Month: martxoa 2015
Finlandia (2. atala) – 2.13
HAMAR TRILOGIA I
INAUTERIETAKO INBASIOA
Tolosako inauteriak dira eta kalea jendez lepo dago. Goizeko laurak inguru dira eta koadrila bat taberna kanpo batean dago tabernara sartu aurreko azken zigarroa apuratzen. Gure protagonista, Aitor, 23 urteko ikaztegietarra, ginkas urtu bat eskuetan duela eztabaidan dabil Xabier Arzallus eta Dark Vaderren arteko borroka bat nork irabaziko ote lukeen. Hau guztia, Jaiaken erositako Pipi Lastrumen mozorroa soinean daramala.
Halako batean, zerua argitzen da kolpez eta kalean dagoen jende guztiak burua altxatzen du. Batzuk txaloka hasten dira su artifizialak diruditen horri begira. Beste batzuk aldiz, begiak zabal-zabalik dituzte. Azken hauetako bati kuba-rona lurrera erortzen zaio harriduraren harriduraz lurraren aurka hautsi arte.
Une horretan bertan su bola erraldoi batek ondoko etxea jotzen du eta dena hegan irteten da. Kalea kaosean murgiltzen da eta su bola erraldoiek Tolosako kale zein etxeetan jotzen jarraitzen dute guztia suntsituz. Zerutik, tximistez inguratutako laino beltz arraro bat gerturatzen da pixkanaka.
Bat-batean, gure protagonista trantze moduko batean sartzen da. Dardarka hasi da berak ere kontrolatu ezin duen indar batek hartuta. Energia aura ikaragarri bat pizten da bere inguruan eta tximista modukoak sortzen hasten dira aura eta bere gorputzaren artean. Hala ere, ez da bakarra. Ehun bat metro atzerago neska bati antzeko zerbait gertatzen ari zaio.
Su bolek erortzen jarraitzen dute dena suntsituz eta Aitor eta neska hartu dituen energia aura lasaitu egiten da. Bata besteari begiratzen diote eta beste inork ulertu ezin duena ulertu dutela dirudi. Bitartean, laino iluna zirudiena forma hartzen doa eta iluntasunetik espazio-ontzi estralurtar bat ateratzen hasten da. Batak besteari onarpen keinu bat egin eta hegan ateratzen dira espazio-ontzirantz.
Horrela doa orain arte Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.
Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.
Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.
Finlandia (2. atala) – 2.12
Pixkanaka, bizitegi-auzotik irteten joan eta eremu ireki batera iritsi zen. Han, ez zen etxe berde zein urdin haiek iradokitzen zuten berotasunaren izpirik ere geratzen. Etxe orratzak ziren nagusi eta deigarri egin zitzaion guztiak zuriak izatea “Elurrik ez dagoenean ere zuria atsegin dute hauek gero…”. Etxe orratzen gainean, enpresa ezberdinen ikurrak ikusi zitezkeen eta bankuen zonaldera iritsi zela pentsatu zuen. Bizitegi-auzoa atzean utzi eta etxe orratzetara iristeko jaitsi behar zuen aldapari ekin zion. Aldapan behera zihoala etxe orratzen atzean itsasoa zegoela konturatu zen. Barku ezberdinak zeuden hondartuta bertan, erraldoiak guztiak. Laino moduko batek estaltzen zituen badia eta itsasontziak. “Kea darion badia. Ederki jarri zioten izena Reykjaviki”.
