kritikak

Hemen da, iritsi da: Nikkin

Posted on Updated on

Bada jende mota bat, gela batean sekula ikusi ez duen musika instrumentu batekin sartu, atea giltzaz itxi eta ordu gutxi barru itzuliko bagina, instrumentu horri txispak ateratzeko gai izango litzatekeena.

Igor Alustiza Garmendia beasaindarra, A.K.A. Nikkin, horietako bat dugu. Bederatzi urterekin hasi zen gitarra jotzen eta lehen egunetik zur eta lur utzi zituen irakasleak gitarra baino txikiagoa zen kakanarru hark instrumentuari doinuak atera eta kantuak sortzeko zuen gaitasunarekin. Txikitatik ezagutzen dugunok pegatinaz jositako gitarra eskuan eta Nirvanaren sudadera hilezkor harrekin gogoratzen dugu oraindik. Igorrentzat gitarra zahar hura zen bere jostailurik maiteena eta hamahiru urterekin, bere lehen rock taldea sortu zuen gerora Goierriko musika eskenan garrantzia izan duten beste hainbat kakanarrurekin batera. Lehen esperientzia hartan gustuko taldeen bertsio zein moldaketak egitera mugatu ziren baina argi eta garbi ikusi zuten musikak beraien bizietan izango zuen garrantzia sekulakoa izango zela.

a2814746371_10
Diseinua: Oskarbi Sein

Igorrek ordea, sormen etengabean topatzen du plazerra eta hamasei urterekin Spurium taldea jarri zuen abian haurtzaroko lau lagunekin batera. Bertan izan zuen lehen aldiz bere kantuak garatzeko aukera eta egun hartatik, ez da geratu.

Gerora, The Gu edo Zero taldeetan aritu zen instrumentu ezberdinak jotzen. Beti ere grunge, stoner, rock alternatibo deitu zitzaionaren edo rock industrialaren influentziapean. Zero taldea desegitean eta taldeko entsegu zein eskenatokiez nekatuta, atseden baten beharra sentitu eta bere kantuak bakarka garatzen hasi zen hauek ezagutzera emateko asmorik gabe.

Orduan ordea, Igorren musika ibilbidea etxeko zein lagunei begirako zerbaitean geratuko zela zirudienean, inork nahi ez duena etorri zen, gaixotasuna. Giltzurruneko gaitz larri batek jota, horrek suposatu zuen guztiarekin, musikan topatu zuen babesa eta motibazioa. Nikkin sortu eta bere bakardadean buruan zituen doinu eta kantuei forma ematen hasi zen eriondo izan zen denbora luzean. Etxean estudio txiki bat atondu eta lehen kantuak grabatzen hasi zen inoren laguntzarik gabe. Hasieratik bukaerara Igorrek sortu eta jotako kantu hauek lagunek entzun zituztenean aho bete hortz utzi zituen: “Horrekin zerbait egin behar dek Igor”

Musikaren munduak urte batzuk lehenago sortutako nekea ahaztu eta musikan zentratu zen Igor orduan. Horrela aurkeztu zitzaigun 2014ko JAZPANA! Jaialdira. Bakarrik eskenatoki gainean eta loop zein programazioz osatutako ikuskizun ikaragarri batekin. Herriko musikari moduan gehitu zen kartelera baina bai zaleek, eta baita prentsa espezializatuak ere, bere kontzertua nabarmendu zuten ZA! handienarekin batera.

Kontzertu hartan aurkeztutako kantuetako batzuei berri batzuk gehitu eta etxean grabatu zituen bere kabuz “Ihes” izan den lana osatuz. Ondoren, Sound Source estudioetako Arkaitz Carrascoren laguntzaz soinuak findu eta gure eskuetara iritsi da Nikkinen lehen lan luzea. Rock Industriala dela dio berak baina “Ihes”, hori baino askoz gehiago da. Bere bizia musika den talentu baten proiekturik pertsonalena da. Musikatik aldendu eta bizitzaren krudeltasunak sekula utzi behar ez zuen bidera itzuli duen talentu baten lana. Gauzak sekula baino ilunago zeudenean, babesa eta zoriontasuna musika topatu duen musikari baten uztarik zintzoena.

Nota_de_Prensa Prentsa_oharra

Hilabetea alaitu didaten diskoak: Sufjan Stevens, Mikal Cronin eta Peter Broderick

Posted on

Urte guztian zehar argitaratzen dituzte munduko artistek disko zoragarriak baina azken hilabete honetan hiru harribitxi ederrekin topatu naiz kaleratze eta kaleratze artean. Gaurkoan, hiru disko hauek gomendatu nahiko nizkizueke une bat duzuenean entzunaldi bat emateko:

SUFJAN STEVENS – CARRIE & LOWELL

descarga

Bada hilabete bat baino gehiago Sufjan Stevensen azken lana atera zenetik baina oraindik, berria balitz moduan gozatzen ari naiz. Illinoise (2005) edo Avalanche (2006) lan borobilengatik nuen ezagun amerikarra baina azkenaldian, dantza eta festarako joera lantzen ibili da. Hori ere ongi egiten du Sufjan jaunak baina onartuko dizuet lasai eserita eta barrura begira jartzen duenean gustatzen zaidala gehien.

Carrie & Lowell bere gurasoen izena daraman azken lan honekin (azalean ageri direnak ere beraiek dira) jarrera instrospektibo horretara itzuli da Detroitekoa eta lana 10ekoa da. Zalantzarik ez dut urte amaieran urteko disken zerrenda guztietan izango dela.

Hemen duzue lehen singlea izan den “Should Have Know Better” ideia bat egiten joateko eta disko osoa entzuteko aukera beherago Spotify bidez.

