nikkin

Hemen da, iritsi da: Nikkin

Posted on Updated on

Bada jende mota bat, gela batean sekula ikusi ez duen musika instrumentu batekin sartu, atea giltzaz itxi eta ordu gutxi barru itzuliko bagina, instrumentu horri txispak ateratzeko gai izango litzatekeena.

Igor Alustiza Garmendia beasaindarra, A.K.A. Nikkin, horietako bat dugu. Bederatzi urterekin hasi zen gitarra jotzen eta lehen egunetik zur eta lur utzi zituen irakasleak gitarra baino txikiagoa zen kakanarru hark instrumentuari doinuak atera eta kantuak sortzeko zuen gaitasunarekin. Txikitatik ezagutzen dugunok pegatinaz jositako gitarra eskuan eta Nirvanaren sudadera hilezkor harrekin gogoratzen dugu oraindik. Igorrentzat gitarra zahar hura zen bere jostailurik maiteena eta hamahiru urterekin, bere lehen rock taldea sortu zuen gerora Goierriko musika eskenan garrantzia izan duten beste hainbat kakanarrurekin batera. Lehen esperientzia hartan gustuko taldeen bertsio zein moldaketak egitera mugatu ziren baina argi eta garbi ikusi zuten musikak beraien bizietan izango zuen garrantzia sekulakoa izango zela.

a2814746371_10
Diseinua: Oskarbi Sein

Igorrek ordea, sormen etengabean topatzen du plazerra eta hamasei urterekin Spurium taldea jarri zuen abian haurtzaroko lau lagunekin batera. Bertan izan zuen lehen aldiz bere kantuak garatzeko aukera eta egun hartatik, ez da geratu.

Gerora, The Gu edo Zero taldeetan aritu zen instrumentu ezberdinak jotzen. Beti ere grunge, stoner, rock alternatibo deitu zitzaionaren edo rock industrialaren influentziapean. Zero taldea desegitean eta taldeko entsegu zein eskenatokiez nekatuta, atseden baten beharra sentitu eta bere kantuak bakarka garatzen hasi zen hauek ezagutzera emateko asmorik gabe.

Orduan ordea, Igorren musika ibilbidea etxeko zein lagunei begirako zerbaitean geratuko zela zirudienean, inork nahi ez duena etorri zen, gaixotasuna. Giltzurruneko gaitz larri batek jota, horrek suposatu zuen guztiarekin, musikan topatu zuen babesa eta motibazioa. Nikkin sortu eta bere bakardadean buruan zituen doinu eta kantuei forma ematen hasi zen eriondo izan zen denbora luzean. Etxean estudio txiki bat atondu eta lehen kantuak grabatzen hasi zen inoren laguntzarik gabe. Hasieratik bukaerara Igorrek sortu eta jotako kantu hauek lagunek entzun zituztenean aho bete hortz utzi zituen: “Horrekin zerbait egin behar dek Igor”

Musikaren munduak urte batzuk lehenago sortutako nekea ahaztu eta musikan zentratu zen Igor orduan. Horrela aurkeztu zitzaigun 2014ko JAZPANA! Jaialdira. Bakarrik eskenatoki gainean eta loop zein programazioz osatutako ikuskizun ikaragarri batekin. Herriko musikari moduan gehitu zen kartelera baina bai zaleek, eta baita prentsa espezializatuak ere, bere kontzertua nabarmendu zuten ZA! handienarekin batera.

Kontzertu hartan aurkeztutako kantuetako batzuei berri batzuk gehitu eta etxean grabatu zituen bere kabuz “Ihes” izan den lana osatuz. Ondoren, Sound Source estudioetako Arkaitz Carrascoren laguntzaz soinuak findu eta gure eskuetara iritsi da Nikkinen lehen lan luzea. Rock Industriala dela dio berak baina “Ihes”, hori baino askoz gehiago da. Bere bizia musika den talentu baten proiekturik pertsonalena da. Musikatik aldendu eta bizitzaren krudeltasunak sekula utzi behar ez zuen bidera itzuli duen talentu baten lana. Gauzak sekula baino ilunago zeudenean, babesa eta zoriontasuna musika topatu duen musikari baten uztarik zintzoena.

