Musika
#30egun30doinu
Amaitu da #30egun30doinu erronka. Akabo egunero musika-galdera bat buruan bueltaka izateari, zure buruari zure zaletasunen inguruan galdetzeari, erabakiak hartzeari, iritzi propioak zalantzan jartzeari, besteen iritziak irakurtzeari. Akabo baita musikaren inguruan ikasteari, hori izan baita partehartzaile askoren artean gehien aipatu den gertaera: zenbat ikasi daitekeen besteen iritziei jaramon eginez! Egon da oso atsegin izan ez duen baten bat ere, baina tira, orokorrean esperientzia polita izan da.
Esperotako erantzunak egon dira, eta (agian) espero ez genituen beste asko baita. Kontraesan ugari ere: batentzat historiako onena dena, besteak ezin du jasan. Bizitzako beste edozein alorretan bezala, ezta? Akaso musika ez al da bizitzaren zati?
Orain, 30 egun hauen laburpen bat egin nahi eta ezinean gabiltza. Izan ere, egunero nabarmendu den fenomenoa hau izan da: aniztasuna. Ezinezkoa horrela ezer laburbiltzea!
Adibide gisa, 1. eguna: #ZureDiskorikGustukoena zen erronka, hona hemen erantzunak: Pink Floyd, Dut, Kuraia, Depeche Mode, Mgla, Pearl Jam, System of a Down, Strokes, The shins, Berri Txarrak, Negu gorriak, Van Halen, The clash, Devo, Ultrabox, Architects, Pantera, Fugazi, Parabellum, Dire Straits, Seguridad Social, Hesian, Lemonheads, Springsteen, Never Surrender, Vanilla Muffins, Neutral Milk Hotel, Dire Straits, Tom Waits, Frat Freddys Drop, Amparanoia, Bob Marley, Burning Heads, Eagles, Izaro, Public Enemy, Outkast, Fangoria, Zea Mays, Willis Drummond, Siniestro Total, Kerobia, Neil Young, The Smiths, Pixies, Jeff Buckley edo The loved ones. Eta haien artean errepikatu zirenetan: Pearl Jam bi pertsonek aipatu zuten baina disko ezberdinak! Gauza bera Berri Txarrak taldearekin! Eta kontutan izanik 3. eguneko galdera #EuskalDiskorikGustukoena zela, hau da, aukera bazegoela soilik atzerritarrak aukeratzeko eta bertakoak beste baterako uzteko!
Hurrengo egunetan ere aniztasunak ildo horretatik jarraitu du, eta erantzunak ez errepikatzea idatzi gabeko lege bat izan dela esan genezake. Oskorritik Zazkelera, Beatlesetik Björk arte, Amy Winehouse-tik Damien Jurado arte, denontzako lekua egon da. Bide batez, orokorrean zintzotasuna ere izugarri gailendu da: katamaloak kanpora bota ditugu!
Hortaz, egunez eguneko laburpenik ez, eta sailka ondorio batzuk aterako ditugu hemendik:
Talde eta bakarlaririk onenak:
Bertokoetan, denbora luzea daramatenen artean Berri Txarrak eta Dut gailendu dira, nahiz eta Willis Drummond, Zea Mays eta Negu Gorriak/Fermin Muguruzak aipamen asko jaso dituzten arlo ezberdinetan. Berrien artean Izaro eta JP Lohian nabarmendu ditzakegu, Belakok ere bere txokotxoa izan duen arren. Aspaldikoen artean ostera Mikel Laboa eta Itoiz taldeek hainbat txio jaso dituzte. Oso gertutik jarraitu diete Betagarrikoek. Hau irakurri izan balute, agian ez zuten beren karrera amaitutzat emango?
Aipagarria bada Gatibu, Su ta Gar edota Esne Beltza modukoek jasotako aipamen urriak: parte hartzaileen adin kontuak, edota kontzertuak lepo betetzea eta kalitatea lotuta ez daudelako agian? Era berean, oso aipamen gutxi joan zaizkie La Polla, Eskorbuto, RIP eta mugimendu hartako taldeei: memoria gutxi edota denborak kalte egin die? Mugimendu horren ondorengoek ere, Kaotiko kasu, ez dute aipamen apartekorik jaso.
Gehien aipatutako atzerritarren artean Fugazi, Dire Straits, Springsteen, Sufjan Stevens eta zenbait grunge talde askotan agertu dira (Soundgarden, Nirvana edota Pearl Jam batez ere, eta haien aintzindari izandakoak, Neil Young kasu). Hortik aurrera, talde ugari eta oso ezberdinak. Modernoenak eta egun hype askotxo sortzen dutenak, The XX taldea kasu, kanpoan geratu dira.
Gutxien atsegin dituzun taldeak:
Atal bitxia izan da hau, askoren kutunak beste askorentzat jasanezinak izan dira. Euskal Herrikoen artean bi nabarmenduko nituzke: Ken Zazpi eta Eñaut Elorrieta batetik, eta Anari bestetik. Pila bat errepikatu den zerbait izan da, hargatik hemen nabarmentzea beharrezkoa da: Iritzia bota duten askoren abeslaririk onena edo diskorik hoberena beste askorentzat txarrenak izan dira.
Beste hainbat talderekin ere gertatu da, baina ez horrenbeste: Zuloak taldeak goraipamenak eta gorrotoak jaso ditu, Willis Drummond-ek baita, baina ez da horren modu hedatuan.
Badakizue zer den onena? Inork ez duela arrazoi edo bi aldekoak dutela!
Atzerritarren artean ez dago iritzi bateraturik, mass media produktuak salbu. Antza, gorrotatzeko/gustoko ez izateko aukera asko daude! Zerbait aipatzekotan, reggaetoia gorrotatzen duen asko agertu dela Twitterretik egun hauetan. Agian erabiltzaile gazteagoak izango balitu webgune honek emaitzak oso bestelakoak izango lirateke…
Erantzun bitxiak:
Espero nuenaren kontra, #MusikaZeFormatotanErostenDuzun galderak erantzun xelebreenetarikoak jaso zituen (erantzun zintzoak gainera!)
Espero baino gutxiago aipatu da Youtube , eta ez pentsa Spotify gehiegi txiokatu denik. Apple music edota Bandcamp-ek are aipamen gutxiago jaso dituzte. Argi dago ordaintzen dutenek formato fisikoei lehentasuna ematen jarraitzen dutela. Eta bertako produktua lehenesten dela kanpokoaren aurrean: euskal taldeen diskoak asko erosten dira.
Norbaitek uste bazuen binilo pila salduko zirela gaur egun, lasai, erantzunen arabera CDek oraindik bizitza luzea izango dutela dirudi.
#OspaEginZenuenkontzertua horretan ere erantzun politak, denetarik! Bis arte itxaroten dutenak, jaialdietatik ospa egiten dutenak, edota kontzertu batetik sekula alde egingo ez luketela diotenak.
#BesteekGoraipatuArrenSartzenEzZaizunDiskoa atalean erantzun bateraturik ez, baina izen handiak bai! Pentsa: Bon Iver, Springsteen, Berri Txarrak, S.A., Offspring, Rolling Stones, Michael Jackson, Velvet Underground… Espero ez zenitzakeen asko agertu dira hemendik.
#GustokoDuzunBainaOnartzeaKostatzenZaizunDiskoa atalak irabazle bat izan zuen: Manzanita! Oso egun polita izan zen, eta nire burua islatuta ikusi nuen behin baino gehiagotan. Eta ziur ez naizela bakarra izan: erantzunak ikusita, nork ez du bere burua bertan ikusi? Zintzotasuna eskertzekoa da hemen ere, eta txiolariak “armairutik irten” direla esan genezake!
Hemen doaz onenetariko batzuk (nik, egia esan, rancherak gehiagotan aipatzea espero nuen).
Ingelesa, gaztelaniera, euskara
Bitxia gertatu zait hizkuntzaren kontua. Talderik onena galderan, ingelesez edota euskeraz abesten duten taldeak agertu ziren batez ere; gazteleraz ezer gutxi. Euskal talde/disko onena galdetzerakoan, ez da gaztelaniarik agertu. Baina euskal talde/disko txarrenengatik galdetzerakoan ere hizkuntza horren aipame gutxi! Nik La Oreja de Van Gogh edo Amaia Montero, Duncan Dhu eta halakoen inguruan aipamen gehiago espero nituen, baina ezer ez! Atzerriko talderik txarrenen artean bai agertu zaizkigu Andres Calamaro, Maná eta tankerakoak, baina onenen artean askoz gehiago kostatu da dirudienez.
