Month: ekaina 2015

Bat eta bat (2015/06/19)

Posted on

Mikel Alvarez

Artola!  Badakit ultramatadez eta gurera ekarri duten zorigaiztoko pandemiaz hitz egin genuen azkenekoan hiru astez egon zinela etxetik atera ezinik atarian zain zenuen horda sutua zela eta (bai bai, sarde, lastargi eta guzti!) baina gaur facebooken irakurri dudana eta gero ezin beste gai batekin etorri… Ba al dakizu zein den azken tendentzia ultramatatu eta inguruan sortu duten entrenatzaile, nutrizionista, teknifikazio aditu, galtza-motz aukeratzaile eta gel banatzaile segizioaren artean? Ba heldu zaitez nonbaitera lurrera eroriko zara eta: «Apadrina a un sedentario!».

Bai bai, irakurri duzun bezala. Jainkoak agintzen duen moduko pertsona izan eta kirola behar den bezala egiten dutenak, herrietako potolo alferren aitabitxi bilakatzen ari dira! Beraien bizitzak nagiak suposatzen duen zulo ilunetik atera eta baliozko pertsona bilakatzen dituzte Ultramatada bat egitea lortzen duten punturaino! Dokumentaltxo bat ere egin dute eta adibide moduan ageri den gizajoak, Jordi du izena, Iron Man bat egitea lortu du. Imagina dezakezu atsegin dut festa. Eta nola ez!? Iruzkinak! «Zorionak Jordi. Handia zara!», «Jendeak adibide moduan hartu beharko zintuzke», «Ongi etorri bizitzaz gozatzen dugunon mundura!». Zur eta lur Artola… Kirolik ez egitea ez da ona ez horixe baina, ezer egiten ez duen bat (Jordi kasu), terraza batean garagardo batekin egotetik, 365 egunetan Iron Man bat korritzera eramatea ez da ba oso osasuntsua izango ezta? Benetan, hau eskuetatik joaten ari zaigu eta okerrena da, badirudiela zoratuta gaudenak gu garela…

batetabat

 

 

 

 

 

 

 

 

Jon Artola

Bai, egia da gizartea abiada batetan aldatzen ari dela Mikel.  Duela urte gutxi kalean korrika ikustea pentsaezina izango zen adin tarte eta profileko jendea korrika ikusten dela adibidez. Baita bizi guztian beraien burua «gorputza gurtzearen» aurka egondako jendea ere! Baina noski, orain osasunagatik eta natura maite dutelako egiten dute kirola. Izan ere, zer naturarekiko maitagarriagoa mendian korrika egitea baino! Eta zer osasungarriagoa denbora librea, elikadura etab. profesionalen pare, kirolaren inguruan eraikitzea baino!

Egoera berri hau gainera normaltzat eman nahi zaigu, eta baita kasik guztiok iritsi beharreko eredu ere! Jendeak lau maratoiren luzera, gelditu gabe, mendian egin nahi duela? Bada guztiak animatu beharko genituzke eta miresmenez begiratu. Bere borondatez mendi arriskutsu batetara joan eta heriotza gertutik ikusi duela beste batek? Bada, herriko seme kuttun egiten dugu ia-ia.

Azken batean, gizarte sedentario batetik, gizarte bigorexiko-indibidual batera goazela kamarada, honek dakartzan balio guztiekin. Zeren garrantzitsuena osasuna bada adibidez, zergatik ez gonbidatu herriko gizenak talde-kirolen batetan parte hartzera? Noski, honela galdu egingo luketelako agian?

 

Jatorrizko artikulua Goiberrin.

 

Finlandia (2. atala) – 2.21

Posted on

Egunak pasa ziren eta zazpi zifrako telefono zenbaki hura mugikorreko agendan galdu zen. Alde batetik, nahiko arraroa iruditu zitzaidan mugikor zenbaki batek zazpi zifra besterik ez izatea eta beste batetik, Islandian galduta nebilela ezagutzen ez nuen tipo bati nirekin geratzeko deitzea oso arraro zein tristea iruditu zitzaidan. Sisharekin ikaragarrizko konfiantza izan banu agian, baina horrela? Gizon egingo ninduten oporrak hasteko prest nintzen eta laguntza eskatzen hasi behar al nuen bidaia?

Abelardori deitzeko aukera puntuak galtzen joan zen abuztuaren hirua gerturatzen zen heinean baina aldi berean, lasaitasun apur bat ematen zidan Islandian zerbait gertatuz gero, bertan bizi zen norbaiten telefonoa izateak. Gauzak horrela, lana amaitu eta oporrak hartzen nituen eguna iritsi zen. Etxera iritsi eta facebookeko adiskidetasun eskaera berri bat topatu nuen mezu eta guzti:

Conversation started 2010.eko Uztailak 30

Abelardo Rossini Charpentier

Hola,

Soy Abelardo, amigo del Mikel…. estoy por acá por hielolandia.