Nota_de_Prensa Prentsa_oharra

Herriko musikariekin solasaldia Beasaingo ELEDAn

Posted on

Durangoko Azokaren ostean, deskantsatzeko denbora askorik izan gabe, Goierriko Disko eta Liburu Azoken ordua iritsi zen pasa den asteburuan eta nola ez, hemen ere Finlandiak bere lekutxoa izan zuen. Herriko beste bi idazle gazterekin batera solasaldi batera ere gonbidatu ninduten Beasaingo Azokatik eta etxean bezala izan ginen bertan Irati Goikoetxea bere Andraizearekin, Unai Baztarrika Ezinbestean poema liburuarekin eta ni neu Finlandiaren lehen bi atalekin. Solasaldia Maitane Legarretak gidatu zuen eta bide onetik eraman gintuenaren zalantzarik ez dut. Ederra izan zen.

Solasaldia amaitzean, herriko musikarien txanda iritsi zen eta aurtengoan, saio hau gidatzeko gonbitea jaso nuen zerbait ezberdina bilatzen ari zirela argudiatuz. Helburu horrekin, herriko musikari ezberdinekin entzunaldi gidatu bat egiteko ideia proposatu nien eta gustura hartu zuen erronka antolakuntzak. Musikaz, musika egiteaz eta markatu gaituzten kantuez aritu ginen eta horretarako, hiru gonbidatu bikain izan nituen alboan. Këa taldeko Xabi Mujika, Nikkin izenarekin proiektua aireratu berri duen Igor Alustiza eta Lost Chords taldea desegin berri beste bi proiektutan sartuta dabilen Unai Cuadrado.

Imaudioko Alberto Inzak soinu mahaian egindako lan zoragarriari esker solasaldi osoa grabatu ahal izan genuen eta horixe da gaurkoan blogera ekarri nahi izan dizuedana. Hemen duzue:

Horixe duzue solasaldi osoa baina azkenaldian Spotifyri hartzen ari naizen zaletasunarekin, entzunaldi gidatuan entzun genituen kantu zerrenda ere prestatu dizuet. Gogor xamarra geratu zitzaigun azkenean eta inguruan genituen familiak ikaratzeko beldurra ere izan genuen baina bai bertaratu zirenek, eta baita antolakuntzakoek ere, positibotzat jo zuen zuten esperimentua. Zer esan beraz? Gure aldetik, datorren urterako ere prest gaudela!

Mila esker antolakuntzan parte hartu duten guztiei eta baita solasaldi honetara animatu ziren hiru musikari itzelei. Aupa zuek!

 

PD: Berez zerrendan zeuden baina entzuteko denborarik izan ez genuen kantuak ere badira zerrenda. beste alde batetik, entzun genituen baina Spotifyn ez dauden kantuak ere badira. hemen dituzue: Gaztetasuna eta zahartasuna (Willis Drummond), Lerro gorriak (Këa), Begira (Nikkin), Etorri (Geroh), Erotasuna II (Ama Say), Ez zaitut somatu iristen (Lisabö), Suizidio herrikoia (Matxura), Joan orduko (Asier).

Badator JAZPANA! Fest 2014

Posted on Updated on

JAZPANA 2K14 from wallijai on Vimeo.

Duela urte bete, bosgarren JAZPANA! amaitu zenean ziklo baten amaiera bizitzen ari ginenaren sentsazioa izan genuen. Azkar esaten da bost urte eta azkar pasa dira. Hala ere, abiada hartuak ginen eta konturatzerako, JAZPANA! berri bat aurkezten hasiak gara.

