belako

Euskal Herrian ez da bideoklipik egiten! Edo bai?

Posted on

GITBko Ikusi Irratia saiora animatzen diren gonbidatu guztiek bina bideoklip aukeratzen dituzte. Askotan, eta oso ohikoa izaten da, gonbidatuak atzerriko bideoklip bat aukeratzen du lehenik eta bigarrena, euskalduna nahi izaten du (nik uste halako egoera batean egonez gero, erabaki berbera hartuko nukeela). Bigarren hori aukeratzean ordea etortzen dira arazoak, Euskal Herrian, oso bideoklip gutxi egiten baita.

Gustuko dut bideokliparen generoa eta gaur egun, gorantz behar lukeen zerbait dela iruditzen zait. Internet, sare sozialak, mugikorrak, honek guztiak taldeei eskaintzen dizkieten aukerak… Grabazio aldetik ere, garai batean baina askoz errazagoa da bideoklip txukun bat egitea baina badirudi, zirkuitu alternatiboan dabiltzan taldeei ez zaiela erakargarri egiten bideokliparen kontu hau.

Bideoklipa estigmatizatua dagoela esango nuke. MTV eta kirakoek hasiera batean zuen arte izaera lapurtu eta haragi eta produktuen erakusleiho soil bilakatu dute baina beste hainbat espresio artistikoekin egiten dugu moduan, ez genuke genero oso bat mass medien ekoizpenetara mugatu behar. Bada musika komertziala baina horregatik, eredu hori atsegin ez dutenek ez diote musika egiteari utzi ezta?

Ba bideoklipekin berdina gertatu beharko litzateke. Taldeen onurarako alde batetik baina baita, eta bereziki, gure hizkuntzarengatik. Euskarak, eremu guztietan aukera bat izan behar du gerturatzen den edonerantzat eta gaur egun hain modan dagoen fenomeno batean presentzia izatea, berebizikoa da.

Atsegin dut bideoklipak ikustea eta urte hasieran, urteko bideoklip hoberenen zerrendak begiratzen ibiltzen naiz. Nazioartekoak gehienak eta baita estatu mailako baten bat ere. Polita litzateke egunen batean, Euskal Herrian eginikoekin bakarrik ere, zerrenda bat egin ahal izatea.

Oraingoz, ez naiz halako top bat egiteko gai sentitzen ez baita euskal bideoklipak ezagutzeko eremurik (Badok.info-k ekarpen ederra egin dezake alor honetan) baina aletxo bat jartzearren, aurten egin denetik eta ezagutzen dudanetik, aukeraketa txiki bat egin dut. Ez dezatela esan Euskal herrian ez dela bideoklipik egiten!

Propopsamenik baduzue, ongi etorriak izango dira.

PD: Sorta honek ez du zerrenda izaerarik. Ordena ausazkoa da erabat.

NIÑA COYOTE ETA CHICO TORNADO – Lainoak

Ia-ia 2013koa dela ere esan genezake baina mugan dagoenez ezin izan diot eusti zerrendan sartzeko tentazioari.

BAKELITE – Azeriak

Ezin daiteke esan egiten dutena ezberdina ez denik eta bideoklipean ere musikan duten izaera berezia mantentzeko gai izan dira.

IÑIGO CABEZAFUEGOResaca de un bohemio

Naparra artista hutsa da, duen zoramen mailak maitagarri egiten duen horietakoa. Bere azken diska (Camina conmigo) erabat gomendagarria da eta lehen singlea izan zen hau adibide ona da.

BELAKO – Crime

Mungiarrak eskenatokian ikusten dituzun lehen aldian mukizu horiek nondik atera ote diren pentsatzen duzu. Heldutasun maila ikaragarria dute eta este askok 30 urteren bueltan garatzen dugun gustu musikalarekin jaio direla dirudi. Bideoklipetan ere, besteak baino urrats bat aurrerago doaz.