 

MIKAL CRONIN – MCIII

MCIII-608x608

Ty Segallekin batera egin zen ezagun baina bakarka lortu du ordura arte distantzia batera mantendu duen arrakasta. Bere bigarren bakarkako lana (MCII, 2013) izan zen bere doinuak munduan zehar sakabanatu zituena eta Euskal Herrian jotzera ere iritsi zen Californiarra.

Espektatiba altuak genituen zaleek 2015ean kaleratuko zuen bakarkako hirugarren lanaren inguruan eta bai, berriz ere tekla egokia sakatu du Mikalek. Diska zoragarria oparitu digu eta ziur naiz behin entzutera animatzen bazarete ez dela azkenekoa izango.

Californiarrak oraindik ez du bideoklipik egin azken lanarekin beraz zuzenean disko osoa entzuteko aukerarekin uzten zaituztet.

PETER BRODERICK – COLOURS OF THE NIGHT

Peter-Broderick-Colours-of-the-Night-ALBUM-Packshot-1440x1406Eta zer esan Portlaneko geinuaz? Blog hau irakurtzen duzuenok badakizue nire artista kuttunenetakoa dela kuttunena ez bada. Bilboko Kafe Antzokian eskaini zuen kontzertuaz aritu nintzen duela ez gehiegi eta egun hartan aurkeztu zigun Satellite EPaz ere hitz egin nizuen.

EP horren atzetik lan luze bat etorri da eta bertan “Colours Of The Night” zoragarria ageri bada ere, gainontzeko kantuak berriak dira. Ez naiz oso objektiboa Peterrekin baina aurreratuko dizuet lan bikaina iruditu zaidala lehen entzunalditik. Bertan, “Red Earth”, “The Reconnection” edo “More and More” bezalako kantu anitz zein zoragarriak topatuko dituzue. Hala ere, eta Peter Broderick handiaren lan guztiak bezalaxe, Colours Of the Night hau hasieratik amaierara entzuteko disko bat da. Peterrren munduan sartu nahi? Azti ibili betirako izanten baita.

 

PD: Zuek ere ziuraski disko bat faltan bota duzue hirukote hau pokerrean bilakatzeko eta bai, Anariren Zure aurrekari penalak kaleratu berriak ere post honetan lekutxo bat mereziko luke baina oraindik, tamalez, ez dut osorik entzuteko aukerarik izan. Hemen duzue Badok webgunean aurreratu zutena:

Usurbeko kritikak: Loreak

Posted on Updated on

Loreak_Flores-119305517-large
LOREAK

Zuzendaria: Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga
Gidoigileak: Jose Mari Goenaga Jon Garaño eta Aitor Arregi
Aktoreak: Nagore Aranburu, Itziar Ituño, Itziar Aizpuru, Joxean Bengoetxea, Egoitz Lasa, Ane Gabarain, Joxe Ramon Soroiz, Jox Berasategi
Produkzioa: Irusoin eta Moriarti
Musika: Pascal Gaigne
Argazkia: Javi Agirre Erauso
Herrialdea: Euskal Herria
Iraupena: 99 minutu

Baina azken batean, loreak baino ez dira”. Horixe dugu ikusi aurretik filmaren inguruan izan dugun pista bakarrenetako bat. Zuzendariek ez dute askoz gehiago kontatu nahi izan eskaini dituzten elkarrizketetan eta egia esan, eskertzekoa da.

Filma ikustera sartu eta dakigun gauza bakarra, Nagore Aranburuk bikain gorpuzten duen Ane astero loreak jasotzen hasten dela da; egun berdinean eta ordu berberean. Sentsibilitate ikaragarriko aktorea dugu Nagore eta sekula plater bat hautsi ez izanaren aurpegi hori, indarrez beteriko begirada batekin uztartzen du. Gidoi bikaina da Jose Mari Goenaga eta Jon Garañok Aitor Arregiren laguntzarekin idatzi duten hau baina ez da hau Moriartikoen meritu bakarra Loreak zoragarri honetan. Hiru emakumeen istorioa dela irakurri dugu han eta hemen azken asteetan eta a zer hiru emakume! Aktore aukeraketa bikaina egin zuten eta hauek proiektuan erabat murgiltzea lortu  dute gainera. Nagore Aranburu dugu trailer eta aurrerapenetan gehien ikusi dugun aktorea baina Itziar Aizpuru eta bereziki, Itziar Ituñoren lana ikaragarria da baita ere.

Loreak baino ez dira…” eta hala da. Loreek ez dute sentimendurik, ezta zentzu zehatzik ere, guk islatzen ditugu hauek beraiengan erosi, oparitu edo nonbait jartzen ditugunean. Loreakeko loreek ere zentzu ezberdinak dituzte eta hiru emakume hauen begiradatik ikusten dugu nola erramu berdinak, oso erantzun ezberdinak sortu ditzaketen.

loreak-14

Loreaken erritmoa lasaia da, pausatua, baina aldi berean, denbora gutxian gauza asko kontatu eta gehiago iradokitzen dituenaren sentsazioarekin amaitzen duzu filma. Kontatzeko moduaren aldetik, eta nahiz eta kontakizuna orotara kronologikoa den, collage itxura du. Leku ezberdinetatik hartutako pasarteak ikusten goaz, askotan, beste une batean gertatu diren elkarrizketekin jantzita. Hori gutxi balitz, atal ezberdinetan banatzen da filma eta hala ere, gidoi makinaria perfektu batez lotutako eraikuntza bat miresten ari zarenaren sentsazioa duzu.