Ez dakigu ziklo berri bat irekitzen den edo guztiak berdin jarraitzen duen baina sentsazioa dugu jaialdiak egonkortuz jarraitzen duela edizioz edizio eta horrek ematen duen konfiantza eta gogoarekin antolatu dugu seigarren JAZPANA! hau.

Urtero, jaialdira ekintza berriak gehitzen goaz eta aurtengoan oso pozik gaude Jazpanart! ekimenak hiru urte beteko dituelako. Rural Postmoder lelo horren barrenak azaleratzeko asmoz sortu genuen orain bi urte eta gaur egun, bizi propioa duela esan genezake. Igartza Monumentu Multzoan ospatuko da aurtengoan ere eta azken bi urteetakoak bezain arrakastatsua izatea espero dugu.

Horretaz gain, eta betiko moduan, dagoeneko klasiko diren Argazki Rallya, 3×3 Saskibaloi Txapelketa zein Skate Lehiaketaz gozatu ahal izango dugu ohiko eremu eta orduetan baina garrantzitsuena, eta jendea urriko azken asteburuan Beasain aldera ekarriko duena, musika da.

Gustura gaude kartelarekin eta talde gazte zein klasikoen artean oreka eder bat bilatu dugulakoan gaude. Betiko moduan, ostiralean lau kontzertu eta DJ batez gozatzeko aukera izango duzue Bernedoeneako karpa erraldoian eta larunbatean, 8 talde eta DJ batez. Eta guztia nola ez, DEBALDE. Bestela, ez litzateke JAZPANA! izango.

Horretaz gain, pasa den urtean estreinatu genuen “JAZPANA! Herrian” ekimena errepikatuko dugu eta larunbat arratsaldean herriko bi tabernetan ere kontzertuak izango dira.

Hauek dituzue  JAZPANA! Fest 2014an Beasainen izango ditugun taldeak:

cartel

 

URRIAK 24 (ostirala)

 

FUMUT

Fumut taldea Lazkaon sortu zen 2010 inguruan. Lazkaotar zein Ordiziarrez osatua dago eta nahiz eta hasiera batean bertsioak egiten zituzten, 2013an kantu propioekin eskenatokira jauzi egitea erabaki zuten. Kantu hauek gure belaunaldia erabat markatu zuen leku eta unera eramango gaituzte eta kontzertua entzuten hasi bezain pronto, Palmeko desertuan ikusiko dugu gure burua Euskal Stonerraz gozatzen. On egin!

LADISLAO

Gure gaztarora begiratzen dugunean bi musika sorkuntza gune nagusi gogoratzen ditugu Goierrin. Nola ez, gure Seatle propio zein txikiak Ormaiztegi (Amen, Geroh, Suhatz, Leher…) eta Lazkao genituen (Fist Fucking, Los Rockinson…). Ladislaok, bigarren mugimendu honetan izan zuen bere jatorria. Kideak talde haeutan eta baita Captain Nemo, Brigada Criminal edota Señor No Taldeetan aritu dira eta Ladislao hau dugu beraien azken kumea. Punk Rocka jorratzen dute hardcore ikutuekin eta Bonberenea estudioetan grabatu dute debut lana Carlos Osinagaren gidaritzapean. Kantu azkarrak, zuzenak eta ziur, inor geldirik utziko ez dutenak.

THE LOOKERS

Duela 3 urtetik Ziburuko hirukote gazte zein lotsagabe honek bere Garaje Rock urduriz busti ditu Bidasoako bi ertzak. Beraien kantuen eraginkortasunak, indarrak eta benetakotasunak zbelaunardi arteko zalego fidel bat egonkortzea eskaini die Mikel, Nicolas eta Charlieri. Flaming Groovies edo ty Segallen taldearen miresle hauen sona egunero doa handitzen Euskal Herrian eta beste batzuen artean Mikal Cronin, The Chrome Cranks, Eddie And The Hot Rods, Redd Kross, The Fleshtones, The Richmond Sluts, Kid Congo Powers edo The Bellraysrekin jotzen izan dira. Hemendik gutxira, talde gazteek aipatuko dituzte beraiek kontzerturen batean kointziditu ostean. Ez galdu aukera zuzenean ikusteko.

