Month: apirila 2015
#MilaeskerGaritano eta Helsinkiko portuan gertatua
Finlandiako atal baterako gordea nuen baina asteburu honetan Gaizka Garitanok Almerian jasan behar izan duena eta gero, ez zait gertakizun hau hitzetan jartzeko une hoberik bururatzen.
2013ko abuztua zen eta Finlandian ginen oporretan (bai, nirea obsesioa da). Goiz pasa genbiltzan Helsinkiko portu ederrean eta kaiaren ondoan dauden janari postuetan bazkaldu ostean, aste osoan zehar ikusi baina sartzeko garestiegia zirudien kafetegi-izozkitegi batera sartzea erabaki genuen (oporretako azken egunean bakarrik baimentzen diren gutiziak badakizue). Barrura sartu eta gure aurretik errusiarrez eskatzen ari zen neska batek ordaintzean, ingelesez eskatu genuen nahi genuena. Bi iced coffee eta helatu bat eskatu eta terrazara irten ginen egun haietan bidailagun genuen eguzkiaz gozatzeko asmoz.
Helsinkiko portuan egunero ertzeratzen dira kruzeroak uda partean eta bertatik turista samaldak irteten dira lasaitasun guztia haizea hartzera bidaltzen duen plaga baten moduan. Egun hartan espainiarrez beteriko kruzero batek hartu zuen lur eta bertatik jaitsitako hiru senar-emazte eseri ziren gure ondoko mahaian.
Berrogeita hamar bat urte izango zituzten eta oihuka hizketa hasi ziren gure arreta deituz. Halako batean, irribarre batekin zerbitzatu gintuen mutila atera zen terrazara eta hiru senar-emazteen alboan jarri zen nota hartzeko asmoz.
Senarretako bat gaztelaniaz hasi zitzaion nahi zutena eskatzen eta zerbitzariak, ingelesez erantzun zion barkatzeko, ez zuela gaztelania hitz egiten eta ea ingelesez eskatu zezakeen. Purrustada pare bat entzun ziren bere inguruan eta eskatzeko ardura hartu zuen gizonak nahi zutena gaztelaniaz eskatzen jarraitu zuen. Hori bai, oso geldo eta zerbitzaria alua izango balitz moduan irribarre eta mespretxu aurpegiak tartekatuz. Azkenean, eta gaztelania hutsean, zerbitzariak zer nahi zuten ulertu eta oso ondo ezagutzen ez zuen hizkuntzako hitzak erabiliz erantzun zien.
Lanak amaitu eta barrura sartu zen zerbitzari gaztea. Atetik sartu bezain pronto, protestan hasi ziren hiru senar-emazteak:
-Qué vergüenza, que vengas a un sitio así y no sepan castellano…
-Si se creen que así van a sacar dinero… ¡Que es un sitio turístico joder!
Horiek izan ziren alboko mahaitik entzun ahal izan genituen perletako batzuk eta onartuko dizuet zutitu eta ea normalak ote ziren galdetzeko gogoa ere sartu zitzaidala. Gertatu zenaz hizketan hasi ginen orduan eta erantzunik gabeko galdera mordo bat sortu zitzaizkigun. Nor uste zuten zirela? Eta non zeudela uste zuten? Kontziente al ziren Finlandian zeudela? Kontziente al ziren beraiena munduan, hizkuntza bat gehiago besterik ez dela? Norbaitek azaldu al zien sekula Espainia munduko herrialde txiki bat gehiago besterik ez dela?