Aldapa amaitu eta parean zuen etxe orratz altuenera jo zuen zuzenean. Ate nagusia itsasoari begira zuen eta buelta eman behar izan zion eraikin erraldoi zuriari. Bertara iristean bulego eraikin bat zela konturatu zen. Atea itxita zegoen eta ez zuen batere itxurarik barruan kutxazainik izateko “Kale!”. Eraikinetik apur bat urrundu eta aldamenetara begiratu zuen. Handik ez oso urrun NBI hizkiak letra gorriz idatzita zituen beste etxe orratz bat ikusi zuen. Gerturatzean, sarreran jendea zebilela ikusi eta misioa amaitzeko zuen grinak eraginda edo, ate gainean zuen eta “L” oker bat zirudien ikur gorri hark banku batena izan behar zuela pentsatu zuen. Zortea izan zuen eta bigarrengo saiakeran asmatu zuen. Sarreran bertan kutxazain bat topatu eta harro sentitu zen bere buruaz “Inork ikusiko banindu… Zein gutxi behar dudan nire buruaz harro egoteko…”
Bera baino altuagoa zen emakume bat ari zen kutxazaina erabiltzen eta itxaroten zuen bitartean diru-zorrotik txartelak ateratzen hasi zen. Kreditu eta zor txartel bana zituen. Banku batean lan egin zuen lagun batek Islandiara biak eramateko gomendatu zion. “Kreditukoa ordainketak egiteko eta zorretakoa dirua ateratzeko” esan zion. Beste gomendio bat ere eman zion baina belarri batetik sartu eta atera zitzaion “Zertarako nahi dut Visaren limitea igo? Diruarekin ordainduko dut guztia eta listo!”.
Emakume zahar zein altuak bere gestioak amaitzean Txominen txanda iritsi zen. Ez zuen diru gehiegi gainean eraman nahi baina egunero dirua ateratzen aritzearen ideiak ere ez zuen gehiegi erakartzen. Aterpetxea ordaindua zuen dagoeneko eta baita hurrengo eguneko txangoa ere. Azkenean, 15.000 króna ateratzea erabaki zuen. 7.000 poltsikoan zuen diru-zorroan sartu zituen. Ondoren, dirua non gordetzen zuen inork ez ikusteko asmoz eta bere disimulu gaitasun guztia martxan jarriz, gainontzeko 8.000ak galtza eta izterraren artean zuen zorroan sartzen hasi zen. Kutxazainaren kontra jarri zen lehendabizi inguruan zituenen ikusmena oztopatzeko. Aldamenetara begiratu eta eskuineko eskua hankartean sartu zuen larru beltzezko zorroaren bila. Gerrikoa indarrez lotua zuen eta dezente kostatu zitzaion harrapatzea. Lortu zuela iruditu zitzaionean indarrez tira egin eta kremaileraren punta ezkerreko potroan trankatu zitzaion. Min oihu estu batek ihes egin zion eta 8.000 krónak lurrera erori zitzaizkion. Mina pasa arte, bost bat segundo igaro zituen uzkurtuta eta burua kutxazainaren aurka zituela. Bere trebezia madarikatzen ari zela ordea, bi emakume hizketan entzun eta atzera begiratu zuen. Ahoa estaltzen zuten eskuarekin eta bata besteari azkonar bati atzetik ematen ari zaion bati begiratuko baliote moduan begiratzen zuten. Geratzen zitzaion duintasun guztiarekin 8.000 krónak lurretik jaso, dagoeneko gerrikotik zintzilika zuen zorroan sartu, arnasa hartu, tripa sartu eta hankartera itzuli zuen
-Egunon andereak – esan eta kutxazainetik urrundu zen “Mission one, done”.
Bankuetara iristeko egin zuen bide berdinetik itzuli zen Reikjavík City Hostelera eta eguneko hirugarren zigarroa pizteko baliatu zuen ibilaldia. Lehen zupada ematean, Kerobiaren Rose Scargot entzuteko gogo ikaragarria sartu zitzaion. Ipoda martxan jarri eta aterpetxera bidean jarri zen. “Ez dut Isburt ezagutzen baina Reykjavik zoragarria da”.
Horrela doa orain arte Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.
Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.
Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.
Zuen laguntza behar dugu musikero hori
Askotan filosofatu izan dugu lagunen artean 90. hamarkada amaieran Goierrin bizi izan zen musika zein sorkuntza eztandaz. Mugimendu oparoa izan zen Amen, Fist Fuckin, Los Rockinson’s edo Geroh taldeak buru izan zituena. Sorkuntzaz gain gainera, ikusle moduan ere urte ederrak izan ziren hainbat Gaztetxe edo Torrano bezalako tabernei esker.
