islandia
Islandiarako bidaia proposamen bat (edo bi) #2
1. Eguna: Gullni hringurinn edo Urrezko zirkulua
Lehen atalean esan nizuen moduan azken zazpi urteetan Islandiak jasan duen boom turistikoa izugarria da eta horrek, inguru turistikoenak jendez lepo egotea ekarri du. Hala ere, onartuko dizuet bertan lehen aldiz aurten egon den jendeak esan didala ez dela nik diodana bezain besterako. Hau da, jende asko dago baina ez gogaikarria izateraino. Agian nire kasuan, leku berberak inguruan inor izan gabe ezagutu izanak gaur egungo egoera gehiegizkotzat jotzera eraman nau. Gehiago aurreko esperientziarekiko alderapenagatik beraz gaur egun bertan dagoen jende kopuru objektiboagatik baino.
Eta zergatik diot hau orain? Ba Urrezko zirkulua Islandia osoko zonalderik turistikoenetako bat delako (hobe kolpea lehen egunean jaso eta hurrengo egunetan lasaitasunaz gozatu). Zirkulu hau Reykjavíketik oso gertu dago eta egun bakar batean ikusteko hainbat leku zoragarri biltzen ditu. Izenak dioen bezala, zirkulu moduko bat da eta Reykjavíketik hasi eta bertan amaitzeko modua eskaintzen du bitan leku berdinetik igaro gabe.
Esan beharrik ez dago bai lehen txango honetan eta baita gaoinontzekoetan ere aipatuko ez ditudan leku zoragarrriak topatuko dituzuela bidean. Ez izan alper eta geratu burutik pasatzen zaizuen guztietan.
https://www.instagram.com/p/BXcpOMiAWdq/?taken-by=indezent
Þingvellir Parke Nazionala
Lehen ataleko bitxikerietan aipatu nizuen moduan, Þingvellir demokrazia modernoaren jaiolekua da. 930 urtean bertan bildu ziren Islandiako biztanleak eta guztia bozka bidez erabakitzen hasi ziren (Þ ingelesera Th bezala itzultzen dute eta gure Z baten modukoa da). Lekua ez zuten ausaz aukeratu Þingvellir leku magikoa baitzen ordurako. Dakizuen bezala plaka europar eta amerikarra elkartzen dira izotz eta suaren lurraldean eta bi plaka horien arteko tartea, bi zentimetro handitzen da urtero. Bertakoek dioten moduan, hemendik milaka urtera Islandia bi irla izango dira.
Bitartean, irla eder bat izaten jarraitzen du eta hain justu bi plaka horiek talka egiten duten puntuan kokatzen dira Þingvellir eta garai bateko Alþingia. Historiaz beteriko lekua da geologikoki bitxi zein zoragarria izateaz gain eta garai bateko islandiarrak bozkatzeko elkartzen ziren lekua Islandiako bandera batek zaintzen du gau eta egun.
Bertan eta asko urrundu gabe, eliza zahar bat, etxe tipiko multzo bat eta Oxararfoss ur-jauzia dituzue. Ibilaldi polita da eta merezi du. Gainera, bertako paisajean murgiltzen hasteko leku bikaina da.
https://www.instagram.com/p/BXdIu4ugBGs/?taken-by=indezent
https://www.instagram.com/p/BXdIfsmAkCp/?taken-by=indezent
https://www.instagram.com/p/BXdInBxgqD0/?taken-by=indezent
Geysir eta Gulfoss
Þingvelliretik atera eta aurrera jarraituta topatuko ditugu. Oso gertu daude bata bestetik eta pena merezi duten lekuak dira biak. Geysir, ondo pentsatu duzuen moduan geiser bat da. Islandia, dagoeneko ondo dakizuen moduan sumendi lurraldea da eta aireportutik Reykjavíkera bidean ziur kea ikusiko duzuela behin baino gehiagotan lurretik ateratzen. Magmak zirrizkuak bilatzen ditu lur azpitik ateratzeko eta lortzen duen lekuetan halako parajeak sortzen dira (batzuk besteak baino martzianoagoak ikusiko duzue). Hala ere, nahiz eta leku askotan ur gris lodi bat borborka ikusiko duzuen, ez omen da hain ohikoa geiserrak sortzea. Nik dakidala hauxe da Islandia osoko bakarra. Gutxi gorabehera pare bat minuturo lehertzen da eta zerbait esaterarren nahiko barregarria da beste 100-200 pertsonarekin batera noiz lehertuko zain egotea (guztiok kamera eskuan eta tonto aurpegiarekin). Aurten bertan izan ginenean izugarrizko zaparrada ari zen erortzen eta ezin izan nuen fundamentuzko bideo edo argazkirik atera. Horregatik, saretik lapurtu dut hau.

Gulfoss ur-jauzia ikaragarria da, sinestezina, txundigarria (foss hitz amaierak ur-jauzia esan nahi du). Natura zein handia den kontziente izatera eramaten zaituen horietako leku bat. Gogoan dut lehen egunetan errepide bazter guztietan geratzen ginela mendi, laku, erreka edo edozein ur-jauziren parean lekuaz gozatu eta argazki bat ateratzeko. Gulfoss ikusi ostean ordea, bisitariaren exijentzia mailak gora egiten du eta errepide bazterreko geldialdiak gutxitu egiten dira.
Esan bezala, ur-jauzi bat da baina Islandian sekula izan ez bazarete ziur beste ur-jauzi mota bat duzuela buruan. Txikiagoa ziur eta ur gutxiagorekin are ziurrago. Behin baino gehiagotan aipatu dizuedan boom turistikoa nabarmen ikusten da Gulfoss inguruan gainera garai batean parking txiki bat zegoen lekuan parking berriak agertu baitira. Horretaz gain, ur-jauziaz gozatzeko ibilbidea ere zainduagoa dago. Leku ezberdinetatik Gulfoss ikusteko aukera eskaintzen du gaur egun eta merezi du ibilbidea osorik egiteka.
https://www.instagram.com/p/BXdXKvVAP3q/?taken-by=indezent
Kerið
Geysir eta Gulfoss ingurutik hegoaldera jarraitu eta Reykjavik bidean Kerið topatuko duzue. Kerið lur gorriz inguratuta dagoen eta ur berdez beteriko krater bat da. Lehen egunetan ikusteko leku ederra da Islandiako paisajearen bakartasunaz kontziente izaten hasteko balio baitu. Hau ere nola ez, lur azpiko magma santuak sortutako elementu geografiko bat da. lehen aldiz bertan izan nintzenean autoa errepide alboan utzi eta oinez igotzen zinen. Gaur egun parking bat jarrri dute eta sarrera ordaindu behar da. Sarrera 400 krona dira eta hori hiru euro inguru. Erreferentzi hori bidaia osoan zehar erabili genuen prezioak gurera itzuli ahal izateko.
