iritzia
Egin ariketa bat
Ez da erraza izaten beti norberaren akatsez konturatzea. Bada, ordea, oso ariketa osasuntsua egunero egiten eta normaltzat jotzen ditugun jarrera okerrak atzeman eta gerora, nahi izanez gero, aldatzeko. Sinplea da: beste norbait gauza berberak egiten ikustea.
Hego euskal herritarra izaki, Espainiar Estatua dut erreferentziazko estatu; esperimentu zientifikoetarako erreferentzia, ez erreferentzia ideal (ez hasi bazterrak nahasten, hasi besterik ez naiz eta egin). Hori dela eta, herri moduan ditugun jarrera batzuk hoztasunez aztertu nahi ditudanean, espainolek nola egiten duten begira jartzen naiz. Adibidez, nire herrian ikurrin erraldoi bat jartzen dutenean, Toledon ikusi nituen bandera espainol haiek sorrarazi zidaten ezinegonaz gogoratzen naiz. Edo… Herrigintza helburu, edozein ekitaldi txalapartari, bertsolari edo trikitilariz betetzen dugunean, 92ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetako irekiera ekitaldian atera zituzten sevillana eta bailaoreak etortzen zaizkit burura. Eta horrela egun osoan (sinplea da, baina ez dut esan atsegina denik).
Ezberdin ikusten dira gauzak ariketa hori egin eta gero, ezta? Bai, hainbeste kritikatu ditugun, kritikatzen ditugun eta kritikatuko ditugun espainolen akats berberetan erortzen gara. Nire identitate nazional edo kolektiboa asea dut Euskal Herriak eskaintzen dizkidan elementuekin, eta eroso sentitzen naiz identitate horrekin. Bada bidea, ordea, hortik abertzale izan edo patriota sentitzera (sentitzen dut, baina horixe da itzulpena inguruan ditugun hizkuntza guztietan).
Gure herriaren etorkizuna erabakitzen hasteko aukera ederra dugu ekainaren 5ekoa, baina are garrantzitsuagoa da balizko euskal estatu hori nola eraikiko dugun eta nolakoa nahi dugun erabakitzea. Nik, adibidez, nahiago nuke giza eskubide eta justizia sozialaren inguruan eraikitako estatu bat, bandera baten inguruan eraikitako bat baino (egin ariketa berriz, eta berreskuratu une batez Valladoliden «yo soy español, español, español…» kantatzen jasan behar izan zenuen kuadrilla hura. Listo, ezaba dezakezue zuen buruetatik berriz, lasai). Estatu berri bat sortzeko aukera badugu, baliatu dezagun aukera gainontzekoen akatsetatik ikasi eta hobeto egiteko, ezta? Edo zer?
Askotan entzun dugu Espainiako Gobernua independentistak sortzeko makina hutsa dela, eta egia galanta da. Eta zergatik gertatzen da hori? Beraien barnean, espainola izateko modu bakarra onartzen dutelako: beraiek bezalakoa, hain zuzen ere. Eta nora noa honekin? Egin dezagun ariketa berriz, eta azter dezagun balizko Euskal Estatuaz hitz egitean dugun jarrera. Bai, guztiok berdinak bagina moduan irudikatzen dugu, guztiok sagardotegira joatea gustuko izango bagenu moduan, edo inork BECeko finala galdu nahi ez balu moduan. Are gehiago, egun batean independente izatea lortuko bagenu, inor espainol sentituko ez balitz moduan.
Horregatik pizten du, hain zuzen ere, ilusioa nire barnean galdeketek. Ezberdin pentsatzen duen jendea elkarrekin lanean ikusi dudalako lehen aldiz, garrantzitsuena ez delako bai edo ez, baizik eta oinarrizko eskubide bat defendatzen ari garela. Ezetz bozkatuko duenak ere Euskal Herria erabaki subjektu onartzen duelako, nahiz eta ez den Kilometroetara joango ikurrindun txapela buruan duela. Ikas dezagun esperientzia honetatik, eta zaindu ditzagun igandean bozkatzera joan eta gutun-azalean ezezkoa sartu zutenak. Neurri batean, gu baino ikuspegi zabalagoa dutelako eta balizko Euskal Estatua beraiekin erakiko dugulako. Ezberdinen artean eraikitako eremuak osasuntsuagoak direlako beti. Bai, egin ariketa azken aldiz, mesedez.
Jatorrizko artikulua Berrian hemen.
Bat eta bat (2015/06/19)
Mikel Alvarez
Artola! Badakit ultramatadez eta gurera ekarri duten zorigaiztoko pandemiaz hitz egin genuen azkenekoan hiru astez egon zinela etxetik atera ezinik atarian zain zenuen horda sutua zela eta (bai bai, sarde, lastargi eta guzti!) baina gaur facebooken irakurri dudana eta gero ezin beste gai batekin etorri… Ba al dakizu zein den azken tendentzia ultramatatu eta inguruan sortu duten entrenatzaile, nutrizionista, teknifikazio aditu, galtza-motz aukeratzaile eta gel banatzaile segizioaren artean? Ba heldu zaitez nonbaitera lurrera eroriko zara eta: «Apadrina a un sedentario!».
Bai bai, irakurri duzun bezala. Jainkoak agintzen duen moduko pertsona izan eta kirola behar den bezala egiten dutenak, herrietako potolo alferren aitabitxi bilakatzen ari dira! Beraien bizitzak nagiak suposatzen duen zulo ilunetik atera eta baliozko pertsona bilakatzen dituzte Ultramatada bat egitea lortzen duten punturaino! Dokumentaltxo bat ere egin dute eta adibide moduan ageri den gizajoak, Jordi du izena, Iron Man bat egitea lortu du. Imagina dezakezu atsegin dut festa. Eta nola ez!? Iruzkinak! «Zorionak Jordi. Handia zara!», «Jendeak adibide moduan hartu beharko zintuzke», «Ongi etorri bizitzaz gozatzen dugunon mundura!». Zur eta lur Artola… Kirolik ez egitea ez da ona ez horixe baina, ezer egiten ez duen bat (Jordi kasu), terraza batean garagardo batekin egotetik, 365 egunetan Iron Man bat korritzera eramatea ez da ba oso osasuntsua izango ezta? Benetan, hau eskuetatik joaten ari zaigu eta okerrena da, badirudiela zoratuta gaudenak gu garela…
Jon Artola
Bai, egia da gizartea abiada batetan aldatzen ari dela Mikel. Duela urte gutxi kalean korrika ikustea pentsaezina izango zen adin tarte eta profileko jendea korrika ikusten dela adibidez. Baita bizi guztian beraien burua «gorputza gurtzearen» aurka egondako jendea ere! Baina noski, orain osasunagatik eta natura maite dutelako egiten dute kirola. Izan ere, zer naturarekiko maitagarriagoa mendian korrika egitea baino! Eta zer osasungarriagoa denbora librea, elikadura etab. profesionalen pare, kirolaren inguruan eraikitzea baino!
Egoera berri hau gainera normaltzat eman nahi zaigu, eta baita kasik guztiok iritsi beharreko eredu ere! Jendeak lau maratoiren luzera, gelditu gabe, mendian egin nahi duela? Bada guztiak animatu beharko genituzke eta miresmenez begiratu. Bere borondatez mendi arriskutsu batetara joan eta heriotza gertutik ikusi duela beste batek? Bada, herriko seme kuttun egiten dugu ia-ia.