Makinaria horretan engranaje pertsonaiak ditugu eta Beñaten kasuan ezik, ederki garatu eta aurkeztuak daude guztiak. Pertsonaia bakoitza agertzen den lehen eskenan ez dituzu hamar segundo ere behar nolakoa den jakiteko eta hori, oso zaila da alferrikako elkarrizketetan erori gabe. Beñaten kasuan ordea, zuzendariek beraiek aitortu dute pertsonaiaren anbiguotasun hori nahita hartutako erabaki bat dela eta behin filma ikusita, erraz ulertzen da zergatik. Hala ere, eta esandako guztia ona izan ez dadin bada ere, nire barneko kuxkuxeroak informazio gehiago eskatzen zidala onartuko dizuet. Hala egin balute ordea, filma berdina izango ote zen? Emaitza berdina lortuko ote luke? Ziurrenik ez.

Loreak – Trailer VOSE from Irusoin on Vimeo.

Ohituak gaude filmeetan New York, Chicago, Madril edo Paris ikustera eta nahi edo ez, horrek distantzi moduko bat ezartzen du ikusle eta filmaren artean. Urruneko lekuak ditugu eta hori dela eta, beste errealitate batekoak iruditzen zaizkigu askotan. Horrek abantaila garbi bat du, istorioa hain urrun ikusita, errazagoa baita sinesgarri egitea. Ez duzu han zer gertatzen den ezagutzen, ez dakizu nola bizi diren egunerokotasunean eta edozer gauza irensten duzu. Hor topatzen dut Loreakek, edo gurean kokatutako edozein filmak, izan dezakeen erronka nagusia guztiok ezagutzen ditugun eta ia etxeko sentitzen ditugun lekuak agertzean (ia salto bat eman nuen autobideko kartel batean Ormaiztegi Beasain ikustean), atzerriko edozein filmak baino sinesgarriago izan behar baitu ikusleak ezer arrarorik ez sumatzeko. Zalantzarik ez izan ordea, gertutasun une horiek filmaren alde jartzen dituztela eta Goenaga eta Garañok. Garañok eta Goenagak arazorik gabe gainditzen dute erronka hori filmak irauten dituen 99 minutuetan zehar istorioa, etenik gabe eta jario natural baten moduan igarotzen baita ikuslea filmetik une bakar batez ere atera gabe (ondokoari mugikorra dantzan hasten zaionean kenduta. Hain zaila al da zinera sartzean mugikorra isiltzea?)

loreak-13
Ederra da Loreak, zoragarria, eta ez dakit zertan ari zareten oraindik ikustera joan ez bazarete. Ez dut nik zuzendariek egin ez dutena egingo, pelikula destripatzea hain zuzen ere baina hala ere, polita da filmeetatik inon irakurri ez duzun irakurketak ateratzea eta nik ere, nirea utzi nahiko nuke Usurbeko Kritika honetan. Bada elementu bat pelikulan ia loreak bezain garrantzitsua iruditu zaidana eta hori, denbora da. Loreek ez dute zentzu zehatzik, guk ematen diegu zentzua baina denborak, errealitatea finkatzen du, nahiz eta orain bost urtekoa izan. Berri Txarraken azken lana kalean izateko aste bete inguru falta den honetan, filma hau hoberen definitzen duen esaldia disko hirukoitz horren izenburua delakoan nahiz. Hain zuzen ere, denbora dela, poligrafo bakarra.

Ikusi Irratia – Joxe Mari Goenaga eta Jon Garaño (Loreak) from GITB on Vimeo.

Peter Broderickek iluntasuna argi bilakatu zuenekoa

Posted on Updated on

Colours of the night, turn every darkness in the light. Horixe da Peter Broderick amerikarraren azken lanari izena ematen dion kantuak diona eta horixe da hain zuzen ere, Portlanekoak astelehenean Bilboko Kafe Antzokian lortu zuena, gela ilun eta txiki hori, argiz betetzea. Eta bide batez, baita gure bihotzak ere.

Indartsu hasi naiz bai baina ez da harritzekoa kontzertutik zein aurpegirekin atera nintzen kontuan izanda. Badira artista batzuk, disko batzuk, gure bizietako soinu bandan leku berezia dutenak. Batzuetan, bizitzako une garrantzitsuetan etengabe entzun ditugulako. Beste batzuetan aldiz, une zehatz hartan sentitzen genuena guk geuk baina hobeto azaltzeko gai izan zirelako. Askotan, disko batek gure arimaren doinu berdina duela iruditu zaigu baita, gure ahotsarekin nahasten zela ere kantua gu geu izan arte. Memorian zizelkatuak geratzen diren une zein sentsazioak dira hauek eta nik, astelehenean, hori guztia sentitu arazi didan artista bat zuzenean ikusteko aukera izan nuen.

Kafe Antzokiko gela txikian jo zuen hiru musikari bikainez lagunduta eta ikuskizunak ez zion bertara gerturatu zen inori kalerik egin. Berrogeita hamar bat lagun bildu ginen areto txiki zein erosoan eta ziur naiz, une batzuetan, une magiko bat bizitzen ari ginen familia bat ginela pentsatu genuela. Hemendik hamar urtera kalean topatuko dugu elkar eta gaua kolorez jantzi zen egun hartan han izan ginela gogoratuko dugu. Pasatzen ari naiz agian baina horixe du musikak benetan ukitzen zaituenean, barrena jo eta eramaten uzten zarela, une horretan munduan beste ezer egongo ez balitz moduan.