Agerian geratu da parte hartu dugunetariko askok gaztelaniaz abesten duten euskal taldeak ez ditugula oso kontutan hartzen: Grises, Señores, Kaotiko eta horrelakoentzako lekurik ez da egon.
Hala ere, ondorio azkarrik ezin da atera. Izan ere, 30 egun hauetan nahiko argi geratu zait (ikuspuntu bat baino ez den arren) Euskal Herrian ez garela txobinistak, baina bertokoa baloratzen badakigu. Diskorik onena edota kantarik onena zein den galdetu eta erantzunen artean bertakoak aipatzen ditugu kanpokoen neurri bertsuan. Gauza bera talderik txarrenaren kontuarekin: gai gara bertakoen akatsak ikusteko, eta kanpokoenak kritikatzea ere erraza zaigu. Euskal musika osasuntsu dagoen bezala, euskal musikazaleen gaitasun kritikoak ere osasun onean daude!
Eta orain, zer?
Galdera ugari geratu dira patriketan: kontzertu aretorik onena, jaialdirik onena, huts nabarmenena egin duen diskoa, musika libururik onena, gogo askorekin espero duzun talde/diskoa, diru gehien ordainduko zenuen kontzertua… Agian bigarrengo txanda bat antolatu daiteke, #30egun30kontzertu abian jarriz.
Baina argi dagoena da, erronka honek utzi duen onena abesti eta artista berriak ezagutzeko aukera izan dela. Barre egingo duzu ziur erantzun batzuekin, txiolari interesgarriak aurkituko dituzu… Twitterrek eskaintzen dituen aukerak profitatu eta ez zara damutuko. Parte hartzea ugaria izan eta merezi du guztien iritziak irakurtzea. Bitartean, ez utzi musika entzuteari!
#EgunBatKantuBat 2017an zehar
Musika asko entzun izan dut beti, uneoro ia-ia, edozer gaua egiten ari naizela. Lanean, sukaldean, idazten, autoan… Musika merkatuaren egunerokotasuna ere jarraitu izan dut, are gehiago Goierri Irratian lanean hasi nintzenetik (entzungai duzue webgunean ere). 2016 amaitzean ordea, urtean zehar argitaratutako disko oso gutxi entzun ditudala konturatu naiz. Musika entzuten jarraitu dut baina betikoa, edo ezagun nuena behintzat.
Hori dela eta, 2017 hasieran pasa den urtean zehar argitaratutako intereseko nituen diskoak CDetan sartu eta autoan entzun ditut hiru asteetan zehar. Gauza interesgarriak topatu ditut, eta baita ez interesgarriak ere. Txio honen harian dituzue disko hauen mikrokritikak interesa izanez gero.
Ez dakit zertan ibili naizen 2016an baina urteko disko gutxi entzun ditut. 2017arekin batera hasi naiz intersgarri egin zaizkidanak entzuten
— Mikel Alvarez (@theindezents) 17 de enero de 2017
Musikalki urtea zurian igaro zaidala konturatuta 2017an halakorik ez gertatzea erabaki dut. Hori dela eta, erronka bat bota diot nire buruari hil honen hasieran. Garai batean #EgunekoKantua traolapean egunean zehar entzundako kantuetako bat txiokatzen nuen baina ekimen hark edozer gauza zuen maiztasuna ezik… Gauzak horrela, #EgunBatKantuBat traola sortu eta egunean zehar entzundako kantu bat txiokatu eta Spotifyko zerrenda batean zintzilikatzeko erabakia hartu dut.Irratian entzundakoak, irratian jarritakoak, sare sozialetan lagunen bati lapurtuak, taberna batean ehizatutakoak, lanean erabilitakoak, neure buruari jarritakoak, berriak, klasikoak, betikoak… Edozer gauza topatu daiteke zerrenda honetan eta oraingoz oso gustura nago emaitza anitzarekin. 20tik gora pilatu ditut dagoeneko eta hemendik urte bete ingurura 365 izango dira. Entzun nahi?
Hemen da, iritsi da: Nikkin
Bada jende mota bat, gela batean sekula ikusi ez duen musika instrumentu batekin sartu, atea giltzaz itxi eta ordu gutxi barru itzuliko bagina, instrumentu horri txispak ateratzeko gai izango litzatekeena.
Igor Alustiza Garmendia beasaindarra, A.K.A. Nikkin, horietako bat dugu. Bederatzi urterekin hasi zen gitarra jotzen eta lehen egunetik zur eta lur utzi zituen irakasleak gitarra baino txikiagoa zen kakanarru hark instrumentuari doinuak atera eta kantuak sortzeko zuen gaitasunarekin. Txikitatik ezagutzen dugunok pegatinaz jositako gitarra eskuan eta Nirvanaren sudadera hilezkor harrekin gogoratzen dugu oraindik. Igorrentzat gitarra zahar hura zen bere jostailurik maiteena eta hamahiru urterekin, bere lehen rock taldea sortu zuen gerora Goierriko musika eskenan garrantzia izan duten beste hainbat kakanarrurekin batera. Lehen esperientzia hartan gustuko taldeen bertsio zein moldaketak egitera mugatu ziren baina argi eta garbi ikusi zuten musikak beraien bizietan izango zuen garrantzia sekulakoa izango zela.

Igorrek ordea, sormen etengabean topatzen du plazerra eta hamasei urterekin Spurium taldea jarri zuen abian haurtzaroko lau lagunekin batera. Bertan izan zuen lehen aldiz bere kantuak garatzeko aukera eta egun hartatik, ez da geratu.
Gerora, The Gu edo Zero taldeetan aritu zen instrumentu ezberdinak jotzen. Beti ere grunge, stoner, rock alternatibo deitu zitzaionaren edo rock industrialaren influentziapean. Zero taldea desegitean eta taldeko entsegu zein eskenatokiez nekatuta, atseden baten beharra sentitu eta bere kantuak bakarka garatzen hasi zen hauek ezagutzera emateko asmorik gabe.
Orduan ordea, Igorren musika ibilbidea etxeko zein lagunei begirako zerbaitean geratuko zela zirudienean, inork nahi ez duena etorri zen, gaixotasuna. Giltzurruneko gaitz larri batek jota, horrek suposatu zuen guztiarekin, musikan topatu zuen babesa eta motibazioa. Nikkin sortu eta bere bakardadean buruan zituen doinu eta kantuei forma ematen hasi zen eriondo izan zen denbora luzean. Etxean estudio txiki bat atondu eta lehen kantuak grabatzen hasi zen inoren laguntzarik gabe. Hasieratik bukaerara Igorrek sortu eta jotako kantu hauek lagunek entzun zituztenean aho bete hortz utzi zituen: “Horrekin zerbait egin behar dek Igor”
Musikaren munduak urte batzuk lehenago sortutako nekea ahaztu eta musikan zentratu zen Igor orduan. Horrela aurkeztu zitzaigun 2014ko JAZPANA! Jaialdira. Bakarrik eskenatoki gainean eta loop zein programazioz osatutako ikuskizun ikaragarri batekin. Herriko musikari moduan gehitu zen kartelera baina bai zaleek, eta baita prentsa espezializatuak ere, bere kontzertua nabarmendu zuten ZA! handienarekin batera.
Kontzertu hartan aurkeztutako kantuetako batzuei berri batzuk gehitu eta etxean grabatu zituen bere kabuz “Ihes” izan den lana osatuz. Ondoren, Sound Source estudioetako Arkaitz Carrascoren laguntzaz soinuak findu eta gure eskuetara iritsi da Nikkinen lehen lan luzea. Rock Industriala dela dio berak baina “Ihes”, hori baino askoz gehiago da. Bere bizia musika den talentu baten proiekturik pertsonalena da. Musikatik aldendu eta bizitzaren krudeltasunak sekula utzi behar ez zuen bidera itzuli duen talentu baten lana. Gauzak sekula baino ilunago zeudenean, babesa eta zoriontasuna musika topatu duen musikari baten uztarik zintzoena.