Azken batean, gizarte sedentario batetik, gizarte bigorexiko-indibidual batera goazela kamarada, honek dakartzan balio guztiekin. Zeren garrantzitsuena osasuna bada adibidez, zergatik ez gonbidatu herriko gizenak talde-kirolen batetan parte hartzera? Noski, honela galdu egingo luketelako agian?
Jatorrizko artikulua Goiberrin.
Bat eta bat (2015/05/08)
Jon Artola
Agian Einsteinek denbora laugarren dimentsioa zela frogatu berritan argi izango zuten denboran, beste dimentsiotan ez bezala aurrera eta atzera joaterik ez zela izango. Baina gaur egun behintzat, hori ezin onartu dabil jendea (emakumeak gehienbat) termodinamikaren leegei ixkin egin nahian. Estetika zentruetara joan besterik ez dago adibidez, norberaren aurpegia 20 urte gaztetzeko! Nahiz eta dena esan behar bada, batzuetan emaitzak denbora bidaia baino, hurruneko unibertso batetatik itzulitakoaren itxura handiagoa izan.
Emakumeen kanpo itxuran soilik eta obsesiboki arreta jartzen duen gizarte baten emaitzarik krudelenetakoa batzuen ustez. Emakumeek beraien gorputz eta diruarekin askatasun osoz nahi dutena egin dezaketenaren adibide besteentzat. (Ipar Amerikako Estatu Batuetan batez ere. Mexikon ez, bestean).
Adibide zerrenda luzera Uma Thurman ere ia gehitu genuen Mikel, azkenean berea makilaia kontua besterik ez zela izan aitortu zuen arte. Aldaketa iragankorra alegia, Photoshop analogikoa. Hura lasaitua e Mikel? 😉
Baina, aldaketek denboran duten iraunkortasuna al da konturik garrantzitsuena? Edo Beyoncé eta Shakiraren azal zuritu eta ile hori lisatuek zerbait gehiago ere esaten digute? Bisturi kultural bat ere existitzen dela?
Mikel Alvarez
Emakumezkoak jarri dituzu zure hausnarketaren xedean Jon baina onartuko dizut hala irakurtzean ez naizela eroso sentitu zure planteamenduarekin. Emakumeena baino gizartearen arazo oso larri baten aurrean gaudela iruditzen zait eta emakumeek (beste hainbat gauza bezalaxe) gu baino gehiago pairatzen dutela uste dut. Ez dut uste emakumee horiek beraien erabakiz hartzen dutenik presio gogor hori bizkar gainean eta bai ordea, gizarte osoak (emakume zein gizonezkoek) modu aukeratuan jartzen duela labana emakumeen txitxi zein zimurretan eta ez gizonezkoenetan.
Estatu Batuetako telesailak ikustea besterik ez dago kontu hau gaixotasun bilakatzen ari dela ziurtatzeko. Batzuek askatasunaren lorpena dela esango dute baina bere itxurari lotua bizi dena nekez izango da sekula aske. Konbentzimendu osoz esango dizut edertasun handiena norberaren gorputzarekin gustura egotea dela eta baten batek esango du, erraza dela hori esatea nire fisiko ikusgarriarekin (aizue, ba bere lana kostatu zait).
“Hau flipatua dago…” Zer? Aizu, ba ni gustura bizi naiz nire txitxiekin eta zu ere ispilura begiratuko bazina irakurle maite hori, konturatuko zinateke zu ere ez zarela Jon Kortajarena. Eta hori da arazoa, gizonezkoei barkatzen dizkiegula emakumeei barkatzen ez zaizkienak. Eta horri gainera bisturi kulturalak gehitzen badizkiegu… Buufff… Zenbat lan egiteko Jon.
Berezko artikulua Goiberrin.
#MilaeskerGaritano eta Helsinkiko portuan gertatua
Finlandiako atal baterako gordea nuen baina asteburu honetan Gaizka Garitanok Almerian jasan behar izan duena eta gero, ez zait gertakizun hau hitzetan jartzeko une hoberik bururatzen.
2013ko abuztua zen eta Finlandian ginen oporretan (bai, nirea obsesioa da). Goiz pasa genbiltzan Helsinkiko portu ederrean eta kaiaren ondoan dauden janari postuetan bazkaldu ostean, aste osoan zehar ikusi baina sartzeko garestiegia zirudien kafetegi-izozkitegi batera sartzea erabaki genuen (oporretako azken egunean bakarrik baimentzen diren gutiziak badakizue). Barrura sartu eta gure aurretik errusiarrez eskatzen ari zen neska batek ordaintzean, ingelesez eskatu genuen nahi genuena. Bi iced coffee eta helatu bat eskatu eta terrazara irten ginen egun haietan bidailagun genuen eguzkiaz gozatzeko asmoz.
Helsinkiko portuan egunero ertzeratzen dira kruzeroak uda partean eta bertatik turista samaldak irteten dira lasaitasun guztia haizea hartzera bidaltzen duen plaga baten moduan. Egun hartan espainiarrez beteriko kruzero batek hartu zuen lur eta bertatik jaitsitako hiru senar-emazte eseri ziren gure ondoko mahaian.
Berrogeita hamar bat urte izango zituzten eta oihuka hizketa hasi ziren gure arreta deituz. Halako batean, irribarre batekin zerbitzatu gintuen mutila atera zen terrazara eta hiru senar-emazteen alboan jarri zen nota hartzeko asmoz.
Senarretako bat gaztelaniaz hasi zitzaion nahi zutena eskatzen eta zerbitzariak, ingelesez erantzun zion barkatzeko, ez zuela gaztelania hitz egiten eta ea ingelesez eskatu zezakeen. Purrustada pare bat entzun ziren bere inguruan eta eskatzeko ardura hartu zuen gizonak nahi zutena gaztelaniaz eskatzen jarraitu zuen. Hori bai, oso geldo eta zerbitzaria alua izango balitz moduan irribarre eta mespretxu aurpegiak tartekatuz. Azkenean, eta gaztelania hutsean, zerbitzariak zer nahi zuten ulertu eta oso ondo ezagutzen ez zuen hizkuntzako hitzak erabiliz erantzun zien.
Lanak amaitu eta barrura sartu zen zerbitzari gaztea. Atetik sartu bezain pronto, protestan hasi ziren hiru senar-emazteak:
-Qué vergüenza, que vengas a un sitio así y no sepan castellano…
-Si se creen que así van a sacar dinero… ¡Que es un sitio turístico joder!
Horiek izan ziren alboko mahaitik entzun ahal izan genituen perletako batzuk eta onartuko dizuet zutitu eta ea normalak ote ziren galdetzeko gogoa ere sartu zitzaidala. Gertatu zenaz hizketan hasi ginen orduan eta erantzunik gabeko galdera mordo bat sortu zitzaizkigun. Nor uste zuten zirela? Eta non zeudela uste zuten? Kontziente al ziren Finlandian zeudela? Kontziente al ziren beraiena munduan, hizkuntza bat gehiago besterik ez dela? Norbaitek azaldu al zien sekula Espainia munduko herrialde txiki bat gehiago besterik ez dela?
