moriarti
Usurbeko kritikak: Loreak
LOREAK
Zuzendaria: Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga
Gidoigileak: Jose Mari Goenaga Jon Garaño eta Aitor Arregi
Aktoreak: Nagore Aranburu, Itziar Ituño, Itziar Aizpuru, Joxean Bengoetxea, Egoitz Lasa, Ane Gabarain, Joxe Ramon Soroiz, Jox Berasategi
Produkzioa: Irusoin eta Moriarti
Musika: Pascal Gaigne
Argazkia: Javi Agirre Erauso
Herrialdea: Euskal Herria
Iraupena: 99 minutu
“Baina azken batean, loreak baino ez dira”. Horixe dugu ikusi aurretik filmaren inguruan izan dugun pista bakarrenetako bat. Zuzendariek ez dute askoz gehiago kontatu nahi izan eskaini dituzten elkarrizketetan eta egia esan, eskertzekoa da.
Filma ikustera sartu eta dakigun gauza bakarra, Nagore Aranburuk bikain gorpuzten duen Ane astero loreak jasotzen hasten dela da; egun berdinean eta ordu berberean. Sentsibilitate ikaragarriko aktorea dugu Nagore eta sekula plater bat hautsi ez izanaren aurpegi hori, indarrez beteriko begirada batekin uztartzen du. Gidoi bikaina da Jose Mari Goenaga eta Jon Garañok Aitor Arregiren laguntzarekin idatzi duten hau baina ez da hau Moriartikoen meritu bakarra Loreak zoragarri honetan. Hiru emakumeen istorioa dela irakurri dugu han eta hemen azken asteetan eta a zer hiru emakume! Aktore aukeraketa bikaina egin zuten eta hauek proiektuan erabat murgiltzea lortu dute gainera. Nagore Aranburu dugu trailer eta aurrerapenetan gehien ikusi dugun aktorea baina Itziar Aizpuru eta bereziki, Itziar Ituñoren lana ikaragarria da baita ere.
“Loreak baino ez dira…” eta hala da. Loreek ez dute sentimendurik, ezta zentzu zehatzik ere, guk islatzen ditugu hauek beraiengan erosi, oparitu edo nonbait jartzen ditugunean. Loreakeko loreek ere zentzu ezberdinak dituzte eta hiru emakume hauen begiradatik ikusten dugu nola erramu berdinak, oso erantzun ezberdinak sortu ditzaketen.
Loreaken erritmoa lasaia da, pausatua, baina aldi berean, denbora gutxian gauza asko kontatu eta gehiago iradokitzen dituenaren sentsazioarekin amaitzen duzu filma. Kontatzeko moduaren aldetik, eta nahiz eta kontakizuna orotara kronologikoa den, collage itxura du. Leku ezberdinetatik hartutako pasarteak ikusten goaz, askotan, beste une batean gertatu diren elkarrizketekin jantzita. Hori gutxi balitz, atal ezberdinetan banatzen da filma eta hala ere, gidoi makinaria perfektu batez lotutako eraikuntza bat miresten ari zarenaren sentsazioa duzu.
Makinaria horretan engranaje pertsonaiak ditugu eta Beñaten kasuan ezik, ederki garatu eta aurkeztuak daude guztiak. Pertsonaia bakoitza agertzen den lehen eskenan ez dituzu hamar segundo ere behar nolakoa den jakiteko eta hori, oso zaila da alferrikako elkarrizketetan erori gabe. Beñaten kasuan ordea, zuzendariek beraiek aitortu dute pertsonaiaren anbiguotasun hori nahita hartutako erabaki bat dela eta behin filma ikusita, erraz ulertzen da zergatik. Hala ere, eta esandako guztia ona izan ez dadin bada ere, nire barneko kuxkuxeroak informazio gehiago eskatzen zidala onartuko dizuet. Hala egin balute ordea, filma berdina izango ote zen? Emaitza berdina lortuko ote luke? Ziurrenik ez.
Loreak – Trailer VOSE from Irusoin on Vimeo.
Ohituak gaude filmeetan New York, Chicago, Madril edo Paris ikustera eta nahi edo ez, horrek distantzi moduko bat ezartzen du ikusle eta filmaren artean. Urruneko lekuak ditugu eta hori dela eta, beste errealitate batekoak iruditzen zaizkigu askotan. Horrek abantaila garbi bat du, istorioa hain urrun ikusita, errazagoa baita sinesgarri egitea. Ez duzu han zer gertatzen den ezagutzen, ez dakizu nola bizi diren egunerokotasunean eta edozer gauza irensten duzu. Hor topatzen dut Loreakek, edo gurean kokatutako edozein filmak, izan dezakeen erronka nagusia guztiok ezagutzen ditugun eta ia etxeko sentitzen ditugun lekuak agertzean (ia salto bat eman nuen autobideko kartel batean Ormaiztegi Beasain ikustean), atzerriko edozein filmak baino sinesgarriago izan behar baitu ikusleak ezer arrarorik ez sumatzeko. Zalantzarik ez izan ordea, gertutasun une horiek filmaren alde jartzen dituztela eta Goenaga eta Garañok. Garañok eta Goenagak arazorik gabe gainditzen dute erronka hori filmak irauten dituen 99 minutuetan zehar istorioa, etenik gabe eta jario natural baten moduan igarotzen baita ikuslea filmetik une bakar batez ere atera gabe (ondokoari mugikorra dantzan hasten zaionean kenduta. Hain zaila al da zinera sartzean mugikorra isiltzea?)