JAZPANA! Fest 2015
Sei urte pasa dira dagoeneko doako jaialdi honen abentura martxan jarri genuenetik. Azkar esaten da sei urte eta azkar pasa dira. Hala ere, abiada hartuak ginen eta konturatzerako, JAZPANA! berri bat aurkezten hasiak gara. Ez dakigu ziklo berri bat irekitzen den edo guztiak berdin jarraitzen duen baina sentsazioa dugu jaialdiak egonkortuz jarraitzen duela edizioz edizio eta horrek ematen duen konfiantza eta gogoarekin antolatu dugu zazpigarren JAZPANA! hau. Urtero, jaialdira ekintza berriak gehitzen goaz eta aurtengoan oso pozik gaude kirol minotario bati lotutako ekintza berri batekin gatozelako, kirol minoritarioa baino pixkanaka pixkanaka herrian indarra hartzen doana, monozikloa. Orekan Bizi Naiz elkartearekin elkarlanean I. Nazioarteko Monoziklo DH Beasain ekintza antolatu dugu Urriak 3an, non ikusi ahalko ditugun mundu mailan jaitsiera modalitatean top 15ean dauden partaideak, europako leku ezberdinetatik etorrita, Sagastiguti parketik Bideluze plazaraino jaisten lasterketa ikusgarri batean. Ikuskizuna arratsaldeko 17:00tan hasiko da, eta pixkat lehenago, 16:00ak eta 17:00ak artean, Gustavo Perezen estatuko errekor saiakeraren amaiera ikusiko ahalko dugu, monozikloaren gainean ehun milia osatu behar dituelako.
Gustura gaude kartelarekin eta talde gazte zein klasikoen eta lokal, nazional eta nazioartekoen artean oreka eder bat bilatu dugulakoan gaude. Aurten gainera, ikusgai egongo den talde kopurua handitu egingo da, ostiralean sei kontzertu eta DJ batez gozatzeko aukera izango duzue Bernedoeneako karpa erraldoian eta larunbatean, 9 talde eta DJ batez. Eta guztia nola ez, DEBALDE. Bestela, ez litzateke JAZPANA! izango. Aurten berrikuntza bezala afaltzeko gunea ere indartuko dugu eta food truck‐etan ibiltzen diren profesional batzuk ekarriko ditugu beraien produktuak eskaini eta jendeak mugitu gabe eta jaialdiko ezer galdu gabe afaldu dezan.
Betserik gabe, hauek dituzue JAZPANA! Fest 2015ean izango diren taldeak!
Urriaren 23 (Ostirala)
Zer gosaltzen ote dute Beran? Edo bazkaldu? Edo parrandan edan, edo hartu? Nik zer dakit… Kontua da ez dela normala Nafarroa iparraldeko herri txiki horrek duen kalitatezko musikarien produkzio maila. Joseba Irazoki, Petti, Mikel eta Fernan irazoki, Joseba B Lenoir, Beñardo Goietxe, Sexty Sexer erdia baino gehiago eta nola ez, Borrokan. 1994an jaio zen eta lehen egunetik kontuan hartu beharreko taldea izan da. Euskal esperimentazioaren txokoan leku bat egin zuten beraien lehen bi lanekin Akauzazte, Lisabö edo Anariren alboan besteak beste. 2014an argitaratu dute taldearentzat aurrera pauso bat suposatu behar lukeen “Zuak” lana prestakuntza lanetan sekula baino denbora zein patxara gehiago hartu baitute. Lasai ordea, beratarren kontzertuak patxara edo lasaitasunarekin harreman gutxi izaten jarraituko dute eta.
Urteak dira elkartu zirenetik, 2009 dagoeneko zaharkituan. Urteen joanean beti ere mantso, soseguz, pakidermo astunak oihanean lez. Azkarregi joan gabe, aukeran nahiago dute mantsoegi joan, ibili, sortu. Hirukoa eta Irungoa da Sacco. Irungoa eta Moskukoa. Errusiara bidaiatu gabe Irunen aurkitzen baita Mosku. Mantso, soseguz, entsaiu lokalari darion lizunheze sunden goxoan lasai. Lokalaren epeletik ateratzeko beti beldurrez. Ezkutuan ez, baina fokuetatik at, herabe, lotsati, zomorro. Erraz zenba daitezke zuzenekoak. Ez dira asko izan. Diska hitza singularrean idatz daiteke. 2014ko hondarrean atera da argitara. “Azkenean!” diola dirudi baten batek. Adiskideen artean, mantso, soseguz, ehunduriko diskoa da. Besteak beste, Karlos, Mikel, Nagore, Ramon, Javi. Mantso beraz, soseguz baina iritsi dira eta Jazpanan izango ditugu behingoagatik.
JAZPANA bat ez da JAZPANA bat herriko talderik gabe eta lehen urtetik, gure xedean izan da Colapso. Hala ere, Galan, Keki eta Xirlak gauzak beraien modura eta erritmoan egiten dituzte. Hirukote beasaindarrak hardcore bizkorra egin izan dute beti eta konturatzerako, kontzertu kopuru eder bat dute bizkar gainean. Ondo pasatzeko jotzen dute eta ilusio zein indar berberarekin aurkezten dituzte beraien kantuak kontzertu bat eskaintzen duten bakoitzean. Ez dakigu zer pasatu zaien burutik baina bat batean JAZPANAko eskenatoki handiak ez die iraganean sortu dien nagitasuna eragin eta gurean jotzera animatu dira. Eta gu pozik. Oso pozik eta urteetan gogoratuko dugun kontzertu batez gozatzeko prest.
Badakizue zenbat gustatzen zaigun talde mitikoak JAZPANAra ekartzea. Are gehiago, The Unfinished Sympathy kataluniarren garrantzia zein eragina izan duten talde gutxi dira. 10 urteetan zehar 5 LP eta hainbat EP argitaratu ostean taldea bertan behera uztea erabaki zuten 2010ean. Ordurako, 400 kontzertu baino gehiago eskaini zituzten Europa eta Estatu Batuetan zehar. Tartean, John Peel handia zenak BBC katean zuzentzen zuen Peel Session saioan egon den estatuko lehen taldea izateko ohorea izan zuten. Taldea utzi ostean hainbat proiektutan murgildu zen laukotea eta proiektu berri horien barnean JAZPANAn izan ditugu kideetako bi. Joan Colomo “La Celula Durmiente” taldearekin eta Eric Fuentes abeslari eta kitarjolea “It’s Not Not” berpiztuekin. Badirudi gustatu zitzaiela gure jaialdia eta The Unfinished Sympathy BCore disketxearen 25. urteurrenerako berreskuratu ostean, jaialdi beasaindarra izango da beraien geldialdi eskasetako bat. Ohore bat.
Imaginatu Nuevo Catecismo Catolico, Discipulos de Dionisos, Ladislao, Señor No edo Txorlitoheadeko musikariak nahastu eta ibilbide zabaleko kantari amerikar zoro zein indartsu batekin nahasten dituzula. Lo orduak kendu besterik ezin duen hipotesi honekin ordea ez zara urrunegi iritsiko. Zergatik? Ba ez delako hipotesi bat. Gertatu da eta 2014an argitaratu zuten beraien lehen EPa. Kurt Baker eta konpainiak rock & roll gogor eta power popa uztartzen dituzte eta oso ondo egiten dute gainera. Hainbeste, beraien debut laneko “It’ll Be Allright” kantua the coolest song in the world moduan izendatu zutela Bruce Springsteen handiaren E Street Band taldeko Steven Van Zandt kitarjole mitikoak zuzentzen duen irratsaioan. Helduiok horri!
THE CONNECTION feat. THE NEW TROCADEROS
Kurt Baker amerikarra biran dator eta Bullet Proof Loversekin jotzeaz gain, bere hamaika proiektuetako bat gehitu du eskaintza berezira. The Connection Brad Marino eta Geoff Palmerrek 2011an New Hampshiren sortu zuten rock & roll eta power pop taldea dugu. Gerora, Kurt Baker ezagutu eta berarekin, The New Trocaderos jarri zuten martxan. Formazio bakar moduan datoz baina bi taldeen kantuan eskainiko dizkigute. Nahas‐mahas ederra dugu bai baina ziur gaude halako irabiatu batetik, gauza bakarra atera daitekeela: Festa eder bat. Ez duzu galduko ezta?