Gauza bakarra geratu zitzaigun garbi; suomia, errusiera, ingelesa eta ziur aski baita suediera ere hitz egin eta gaztelaniaz nota hartzeko gai zen zerbitzari gazte bat, bere herritik atera eta milaka kilometrora beraien hizkuntzan hitz egin behar dietela uste edo exigintzen duten elebakarrak baino lotsagabeagoa dela. Hamaika ikusi eta entzuteko jaio gara…

Gaztea euskal musikarengatik arduratuta dabilela eta, lastoa, habeak eta beste hainbat kontu
Bideo honen harira eztabaida piztu nahian ibili da Demonocrazy facebook zein twitterren eta nahiz eta hasiera batean purrustadaka hasteak nagikeria sortu didan, azkenean, amua diafragmaraino sartu eta kosk egin diot. Hasieratik has gaitezen, hemen duzue bideoa:
Gogoan dut Oihan Vega Beasiango Loinatz Jaietan Disko Festa bat egiten ari zela ikusi genuenekoa. Eskenatoki atzeko tabernatik beste aldera daudenetara bidean gindoazen eta oraindik gainean nor zegoen ikusi aurretik, gizakiari orokorrean eta emakumeei zehazki ikaragarrizko errespetua erakusten dioten horietako regetoi kanta kriminal bat entzun genuen. Ez ditut hitzak erreproduzituko irudikatu ditzakezuelako alde batetik eta ez duelako merezi bestetik. Kantuak zer zioen ulertu eta gure artean hizketan hasi ginen. Sustoa (eta sustoa diot, benetakoa), eskenatoki aurrean zortzi eta hamalau urteko berrehun bat gaztetxo burua galduta dantza sexyan ikusi genituenean etorri zen. Ez dut uste gure adineko jendearentzat kantu eredugarriak direnik. Are gutxiago, gure txikientzat.
Lagin txiki hori kontuan hartuta alde batetik (ez dut sekula Disko Festa oso bat ikusi, onartzen dut) eta Gaztean entzuten den musika entzunda bestetik, barregura eta amorruaren arteko zerbait etortzen zait Vega musikak Euskal Herrian dituen arazoez hausnartzen entzuten dudanean. Arazoa, irrati horrek bereziki euskal musikaz duen eredua izango ez balitz moduan. Hala ere, zintzoa izango naiz eta alde positibo bat onartuko diot gure eskoletan eskaintzen ari diren hitzaldi, entzunaldi edo dena delako honi. Beraiek ere, konturatu dira zerbait ez dagoela ondo eta ondorioak pairatzen hasiak garela. Bejondaizuela! Orain gaztetxoen begietako lastoa begiratzeari utzi eta zuenetan habeak ikusten hasteko ordua da.
Arduratuta omen dago euskal musika gutxi entzuten delako eta gaztetxoen kontzientziari interpelatzen die arazo hori guztion artean konpondu dezagun. Gauzak, ez dira hain sinpleak izaten eta oraingoan ere, ez dira nahiz eta Oihanek modu ezkutuan, gazteen konpromiso falta salatzen duen. Globalizazioaz hitz egiten du, arazo bat balitz moduan, generikoki. Kanpoan egiten den musikak Euskal Herria indarrez hartu duela dirudi eta gaztetxoak ez dira gai horretaz jabetu eta autonomiaz jokatzeko. Euskal musika inposatzen saiatu omen ziren Gaztean eta akats ikaragarria izan omen zen (erabakia hartu aurretik ez konturatzea ere…). Audientziak behera egin zuen eta atzera martxa hartu zuten. Gazteek nazio arteko musika eskatzen dute, zer egin genezake guk? Ba hasteko, komunikabide publiko batek behar lukeen izaera indarrean jarri eta entzuleak hezten saiatu. Ez dakit Oihan aita den edo ez baina ziur naiz nahiz eta bere semeak beti makarroiak bazkaldu nahi izan, dilista eta lekak ere jango dituela. Denborarekin gainera, gustatu ere egingo zaizkio eta sekula irudikatu ez zuen moduan eskertuko ditu (esperientzia propioa). Erraza da seme-alabari beti makarroiak eman eta errua berea dela esatea; Bera da beti makarroiak eskatzen dituena! Eman ganba batzuk eta ea zer gertatzen den…
Ez da kontu sinplea baina saiatuko naiz buruan ditudan elementu zein kezka guztiak post honetan biltzen Oihan Vegak esandakoetatik haratago auzi hau hori baino askoz sakonago zein zaharragoa baita. Orden bat eramateko edo, afera honetan nagusitzat ditudan elementuak zerrendatuko ditut.
1.- Generikotasuna:
Urte pare bat izango dira sarean artikulu bikain bat irakurri nuela. Bila ibili naiz baina ez dut topatu beraz nire memoriaren laburpenarekin konformatu beharko zarete (inork zertaz ari naizen jakingo balu, eskertuko nuke esteka). Bertan, egileak galdera-erantzun bat botatzen zuen airera: Zein musika duzu gustuko? Niri euskal musika gustatzen zait. Zenbat jende entzun duzue halako galdera bati halako erantzun bat ematen? Asko, gehiegi ziurrenik eta artikuluaren egileari niri geratzen zaidan aurpegi berbera geratzen zitzaion. Nola euskal musika duzula gustuko? Zer esan nahi du horrek? Euskal Herrian egiten den musika gustatzen zaizula? Edo euskaraz dena? Hau da, ez zaizu axola La Oreja de Van Gogh edo Matxura entzun? Eremu zabalegia plazaratu dut gaur azaldu nahi nuenerako beraz mugatu dezagun. Demagun euskaraz eginiko musikaz ari garela hortaz ari baita Oihan Vega. Kasu horretan, euskal musika gustatzen zaiola dion batek, zirrara berberarekin entzungo luke Amaia Zubiria edo Akauzazteren disko bat?
Musika oso zabala da eta euskal musika orokorrean gustatzen zaizula esatea, musika poloniar, finlandiar edo estatu batuar guztia atsegin duzula esatea bezain ergela da. Eta zer zerikusi du honek Oihan Vegak esan duenarekin? Ba asko, Oihanek aipatzen duen arazoa urteetan zehar oso oso gaizki egin den zerbaiten ondorio baita.
2.- Homogeneizazioa:
Hizkuntza txikia da gurea eta gauzak oso zail izan ditu (eta ditu). Borroka askotan lehiatu behar izan da eta horrek babesera jotzeko joera eragin du ulertzekoa den moduan. Babesean ordea, ezberdintasuna zigortu egiten da eta horrek homogeneizazio kultural bat ekarri du. Bakoitza bere aldetik borroka egiten ibili beharrean, eraginkorragoa izan da guztiok batera borroka egitea eta horregatik, komunean genituen elementuen alde egin dugu; folklorea alde batetik, eta egoera politikoa bestetik.
Jarrera horrek gaur egun Euskal Herrian egin zitekeen musika aukera minimoetara murriztu du eta horren arduradun nagusietako bat izan da zalantzarik gabe gure irrati telebista publikoa. Gure haurtzarotik eduki mordoa jaso dugu komunikabide ezberdinetatik eta espainiar medioetatik pop melodikoa eta latindar musika iristen zitzaigun moduan, euskal hedabideetatik kantari folklorikoak eta heavi taldeak jasotzen genituen. Gerora, binomio hori, pop-rock melodikoak eta banda tronpeteroek ordezkatu dute. Tartean, abanaguardiako eta kalitate handiko musika alternatibo asko egin da Euskal Herrian baina Gazteak, beste askok bezala, paso egin du.
