagenekien kontzertu hura ezin zela horrela amaitu, denora azkarregi igarotzen zen gela txiki hartan. Mundua amaituko balitz moduan Beste bat! oihukatzen hasi aurretik eta oraingo honetan bakarrik, eskenatokira igo zen beste hiru kantu gure oroimenean uzteko asmoz. Azkena, eta kontzertua amaitzeko modu ezin hobea izan zena, How They Are (2010) diskoko “Hello To Nills” antologikoa izan zen (azti hitzei, merezi du eta). Arratsaldean Bilboko kaleetan eskatu omen zion neska batek eta honi ere eskerrak eman beharko dizkiogu hemendik.
Eta konturatzerako, amaitu zen hainbeste denboraz grina biziz itxaron nuen kontzertua. Pena sentitu nuen une batez hain maite ditudan It’s all Right edo It Starts Hear jo ez zituelako baina kontzertu hark ezin zuen halako aho zaporerik utzi eta entzundakoaz gozatu ahal izateaz eskertuta egotea erabaki nuen.
Peter Broderickek 27 urte ditu, gezurra dirudi eskenatoki gainean ikusita eta sinestezina egiten zait halako artista bat gurean izan eta bertara berrogeita hamar lagun soilik gerturatzea. Jakin badakit honek ezin duela horrela jarraitu eta Peterrek gutxi barru jasoko duela ederki irabazia duen onarpena. Horregaitik, hamar urte barru, areto handiak betetzen dituenean, bere diskoak edozein dendetan aurkitu ditzakegunean, Beasainera kontzertu txiki bat eskaintzera ekartzea ezinezkoa denean, kalean kontzertu honetan izan zen norbaitekin egingo dugu topo, bere azken bira iragartzen duen kartel mordo baten parean eta batak besteari aitortuko diogu 2014ko astelehen puta batez, gela txiki batean, bere kontzertu magiko hartaz gozatu ahal izan genuela. Gure biiztzek, halako uneetan egiten dute bat.

Finlandia (1. atala) – 1.24
Pixkanaka leihatilara gerturatzen hasi zen Txomin eta bilbotarrak kanabera guztiak fakturatzen amaitu zuenean, errugbi baloi erraldoi batean mutatu zuen Suncamp handia maletak pisatu eta hegazkinerako bidea hasten duten pasabidean jarri zuen.
Behin maleta handia fakturatuta Quechua txikia hartu eta ohiko kontrolak pasa behar izan zituen. Tokatu zitzaion emakumezkoari ez zitzaion Txominen kaxa elektrikoa gustatu eta irekitzeko eskatu zion. Harridura aurpegiarekin ireki zuen Txominek eta kargatzaile eta egokitzaileak besterik ez zirela azaldu zion. Hala ere, emakumeak eskua sartu zuen kaxan bonba baten kableak maneiatzen dituenaren zuhurtasunarekin. Azkenean, kaxa itxi eta aurrera egiteko esan zion. “Banoaa tio! Banoa Islandiara!”.
Irribarre bat ahoan zuela bere atearen bila hasi zen. Sarreratik oso gertu zegoen korridore baten amaieran irekitzen zen gela handi batean topatu zuen. Lau bat ate zeuden bertan eta horietako bat zen bere hegaldiarena. Eserleku batean eseri eta bere ilara kide gehienak dagoeneko bertan zeudela konturatu zen “Hauek ez zuten bonba kaxarik gainean…”. Mugikorra poltsikotik atera eta gaueko hamarrak bost gutxi zirela ikusi zuen nahiz eta bere buruari onartu zion moduan, ez zen ordua LG txikian bilatzen ari zena “Nahikoa dek hostia!”. “El Ocho” atera zuen Quechua txikitik itxaronaldia entretenigarriago egiteko asmoz eta dagoeneko, liburu mardularen laurden bat irakurria zuela kontura zen “Ez, ez da nahikoa izango hiru libururekin eta bai, oso gaizki erortzen ari zait protagonista”.
Alboan zuen ateetako batetik zetorren iskanbilak eten zuen liburuari eskaintzen ari zen kontzentrazio urria. Berrogeita hamar bat gazte ilehori atera ziren bertatik korrika eta oihuka hooligan samalda baten moduan. Salou edo halako lekuren batera joateko traza guztiak zituzten eta bisonte talde baten moduan pasa ziren terminaletik. Korridoretik desagertzean, hautsa ere harrotu zutela iruditu zitzaion Txomini.
