bideoklipak

Hemen da, iritsi da: Nikkin

Posted on Updated on

Bada jende mota bat, gela batean sekula ikusi ez duen musika instrumentu batekin sartu, atea giltzaz itxi eta ordu gutxi barru itzuliko bagina, instrumentu horri txispak ateratzeko gai izango litzatekeena.

Igor Alustiza Garmendia beasaindarra, A.K.A. Nikkin, horietako bat dugu. Bederatzi urterekin hasi zen gitarra jotzen eta lehen egunetik zur eta lur utzi zituen irakasleak gitarra baino txikiagoa zen kakanarru hark instrumentuari doinuak atera eta kantuak sortzeko zuen gaitasunarekin. Txikitatik ezagutzen dugunok pegatinaz jositako gitarra eskuan eta Nirvanaren sudadera hilezkor harrekin gogoratzen dugu oraindik. Igorrentzat gitarra zahar hura zen bere jostailurik maiteena eta hamahiru urterekin, bere lehen rock taldea sortu zuen gerora Goierriko musika eskenan garrantzia izan duten beste hainbat kakanarrurekin batera. Lehen esperientzia hartan gustuko taldeen bertsio zein moldaketak egitera mugatu ziren baina argi eta garbi ikusi zuten musikak beraien bizietan izango zuen garrantzia sekulakoa izango zela.

a2814746371_10
Diseinua: Oskarbi Sein

Igorrek ordea, sormen etengabean topatzen du plazerra eta hamasei urterekin Spurium taldea jarri zuen abian haurtzaroko lau lagunekin batera. Bertan izan zuen lehen aldiz bere kantuak garatzeko aukera eta egun hartatik, ez da geratu.

Gerora, The Gu edo Zero taldeetan aritu zen instrumentu ezberdinak jotzen. Beti ere grunge, stoner, rock alternatibo deitu zitzaionaren edo rock industrialaren influentziapean. Zero taldea desegitean eta taldeko entsegu zein eskenatokiez nekatuta, atseden baten beharra sentitu eta bere kantuak bakarka garatzen hasi zen hauek ezagutzera emateko asmorik gabe.

Orduan ordea, Igorren musika ibilbidea etxeko zein lagunei begirako zerbaitean geratuko zela zirudienean, inork nahi ez duena etorri zen, gaixotasuna. Giltzurruneko gaitz larri batek jota, horrek suposatu zuen guztiarekin, musikan topatu zuen babesa eta motibazioa. Nikkin sortu eta bere bakardadean buruan zituen doinu eta kantuei forma ematen hasi zen eriondo izan zen denbora luzean. Etxean estudio txiki bat atondu eta lehen kantuak grabatzen hasi zen inoren laguntzarik gabe. Hasieratik bukaerara Igorrek sortu eta jotako kantu hauek lagunek entzun zituztenean aho bete hortz utzi zituen: “Horrekin zerbait egin behar dek Igor”

Musikaren munduak urte batzuk lehenago sortutako nekea ahaztu eta musikan zentratu zen Igor orduan. Horrela aurkeztu zitzaigun 2014ko JAZPANA! Jaialdira. Bakarrik eskenatoki gainean eta loop zein programazioz osatutako ikuskizun ikaragarri batekin. Herriko musikari moduan gehitu zen kartelera baina bai zaleek, eta baita prentsa espezializatuak ere, bere kontzertua nabarmendu zuten ZA! handienarekin batera.

Kontzertu hartan aurkeztutako kantuetako batzuei berri batzuk gehitu eta etxean grabatu zituen bere kabuz “Ihes” izan den lana osatuz. Ondoren, Sound Source estudioetako Arkaitz Carrascoren laguntzaz soinuak findu eta gure eskuetara iritsi da Nikkinen lehen lan luzea. Rock Industriala dela dio berak baina “Ihes”, hori baino askoz gehiago da. Bere bizia musika den talentu baten proiekturik pertsonalena da. Musikatik aldendu eta bizitzaren krudeltasunak sekula utzi behar ez zuen bidera itzuli duen talentu baten lana. Gauzak sekula baino ilunago zeudenean, babesa eta zoriontasuna musika topatu duen musikari baten uztarik zintzoena.

Nota_de_Prensa Prentsa_oharra

Advertisements

Euskal Herrian ez da bideoklipik egiten! Edo bai?

Posted on

GITBko Ikusi Irratia saiora animatzen diren gonbidatu guztiek bina bideoklip aukeratzen dituzte. Askotan, eta oso ohikoa izaten da, gonbidatuak atzerriko bideoklip bat aukeratzen du lehenik eta bigarrena, euskalduna nahi izaten du (nik uste halako egoera batean egonez gero, erabaki berbera hartuko nukeela). Bigarren hori aukeratzean ordea etortzen dira arazoak, Euskal Herrian, oso bideoklip gutxi egiten baita.

Gustuko dut bideokliparen generoa eta gaur egun, gorantz behar lukeen zerbait dela iruditzen zait. Internet, sare sozialak, mugikorrak, honek guztiak taldeei eskaintzen dizkieten aukerak… Grabazio aldetik ere, garai batean baina askoz errazagoa da bideoklip txukun bat egitea baina badirudi, zirkuitu alternatiboan dabiltzan taldeei ez zaiela erakargarri egiten bideokliparen kontu hau.