https://www.instagram.com/p/BXdXyy0gPMg/?taken-by=indezent
https://www.instagram.com/p/BXdXsXBAWbv/?taken-by=indezent
Hellisheiðarvirkjuneko Energia Geotermiko Zentrala
Aurrera jarraitu eta Reykjavikera iritsi baino lehenago topatuko duzue. Esan bezala Islandia sumendi lurraldea da, plakek talka egiten dute bertan eta horrek paisaje zein lurralde oso berezi bat eman die. Ondo baliatu dute gainera eta gaur egun erabiltzen duten energiaren %99,9a lurretik ateratzen dute. Horrek energia ia guztia bertan sortzea ekarri du eta ur beroa adibidez oso oso merkea da islandiarrentzat (hotza debaldekoa da eta ulertuko duzue zergaitik bertan egun batzuk igarotzean).
Islandiarrek oso barneratua duten zerbait da energia geotermikoaren erabilera eta ingurunearekiko oso arduratsuak dira. Horregatik eta herrialdea hobeto ezagutzeko oso gomendagarria da zentral honetako museoan sartu eta nola funtzionatzen duen ikustea. Energiaren sorkuntzaz gain, irlaren geologia eta historiaren inguruko hainbat datu ezagutu ahal izango dituzue bertan.
https://www.instagram.com/p/BYBeLfGgieU/?taken-by=indezent
https://www.instagram.com/p/BYBd34qgVGy/?taken-by=indezent
https://www.instagram.com/p/BYBd_UyAv2t/?taken-by=indezent
https://www.instagram.com/p/BYBeGJoAxCK/?taken-by=indezent
Laugardalslaug igerileku termal publikoak
Eta egun osoko txango baten ostean zer hobeto Islandiako bainu termal famatuak ezagutzea baino? Laugardalslaug igerilekuak Sundlaugavegur kalean daude Reykjavíkeko kirol eremuaren alboan. Igerileku publikoak dira eta hauek ere lurretik ateratako energiarekin berotzen dituzte. Euskal igerileku batekin alderatuta merkeak dira. Guk 7 euro inguru ordaindu genituen Beasaingoetan sartzeko 11 euro pasatxo ordaindu behar direnean (gurean baino merkeagoak diren gauza bakarra dira igerilu publikoak). Hala ere, aipatuko dizuet duela zazpi urte euro inguru ordaindu nuela sartzeagatik. Esan zigutenagatik, prezio igoera turista ardura zein errespetugabeen olatua gelditzeko neurri bat izan zen.
Eremu ikaragarri handia da eta gune ezberdinak ditu. Ur epeleko igerileku olinpiko bat, lasai egon edo jolaserako erabiltzen duten sakonera txikiko igerileku bat (haurrentzat jolasez betea eta txirrista zoragarri bat duena), ur beroko helduentzako igerileku txiki bat, 38, 40, 42 eta 44 gradutako putzu bana eta 0 gradutik gertu dabilen putzu txiki bat.
Lagun islandiar batek esan zigun moduan, Islandiako plazak igerilekuak dira. Urtean zehar hotza egiten du eta eguraldiak ez du laguntzen beraz jendea igerilekuetan elkartzen da lanetik irtetean gu tabernetan bezala.

Islandiarako bidaia proposamen bat (edo bi) #1
Bigarren aldiz izan naiz Islandian uda honetan eta esan dezaket lehen bidaiak utzitako arantza kentzeko aukera izan dudala bigarren aukera honetan. 2010ean joan nintzen lehen aldiz eta orduan bakarrik egin nuen bidaia. Bakarrik bidaiatzeak gauza on asko ditu baina ekonomikoki ez du ahalbideratzen auto bat alokatzea. Eta ahalbideratuko balu ere ez dakit oso gomendagarria izango litzatekeen, bakarrik auto batean joateak bakarrik bidaiatzearen gauza on gehienak baztertzen baititu. Bi lagun joatean autoa alokatu ahal izan dugu eta horrek askatasun osoa eskaini digu nahi genuena ikusi, nahi genuen lekuan geratu eta guk nahi bezala ibiltzeko.
Hala ere, ez naiz etorri blogera bakarrik edo lagunekin bidaiatzearen alde eta kontrako argudioak ematera. Helburua bi bidaia hauek eman dizkidaten bizipen eta esperientziak Islandiara bidaiatzeko gida batean gorpuztea izan da. Ez dut uste beste edozein gidatan topatuko duzuenaz gain beste ezer topatuko duzuenik bertan baina su eta izotzaren irlara animatuko bazina, bertan egin ahal izango zenituzkeen bi ibilbide proposamen topatuko dituzu bertan. Bertan ikasitakotik, bertako lagunek kontatutakotik eta hainbat gida eta liburutan irakurritakotik sortutako gida xume bat. Nahiz eta Euskal Herrian jaio eta bizi, lurralde zoragarri hartaz maiteminduta bizi den batek munduko ilusio guztiarekin idatzitako igida bat. Animatzen?
https://www.instagram.com/p/BXngdE2gzBQ/?taken-by=indezent
Bidaia proposamenekin hasi aurretik irla ezagutzeko modu edo bertara joateko motibazio ezberdinen inguruan aritu nahiko nuke.
MODUAK:
Bakarrik: Bakarrik joateko leku egokia da Islandia. Bertan topatuko dituzun arrisku bakarrak naturaren eskutik datoz eta arriskuko jarduerak egitera ez bazoaz (izotzetan eskalatu, glaziarrak zeharkatu edo arrisku kirolak orokorrean) azti ibili eta itsaslabar batetik jauzi ez egitearekin nahikoa da.
Bakarrik joanez gero bi aukera dituzu irla ezagutzeko (autoa alokatzen ez baduzu). Lehena zonaldetik zonaldera autobusez mugitzea da. Duela zazpi urte baina askoz linea gehiago daude eta ia egunero beraz aukera hoberena izan liteke duzun aurrekontuaren arabera. Lehen aldiz esango dizuet eta uste dut askotan errepikatu behar dudala: Islandia oso garestia da, oso.
Hala ere, lineako autobus hauek ez dira hain garestiak. Arazoa da autobus horiek hiri edo herri batera eramango zaituztela eta zonalde berri horretan ikusi beharreko gauzak ikusteko, beste autobus batzuk hartu beharko dituzula eta hauek bai, oso garestiak izaten dira (bidaia antolatuak dira ia).