Gela handi hartan zain zeuden guztiak ilehori samalda irentsi zuen korridoreari begira geratu ziren ahoa erdi irekita. Bat-batean, Txominen atea ireki zen. Bertatik lasaiago irten zen jendea. Ilehoriak ziren gehienak oraingoan ere baina ez zuen gazte mozkorrik topatu beraien artean. Familia osoak alde batetik, jubilatu koadrila handi bat eta gazte gutxi batzuk.
Keflaviketik zetorren Icelandair konpainiaren FI597 hegaldiko bidaiariak ziren. Hegazkin horrek berak eramango zuen Txomin Islandiara. “Haiek hona eta gu hara…”. Nahi gabeko oporretako truke programa bitxi hartan pentsatzen eman zituen lau segundo.
Orain arte, horrela doa Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka.
Bat eta Bat (2014/09/26)
Mikel Alvarez
Parrandazaleak izan gara, edo gara. Hala ere, gure parrandak modako tabernak ez diren beste eremu batera igarotzen ari gara azkenaldian. Gogoan dut hogeita gutxi urte genituela herriko tabernetan jo ta su ari ginela hogeitamagutxi urteko jendea ikusten genuenean pentsatzen genuena: «Begira, aiton-amonak parrandan atera dira berriz». Urte batzuk geroago, beti bezain gazte jarraitzen dugu eta zer demontre! Noizean behin bada ere, tabernetara jaisten gara parranda egitera. Azkenekoetan, ordea, aiton-amonak gu garela irakurtzen dut gazteenen begietan. «Ze lotsa, nik adin horrekin ez dut parrandan ibili nahi» diotela dirudi begirada aztertzaile zein zorrotzarekin. Aizu! Noizean behin ateratzen naizela! Eta gainera! Ze hostia! Ez dit lotsarik ematen! Nahiz eta zeintzuk zareten ez dakidan, nahiz eta tabernan kanpoan geratzen garen barruan trote gehiegi dagoelako… Batzuetan gainera, gaztetxo hauetako batekin hizketan hasi eta jokuz kanpo egongo bazina moduan hitz egiten dizutela konturatzen zara, parranda bat zer den jakingo ez bazenu moduan. «Guk jagerbombak edaten ditugu», dio mesprezuz zure gintonicari begira. Ba zer demontre! Guk ere edango dugu bat gaur! «Ez ez, hobeto ez, oso gogorra da», erantzuten du. «Nola? Zuk ez dakizu nor garen! Kontatuko banizu… kontatuko dizut» eta guk ere jagerbomb bat edaten dugu. Oraindik urdailari buelta eman ezinik nabil. Zer moduz sartu zitzaizun zuri Artola?
Jon Artola
Ez da erronka makala.Bada nik ere barne hodiren bat apurtuta edo gutxienez batzuk tokiz aldatuta ditudala uste dut. Ez baita normala komunerako maiztasun hau! Jagerbomb horri Coca-Cola apur bat nahastu beharko diogu hurrena. Tripentzat ona omen den kontuarengatik, badakizu.
Eta zu lasai Mikel, jendeak gure gaueko abenturak eta kalenturak ezagutzen ez baditu, dokumentatzerik izan ez dutelako baita. Internet aurrekoak izatean, gure gaztaroak utzitako arrastoak VHS zintekin batera joan ziren, eta ezin horrela urtez-urte, festarik-festa apurtutako markak trasmititu! Baina hobe horrela! Gainerakoan Interneten ahaztuak izateko eskubideen inguruan ariko ginateke eta! kar, kar, kar.
Bestalde, eta diozun moduan, aitortu beharra dugu guk ere horrelakoak pentsatzen genituela. Eta oraintxe bertan, adibidez, gu baino jende zaharragoa gureak sentitzen ditugun ingurunetan ikustean ere burutik pasatzen zaizkigula. Esate baterako lagunekin… emmm… ba adibidez… zera… Wow Mikel! Posible al da egoera bat bera ere ez bururatzea! Demontre, banengoen ba ni, duela urte batzuk inondik inora erakartzen ez ninduten planak gustura egiteak zerbait txarra eduki behar zuela! Goizetan egindako patata tortila eta fiambreradunak besteak-beste…
Coca-Cola bi bider bota beharko diogu hurrena Jagerbomb madarikatu horri, Mikel. Lehena urdailari laguntzeko eta bigarrena, herdoilak kentzeko! Zaharrak garela kamarada! Edo beno, hobe esan: Vintage Originalak!
Berezko artikulua, Goiberin.