Hori zen agian belaunaldi bakoitzeko gazteek bilatzen zuten ahotsa baina ez zaie eskura jarri eta musikan interes berezia zutenak bakarrik murgildu dira babesetik kanpo topa zitekeen aukera zabal horretan. Bitartean, munduan arrakasta zuen musikaren imitazio merkeak edo euskalduntasun sobredosia zuten taldeak eskaini dizkiegu. Zer gertatu da? Ba ihes egin dutela. Si no son micromachine, no son los autenticos edo kaka nahi badut kaka egiten putoamoak direnei erosiko diet.
3.- Monopolioa:
Euskal komunikabide handiek egiten zuen aukeraketa tamalgarriaren ondorioz, euskarazko musika entzuten dutenen kopurua jaisten hasten da; Gaztetxo madarikatuak, ez diote ezeri errespeturik… Zer egingo dugu? Ba komunikabide horiek eskura jartzen digutena gure herrietako festetan kontratatu kontzertuak euskaraz izan daitezen. -Gustatzen zaizkie? –Bai edo? Euskadi Gaztean jartzen dituzte. Baziren eta badira gazte euskaldunek gustuko dituzten taldeak baina aukera homogeneizatuaren alde egin genuen talde interesgarri eta ezberdin haiek gaztetxeen ostrazismora kondenatuz (eskerrak gaztetxeei…). Gainera, askoz errazagoak dira kontratatzeko talde hauek (udaletxeetara gerturatzen diren disketxe-promotora mafiaren monopolioa ere aztertzeko modukoa da baina beste baterako utziko dugu). Behin eta berriz MTV euskaldunak sortzen dituen taldeak kontratatzen ditugu eta nola leku mordo batean jotzen ari diren, ba gehiago jartzen ditugu. Hori bai, umeak makarroiak jaten ditu berak nahi duelako.
4.- Paternalismoa:
Euskal talde gutxi entzuten dute gazteek baina errua beraiena da. Tontoak bezala tratatzen ditugu eta pertsonalitaterik gabeko bertako produktuak eskaintzen dizkiegu etengabe. Hori bakarrik jarriz gero ordea, audientziak jaitsi egiten dira beraz euskal musika hori, atzerritik datorren ekoizpenik komertzialenekin tartekatuko dugu. Hori, irrati eta telebistari dagokionean. Zuzenekoetan, euskal talde izaeragabeak inposatuko ditugu nahiz eta gehienak inork nahi ez dituen. Musikazale asko gaur egun munduan abanguardia den musika sartzen saiatzen ari da irrati, aldizkari, jaialdi edo blog alternatiboetan baina ez dugu horietaz ezer jakin nahi. Hori bai! Estatu Batuetataik datorren mierda komertzial guztia bultz eginez sartuko dugu lehertu arte bada ere kaka eta kaka artean, Mikel Urdangarin edo Ken Zazpiren kantu bat entzun dezaten.
Euskal Herrian gauza interesgarriak egiten dituen jendea ere badela? Ta niri zer? Gaztetxo puta hauek mueve tu cucu nahi dute. Eta horrela egunero….
5.- Etorkizuna:
Zer da euskal musika? Ez dakit gauzak ordenatu eta gehiago nahastu ditudan post honetan baina bada zerbait hori baino garbiago dudana; Euskal musikak etorkizunean zer izan behar duen hain zuzen ere. Munduan egiten ari direnarekin alderatuta, hogei urteko atzerapenarekin goaz eta badirudi garapena oztopatzen duen babesleku horretan jarraitu nahi dugula. Euskarak ez du biziraungo eskaintzeko ezer berezirik ez badu. Euskarak aniztasuna behar du, euskal musika, ezin daitekeelako sekula musika estilo bat izan. Euskal musikak popa behar du, heavia, trasha, teknoa, indiea, folklorea, folka, bakarkako kantariak, boy bandak, girl bandak, rocka, post rocka, post popa, power rocka, power popa… Une hori iristean, sekula iristen bada, euskarazko musikak entzule gehiago izango ditu. Besterik gabe, aukera zabalagoa izango duelako. Baina horretarako, buruak eta irratiak zabaldu behar ditugu. Gaurko eta biharko gazteen ahotsa den musika beraien belarrietara iristeko, une egokian, behar dutenean. Une hori iristen denean, bereago sentituko dute beraien hizkuntzan egiten dena eta etxekoaren alde egingo dute. Eta garrantzitsuagoa dena! Hortik gutxira, beraiek hasiko dira abanguardia sortzen. Euskal Herritik eta euskaraz. Zergatik? Ba Gazteak eskaintzen dien saltsa koipetsudun makarroietatik haratago, aukeratzeko izango dutelako.
PD: Purrustada hutsa izan den baina barnean nituen hainbat ideia azaleratzeko balio izan didan post honen amaieran ez nuke argitu gabe utzi nahi kasuistika oso zabala dela. Generalizaziora jo dut behin eta berriz baina uste dut ulertzen dela modu orokorrean ari nintzela eta nola ez, salbuespenak izan badirela. Generalizaio horien harira B Aldea saioak egiten duen lana nabarmendu nahi nuke Gaztean suposatzen duen oasiari merezi duen balioa emanez.
Harremanetan dauden artikulu zaharrak:
Folklorea eta euskara: Hobe lagun bikote baino
32 urteko musika friki baten bizipen eta kezkak
32 urteko musika friki baten bizipen eta kezkak
1982an jaiotakoa naiz. Hogeita hamabi urte bete nituen abuztuan eta gogoratzen dudanetik, musika beti egon da presente nire bizitzan. Gogoan dut umea nintzela gurasoek musika jartzen zutela astebururo tokadiskos zaharrean. Txandakatu egiten ziren diskoak aukeratzeko orduan eta amak Xabier Lete, Mikel Laboa, Antton Valverde edo Benito Lertxundi aukeratzen zituen bezala, aitak Silvio Rodriguez, Pablo Milanes, Victor Jara edo Lluis Jach aukeratzen zituen (aukeraketa hark nigan uste nuena baino eragin gehiago izan duela pentsatu izan dut maiz).
Gerora, aitaren diskoen artean nahasten hasi nintzen eta Phil Collins, Sting edo Tracy Chapman bezalako kantariekin topo egin nuen. Hamabi urte bete nituen egunean aldiz, amonak nire jakin mina piztu zuten bi kasete oparitu zizkidan. Lehena, Negu Gorriaken “Hipokrisiari Stop!” Eta bigarrena, Su Ta Garren “Munstro hilak” (sekula ez dut jakin nork demontre gomendatu zizkion).
Bi kasete haiek entzun eta Negu Gorriakeko zuzeneko antologiko harrekin geratu nintzen Su Ta Garren kasetea apal batean ahaztuta geratu zen bitartean (nire geneetan zetorren dirudienez heaviarekiko axolagabetasuna…). Behin eta berriz entzun nuen kasete hura eta behin eta berriz pasa nuen atzera boligrafo baten laguntzaz (nola aldatu diren gauzak…). Ordura arte entzun nuenetik ezberdina zen musika hura eta egunero gertuago nuen nerabetasunaren hastapena doinu haiek erabiltzen hasi zen adin horien ezaugarri den jarrera ihardukitzailea bideratzeko.