Bada jendea geldirik egoten ez dakiena eta horietako bat dugu Fermin A.K.A. “DJ Göo”. Promotore lana, taldeen komunikazioa eta musika, musika eguneko ordu guztietan. 2004an hasi zen musika jartzen DJ naparra eta ordundik Bartzelona, Ingalaterra edo Suedian izan da bizi eta musika jartzen. Gaur egun Iruñeako Nicolette klubean dabil bertako DJ moduan eta hilabetean bi aldiz izaten da La 2 de Nitsa‐n (Apolo‐ Barcelona). Primavera Sound edo BBK Live bezalako jaialdietan ere izan da musika jartzen izena Sonic Youthen disko bati zor dion DJa (Göo, 1990). Leku guztietan dantzan jarri du jendean bere musika nahasketa zoragarriekin. Popa, indiea eta elektronika helburu bakar bat xedean duela, jendeak dantza egitea.
Urriaren 24 (Larunbata)
Kalean disko bakarra zuela aldizkari batean agertu zen bere izena. Ez zen berari eginiko elkarrizketa bat ordea. Hizketan ari zena Mikel Laboa zen. Bertan, garai hartan Euskal Herrian egiten zen musikatik zer atsegin zuen galdetzen zion kazetariak. Laboak lehen diskoarekin harrituta utzi zuen Anari azkoitiarra eta garai haietan bi bateriarekin jotzen zuelako soilik ezagutzen genituen Lisabö izeneko talde irundar bat aipatu zituen. Denborak erakutsi digu tendentziak harrapatzen ere, apartekoa talentua zuela Mikel Laboa zenak. 1998 hartatik Anari handi egin da eta gaur egun, Euskal Herriko musikaririk garrantzitsuenetako bat dugu. Bere bosgarren lan luzea aurkeztera dator JAZPANAra, “Zure aurrekari penalak” (2015), eta onartu beharrean gaude, aspaldi ez genuela halako pozik sentitzen artista bat gurean izateagatik.
“The Boola Shines In The Pink Neon Room” dantzagarri zein festa sortzailearekin ezagutu genituen bartzelonarrak 2006 dagoeneko hain urrun hartan. Garai haietan beraien lehen diskoa aurkezten zebiltzan eta esan beharrik ez dago gauzak asko aldatu direla ordundik. Talde hasiberria zenak mundu osoan zehar kontzertuak eskaini ditu gaur egun eta elektronika poparen barnean kontuan hartzeko izen batean bilakatu dira. Esate baterako, 2015 honetako udan Glastonbury jaialdi mitikoan jo dute, Ingalaterrako jaialdi garrantzitsuan izan den estatu mailako lehen taldea izanik.. Delorean edo We Are Standardekin batera estatu mailako elektronikari bultzada bat eman zioten eta aipatutako bi taldeak bezalaxe, beraien bidea egin dute. Une honetan non dauden ezagutu nahi? Ba baliatu JAZPANAko aukera ez baitituzu askoz gehiago izango hemen inguruan. Ez zara damutuko. Dantzara!
Hainbat taldeetan jo eta su ibili ostean, Mammut & The Palmeras Stuck proiektuan elkartu zaizkigu oraingo honetan beasaindar hauek. Denbora daramate entseatzen baina urte bete inguru kontzertuak eskaintzen. Pasa den urtean JAZPANAn izan genituen The Lookers lapurtarrekin ikusi genituen Beasaingo gaztetxean eta gustatu zitzaigun egiten dutena eta garrantzitsuagoa dena, nola egiten duten. Beraien hitzetan garage punka egiten dute, The Sonics, Chuck Berry edo Pleasure Fuckers bezalako taldeen influentziarekin, baina beste batzuk punk primitibo eta basatia bezala definitzen dute beraien musika. Frogatu beharko da!
Erromeria. Horixe da Señores bilbotarrek beraien azken lana den “Verbena en la plaza del pueblo” (2015) EPan islatu nahi izan dutena. Erromerietako ospakizuna, gehiegikeria eta grina. Ez da erraza egiten dutena hitzetan azaltzea. Popa dela esan genezake baina motz geratuko ginateke. Hitzak ikaragarri landuta daudela ere esan genezake baina horrek ez lieke estrofa zein lelo zoragarri horiei justiziarik egingo. Señores kontuan hartzeko taldea da eta kontzertura joan aurretik bere kanturen bat bilatu eta entzuten baduzu, ez dituzu hamar segundo baino gehiago beharko horretaz konturatzeko. Beno, hori, eta hitzak ikasten hasten hasi ahalko duzula Señoresen hitzak, erromeria honetan bezala, guztion artean abesten direlako.
Joseba Baleztena naturaren indar bat da, sorkuntzaz gainezka egiten duen jario etengabeko ibai bat. Sexty Sexers, Sumission City Blues, Willis Drummond edo Joseba B. Lenoir moduan eskenatoki baten gainean ikusi duenak badaki zertaz ari garen. Rock zikin eta izerditsutik pop edo folkerako bidea egiten hasi da eta bidegurutze batean, bere kantuetan ahotsa sartzen ere amaitu du kitarrarekin soilik komunikatzen zela zirudien mutil tximaluze isilak. Bide horretan, ez ditu nolanahiko lagunak egin Josebak eta “Band Gang” honetan naturaren beste lau mirari bildu ditu bere bueltan: Willis Drummondeko Felix eta Xan eta Napoka Iriako Miren eta Ander. Honek ibaia izateari utzi dio eta olatua da, azti ibili.
Gogoratzen 1992ko Bartzelonako Olinpiadak? Ba beraiek ez. Bartzelonakoak dira bai baina Mourn martxan jarri zuten Jazz eta Carla lau urte beranduago jaio ziren. Bai, ez galdu denbora kalkuluak egiten, oso gazteak dira. Bien artean kantuan egiten hasi ziren PJ Harvey edo Patti Smith entzunez (bai lasai, ez dituzu kalkuluak gaizki egin) eta bide kide taldera batu ostean mundu guztia aho bete hortz utzi zuen disko batekin atera ziren estudiotik. 15 eta 19 urte artean dabiltzan gaztetxo hauek gogor ekin diote rock izar izateko bideari eta uda honetan, Ameriketan bira zabal bat egiteaz gain, pena merezi duten Europako Jaialdi gehienetan egon dira. JAZPANAn Mourn zuzenean ikusteko aukera galtzen baduzu, hurrengoa estadio batean izango duzu eta ziur egon zaitez, ez dela debalde izango.
Jeff Buckleyren “Grace” lana. Zer esan daiteke batzuon musika ulertzeko modua eta ia‐ia bizitza aldatu zuen disko zintzo, gordin, leun zein basati honetaz? Zaila da 90. hamarkada markatu zuen lan bikain hau deskribatzea baina are zailago, konplexuago zein arriskutsuagoa da lan hau zuzenean defendatzeko ausardia erakustea. Lan horretan murgildu ziren Joseba Basarte, Koldo Amondarain, Joseba de Arriba eta Xabi Lopez musikari ordiziarrak. Atzetik, hainbat omenaldi banda ezberdinetan pilatutako esperientzia zuten baina oraingo honetan, ausardia inkontzientekeriarekin nahastu zen. Emaitzak ordea, aho bete hortz utzi gaitu eta bide batez, JAZPANAk Jeff Buckley handiari omenaldi xume hau eskaintzeko aukera eskaini digu hemen ere, guztiok maite baitugu Jeff handi zein hilezkorra.