Olatu harrekin zerbait egin beharraren zantzua sentitzen genuen baina bonbilla ez zen piztu pasa den astean Ladislao taldekoei elkarrizketa bat egin nien arte. Kontua da, musika eztanda hura kontatuko duen dokumental bat egitearen ideia sortu zaigula eta horretaz gain, garai baten argazkia egitea gustatuko litzaigukeela gaur egungoa ispilu moduan izanda (iraultza teknologikoa edo musika kontsumitzeko moduaren eta erreferentzia ereduen aldaketa beste gauza batzuen artean).
Proiektua fase enbrionarioan dago baina beste ezertan hasi aurretik, bada gauza bat behar duguna, dokumentazio bideografikoa hain zuzen ere. Dokumentalak asko galduko luke irudi gabe eta argazkiak egon badirela argi dugun moduan, zalantza handiak ditugu bideoen inguruan. Horregatik jotzen dugu zuen bila.
Garai hartako kontzertu, entsegu, jaialdi, bilera edo dena delakoaren bideo irudirik duzuen jakin nahi dugu. Edo dituen norbait ezagutzen duzuen. Goierrin, Gipuzkoan, munduan. Aipatu ditugun taldeenak edo garai hartako beste hainbat talde goierritarrenak. Baita kanpotik goierrira jotzera etorri ziren talde garrantzitsuenak (Bai atzerritarrak eta baita euskaldunak ere). Proiektu eder bat da esku artean duguna baina buruan dagoena dokumental batean gauzatzeko irudiak behar ditugu.
Eskertuko genizuke deialdi hau zabaltzea eta bideorik baduzu edo dituen norbait ezagutuko bazenu gurekin harremanetan jartzea theindezents@gmail.com helbidearen bidez.
Mila esker aldez aurretik guztioi! Zabaldu mesedez eskaera hau!
Finlandia (2. atala) – 2.11
Mugikorra poltsikoan sartu eta kalearen beste aldean aitona bat begira zuela konturatu zen. Harridura aurpegiz begiratzen zion eta Txominek ez zuen azalpenik behar izan arrazoiaz jabetzeko. Oihuka hitz egiten zuen beti mugikorretik baina bera ez zen errealitate horretaz kontziente izaten norbaitek zerbait esan arte. Mugikorrik gabe ere ozen hitz egiten zuen, mundu guztiarentzat arituko balitz moduan. Hori gutxi balitz, mugikorra bere bizitzan sartu zenetik, joera hori beste dimentsio batera eraman zuen “Bazpare, urruti dago eta…”. Udalean lanean hasi zenean derrigor ikasi behar izan zuen ahapeka hizketan eta behin lezioa ikasita, ordura arte izan zuen hizketarako modua zein gogaikarria zen konturatu zen. Hala ere, eta orokorrean hizketarako bolumena jaitsi bazuen ere, mugikorretik ari zenean bozgorailuak martxan jarraitzen zuen, ezin zuen ekidin. “Aitak esaten didan bezala: No sé para que quieres un móvil. Sal al balcón”.
Aitona irribarre batez agurtu eta aurrera jarraitu zuen. Islandiar bizitegi-auzo arrunt zein bereizgarri bat zena igarotzen ari zela erabaki zuen. “Nik esaten dudalako. Inorrek badu zerbait kontran?”. Aurreko gauean City Hostelera bidean ikusi zituenak bezalako etxe familiabakarrak zituen bi aldeetan. Bakoitzak bere zelaitxoa zuen ate nagusiaren parean eta harritu egin zuen bat baino gehiago nahiko gaizki zainduta zeudela ikusteak “Hauek ez dira islandiarrak izango ziur…”. Deigarri gertatu zitzaizkion pare bat zelaitxotan ikusi zituen ohe elastikoak “Batak jarri eta beste inbidiaz. Azkenean, leku guztietan txakurrak oinutsik…”. Noizean behin denda txikiren bat ere ikusi zuen eta halako batean, arropa denda baten erakusleiho parean geratu zen. Emakumeentzako arropa saltzen zuten denda txikian eta Beasain edo Ordiziako erakusleihoetan topatu zitzakeen maniki berberak topatu zituen bertan. Hala ere, ez zen hori izan erakusleiho parean geratzera eraman zuena. Kristal osoan zehar hitz berbera zegoen errepikatuta behin eta berriz eta esanahia, merkealdiak edo horrelako zerbait izango zela pentsatu bazuen ere, irribarre bat lapurtu zion: útsala. “Moda denda batean hutsala hitza behin eta berriz. Hau ere apuntatu behar dut ba. Sakona izan daiteke oso hausnarketa… Joder! Inspiratuta esnatu naiz gaur!”. Erakusleihoari argazki bat atera eta aurrera jarraitu zuen.