Beste askok bezala, jainko moduan ikusten nuen osaba gazte bat nuen nik ere eta bere etxera joaten nintzenean, bere diskoak uzten zizkidan. The Police, The Alan Parsons Project edo Pink Floyden diskoekin bidaltzen ninduen etxera bueltan baina baziren beste batzuk “hau zuretzat gehiegi da” esan eta apalera itzultzen zituenak; Rage Against The Machine, Skunk Anansie edo Bad Religion adibidez. Bere gelatik atera eta beste zerbaitetan hasten zenean, hanka puntetan itzultzen nintzen apal amaiezin harren aurrera eta niretzat gehiegi ziren haiek hartzen nizkion bera konturatu gabe (ez dakit bera kontziente ote zen lapurreta haietaz). Berak utzitakoak itzultzera joaten nintzenean, gauza berbera egiten nuen lapurtu nizkionak bere lekuan uzteko.
Arrazoi edo zentzu gabeko errebeldia urteak izan ziren ondoren etorri zirenak eta gure kasuan, ez ziren makalak izan… Hala ere, bizi beharreko garaiak direlakoan naiz eta garbi daukat ez ginatekeela gaur garena izango urte haiek gabe. Munduari kontra egiteko garaiak ziren, protesta egiteko, arrazoituta edo arrazoitu gabe baina munduari gure inkonformismoa erakutsi beharrean ginen. Uneoro, jarrera edo arroparen bidez, aisialdian, eskolan gehienbat eta nola ez, musikarekin. Grungearen garaiak tokatu zitzaizkigun eta gu ere Nirvana, Soundgarden, Screaming Trees, Smashing Pumpkins edo Pearl Jamen zurrunbiloak irentsi gintuen. Arropa beltza, txima luzeak eta distorsioa nonahi. Ez nuke aipatu gabe utzi nahi hala ere, Brit Pop deitu zitzaionak guregan izan zuen eragina nahiz eta oso ezberdinak izan, Oasis edo Blur ere bidaia kide izan bait genituen.
Egun batean, musika talde bat sortzea erabaki genuen eta nola ez, gustuko genuen musika hura egiten hasi ginen. 16 urte genituen eta 21ak bete arte han eta hemen aritu ginen kontzertuak eskaintzen (maketa bat ere atera genuen). Grungea, Hip-Hoparekin gertatu zen bezala (non geratu zen Public Enemy?), industriak irentsi zuen eta pixkanaka, izaera eta ondorioz indarra, galtzen joan zen. Urte haietan, egunero entzun zitezkeen MTVn Nirvana edo Pearl Jamen kantuak eta hori izan zen agian mugimendu harren amaieraren hasiera. Metal berria deitu zitzaionak hartu zuen bere lekua eta korronteak eramanda moduan Sepultura, Soulfly, Korn, Incubus edo Machine Head entzuten pasa genituen egunak (ziur naiz nire gurasoen belarriek ederki eskertu zutela fase harren amaiera). Musika talde bat izateak ordea, leku ezberdinetan eta musikari ezberdinekin jotzeko aukera eskaini zigun eta komunikabideek eskaintzen zuten musika jarioaz gain, beste korronte batzuk ezagutzen hasi ginen. Fugazi, Nebula, Fu Manchu, Kyuss, Queens Of The Stone Age eta Slo Burnen urteak izan ziren haiek eta egiten genuen musikan eragin handia izan zuten gainera.
Egun batean, musikarako balio ez nuela ulertu eta nik ez nuen talentua zuten taldekideei ni gabe jarraitzen utzi nien (beno, taldea uztera gonbidatu ninduten). Horrezkero, musikarekin nuen harremana estutzen joan zen hoztu beharrean eta interneten agerpenak obsesio hura areagotu zuen. Mundu berri bat zabaldu zen nire muturren aurrean eta rock eskandinabiarra ezagutu nuen. The Hellacopters eta Turbonegro izan ziren urte haietako soinu banda eta hortik aurrera, aldapa behera hasi zen.
Konturatzerako, garai bateko gitarra indartsu eta ahots gogorrek ez zidaten gauza handirik esaten eta pixkanaka, lasaitzen joan nintzen. Azkenean, entzuten dugun musika, une horretan gure barruak eskatzen diguna da eta nahi edo ez, nire protesta eta errebeldia urteak amaitzen ari ziren. Ben Harper, Dave Matthews Band, Jeff Buckley, Anari… Musikaren baitan beste gauza batzuk apreziatzen hasi nintzen eta nahiz eta doinu gogorrak entzuten jarraitu, balio erantsi bat sumatzen nien taldeak izaten ziren.
Urte batzuk pasa dira ordundik eta gaur egun entzuten ari naizena Bon Iver, Sigur Ros, Damien Rice, Peter Broderick, James Vincent McMorrow edo London Grammar inguruan dabil beraz ideia bat egin dezakezue zein faseetan nagoen. Orain hamabi urte hogeita hamabi urterekin zer entzuten ari naizen esan balidate, ez nuke sinestuko eta horregatik, nahiago dut ez aurreratu berrogeita hamabirekin zer demontre entzungo ote dudan.
Guztiok dugu gure bizitzaren une bakoitzarekin harreman estua duen kurrikulum musikal hau (nolabait deitzearren) eta ikaragarria da nola kantu haiek entzutean une hartan nola sentitzen dugun gogoratzen dugun garbitasun osoz.
Igandean lagun artean bazkaltzen sentsazio horretaz hizketan ari ginela sortu zitzaidan post hau idazteko grina. Gaur egungo gazteen musikaz aritu ginen eta erabat zahartuak gaudela konturatzeaz gain, beste hausnarketa bat bultzatzeko balio izan zigun solasaldiak. Hamasei hemezortzi urterekin guztiok izan dugun jarrera ihardukitzaileaz aritu ginen eta nola adin horrekin, zure garaiko baliabideak erabiltzen dituzun errebeldia hori adierazteko. Guri, Grungearen garaia suertatu zitzaigun eta gu baino zaharragoak zirenek, ulertu ere ez zuten egiten zer mierda zen entzuten eta egiten ari ginen musika deprimente hori. Gero etorri zirenek, metal berria landu zuten eta guztiok teknologiaren aroa etorriko zela pentsatzen genuenean, indiea agertu zen.
Indiea entzuten dut, ez naiz ezkutatuko (oso termino zabala da eta gauza batzuk asko atsegin ditudan moduan, beste asko nire izate osoarekin gorrotatzen ditut). Indieak ordea, ez du jarrera kontestatariorik barnean, ez du mundua iraultzeaz hitz egiten eta ez zaitu zure lagunekin cromagnon baten moduan saltoka jartzen. Guretazt ondo egon liteke baina ez da adierazbide egokia mundua hankaz gora jarri nahi duen batentzat. Horregatik, eta gaur egungo musika hori bada, gaur egungo gazteak zer egiten duten galdetzen diot nire buruari. Gertura begiratu eta adin horretako gazteen erreferentzia taldeak RIP edo The Clash direla ikusten dut. Talde handiak biak zalantzarik gabe baina egunerokotasunetik oso urrun daudenak. Gu musika egiten hasi ginenean RIP zaharra zen dagoeneko eta The Clashekoak ezagutu ere ez genituen egiten gerora beraiekin asko gozatu badut ere. Gaur egungo gazteek (orotara) orain hogeita hamar urteko musika dute erreferente eta horren aldaera besterik ez da gaur hain modan dagoen Street Punk edo Oi! Deritzona. Benetan pentsatzen dut gaurko gazte batek egiten duen musika ez nuela ulertu beharko eta are gutxiago zaharkitu moduan pertzibitu.
