willis drummond

Finlandia (2. atala) – 2.13

Posted on

HAMAR TRILOGIA I

INAUTERIETAKO INBASIOA

 

Tolosako inauteriak dira eta kalea jendez lepo dago. Goizeko laurak inguru dira eta koadrila bat taberna kanpo batean dago tabernara sartu aurreko azken zigarroa apuratzen. Gure protagonista, Aitor, 23 urteko ikaztegietarra, ginkas urtu bat eskuetan duela eztabaidan dabil Xabier Arzallus eta Dark Vaderren arteko borroka bat nork irabaziko ote lukeen. Hau guztia, Jaiaken erositako Pipi Lastrumen mozorroa soinean daramala.

Halako batean, zerua argitzen da kolpez eta kalean dagoen jende guztiak burua altxatzen du. Batzuk txaloka hasten dira su artifizialak diruditen horri begira. Beste batzuk aldiz, begiak zabal-zabalik dituzte. Azken hauetako bati kuba-rona lurrera erortzen zaio harriduraren harriduraz lurraren aurka hautsi arte.

Une horretan bertan su bola erraldoi batek ondoko etxea jotzen du eta dena hegan irteten da. Kalea kaosean murgiltzen da eta su bola erraldoiek Tolosako kale zein etxeetan jotzen jarraitzen dute guztia suntsituz. Zerutik, tximistez inguratutako laino beltz arraro bat gerturatzen da pixkanaka.

Bat-batean, gure protagonista trantze moduko batean sartzen da. Dardarka hasi da berak ere kontrolatu ezin duen indar batek hartuta. Energia aura ikaragarri bat pizten da bere inguruan eta tximista modukoak sortzen hasten dira aura eta bere gorputzaren artean. Hala ere, ez da bakarra. Ehun bat metro atzerago neska bati antzeko zerbait gertatzen ari zaio.

Su bolek erortzen jarraitzen dute dena suntsituz eta Aitor eta neska hartu dituen energia aura lasaitu egiten da. Bata besteari begiratzen diote eta beste inork ulertu ezin duena ulertu dutela dirudi. Bitartean, laino iluna zirudiena forma hartzen doa eta iluntasunetik espazio-ontzi estralurtar bat ateratzen hasten da. Batak besteari onarpen keinu bat egin eta hegan ateratzen dira espazio-ontzirantz.

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.

Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.

Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.

Advertisements

Basuraindik Ordiziara joan nintzenekoa

Posted on Updated on

Larunbatean Ordiziarocken izan ginen eta ederki pasa genuen bertan. Ordiziako Rock jaialdia Goierriko beteranoenetako bat dugu Sustraiez Blai klasikoarekin batera eta bertan egonda, bizkor ulertzen da zergatik egin duen hain aurrera denboran. Antolakuntza zein giro bikaina bizi izan genituen bertan eta ez nuke post hau amaitu nahi jan genituen BurgerRock zoragarri haiek ere aipatu gabe (garrote).

Hala ere, eta jaialdiarekin zerikusirik izan gabe, arreta deitu zidan Ordiziara iritsi eta lehen ordu erdian bizi izan nuenak. Gure nerabezaroa (luzea, 24 bat urte artekoa) Ordizian pasa genuen. Milaka ordu igaro genituen Bogan lehendabizi eta Sugaarren ondoren eta nire bizitzan leku berezia duen herria da. Aita bertakoa dut eta lan ere bertan egiten dut gaur egun. Hori gutxi balitz gainera, nire familia berria ere Ordiziako da.

Gustuko dut Ordizia baina azken urteetan gutxiago gerturatu gara bertara (badakizue, adinak alfertu egiten gaitu). Hori dela eta, gogo berezia nuen larunbatean Ordiziara joan eta bertako giro, taberna eta aspaldikoez gozatzeko. Kontua da, herrira iritsi eta ordu erdi batean hiru ezagunekin egin nuela topo. Besterik gabe agurtu eta kontzertuez, giroaz edo grabitateaz hitz egin genuen. Rigorezko elkarrizketa hutsal horietan ordea, Beasainekiko gorroto edo nazka moduko bat sumatu nuen. Bai, ez naiz pike sano batez ari, gorroto edo nazkaz ari naiz eta bai, hirutik hiru elkarrizketetan.

Entzun nituen komentarioen arabera, bazirudien barkamena eskatu edo esplikazioak eman behar nituela beasaindarra izan eta nire aisialdian Ordiziara joateagatik: “Gaur bai e? Gaur etorri zarete Ordiziara…”, beasaindarra izateagatik soilik egun santu osoan Ordiziarekin sartzen aritu eta gustuko zerbait egotean burua jaitsi eta bertara joan bagina moduan. Edo, “Beasaindarrak ere etorri dira eta!” guretzat Ordiziara joatea mailaz jaistea dela pentsatuko bagenu moduan. Horretaz gain, 14 urte nituenetik entzuten ez nuen “Basurain” terminoa ere entzun behar izan nuen pare bat aldiz.

