james vincent mcmorrow
Finlandia (2. atala) – 2.6
Udaletxeko ordenagailu batean inprimatu nuen hegaldiaren xehetasunekin posta elektronikora iritsi zitzaidan agiria. Erabakia hartua zegoen eta ez zuen atzera bueltarik. Islandian bakarrik pasa behar nituen 2010eko oporrak. Irudikapenak alde batera utzi eta bidaia prestatzen hasteko ordua zen.
Islandian egon zen jende ezberdina topatzen saiatu nintzen ezagunen artean alde batetik eta interneteko foroetan bestetik. Zerbitzuetako teknikari baten anaia bi urte lehenago egon zen lagun batzuekin bertan eta telefonoa eskatu nion kafe bat hartu eta Islandiaren inguruan ahal bezain beste informazio eskuratzeko. Harren bidez jakin nuen beraiek egon ziren uda berdinean Islandian bi aste pasa zituen beste beasaindar baten berri. Taldean joan ziren bi espedizioak eta ados egon ziren Islandia ezagutzeko modurik egokiena, auto bat alokatzea zela esatean, 4×4 bat ahal izanez gero. Nik ordea, bakarrik egin behar nuen oporraldia eta auto bat alokatzearena ez zen aukera bat. Aurrekontua ikaragarri igoko zuelako alde batetik, eta bakarrik joatearen alde onetako bat, aterpetxe eta bidaia ezberdinetan jendea ezagutzea zelako bestetik. Auto batean bakarrik ibiliko banintz alde batetik bestera, oso bidaia bakartia izaten amaituko luke eta ez nuen hori nahi inondik inora. Bakarrik joan bai, baina bakarrik egon, ez. Aspaldi ikasi nuen bakardadea eta ni ez garela adiskide onak.
Hiri batetik bestera mugitzeko garraioen inguruan galdetu nien orduan baina ez zuten horren berri. Han topatu zuten jendearen artean ba omen ziren autobusez mugitzen zirenak baina ez zekiten ez non hartzen ziren, ez noiz eta ezta preziorik ere. Hala ere, bakarrik joanez gero, auto bat alokatzea baino merkeago aterako litzatekeela iruditzen zitzaien. Gainera, autobus askorekin egin omen zuten topo errepidean. Trenik ba ote zegoen ere galdetu nien eta zerbitzuetako teknikariaren anaia, galdera horren zain zegoela iruditu zitzaidan. “Islandia osoan ez dago trenbide bakar bat ere!”. “CAFekoi abisatu beharko diegu” erantzun nion.
Ikusi beharreko lekuez galdetu nien eta bai aurrez aurre izan nituenak eta baita foroetan erantzun zidatenek ere, leku berberak gomendatu zizkidaten. Gainera, guztiak bat zetozen bidaia egiteko moduarekin. Egokiena, Reykjaviketik irten, iparraldera abiatu eta irla osoari buelta ematea omen zen. Reykjavikeko egonaldia Gullfosseko ur-jauzia eta geyserrak ezagutzeko probestu zitekeen eta Akureyrikoa, Detifoss eta Mivatneko lakua ezagutzeko. Vatnajökulleko glaziarra, Islandiako guztietan handiena hego-ekialdean zegoenez, itzuli amaieran Reykjavikera bueltan ikusi zitezkeen. Langjökull eta Hofsjökull glaziarrak aldiz, Reykjavik eta Akureyri artean zeuden irlaren erdialdean.
Horrela doa orain arte Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.
Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.
Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.
Finlandia (1. atala) – 1.20
El Ocho potolotik begiak altxatzea ere kostatu egin zitzaion. Atsedenaldi eta arakatze itzuliak barne, bost ordu luzez aritu zen irakurri eta irakurri. Gustura aritu zen baina ez zuen uste liburu horretaz lau urte barru gogoratu egingo zenik ere. 1988an idatzi zuen Katherine Nevillek eta gehiegi nabari zen. Ordenagailuek berebiziko presentzia zuten liburuaren hasieran behintzat eta Catherine protagonista ordenagailuetan aditua zen gainera. Pantaila aurrean ikusten zuena deskribatzen zuen bakoitzean, eskola garaian geometria klaseetan alde batetik bestera zerabilten dortoka puta gogoratzen zuen Txominek. Hori gutxi balitz, Carlo Magnorena izan zen xake joko magiko bat eta bere misterioa ziren istorioaren amua. “Flipada ederra izan behar da hau… kar kar kar”.