NUEVA VULCANO

Nork ez du gogoratzen bigarren JAZPANAn bartzelonarrek eskaini zuten kontzertu ikaragarria? Gure talde kuttunen artean genituen eta sinetsi ezin bagenuen ere, gurean izan genituen “Los peces de colores” lana aurkezten. Ondo zaindu genituen eta gustura itzuli ziren etxera. Aurten, “Todo por el bien comun” EPa aurkezten, berriz ere Goierrin izango ditugu eta talde honek lan luze eta lan luze artean EPekin gozatzen duena kontuan izanda, ez dugu zalantzarik jazpanazaleak ere zirrara ahaztezin batekin utziko dituztela berriz ere. Kantu indartsuak izpiritu lasai batekin, hitz eder zein pertsonalak eta melodia indartsuak. Zer gehiago nahi duzue?

OLARIUS & BROTHERS

Musika gaixotasun moduan ulertu badaiteke, bi hauen artean patologia ezberdinak biltzen dituzte. Jon eta Egoitz edo Egoitz eta Jon Beasaingo gaztetxean hasi ziren beraien rock sesio zitalak eskaintzen baina bataioaren eguna, bigarren Jazpanan iritsi zitzaien. Horrezkero, Euskal Herrian zehar ibili dira beraien sesio amaiezin zein dibertigarriak eskaintzek. Olarius & Brothersen sesio batean edozer gauza entzun daiteke, eta edozer gauza pasa daiteke. Horregatik gustatzen zaizkigu hainbeste eta horregatik gonbidatu ditugu berriz ere Jazpanara.

458026_313665145356254_1938024958_o

 

URRIAK 25 (larunbata)

 

CRAZY YOUNG

Crazy Young Ordizia eta Ataun artean sortutako taldea da. Bateria, bi gitarra eta baxu kantari batek osatzen dute . Ibilbide luzeko musikariak ditugu guztiak eta beraien bizitzan zehar hainbat estilo zein influentzi bildu dituzte. Azkenaldian, banda handien tributuak eskaintzen aritu dira eta azkena, Neil Young handiari eskainitako izan da. Emaitza ederra izan zen eta proiektua denboran luzatzea erabaki zuten. Hori dela eta, Japaznan izango ditugu Rock & Roll, Folk eta Countryaren zaleak asebete uzten.

NIKKIN

Musika estilo batean finkatzea zaila den bakarlaria da Nikkin. Izen honen atzean Igor Alustiza multi-instrumentista beasaindarra topatzen dugu eta bere musika influentzia ugari batzen dituen proiektu batean aurkezten da. Pasa den urtean Murgil tabernan izan zen JAZPANA Herrian ekimenaren barnean Jon Eskisabelekin batera Fixed Tonight proiektuarekin. Atzera begiratuz gero, Spurium, The Gu edo Zero taldeetan ibili izan da Igor. Oraingoan, bakarlari moduan datorkigu eta bere abestien zuzenekoez gozatu ahal izango dugu JAZPANAko eskenatoki handian. Bertan, ordenagailuaren grabatu eta loop bidez antolatzen dituen pistak eskainiko dizkigu pixkanaka, eta puzzlea osatzen doan heinean abestiek indarra hartzen duten bitartean.

BUFFALO

Azken urteetan beti izan dugu talde instrumental bat gutxienez JAZPANAn eta aurtengoan ere horrela izango da nola ez. Oraingoan Buffalo zarauztarrak izango dira ardura honen jabe eta jakin badakigu ez dutela kalerik egingo. David, Ander eta Joanesek osatzen dute 2008an sortu zuten talde hau. Horrezkero, makina bat kontzertu eskaini dituzte Euskal Herria zehar eta baita bertatik kanpo ere. Beste batzuen artean, pasa den urteko Kutxa Kulturrean izan genituen eta aho zapore ederra utzi zieten gerturatu zien guztiei. Zuei ere gauza berbera gertatuko zaizue ziur beraien kontzertura gerturatzen bazarete.

