euskal herria

Egin ariketa bat

Posted on Updated on

Ez da erraza izaten beti norberaren akatsez konturatzea. Bada, ordea, oso ariketa osasuntsua egunero egiten eta normaltzat jotzen ditugun jarrera okerrak atzeman eta gerora, nahi izanez gero, aldatzeko. Sinplea da: beste norbait gauza berberak egiten ikustea.

Hego euskal herritarra izaki, Espainiar Estatua dut erreferentziazko estatu; esperimentu zientifikoetarako erreferentzia, ez erreferentzia ideal (ez hasi bazterrak nahasten, hasi besterik ez naiz eta egin). Hori dela eta, herri moduan ditugun jarrera batzuk hoztasunez aztertu nahi ditudanean, espainolek nola egiten duten begira jartzen naiz. Adibidez, nire herrian ikurrin erraldoi bat jartzen dutenean, Toledon ikusi nituen bandera espainol haiek sorrarazi zidaten ezinegonaz gogoratzen naiz. Edo… Herrigintza helburu, edozein ekitaldi txalapartari, bertsolari edo trikitilariz betetzen dugunean, 92ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetako irekiera ekitaldian atera zituzten sevillana eta bailaoreak etortzen zaizkit burura. Eta horrela egun osoan (sinplea da, baina ez dut esan atsegina denik).

Ezberdin ikusten dira gauzak ariketa hori egin eta gero, ezta? Bai, hainbeste kritikatu ditugun, kritikatzen ditugun eta kritikatuko ditugun espainolen akats berberetan erortzen gara. Nire identitate nazional edo kolektiboa asea dut Euskal Herriak eskaintzen dizkidan elementuekin, eta eroso sentitzen naiz identitate horrekin. Bada bidea, ordea, hortik abertzale izan edo patriota sentitzera (sentitzen dut, baina horixe da itzulpena inguruan ditugun hizkuntza guztietan).

Gure herriaren etorkizuna erabakitzen hasteko aukera ederra dugu ekainaren 5ekoa, baina are garrantzitsuagoa da balizko euskal estatu hori nola eraikiko dugun eta nolakoa nahi dugun erabakitzea. Nik, adibidez, nahiago nuke giza eskubide eta justizia sozialaren inguruan eraikitako estatu bat, bandera baten inguruan eraikitako bat baino (egin ariketa berriz, eta berreskuratu une batez Valladoliden «yo soy español, español, español…» kantatzen jasan behar izan zenuen kuadrilla hura. Listo, ezaba dezakezue zuen buruetatik berriz, lasai). Estatu berri bat sortzeko aukera badugu, baliatu dezagun aukera gainontzekoen akatsetatik ikasi eta hobeto egiteko, ezta? Edo zer?

Askotan entzun dugu Espainiako Gobernua independentistak sortzeko makina hutsa dela, eta egia galanta da. Eta zergatik gertatzen da hori? Beraien barnean, espainola izateko modu bakarra onartzen dutelako: beraiek bezalakoa, hain zuzen ere. Eta nora noa honekin? Egin dezagun ariketa berriz, eta azter dezagun balizko Euskal Estatuaz hitz egitean dugun jarrera. Bai, guztiok berdinak bagina moduan irudikatzen dugu, guztiok sagardotegira joatea gustuko izango bagenu moduan, edo inork BECeko finala galdu nahi ez balu moduan. Are gehiago, egun batean independente izatea lortuko bagenu, inor espainol sentituko ez balitz moduan.

Horregatik pizten du, hain zuzen ere, ilusioa nire barnean galdeketek. Ezberdin pentsatzen duen jendea elkarrekin lanean ikusi dudalako lehen aldiz, garrantzitsuena ez delako bai edo ez, baizik eta oinarrizko eskubide bat defendatzen ari garela. Ezetz bozkatuko duenak ere Euskal Herria erabaki subjektu onartzen duelako, nahiz eta ez den Kilometroetara joango ikurrindun txapela buruan duela. Ikas dezagun esperientzia honetatik, eta zaindu ditzagun igandean bozkatzera joan eta gutun-azalean ezezkoa sartu zutenak. Neurri batean, gu baino ikuspegi zabalagoa dutelako eta balizko Euskal Estatua beraiekin erakiko dugulako. Ezberdinen artean eraikitako eremuak osasuntsuagoak direlako beti. Bai, egin ariketa azken aldiz, mesedez.