Orain pare bat hilabete izan genuen Peter estatuan ibiliko zenaren berri. Ourensen kontzertu bat lotua zuen eta gainontzeko bira lotu nahian zebilen. Sekula errepikatuko ez zen aukera bat iruditu zitzaigun eta Broderick jauna Beasainera ekartzeko helburuarekin martxan jarri ginen hainbat jazpanazale. Hizketan hasi eta libre zuen egun bakarra urriaren 6a zela jakinarazi ziguten, astelehena. Beldurra eman zigun astelehen buru zuri batean Beasainen halako kontzertu bat antolatzeak nahikoa jende ez gerturatzeak suposatu zezakeen zuloa, kontuan hartzekoa baitzen. Jarrera ona erakutsi zuen Peterrek eta harrituta geratu ginen eskatutako baldintza apalekin baina azkenean, ideia bertan behera uztea erabaki genuen. Eskerrak Kafe Antzokikoak azti ibili ziren eta egun hori bera lotu zuten Euskal Herrian eskainiko zuen kontzertu bakarrerako. Gerturatu ginen berrogeita hamar lagunak ikusita, esan beharrik ez dut erabaki ona hartu genuela. Lastima.

21:00etan hasten zen kontzertua eta puntual jo genuen sarrera ingurura. Peter Brodericken aurretik Mikel Inun zornotzarrak jotzen zuen eta onartu beharrean naiz ez nuela ezagutzen. Hainbeste denbora kontzertu bat ikusi nahian pasa ostean nahi duzun gauza bakarra teloneroak egin beharrekoak amaitu eta eskenatokitik jaistea da. Hala ere, ederki bete zuen Mikelek bere lana eta gustura izan ginen bere kantuak entzuten. Egiten duena zer den ulertzeko, kontzertu amaieran Sopelako Jack Johnson moduan izendatu genuela aitortuko dizuet (alderaketaren zentzurik onenean). Nabarmentzekotan, hitzek jakin mina piztu zidatela esango dizuet.

Amaitu zuen Mikelek eta Broderick jauna igo zen eskenatokira Nick, Roland eta Marioren laguntzaz. Ez nuen zalantza izpirik ere hirurak musikari bikainak izango zirena eta horrelaxe izan zen. Teknikoki kontzertu ikaragarri bat eskaini ziguten, apainduretan galdu gabe eta kantuak uneoro eskatzen zuena besterik ez eginez. Ez du hori baino askoz gehiago behar Peterren musikak eta hori da duen gauzarik ederrenetako bat. Sinpleak izan ohi dira bere kantuak, eraginkorrak. Baina joera hori, esperimentazioarekin uztartzen du sarri. Bere disko bat baino gehiago esperimental moduan definitu genitzazke eta arlo horretan ere, beste maila batera iristen da Portlandekoa. Bi aurpegi horien nahasketan topatzen dugu agian bere bikaintasuna.

Eskenatokira igo zenean izan nintzen kontziente benetan hainbeste aldiz entzun eta hain nire sentitu nituen doinuak zuzenean entzun behar nituela. Zirrara ikaragarri batek hartu ninduen eta negar ere egingo nuela pentsatu nuen (behin bakarrik pasa zait kontzertu batean negar egitea. Beste batean esango dizuet noiz). Bertaratutakoak agurtu eta bere gaztelania kaskarragatik barkamena eskatu zuen. Hala ere, ez omen zuen pentsatzen arazo handia izango zenik Euskal Herrian egonik, ez baikenuen españolik entzuteko gogorik izango. Horrela altxatu zituen gaueko lehen txaloak Broderickek eta hortik aurrera txalo zaparrada etengabea izan zen. Gitarra hartu eta bere hiru lagunak geldirik zeudela, Home diskoko harribitxi hau eskaini zigun.

Home (2008) eta www.itstartshear.com dira gehienbat Portlaneko kantariaren lanen artean kuttunenak ditudanak eta 2008ko Home eder harrekin ezagutu nuen gainera. Disko horretako kantu batekin hastean, hortik aurrera etorriko zena bizitza osoan zehar oroituko nuela konturatu nintzen. Dirudienez, Kafe Antzokian bildu ginen berrogeita hamar lagunek intentsitate berdinarekin eskertu genion lehen kantua eta Peterrek barkamena eskatu zigun berriro. Lan berri bat argitaratu omen du atzean dituen hiru musikariekin batera eta bertako kantuak omen dira kontzertuan eskainiko dituenak gehienbat. Barreak entzun ziren aretoan, ez zitzaigun inporta, berak ginen dagoeneko.

(Colours Of The Night) Satellite (2014) izena du EP berriak eta post hasieran zintzilikatu dudan “Colours Of The Night” ederrarekin hasi zen. Hasi aurretik ordea, kantuaren leloa erakutsi nahi izan zigun eta guk, ahal genuen moduan errepikatu genuen kantuan zehar. Disko berria da eta ez dut oraindik ondo asimilatzeko astirik izan baina Peter Brodericken musika zer den ulertzeko ale bikaina iruditzen zait. Instrumentazio anbientalak, sinpleak, apaingarririk gabekoak, doinu gozo zein emotiboekin uztartuta eta esperimentazio zati distiratsuekin tartekatuta. Kantatzeko modu propioa du Peterrek eta horixe delakoan naiz, bere indarguneetako bat. Askotan, esaldiak hizketan hasten dituela dirudi baina amaitzerako, melodia ederretan bilakatzen dira. Melodiagile aparta da eta edozein kantutan erabat bereziak diren bira eta bueltak sortzeko gai da. Horren froga dira azken diskako kantuak. Adibidez, “Take Me Back” epel zein ederra (ez dago sarean entzungai oraindik, sentitzen dut).