JOSEBA IRAZOKI ETA LAGUNAK – Baso artean

Putoa amoa da, zer egingo diogu ba? Oraingoan gainera Tom Waitsez mozorrotuta eta lagun eta guzti etorri zaigu. Bideoklip ederra prestatu dute animazioak ere bideoklipetan zer esana duela gogoratuz.

BERRI TXARRAK – Zerbait asmatuko dugu

Onartu beharrean naiz gozatzen ari naizen Berri Txarraken lehen lana dela “Denbora da poligrafo bakarra” hau. Bizitzako garai bakoitzean musika mota ezberdina entzuten dugu eta bide horretan ez gara sekula parean suertatu. Oraingoan bai eta gehienbat bigarren diskoarekin, eta baita hirugarrenarekin ere, ikaragarri gozatzen ari naiz (lehendabizikoa gehiegi da niretzat oraintxe). Eta bideoklipa… Zer esan? Aste honetan flipatu egin dut Air Review taldearen bideoklip eder hau egin zuen tipoa euskalduna dela jakitean. Joseba Elorza izena du eta bera arduratu da BTXen azken laneko diseinu eta lehen bideoklipaz. Jarraitu beharreko tipoa Elorza hau…

IZEBERG – Ezin ezer egin

Mendeku Itxua edo Hotzikara taldeetatik datozen usurbildar hauek proeiktu berri bati ekin eta Euskal Herrian mota guztietako musika egiten dela frogatu dute. Bideoklip honetan Foo Fighters gogoratu dezakeen Power Rock indartsu batekin kolpatzen gaituzte eta bideoklipa ere argi zein irudiz ederki zaindua dago.

TANIA DE SOUSA – Baso ilunetik

Urteko diskarik esperoenetako izan da eta ez dakit Taniaz espero genuen guztia bertan topatu ote dugun azkenean. Hala ere, hainbat lekutan entzun ahal izan dira bere kantuak eta bideoklipa urteko ikusienetakoa izan da.

ERROMA – Buakera

Eta azkena zerrenda honetan baina agian nahita, ahal bezain garbi geratu zedin bideoklipen ordena ausazkoa dela erabat. Denbora generaman donostiarren lehen lan luzearen zain eta espero genuen moduan, ez dio inori hutsik egin. Hori gutxi balitz, “Bukaera” honentzat bideoklip bikai bat gauzatu dute CUATROYUNACAMARAkoek. Gozatu!

Nondik atera dira mukizu puta hauek?!

Posted on Updated on

Kitarra batekin hobetoen egin dezakedana burutik gora altxa eta ampli eder bat apurtzea da. Aspaldi onartu nuen. Horregatik utzi nuen trasteroan abandonatuta gitarra elektriko urdin txiki hura… Kantuan hasi nintzen orduan (edozerri deitzen diot kantua bai…). Horretan ere ez nintzen iaioegia egia esan eta Rock Star bizitza niretzat egina ez zegoela konturatu nintzen. Hala ere, musikak biziago sentitu arazten ninduen eta iaio edo ez, leku zentral bat hartu zuen nire bizitzan. Gauzak horrela, musikaz hitz egiten, idazten eta pelmada ematen hasi nintzen nire aisialdian. Musika ekimen zein ekintzetan ere muturra sartu nuen eta musikariak lanean ikusteak, berebiziko inbidia sortzen zuen nire barnean (inbidia txarra, gauzak garbi).

Sinestezina iruditzen zitzaidan buruan zutena instrumentuarekin esan ahal izatea eta are sinestezinagoa, instrumentuarekin ari ziren bitartean abestu ahal izatea!! (bai, oso inutila naiz). Horregatik agian, gorroto zein amorruaren gainetik, miresmen bat hasi zen sortzen nire barrenetik musikari guztiengan.

Hala ere, onartu beharrean naiz badela musikari mota bat miresmena sortu baino, iseka egiten ari zaizkidala pentsa arazten didatenak. Musikari mota hau da gaurko post honetako protagonista. Nola ez, hauek, genio mukizuak dira.