Bakarrik bidaiatzeko bigarren modua auto-stopa da. Islandiarrek ohitura handia dute auto-stopa egiteko eta ohitura handia dute baita ere, auto-stopa egiten duen jendea hartzeko. Azken urteetan ordea, turismoaren booma ikaragarria izan da Islandian eta leku guztietan bezala, lehen bitxia zen moduan kanpoko norbait bertan ikustea, dagoeneko eguneroko kontua bilakatu da. Hori dela eta, ez omen dute lehengo maiztasunarekin auto-stopistarik hartzen. Hala ere, turistek baino gehiago hartuko zaituzte bertakoek.
Lo egiteko ere aukera ezberdinak dituzue baina merkeena Hostel international aterpetxeak dira (honek bakarrik edo lagunekin joateko balio du). Webgunean ikusi dezakezuen moduan irla osoan zehar daude eta Islandian hotel edo ostatuen prezioekin alderatuta oso ekonomikoak dira. Sukalde komunak dituzte eta horrek ere asko laguntzen du bidaiaren aurrekontua jaisterako orduan. Hori bai, udan topera izaten dira beraz zuen aukera hori bada komenigarria da aurretik hartzea (otsail eta martxo artean ahal bada). Gainera, nazioarteko aterpezale txartelarekin %15eko deskontua izango duzu guztietan.
Beste aukera bat nola ez, kanpin dendak dira eta egia esan leku askotan ikusi ditugu bai kanpinak baina baita denda jartzeko atondutako debaldeko zelaiak ere. Hori bai, ez joan Islandiara Quechua ziztrin batekin mesedez. Edozein fiordotan agertuko zara haize apur bat egiten duen lehen gauean.

Lagunekin: Autoa, zalantzarik gabe. Autoen alokairua oso garestia da baina merezi du diru hori aurretik xahutu eta irla askatasun osoz ezagutzeak. Gasolina ere ez da merkea (1,5 euro inguru litroa uda honetan) eta egia esan, hortxe joan zaigu gastatu dugun diruaren zatirik handiena.
Duela zazpi urte 4×4 autoak alokatzea gomendatzen zuten bai ala bai. Islandia 1 errepide nagusiak zeharkatzen du baina behin hortik aterata mendi bideak ziren gehienak. Eta ez dira hemengoak bezalako mendi bideak, auto txiki batekin ezinezkoa zen hortik igarotzea. Gauzak asko aldatu dira ordea eta gaur egun auto txiki batekin ia edozein lekutara iritsi zaitezke. Bide guztiak ez daude asfaltatuak baina gainontzekoen gehiengoa gravel road (txintxor bideak) dira. Auto txiki batekin arazorik gabe sartu zaitezke bide horietan baina ez, zenbakiaren aurretik F hizkia dutenetan. Horietarako bai, 4x4a behar duzu baina kasu egin, ez du merezi. Behin bakarrik gertatu zaigu 17 egunetan joan nahi genuen bide batera iristeko F errepide bat igaro behar izatea (eta 6.000 kilometro egin dizkiogu gure Chevrolet Spark txikiari). Dirua sobran baduzu, hartu 4x4a lasai. Beste hainbat turistekin lehian sartuko zara ea norena den handiagoa. Gaur egun ez zait beste arrazoi bat bururatzen 4×4 edo bigfoot bat alokatzeko.
Hala ere, bada beste aukera bat auto txiki edo 4x4ez haratago eta hori furgoneta edo autokarabanak dira. Modalitate honetan lotarako lekuak hartzea saihesten duzu eta egia esan leku ugari ikusi ditugu zonalde guztietan traste hauek utzi eta bertan lo egiteko. Aurrekontu eta gustu kontuak berriz.
Bidaia antolatua: Horrelakoak ere badira eta makina bat ikusi ditugu. Aukera bat da, zure kontu.
MOTIBAZIOAK:
Ez naiz motibazio transzendentalez ari, zure burua ezagutzera edo gaizki amaitu den harreman bat ahaztera bazoaz zure kontua da. Bidaia lurraldea eta bertako kultura ezagutzeko soilik egin nahi duzun edo beste zaletasun batek bultzatuta abiatu zaren da kontua. Arrantzale asko ikusi dugu bertan eta oso ohikoa omen da su eta izotzaren lurraldera ekintza hori zutabe nagusi moduan joatea. Horretaz gain, moto dezente ere ikusi ditugu. Gaur egungo errepideekin aukera polit bat izan liteke motozalea bazara.
Klasikoetan klasikoa ordea bizikleta da. Jende asko eta asko ikusi nuen bizikletan irla zeharkatzen duela zazpi urte eta are gehiago aurten. Pertsonalki oso gogorra iruditzen zait eguraldiagatik gehienbat baina tira, zuk zeuk ikusi.

Beste motibazio bat mendizaletasuna izan liteke. Ez dago ikaragarri mendi alturik Islandian (altuena Vatnajökull glaziarreko Hvannadalshnúkur da eta 2.110 metro ditu) baina kilometro gutxi eginda leku ikaragarriak ikusi daitezke. Hala ere, azken urteetan turismo boomarekin batera mendi istripuek gora egin dute eta bidaia mota hau egin nahi izanez gero, gida bat kontratatzea gomendatzen/derrigortzen dute. Mendizale esperimentatu askok izan dituzte istripuak gertutasunak ematen duen konfidantzaren erruz nahiz bertakoek behin eta berriz errepikatzen duten ez direla altuera askoko lekuak izango, baina arriskuak izan badirela eta beste leku batzuetan daudenen ezberdinak direla (sumendiak, glaziarrak, ura etab).
https://www.instagram.com/p/BX8OjKAAd4g/?taken-by=indezent
PROPOSAMENAK:
Hasieran esan dizuedan moduan bi bidaia proposamen egingo dizkizuet. Lehena, 2017ko udan guk egin dugunaren antzeko zerbait izango da. Nola ez, guk gaizki edo ez hain ondo egin ditugun gauzak aldatu edo konponduz (zerbaitetarako balio behar du esperientziak ala?). Lehen proposamen hau 18 eguneko bidaia baterako izango da eta bigarrena, 7 eguneko bidaia baterako. Ez daukat esan beharrik behin joanda merezi duela 18-20 egun hartzeak baina pertsona bakoitza, mundu bat da.