Erdi brometan eta parranda testuinguru batean esandakoak dira bai baina hain denbora gutxian jarrera berdina hiru aho ezberdinetatik entzun izanak zer pentsatu eman zidan. Ziur naiz ordiziar guztiek ez dutela horrela pentsatzen baina esanguratsua ere bada ezta? Esandakoa, gustuko dudala Ordizia eta horixe esan nion solaskide izan nituenetako bati. Orduan bere erantzunak harrituago utzi ninduen posible bazen behintzat: “Eta Beasain gustatzen zaik?” Harriduraz, Ordizia gustuko izateak zentzutasunez jantzi eta horrek Beasain Basurain dela ikusteko gaitu izan banindu moduan. Aho bete hortz baietz erantzun nion, gustuko nuela eta harro nagoela gainera beasaindarra izateaz. “Atsegin dut nire herria baina baita zurea ere, ez dut hor kontraesanik ikusten”. Are gehiago, Beasaingo gauza batzuk gehiago gustatzen zaizkidan moduan, badira Ordizian nire herrirako nahiko nituzkeenak ere. Horixe dute ona herriek, izaera propioa dutela eta bakoitzak berea duela; ona, eta txarra.

Antzinakoa da Beasain eta Ordiziaren arteko pikea eta haurtzaroan gehienbat guk ere egin genituen bromak kontu honen inguruan. Hala ere, inondik inora ez genuen gorrotorik sentitzen Ordizia edo ordiziarrekiko. Zaharragoen kasuan ordea bai sumatu dudala jarrera hori (Bai Beasainen eta baita Ordizian ere) eta egia esan, zentzugabea eta sinpletasun ikaragarri batekoa iruditu zait beti.

Hasieran aipatu dut aitaren aldetik ordiziarra naizela eta agian, erdian egote horrek pike alu horietatik at egotera eraman nau baina nire inguruan ere, koadrila edo lagunartean, ez dut sekula Ordiziaren aurkako halako jarrerarik sumatu.

Beste edozeren gainetik pena eman zidana, ondoan dauden eta batak besteari hainbeste eman diezaioketen bi herriren arteko ezinikusia berpizten ari dela ikustea izan zen. Gerora, jende ezberdinarekin hitz egin dut anekdota honetaz eta ikusi dudanagatik, gori-gori dagoen gaia da azkenaldian. Ez naiz kausa edo ondorioak aztertzen hasiko zentzurik ez lukeelako izango alde batetik, eta ezagutzen ez ditudalako bestetik. Besterik gabe, hausnarketa hau plazaratzea besterik ez nuela nahi. Ordu erdian topatu nuen hiru horietako batek irakurri eta pentsatzeko ematen badio, ni gustura.

Horrela, berriz ere joan ahal izango naiz Willis Drummond ikustera Ordiziara Basurain terminoa entzun gabe.

Autotik eta burutik atera ezinik nabilen bi disko: A ala B eta Llamp de Déu

Posted on Updated on

Nahiko lasai nabil azkenaldian musikari dagokionean. Baretu edo beste zerbaitetan kontzentratu ahal izateko besterik ez dut musika entzuten eta joera horren froga garbia da azken astean gehien entzun ditudan diskoak London Grammar-en If You Wait (debut lana WTF! Gaur egungo mukizu hauekin beldurtzen hasia naiz…) eta Ásgeir-en In The Silence direla.

Autoan sartu eta Goierritik ateratzean ordea (Goierri Irratia Zumarraga eta Tolosa artean bakarrik entzuten da…), orain ez hainbesteko rock-zale amorratuak hartzen nau. Bi astean behin edo CD berri bat prestatzen dut autorako eta badira bi disko indartsu zein zoragarri azken nahasketa guztietan sartu direnak. Eta martxa honetan, sartzen jarraituko dutenak. Ez dakit zenbat aldiz entzun ditudan eta ez naiz oraindik nazkatu (ez dakit sekula nazkatuko ote naizen…).

Lehena, Euskal Herrian aski ezaguna den talde batena dugu eta bigarrena, tamalez hain ezaguna ez den bikote kataluinar batena. Ea post honek injustizia hori konpondu eta unibertsoarekin adiskidetzen laguntzen nauen.