Gauzak garbi. Belfastekoak gaur egun mundu mailan dagoen post‐punk talderik handienetako bat dira. Beraien aurreko lanak, “The New Life, (2013)”, ederki erakutsi zuen kantu luze, sakon zein ilunak erraz menperatzen dituztela eta goranzko norabidean jarraitu zuten 2015eko maiatzean argitaratu zuten “Zero Triptych” singlearekin. Oraintxe, lan berria dute labean eta dagoeneko badu izena, “Arms Around A Vision”. Kritika zein zaleak irrikaz itxaroten dugu Ipar Irlandako taldearen lan berria entzun al izan ditugun kantuen ondoren, itxura guztia baitu hirugarren disko honek nazioarteko musikaren lehen mailara igaroko dituela. Bira penintsularra eskainiko dute urri amaiera eta azaro bitartean eta Madril, Bartzelona eta Lisboatik igaroko den birak Beasainen izango du lehen saioa. Bira osoan, debalde izango den bakarra.
Rural Postmodern. Horixe dugu JAZPANAren leloa jaio zen egunetik eta dakizuen bezala, guk geuk ere arazoak izaten ditugu lema horrek zer esan nahi duen azaltzeko. Arazo gutxiago ditugu ordea lema horrek nora eramatea nahi dugun jakiteko. Nora? Ba herritik, herriko izaerarekin baina munduari begira eginiko musika euskaraz egiten duten taldeak topatu eta aukerak eskaintzera. Bide horretan topatu dugu “ruralismorik basatiena” ordezkatzen omen duen talde Zestoar hau. Beran ezezik, Zestoan ere ez dute artista ekoizpen eskasa eta Grises egonkortuen ostean, gaur egungo elementuak orain hamarkada pare bateko iluntasunarekin uztartzen dituen Rural Zombies harrigarri hauek agertu dira plazara. Bejondaizuela!
Jaialdia ospatzen denetik lagun asko egin ditu JAZPANAk urtez urte eta lagun horiek, lagun gehiago egiten lagundu digute. Hau, ezinbestekoa izan da nahi genituen taldeak gurean izatea lortu ahal izateko. Hala ere, badira salbuespen batzuk eta Tutu eta Lucient edo Gemma eta Mario, salbuespen horren adibide dira. Eta ez JAZPANAren lagun egin ez direlako baizik eta jaialdia lehen aldiz ospatu aurretik, gure lagunak zirelako dagoeneko. Jaialdia ezagun egin aurretik bertan izan genituen DJ saioen maila oso altu jartzen eta beraiei esker larunbateko festa amaierak antologikoak izan dira behin baina gehiagotan. Moog, Apolo edo Razzmatazz bezalako lokaletan musika jartzen aritzera ohituak daude baina urri amaieran tartetxo bat egingo diote berriz ere beraien bigarren etxean topatu duten jaialdi honi.
Hementxe duzue ba Jazpana Fest jaialdiaren egitaraua bere zazpigarren edizioa ospatzeko. Mila esker eta JAZPANA!n ikusten gara! Zatoz Ruralismo Postmodernora!
Hilabetea alaitu didaten diskoak: Sufjan Stevens, Mikal Cronin eta Peter Broderick
Urte guztian zehar argitaratzen dituzte munduko artistek disko zoragarriak baina azken hilabete honetan hiru harribitxi ederrekin topatu naiz kaleratze eta kaleratze artean. Gaurkoan, hiru disko hauek gomendatu nahiko nizkizueke une bat duzuenean entzunaldi bat emateko:
SUFJAN STEVENS – CARRIE & LOWELL
Bada hilabete bat baino gehiago Sufjan Stevensen azken lana atera zenetik baina oraindik, berria balitz moduan gozatzen ari naiz. Illinoise (2005) edo Avalanche (2006) lan borobilengatik nuen ezagun amerikarra baina azkenaldian, dantza eta festarako joera lantzen ibili da. Hori ere ongi egiten du Sufjan jaunak baina onartuko dizuet lasai eserita eta barrura begira jartzen duenean gustatzen zaidala gehien.
Carrie & Lowell bere gurasoen izena daraman azken lan honekin (azalean ageri direnak ere beraiek dira) jarrera instrospektibo horretara itzuli da Detroitekoa eta lana 10ekoa da. Zalantzarik ez dut urte amaieran urteko disken zerrenda guztietan izango dela.
Hemen duzue lehen singlea izan den “Should Have Know Better” ideia bat egiten joateko eta disko osoa entzuteko aukera beherago Spotify bidez.
Ty Segallekin batera egin zen ezagun baina bakarka lortu du ordura arte distantzia batera mantendu duen arrakasta. Bere bigarren bakarkako lana (MCII, 2013) izan zen bere doinuak munduan zehar sakabanatu zituena eta Euskal Herrian jotzera ere iritsi zen Californiarra.
Espektatiba altuak genituen zaleek 2015ean kaleratuko zuen bakarkako hirugarren lanaren inguruan eta bai, berriz ere tekla egokia sakatu du Mikalek. Diska zoragarria oparitu digu eta ziur naiz behin entzutera animatzen bazarete ez dela azkenekoa izango.
Californiarrak oraindik ez du bideoklipik egin azken lanarekin beraz zuzenean disko osoa entzuteko aukerarekin uzten zaituztet.
PETER BRODERICK – COLOURS OF THE NIGHT
Eta zer esan Portlaneko geinuaz? Blog hau irakurtzen duzuenok badakizue nire artista kuttunenetakoa dela kuttunena ez bada. Bilboko Kafe Antzokian eskaini zuen kontzertuaz aritu nintzen duela ez gehiegi eta egun hartan aurkeztu zigun Satellite EPaz ere hitz egin nizuen.
EP horren atzetik lan luze bat etorri da eta bertan “Colours Of The Night” zoragarria ageri bada ere, gainontzeko kantuak berriak dira. Ez naiz oso objektiboa Peterrekin baina aurreratuko dizuet lan bikaina iruditu zaidala lehen entzunalditik. Bertan, “Red Earth”, “The Reconnection” edo “More and More” bezalako kantu anitz zein zoragarriak topatuko dituzue. Hala ere, eta Peter Broderick handiaren lan guztiak bezalaxe, Colours Of the Night hau hasieratik amaierara entzuteko disko bat da. Peterrren munduan sartu nahi? Azti ibili betirako izanten baita.
PD: Zuek ere ziuraski disko bat faltan bota duzue hirukote hau pokerrean bilakatzeko eta bai, Anariren Zure aurrekari penalak kaleratu berriak ere post honetan lekutxo bat mereziko luke baina oraindik, tamalez, ez dut osorik entzuteko aukerarik izan. Hemen duzue Badok webgunean aurreratu zutena:
Joshua Tillman: 3 proiektu musikari bat
Urte hasiera bukatu berri den urteko diskorik hoberenez hitz egiteko garaia izaten da normalean. Milaka zerrenda argitaratzen dira abendu zein urtarrilero milaka komunikabide, blog edo webgunetan eta eta niri behintzat, ederki etortzen zaizkit urtean zehar ihes egin didaten hainbat lan ezagutzeko. Hala ere, badira musikariak musikazale guztien begi eta belarriak zerrenda horietan golkoraino murgilduta daudenean lan berriak argitaratzera ausartzen direnak. Adibide garbi bat dugu aurten Father John Misty izenpean bigarren lana argitaratu duen Joshua Tillman.
Onartuko dizuet “I Love You, Honeybear” hau entzun nuen lehen aldian ez nintzela konturatu atzean zegoena Tillman zenik eta harrituta geratu nintzen lagun jakintsu horietako batek bera zela argitu zidanean. Eta zergatik harritu? Ba Joshua Tillman ezaguna nuelako eta bere aurreko proiektuekin izugarri gozatua nintzelako. Goazen pixkanaka.
2008an ezagutu nuen J. Tillman zelakoa “Minor Works” lan bikaina nire esku artean erori zenean. Garai haietan folk kantari garaikideen musika zen entzunaldi gehien lapurtzen zidana. Elliot Smith, Mark Lanegan, Damien Jurado, Jason Molina zenaren bertsio guztiak (Songs: Ohia, Magnolia Electric Co.), Bonnie “Prince” Billy eta gertuago begiratuta, Mobydick getxoztarra. Ikaragarri gustatu zitzaidan baina ez zen erraza bere lan gehiago lortzea. Orduan, lagun batek pasata, “Vacilando Territory Blues” diskoa ere eskuratu eta J. Tillman handia nire folk kantari kuttunen artean sartu zen betirako.