Protesta egin nahi dute, mundu hau mierda bat dela oihukatu baina horretarako topatu duten tresna bakarra gu ibiltzen hasi aurrekoa da. Zerbait kale egiten ari da baina ez dakit zer den. Oilasko hegal haien inguruan entzun nuenagatik, ez nik eta ezta mahai inguru hartan zegoen inork ere. Hala ere, eta post honekin amaitzen ari naizela, orain arte kontuan hartu ez dudan aukera batek eztanda egin du nire buruan. Ez genuke ulertu behar gaurko gazteek egiten dutena eta musika eaguna egin eta zaharkitua iruditzen bazaigu ere, azken finean, ez dugu ulertzen zertan ari diren eta ezta zergatik egiten duten ere. Agian, bide onetik doaz…
PD: Ezin duzue imaginatu zeinen ondo pasa dudan kurrikulum musikal hau idatzi eta kantuak bilatzen beraz opari modua edo, hemen duzue ziur zuen gaztaroa ere gogoratuko dizuen Spotify zerrenda hau. Kontakizun honetan ordea, niretzat garrantzitsuak diren hainbat talde lekurik gabe geratu dira eta bonus track moduan gehitzea erabaki dut. Red Hot Cilli Peppers, Dut, Kerobia, Willis Drummond, Audioslave edo Spotifyn aurkeitu ezin daitezkeen El Corazon Del Sapo eta Geroh.
Bat eta Bat (2014/09/26)
Mikel Alvarez
Parrandazaleak izan gara, edo gara. Hala ere, gure parrandak modako tabernak ez diren beste eremu batera igarotzen ari gara azkenaldian. Gogoan dut hogeita gutxi urte genituela herriko tabernetan jo ta su ari ginela hogeitamagutxi urteko jendea ikusten genuenean pentsatzen genuena: «Begira, aiton-amonak parrandan atera dira berriz». Urte batzuk geroago, beti bezain gazte jarraitzen dugu eta zer demontre! Noizean behin bada ere, tabernetara jaisten gara parranda egitera. Azkenekoetan, ordea, aiton-amonak gu garela irakurtzen dut gazteenen begietan. «Ze lotsa, nik adin horrekin ez dut parrandan ibili nahi» diotela dirudi begirada aztertzaile zein zorrotzarekin. Aizu! Noizean behin ateratzen naizela! Eta gainera! Ze hostia! Ez dit lotsarik ematen! Nahiz eta zeintzuk zareten ez dakidan, nahiz eta tabernan kanpoan geratzen garen barruan trote gehiegi dagoelako… Batzuetan gainera, gaztetxo hauetako batekin hizketan hasi eta jokuz kanpo egongo bazina moduan hitz egiten dizutela konturatzen zara, parranda bat zer den jakingo ez bazenu moduan. «Guk jagerbombak edaten ditugu», dio mesprezuz zure gintonicari begira. Ba zer demontre! Guk ere edango dugu bat gaur! «Ez ez, hobeto ez, oso gogorra da», erantzuten du. «Nola? Zuk ez dakizu nor garen! Kontatuko banizu… kontatuko dizut» eta guk ere jagerbomb bat edaten dugu. Oraindik urdailari buelta eman ezinik nabil. Zer moduz sartu zitzaizun zuri Artola?
Jon Artola
Ez da erronka makala.Bada nik ere barne hodiren bat apurtuta edo gutxienez batzuk tokiz aldatuta ditudala uste dut. Ez baita normala komunerako maiztasun hau! Jagerbomb horri Coca-Cola apur bat nahastu beharko diogu hurrena. Tripentzat ona omen den kontuarengatik, badakizu.
Eta zu lasai Mikel, jendeak gure gaueko abenturak eta kalenturak ezagutzen ez baditu, dokumentatzerik izan ez dutelako baita. Internet aurrekoak izatean, gure gaztaroak utzitako arrastoak VHS zintekin batera joan ziren, eta ezin horrela urtez-urte, festarik-festa apurtutako markak trasmititu! Baina hobe horrela! Gainerakoan Interneten ahaztuak izateko eskubideen inguruan ariko ginateke eta! kar, kar, kar.
Bestalde, eta diozun moduan, aitortu beharra dugu guk ere horrelakoak pentsatzen genituela. Eta oraintxe bertan, adibidez, gu baino jende zaharragoa gureak sentitzen ditugun ingurunetan ikustean ere burutik pasatzen zaizkigula. Esate baterako lagunekin… emmm… ba adibidez… zera… Wow Mikel! Posible al da egoera bat bera ere ez bururatzea! Demontre, banengoen ba ni, duela urte batzuk inondik inora erakartzen ez ninduten planak gustura egiteak zerbait txarra eduki behar zuela! Goizetan egindako patata tortila eta fiambreradunak besteak-beste…
Coca-Cola bi bider bota beharko diogu hurrena Jagerbomb madarikatu horri, Mikel. Lehena urdailari laguntzeko eta bigarrena, herdoilak kentzeko! Zaharrak garela kamarada! Edo beno, hobe esan: Vintage Originalak!
Berezko artikulua, Goiberin.
Folklorea eta euskara: Hobe lagun bikote baino
Datorren larunbatean (hilak 27) ospatuko da lehen aldiz Beasainen Mutur Beltz Eguna eta egitaraua irakurtzean, betiko burrunbak hartu du nire burua. Mutur Beltz Eguna, Igartzako kultur mahaitik ateratako ekimena da. Bertan, herriko hainbat elkarte biltzen dira eta guztien artean, norberak bere kabuz lan egiteko ohitura duen herri honetan, sinergiak baliatu eta herri osoarena eta herri osoarentzat izango den festa bat sortu nahi izan dute. Denboran errotu eta ohitura bilakatuko den festa bat.
Beasainek lotura handia du trenarekin eta horri heldu diote jaiak sustrai sendo bat izan dezan. Mutur Beltz Egunak trena herrira iritsi zenetik igarotako 150 urteak ospatu nahi ditu eta Mutur Beltz terminoak, lokomotoren koloreari edo makinistek ikatza zela eta aurpegian zeramaten koloreari egiten dio aipu (bi bertsioak iritsi zaizkit eta ez dakit ziur zein den egiazkoa).
Bat egiten dut irakurketarekin eta ideia ona iruditzen zait urtean zehar beasaindar izaera indartuko duen egun berri bat bultzatzea. Horretaz gain, miresgarria iruditzen zait hainbeste elkarte zein herritar mahai batean elkartu eta guztien artean herri osoarentzat izango den jaialdi bat antolatzen beraien denbora eta lana xahutzea. Nire errespetua guztientzat bihotzez ez baita hori guztia zalantzan jartzea post honen helburu edo gogoa. Mutur Beltz Egun honek nire barnean sortu dituen pentsamendu zein zalantzak gure herritik haratago doaz.