Gauza bakarra geratu zitzaigun garbi; suomia, errusiera, ingelesa eta ziur aski baita suediera ere hitz egin eta gaztelaniaz nota hartzeko gai zen zerbitzari gazte bat, bere herritik atera eta milaka kilometrora beraien hizkuntzan hitz egin behar dietela uste edo exigintzen duten elebakarrak baino lotsagabeagoa dela. Hamaika ikusi eta entzuteko jaio gara…

Finlandia (2. atala) – 2.16
Autobusa agertu arte aritu ziren hizketan. Oso neska atsegina zen Lily eta bere bidaiaren gorabeherak kontatu zizkion. Itzulpengintza ikaslea zen eta hori dela eta hitz egiten zuen hain ongi gazteleraz. Frantsesa, ingelesa eta gaztelera ziren bere lan hizkuntzak. Hala ere, Erasmuserako proposatu zizkioten hiri ezberdinen artean aukeratzeko ordua iritsi zenean, Reikjavíken alde egin zuen apustu. Irailean hasi behar omen zuen bertako unibertsitatean ikasten eta pisu bila hiru egun zeramatzala kontatu zion. Goiz hartan ere etxe bat ikustera omen zihoan zentrora. Ikasketez eta hauek amaitzen diren garaiaz aritu ziren orduan. Txominek ederki asmatu zuen eta Lily, ez zen bera baino urte bete gazteagoa besterik. Frantziar filologia ikasi zuen lehendabizi baina amaitzean, erabat arrotz egin zitzaion bere titulazioak lan merkatuari begira eskaintzen ziona. Hori dela eta, itzulpengintzarekin hastea erabaki zuen. Oso gustura omen zegoen erabakiarekin. Erabat identifikatua sentitu zen Txomin Lilyk kontatu zionarekin baina berak beste bide bat aukeratu zuela aitortu zion. “Nik berdina egin izan banu…”. Hala ere, Txominen egoerak inbidia apur bat ere sortzen ziola aitortu zion Lilyk. –Tu dinero, tu vida… – “Euria edo eguzkia, beti dugu arazoren bat”.
Autobusa iristerako beste lau bat pertsona bildu ziren geraleku inguruan. Ateak irekitzean Lily sartu zen lehendabizikoa. Atzetik sartu zen Txomin eta zebrabideko zuria baino zuriagoa zen txoferra “center” lakoniko batez agurtu zuen. Heziera askokoa izaten zen normalean baina urduri zegoen non jaitsi behar zen ideiarik ere ez zuelako.
-Plis. Gud mornin! – “Konpondu diau…”.
-Good morning! – Ia barre algara bat izatera iritsi zen irribarrearekin. “Subnormala naizela pentsatuko duen beste bat…”. – The ticket to the city center costs 220 krónur but once you’ve got it, you can take another bus within the next 40 minutes without paying more. –Ingeles zantzu guztiak desagertarazten zituen azentu itxiarekin.
-Aha, aha… – “Pintto pintto, gure txakurra data…”.
-Once the time ends you need to buy another ticket. If you are out for the whole day it is worthless but if you go for an errand, it is ok. – Konplizitate irribarre batekin eta ezertxo ere ulertu gabe.
-Aha, aha… – “Lanroberra, popopopopo…”
-Have a nice day! Bless!
Horrela doa orain arte Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.
Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.
Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.
Bat eta bat (2015/04/20)
Mikel Alvarez
Ikusi al duzu Jon geltokiko biribilgunean jarri dugun ikurriña? Eta hori ikusi ez baduzu, Loinatz Plazakoa bai ezta? Ez dira txikiak ez… Ba onartuko dizut ikustean ezin egon arraro batek hartu ninduela eta aberriaz eta abertzaletasunaz pentsatzen eman dudala astea. Abertzalea naiz, hala sentitu izan dut beti. Hasteko, euskalduna sentitzen naizelako eta amaitzeko, gure hizkuntzaren defentsak militantzia moduko bat sortu duelako nire barnean. Hala ere, hori al da abertzale izatea? Zer da abertzale izatea Jon? Itzulpen zehatza “patriota” “patriote” edo ”patriot” da gertu ditugun hiru hizkuntzetan. Hitz antzekoa oso hiru kasuetan eta nahasterako tarte gutxi eskaintzen duena. Hori ikusita, berriz galdetu diot nire buruari abertzalea, edo patriota, ote naizen eta erantzuna ezezkoa dela konturatu naiz. Gogoan dut Espainian izan naizen guztietan bandera hori-gorri erraldoiak ikustean sudurzuloetara iritsi zaidan usain zaharkitu zein ozpindua. Ez al da gauza berbera guk egiten dugunean? Egia da zapalduak izan garela, garela eta ziur aski zapalduak izaten jarraituko dugula bere etorkizuna erabaki nahi duen herri moduan baina, eraiki nahi dugun herrialde berri eta moderno hori, zapaldu gaituztenak bezain harro eta fanatikoa izatea nahi al dugu? Nazionalismoa ideologia bat da hemendik kanpo. Nazioa jartzen du maparen erdian eta hori izaten da gizarte eta politikaren motorra indarrean dagoen herrialdeetan. Bandera arrazoi eta helburu… Jon, ez dut hori gustuko eta onartuko dizut amesten dudan Euskal Herri askea, ez dela horrelakoa.
Jon Artola
Ekintza eznaturala izan da bai nonahi ikurrinak jartzearen kontu hau eta normala zu ere zer pentsa jartzea. Nor ez?