Hortik aurrea kantu ezezagun sorta bat eskaini zigun eta nabarmentzekoa iruditu zitzaidan kantuek une batzuetan lortzen zuten intentsitatea, instrumentuak egurtuz eta ia post rockera iritsiz. Begiak itxi eta burua astintzeko parada eskaini ziguten kaosera gerturatzen zien zati haiek eta une goren horiek izan ziren hain zuzen ere, musikarien kalitatea agerian uzteko balio izan zutenak. Hau guztia, hain bereziak diren baina hain zure sentitzen dituzun hitzekin lagunduta. Musikari bikaina da bai Peter Broderick baina idazten dituen hitzek ere, liburuxka hartu eta arreta eskaintzea merezi dute

Kantu batean, eskenatoki aurrean zegoen hutsuneaz ohartarazi gintuen eta dantzarako leku ona zela bota zigun. Eskenatoki txikitik jaitsi eta dantzan hasi zen taldekideek kantu bat hasten zuten bitartean. Dantzarako gonbitea ere egin zigun baina Euskal Herrian nahiko gogorrak izaten gara halakoetarako eta bakarrik aritu zen dantzan neska bat animatu zitzaion arte. Mila esker hemendik espontaneoari une eder batez gozatzeko aukera eskaini zigun eta.

Pixkanaka, kontzertuaren amaierara gerturatzen hasi ginen  baina horren aurretik, Home disko borobileko ale bat gehiago oparitu zigun. Oraingo honetan  “Below It” izan zen aukeratua.

Eskerrak eman, eskenatokitik jaitsi eta kamerinora abiatu ziren baina jakin bagenekien kontzertu hura ezin zela horrela amaitu, denora azkarregi igarotzen zen gela txiki hartan. Mundua amaituko balitz moduan Beste bat! oihukatzen hasi aurretik eta oraingo honetan bakarrik, eskenatokira igo zen beste hiru kantu gure oroimenean uzteko asmoz. Azkena, eta kontzertua amaitzeko modu ezin hobea izan zena, How They Are (2010) diskoko “Hello To Nills” antologikoa izan zen (azti hitzei, merezi du eta). Arratsaldean Bilboko kaleetan eskatu omen zion neska batek eta honi ere eskerrak eman beharko dizkiogu hemendik.

Eta konturatzerako, amaitu zen hainbeste denboraz grina biziz itxaron nuen kontzertua. Pena sentitu nuen une batez hain maite ditudan It’s all Right edo It Starts Hear jo ez zituelako baina kontzertu hark ezin zuen halako aho zaporerik utzi eta entzundakoaz gozatu ahal izateaz eskertuta egotea erabaki nuen.

Peter Broderickek 27 urte ditu, gezurra dirudi eskenatoki gainean ikusita eta sinestezina egiten zait halako artista bat gurean izan eta bertara berrogeita hamar lagun soilik gerturatzea. Jakin badakit honek ezin duela horrela jarraitu eta Peterrek gutxi barru jasoko duela ederki irabazia duen onarpena. Horregaitik, hamar urte barru, areto handiak betetzen dituenean, bere diskoak edozein dendetan aurkitu ditzakegunean, Beasainera kontzertu txiki bat eskaintzera ekartzea ezinezkoa denean, kalean kontzertu honetan izan zen norbaitekin egingo dugu topo, bere azken bira iragartzen duen kartel mordo baten parean eta batak besteari aitortuko diogu 2014ko astelehen puta batez, gela txiki batean, bere kontzertu magiko hartaz gozatu ahal izan genuela. Gure biiztzek, halako uneetan egiten dute bat.

peterbroderick2-590x392Argazkia: inlog.org

Ez, LOST-en ez zeuden denak hilda artaburua!!

Posted on Updated on

LOST2

The Sixth Sence-n umea hilda zegoen hasieratik eta Bruce Willis ez zen konturatu, Seven-eko hiltzailea Brad Pitt da baina ez nuen oso ondo ulertu The Fight Club-en zer gertatu zen berekin, que puto David Gale… Berak akabatu zuen orduan!, Zein demontre da Slevin?!, Aaaaaaahh badakit! Ez, ez dut Memento ulertu, ai amaaaa!! Eduardo Noriegak bere buruaz beste egin du!, joder! Tximu madarikatuak! Askatasunaren estatua berdin-berdin bat egin dute! Hondartza ondoan ordea xarma asko galtzen du… Tximuak

Zer? Tontoa naizela pentsatzen ari zarete ezta? Ez dudala pelikula bat bera ere ulertu, nirekin zinera joatea hiru urteko ume batekin fisika kuantikoaren inguruko ponentzia batera joatearen antzeko zerbait dela duzue une honetan buruan ezta?

Ba jakin ezazue egin berri ditudan baieztapen inozo hauek egitea bezain larria dela, bai, bazen garaia kontu honi norbaitek heltzeko, “LOST-en HASIERATIK GUZTIAK HILDA ZEUDEN” esatea! Luzea da mesanotxeko bigarren tiraderan giltzapetuta gordea dudan lista beltza baina ziurtatzen dizuet, zerrenda honen lehen postuan, historiako telesailik hoberenaren azken atalaren ondoren ondorio hori atera zuten paganoak zaudetela (Nire aurrean halako blasfemarik ez errepikatzea espero dut zuen segurtasunarengatik alde batetik, eta nire etorkizuneko askatasunarengatik bestetik). Benetan, Ana Lucia Abbaren musikal batean baino jokoz kanpoago zaudete.