WILLIS DRUMMOND – A ala B: 

azala_A_1Zer esan? Makina bat kritika idatzi dira lapurtarren lan honen inguruan, makina bat irakurri ditut eta oraindik ez dut ezer txarrik topatu. Lehen diskotik jarraitzen ditut eta nire talde kuttunetako bat dela onartu beharrean naiz. Lehen bi diskak kolpez sartu zitzaizkidan barreneraino (Anthology eta Willis Drummond). Hirugarrenak aldiz (Instanteak), entzunaldi pare bat gehiago behar izan zituen. Gaur egun, aurreko biak bezain beste maite dut. Gauzak horrela, laugarrena aterako zutela jakin nuenean, ez nuen gutxiago espero izan. Espektatiba altuak bai baina ez zuten hutsik egin berriz ere. A ala B lehen entzunaldian hipotalamoraino sartzen zaizun lana da. Adinean gora doaz baina hori ez da beraien musikan sumatzen. Aurreko diskoak baina zuzenagoa da, indartsuagoa eta leloak aurreko diskoetan baina errazago zizelkatzen zaizkizu garunean (bi egun pasa berri ditut “denborak egiten gaitu, aanai” ahapetik kantatzen).

willis--647x231
Argazkia: Willis Drummond

Hori gutxi balitz, entzuten dudan bakoizten diskoko nire kantu kuttuna beste bat dela erabakitzen dut eta hori, oso oso zaila da eta oso disko gutxirekin pasatzen da. Dagoeneko, “Ilegala”, “Menoperatzen dut”, “Anai”, “Tresna”, “Ate ttipia” edo “Berantegi” izan ditut kuttunen.

Esandakoa, erraz sartu eta oso zail ateratzen den diskoa. Indarrez betea eta indarrez betetzen zaituena. Autoko leihoak zabalik eta kantuan entzuteko ezin hobea den horietakoa. Inork ez dezala zure aurrean bidegurutze bat intermitenteari eman gabe hartu hau entzuten ari zarela.

L`HEREU ESCAMPA – Llamp de Déu

a0761751897_10Egia esatea nahi baduzue, ez dut sekula kataluniarrez kantatzen duen talderik ezagutu. Lehena da eta erabat engantxatua nauka.  Hizkuntza guztietan egiten dira gauza onak eta txarrak (hortaz asko dakigu, gehiegi agian… Linkak jartzeko bulkada frenatu dut) baina hitzen sonoritateak ikaragarrizko indarra du.

Talde gutxi izango dira eskenatoki batera halako planteamendu sinple batekin ateratzen direnak. Bi tipo, gitarra bat eta bateria bat. Sinplea ezta? Ba diskoetan iradokitzen den eta zuzenekoetan birrintzen zaituen indarra sinestezina da.

lhereuescampa
Argazkia: musicazul.com

2013ko Jazpanan izan genituen (Willis Drummond urte bete lehenago) eta jaialdia baino bi hilabete lehenago edo zortzi mila buelta eman nizkien beraien bi disko eta EPari (Usopopeko lagunei esker facebook bidez ezagutu ostean). Oso zaila egiten zait zuzenean transmititzen duten energia hitzez deskribatzea baina esango dizuet kontzertua amaitu ostean lurrera itzultzeko hamar minutu behar izan nituela.

Kantu motzak, apaingarri gutxikoak eta zuzenak (George Foremanen gantxo baten moduan). Kolpe horiek dira hasieran zure arreta bahitzen dutenak baina kantuak entzun eta entzun ahala, atzean dituzten mila detaile zein lasaitasun uneez gozatzen hasten zara.

Lehen diska homonimoa borobila da (zirkunferentzia perfektu bat) eta bertan, “Consol, condol” edo “L’Estampa” bezelako ahrribitxiak aurkitu daitezke beste batzuen artean. Ondoren, split EP bat argitaratu zuten Her Only Presence hirukotearekin erdibana eta azkenik, merezi duten lekua eskaintzen hasi zaien “Llamp de Déu” zoragarria.

Zer esan tamaina biblikoa duen disko honetaz? Ba hasieratik bukaerara entzuten den horietako diskoa bat dela. Kantua amaitu eta izena begiratzera jotzen duzun horietakoa. Hori ordea, kantu guztiekin gertatzen zaizula konturatzen zara bederatzi kantuak aurrera doazen eran. Azkenerako, amore eman eta ez zaizu axola ere egiten nola demontre izena duten. “La feram”, “Incendi”, “Amics estim”, “Ingràvid” edo “La font” ultramegaepikoa!

Amorrua, gorrotoa eta zoriontasuna batera sentiarazten dizkizun diskoa da eta ez da komenigarria autoko leihoa zabalik duzula entzutea. Bertatik burua atera eta munduari Polonia konkistatzeko prest zaudela oihukatzen amaitu nahi ez baduzu behintzat (goizean igerilekura joan ostean noski).

Eta zergatik ekarri dizkigu gaur artaburu honek bi diska hauek gaur The Indezents honetara? Ba Rural Postmoder Videos sasi-produktorak bere lehen bi bideoklipetarako gidoiak prest dituelako eta nola ez, lehen bi protagonistak, bi disko hauetako kantu bana izango direlako. Zeintzuk? Aposturik egin nahi?