ZA!

Za! bi pertsonek osatzen duten ozeanoz bestealdeko zein primitiboki futurista den orkestra bat dugu. Beraiek, Spazzfrica Ehd eta Papa duPau ditugu. 2011an mundua alderantziz jarri zuten beraien “Megaflow” lan gogoratuarekin eta 2013an, ez zen gutxiagorako izan “Wanananai” LParekin lortu zutena. Azken lan honekin mundu osoan zehar ibili dira kontzertuak eskaintzen eta hortxe topatu dezakegu talde honen indargune nagusia (Rockdeluxe aldizkariak 2013 zuzeneko hoberenaren saria eskaini zien). Bikote honen grina nagusia imaginatzeko ia ezinezkoak diren nahasketak gauzatzea da. Hots, jazz afrokubatarra postrockarekin, dancehall jamaikarra grungearekin, rave festa bateko elektronika noise industrialarekin edo Baliko doinuak Black Sabbathekin. Bai, tipo hauen irudimena ozeanoz bestealde baino, planeta honetatik haratago dago.

BEACH BEACH

Chorus gitarra distiratsuek, baxu saturatuek, fuzz ikutuek eta tempo altuek osatzen dute atsedenik gabeko erritmo dardaratsuez beteriko lan hau. “The Sea” 80. hamarkadako jangle zein power pop doinuetara jauzi bat da. Sarah Records edo Flying Nun etxeetako taldeak gogoratzen ditu eta 90. hamarkadako lehen indieak zein soft rock klasikoek ere badute bere eragina. Disko honek oso garbi ez dugun etorkizun ilun eta samingarriaren inguruan hitz egiten du, galdutako aukerez, traizioaz, koldarrez betetako mundu batean heldua egiteaz. Beach Beachen azken lan hau irailean kaleratu zuten baina horren aurretik, Primavera Sound edo Britainia Handian buruturiko bira batean aurkeztu dute. Hurrengo zita, Jazpanan izango dute, dugu.

CAPSULA

Zer esan Capsularen inguruan… Lehen JAZPANAn izan genituen eta herria goitik behera astindu zuten. Gu ere sentsazio berberarekin geratu ginen eta seigarren edizio honetan berriz ere beraien zuzeneko ikargarriaz gozatu ahal izango dugu. Beraien azken lana “Solar Secrets” izan da eta hemen izan genituen azken alditik gora egin du nabarmen hirukote argentinar bilbotarrak. Estatu Batuetan harrera ederra izan dute beraien azken lanek eta makina bat bira burutu dituzte bertan. Capsulak Rock’N Rolla egiten du bai baina hirukote hau hori baino askoz gehiago da. Capsula, Rock’N Rolla da.

IT’S NOT NOT

Zenbat gustatzen zaizkigun talde mitikoen itzulerak! Oraingo honetan, Bartzelonako superbanda alternatibo aktiboenetako bat izango dugu Jazpanan. Post-Punk talde hau Dies Irae, Tokyo Sex Destruction, Veracruz edo Standstill bezalako taldeetako kideek osatzen dute eta itzulera honetarako, The Unfinished Sympathy taldeko Eric Fuentes batu zaie. Talde standby egoeran utzi zutenean hiru LP zituzten bizkarrean eta gaur egun, material berria prestatzen ari dira. Talde hau osatzen dutenak oso oso musikari onak dira eta hori ziur, Bernedoenmeako eskenatokian argi eta garbi geratuko da. Kalerik egin ezin daitekeen horietako kontzertu bat.