 

Jatorrizko artikulua Berrian hemen.

Bat eta bat (2015/04/20)

Posted on

Mikel Alvarez

Ikusi al duzu Jon geltokiko biribilgunean jarri dugun ikurriña? Eta hori ikusi ez baduzu, Loinatz Plazakoa bai ezta? Ez dira txikiak ez… Ba onartuko dizut ikustean ezin egon arraro batek hartu ninduela eta aberriaz eta abertzaletasunaz pentsatzen eman dudala astea. Abertzalea naiz, hala sentitu izan dut beti. Hasteko, euskalduna sentitzen naizelako eta amaitzeko, gure hizkuntzaren defentsak militantzia moduko bat sortu duelako nire barnean. Hala ere, hori al da abertzale izatea? Zer da abertzale izatea Jon? Itzulpen zehatza “patriota” “patriote” edo ”patriot” da gertu ditugun hiru hizkuntzetan. Hitz antzekoa oso hiru kasuetan eta nahasterako tarte gutxi eskaintzen duena. Hori ikusita, berriz galdetu diot nire buruari abertzalea, edo patriota, ote naizen eta erantzuna ezezkoa dela konturatu naiz. Gogoan dut Espainian izan naizen guztietan bandera hori-gorri erraldoiak ikustean sudurzuloetara iritsi zaidan usain zaharkitu zein ozpindua. Ez al da gauza berbera guk egiten dugunean? Egia da zapalduak izan garela, garela eta ziur aski zapalduak izaten jarraituko dugula bere etorkizuna erabaki nahi duen herri moduan baina, eraiki nahi dugun herrialde berri eta moderno hori, zapaldu gaituztenak bezain harro eta fanatikoa izatea nahi al dugu? Nazionalismoa ideologia bat da hemendik kanpo. Nazioa jartzen du maparen erdian eta hori izaten da gizarte eta politikaren motorra indarrean dagoen herrialdeetan. Bandera arrazoi eta helburu… Jon, ez dut hori gustuko eta onartuko dizut amesten dudan Euskal Herri askea, ez dela horrelakoa.

batetabat

Jon Artola

Ekintza eznaturala izan da bai nonahi ikurrinak jartzearen kontu hau eta normala zu ere zer pentsa jartzea. Nor ez?

Nik ere garbi dut Mikel, Espainia eta gurearen artean bizi izandako guztiaren ondoren, gauzak nola ez diren egin behar jakin beharko genukeela jada, baina zoritxarrez, historia goitik behera erabat errepikatzen ez bada ere, errimatu gutxienez egiten du eta auskalo zer ikusiko dugun etorkizunean. Prestatu hortaz zure beldurretakoren batzuk agian ikustera.

Eta gainerakoan zer esango dizut ba nik? Bada niri ere erantzunak beharrean galdera gehiago bururatzen zaizkidala putzu sakon honen inguruan.

Esate baterako, abestiak eta poetak zioten moduan ‘bandera trapu bat al da haizerik ez badabil’? Eta ‘haizea dabilenean gauzak oso bestelakoak badira ere, banderak trapu bat izaten jarraitzen al du’? Edo eta azken batetan trapu batek bere funtzioa betetzen duen bezala banderak ere eduki positiboz bete ahal genitzake eta askatasuna lortu ondoren, nahi bada sutara bota? Edo, zergatik ez dituzte jarri adibidez errumaniar edo marokoar banderak biribilgunetan udaletxeko balkoietan bezala? Ez al luke horrek agian patria beldurgarria matria erakargarri bihurtzen lagunduko?

 

Jatorrizko artikulua Goiberrin.

8 apellidos vascos, Mario Vaquerizo, Asier eta biok

Posted on Updated on

Joder! Ba Wes Anderson eta bere zineak The Royal Tenenbaums ikusi nuen arratsalde tonto hartatik sortzen didan liluraz hitz egin behar nuen gaur The Indezents honetan baina 8 apellidos vascos madarikatu horrekin ematen ari diren murga dela eta (oso termino andaluziarra bide batez), putamierda iraingarri horretaz hitz egin beste aukerarik ez dut.