No seas tímido jajajaj y contactame pa’lo que sea, me dijo el Mikel que estarás por Islandia así es que venga!!

Te llevo a comer pintxos de ballena.

Un saludo, Abelardo.

 

Mezuarekin amaitu ostean, irakurtzean sentitu nuen lehen gauza poza zela konturatu nintzen. Jatorra ematen zuen argentinar islandiarrak eta bale haragia jatearen kontua oso erakargarria egin zitzaidan gainera. Beldur eta aitzakia guztiak albo batera utzi eta  bakarrik ezagutuko ez nuen Islandia bat ezagutzeko aukera bikaina izan zitekeela erabaki nuen. Bidaia hark berebiziko garrantzia izan behar zuen nire bizitzan eta helburu nagusia, ordura arte egiten nituen gauza asko egiteari utzi eta egiten ez nituen beste batzuk egiten hastea zen. Reykavíketik bale pintxo bat jateko aitzakiarekin ezertaz ezagutzen ez nuen argentinar bati deitzea, sekula egin ez nuen gauza bat zen zalantzarik gabe.


Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.

Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.

Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.

 

Uste dut erretzeari utzi diodala…

Posted on

Ba bai, uste dut baietz. Eta egia esan ez dut oso argi askoz ere gogorragoa izango zela pentsatu izan dudalako beti. Hala entzun izan diet beti saiatu diren lagun zein familiartekoei eta nagikeria ikaragarriarekin ikusten nuen egunen batean hartu beharreko erabaki hura. Horregatik, oraindik ez naiz erabat fidatzen itxurazko erraztasun honetaz eta tximu ankerraren zain jarraitzen dut igarotzen dudan kale izkina bakoitzean.

Gaur, 7 egun dira ez dudala zigarrorik erretzen, aste bete (horrela gehiago dirudi). Inguruan dudan jendeak zailena lehen egunak direla esaten du baina nik oraindik, zailtasunaren zain jarraitzen dut. Egia esan, flipatzen ari naiz. 7 egun dramatzat erre gabe baina azken 18 urteetan ez da egun bakar bat ere igaro ezpain artean zigarro bat izan ez dudana. Denbora asko da eta nahiz eta noizean behin (ez gehiegi), egunen batean utzi beharko nuela pentsatu badut ere, askoz gogorragoa izango zela pentsatzen nuen. Erretzailea izan naiz (edo naiz, ez dakit, ez dut oraindik nire burua berridatzi), oso erretzailea. Hau da, ez nituen egunean zigarro bakar bat edo bi erretzen. Ni, eguneko pakete osoko erretzailea izan naiz, atsedenaldi edo ibilaldi motz bakoitzean, ahoan zigarroa duen horietakoa, puntu batetik besterako distantzia, zigarroetan neurtzen duen horietakoa. Errealitate horretaz kontziente izanik, tabakoa uztea ia ezinezkoa izango zela irudikatu izan dut beti. Hori gutxi balitz, ez nuen sekula uzteko gogorik izan eta are gehiago, garbi nuen erretzen jarraitu nahi nuela.

Ez dakit arrazoia zein izan den. Pasa den ostegunean, lanean hartzen dugun kafean zehar tabakoa uzteaz aritu ginen hizketan (generikoan, niretzat aukera bat izan zitekeenik ere pentsatu gabe). Kafea amaitu eta kafe ondorengo rigorezko zigarroa erretzera atera nintzen. Azken zupada ematen ari  nintzela, zigarroari begiratu eta nire barrenerako pentsatu nuen: Zergaitik ez?

Como-preparar-las-plantas-medicinales-para-dejar-de-fumar-1

Aste bete pasa da egun hartatik eta egia esatea nahi baduzue, ez dut menpekotasun, abstinentzi sindrome edo monorik jasan. Hala ere, zenbait sentsazioa arraro izan ditut egun hauetan zehar eta horiei esker konturatu naiz, tabakoarekiko nuen menpekotasuna soziala zela fisikoa baino gehiago. Egunean zehar, une asko topatu ditut lehen zigarrorik gabe ulertzen ez nituenak eta une asko identifikatu ditut, lehen zigarroarekin akabatzen nituenak. Zigarrorik ez izatean, une haiek bizira itzuli dira eta eguneko 24 orduak gehiago direla iruditzen zait orain.