LASERS

Poparen magiak, unibertso elektrikoak eta literaturak batak besteari traba egiteari uzten diotenean musikak gidaritza hartzen du bestela kaos madarikatua besterik izango ez litzatekeen horretan. Oraingo honetan, Lasers hirukote bartzelonarra izango da balentria honen ardura izango duena. Erraietatik ateratzen den elektronika zintzoa, sample eta soinu ziliko nekaezinak bihotz bati bizitza ematen dion odolaren bulkada jarioaren moduan. “Lasers” EParekin hasi zuten ibilbidea eta “Juno” LParekin jarraitu dute bidea Marco Morgioneren gidaritzapean (Delorean eta El Guinchoren teknikaria). Dartozen hilabeteetan mundu osoaren ahotan izango den taldea dugu Lasers eta horren aurretik JAZPANAn beraien zuzenekoaz gozatzeko aukera izango dugu.

DJ COCO

Bartzelonako eszena indiea ulertzeko, DJ COCO, entzun beharreko DJa da. 15 urte daramatza bere hiriko zein Europako kabinetatik igarotzen eta beste batzuen artean, Berlin, Paris,  Estocolmo, Londres edo Moscun izan da mota guztietako jendea dantzan jartzen (uda honetan adibidez, Helsinkin izan FLOW Fest handian musika jartzen). Cocoren sesioak dantzagarriak direla esan dugu eta horrela da; electro, rock, sitie, disco, indie edo mashupak entzule zein jaialdiaren arabera baina beti, bere marka utziz. Badakigu zein ordutan amaituko duen Jazpanan baina ez dugu uste bere sesioaren ondoren inork etxera joateko gogorik izango duenik. Benetan, ez galdu saio hau bestela, noiz edo noiz, damutu egingo baitzara. Estatu mailako DJrik garrantzitsuenetako bat izango dugu gure herrian bertan (Pasa den urtean, hoberenaren saria jaso du Rockdeluxe aldizkarian)

dj_coco_by_jordi_chicletol

Argazkia: www.farmwayrecords.com
Horretaz gain, pasa den urtean estreinatu genuen “JAZPANA! Herrian” ekimena errepikatuko dugu aurtengo edizioan ere jaialdia herrira gerturatu nahian. Larunbat arratsaldean herriko bi tabernatan kontzertuak izango dira. Hauexek dituzue Koyote eta Iluntze tabernetan arituko diren taldeak:

 

DISCO ESTUPENDO

Bi musikari gipuzkoar hauek behin baina gehiagotan elkartu dira bidean beraien musika ibilbide luzean zehar. Oraingo honetan ordea, berezia da. Disco Estupendo proiektua martxan jartzeko izan da eta azken aldiz batera aritu zirenetik 10 urte igaro dira. Samplerrak, sintetizadore, efektuak, loopak eta gitarrak bikote honen musika unibertsoa aske uzteko. Eta behin hasita, ez dago atzera bueltarik.

SIETE C

Siete C taldea 2011n jaio zen “Familia” lana argitaratu zutenean. Hala ere, ez zen egun batetik bestera jaio. Taldekideek 10 urte zeramatzaten lagunak izaten eta horixe adierazi nahi izan zuten diskoari jarritako izenburuarekin. Urte dezente beste talde batzuetan ibili ostean, Siete Cko taldekideak berriz bildu eta garai hartan jotzeko gogo gehien sortzen zizkieten kantuak sortzen hasi ziren. Proiektu berri honekin mundu akustikora jauzi egin zuten baina betiko indar, hunkiberatasun eta apaltasunarekin, intentzioz beteriko melodia eta hitzekin.

Hementxe duzue ba Jazpana Fest jaialdiak bere seigarren edizioa ospatzeko osatu duen egitaraua. Bihotzez espero dugu guri sortzen digun zirrara bera sortu eta jaialdia zure inguruan zabaltzen laguntzea. Mila esker eta JAZPANA!n ikusten dugu elkar! Zatoz Ruralismo Postmodernora!