Nik ere garbi dut Mikel, Espainia eta gurearen artean bizi izandako guztiaren ondoren, gauzak nola ez diren egin behar jakin beharko genukeela jada, baina zoritxarrez, historia goitik behera erabat errepikatzen ez bada ere, errimatu gutxienez egiten du eta auskalo zer ikusiko dugun etorkizunean. Prestatu hortaz zure beldurretakoren batzuk agian ikustera.
Eta gainerakoan zer esango dizut ba nik? Bada niri ere erantzunak beharrean galdera gehiago bururatzen zaizkidala putzu sakon honen inguruan.
Esate baterako, abestiak eta poetak zioten moduan ‘bandera trapu bat al da haizerik ez badabil’? Eta ‘haizea dabilenean gauzak oso bestelakoak badira ere, banderak trapu bat izaten jarraitzen al du’? Edo eta azken batetan trapu batek bere funtzioa betetzen duen bezala banderak ere eduki positiboz bete ahal genitzake eta askatasuna lortu ondoren, nahi bada sutara bota? Edo, zergatik ez dituzte jarri adibidez errumaniar edo marokoar banderak biribilgunetan udaletxeko balkoietan bezala? Ez al luke horrek agian patria beldurgarria matria erakargarri bihurtzen lagunduko?
Jatorrizko artikulua Goiberrin.
Finlandia (2. atala) – 2.15
Berrogei bat minutu behar izan zituen dirua ateratzearen misioa gauzatzeko. Itzulerako bidean eta eldarniozko istorio bat asmatzen ari zela, oraindik kleenex beharrik izan ez zuela konturatu zen “Hemen ez dut pa alergiarik!”. Iparraldeko klimak ederki egiten ziola pentsatzen hasi zen “Erdi Bikingoa, esaten dut ba nik…”.
Kathy Bates gazteak gomendatu bezala, City Hostelera sartu zen kanbio bila. 1.000 krónako billetearen truke 500eko billete bat eta txanpon mordoxka bat itzuli zizkion. Hirigunerainoko autobus bidaiak 220 króna balio zituela esan zion eta baita beste zerbait ere baina Txominek ez zuen ulertu. Buruarekin baietz esan eta aterpetxetik irten zen. Hirigunerako autobusa hartzeko, errepidearen beste aldera pasa behar zuen lehendabizi eta hogei bat metro kalean gora egin ondoren. Oraingo honetan, zebrabidetik pasa zen.
Autobus geralekura iritsi zenean neska bakar bat zegoen bertan zain. Txomin baino pare bat urte gazteagoa zirudien. Ile luze eta leuna zuen eta ia aurpegi osoa estaltzen zioten betaurreko handi batzuek atzean zituen begi txikiak ezkutatzen zizkioten. Betaurreko handiek ordea, ez zuten ia beraien tamaina berdinekoa zen hortzeria disimulatzen.
-Gud mornin! – Esan zion Txominek heziera keinu batez
-Good morning!- Erantzun zion irribarre zabal batez – Are you spanish?
-Nou… Bueno… Ai am bask – Erantzun zion Txominek Euskal Herritik ateratzen zen bakoitzean bizitzen zuen egoera deserosoari automatikoki ematen zion erantzunarekin.
-¿Pero hablas castellano? – Galdetu zion azentu frantziardun neskak irribarrea milimetro bat ere mugitu gabe.
-Si – Irribarrea itzuliz – ¿Eres francesa?
-No, soy de Bruselas, Bélgica.
-Pues hablas muy bien castellano. Mejor que yo inglés – “Y castellano…” Eskua buru atzera eraman zuen hazka egiteko lotsatzen zen bakoitzean egiten zuen bezala.
-Kar kar – egin zuen barre Bruselaseko neska hortz handidunak – Bueno, todo es intentarlo. Seguro que aquí tienes la oportunidad de mejorarlo. ¿Que vienes? ¿De vacaciones?
-Pues sí, acabo de llegar. Es la primera vez que voy al centro. ¿Y tú? ¿De vacaciones también? – Galdetu zion Txominek. Islandiara iritsi berria zen baina dagoeneko ezagutzen zuen hizkuntza batean hitz egiteko beharra zuela konturatu zen. “Ezagutzen dudan hizkuntza batean edo hitz egiteko besterik gabe… Nik ingelesez egiten dudana oso urrun dago hitz egitetik…”
Horrela doa orain arte Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.
Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.
Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.