Mukizuak diot baina maitasun zein errespetu guztiarekin benetan. Egiten dutena ikaragarria iruditzen zaidalako alde batetik, eta duten adina izateak, egiten dutenaren balioa bikoizten duelako bestetik. Ni oso inutila naiz ados, baina denborarekin ikusi dut jende asko dagoela instrumentuak ondo baino hobeto jotzeko gai dena bizitza osoan fundamentuzko ezer sortu gabe. Gaitasun horrekin zerbait ona egiteko gai den jende kopurua urriagoa da. Normalean gainera, hogeita luze urterekin hasten dira tekla egokia sakatzen (It’s a long way to the top my friend). Milaka gauza bizi izan dituzte, beste milaka entzun eta hori guztia norberaren koktelera propiotik pasa ostean, altxor berezi eta errepika ezin bat sortzen da. Horri, arima izatea deitzen zaio eta hori, ez da erosten.

Hori da normalean gertatzen dena nahiz eta oso normala ez den (ez da arau absolutu bat baina tira…). Normalean diot, noizean behin, eta azkenaldian askotan, arau guzti hauek pikutara bidaltzen dituzten mukizu taldeak agertzen ari direlako harrien azpitik ere. Askotan, teknika aldetik gabezia asko izaten dituzte hasieran baina egiten dutenean zerbait berezia nabari da lehen egunetik. Oilo ipurdia jartzen zaizu eta beraien musikaren atzean, zu hogeita zortzi urterekin apreziatzen hasi zinen musikariak antzematen dituzu sesuma, inspirazio edo influentzi moduan. “Nondik atera dira mukizu puta hauek!?” diozu orduan.

Esan bezala, azkenaldian ugaritzen ari den fenomenoa da eta ikaragarri pozten nau. Nire gaitasun eza agerian uzten dute eta ridikulu ere senti arazten naute baina ikaragarri gozatzen dut egiten dutena entzun eta etorkizunean zer egin dezaketen pentsatzen. Besterik gabe, han eta hemengo kasu batzuk hautatuz kontuan hartzeko zerrendatxo hau prestatu dut nahiz eta asko, edo guztiak, ez dituzuen dagoeneko ezezagun izango. Hori dela eta, ez naiz gehiegi luzatuko azalpenetan, musikak hitz egin dezala.

BELAKO

belako

Zergaitik ez hasi etxekoekin? Amaieran jarri izan banitu euskaldunak zirelako besterik ez nituela jartzen pentsatuko zenukete agian eta ez da horrela inondik inora. Lehen aldiz beraien maketa entzun nuenean zaplazteko bat eman balidate moduan sentitu nintzen eta zaplazteko hori, ostiko bilakatu zen zuzenean ikusi nituenean.

Nabariak dira beraien musikan Sonic Youth, New Order edo The Cure bezelako taldeen influentziak. Nik orain lau urte arte, ezin izan dut Sonic Youthen diska bat osorik entzun. The Cureren “Friday I’m in love” asko gustatzen zitzaidan hori bai…

Beraien lehen lan luzea kalean da eta jaialdi handienetan aritzeko deiak jasotzen dituzte. Promesa izateari aspaldi utzi zioten nahiz eta taldeko kideren bat oraindik hogei urtera iritsi ez den.

THE XX

Thexx (3)

Generazio berri honen lehen alea izan ziren eta beraiekin pentsatu nuen lehendabizi “Nondik atera dira mukizu puta hauek!?” errepikakor hori. 2005ean sortu zuten taldea eta dagoeneko bi lan argitaratu dituzte: XX 2009an eta Coexist 2012an. Nazioartean izen bat egin zuten lehen lanarekin eta bigarrenak lekua mantentzen lagundu die.