Azkenean, betiko kontura noa eta blog hau jarraitzen duzuenok badakizue zein den. Mutur Beltz Eguneko egitaraua hartu eta ekitaldi nagusian dantzariak, erraldoiak, herri kirolak, bertsolariak eta trikitixa ikusi ditut jaialdiaren ardatz eta barkatu, baina nahigabe osoz aitortuko dizuet etsipenak hartu nauela.
Aipatu ditudan elementu hauek guztiak euskal folklorearen parte dira eta ados nago zaindu egin behar ditugula esatean. Hala ere, horrek ez du esan nahi gure folklorea euskal kulturgintzaren ardatza izan behar denik. Are gehiago, jarrera hori gure kultura zein hizkuntzarentzat kaltegarria delakoan naiz. Folklorea, gure kulturaren zati bat da. Gehiago esango nuke, gure izaeraren zati ere bada folklorea, gure iragan zein sustraien gordailu ezin hobea baita. Hala ere, hori gauza bat da, eta beste bat, edozer gauza antolatzen dugun bakoitzean, egitaraua trikitilariz zein aizkolariz betetzea.
Folkloreak bere eremua izan behar du; literaturak, zineak edo arte modernoak duen moduan eta ezin du euskal kulturaren unibertso osoa irentsi. Adibide moduan, beste kontu batzuetan oso aurreratutzat ditugun iparraldeko herrialdeak hartuko ditut. Folklorea dute, zaintzen dute eta ekintza mordo bat antolatzen dituzte hau galdu ez dadin baina ez da folklorea herrialde osoaren kulturatik tira egiten duena.
Egia da Euskal Herriaren historia zaila izan dela baina badirudi, igaro ditugun eta igarotzen ari garen inposaketa zein zapalkuntzek gutxiagotasun-konplexu bat eragin digutela. Gauza guztien gainetik, ezberdinak garela erakutsi nahi dugu, badugula arrazoi bat libre edota independente izateko, norbaiten baimena beharko bagenu moduan gure etorkizuna erabaki nahi dugula aldarrikatzeko. Horretarako, folkloreari heldu diogu eta bandera baten moduan astintzen dugu munduak jakin dezan alboan ditugunetatik ezberdinak garela. Sentimendu hori, euskalduna izatearen baieztapen hori, panderoa jotzen jakin edo idi proba batera joateak ahalbideratuko balu moduan.
Sentimendu hori, hori guztia baino askoz ere sakonagoa delakoan naiz. Gainera, bandera bat beharko bagenu gure ezberdintasuna lau haizeetara aldarrikatzeko, ez al litzateke nahikoa izango euskararekin? Nahikoa baino gehiago esango nuke nik euskara baita gure bandera, gure sentimendua, gure izana, gure iragana eta garrantzitsuagoa dena, gure etorkizuna.
Eta hortxe, Euskaraz hizketan hastean topatzen dut folklorearen nonahikotasunak eragin duen oztoporik handiena nonahikotasun horrek , Euskara bahitu baitu. Jasandako zapalkuntzek gure izaera berrestearekiko menpekotasuna sortu digute eta egun batean, ez dakit noiz, euskararekin nahikoa ez zela iruditu zitzaigun. Ziur aski, gaurkoak baina garai gogorragoak zirelako alde batetik eta hizkuntza zabaltzeak elementu ezberdinak eskatzen zituelako bestetik.
Hala ere, denborak aurrera egiten du eta mundua ez da geratzen. Azken 50 urteetan abiadura ikaragarriak aldatu da eta horrela jarraitu ezkero, jokoz kanpo geratuko garelakoan naiz. Ezberdintasunaren bandera astintzen dugu dantza eta trikitixa artean eta ez gara konturatzen atzean geratzen ari garela. Folklorea, folklorea da eta bere eremua du. Folklorea historia da, eta historia moduan tratatu behar dugu. Bildu, ezagutu eta gogoratu baina beti, denboraren igarotzeak eman beharko ligukeen distantziarekin. Folkloreak nor izan ginen erakusten digu baina orain, nor izan nahi dugun erabakitzeko ordua da.
Lokazti batean gure historiarekin zirriak egiten ari garen bitartean, munduak aurrera darrai. Teknologia berriak agertzen dira egunero, kolore guztietako kultur joerak, abangoardiak eta abar eta guk, herri bezala aurrera egitea baliatuko ligukeen tresna, bahitua dugu. Ez dugu sekula herri onarpenik izan eta badirudi hori lortze bidean, gure etorkizunaren jabe izatea baino, nahiago dugula aspaldi erori zen Amaiurko Gazteluan bizitzen jarraitu, gure etorkizunaren jabe izan eta XXI. mendean murgiltzea baino.
Folkloreak, iraganean izan ginena ekartzen digu baina euskara, iraganetik independentea da. Gaur erabiltzen dugu eta etorkizunean erabiliko dugu. Horregatik, ezin du iraganaren bahi izan. Etorkizunean Euskal Herri euskaldun bat izan nahi badugu, ilusio saltzaile horretatik ihes egin behar dugu bestela; 1) gure ondoren etorriko direnek ez gaituztelako ulertuko edota 2) Erdi Aroan trabatuak geratuko gara betiko.
Askotan entzun dut Euskarak tren asko galdu dituela historian zehar eta lehendabiziko aldiz orduan hartu zuena, internet izan zela (Erabat ados nago baieztapen horrekin eta uste dut, tren hori hartzeko lanetan aritu zen jendeari ez zaiola behar bezala eskertu). Eta tren garrantzitsua izan zen bai, baina ez azkena. Gehiago esango nuke, geroztik, bat edo beste galdu dugulakoan naiz.
Nahi edo ez, Euskal Herria munduan dago eta gaur egun, hein handi batean internet dela eta, askoz konektatuagoak gaude munduaren beste aldean geratzen denarekin. Gaurkotasuna, informazioa baina baita ere, kultura. Hizki handiekin eta ulertu dezakeguna baina dimentsio zabalagoan. Kultura hori gure etxeetara sartzen da eta pixkanaka, hemen ere joera bilakatuko dira. Gazteek ez dute ezer jakin nahiko guri gustatzen zaizkigun musika, pelikula, artista edo arropez eta beraien garaikoa dena bilatuko dute. Erabaki behar duguna da, etorkizuneko euskal gazteek bilatuko duten hori guztia euskaraz egotea nahi dugun euskaraz ez badago, beste hizkuntza batean hartuko baitute eta orduan, ez dute izango beraien herri izaerarekin konektatzeko modurik (tartean, folklorea).
Euskara, gure seme-alabei utziko diegun tresna da, hein handi batean gure herriaren izaera egituratzen duen tresna. Kontua da, ea erakargarri egingo ote zaien eta erabiltzen jarraituko duten beraien seme-alabei guk beraiei utzi genien moduan uzteko. Hori bermatzeko, Euskarak aurrera egin eta folkloretik independente izan behar du orainaldiak eta etorkizunak eskainiko diguna euskaraz landu ahal izateko. Mugikorrerako app-ak behar ditugu Euskaraz, filmak, komikiak, diskoak, adierazpen artistikoak eta zergatik ez, bideo-jokoak. Itzuliak batzuk baina guk sortuak besteak, etorkizunean, joera edo abangoardiak guretik ere abiatu daitezen mundura, euskaraz eta naturaltasun osoz.