El Ministerio del Tiemporen tripetara begira
Hain ona al da El Ministerio del Tiempo? Ba bai, hain ona da. Eta ez gidoi aldetik edo teknikoki Ameriketatik datozen telesailen pare dagoelako (ez baitago) baina hain ona da bai, ausarta delako, estatu puta honetan sekula ikusi edo irudikatuko genukeena baino askoz ausartagoa.
Aldi berean, paradoxikoa ere bada (hitz polita denboran bidaiatzeaz hitz egiten duen telesail batez ari garela kontuan hartuz) telesail hau noiz agertu den. Krisi garaian alde batetik (aurrekontu altua behar du bai ala bai) eta Urdaciren garaietatik muturren parean izan dugun TVE zaharkitu eta ozpinduena jasaten ari garelako bestetik. Hala ere, apustu egin dute Olivares anaien istorioagatik eta telebista publikoek sorkuntzaren bidean zabaldu beharreko atea zein den erakutsi digute (TVEk izorrai…)
Eta bai, nola ez, gure ETB maitatu zein gorrotatuaz gogoratzen naiz hau idazten ari naizela, euskaraz den lehendabizikoaz bereziki. Historiako TVErik beldurgarrienak El Ministerio del Tiempo jarri du abian eta gu bitartean… Zer demontretan ari gara gu? Ba ez dakit zehazki baina badirudi ETB1en helburu bakarra hiltzear egongo den ikusle fidelez osatutako taldetxoa mantentzea dela (Inork ezagutzen al du talde honetako inor?). Hori alde batetik eta bestetik, Gu ta Gutarrak eta Gaztearekin sortzen ari garen gaztetxo elitea. Horiek dira dirudienez datozen urteetako ETBren publiko potentziala (bai, hasi errezatzen. Ez du axola Jainkoan sinesten duzuen edo ez, beharko dugu).
Hala ere, nire gaurko intentzioa ez zen gure telebista publiko maitea egurtzea beraz ordenagailu aurrean jarri nauenari helduko diot, El Ministerio del Tiempo bikainari hain zuzen ere. Bikaina? Beno, ez hainbeste onartuko dizuet baina bai urteko produktua estatu mailan zalantzarik gabe. Azkenaldian denboran zeharreko bidaiak protagonista dituen filmak ikusten aritu naiz eta onartuko dizuet baita ere, nahiko maniatikoa naizela…
Zientzia Fikzioa zientzia fikzioa da eta nahiz eta horrek errealitatea bere horretan islatzearen arduratik libratzen duen, zientzia fikzioak, beste genero batzuk baino gehiago agian, istorioaren barne planteamenduaren logika erabat beharrezkoa du. Hau da, iman moduan funtzionatu dezakeen pertsonai bat sortu dezakezu baina pertsonai horrek ezingo du inoiz zuhaitz bat erakarri. Adibide hau esajerazio bat besterik ez da baina sentsazioa dut El Ministerio del Tiempori halako akats asko barkatu zaizkiola hain zuzen ere, ikusleen artean ilusioa sortu duelako (Basamortu batean lore bat aurkituz gero ez genuke zapalduko ezta?)
Lehen ataletik, erabat lotuak ez zeuden puntuak sumatu ditut ministerioaren ateen funtzionamenduan eta hauek zuekin elkarbanatzea gustatuko litzaidake hala balitz, nire akatsak zuzentzeko (Deseatzen naiz norbaitek oker nabilela esan eta telesaila, ezin egona sortzen didaten puntu hauek gabe gozatu ahal izateko).
1.- Lehen atalean ongi azaltzen duten moduan, ez dago etorkizunera eramaten duen aterik “Denbora dena da, ez gehiago”. Iritzi ezberdinak irakurri ditut honek zentzurik ez duela esanez baina ez nator ados. Gidoigileak dira unibertso honek arkitektoak eta libre dira bere egitura zehazteko. Planteamendu horrek ordea, akats bat du bere barnean. Ados, “Denbora dena da, ez dago gehiago”, baina noizbait izan da gehiago ezta? Hau da, Ateak XV. mendean topatu zituzten, egun hartatik existitzen du Denboraren Ministerioak. Horrek esan nahi du, garai haietan ez zegoela adibidez 1982ra eramango zuen aterik. Ulertzen dut beraz, denborarekin ate berriak agertzen joan direla baina telesailean ez da halakorik esaten (Oraingoz behintzat 2 atal atzeratuta bainoa). Gaur egun ere, ate berriak agertzen jarraitu beharko lukete hemendik 10 urtera 2015era itzultzeko aukera izateko. Ministerioak bizitza propioa izan beharko luke eta denbora aurrera doan eran, sortzen doazen garai berrietarako ateak agertu beharko lirateke.