Taldeko burua den Jamie munduko bandarik handienen agendan dago eta dagoeneko makina bat karroza inbidiaz joko zituen hainbat lankidetza burutu ahal izan ditu.

Kontu hauekin, nire lagun pitchforkiano batek etorkizuna beraiena dela dio.

LONDON GRAMMAR

london_grammar_glastonbury_to_paris

Zer esan hauetaz? If You Wait beraien debut lana besterik ez da eta une honetan entgzuten nabilen disken artean kuttunena dut. Milaka buelta eman dizkiot diskoari eta berriz entzuten dudan bakoitzean, zerbait berria topatzen jarraitzen dut bertan. Lan bikaina da ezbairik gabe eta gutxik sortzen duten efektu hori sortzen du gainera entzulearengan. Diskoa entzuten hasi eta diskoaren barnean amaitzen duzu. Atmosfera propioa du eta bertan, airea oso osasuntsua da, frexkoa, beraiek bezala.

Taldeko inori garrantziarik kendu gabe, ipatu beharrekoa iruditzen zait Hannahren ahots berezia atmosfera hori sortzen, berebiziko garrantzia baitu.

Altu jarri dute listoia baina ni behintzat, bigarren lana entzuteko desiatzen naiz.

DISCLOSURE

Disclosure-bw-e1382989050165

Beste mukizu batzuk… 91 eta 94 urtean jaiotako bi anai. Settle lanarekin hautsak harrotu zituzten baina dirudienez aurretik makina bat gauza eginak ziren. Nola da posible!? Hauek ere, handienen agendetan daude eta ziur hemendik urte batzuetara musikari errekerituenen artean egongo direla urteko diska grabatzerako orduan.

Zer asmatu duten? Ba egia esan ezer ez baina beraien kantu bakoitzean hasieran aipatzen nuen arima hori sumatzen da. Lotsagabe hutsak direla zerrenda honetako gainontzekoak bezalaxe…

DAUGHTER

daughter

Disko ikaragarria hau ere. London Grammarrekin batera, azkenaldian gehien entgzuten ari naizen horietako bat. Elena Torna kantari londondarra  kitarjole suitzar bat eta baterijole frantziar batek antolatutako kastingera aurkeztu omen zen. Ondo moldatu ziren eta If you leave borobila argitaratu zuten.

Egia da ahotsak nire Feist kuttuna edo Regina Spektor gogoratzen duela baina atzean dagoenak izaera propioa eskaintzen dio osotasunari. Hasieratik bukaerara entzutea komeni den horietako lan bat da debuteko hau eta lasai, bideoklipeko kantuak ez badizue ezer esaten, probatu beste hauekin. Etzarerete damutuko:  Still eta Youth

KEXA

LAZKAO.jpg

Etxekoekin hasi dut zerrenda baina badira etxekoagoak diren eta hemen tarte bat merezi duten batzuk. Kexa talde lazkaotarra zen, eta zen diot dagoeneko desagertu delako. Goierrin musika zaletasun handia dago baina azkenaldian sortzen diren talde gehienak Oi! edo Punk aldetik jotzen dute. Ez naiz ni izango gaur egungo gazteei zein musika egin behar duten esaten diena baina onartu behar dut izugarrizko poza sentitu nuela Ordiziako Gaztetxeak bere 25. urteurrena dela eta atera zuen disko bikoitzean kantu hau topatu nuenean.

Garai hartan, ez zituzten hamazortzi urte ere ere izango eta bai, oso berde zeuden oraindik baina ez didazue ukatuko kantu honen atzea zerbait berezia sumatzen ez denik? Bai, arima da eta etxe ondoan gainera. JAZPANAra gonbidatu nahi izan genituen baina ordurako utzia zuten talde, lastima. Badakit ordea, nahiz eta taldea desagertu, kideetako batzuk musika egiten jarraitzen dutela. Gauzak horrela, sofan eseriko naiz lasai-lasai hurrengo mukizu lotsagabe taldea Goierritik noiz aterako zain.