Gidaren bizkarrezurra 18 eguneko bidaia izango da eta bertan, gorriz agertuko dira 7 eguneko bidaiarako aukeratzen ditudan txangoak. Nola ez, berriz errepikatu dizuet txango hauek nire aukera pertsonala direla. Bidaia honetako motibazioa bakarra irla zoragarri hau ezagutu eta bertako kulturan apur bat murgiltzea duen batek eginiko aukeraketa. Beste zaletasun batek eramaten bazaitu bertara, hau ez da zure gida. Nahiz eta ziur baliagarri egingo zaizkizun hainbat datu edo proposamen.
https://www.instagram.com/p/BXdIRRKAvQs/?taken-by=indezent
Hasi aurretik, Islandiaren inguruko datu edo bitxikeria batzuk bota nahiko nizkizueke. Adibidez, islandiarrek Island esaten diotela. “Is” horrek izotza esan nahi du eta norvegiarrek jarri zioten kolonizatu zutenean (hortik Iceland ingelesa). Gorago aldiz, Groenland topatu zuten eta “Groen” horrek, berdea esan nahi du. Horrek ez du esan nahi bikingoek oso umore fina dutenik (edo bai), izen aukeraketa horrek bere zentzua baitu. Islandia kolonizatua zegoen daoeneko baina Groenlandia hutsik zegoen. Gauzak horrela, kolonoak bertara animatzeko “Groen” hori jarri zioten aurretik. Bai, engainatu egin zituzten.
Islandia Norvegiako erregeen esku egon zen urteetan zehar baina 1262an Kalmarreko Batasunean sartu ziren Suedia eta garai hartan iparraldeko potentzia nagusi zen Danimarkarekin batera. Gerora, Danimarkaren menpe egon zen 1944an Alemania naziak Danimarka hartu eta Alþingiak Islandiar errepublika aldarrikatu eta independentzia lortu zuten arte.
Eta zer da Alþingia galdetuko duzue? Ba 930ean gaur egun Þingvellirreko Parke Nazionala denean sortu zuten Islandiako parlamentua da. Bertan elkartu ziren lehen aldiz garaiko islandiarrak lege eta proposamenak guztien artean eztabaidatu eta erabakitzeko (esan gero bikingoak basati hutsak zirela…). Islandiarrek harrotasun osoz esaten duten moduan, bertan jaio zen demokrazia modernoa.
Hizkuntzari dagokionean Islandiarra hitz egiten dute. Hizkuntza eskandinaviarra da Norvegiarra, Daniarra edo Suediarra bezala baina lauen artean, ezberdinena da. Eta ezberdinena da, mendeetan zehar gutxien aldatu dena delako. Bertakoek esaten zigutenez, norvegiar bat eta suediar bat elkar ulertu daitezke espainiar bat eta italiar bat elkar ulertu daitezkeen moduan baina islandiarrari ulertzea gehiago kostatzen zaie. Arrazoia sinplea da. Islandia irla urrun bat da eta gainontzeko hizkuntza europarren kutsadura gutxiago izan du mendeetan zehar. Bertakoek harrotasunez esaten duten beste gauza bat, beraien hizkuntza garai bateko bikingoek hitz egiten zutenetik gertuen dagoena dela da. Badute beraz euskaldunok izan dezakegun hizkuntza propioaren harrotasuna eta gu bezala, arraroa badirudi ere, bere etorkizunaz beldur dira. Ingelesak indar asko du irlan eta herririk txiki zein hurrunenean ere edonork daki moldatzeko lain ingelesez hitz egiten. Kanpotik begiratuta eta gure egoeratik barregarria ere badirudi beldur horrek. Islandian islandiarra da hizkuntza ofizial bakarra eta horrek segurtasuna eman beharko lioke hizkuntzari etorkizunera begira. Hala ere, badituzte bere errezeloak eta zerbaitegatik izango da. Gogoratu 330.000 pertsona besterik ez direla bizi bertan eta kopuru horrekin kultur ekoizpenetan potentzia bat izatetik urrun dagoela islandiarra. Errealitate horrek kulturaren portzentaje handi bat ingelesez kontsumitzea dakar eta hortik islandiarren beldurrak.
https://www.instagram.com/p/BXk_0Jpg3Wu/?taken-by=indezent
Hizkuntza polita da belarrira islandiarra eta beste hizkuntza batzuk hitz egiten ditugunontzat hots ezezagunak ditu. Bitxikeria moduan eta supermerkatuan ondo geratzeko, hiztegi txiki bat prestatu dizuet bidaiari ekin aurretik:
Kaixo: Halló edo hæ (Hæ hori ingeleseko Hi baten moduan ahoskazten da ia-ia)
Mesedez: Vinsamlegast
Eskerrik asko: Takk
Bai: Já (Jau esaten dute, hor ikusten da benetako islandiarra zein den)
Ez: Nei
Egunon: Góðan daginn (ð hori gure d-a bezala ahoskatzen da)
Arratsaldeon: Gott kvöld
Gabon: Góða nótt
Agur: Bless
Eta konfidantz asko baduzue zuen buruan hurengo hau aurrekoen ostean jartzeko… Ene lagun: Vinur minn
Bitxikeriekin amaitzeko esango dizuet Islandiako txanpona Krona islandiarra dela eta gaur egun (2017ko iraila) krona bat 0,00788 euro direla. Hala ere oso diru gutxi ikusten da kalean jende guztiak txartela erabiltzen duelako. Gauza guztietarako, baita kafe madarikatu bat ordaintzeko ere. Gogoan dut joan nintzen lehen aldian gaizki begiratu nindutela supermerkatu pare batean diruarekin ordaintzeagatik . “Orain zure erruz bankura joan behar dut etxera joan beharrean” zioen begirada hark.
Ba horrelaxe amaitzen dira bitxikeriak eta hasten da bidaia. Prest maleta eta zakua? Bagoatz!
Finlandia (2. atala) – 2.21
Egunak pasa ziren eta zazpi zifrako telefono zenbaki hura mugikorreko agendan galdu zen. Alde batetik, nahiko arraroa iruditu zitzaidan mugikor zenbaki batek zazpi zifra besterik ez izatea eta beste batetik, Islandian galduta nebilela ezagutzen ez nuen tipo bati nirekin geratzeko deitzea oso arraro zein tristea iruditu zitzaidan. Sisharekin ikaragarrizko konfiantza izan banu agian, baina horrela? Gizon egingo ninduten oporrak hasteko prest nintzen eta laguntza eskatzen hasi behar al nuen bidaia?