2.- Ateak une berberera daramate beti. Hori diote behintzat. Adibidez, ate batek 1642ko Toledora eraman dezake. Hori da telesailean azaltzen zaiguna baina atalero, planteamendu hau zentzurik gabe uzten dute etengabe. Sartzen garen bakoitzean leku berberera eraman beharko gintuzke, une berean, baina hori ez da gertatzen. Adibidez, 3 protagonistak misio batera joan daitezke eta hortik 8 ordura beste bi agente laguntzera bidali. Kasu horretan, bi agente horiek, gure 3 protagonistak azaldu diren une berera joan beharko lirateke baina telesailean, 8 ordu beranduago agertzen dira.
Akats hau da larriena zalantzarik gabe telesail osoa zentzurik gabe uzten baitu. Demagun, Picassoren Gernika berreskuratu nahi dute norbaitek faktura desagertu arazi duelako Espainiar Estatua artelanarekin egin zen egunean. Historiaren aldaketa hori ekiditeko bidaltzen dituzte protagonistak eta aukera bakarra dutela dirudi okerra konpontzeko. Ba planteamendu orokorraren arabera, horrek ez du zentzurik misioan kale eginez gero, berriz itzuli eta aldatzeko aukera izango bailukete anhi bezain guztietan. Baten batek esango du lehendabizikoan konpontzen ez badute historia dagoeneko aldatua egongo dela eta Ministerioak ez lukeela jakin ere egingo Gernika Reina Sofian egon zitekeenik. Ados, posible da baina ez nau konbentzitzen arrazoi bakar batengatik. Protagonistak bidaltzen dituztenerako, badakite faktura falta dela eta planteamendu horren arabera, dagoeneko Gernika ez litzateke sekula Reina Sofiara iritsiko, Ez lituzkete sekula agenteak bidaliko akatsa konpontzera.
Akats honi lotuta, bada kirioak dantzan jarri dizkidan beste atal bat. Ateak Isabel erreginari erakutsi zizkion judutarra salbatzera joaten direnean, ate hori bukle egoeran dagoela azaltzen digute. Egun hartara behin eta berriz joan omen daiteke. Ba barkatu baina planteamendu orokorraren arabera, ate guztiekin berdina pasa beharko litzateke beti leku zein une berberera eramaten baitute.
3.- Lan eguna amaitzean, etxera joan behar dira agente guztiak eta etxe horiek, beraien garaian zituztenak dira. Hau agian, ez da planteamendu edo egitura akats bat aurreko bien moduan eta susmoa daukat Julian eta Ameliaren arteko harremanaren arku trama errazteko erabaki bat besterik ez dela. Hala ere, ez du zentzurik bere gurasoekin bizi den XIX. mendeko neska batek egun eta gauak misioetan igarotzeak eta bere gurasoek ezer arrarorik ez susmatzeak. Are gehiago! Ateak beti une berberera eramaten badute, beti egun berberera itzuliko lirateke eta ez luke zentzurik izango behin eta berriz egun berbera bizitzen jarraitzeak.
Hala ere, akats hauek konpondu ditzakeen azalpen bat ere bada baina nik behintzat ez dut halakorik entzun edo ulertu telesaila ikustean (Hala bada, eskertuko nuke zein ataletan eta noiz esaten den esatea). Demagun ateak garai eta leku batera eramaten dutela baina gure denboraren moduan aurrera doazela. Hau da, gaur 1880ko abuztuaren 12ko Salamancara eramaten duen ateak, bihar, urte bereko abuztuaren 13ra eramango luke Salamanca bertara. Kasu horretan, ateak egunero une ezberdin batera eramango lukete eta ateen planoa egunero aldatuko litzateke. Planteamendu honek ordea, badu akats bat. Hori horrela izango balitz, denbora aurrera doan eran une bat iritsiko litzateke non ezingingo genukeen 1205era joan ate guztiek, egun hori igaro dutelako dagoeneko.
Akatsak akats, badira gauzak El Ministerio del Tiempo zoragarri honek ongi egiten dituenak eta hortik hain zuzen ere, lortu duen arrakasta. Denboran bidaiatzeaz ari da baina edozeinek ulertzeko moduan hitz egiten du, espainiar kultura eta historia hizpide ditu etengabe eta hori, gaurkotasunez janzten duten elementu edo esaldiekin uztartzen du. Hori guztia medio, telesaila idetifikagarria egiten du iksulearentzat eta hori gutxi balitz, Espainiaren historia eta kultura indartu eta zabaltzen ditu.
