euskal harriaren abdak

Sarean da Euskal Harriaren ABDak

Posted on

2015eko urrian estreinatu genuen Euskal Harriaren ABDak film kolektiboa eta blog honetan bertan eman genizuen proiektuaren berri. Egun hartatik Euskal Herri osoan zehar aritu gara filma eskaintzen eta behin World Tour hori amaituta, pelikula goitik behera sarean jartzea erabaki dugu. X eta Z lanak falta dira oraindik baina jaialdietan dabiltz eta denboraldia amaitu arte ez dira sarean izango.

Guk ere egin genuen gure pieza film kolektiborako JAZPANA! Kultur Elkartearen izenean eta horixe aurkeztera nator gaurkoan aspaldi baztertuta dudan plaza honetara.

Mila esker Ultrafestan parte hartu zenuten guztioi ederra izan baita bidea; ideia idazten hasi ginenetik sarean ikusgai dagoen honetara. Gora Ultrafestazaleak!!


Euskal Harriaren ABDak film kolektiboko lan guztiak jarraian ikusteko egin klik hemen.

Euskal Harriaren ABDak

Posted on Updated on

Kaixo mundua, argi honek min ematen du…

Gaur kobazulotik atera eta zuen aurrean aurkezten gara urte bete luze batean zehar sekreturik sekretuenean gorde dugun Euskal Harriaren ABDak proiektuarekin.

Dibertigarria iruditu zitzaigun ideia eta Euskal Herri osoan zehar urte betean film labur bat egingo zuten 26 harrizain bilatzeari ekin genion (aspertuta oso arriskutsuak gara eta egokiena hori iruditu zitzaigun, barkatu). Uzta oparoa izan da eta 26 harrizain horien lana Euskal Harriaren ABDak filman bilakatu da.

Azaroaren 5ean estreinatuko dugu Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean. Egun bat lehenago jaialdikoek adeitasun osoz prestatu diguten prentsaurreko bat ere eskainiko dugu Euskal Harriaren ABDak aurkezteko baina lasai, iritsiko da horren berri zehaztasun gehiagoz emateko eguna.

Victoria Eugenian izango da Euskal Harriaren ABDak film kolektiboaren estreinaldi mundiala eta aste bete beranduago, Euskal Herriko 7 hiriburuetan eskainiko dugu (emanaldi hauen leku eta orduak zehaztuko dizkizuegu aurrerago).

Eta hortik aurrera zer? Ba mundua konkistatzera. Euskal Harriaren ABDak zure herriko zinema, kultur etxe, gaztetxe, taberna, zulo, tortura gela edo etxeko komunean eskaini nahi baduzu, jarri harremanetan gurekineuskalharriarenabdak@gmail.com helbidean eta harrizain bat bidaliko dugu nahi duzun lekura filmarekin (Ezkutatu baliozko gauzak bazpada ere. Gero ez esan abisatu ez genizunik…).

Filmea 3 hilabeteetan zehar mugituko dugu munduko txoko guztietan zehar (Deitzen digutenetan bederen) eta world tour hori otsailaren 14an amaituko da. Hortik aurrea, harrizainak libre utziko ditugu beraien laburrarekin nahi dutena egiteko.

Has dadila konkista!


SINOPSIA

EUSKAL HERRIKO 26 ZUZENDARIK EGINIKO BELDUR, ZIENTZIA FIKZIO ETA FANTASIAZKO FILM LABURREZ OSATURIKO FILM KOLEKTIBOA.

AURKEZPENA

Teknologiak bahitutako Maritalavistarenetorkizunetik, Belegor Anaiendenboran izoztutako Euskal Herri jatorrera, KKinzona Produktionsen landabeldurretik Koldo Almandozen merkatal zentruko drama mitologikora edo… Jorge Gilen thriller folklorikotik Chochowsky Ahizpendistopia feministara.

Hori guztia eta gehiago topatu daiteke Euskal Harriaren ABDakfilm kolektiboan. Zinegile profesionalak, oilar-pisuan borrokatzera ohituak dauden amateurrak eta lehen aldiz kamera bat hartu eta labur bat grabatzeko abenturan murgildu diren animatu inkontzienteak. 2014ko udan euskal alfabetoko 26 hizkietako bat egokitu zitzaion bakoitzari eta hizki horretatik abiatuta beldur, zientzia fikzio edo fantasiazko film labur bat egiteko eskatu zitzaien.