Sei denboraldi eder, 121 ezinbesteko atal (Exposé ezik, onartzen dut), mila enigma (guzti-guztiak erantzunak nahiz eta erantzun batzuen kalitatea eztabaidagarria izan, onartzen dut baita ere), erritmo eta informazioaren kudeaketa ikaragarri bat, ordurarte inork irudikatu ere ez zuen pertsonaiak idatzi eta garatzeko modu bat, soinu banda (ez beti musika) pertsonaia bat gehiago bilkatzeko erakutsitako maixutasuna eta guztiaren gainetik, sekula beste telesail batek sentiarazi ez zidan sentsazio hilezkorra eskaini izana: atal bat bukatzean, liburu on bateko atal bat bukatzean soilik sentitzen duzun hurrengoari heltzeko eta ia menpekotasunera gerturatzen den bulkada sahiestezina. Gauza asko dira telesail honek eskaini dizkigunak eta ehundaka bere erabilpenak,Sayd Jarrah berak izan ditzakeenak baino gehiago!

Sayid

Nahi edo ez, istorioak kontatzeko moduan iraultza bat suposatu zuen LOST-ek eta termino horietan mugitzen den OBRA bat ezin daiteke “guztiak hilda zeuden” esanez amaitu. Ez zaitezte blasfemariak izan eta ez alderatu J.J Abrams-en lan gorena Los Serrano edo Doraemonekin mesedez!! Jeijei jainkoa da eta jainkoak ezin du horrelakorik egin!

TVE1en hasi nintzen Perdidos ikusten eta igande arratsaldero Arrasateko pixura iristean ikusten nuen azken atala. Gerora, ordu eta egunez etengabe aldatzen hasi ziren eta internetera jo behar izan nuen asteko dosiaren bila (Pirateriaren errua izango da gero…). Bigarren denboraldirako, Jacobek baino jendea biltzeko gaitasun gehiago erakutsi zuen telesailak eta pixukide guztiak abstinentzia sindromeak jota izaten ginen azken atalaren zain. Pixukideetako batek FOX katea harrapatzen zuen gurasoen etxean eta astean zehar bere amak grabatu egiten zigun igandean pixura ekarri eta guztiok elkarrekin ikusi ahal izateko. Igande batean, pendrive-a etxean utzi zuen eta astelehen goizean klasera gehiegi joaten ez zen bat Beasainera itzuli zen pixukidearen amaren dendatik pasa eta pendrive-a hartu ahal izateko soilik! (Amaren semea ere ez zen gehiegi joaten klasera baina ez zen plana astelehen buruzuri batean bere amaren dendan agertzea LOST-eko azken atala hartzeko aitzakiarekin…).

Jacob eta Black

Hirugarren denboraldiaren ostean, kate espainiarrak atzean geratzen hasi ziren eta berriz ere internetera jo behar izan genuen. Atalak ingelesez ikusten hasi ginen orduan eta lehen aldiz gure bizitzan, jatorrizko bertsioa askoz hobea dela konturatu ginen! (John LockeHurley edo Sawyerrengaztelaniazko ahotsak erdi mailako sabeliztun baten lana besterik ez ziren dagoeneko…). Jeijeik ABC katearekin izandako istiluak gure lagun hoberenarenak izan balira moduan bizi izan genituen (ABCkoak beti berdin. Ez dio axola espainiarrak edo amerikarrak izan…). Berak lau denboraldi bakarrik egin nahi zituen istorioa lotua zuelako hasiera-hasieratik eta azkenean, sei egitera derrigortu zuten (Hortik telesailaren akatsik larrienak).

Joan ziren Arrasateko urteak eta lanean hasi nintzen. Anaia ere Charlie Pace bezain yonki zebilenLOST-ekin eta astelehen goizero atala eta azpitituluak jaisten zituen ni lanean nintzen bitartean ikusteko. Etxera bazkaltzera iristean Eko Jaunak baino hitz gutxiago erabailiz esaten zidan atala ona edo oso ona izan zen (bazekien spoilerren bat bota ezkero zer gertatuko zen). Hurleyk baino azkarrago bazkaldu eta nire gelan sartzen nintzen pertsianak jaitsi, argiak itzali eta azken atala ikusteko prest (Lanera justu-justu iristen nintzen garai haietan).

Telesaila amaitu zenean negar egin nuen, atala ikusten ari nintzela eta ondoren. Nire bizitzako fase bat amaitu zenaren sentsazioa ere izan nuen. Jeijeiren panpina bat erosi eta tenplu txiki bat egin nion ordenagailuaren mahaieko txoko batean (Hau gezurra da baina halako panpinaren bat baduzue eskertuko nuke). Etxekoak arduratzen ere hasi ziren telesail madarikatu har gugan zuen eraginagatik….

Benetan uste duzue halako idadeolla bat eragin dezakeen telesail mitiko-historiko-antologiko-bibliko bat “Ez, hasieratik hilda zeuden eta guztia gezurra zen” esanez amaitu daitekeela. Zuek uste, Chaliren greatest hits-akDharmako furgoneta bilatzen duteneko atala, “not Penny’s boat”, Desmond eta Pennyren arteko amodio hilezkorraren istorioa, Michaelek bizitako purgatorioa, “We have to go back, Kate. We have to go back!”, Jack eta Claire anai-arrebak zirela jakin genuenekoa,Juliet zulotik behera erori eta lehergailua eztanda araziz guztiak salbatu baina bere buruaz beste egin zuenekoa, The Constant atal ahaztezina (Bera bakarrik, ikusentzunezkoen historiako lanik bikainenetako bat. Hartu, zatitu eta aztertzeko modukoa), Jin eta Sun urpekarian ito zirenekoa, putakume hark Alex akabatu zuenekoa, Jeremy Benthamen heriotza, Daniel Faradayren heriotza! (denboran bidaiatzearen paradoxak elegantziaz konpontzearen paradigma behar lukeena). Hurley eta Milesen denboran bidaiatzearen inguruko eztabaidak (Zenbat barre egin nuen…), Jacob eta beltzezko gizonaren arteko elkarrizketak, banbu artean Jack Shepard heroia hiltzen ikusi genuenekoa (Bideo hori amaierarako utziko dugu) edo Hurley eta Benek irlako zaindari izatearen ardura onartzen duten unea bezalakoak bizi eta gozatu ostean, telesailak horrelak amaitu zezakeela? (Asko luzatu zait esaldia bai baina Katek Jacki xirriak egiten uzten ez zionean baino gehiago sutu naiz…)

Jack eta kate

Ba ez, ezin zen horrela amaitu eta ez zen horrela amaitu.