Honek nola ez, baditu bere gauza txarrak, zigarroaz ez gogoratzeko, etengabe zerbait egiten aritu behar naiz eta kontuan izanda, nahiko hiperaktiboa izan naizela beti, ez da zaila nire ondoan egotea. Esan liteke, tabako gabeko bizi hau nire etxeko zein lankideen osasun mentalaren aurka doa. Egia esatea nahi baduzue, nik uste edozein egunetan zigarro bat  erretzera derrigortuko nautela…

Finlandia (2. atala) – 2.20

Posted on

Hala ere, eta nire harridurarako, uztailaren 17an Sisharen adiskidetasun eskaera bat jaso nuen facebooken. Lau bat minutu behar izan nituen eskaera egin zidan Mikel Alustiza hori Sisha zela konturatzeko. Ohikoa da ia jaiotzetik ezizen bat hartzen duenari halakoak gertatzea. Eskaerarekin batera, mezu bat zetorrela ikusi zuen:

Conversation started 2010.eko Uztailak 17

Mikel Alustiza

Aupa hi!

Abelardokin hitzein diat eta lasai deitzeko esaten dik!

Hau dek bere zenbakie: 7******

Eskuminek emaizkiok nere partez! Aio!

 

Erabat zentzugabea iruditu zitzaidan guztia eta lanak izan nituen nire ikuspuntutik gertatzen ari zena normal moduan ikusteko. Ia ezagutzen ez ninduen tipo batek, nire berri sekula izan ez eta munduaren beste aldean bizi zen beste tipo bati, nitaz kargu egiteko eskatu eta baiezkoa erantzun zion. Eta halako mezu sinple batekin kontatzen dit gainera! Normala izango balitz moduan! Abelardo hori burutik jota egongo ote zen ere pentsatu nuen eta Sisha apur bat ezagututa ez zen harritzekoa izango. Nire buruari galdetu nion ea halako zerbait egingo nukeen ezagutzen ez dudan norbaitengatik eta bizkor zein ozen jaso nuen erantzuna, niporelputoforro.

Hala ere, eta bakarrik joateak sortzen zidan mesfidantza zela eta, Abelardoren zazpi zifrako zenbakia mugikorrean gorde nuen, badaezpada ere. Bakarrik egin behar nituen hamabost egun Islandian eta ez zitzaidan gaizki etorriko egun batez bazen ere, hiria ezagutzen zuen norbait eskura izatea. Zalantzak ere izan nituen nire bidaia helburuekin bat ote zetorren gida moduko bat izatea baina azkenean, Islandian kontaktu bat izatea ongi etorriko zitzaidala erabaki nuen. Eskerrak eman nizkion Sishari eta ekainean taberna kanpo hartan izandako elkarrizketa harrengan batere konfiantzarik ez nuela aitortu nion.


Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.

Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.

Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.

Irudimenaren indarra: Kung Fury

Posted on

Azkenaldian ikusi dudan gauzarik handiena da Kung Fury, zalantzarik gabe. Duela urte eta erdi inguru izan genuen proiektuaren berri eta egun hartatik arretaz jarraitu dugu. Garai hartan laguntza bila zebilen David Sandberg Kung Fury aurrera eramateko eta amua, oso ona zen. Ordura arte grabatuta zuenaren zatiak jartzen zituen Youtuben eta nola egin zuen erakusten zuen bertan. Ikaragarria zen baliabide gutxirekin lortzen ari zena eta eldarniozko istorioak balioa gehitu besterik ez zion egiten David eta konpainiak erakutsitako irudimenari (zentzurik zabalenean).

Kung Fury B Serieko filma bat da… Beno, J edo Kkoa agian. Umetatik ikusi ditugun hainbat pelikulei keinuak biltzen ditu eta helburua oso garbia da; ahal bezain disparaterik handiena gorpuztea. Adibide bat jartzearren, aurreratuko dizuet egun batean, Kung Fu maisu zital bat harrapatu nahian dabiltzala tximista batek joko duela gure protagonista eta hori gutxi balitz, kobra batek kosk egingo diola. Gertaera horrek, antzinako kondaira batek aurreikusi zuen Kung Fu maisu handienean bilakatuko du, Kung Fury.

David Sandberg da proiektuaren aita baina baita protagonista ere. Bere inguruan lagun eta hirugarren edo laugarren mailako aktoreak bildu ditu eta emaitza, sinestezina da. HDan zintzilikatu dute gainera crowdfundingean laguntza eman zieten guztiei eskerrak emateko eta merezi du telebistan Smart TV bidez ikustea. Halakorik ez baduzue, hemen duzue esteka. Prestatu palomita batzuk eta gozatu!