Nire jakin mina piztu zuen Baltimorekoak eta sareko hainbat lekutan irakurri ahal izan nuen Fleet Foxes izeneko talde bateko bateri jolea ere bazela. Gaur egun talde ezaguna dugu baina garai haietan, ez zen oraindik gure ingurura iritsi. Halako batean “White Winter Hymnal” hipnotikoa iritsi zen nire belarrietara irrati uhin bidez. Fleet Foxes taldearen lehen laneko lehen singlea zen eta J. Tillman irudikatu nuen perkusio fin zein eraginkor horren atzean. Fleet Foxesek ikaragarrizko arrakasta lortu zuten debut lan homonimoarekin eta J. Tillmanek bakarkako ibilbidea alde batera utziko zuela pentsatu nuen. Oker nebilen. Fleet Foxesek 2008an argitaratu zuen lehen lana eta 2011n “Helplessness Blues” borobila. Bitartean ordean, Joshua ez zen aspertu eta 2009 eta 2010ean “Year In The Kingdom” eta “Singing AX” kaleratu zituen J. Tillman izenpean. Fleet Foxesek ordea, ez du ezer gehiago argitaratu nazio artean egonkortu zituen bigarren lan harren ostean eta bai Seattlekoez eta baita J. Tillmanez ere ahaztu nintzen.
Eta horrela iritsi gara 2015 hasierara. 2014ko diskorik hoberenen artean murgilduta eta Alt-J, King Creosote, David Giguere, William Fitzsimmons edo Thee Silver Mt. Zion Memorial Orchestraren diskoak berreskuratzen Father John Misty leku guztietan ikusten nuen bitartean. Halako batean, eta lagun baten gomendioz, entzunaldi bat eman nion “Fear Fun” debut lanaren ostean Joshua Tillmanek argitaratutako lan honi eta egia esan, ez naiz nire ingurukoak bezain beste berotu. Diska borobila da eta gustatu zait baina indiecrooner rollo horrek ez nau gehiegi konbentzitu. Agian, arrazoia garaia batean egin zuena faltan botatzen dudala da, ez dakit. Hala ere, “I Love You, Honeybear” entzuten ari naiz post hau idazten dudan bitartean eta badakit, hemendik bi hilabetera ikaragarri gustatuko zaidala. Horrelakoa naiz zer egingo diogu ba? 2015ko lanik borobilen artean sartuko ote dudan jakiteko ordea goiz da oraindik, urtea oso luzea da…
PD1: Postean aipatzen ditudan talde guztiak zerrenda batean entzuteko gogoz geratu naiz beraz hemen duzue prestatu dudan Spotify playlista hutsune garrantzitsu batzuekin. Hots, Bonnie “Prince” Blly, Bill Callaghan edo Mobydick.
PD2: Barkatu baina post hau ezin da bukau bi basapizti hauen kanturik entzun gabe:
Gaztea euskal musikarengatik arduratuta dabilela eta, lastoa, habeak eta beste hainbat kontu
Bideo honen harira eztabaida piztu nahian ibili da Demonocrazy facebook zein twitterren eta nahiz eta hasiera batean purrustadaka hasteak nagikeria sortu didan, azkenean, amua diafragmaraino sartu eta kosk egin diot. Hasieratik has gaitezen, hemen duzue bideoa:
Gogoan dut Oihan Vega Beasiango Loinatz Jaietan Disko Festa bat egiten ari zela ikusi genuenekoa. Eskenatoki atzeko tabernatik beste aldera daudenetara bidean gindoazen eta oraindik gainean nor zegoen ikusi aurretik, gizakiari orokorrean eta emakumeei zehazki ikaragarrizko errespetua erakusten dioten horietako regetoi kanta kriminal bat entzun genuen. Ez ditut hitzak erreproduzituko irudikatu ditzakezuelako alde batetik eta ez duelako merezi bestetik. Kantuak zer zioen ulertu eta gure artean hizketan hasi ginen. Sustoa (eta sustoa diot, benetakoa), eskenatoki aurrean zortzi eta hamalau urteko berrehun bat gaztetxo burua galduta dantza sexyan ikusi genituenean etorri zen. Ez dut uste gure adineko jendearentzat kantu eredugarriak direnik. Are gutxiago, gure txikientzat.
Lagin txiki hori kontuan hartuta alde batetik (ez dut sekula Disko Festa oso bat ikusi, onartzen dut) eta Gaztean entzuten den musika entzunda bestetik, barregura eta amorruaren arteko zerbait etortzen zait Vega musikak Euskal Herrian dituen arazoez hausnartzen entzuten dudanean. Arazoa, irrati horrek bereziki euskal musikaz duen eredua izango ez balitz moduan. Hala ere, zintzoa izango naiz eta alde positibo bat onartuko diot gure eskoletan eskaintzen ari diren hitzaldi, entzunaldi edo dena delako honi. Beraiek ere, konturatu dira zerbait ez dagoela ondo eta ondorioak pairatzen hasiak garela. Bejondaizuela! Orain gaztetxoen begietako lastoa begiratzeari utzi eta zuenetan habeak ikusten hasteko ordua da.
Arduratuta omen dago euskal musika gutxi entzuten delako eta gaztetxoen kontzientziari interpelatzen die arazo hori guztion artean konpondu dezagun. Gauzak, ez dira hain sinpleak izaten eta oraingoan ere, ez dira nahiz eta Oihanek modu ezkutuan, gazteen konpromiso falta salatzen duen. Globalizazioaz hitz egiten du, arazo bat balitz moduan, generikoki. Kanpoan egiten den musikak Euskal Herria indarrez hartu duela dirudi eta gaztetxoak ez dira gai horretaz jabetu eta autonomiaz jokatzeko. Euskal musika inposatzen saiatu omen ziren Gaztean eta akats ikaragarria izan omen zen (erabakia hartu aurretik ez konturatzea ere…). Audientziak behera egin zuen eta atzera martxa hartu zuten. Gazteek nazio arteko musika eskatzen dute, zer egin genezake guk? Ba hasteko, komunikabide publiko batek behar lukeen izaera indarrean jarri eta entzuleak hezten saiatu. Ez dakit Oihan aita den edo ez baina ziur naiz nahiz eta bere semeak beti makarroiak bazkaldu nahi izan, dilista eta lekak ere jango dituela. Denborarekin gainera, gustatu ere egingo zaizkio eta sekula irudikatu ez zuen moduan eskertuko ditu (esperientzia propioa). Erraza da seme-alabari beti makarroiak eman eta errua berea dela esatea; Bera da beti makarroiak eskatzen dituena! Eman ganba batzuk eta ea zer gertatzen den…
Ez da kontu sinplea baina saiatuko naiz buruan ditudan elementu zein kezka guztiak post honetan biltzen Oihan Vegak esandakoetatik haratago auzi hau hori baino askoz sakonago zein zaharragoa baita. Orden bat eramateko edo, afera honetan nagusitzat ditudan elementuak zerrendatuko ditut.
1.- Generikotasuna:
Urte pare bat izango dira sarean artikulu bikain bat irakurri nuela. Bila ibili naiz baina ez dut topatu beraz nire memoriaren laburpenarekin konformatu beharko zarete (inork zertaz ari naizen jakingo balu, eskertuko nuke esteka). Bertan, egileak galdera-erantzun bat botatzen zuen airera: Zein musika duzu gustuko? Niri euskal musika gustatzen zait. Zenbat jende entzun duzue halako galdera bati halako erantzun bat ematen? Asko, gehiegi ziurrenik eta artikuluaren egileari niri geratzen zaidan aurpegi berbera geratzen zitzaion. Nola euskal musika duzula gustuko? Zer esan nahi du horrek? Euskal Herrian egiten den musika gustatzen zaizula? Edo euskaraz dena? Hau da, ez zaizu axola La Oreja de Van Gogh edo Matxura entzun? Eremu zabalegia plazaratu dut gaur azaldu nahi nuenerako beraz mugatu dezagun. Demagun euskaraz eginiko musikaz ari garela hortaz ari baita Oihan Vega. Kasu horretan, euskal musika gustatzen zaiola dion batek, zirrara berberarekin entzungo luke Amaia Zubiria edo Akauzazteren disko bat?