Ederra da Loreak, zoragarria, eta ez dakit zertan ari zareten oraindik ikustera joan ez bazarete. Ez dut nik zuzendariek egin ez dutena egingo, pelikula destripatzea hain zuzen ere baina hala ere, polita da filmeetatik inon irakurri ez duzun irakurketak ateratzea eta nik ere, nirea utzi nahiko nuke Usurbeko Kritika honetan. Bada elementu bat pelikulan ia loreak bezain garrantzitsua iruditu zaidana eta hori, denbora da. Loreek ez dute zentzu zehatzik, guk ematen diegu zentzua baina denborak, errealitatea finkatzen du, nahiz eta orain bost urtekoa izan. Berri Txarraken azken lana kalean izateko aste bete inguru falta den honetan, filma hau hoberen definitzen duen esaldia disko hirukoitz horren izenburua delakoan nahiz. Hain zuzen ere, denbora dela, poligrafo bakarra.
Ikusi Irratia – Joxe Mari Goenaga eta Jon Garaño (Loreak) from GITB on Vimeo.
Euskal Herrian molatzen duten 10 gauza
Joder! Begira ze izenburu absolutista eta begira zein lasai geratu naizen! Kontua da, The Indezents berria martxan jarri nuenetik ez dudala oraindik meme edo rankingik egin eta barruan lo dudan eta noizean behin kontzientzia astintzen didan sentsazionalistak haize apur bat behar duela. Gauzak horrela, eta gehiegi luzatu gabe, hemen duzue zerrenda subjektibo zein sudurpuntatikateratzenzaidalako hau
Zerrenda honek ez du orden zehatzik. Ordena ausa hutsez ezarria izan da:
Molatzen dute eta ez dut ezezkorik onartuko. Musikaren industria kale kantoietan lastima eman nahian dabilenean, aro berri bat asimilatu, “bera hasi da” esateari utzi eta tren berriei heltzeko gai izan ez diren garai hauetan, mundu mailan kontuan hartu beharreko proiektua izan beharko lirateke. Txikitik handira, pixkanaka eta egiten dutenean sineste hutsak ematen duen indarrarekin. Bide berri bat jorratuko dute eta ez dute horregatik plantarik egingo. Kooperatibismoa musikaren mundura eraman dute baina ez dituzte SGAEren konferentzi batera gonbidatuko beraiek zertan eta nola ari diren azaltzeko. Askotan iraultza etxe ondoan dugu eta ez gara konturatzen.
Rural Postmodern Festival! Egia esan, ez dakit zer demontre esan nahi duen ere baina finak dira eta gure herrian sekula amestu ere egingo ez genituen taldeak ikusteko aukera eskaintzen digute urtero. Musikarekin nahikoa ez eta skate eta saskibaloi txapelketak zein argazki rallya antolatzen dituzte beste gauza batzuen artean. Hori guztia gainera, debalde eta euskaraz. Nork eskaintzen du gehiago?
Iraultza hemen da eta hauek ez dira baimen edo barkamena eskatzen hasiko. Katihotsak dinamita da eta dinamita lehertu egiten da. Oso normaltzat izan dugu beti hiru tximaluzek instrumentu batzuk hartu eta hauek astintzen bi aste pasa ondoren disko bat argitaratzea. Ez dute putaidearik baina egiten dutena gustatu eta beraien kontzertuetara joaten gara egunero urriagoak diren gure tximak dantzatzera. Ondo ezta? Ba Katihotxak artaburu horiek berberak dira baina musika egin beharrean zinea egiten dute, euskaraz eta irudimen zorrotz baten laguntzaz. Ah! Eta mudua konkistatzeko plan bat dute, azti.
Maitasun ikaragarriz eginiko lanak, edizio bikainekoak, gustu handiz eta musika ederrez bilduak. Inork ezagutzen ez zituenean hoberenak ziren. Hortik gutxira, batzuetan ondo ereindako jasotzen delako gehienbat, guztiok ezagutu genituen eta dagoeneko, ez zuten hainbeste molatzen. Zer egingo diogu ba? Hipster euskaldunak gainontzekoak bezain inozoak gara. Ez dakit hori izan zen arrazoia aleen produkzioa eteteko, ez dut uste baina faltan botatzen ditut eta egunen batean ale gehiagoz gozatzeko aukera izatea espero dut.
Iparraldeko altxorra. Txikia, mimo handiz egina, eskuekin ia-ia. Saran jaialdi eder honetaz gozatzen izan denak badaki zertaz ari naizen. Hollywoodeko kartela kakaren pare uzten duten hizki zuri horiek ikusi bezain pronto maitemintzen zara U S O P O P ez eta badakizu, zure barrenean, ez dela bertaratuko zaren azken aldia izango. Usopopek kolore ezberdina du, argi ezberdin bat eta zu ere aldatu egiten zaitu. Usopop zerua da baina badu zerbait zerua bera baino hobea egiten duena, hilik egon gabe ere, sartzen uzte dizute.