Esan bezala, orain dela urte eta erdi jakin genuen Kung Furyren inguruan baina orain arte, proiektuak ez du oihartzun gehiegi izan. Bitxia da zerk eman dion azken bultzada nazio arteko komunikabideetan agertzeko eta hori, filmaren kantu zentralaren bideoklipa izan da. Badakizue normalean famaturik tartean ez bada, hainbat eta hainbat lan eder itzalpetik igarotzen direla fokoen argiaz gozatu gabe eta kasu honetan, XXI. mendeko freak bat izaten amaitu duen 80. hamarkadako izar bat izan da Kung Furyri behar zuen bultzada eman diona. Kantu zein bideoklipean David Hasselhoff dugu protagonista eta bideoklip hori izan da sare sozialetan filma ezagun egitea lortu duena (Filman kameo txiki bat ere egiten du). Kontuak kontu, arrakasta ederra izaten ari da Kung Fury eta gezurra badirudi ere, Cannesen izan da! Bejondaizuela!!

Eta betiko galdera… Noizko halako bat gurean? Ba azti ibili agian labe galduren batean xigortzen ari dela (Hona arte irakurri dezaket).

Finlandia (2. atala) – 2.19

Posted on

 

FLAG Finlandia
-Islandiara hoa oporretan? – Galdetu zidan Sishak oporretara bere herrira joango banintz moduan – Koadrilarekin?

-Ez, bakarrik – Erantzun nion azkenaldian ohikoa nuen harrotasun eta lotsa arteko sentimendu arraro hark hartuta.

-Nire lagun min bat han bizi dek! Abelardo!

Sisha gu baino hiru-lau bat urte zaharragoa zen. Eskola berdinean ikasi genuen eta bere anaia txikia gure kintoa zen. Ez genuen tratu gehiegi izan sekula baina Beasain bezalako herri batean guztiak ezagutzen gara gutxi gorabehera. Are gehiago, eskola berdinean ibilitakoak izanik. Gainera, Sisha tipo hiztuna zen eta gure adin inguruko jende gutxi izango zen Beasainen berarekin sekula hitzik egin ez zuenik.

-Bai? Eta nolatan? – Galdetu nion elkarrizketa hark probetsuzko ezer ekarriko ez zidala aurreikusiz.

-Andrea, bere neska, hangoa duk eta bertan bizi dituk! Reykjavíken!

Sisha Bartzelonan bizi zen urte batzuk lehenago lan kontuengatik herria utzi ostean. Ondo joan zitzaion eta bertan geratzea erabaki zuen. Hala ere, maiz itzultzen zen herrira etxekoak eta lagunak ikusteko asmoz. Haietako egonaldi batez gozatzen ari zen taberna kanpo hartan elkar topo egin genuenean.

-Eta bera? Nongoa dek? – Jarraitu nuen adeitasunagatik gehienbat.

-Argentinarra da. Mendozakoa. Gure etxean bizitzen aritu zituan denbora batez.

Argentinar bat islandiar batekin” pentsatu nuen, ez dago hauek engainatuko ez dutenik. Pisukideak izan zituen Abelardo eta Andrea lan kontuengatik Bartzelonan igaro zuten garai batean. Harrezkero, tratua mantendu zuten eta ahal zen neurrian, elkar ikusten zuten urtean behin gutxienez. Aurreko udan, Sisha bera Islandian izan omen zen bisitan eta benetan merezi zuen leku bat zela aitortu zidan.

-Esango zioat bahoala! Ingo dik lekutxo bat etxean!

-Ez da beharrezkoa, lasai. Aterpetxe gehienak lotuak ditut gainera… – Bota nion zentzurik gabeko elkarrizketa hura amaitu nahian.

-Ba hiria ezagutzen laguntzeko bada ere. Konpainia ederra da Abelardo! Ez zaik gaizki etorriko. Are gehiago bakarrik joanda! Egun horietan beraiek han zereken jakin beharko nian lehenago… Noiz hoa?

-Abuztuaren hirutik hamazortzira – Erantzun nion aho bete hortz.

Beste baten laguntza eta etxea errazegi eskaintzen ari zela iruditu zitzaidan. Ondo erortzen zitzaidan Sisha baina tipo ona zenaren zalantzarik ez banuen ere, nahiko ahozabala zela pentsatu izan nuen beti. Esan bezala, ez nuen konfiantza gehiegi berarekin eta sinestezina iruditu zitzaidan eskaintzen ari zitzaidana. Beroaldian esaten diren gauza horietako bat zela pentsatu nuen eta ez nion batere baliorik eman.

Garagardoa amaitu eta koadrilak tabernaz aldatzeko ordua zela erabaki zuen. Sisha agurtzean Islandian ondo pasatzeko esan zidan “Flipatu” egin behar nuela, “Eta neskak! A ze neskak!”. Abelardorekin hitz egingo zuela eta egun haietan han bazebilen, ziur bere berri izango nuela. Eskerrak eman eta beste taberna batera abiatu ginen. Inondik inora ez nuen pentsatu elkarrizketa hark ondorio errealik izango zuenik. Tabernetan, errugbi partidetan bezalaxe, zelaian gertutakoa zelaian geratzen baita normalean.

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.

Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.

Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.