Musika oso zabala da eta euskal musika orokorrean gustatzen zaizula esatea, musika poloniar, finlandiar edo estatu batuar guztia atsegin duzula esatea bezain ergela da. Eta zer zerikusi du honek Oihan Vegak esan duenarekin? Ba asko, Oihanek aipatzen duen arazoa urteetan zehar oso oso gaizki egin den zerbaiten ondorio baita.
2.- Homogeneizazioa:
Hizkuntza txikia da gurea eta gauzak oso zail izan ditu (eta ditu). Borroka askotan lehiatu behar izan da eta horrek babesera jotzeko joera eragin du ulertzekoa den moduan. Babesean ordea, ezberdintasuna zigortu egiten da eta horrek homogeneizazio kultural bat ekarri du. Bakoitza bere aldetik borroka egiten ibili beharrean, eraginkorragoa izan da guztiok batera borroka egitea eta horregatik, komunean genituen elementuen alde egin dugu; folklorea alde batetik, eta egoera politikoa bestetik.
Jarrera horrek gaur egun Euskal Herrian egin zitekeen musika aukera minimoetara murriztu du eta horren arduradun nagusietako bat izan da zalantzarik gabe gure irrati telebista publikoa. Gure haurtzarotik eduki mordoa jaso dugu komunikabide ezberdinetatik eta espainiar medioetatik pop melodikoa eta latindar musika iristen zitzaigun moduan, euskal hedabideetatik kantari folklorikoak eta heavi taldeak jasotzen genituen. Gerora, binomio hori, pop-rock melodikoak eta banda tronpeteroek ordezkatu dute. Tartean, abanaguardiako eta kalitate handiko musika alternatibo asko egin da Euskal Herrian baina Gazteak, beste askok bezala, paso egin du.
Hori zen agian belaunaldi bakoitzeko gazteek bilatzen zuten ahotsa baina ez zaie eskura jarri eta musikan interes berezia zutenak bakarrik murgildu dira babesetik kanpo topa zitekeen aukera zabal horretan. Bitartean, munduan arrakasta zuen musikaren imitazio merkeak edo euskalduntasun sobredosia zuten taldeak eskaini dizkiegu. Zer gertatu da? Ba ihes egin dutela. Si no son micromachine, no son los autenticos edo kaka nahi badut kaka egiten putoamoak direnei erosiko diet.
3.- Monopolioa:
Euskal komunikabide handiek egiten zuen aukeraketa tamalgarriaren ondorioz, euskarazko musika entzuten dutenen kopurua jaisten hasten da; Gaztetxo madarikatuak, ez diote ezeri errespeturik… Zer egingo dugu? Ba komunikabide horiek eskura jartzen digutena gure herrietako festetan kontratatu kontzertuak euskaraz izan daitezen. -Gustatzen zaizkie? –Bai edo? Euskadi Gaztean jartzen dituzte. Baziren eta badira gazte euskaldunek gustuko dituzten taldeak baina aukera homogeneizatuaren alde egin genuen talde interesgarri eta ezberdin haiek gaztetxeen ostrazismora kondenatuz (eskerrak gaztetxeei…). Gainera, askoz errazagoak dira kontratatzeko talde hauek (udaletxeetara gerturatzen diren disketxe-promotora mafiaren monopolioa ere aztertzeko modukoa da baina beste baterako utziko dugu). Behin eta berriz MTV euskaldunak sortzen dituen taldeak kontratatzen ditugu eta nola leku mordo batean jotzen ari diren, ba gehiago jartzen ditugu. Hori bai, umeak makarroiak jaten ditu berak nahi duelako.
4.- Paternalismoa:
Euskal talde gutxi entzuten dute gazteek baina errua beraiena da. Tontoak bezala tratatzen ditugu eta pertsonalitaterik gabeko bertako produktuak eskaintzen dizkiegu etengabe. Hori bakarrik jarriz gero ordea, audientziak jaitsi egiten dira beraz euskal musika hori, atzerritik datorren ekoizpenik komertzialenekin tartekatuko dugu. Hori, irrati eta telebistari dagokionean. Zuzenekoetan, euskal talde izaeragabeak inposatuko ditugu nahiz eta gehienak inork nahi ez dituen. Musikazale asko gaur egun munduan abanguardia den musika sartzen saiatzen ari da irrati, aldizkari, jaialdi edo blog alternatiboetan baina ez dugu horietaz ezer jakin nahi. Hori bai! Estatu Batuetataik datorren mierda komertzial guztia bultz eginez sartuko dugu lehertu arte bada ere kaka eta kaka artean, Mikel Urdangarin edo Ken Zazpiren kantu bat entzun dezaten.
Euskal Herrian gauza interesgarriak egiten dituen jendea ere badela? Ta niri zer? Gaztetxo puta hauek mueve tu cucu nahi dute. Eta horrela egunero….
5.- Etorkizuna:
Zer da euskal musika? Ez dakit gauzak ordenatu eta gehiago nahastu ditudan post honetan baina bada zerbait hori baino garbiago dudana; Euskal musikak etorkizunean zer izan behar duen hain zuzen ere. Munduan egiten ari direnarekin alderatuta, hogei urteko atzerapenarekin goaz eta badirudi garapena oztopatzen duen babesleku horretan jarraitu nahi dugula. Euskarak ez du biziraungo eskaintzeko ezer berezirik ez badu. Euskarak aniztasuna behar du, euskal musika, ezin daitekeelako sekula musika estilo bat izan. Euskal musikak popa behar du, heavia, trasha, teknoa, indiea, folklorea, folka, bakarkako kantariak, boy bandak, girl bandak, rocka, post rocka, post popa, power rocka, power popa… Une hori iristean, sekula iristen bada, euskarazko musikak entzule gehiago izango ditu. Besterik gabe, aukera zabalagoa izango duelako. Baina horretarako, buruak eta irratiak zabaldu behar ditugu. Gaurko eta biharko gazteen ahotsa den musika beraien belarrietara iristeko, une egokian, behar dutenean. Une hori iristen denean, bereago sentituko dute beraien hizkuntzan egiten dena eta etxekoaren alde egingo dute. Eta garrantzitsuagoa dena! Hortik gutxira, beraiek hasiko dira abanguardia sortzen. Euskal Herritik eta euskaraz. Zergatik? Ba Gazteak eskaintzen dien saltsa koipetsudun makarroietatik haratago, aukeratzeko izango dutelako.
PD: Purrustada hutsa izan den baina barnean nituen hainbat ideia azaleratzeko balio izan didan post honen amaieran ez nuke argitu gabe utzi nahi kasuistika oso zabala dela. Generalizaziora jo dut behin eta berriz baina uste dut ulertzen dela modu orokorrean ari nintzela eta nola ez, salbuespenak izan badirela. Generalizaio horien harira B Aldea saioak egiten duen lana nabarmendu nahi nuke Gaztean suposatzen duen oasiari merezi duen balioa emanez.
Harremanetan dauden artikulu zaharrak:
Folklorea eta euskara: Hobe lagun bikote baino
32 urteko musika friki baten bizipen eta kezkak
Euskal Herrian ez da bideoklipik egiten! Edo bai?
GITBko Ikusi Irratia saiora animatzen diren gonbidatu guztiek bina bideoklip aukeratzen dituzte. Askotan, eta oso ohikoa izaten da, gonbidatuak atzerriko bideoklip bat aukeratzen du lehenik eta bigarrena, euskalduna nahi izaten du (nik uste halako egoera batean egonez gero, erabaki berbera hartuko nukeela). Bigarren hori aukeratzean ordea etortzen dira arazoak, Euskal Herrian, oso bideoklip gutxi egiten baita.
Gustuko dut bideokliparen generoa eta gaur egun, gorantz behar lukeen zerbait dela iruditzen zait. Internet, sare sozialak, mugikorrak, honek guztiak taldeei eskaintzen dizkieten aukerak… Grabazio aldetik ere, garai batean baina askoz errazagoa da bideoklip txukun bat egitea baina badirudi, zirkuitu alternatiboan dabiltzan taldeei ez zaiela erakargarri egiten bideokliparen kontu hau.