Abelardori deitzeko aukera puntuak galtzen joan zen abuztuaren hirua gerturatzen zen heinean baina aldi berean, lasaitasun apur bat ematen zidan Islandian zerbait gertatuz gero, bertan bizi zen norbaiten telefonoa izateak. Gauzak horrela, lana amaitu eta oporrak hartzen nituen eguna iritsi zen. Etxera iritsi eta facebookeko adiskidetasun eskaera berri bat topatu nuen mezu eta guzti:
Conversation started 2010.eko Uztailak 30
Abelardo Rossini Charpentier
Hola,
Soy Abelardo, amigo del Mikel…. estoy por acá por hielolandia.
No seas tímido jajajaj y contactame pa’lo que sea, me dijo el Mikel que estarás por Islandia así es que venga!!
Te llevo a comer pintxos de ballena.
Un saludo, Abelardo.
Mezuarekin amaitu ostean, irakurtzean sentitu nuen lehen gauza poza zela konturatu nintzen. Jatorra ematen zuen argentinar islandiarrak eta bale haragia jatearen kontua oso erakargarria egin zitzaidan gainera. Beldur eta aitzakia guztiak albo batera utzi eta bakarrik ezagutuko ez nuen Islandia bat ezagutzeko aukera bikaina izan zitekeela erabaki nuen. Bidaia hark berebiziko garrantzia izan behar zuen nire bizitzan eta helburu nagusia, ordura arte egiten nituen gauza asko egiteari utzi eta egiten ez nituen beste batzuk egiten hastea zen. Reykavíketik bale pintxo bat jateko aitzakiarekin ezertaz ezagutzen ez nuen argentinar bati deitzea, sekula egin ez nuen gauza bat zen zalantzarik gabe.
Horrela doa orain arte Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.
Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.
Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.
Finlandia (2. atala) – 2.20
Hala ere, eta nire harridurarako, uztailaren 17an Sisharen adiskidetasun eskaera bat jaso nuen facebooken. Lau bat minutu behar izan nituen eskaera egin zidan Mikel Alustiza hori Sisha zela konturatzeko. Ohikoa da ia jaiotzetik ezizen bat hartzen duenari halakoak gertatzea. Eskaerarekin batera, mezu bat zetorrela ikusi zuen:
Conversation started 2010.eko Uztailak 17
Mikel Alustiza
Aupa hi!
Abelardokin hitzein diat eta lasai deitzeko esaten dik!
Hau dek bere zenbakie: 7******
Eskuminek emaizkiok nere partez! Aio!
Erabat zentzugabea iruditu zitzaidan guztia eta lanak izan nituen nire ikuspuntutik gertatzen ari zena normal moduan ikusteko. Ia ezagutzen ez ninduen tipo batek, nire berri sekula izan ez eta munduaren beste aldean bizi zen beste tipo bati, nitaz kargu egiteko eskatu eta baiezkoa erantzun zion. Eta halako mezu sinple batekin kontatzen dit gainera! Normala izango balitz moduan! Abelardo hori burutik jota egongo ote zen ere pentsatu nuen eta Sisha apur bat ezagututa ez zen harritzekoa izango. Nire buruari galdetu nion ea halako zerbait egingo nukeen ezagutzen ez dudan norbaitengatik eta bizkor zein ozen jaso nuen erantzuna, niporelputoforro.
Hala ere, eta bakarrik joateak sortzen zidan mesfidantza zela eta, Abelardoren zazpi zifrako zenbakia mugikorrean gorde nuen, badaezpada ere. Bakarrik egin behar nituen hamabost egun Islandian eta ez zitzaidan gaizki etorriko egun batez bazen ere, hiria ezagutzen zuen norbait eskura izatea. Zalantzak ere izan nituen nire bidaia helburuekin bat ote zetorren gida moduko bat izatea baina azkenean, Islandian kontaktu bat izatea ongi etorriko zitzaidala erabaki nuen. Eskerrak eman nizkion Sishari eta ekainean taberna kanpo hartan izandako elkarrizketa harrengan batere konfiantzarik ez nuela aitortu nion.
Horrela doa orain arte Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.
Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.
Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.
Finlandia (2. atala) – 2.19
-Islandiara hoa oporretan? – Galdetu zidan Sishak oporretara bere herrira joango banintz moduan – Koadrilarekin?
-Ez, bakarrik – Erantzun nion azkenaldian ohikoa nuen harrotasun eta lotsa arteko sentimendu arraro hark hartuta.
-Nire lagun min bat han bizi dek! Abelardo!
Sisha gu baino hiru-lau bat urte zaharragoa zen. Eskola berdinean ikasi genuen eta bere anaia txikia gure kintoa zen. Ez genuen tratu gehiegi izan sekula baina Beasain bezalako herri batean guztiak ezagutzen gara gutxi gorabehera. Are gehiago, eskola berdinean ibilitakoak izanik. Gainera, Sisha tipo hiztuna zen eta gure adin inguruko jende gutxi izango zen Beasainen berarekin sekula hitzik egin ez zuenik.
-Bai? Eta nolatan? – Galdetu nion elkarrizketa hark probetsuzko ezer ekarriko ez zidala aurreikusiz.
-Andrea, bere neska, hangoa duk eta bertan bizi dituk! Reykjavíken!
Sisha Bartzelonan bizi zen urte batzuk lehenago lan kontuengatik herria utzi ostean. Ondo joan zitzaion eta bertan geratzea erabaki zuen. Hala ere, maiz itzultzen zen herrira etxekoak eta lagunak ikusteko asmoz. Haietako egonaldi batez gozatzen ari zen taberna kanpo hartan elkar topo egin genuenean.
-Eta bera? Nongoa dek? – Jarraitu nuen adeitasunagatik gehienbat.
-Argentinarra da. Mendozakoa. Gure etxean bizitzen aritu zituan denbora batez.
“Argentinar bat islandiar batekin” pentsatu nuen, ez dago hauek engainatuko ez dutenik. Pisukideak izan zituen Abelardo eta Andrea lan kontuengatik Bartzelonan igaro zuten garai batean. Harrezkero, tratua mantendu zuten eta ahal zen neurrian, elkar ikusten zuten urtean behin gutxienez. Aurreko udan, Sisha bera Islandian izan omen zen bisitan eta benetan merezi zuen leku bat zela aitortu zidan.
-Esango zioat bahoala! Ingo dik lekutxo bat etxean!
-Ez da beharrezkoa, lasai. Aterpetxe gehienak lotuak ditut gainera… – Bota nion zentzurik gabeko elkarrizketa hura amaitu nahian.
-Ba hiria ezagutzen laguntzeko bada ere. Konpainia ederra da Abelardo! Ez zaik gaizki etorriko. Are gehiago bakarrik joanda! Egun horietan beraiek han zereken jakin beharko nian lehenago… Noiz hoa?