Horrela doa orain arte Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.
Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.
Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.
Finlandia (2. atala) – 2.10
Kale estuetan zehar eta mapari begira iparraldera jarraitzen zuen bitartean, etxera deitzeko garaia zela pentsatu zuen. Aurreko eguneko goizeko zortzietan atera zen Beasaindik eta etxekoek ez zuten bere berri oraindik. Pausua gelditu gabe, mugikorra poltsikotik atera eta etxera deitu zuen.
-Bai? – Galdetu zuen amak.
-Egunon! – Oihuka ari zela konturatu zen. Barnean zuen alaitasun eta abentura grinaz kontziente izan zen une hartan eta horrek barruan zuen zirrara areagotu zuen.
-Bueno! Gustura zaude behintzat! – Erantzun zuen amak kezka guztiak gainetik kendu izan balitu moduan.
-Ba bai ama! Hau zoragarria da! Oraindik ez dut ezer ikusi baina zoragarria da! – “Noski baietz! Ea nork esaten didan ezetz!”
-Zer moduz joan zen bidaia? Pentsatu bezain arriskutsua izan al zen Bartzelonako egonaldia? – Galdetu zion amak gaiztakeriaz.
-Ja, ja, ja – Trufaka – Gustura ikusiko zintudan zu Bartzelonan bakarrik hegazkin bat hartu nahian – gaiztakeria itzuliz.
-Baina zu izan zara joan dena – Erantzun zion umore onez. Deia jasotzeaz gustura zegoela sumatu zuen Txominek – Beno! Eta Islandia? Zer moduzkoa? Erraz topatu zenuen aterpetxea?
-Ba bai! Aireportutik zuzenean eraman ninduten bertara beraz ez nuen asko pentsatu beharrik izan. Oso ondo dute antolatuta guztia. Badakizu eskandinaviar hauek nolakoak diren…
-Pozten naiz ba! Zein ordu da hor? Bi ordu gutxiago esan zenuen ezta?
-Bai, hamarrak laurden gutxi inguru hemen…
-Zu gosaldu berri eta ni bazkaria prestatzen! – Oihukatu zuen irribarre bat askatuz. “Zure bazkariak faltan botako ditut…”
-Izugarrizko eguraldia dago hemen ama! Hamalau gradu eta zerua aratz. Gustura egongo zinateke hemen!
–Bueno bueno… ondo nago ni nagoen lekuan.
-Kar-kar. Hor al dabiltz aita eta Martin?
-Aita lanean dago eta Martin hemen, ordenagailuan.
-Beno, ba eskumuinak eman nire partez ados?
-Emango dizkiet bai. Noiz deituko duzu berriz?
-Telefono deiak oso garestiak dira hemendik ama. Emailez hitz egingo dugu hobeto. Aitak esan zidan egunero begiratuko duela. Hala ere, aspertuta banabil deituko dizuet ados?
-Aspertuta zaudenean bakarrik? Oso ondo! Oso polita! – Gehiegi haserretu gabe.
-Kar-kar. Beno ama, izango duzue nire berri ados?
-Hori espero dut. Asko disfrutatu eta kontuz ibili mesedez!
-Bai ama, lasai. Badakizu zein mesfidatia naizen – Ama lasaitu nahian.
-Beno, zerbaitetarako balio du horrek behintzat kar-kar
-Beno ama! Eskuminak aita eta Martini! Ondo izan!
-Zaindu! – Esan zuen amak Txominek deia mozten zuen bitartean.
Horrela doa orain arte Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.
Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.
Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.