Gogoan dut, azken atala amaitu eta anaiarekin alde batetik eta pixukide ohiekin bestetik (LOST-en amaieraz hitz egiteko beste intentziorik gabe geratu ginen egun batean) telesail osoa mila aldiz buruz berrikusi eta destripatu ostean bapo eta erabat pozik sentitu ginela telesailari eman zioten amaierarekin (nahiz eta, errepikatuko dut, adar argumental batzuk erreztasun gehiegiz itxi zituzten).

Hala ere, gure mundu txikitik at, telesail jainkotiar honen amaiera oso ondo ulertu ez zenaren sentsazioa izaten hasi ginen eta Boone bere arreba Sharonekin “alaitzen” zenean baino galduago sentitu ginen. LOST-ek azken hilabeteetan lortu zuen oihartzuna zela eta, Cuatro katean (azken unean argia ikusi eta telesaila erosi zuenak) eztabaida bat ere antolatu zuten azken atalaren ostean! Bai bai, Maria Antonia Iglesias eta Arturo Gonzalez agertzen diren horietako bat! Bertan atera zituzten ondorioak, telesaila ikusi ere egin ez zuen norbaitenak izan ziren baina ez nion garrantzia gehiegirik eman. Sawyer baino harroxkoago jokatu eta sorbalda gainetik begiratu nien artelan hura ulertu ez zuten artaburu guztiei.

Hurrengo egunean ostea, Diario Vascon Esther Requenaren (Lista beltzean zaude zu ere. Benetan langabezian egotea espero dut…) artikulu hau irakurri nuen izuaren izuaz. “Señora! Que es usted periodista hombre!”. Sutan jarri nintzen eta facebooken talde hau ere sortu nuen beroaldiarekin (50 bakarrik gara, ez dut ezer ulertzen… Ah! Eta hau ere sortu nuen). Nire haserrea ordea, areagotzen joan zen kalean paganoak topatzen joan nintzen eran. “Bua… A ze truñakoa! Guztiak hilda zeuden hasieratik…” edo “Telesail horrek ez zuen ezertarako balio eta merezi zuen amaiera eman diote” bezalakoak entzuten hasi nintzen. Nire amorru kontagailua topea pasata zen eta yoga egiten hasi nintzen. Hala ere, Benjamin Linusen hoztasunarekin egoera aztertu eta pagano guztiek zerbait komunean zutela konturatu nintzen. Nire bizitzarekin jaraitu ahal izatea ahalbideratu zidan ateratako ondorioak. Kasualitatea izan edo ez, amaieran guztiak hilda zeudela pentsatzen zutenak, LOST-ek mundu mailan laugarren denboralditik aurrera (borobilena zalantzarik gabe) lortutako sonaren ondorioz telesaila ikusten hasi zirenak ziren. Hau da, bi urte edo gutxiagoan (asko eta askok hiru hilabeteetan) ikusi zuten telesail osoa. Une hartan, guk beste “lasaitasun” batekin ikusi genuela konturatu nintzen eta paganoen arazoa, informazio guztia behar zen bezala jalki ez zutela zela ondorioztatu nuen. Guk, Richard Alpertek baino denbora gehiago izan genuen atal guztiak ondo barneratzen joateko.

Urteak aurrera joan ahala eta gai hau, nire osasunarengatik gehienbat, berriz ez ikustea erabaki banuen ere, orain gutxi koadrilako batek legez debekatuak behar luketen hitzak errepikatu zituen berriro ere nire aurrean non sartzen zen jakin gabe (gajoa…). Orain ospitalean dago traumatismotik errekuperatzen eta berarentzat idatzi nahi izan dut post hau (azaldu nion bukaera baina konorte gabe zegoen eta ez zidan batere arretarik eskaini). Ea horrela, behingoz, bai berak, eta baita gainontzeko blasfemari guztiek ere ulertzen duten, ezetz, LOST-en, EZ ZEUDELA HASIERATIK HILDA eta guztia, ez zela amets bat izan.

LOST1

Post amaiezin honetako puntu honetara iritsi bazara; bat, ni bezain gaizki zaude burutik eta bi, ez dut ustea jarraian botako dudan oharrak atzera egin araziko zaituenik. Hala ere, esan beharrean naiz orain artekoak spoilerrak izan badira, orain datorrela potoloena eta noizbait telesaila ikusteko intentziorik baduzu, post honetatik atera beharko zinatekeela (Baina ez Barretartiatik eh! Oso gauza interesgarriak daude bertan eta! Ondo atera promoa ezta Bootxo?). Bai, LOST-eko amaiera azaldu behar dut, sekula azalpenik beharko ez zuela pentsatu banuen ere (danborarrada bat mesedez?).

AZALPENA:

LOST-eko denboraldi guztietan zehar flashbackaren teknika erabili zuen J.J. Abrams jaunak (Amen) pertsonaien inguruan informazioa eman, trama berriak sortu eta elementu berriak istorioan sartzeko. Azkeneko denboraldian ordea, eta gure pertsonaia maiteek denboran bidai pare bat egin ostean, flasforward teknika erabiltzen hasi zen. Honek esan nahi duena da, irlako bizitzaren gorabeheren tartean ikusten genituen tarteki haiek dagoeneko, ez zutela iragana kontatzen, etorkizun “bat” baizik (Daniel Faraday eskolaurreko ikasle bat da JeiJei handiaren parean).