Ez nuen pertsona fisikorik zerrenda honetan sartzeko asmorik baina Joseba ez da pertsona fisiko bat. Joseba etereoa da, airean dago, musikan, hemen eta han. Josebak pitzadura larri bat du baina pitzadura hori gehiagok izango bagenu lurra leku hobeago bat izango litzateke. Joseba gainera eredu bat da. Eredu da pertsona ona delako alde batetik, urrunetik ikusten zaio aurpegi irribarretsu horretan (ez dago ezagutu beharrik ere), eta eredu da baita ere self made man bat delako. Urteak zeramatzan nahi zuena egiten, diskoak argitaratzen, musikariekin lankidetzak burutzen baina munduak ez zuen ezagutzen. Horregatik da eredu Joseba, urte askoren ostean, lana, lana eta lana egin ostea, ondo ereindakoa jaso egiten dela frogatzen duelako. Hor abantaila bat du ordea beratarrak, barnean duen talentua ez dago edozeinen eskura eta horrek ere laguntzen du…
Puto amoak dira. Lau lagun, amets bat dutenak. “Zinea egin behar dugu” esan zioten elkarri arratsalde batean eta orrezkero, ez dakit zenbat pelikula zein laburmetraia egin eta ez dakit zenbat sari jaso dituzte. Beraien ekoiztetxe ereduak ez omen zuen etorkizunik, ezinezkoa omen zen modu horretara, lagun artean eta norberak egindakoarekin gustura sentitze hutsagatik, zinea ogibide bilakatzea. Ba urte batzuk pasa dira eta barkatu, baina lanean jarraitzen dute eta sekula baino emankorrago. Betiko gauzak kontatzen dituzte baina beraien ahotsetik, beraien erraietatik eta beraien hizkuntzan. Askotan, ez zaio buruari buelta gehiegi eman behar tekla egokia topatzeko.
“Zein demontre dira etxe ondoko pabelloi abandonatu puta hori etxe okupa batean bilakatu duten hippy zikin horiek?”. Ziur nago San Esteban auzoko bizilagunen batek hitz hauek berberak ahoskatu zituela Tolosako Gko galerian jaio eta Box.A izaten amaitu duen proiektu honetako artistak (hitzaren zentzurik literalenean) bere etxe atzean agertu zirenean. Ziur nago baita ere, gaur egun ez lukeela berdina esango inondik inora eta jainkoari eskerrak ematen dizkiola bere auzoan agertu ziren egunagatik. Artea kalean ulertzen dute, guztion eskura eta hori da beraien helburu nagusia, zuk ere, artista gazteak egiten ari direna ezagutzea. Ah, abisu bat, hauek ere mundua konkistatu nahi dute. Ostiral iluntze tonto batean Katihotsakekoekin elkarte gastronomiko batean elkar ez topatzea bakarrik espero dut. Gureak egingo luke.
Onartzen dut, ez dut kirolik egiten eta egin beharko nuke. Hala ere, kirolaren esentzia galtzen ari garelakoan naiz. Kirola talde lana da, guztiok aukerak izatea da, lehia da, norbere burua hobetzea. Kirola taldearen indarra da, identitatea, norbanakoa eta kolektiboa. Kirolari profesionalen ardura nagusia azken zapatilak eramatea edo zelaira orrazkera in batekin ateratzea den garai hauetan, Rugbya da irtenbidea. Guretzat indibidualki eta baita nazio moduan ere. Rugbyan haur guztiek dute lekua eta ez dira beti berberak baztertuta geratzen kapitainak taldekideak aukeratzen hasten direnean. Taldekide azkarrak behar ditu hegaletan aritzeko, indartsuak kontentzio lanetan ibiltzeko, trebeak baloia mugitzeko eta potoloak bultza egiteko. Guztiok dugu leku bat Rugbyan eta Euskal Herriak ere munduan leku bat izango luke Rugbyari esker. Ingelesek asmatu zuten bai baina Rugbya, oso euskalduna da begiratzen duzun lekutik begiratzen duzula. Ez ahaztu hirugarren denboraz…
Norbaitek disko bat aukeratzen du eta hitz batzuk idazten ditu beretzat hain garrantzitsua izan den lan horren inguruan. Ondoren, hitz horiek irakurriz disko hori entzuten dugu guztion artean inguruan kafea eta gailetak zerbitzatzen dituzten bitartean. Askotan, genialitateak ez du zergaitik konplexua izan beharrik eta jende honek argi eta garbi utzi du berriz ere. Festa eder hauek antolatzeaz gain, liburuak argitaratzen ere hasi dira eta beldur naiz, hauek ere, ez ote duten mundua konkistatu nahi… Animo!
Ba hauxe izan duzue nire zerrenda baina hala ere, irekita nago proposamenak entzuteko halako gutiziaren bat gehiago ezagutzea beti baita eskertzekoa. Zuen txanda da orain. Ideiarik?