Bai, putamierda bat. Eta ez, ez dut ikusi, ezta beharrik ere. Aurreiritziak ditudala? Noski, zuk ez ezta? Algel Aldarondoren txio honekin erantzungo dizut.

Bai, aurreiritziak ditut, nireak. Eta zer nahi duzu esatea? Gustuko ditut. Trailerra ikusi dut eta hitz ematen dizut nahikoa dudala horrekin. Ikusi nahi duzu? Ados, ez zaitut kriminalizatuko horregatik eta ez dut zu torturatzeko grinarik (nahikoa tortura jasoko duzu filma hori ikusten duzun bitartean). Bakoitza libre da nahi duena gustuko izateko baina ez derrigortu ni filma hori ikustera “joder, ikusi arte hitzik ezin delako egin”.

Ez dut ikusi ez baina trailerrarekin nahikoa izan dut ikuspegi español batetik egina dagoela jakiteko. Eta ez dut negatiboki esaten, berdina esango nuke ikuspegi amerikar edo frantziar batetik euskaldunak parodiatzen dituen filma bategatik. “Ei! Gidoigileak euskaldunak direla, Vaya Semanitakoak!”. Tetetete, ados, gipuzkoarrak dira bai baina istorioa ez dago ez ikuspegi euskaldun batetik kontatua eta ez du euskal kulturaren erreferentziarik inondik inora.

8 apellidos vascoseko euskaldunak Mario Vaquerizo dira. Mariquita da eta mariquita zintzo baten gauza on zein dibertigarri guztiak ditu baina etxera iristean, emakume batekin ezkondua dago. Erregimen katoliko eta eskuinzaleari gustatzen zaion eta Espainian hain tipikoa izan den afeminatu entretenigarriaren papera betetzen du. Hau da, 8 apellidos vascoseko euskaldunek  haiba la hostia esaten dute, 200 tonako hegaluze batek harramazka bat besterik ez die egiten, ez dute larrutan egiten, maitagarriak dira baina. Ez dute euskaraz hitz egiten (BBK Liveren twitterra dira. Esaldi osoa gaztelaniaz bota eta amaieran zorionak eta eskerrik asko jartzen dute) eta beraien erreferentzia kulturalak, nahiz eta propioak izan, imaginario espainiarraren barnean daude:” Gabilondo, Urdangarin, Zubizarreta, Argiñano, Igartiburu, Erentxun…”

El Paiseko artikulu honetan irakurri dut 8 apellidos vascos Euskadi dela, eta Espainiari, gustatu egiten zaiola. Ba barkatu, 8 apellidos vascos ez da Euskadi eta are gutxiago Euskal Herria. 8 apellidos vascoseko euskaldunak Espainian indarrean jarraitzen duen erregimen katolikoapostolikoromanoliberalak nahi lituzken euskaldunak dira. Bere berezitasunak dituen baina azkenean, Espainiarra dela onartzen duen herri bat.

Asier ETA biok ikusi nuen igandean eta ikaragarri gustatu zitzaidan. Oso baliagarria iruditu zitzaidan Aitor Merinok eginiko hausnarketa. Asier idealizatu bat saldu nahi die bere Madrilgo lagunei baina dokumentala egiten ari dela, Asier hori gezurrezkoa dela konturatzen da. Aitorrek, ezin ditu Asierrek esaten edo egiten dituen gauza batzuk justifikatu, ezin die garrantzia kendu eta laguna, Madrildarrei lazo eta guzti saldu. Identifikatua sentitu nintzen oso Merinorekin prozesu mental horrekin eta Euskal Herriak oso bereak dituen arantzak dituela konturatu nintzen. Eta baita maila horietara iritsi gabe ere, espainiarrentzat (ez guztientzat) gure hizkuntza, kultura eta etorkizunaren jabe izan nahi izatea ere, ezikusiarena egin beharreko arantza bat delako.

Jarraitu ezazu nirekin baina izan zaitez gehiago nire anaia bezalakoa mesedez”. Horrela ez goaz inora maitia.

AITOR-merino-680x365