Orduan izango da euskara indartsu eta ez dugu ezberdintasunaren banderarik astindu beharko gure izana aldarrikatzeko. Orduan, eta orduan bakarrik izango du gure hizkuntzak bizi propioa eta bera izango da euskaldun izateko baimena emango digun bakarra. Euskara hitz egitea izango baita, euskaldun izatea. Extremaduratik, Senegaletik edo Errumaniatik etorri.
Denborak aurrera etengabian
ta orain ezin eutsi izan giñana
rutinaren morroiak bihurtu gara
laztana lehen baino
lehen aska gaitezan.
Bat eta Bat (2014/05/16)
Mikel Alvarez
Badakit bidaiazale amorratua zarela Jon, eta horren froga dira zure pasaporteko hamaika zirriborroak. Gainera, ni baino ausartagoa izan zara beti arlo horretan. Hala ere, itxaropena dut Europan zehar bidaiatua zarela eta, hala bada, garbi daukat behin baino gehiagotan pentsatuko zenuela «hauek gu baino aurreratuago daude» errepikakor hori. Gauza askorekin gertatu izan zait Europara zaharrera bidaiatu dudan bakoitzeko, baina bada gauza bat jende gehiagori ere entzun diodana. Eta zer da? Ba gizaseme alferrena ere zoriontsu egingo lukeen garraio publikoa! Merkea eta txartel-zulatzaile gabea! Nola da posible? Ba bai, jendea autobus, tren, metro edo tranbian sartu eta bere borondatez ordaintzen du!
Sinestezina… Hemen horrelakorik jartzea pentsatzen dugu halakoetan, baina ez dugu garbi ikusten. Ederra izango litzateke bai, baina ezinezkoa. Zuk uste hemen inork tren txartel bat ordainduko lukeela derrigortuko ez balute? Ba nik, garbiago dut egunero, ez. Are gutxiago bosgarren edukiontzia erabiltzeagatik hobariak eskaini eta marroietik txartela pasatzen dugunean, gure ekintza zenbatu ondoren zakar poltsa bakarra
berdera botatzeko. Edo TAOa dela eta, alboko herrian (merkeagoa delako) erroldatua genuen autoarekin egoiliar txartela lortzeko zer egin behar dugun galdezka gabiltzanean… Ez dugu barkamenik Jon.
Jon Artola
Demontre Mikel, baina jendeak guzti horiek egiten al ditu ala? Zeinen inozentea naizen alajaina! Ikusten dut xoxak aurrezteko aukerak galdu eta galdu nabilela egunero. Arraioa, herriko aberatsenen artean nintzateke honezkero!
Edo beno, agian… agian ez, ezta Mikel? Zaborrengatik urtean 20 euro aurreztuz behintzat, gaur egungo maila berberean nengoke gutxi asko. Ikaragarria da bai, jendeak horrelako trikimailuekin herrikideei iruzur egitea eta ondoren, auto, telefono, aseguru edo argi indarretan multinazionalei horrenbesteko erreparorik gabe eta agian konturatu ere egin gabe, hilean 5 edo 10 euro gehiago ordaintzea.
«Lehen ere nahikoa zerga ordaintzen ditut», «besteek ere egiten dute» edo «niri ezer esan aurretik sar daitezela ustelkeria kasu handiekin» bezalakoak pentsatuz justifikatzen du jendeak bere burua (azken honetan arrazoiz agian, pikareskaren batura, ustelkeria handiekin konparatu beharko litzateke eta). Baina sorgin-gurpilarekin apurtu beharra dago, azkenean inork ez baitu ezer ordainduko, besteek ordaintzen ez dutelako.
Eta beno Mikel, behin berriketan ari garela, nola du izena aurrekoan deskargatzeko gomendatu zenidan musikariak? Izan ere, estreinatu berri den pelikula bat online ikusten nengoen eta ez nuen inon apuntatu. Badakizu, «lehen ere kulturan nahikoa ordaintzen dut», etab.
Berezko zutabea, Goiberrin.
Bat eta Bat (2014/02/28)
Jon Artola
Erabaki garrantzitsu bat hartu berri dut Mikel. Bai jauna!
12 bat urtetako mutiko bat kalean bakarrik lasterka ikusi ondoren, nik ere hala egiten hasteko garaia badudala erabaki dut. Nik ere korrika egiten hasi behar dudala. Izan ere, zerbait handia galtzen behar dut! Mutil zein neska, ume nahiz heldu, pijo edo borroka, jende anitza ikusten dut bidegorrietan korrika. Eta ni, behiak trenari lez beste aldetik begira. Baina nahikoa da! Mens sana in corpore sano! Zertarako irakurri, musika entzun, pelikulak ikusi… Apokalipsia iristen denean Txindoki puntara babestera 35 minututan igotzeko gai ez bazara? Zertarako ikasi hizkuntza bat orein baten ehizan joan eta atzetik jarraitzeko gai ez bazara? Zertarako suspertu zure kreatibitatea, ondoren herriko seme-kuttun bere borondatez bizitza arriskuan jarri duen mendizale bat egiten badute? Zertarako egon hilabetetan liburutegia arratsaldez noiz irekiko zain, kiroldegia egunero zabaltzen dutenean?
Bai Mikel, zerbait handia galtzen behar dut eta ez nago horrela jarraitzeko prest. Etorkizuneko belauneko arazo edo eskuindar bihurtzeko arriskuak kontutan hartuta ere.
Zeren badakizu, ezkertiar izatetik eskuindar pragmatiko bihurtzeko ezinbesteko aro bat omen da norberaren gorputzean arreta jartzea. Edo hala dio behintzat Zizekek.
Mikel Alvarez
Nik ere sentsazio berbera daukat azkenaldian, eta nire herrian arrotz sentitzen hasia naiz. Urrun ikusten nuen plaga bat izatetik, gertuan eta sekula esperoko ez nuen lekuan, pandemia hau zabaltzen ari dela ikusi dut. Baina aizu! Agian arrazoi duzu eta gu gara oker gabiltzanak. Goierri kirolaren herrialdea bilakatzen ari da eta leku guztietan mendi lasterketak, BTT probak, duatloiak, ultratrailak eta megaultramatadak besterik ez daude. Hori bai, zineklubera egunetik egunera jende gutxiago joaten da, liburutegiak frikientzat babestoki bilakatu dira, eta %90ak edo ez du normalean irakurtzen, edo Kilian Jorneten biografia da irakurri duen azken liburua.
Dagoeneko ez dugu gogoratzen orain 10 urte arrakasta soziala eskaintzen zuten jarduerak zeintzuk ziren, eta garbi dugu, gaur egun pundamentuzko pertsona bat izateko, gutxienez Arriarango Mendi Lasterketa egin behar duzula, eta kilometroa ez dakit zenbat denboran.
Gu ere entrenatzen hasi beharko gara lanak libre uzten digun denbora urrian eta, agian, gu ere pro-gizonak izatera iritsiko gara. Orduan Artola, eta orduan bakarrik izango gara kontuan hartzeko moduko pertsonak eta une horretan, ez dugu liburutegiko ordutegi tristea ezagutuko, ezta inportako ere. Kilian Jorneten biografia irakurriko dugu eta ez zaigu axolako Zizekek zer esaten duen. Nor den ere ez dugulako jakingo.
Berezko zutabea Goiberrin
- 1
- 2
- Hurrengoa →