Bideoklipa estigmatizatua dagoela esango nuke. MTV eta kirakoek hasiera batean zuen arte izaera lapurtu eta haragi eta produktuen erakusleiho soil bilakatu dute baina beste hainbat espresio artistikoekin egiten dugu moduan, ez genuke genero oso bat mass medien ekoizpenetara mugatu behar. Bada musika komertziala baina horregatik, eredu hori atsegin ez dutenek ez diote musika egiteari utzi ezta?
Ba bideoklipekin berdina gertatu beharko litzateke. Taldeen onurarako alde batetik baina baita, eta bereziki, gure hizkuntzarengatik. Euskarak, eremu guztietan aukera bat izan behar du gerturatzen den edonerantzat eta gaur egun hain modan dagoen fenomeno batean presentzia izatea, berebizikoa da.
Atsegin dut bideoklipak ikustea eta urte hasieran, urteko bideoklip hoberenen zerrendak begiratzen ibiltzen naiz. Nazioartekoak gehienak eta baita estatu mailako baten bat ere. Polita litzateke egunen batean, Euskal Herrian eginikoekin bakarrik ere, zerrenda bat egin ahal izatea.
Oraingoz, ez naiz halako top bat egiteko gai sentitzen ez baita euskal bideoklipak ezagutzeko eremurik (Badok.info-k ekarpen ederra egin dezake alor honetan) baina aletxo bat jartzearren, aurten egin denetik eta ezagutzen dudanetik, aukeraketa txiki bat egin dut. Ez dezatela esan Euskal herrian ez dela bideoklipik egiten!
Propopsamenik baduzue, ongi etorriak izango dira.
PD: Sorta honek ez du zerrenda izaerarik. Ordena ausazkoa da erabat.
NIÑA COYOTE ETA CHICO TORNADO – Lainoak
Ia-ia 2013koa dela ere esan genezake baina mugan dagoenez ezin izan diot eusti zerrendan sartzeko tentazioari.
BAKELITE – Azeriak
Ezin daiteke esan egiten dutena ezberdina ez denik eta bideoklipean ere musikan duten izaera berezia mantentzeko gai izan dira.
IÑIGO CABEZAFUEGO – Resaca de un bohemio
Naparra artista hutsa da, duen zoramen mailak maitagarri egiten duen horietakoa. Bere azken diska (Camina conmigo) erabat gomendagarria da eta lehen singlea izan zen hau adibide ona da.
BELAKO – Crime
Mungiarrak eskenatokian ikusten dituzun lehen aldian mukizu horiek nondik atera ote diren pentsatzen duzu. Heldutasun maila ikaragarria dute eta este askok 30 urteren bueltan garatzen dugun gustu musikalarekin jaio direla dirudi. Bideoklipetan ere, besteak baino urrats bat aurrerago doaz.
JOSEBA IRAZOKI ETA LAGUNAK – Baso artean
Putoa amoa da, zer egingo diogu ba? Oraingoan gainera Tom Waitsez mozorrotuta eta lagun eta guzti etorri zaigu. Bideoklip ederra prestatu dute animazioak ere bideoklipetan zer esana duela gogoratuz.
BERRI TXARRAK – Zerbait asmatuko dugu
Onartu beharrean naiz gozatzen ari naizen Berri Txarraken lehen lana dela “Denbora da poligrafo bakarra” hau. Bizitzako garai bakoitzean musika mota ezberdina entzuten dugu eta bide horretan ez gara sekula parean suertatu. Oraingoan bai eta gehienbat bigarren diskoarekin, eta baita hirugarrenarekin ere, ikaragarri gozatzen ari naiz (lehendabizikoa gehiegi da niretzat oraintxe). Eta bideoklipa… Zer esan? Aste honetan flipatu egin dut Air Review taldearen bideoklip eder hau egin zuen tipoa euskalduna dela jakitean. Joseba Elorza izena du eta bera arduratu da BTXen azken laneko diseinu eta lehen bideoklipaz. Jarraitu beharreko tipoa Elorza hau…
IZEBERG – Ezin ezer egin
Mendeku Itxua edo Hotzikara taldeetatik datozen usurbildar hauek proeiktu berri bati ekin eta Euskal Herrian mota guztietako musika egiten dela frogatu dute. Bideoklip honetan Foo Fighters gogoratu dezakeen Power Rock indartsu batekin kolpatzen gaituzte eta bideoklipa ere argi zein irudiz ederki zaindua dago.
TANIA DE SOUSA – Baso ilunetik
Urteko diskarik esperoenetako izan da eta ez dakit Taniaz espero genuen guztia bertan topatu ote dugun azkenean. Hala ere, hainbat lekutan entzun ahal izan dira bere kantuak eta bideoklipa urteko ikusienetakoa izan da.
ERROMA – Buakera
Eta azkena zerrenda honetan baina agian nahita, ahal bezain garbi geratu zedin bideoklipen ordena ausazkoa dela erabat. Denbora generaman donostiarren lehen lan luzearen zain eta espero genuen moduan, ez dio inori hutsik egin. Hori gutxi balitz, “Bukaera” honentzat bideoklip bikai bat gauzatu dute CUATROYUNACAMARAkoek. Gozatu!
Herriko musikariekin solasaldia Beasaingo ELEDAn
Durangoko Azokaren ostean, deskantsatzeko denbora askorik izan gabe, Goierriko Disko eta Liburu Azoken ordua iritsi zen pasa den asteburuan eta nola ez, hemen ere Finlandiak bere lekutxoa izan zuen. Herriko beste bi idazle gazterekin batera solasaldi batera ere gonbidatu ninduten Beasaingo Azokatik eta etxean bezala izan ginen bertan Irati Goikoetxea bere Andraizearekin, Unai Baztarrika Ezinbestean poema liburuarekin eta ni neu Finlandiaren lehen bi atalekin. Solasaldia Maitane Legarretak gidatu zuen eta bide onetik eraman gintuenaren zalantzarik ez dut. Ederra izan zen.
Solasaldia amaitzean, herriko musikarien txanda iritsi zen eta aurtengoan, saio hau gidatzeko gonbitea jaso nuen zerbait ezberdina bilatzen ari zirela argudiatuz. Helburu horrekin, herriko musikari ezberdinekin entzunaldi gidatu bat egiteko ideia proposatu nien eta gustura hartu zuen erronka antolakuntzak. Musikaz, musika egiteaz eta markatu gaituzten kantuez aritu ginen eta horretarako, hiru gonbidatu bikain izan nituen alboan. Këa taldeko Xabi Mujika, Nikkin izenarekin proiektua aireratu berri duen Igor Alustiza eta Lost Chords taldea desegin berri beste bi proiektutan sartuta dabilen Unai Cuadrado.
Imaudioko Alberto Inzak soinu mahaian egindako lan zoragarriari esker solasaldi osoa grabatu ahal izan genuen eta horixe da gaurkoan blogera ekarri nahi izan dizuedana. Hemen duzue:
Horixe duzue solasaldi osoa baina azkenaldian Spotifyri hartzen ari naizen zaletasunarekin, entzunaldi gidatuan entzun genituen kantu zerrenda ere prestatu dizuet. Gogor xamarra geratu zitzaigun azkenean eta inguruan genituen familiak ikaratzeko beldurra ere izan genuen baina bai bertaratu zirenek, eta baita antolakuntzakoek ere, positibotzat jo zuen zuten esperimentua. Zer esan beraz? Gure aldetik, datorren urterako ere prest gaudela!
Mila esker antolakuntzan parte hartu duten guztiei eta baita solasaldi honetara animatu ziren hiru musikari itzelei. Aupa zuek!
PD: Berez zerrendan zeuden baina entzuteko denborarik izan ez genuen kantuak ere badira zerrenda. beste alde batetik, entzun genituen baina Spotifyn ez dauden kantuak ere badira. hemen dituzue: Gaztetasuna eta zahartasuna (Willis Drummond), Lerro gorriak (Këa), Begira (Nikkin), Etorri (Geroh), Erotasuna II (Ama Say), Ez zaitut somatu iristen (Lisabö), Suizidio herrikoia (Matxura), Joan orduko (Asier).
ELEDA 2014
Hemen duzue “Herriko musikariekin solasaldia Beasaingo ELEDAn” postak eman zuen kantu zerrenda. Spotifyn topatu ez nituenak aipatutako postean entzun ahal dituzue:
- 1
- 2
- 3
- Hurrengoa →