-Abuztuaren hirutik hamazortzira – Erantzun nion aho bete hortz.
Beste baten laguntza eta etxea errazegi eskaintzen ari zela iruditu zitzaidan. Ondo erortzen zitzaidan Sisha baina tipo ona zenaren zalantzarik ez banuen ere, nahiko ahozabala zela pentsatu izan nuen beti. Esan bezala, ez nuen konfiantza gehiegi berarekin eta sinestezina iruditu zitzaidan eskaintzen ari zitzaidana. Beroaldian esaten diren gauza horietako bat zela pentsatu nuen eta ez nion batere baliorik eman.
Garagardoa amaitu eta koadrilak tabernaz aldatzeko ordua zela erabaki zuen. Sisha agurtzean Islandian ondo pasatzeko esan zidan “Flipatu” egin behar nuela, “Eta neskak! A ze neskak!”. Abelardorekin hitz egingo zuela eta egun haietan han bazebilen, ziur bere berri izango nuela. Eskerrak eman eta beste taberna batera abiatu ginen. Inondik inora ez nuen pentsatu elkarrizketa hark ondorio errealik izango zuenik. Tabernetan, errugbi partidetan bezalaxe, zelaian gertutakoa zelaian geratzen baita normalean.
Horrela doa orain arte Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.
Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.
Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.
Finlandia (2. atala) – 2.18
Hirigunean barneratzen jarraitu zuten eta autobus geltoki bat zirudien eraikin txiki batera iritsi ziren. Hiri itxura zuten eraikinez inguratu zegoen eta geltoki bat baino gehiago, autobideetako atseden guneetan zerbait jan nahian topatu ditzakezun ezleku horietako bat gogoratzen zuen. -So, I get off here. It’s been a pleasure. – Esan zion amona zoragarriak hamasei urteko neska baten erraztasunarekin eserlekutik altxatzen zen bitartean – Enjoy your stay in Reykjavik. – Esan zion Barbara Goenagak ere beretzat nahiko lukeen dotoretasunarekin. -Ttak! – Errepikatu zuen berriz Txominek lezioa ondo ikasi duenaren aurpegiarekin. “Begira zer ikasi duen gaur zakurrak! Gailetarik?”. – Gudbai! -Bless! – Eskuarekin agurtuz eta hitz berri bat erakusten ari zitzaiola adieraziz. “Beste hitz bat txakurrarentzat. Kaixo bakarrik falta zait oinarrizko hirukotea osatzeko”. Euskalduna izateak beste hizkuntzekiko interesa izatea itsatsita zeramala pentsatu zuen beti. Hizkuntza txiki bat hitz egiten zutenek jaiotzez atxikia zeramaten zerbait iruditzen zitzaion eta mundu osoak jarrera hori izanez gero, guztia errazagoa izango zela pentsatzen zuen “Agian arrazoi berberagatik gorrotatuko dut hainbeste ingelesa…”. Hori zela eta, atzerrira joan eta hizkuntza berriren batekin topatuz gero, beti saiatzen zen gutxienez kaixo, agur eta eskerrik asko bertako hizkuntzan nola esaten zen ikasten. Interes berezia zuen eskerrik asko terminoarekin eta zortzi hizkuntza ezberdinetan zekien esaten “Bederatzi honekin! Peter Brodericken And It’s Alright amona adeitsuarentzat!”. Autobuseko atera begiratu zuen amona arinak lurrera salto nola egiten zuen ikusteko eta Lily ere parada horretan jaisten zela ikusi zuen. Irribarre batez agurtu zuten elkar “Nik uste gustuko nauela… Eta nik bera? Nire buruari galdetu behar badiot ez gehiegi… Bigotten Cool Single Wedding zuretzat Lily” Hlemmurreko geltokia atzean utzi eta Reikjavíken barneratzen jarraitu zuen autobusak. Hala ere, metro gutxi barru, eremu ireki batean agertu ziren berriz ere “Eraikin dentsitate gutxiko hiria da hau…”. Zerumuga zabal hartan inguruetara begira hasi zen harri zurizko eliza desiratuaren bila. Halako batean, hantxe topatu zuen. Reykjavík altueretatik zaintzen ari zen bere muinotik. Bi segundoz erabat lelotuta geratu zen hainbeste denboran jomuga izan zuen eraikinari begira. Une hartan, harri zurien artetik argi berezi bat barreiatzen zuela ere iruditu zitzaion. Ez zekien hori ote zen amona begi urdin zein adeitsuak gomendatutako geralekua baina eserleku gainean zuen botoi gorria sakatu zuen autobusa geraleku horretan bertan geratu zedin. Hamar bat metrora ikusi zuen hurrengo geralekua. Jauzi batez eserlekutik jaiki eta autobusaren atzeko atera jo zuen. Atea erabat zabaltzerako, Snorrabraut kalea zuen mendiko boten azpian eta zuzenean elizara bidean jarri zen. Hallgrímskirkjaren atzealdean zegoen. Ingurura begiratu eta bertara iritsi ahal izateko, eraikin ezberdinen artean igarotzen zen aldapa eder bat igo beharko zuela konturatu zen. Beste ezertan pentsatu gabe aldapari ekin zion begirada dorre zuriaren puntatik kendu ere egin gabe. Etxe txiki batzuen artean sartu eta bistaz galdu zuenean, korrika zihoala konturatu zen. Horrela doa orain arte Finlandia. Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben. Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen. Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.
Finlandia (2. atala) – 2.17
Irribarre zabal batekin eman zizkion azalpen guztiak baina Txominek ez zion tutik ere ulertu. Geratu zitzaion artaburu aurpegiaren ezinbesteko laguntzaz eskerrak eman eta barrura sartu zen. Lily bilatu zuen begiradarekin txoferrak zer demontre azaldu zion argitzeko asmoz eta autobusaren amaieran topatu zituen betaurreko handiak. Eskuarekin ondoko eserlekua libre zegoela adierazten zion baina ikusi zuenerako, alboan zuen amona batek eskutik heldu zuen.
-You haven’t understood anything, right? Don’t worry, I’ll explain you. – Eskutik helduta goxotasunez tira egin zion Txomini bere aurreko eserlekuan eser zedin “Kaka, betaurrekoek berotzen nautenarekin”. Laurogei urtetik gora zituen baina oso ondo zahartu zen. Ile orrazkerak zein arropak Segurako edozein Margari edo Ortentxi gogoratu zezaketen baina bere aurpegiak izaera berezi bat eskaintzen zion. Ilearen kolorea sekula ikusi ez zuen zuritasun batekoa zen. Bizi on bat iradokitzen zuten zimurrez jantzia zuen aurpegia eta sudur zorroztu baten gainean harri bitxiak ziruditen bi begi urdin txiki zituen.