El Ocho itxi eta Quechua txikian sartu zuen berriz ere. Lekua egitean aitak bidaiarako oparitutako egunerokoa ikusi zuen. “Para que nunca puedas olvidar este viaje. O para que siempre puedas recordarlo”. Halako zerbait esan zion aitak bi egun lehenago egunerokoa modu erritualean eta seriotasun osoz oparitu zionean. Ideia ona iruditu zitzaion eta bidaian gertatzen zitzaionaz gain, bere ideia handi horren inguruko nota zein ideiak idazteko leku egokia izan zitekeela erabaki zuen. Aitak jakin bazekien Txominek zeraman bizitzak ez zuela betetzen eta guraso guztiek bezalaxe, bere semea zoriontsu izatea desio zuen nahiz eta batzuetan, ez zuen nola adierazi asmatzen. Tiradera zaharren autopsia egin eta idazten hasi zenean izugarri alaitu zen aita eta harrezkero, zertan ari zen galdetzen zion beti. Txominek artikulu txiki eta ipuinez hitz egiten zion orduan amaitu arte, ez baitzuen inorri bere ideia handiaren berri emateko asmorik. “Mundua zur eta lur utziko dut”.
Zortzirak jotzeko hiru minutu besterik ez ziren falta. Ordu eta erdi zuen aurretik oraindik Keflavikeko aireportura eramango zuen hegaldiaren ontziratzea hasteko. Kanpoko beroak terminala hartu zuen arratsaldean zehar eta izerditan blai zegoen dagoeneko “Norena zen ukondoa? Purerik bai?“. Hamaikagarren itzulia eman zuen El Prateko bigarren terminaletik nola ez, bi motxilak gainean zituela. “Ez dizkidate lapurtuko. Ez Horixe!”. Terminalean bertan bera bezalaxe asper-asper eginda zegoen jende mordoxka bat zegoela konturatu zen arratsaldean zehar. Bere alboko eserlekuan siamdarrak ziruditen bi neska asiar gazte zituen “Korearrak fijo!”. Sorbaldak bata besteari itsatsita zituztela zirudien. Eserlekutik altxatu eta ibilaldi txiki bat ematen zutenean ere, erabat koordinatuta eta kontaktua galdu gabe egiten zuten. Behiak errepide ondoan bazkatzen aritzen direnean bezalaxe. “Ni ez naiz inorretaz fido baina hauek ni baino okerrago daude burutik…”. Gainera erabat konjuntatuak zihoazen eta jantzita zituzten eguzkitako betaurreko handiek, beldurrezko filma japoniar bateko pertsonaia izatearen tankera esakintzen zieten “Japoniarrak fijo!”.
Parean, maletak garraiatzeko hiru karrorekin eraiki zuten kanpamenduaren babesean edozein diskotekatik atera berriak ziruditen lau kaniak zituen “Hauek lorik egin gabe daude oraindik. Nik uste japoniarren betaurrekoen behar handiagoa dutela siamdarrak beraiek baino”. Bikote gazte bat ere ikusi zuen behin baino gehiagotan arratsaldean zehar baina une hartan ez zituen topatu. Erabat maiteminduta zeuden “Putakumeak!”. Muxuka, besarkatuta edo elkarri laztanka pasa zuten arratsaldea eta amorru eta inbidiaren arteko zerbait sentiarazi zioten. Eneritzekin gogoratu eta ezinezkoa zela errepikatu zion hamaikagarren aldiz bere buruari.
Horrela doa orain arte Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka.