Bloga

Sareko nire atari, pisu eta atera bueltan

Posted on

2016ko ekainaren 14a. Egun horretan idatzi nuen blogean azken aldiz baina esango nuke askoz denbora gehiago igaro dela sareko txoko ezkutu batetan abandonatuta utzi nuenetik. Gehiago begiratu eta konturatu naiz ordea, urte bete lehenago, 2015eko ekainean hain zuzen ere utzi niola maiztasunez idazteari. Beroaldika funtzionatu ohi dut eta proiektu berriak edo krisi existentzialak tarteko, bloga abandonatuta utzi izan dut behin baino gehiagotan unibertsitate garaian sortu nuen egun urrun hartatik (aspaldi sartu gabe nintzen blog zaharrean, diseinua ere aldatu zaio…).

Bitxia da, teknologia edo kultur korronte berriekin harremanetan egon diren hainbat euskarri zein plataformetan izan ditut erabiltzaile esperientziak baina bloga da bakarra, behin eta berriz utzi, eta bertara itzultzen naizena. Gabonetan, nahiz eta kanpoan bizi, etxera itzultzen den seme edo alaba bezala. Badu zerbait etxeaz blogak niretzat. Inon sareko helbideren bat eman behar izanez gero, orri batean idatziko nukeen atari, pisu eta atea da The Indezents bloga, ez da gutxi.

cabe_3

Duela hilabete pare bat edo, twitterreko azalpena aldatu eta bertan, blog honen helbidea soberan zegoela iruditu zitzaidan. Hala ere, ez nintzen gai izan kentzeko. Domeinua berritzeko ordua ere iritsi zen eta orduan ere, ez nintzen gai izan ezezkorik esateko. Hala ere, ez nuen berriz ere heltzeko grinarik. Zurekin ezin bizi eta ezta zu gabe ere…

Nagikeria sortu dit azkenaldian berriz ere hemen idazten hasteak baina aldi berean, behin baino gehiagotan bota dut faltan: iritziak ezerezera botatzeko, gustuko kontuak aipatzeko (ezerezari hauek ere), edo ezereza aurrean dudala baliatuz, beste inon botako ez nituenak botatzeko. Ba bai, hemen naiz berriro ere eta saiatuko naiz hilean behin idazten gutxienez. Badakit ordea beroaldi hau ere igaroko dela eta abandonatua utziko dudala berriz pazientzia infinituko blog santu hau. Badakit ordea, uzten dudan egunetik denbora batera, berriz itzuliko naizela nire sareko atari, pisu eta ate honetara.