Etorkizun horretan, telesaileko denboraldi guztietan zehar ezagututako pertsonaiak ikusten genituen baina beste bizi batekin. Hau da, guk ezagutzen genuenaren arabera ez zuen zentzurik non zeuden, norekin ezkondu ziren edo zer demontretan ari ziren. Irlako tramako korapiloa askatzen zihoan alde batetik eta bestetik, flashforwardetan, pertsonaiak telesail guztiak zehar beraientzat garrantzitsuak izan ziren pertsonaiaetara gerturatzen ari ziren nahiz eta errealitate berri horietan, ezezagun hutsak izan beraien artean.

Bata bestari gerturatzen zihoazen eran, banan-banan guztia oroitu arazi zien une bat bizi zuten guztiek eta ikusleok oraindik zer zen ez genekien zerbait ikusi zuten. Bitartean, irlako trama ixten joan ziren. JackekJohn Locke (Beltzezko gizona) akabatu zuen. Aldi berean, irlako zaintzaile izateko ardura Hurleyren esku geratu zen eta Benjamin Linus gaizto birziklatuak bere laguntzailea izatea onartu zuen hori izan bait zen bere motibazio bakarra Irla zapaldu zuen lehen egunetik.

Locke eta Ben

Hori gertatzen ari zen biartean flashforwarden errealitatean pertsonaia guztiak eliza batean elkarrekin ikusi genituen (Zalantzazkoa da aukeratutako lekua eliza bat izatea telesail osoa erabat akonfesionala izan denean baina tira, barkatu egingo diegu). Guztia gogoratu dute eta lasaitasun osoz ari dira beraien artean hizketan.

Kontua da, flashforwardek erakusten ziguten errealitate berri horretan, guztiak hilda zeudela, baina denbora plano indefinitu eta kokatuezin batean (Hortik jendearen nahastea nolabait justifika badaiteke behintzat…). Hau da, irlaren botere magikoak medio, pertsonaia bakoitza, linbo moduko zerbait den eta flasforward bidez ezagutu dugun errealitate horretan agertzen joan dira bizitza errealean hiltzen zihoazen eran. Hau da, Boone oso azkar iritsi zen bertara eta Hurley eta Ben oso berandu baina linboan, ez dago denborarik eta guztiak elkarrekin egon dira pertsonaia-jario horretaz konturatu gabe. Azken pertsonaiak hiltzean, guztia gogoratu dute eta ditsosozko eliza horretan elkartu dira linbotik hurrengo fasera (zerura edo nahi duzuen lekura) elkarrekin jauzi egiteko. Irla zerbait berezia da eta bertan bizi izanak, linbo berezi hori eskaini die bizitzari agur batera esan ahal izateko.

Hau da, flashforwardetan guztiak hilda zeuden bai baina hori irlako guztia gertatu eta gero etorri zen. Irlakoa gertatu ez balitz ez litzateke errealitate horretan gertatutakoa gertatuko. Inori zalantzaren bat geratuko balitzaio (Pagano ber bi), elizara sartu aurretik zalantza guztiak desagertarazten dituen elkarrizketa bat dute Hugo “Hurley” Reyes eta Benjamin “Ben” Linusek. Elkarrizketa honekargi eta garbi uzten du irlan geratatu dena geratu dela eta flashforwardean ikusten duguna horren ondoren gertatzen den zerbait dela. “Laguntzaile on bat izan zara” esaten dio Hurleyk Beni eta “Eta zu nagusi bikain bat” erantzuten dio honek.

Gauzak horrela, elizara sartzen dira eta “zerurako” bidaiari elkarrekin ekiten diote. Orduan, pertsonaia guztiak ikusten ditugu eliza barnean tartekatuta, Jack Shepardek irlan ematen dituen azken pausuak ikusten ditugun bitartean. Lurrera erortzen utzi eta bertan hiltzen da Vicent txakurra alboan duela. Orduan, LOST-eko lehen planoa izan zenari omenez, plano berbera ikusten dugu baina alderantziz. Lehen atalean, Oceanic 815 hegaldiaren istripuaren ostean Jacken begia irekitzen ikusi genuen lehendabiziko planoan eta azkeneko atalean, Jacken begia ixten ikusten dugu historiako telesailik handienari, merezi zuen amaiera elegantea emanez.

Bihotzez esaten dizuet, ez zitzaidan batere bukaera korapilatsua iruditu eta modu naturalean, hauxe izan zela nire, eta nire ingurukoen irakurketa. Gerora, Jeijei handiari eginiko elkarrizketaren batean ere irakurri nuen bai ber,a eta baita Damon Lindelof ekoizlea ere, aho bete hortz geratu zirela jendeak azken atalaren ostean ateratako ondorioekin. Beraien helburua ez omen zen amaiera ireki bat eskaintzea eta horregatik, trama guztiak ixten saiatu omen ziren. Niri behintzat, ez zait batere zalantzarik geratu.

Espero dut beraz, guztia garbi geratu izana eta eztabaida hutsal hau betiko lurperatzea ez bainuke nahi berriz ere, barruan dudan ke beltza esnatu, eta norbait irensterik.

Mila esker postaren amaierara iristeagatik! Hemen duzue opari moduan historiako telesail handienaren azken eskena. On egin, eta ondo izan losti agurgarri hori. “Live together, or die alone”.