Eta amaitzeko, nirearekin jarraituko dut. Zergaitik ez dugu horrelakorik egiten demontre!? Euskal kultur eta historia ardatz…? Imaginatzen…? Beno, utzi egin behar zaituzten Gu ta Gutarrak hasten da eta!
Bonus Track: Aipatu dizuet azken asteetan denboran bidaiatzeaz hitz egiten duten filmak ikusten aritu naizela eta ez nuke post hau amaitu nahi oso sentimendu ezberdinak piztu dizkidaten bi aipatu gabe. Lehena, oso oso ondo kontatuta dagoen baina planteamendu akats ikaragarri bat duen Predestination eta bigarrena, ondo planteatuta baina oso oso gaizki kontatua dagoen Primer. Ikusi biak eta hitz egingo dugu.
Finlandia (2. atala) – 2.14
Bi heroi euskaldunak espaziora iristen dira eta espazio-ontzi amaz gain, zientoka espazio-ontzi txiki daudela konturatzen dira. Beraien eskuetatik kamejame antzekoak botatzen hasten dira estralurtarren laserrak saihesten dituzten bitartean. Hala ere, ez daude bakarrik. Beraiek bezalako ehunka daude estratosferan erasotzaile interglaktikoen aurka borrokatzen (zati honetan, akzion a kaskoporro eta hostias komo panes). Borroka latza da baina lurtarrak terrenoa irabazten ari dira pixkanaka.
Espazio-ontzi estralurtarrak erortzen doaz eta heroi lurtarrek espazioan murgiltzen jarraitzen dute ama-ontzira iritsi arte. Halako batean, Aitorrek bere ondoan borrokan ari den neska batean jartzen ditu begiak. Edertasun hawaiiar bat da eta euskaldun baten berezigarri den artaburu aurpegiarekin berari so dagoela, espazio-ontzi txiki bat ondotik pasatzen zaio gorputza urratu eta Pipi Lastrumen mozorroa apurtuz. Bere harridurarako, bi motosdun ileorde gorriak bere lekuan jarraitzen du.
Azken erasoa gauzatzen hasten dira baina segundoro lurtarrak erortzen doaz, uneoro gutxiago geratzen dira baina oso gutxi falta zaie borroka irabazteko. Gure protagonistarekin batera abiatu zen neska ere erori da laser baten ondorioz (kamera geldoan, tragiko tragiko…). Aitor zuzen zuzenean abiatzen da ama-ontzira eta deputamadreko kamehame batzuk botatzen dizkio. Ez da konturatzen ordea, atzetik, espazio-ontzi txikietako bat (milaka daude) gerturatzen ari zaiola.
Indarrak biltzen ari da kamehame ikaragarri bat botatzeko asmoz baina atzetik gerturatzen jarraitzen du espazio-ontzi txikiak. Energia bola botatzeko keinua egiten du eta gainean du dagoeneko. Halako batean, norbait agertzen da bere atzean eta espazio-ontzi estralurtar txikia suntsitzen du. Aitorrek kamejamea botatzen amaitu eta ama-ontzia desegiten hasten da su bola ikaragarri batean bilakatu arte.
Kaza moduko espazio-ontzi estralurtar txikiak desagertzen hasten dira orduan eta Aitorrek atzera begiratzen du. Neska hawaiiarrak libratu du eta honek, irribarre bat bota eta alde egiten du.
Ingurura begiratzen du Aitorrek orduan eta lurtar gutxi geratzen direla ikusten du. Bat, bi, hiru… Hamar besterik ez. Ehunka ziren borroka hastean baina gehienek bizia galdu dute gure lurra defendatzen.
Arnasa hartu, Pipi Lastrumen mozorroa ahal bezala lotu eta hamarrak lurrera abiatzen dira, elkarrekin. Lurrera gerturatzen ari direla, orube bat ikusten dute hiri batetik gertu. Ez dakite non dauden baina orubearen erdian hartzen dute lur jarraian ingurura begira hasi eta non dauden jakiteko asmoz. Aitorrek kartel bat ikusten du hondakin erromatarrak diruditen harri puska guztien artea. Iruña-Veleian daude.
…
Horrela doa orain arte Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.
Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.
Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.