-You have difficulties speaking English, don’t you? – Irribarre gozo batez eta eskua askatuz. – Pétur is a kind man but he speaks like fishermen from the north of Iceland. – Bi harri bitxiek distira egin zuten barre algara batek ihes egin zionean .
Oso garbi hitz egiten zuen ingelesez eta nahiz eta hitzen batek ihes egiten zion, arazorik gabe ari zitzaion Txomin guztia ulertzen. Buruarekin onarpen keinu bat itzuli zion orduan eta irribarre batez, eta eskuez lagundurik, azalpenarekin jarraitzeko eskatu zion.
-The ticket you’ve bought lasts for 40 minutes. Until then, you can take any bus without buying any new ticket. Ok? – Oso geldo hitz egin zion eta eskuekin lagundu zuen azalpena.
-Ok, zenkiu beri matx – Erantzun zion Txominek azalpena bihotzez eskertuz “Zein adeitsua den jendea hemen. Horrela gustua ematen du…”. Ez zekien non geratu behar zuen eta autobusetik Hallgrímskirkjako elizaren bila hasi zen leihotik. Irakurri zuenagatik, ia Reykjavik osotik ikusi zitekeen beraz horrek izan behar zuen geralekua aukeratzeko bilatu beharreko erreferentzia. Horixe zen ikusi nahi zuen lehen lekua. Horixe zen azken asteetan buruan bueltaka izan zuen irudia. Horretarako, non jaitsi behar zuen amonari galdetzea ere pasa zitzaion burutik baina bere burua Hallgrímskirkja esaten irudikatzean gogo guztiak kendu zitzaizkion. Pixkanaka, hiri kanpoaldeko errepide zabalak atzean utzi eta hirigunea izan zitekeela iruditu zitzaionean murgiltzen hasi ziren.
-Don’t worry, there are four more stops before you arrive to the city center. I’ll get off at HIemmurre but you need to go on. – Azaldu zion elur-ilezko amonak poliki-poliki. “Ikaragarrizko tonto konplexuarekin itzuli behar naiz etxera…”.
-Zenkiu beri matx agen – Erantzun zion Txominek Islandiara iritsi zenetik ahoan zizelkatua zeraman irribarrearekin – Jau sei zenkiu in aislandik?
-Takk! – Erantzun zion amonak Txominen interesa eskertzen zuen harridura aurpegi batekin “Joño! Orain badakit zer esan nahi duen Sigur Rosen diska antologiko hartako izenburuak!”.
-Ttak! – Bota zion Txominek bere ahotsaren ozentasuna nahi baino gutxiago kontrolatuz.
Txalo bat eman zuen airean orduan emakumeak poztasun oihu batekin batera. Keinu hori munduko amona guztiek errepikatzen zutela pentsatu zuen Txominek. “Lastima biloba jaioberriak edo zakurrak zerbait berria ikasi dutenean egiten duten…”.
Horrela doa orain arte Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.
Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.
Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.
Finlandia (2. atala) – 2.16
Autobusa agertu arte aritu ziren hizketan. Oso neska atsegina zen Lily eta bere bidaiaren gorabeherak kontatu zizkion. Itzulpengintza ikaslea zen eta hori dela eta hitz egiten zuen hain ongi gazteleraz. Frantsesa, ingelesa eta gaztelera ziren bere lan hizkuntzak. Hala ere, Erasmuserako proposatu zizkioten hiri ezberdinen artean aukeratzeko ordua iritsi zenean, Reikjavíken alde egin zuen apustu. Irailean hasi behar omen zuen bertako unibertsitatean ikasten eta pisu bila hiru egun zeramatzala kontatu zion. Goiz hartan ere etxe bat ikustera omen zihoan zentrora. Ikasketez eta hauek amaitzen diren garaiaz aritu ziren orduan. Txominek ederki asmatu zuen eta Lily, ez zen bera baino urte bete gazteagoa besterik. Frantziar filologia ikasi zuen lehendabizi baina amaitzean, erabat arrotz egin zitzaion bere titulazioak lan merkatuari begira eskaintzen ziona. Hori dela eta, itzulpengintzarekin hastea erabaki zuen. Oso gustura omen zegoen erabakiarekin. Erabat identifikatua sentitu zen Txomin Lilyk kontatu zionarekin baina berak beste bide bat aukeratu zuela aitortu zion. “Nik berdina egin izan banu…”. Hala ere, Txominen egoerak inbidia apur bat ere sortzen ziola aitortu zion Lilyk. –Tu dinero, tu vida… – “Euria edo eguzkia, beti dugu arazoren bat”.
Autobusa iristerako beste lau bat pertsona bildu ziren geraleku inguruan. Ateak irekitzean Lily sartu zen lehendabizikoa. Atzetik sartu zen Txomin eta zebrabideko zuria baino zuriagoa zen txoferra “center” lakoniko batez agurtu zuen. Heziera askokoa izaten zen normalean baina urduri zegoen non jaitsi behar zen ideiarik ere ez zuelako.
-Plis. Gud mornin! – “Konpondu diau…”.
-Good morning! – Ia barre algara bat izatera iritsi zen irribarrearekin. “Subnormala naizela pentsatuko duen beste bat…”. – The ticket to the city center costs 220 krónur but once you’ve got it, you can take another bus within the next 40 minutes without paying more. –Ingeles zantzu guztiak desagertarazten zituen azentu itxiarekin.
-Aha, aha… – “Pintto pintto, gure txakurra data…”.
-Once the time ends you need to buy another ticket. If you are out for the whole day it is worthless but if you go for an errand, it is ok. – Konplizitate irribarre batekin eta ezertxo ere ulertu gabe.
-Aha, aha… – “Lanroberra, popopopopo…”
-Have a nice day! Bless!
Horrela doa orain arte Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.
Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.
Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.
Finlandia (2. atala) – 2.15
Berrogei bat minutu behar izan zituen dirua ateratzearen misioa gauzatzeko. Itzulerako bidean eta eldarniozko istorio bat asmatzen ari zela, oraindik kleenex beharrik izan ez zuela konturatu zen “Hemen ez dut pa alergiarik!”. Iparraldeko klimak ederki egiten ziola pentsatzen hasi zen “Erdi Bikingoa, esaten dut ba nik…”.