Bideoklipa estigmatizatua dagoela esango nuke. MTV eta kirakoek hasiera batean zuen arte izaera lapurtu eta haragi eta produktuen erakusleiho soil bilakatu dute baina beste hainbat espresio artistikoekin egiten dugu moduan, ez genuke genero oso bat mass medien ekoizpenetara mugatu behar. Bada musika komertziala baina horregatik, eredu hori atsegin ez dutenek ez diote musika egiteari utzi ezta?

Ba bideoklipekin berdina gertatu beharko litzateke. Taldeen onurarako alde batetik baina baita, eta bereziki, gure hizkuntzarengatik. Euskarak, eremu guztietan aukera bat izan behar du gerturatzen den edonerantzat eta gaur egun hain modan dagoen fenomeno batean presentzia izatea, berebizikoa da.

Atsegin dut bideoklipak ikustea eta urte hasieran, urteko bideoklip hoberenen zerrendak begiratzen ibiltzen naiz. Nazioartekoak gehienak eta baita estatu mailako baten bat ere. Polita litzateke egunen batean, Euskal Herrian eginikoekin bakarrik ere, zerrenda bat egin ahal izatea.

Oraingoz, ez naiz halako top bat egiteko gai sentitzen ez baita euskal bideoklipak ezagutzeko eremurik (Badok.info-k ekarpen ederra egin dezake alor honetan) baina aletxo bat jartzearren, aurten egin denetik eta ezagutzen dudanetik, aukeraketa txiki bat egin dut. Ez dezatela esan Euskal herrian ez dela bideoklipik egiten!

Propopsamenik baduzue, ongi etorriak izango dira.

PD: Sorta honek ez du zerrenda izaerarik. Ordena ausazkoa da erabat.

NIÑA COYOTE ETA CHICO TORNADO – Lainoak

Ia-ia 2013koa dela ere esan genezake baina mugan dagoenez ezin izan diot eusti zerrendan sartzeko tentazioari.

BAKELITE – Azeriak

Ezin daiteke esan egiten dutena ezberdina ez denik eta bideoklipean ere musikan duten izaera berezia mantentzeko gai izan dira.

IÑIGO CABEZAFUEGOResaca de un bohemio

Naparra artista hutsa da, duen zoramen mailak maitagarri egiten duen horietakoa. Bere azken diska (Camina conmigo) erabat gomendagarria da eta lehen singlea izan zen hau adibide ona da.

BELAKO – Crime

Mungiarrak eskenatokian ikusten dituzun lehen aldian mukizu horiek nondik atera ote diren pentsatzen duzu. Heldutasun maila ikaragarria dute eta este askok 30 urteren bueltan garatzen dugun gustu musikalarekin jaio direla dirudi. Bideoklipetan ere, besteak baino urrats bat aurrerago doaz.

JOSEBA IRAZOKI ETA LAGUNAK – Baso artean

Putoa amoa da, zer egingo diogu ba? Oraingoan gainera Tom Waitsez mozorrotuta eta lagun eta guzti etorri zaigu. Bideoklip ederra prestatu dute animazioak ere bideoklipetan zer esana duela gogoratuz.

BERRI TXARRAK – Zerbait asmatuko dugu

Onartu beharrean naiz gozatzen ari naizen Berri Txarraken lehen lana dela “Denbora da poligrafo bakarra” hau. Bizitzako garai bakoitzean musika mota ezberdina entzuten dugu eta bide horretan ez gara sekula parean suertatu. Oraingoan bai eta gehienbat bigarren diskoarekin, eta baita hirugarrenarekin ere, ikaragarri gozatzen ari naiz (lehendabizikoa gehiegi da niretzat oraintxe). Eta bideoklipa… Zer esan? Aste honetan flipatu egin dut Air Review taldearen bideoklip eder hau egin zuen tipoa euskalduna dela jakitean. Joseba Elorza izena du eta bera arduratu da BTXen azken laneko diseinu eta lehen bideoklipaz. Jarraitu beharreko tipoa Elorza hau…

IZEBERG – Ezin ezer egin

Mendeku Itxua edo Hotzikara taldeetatik datozen usurbildar hauek proeiktu berri bati ekin eta Euskal Herrian mota guztietako musika egiten dela frogatu dute. Bideoklip honetan Foo Fighters gogoratu dezakeen Power Rock indartsu batekin kolpatzen gaituzte eta bideoklipa ere argi zein irudiz ederki zaindua dago.

TANIA DE SOUSA – Baso ilunetik

Urteko diskarik esperoenetako izan da eta ez dakit Taniaz espero genuen guztia bertan topatu ote dugun azkenean. Hala ere, hainbat lekutan entzun ahal izan dira bere kantuak eta bideoklipa urteko ikusienetakoa izan da.

ERROMA – Buakera

Eta azkena zerrenda honetan baina agian nahita, ahal bezain garbi geratu zedin bideoklipen ordena ausazkoa dela erabat. Denbora generaman donostiarren lehen lan luzearen zain eta espero genuen moduan, ez dio inori hutsik egin. Hori gutxi balitz, “Bukaera” honentzat bideoklip bikai bat gauzatu dute CUATROYUNACAMARAkoek. Gozatu!