Elsa Oliarj Inesen kafez lagundutako bideo-sorkuntza odoltsutik Katihotsak Logiaren filologia thrillerera, Iñigo Acharen bilaketa meta-zinetik AK 47 lapurtarren mezu, doinu eta groovera edo… Ane Urkiolaren zorigaiztoko bingotik Ziritranka filmak-en gabon ipuin desfasatura.

7 probintzietako zinegileak, bakoitza bere aldetik lanean, 26 film laburrez osatutako film bat osatzeko. Jarri zitzaizkien baldintza bakarrak: laburrak euskaraz grabatzea, euskal elementuetan oinarrituak egotea eta goitik behera, Euskal Herrian ekoiztuak izatea.

Xumar Altzugarairen Olentzero serial killerretik JAZPANA! Kultur Elkartearen Ultrafesta futuristara, Eneko Olazabaleta Santi Leoneren euskararen Eri otzetik Alexander Garacotcheren bihurguneko neskaren remakera edo… Robert Robichet-en 3. faseko topaketa surrealistatik Askatu Piztiaken Kennedy Toole usaina duen Abereen Etxaldera.

26 labur, film bat, Euskal Harriaren ABDak.

OSoa

ZUZENDARIAK

ASKATU PIZTIAK

BERANTIARRAK

KKINZONA

ENEKO OLAZABAL (JAUME GELABERT eta SANTI LEONE)

KATIHOTSAK LOGIA

BELEGOR ANAIAK (ANDONI JORAJURIA eta PATXI DUTOURNIER)

ROBERT ROBICHET (PETTE ETXEBERRIA)

CHOCHOWSKY AHIZPAK (ALAITZ MAÑES, KATTALIN MINER eta LORE LUJANBIO)

AK47

MARITALAVISTA (PERU MAGDALENA eta ARITZ ALBAIZAR)

ZIRITRANKA FILMAK (JOSEBA IRURETAGOIENA, ANDER XILBAN, JULEN CANTALAPIEDRA eta ANDER EPELDE)

PALANGANA (IDOIA VIDAROR eta MADDI ZUMALABE)

PATATOAK (PERU VILLARIAS)

PARADIXU ZINEMA ZINEFORUMA

ISLANDIA PRODUKZIOAK

HEDOI ETXARTE

ALEXANDRE GARACOTCHE

XUMAR ALTZUGARAI

ELSA OLIARJ INES

IÑIGO ACHA

KOLDO ALMANDOZ

PATEA PRODUKZIOAK (ANTTON ROUGET, ANTTON LANNES eta ARITZ VIDEGAIN)

ANDER BOLIBAR ZABALA

JAZPANA! (MIKEL ALVAREZ SARRIEGI eta JON ARTOLA)

JORGE GIL MUNARRIZ (MORIARTI PRODUKZIOAK)

ANE URKIOLA (IZAR PRODUKZIOAK)

KARTELA JPG A3

FITXA TEKNIKOA

IZENBURUA: EUSKAL HARRIAREN ABDak

IDEIA ORIGINALA: KATIHOTSAK LOGIA

KOORDINAZIO TALDEA: MIKEL ALVAREZ, JON ARTOLA, BEÑAT ITURRIOZ, DAVID LARRAÑAGA eta OSKARBI SEIN

ZUZENDARITZA, GIDOIA eta EKOIZPENA: HAINBAT (EUSKAL HERRIKO 26 ZUZENDARI)

EKOIZPEN URTEA: 2015

HERRIALDEA: EUSKAL HERRIA

GENEROA: BELDURRA, ZIENTZIA FIKZIOA, FANTASIA, UMOREA

IRAUPENA: 126 min

FORMATUA: DIGITAL · SCREEN · RATIO: 16:9 KOLOREAN eta TXURI BELTZEAN

SOINUA: STEREO

JATORRIZKO HIZKUNTZA: EUSKARA

KONTAKTUA: EUSKALHARRIARENABDAK@GMAIL.COM

WEB HORRIA: WWW.EUSKALHARRIARENABDAK.COM

PRENTSA OHARRA

ABDak (Prentsa oharra)