Kathy Bates gazteak gomendatu bezala, City Hostelera sartu zen kanbio bila. 1.000 krónako billetearen truke 500eko billete bat eta txanpon mordoxka bat itzuli zizkion. Hirigunerainoko autobus bidaiak 220 króna balio zituela esan zion eta baita beste zerbait ere baina Txominek ez zuen ulertu. Buruarekin baietz esan eta aterpetxetik irten zen. Hirigunerako autobusa hartzeko, errepidearen beste aldera pasa behar zuen lehendabizi eta hogei bat metro kalean gora egin ondoren. Oraingo honetan, zebrabidetik pasa zen.
Autobus geralekura iritsi zenean neska bakar bat zegoen bertan zain. Txomin baino pare bat urte gazteagoa zirudien. Ile luze eta leuna zuen eta ia aurpegi osoa estaltzen zioten betaurreko handi batzuek atzean zituen begi txikiak ezkutatzen zizkioten. Betaurreko handiek ordea, ez zuten ia beraien tamaina berdinekoa zen hortzeria disimulatzen.
-Gud mornin! – Esan zion Txominek heziera keinu batez
-Good morning!- Erantzun zion irribarre zabal batez – Are you spanish?
-Nou… Bueno… Ai am bask – Erantzun zion Txominek Euskal Herritik ateratzen zen bakoitzean bizitzen zuen egoera deserosoari automatikoki ematen zion erantzunarekin.
-¿Pero hablas castellano? – Galdetu zion azentu frantziardun neskak irribarrea milimetro bat ere mugitu gabe.
-Si – Irribarrea itzuliz – ¿Eres francesa?
-No, soy de Bruselas, Bélgica.
-Pues hablas muy bien castellano. Mejor que yo inglés – “Y castellano…” Eskua buru atzera eraman zuen hazka egiteko lotsatzen zen bakoitzean egiten zuen bezala.
-Kar kar – egin zuen barre Bruselaseko neska hortz handidunak – Bueno, todo es intentarlo. Seguro que aquí tienes la oportunidad de mejorarlo. ¿Que vienes? ¿De vacaciones?
-Pues sí, acabo de llegar. Es la primera vez que voy al centro. ¿Y tú? ¿De vacaciones también? – Galdetu zion Txominek. Islandiara iritsi berria zen baina dagoeneko ezagutzen zuen hizkuntza batean hitz egiteko beharra zuela konturatu zen. “Ezagutzen dudan hizkuntza batean edo hitz egiteko besterik gabe… Nik ingelesez egiten dudana oso urrun dago hitz egitetik…”
Horrela doa orain arte Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.
Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.
Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.
Finnbogasson eta Euskara-Islandiar pidgina
Alfreð Finnbogason Donostian da. Komunikabide ezberdinek adierazi zutenez, atzo bertan pasa zuen mediku-azterketa eta gaur bertan Zubietako zelaira aterako da lehen aldiz. Baina lasai, ez dizut futbolaz hitz egingo.
Duela lau urte bertan izan nintzenetik Islandiarekin zeriukusia duen guztiarekiko interesa dut (beno, obsesio apur bat ere bai… Beno, asko) eta lehen aldiz Finnbogasson hau Errealera etorri zitekeela jakin nuenean poztasunez hartu nuen berria. Gaur bertan egunkari batean irakurri ahal izan dudanez, ez omen zaio zaila egingo gipuzkoarron bizitzara egokitzea islandiarren izaerak, gurearen antza asko baitu, edo hori zioen kazetariak behintzat…. Hamazortzi egun besterik ez nituen Islandian pasa eta ez dut bertako idiosinkrasia gehiegi ezagutzen baina ez nuke holakorik esango halako ziurtasunez.
Ez dakit Alfreði erraz edo zail egingo ote zaion gure bizitzara ohitzea baina kontua da, bere curriculuma irakurtzean, agian, gure kultura hain arrotza egingo ez zaiola iradokitzen duen datu bat aurkitu dudala.
Alfreð Finnbogason Grindavíken jaio zen. Grindavík Islandia hego-mendebaldeko 2.800 pertsonako herri arrantzale bat da eta bertan aurkitzen omen da, atzo komunikabideetan irakurritakoagatik, euskaldun eta islandiarren arteko harremanaren berri ematen duen museoa. Kondaira fantastiko kutsua du ia-ia istorioak baina XVII. mende inguruan hainbat eta hainbat itsasontzi euskaldun pasa ziren inguru haietatik. Dirudienez, niri bezain beste gustatu zitzaien Ísland ederra eta bertako biztanleekin harreman sendo bat eraiki zuten. Hainbeste, elkar ulertzeko hizkuntza moduko bat ere asmatu zutela. Gogoan dut euskara-islandiar pidginaren berri izan nuen lehendabiziko aldia. Islandian nintzela izan zen eta sinestezina iruditu zitzaidan.
Ragnar izeneko gida batek kontatu zidan. Nongoa nintzen galdetu eta euskalduna nintzela esatean zur eta lur geratu zen. Ea gure hizkuntza zaharra hitz egiten nuen galdetu zidan eta islandiar eta euskaldun arrantzaleen artean sortutako sasi-hizkuntza batez hitz egin zidan. Ni ere aho bete hortz geratu nintzen eta ezagutzen ote nuen galdetzean, ezetz aitortu nion, etxera itzultzean ikertuko nuela. Gerora, interneten saltseatzen ibili eta wikipediako artikulu hau topatu nuen.
Harrigarria zein ederra egin zitzaidan arrantzale euskaldun bat eta islandiar bat “ungetorre”, “for mi presenta for ju biskusa eta sagarduna” edo “sumbatt galsardia for?” esaten irudikatzea. Surrealista zein zoragarria.
Makina bat izan omen ziren XVII. mende inguruan Islandia aldean ibili ziren euskaldunak baina dirudienez, pidgin hau irlako ipar-mendebaldean erabili zen gehienbat. Horregatik, arraroa egin zait harreman honetaz hitz egiten duen museoa hego-mendebaldean aurkitzea… Dirudienez bada museo bat Grindavíken Isalandiako arrantzale eta itsaso biziaz hitz egiten duena baina webgunean ez dut aipamenik bilatu euskaldun eta islandiarren arteko harreman berezi honen inguruan.
Finnbogassoni galdetu beharko diogu agian, ungetorre Alfreð.
PD: Errealeko jokalari bakoitzak kantu bat aukeratzen du eta gola sartzen duen bakoitzean, Anoetako bozgorailuetan entzuten da. Ea Alfreðek fabore bat egin eta bere herrialdean egiten den horietako kantu eder bat aukeratzen duen.
- 1
- 2
- Hurrengoa →