Ezerezean geratzen diren harrikarak

Assassin’s Creed eta Final Fantasy gustoko izan zuten jokalarien eskutik hemen da Game Of Thrones, bideojokoa

Posted on

Filma edo telesailetatik ateratako bideojokoak ez dira normalean joko onak izaten (sekula ez esateagatik). Filma edo telesailaren booma baliatu nahi izaten dute eta korrika eta presaka prestatzen dituzte estreinaldi edo denboraldi berri baten hasierarekin bat egiteko. Horren froga garbia da PS3aren azpiko tiraderan gordea dudan LOSTeko… Bideojokoa? (vaya koñazo).

Ba nahiakoa da! Altxatu gaitezen industriaren aurka eta exijitu ditzagun jatorrizko produktuaren mailan dauden bideojokoak! Beno, ez dut uste kasu gehiegi egingo digutenik baina pasa den astean galdera bat etorri zitzaidan burura Assassin’s Creed IV Black Flagen jokatzen ari nintzela. Zergaitik ez du inork Game Of Thronesen (edo Tronu Dema MartinJulianen unibertsoan) inguruko jokurik egin? Google orakulura jo nuen erantzun bila eta bertan jakin nuen izan badela Game Of Thrones ardatz moduan duen bideojoku bat. Hala ere, eskaintzen dioten nota ikusi besterik ez dago hasieran aipatu dudan joera horri jarraitzen dion putamierda bat dela ikusteko.

Game Of Thrones telesail arrunt bat baino gehiago da eta atzetik dituen liburuak (bost orain arte) dira horren erantzule. Lehen liburua, telesailari izena ematen diona (liburu sagak A song Os Fire and Ice baitu izena) 1996an argitaratu zuen George R. R. Martinek  eta gaur egun bizirik jarraitzen du, bai istorioak eta baita Martinek ere (eta ez dadila hil zazpigarrena idatzi aurretik mesedez…). Horregatik, ez zait iruditzen hainbesteko presa zuenik saga honentzako bideojoko bat prestatzeak eta merezi zuela, denbora gehiago hartu eta produktu duin bat eskaintzeak. Ez dakit bideojoko ingeniariren batek blog hau irakurriko ote duen baina badaezpada ere, banoa nire proposamenarekin.

gameofthrones.wikia_

Esan bezala, Assassin’s Creeden azken alean jokatzen ari nintzela bururatu zitzaidan ideia hau (eta azkena izango da hurrengoa PS4rako soilik egingo baitute. Putakumeak…). Nire bideojoko gogokoena da Final Fantasy sagakoekin batera eta zortekoa izan naiz orain arte (bai, orain arte.. Putakumeak mila aldiz!), bilduma luzeak izan direnez, hamaika ekoizpenez gozatzeko aukera eskaini didatelako.  Bideojoko batek izan behar duena dira bi frankizia hauek nire uste apalean eta hortik joko nuke mundu mailako arrakasta izango litzatekeen Game Of Thrones hau gorpuzteko.

Istorioa:

Gure protagonista etxe txiki bateko aita gaztea litzateke. Jokoak familiaren abizena, leloa eta armarria pertsonalizatzeko aukera eskainiko liguke ezertan hasi aurretik. Historioa Ned Starken heriotzaren ondoko bost erregeen gerraren hasieran kokatuko litzateke. Gregor Clegane eta bere gizonak krudelkeriaz ari dira herrixka eta gaztelu txikiak suntsitzen eta gure protagonista hauetako bateko jauna da. Bere emazte eta alaba bortxatzen dituzte bera eusten duten bitartean begira dutela. Ondoren, buruan kolpe bat ematen diote eta konortea galtzen du. Esnatzean, gazteluan ez dago inor bizirik. Hori gutxi balitz, bi emakumeen buruak piketan jarriak daude atarian (ez naiz ni, liburua horrelakoa da). Bizirik utzi dute bere porrota, ahultasuna eta galera bizitza guztian zehar sufritu ditzan eta asmatu dute. Lur jota dago eta noraezean gaztelutik irteten da negarrez eta nora doan ere jakin gabe. Basora iristen da eta bertan, eguzkia ezkutatzean, hotzez dardarka eta gosez konortea galtzen du berriz ere zuhaitz baten magalean bere buruaz beste egiteko beste aukerarik ez duela erabakitzen duenean.

Halako batean ordea, lurretik altxa eta nonbaitera eramaten dutela konturatzen da sukar-amets artean. Kobazulo batean esnatzen da eta ile gorriko gizon bat hizketan hasten zaio. Myrreko Thoros da, armarri gabeko ermandadearen eskuetan dago. Beric Dondarrion eta konpainiak bere istorioa entzun eta borrokan erakusten diote, defendatzen, eta are garrantzitsuago dena, bere mendekua prestatzen.

Ermandadea utzi eta Westeroseko lurretara ateratzen da bere familia akabatu dutenei egin dutena itzultzera. Trama honi esker liburu zein telesailak kontatzen dizkiguten trametan barneratuko eta bertako pertsonaia eta lurraldeak ezagutzen joango da. Pixkanaka, Gregorren ekintzak errege baten agindu edo utzikeriaren ondorio izan direla ikusiko du eta ez du nahikoa izango Clegane anaietatik nagusiena akabatzearekin.

Horretaz gain, ezagutzen goazen lurralde eta pertsonaiek jokoa amaitzeko derrigorrezkoak izango ez diren bigarren mailako tramak eskainiko dizkigute.

brotherhood

Joko eremua:

Izan gaitezen anbizio handikoak! Zein joku eremu? Ba Westeros, Essos eta Udako Irlak (Sothoryos eta Ulthos alde batera utziko ditugu). Alde batetik bestera ibiliko da bere mendekua gauzatzeko beharko dituen objektu, irakaspen edo lagun bila eta aitzakia horrekin liburuko unibertsoa ahal bezain hobetoen ezagutuko dugu.

Mapa, mugatua izango da joko hasieran eta ardatz nagusian aurrera goazela, eremu berriak eskuragarri izaten joango gara. Eremuak zabaltzen goazen eran, nahi dugunean itzuli ahal izango gara bertara eta bertako altxor, bigarren mailako misio eta lorpenak (munstroak barne) burutu ahal izango ditugu.

Eremu batetik bestera mugitzeko garraio bat beharko dugu Game Of Throneseko planeta handiegia baita. Erreinu ezberdinak eta tarteko hainbat puntu egongo dira eremu jokagarrien artean baina bideak ez ditugu ezagutuko. Hoberena, garraiobideak kontratatzea izango da. Dirua beharko dugu leku batetik bestera mugitu ahal izateko. Hauek karabana edo gurdiak izango dira.

tumblr_mvupn8yBna1soo5r4o1_1280

Tresnak:

Tresna nagusiak armak izango dira eta uneoro eta jokua geratu gabe aldatu behar izango ditugu, Assassin’s Creeden kurtsoreei esker aldatu daitezkeen moduan. Bestelako objektuak ere modu berean erabili ahal izango ditugu baina ezin dugu jokoa abentura grafiko batean bilakatu. Ezin ditugu orduak eta orduak pasa ate edo erronka bakoitzean zein objektu erabili behar dugun asmatzen.

Zerbait behar denean automatikoki tresna hori erabiltzeko eskatuko digu jokoak, erritmoa berebizikoa da.

Borroka:

Berebiziko garrantzia duen arlo bat da hau halako bideojoko batean eta oraingoan ere eredua Assassin’s Creed izan behar da. Hala ere, borrokatzeko moduari dagokionean sinpleegia da batzuetan Ubisoften jokoa eta horregatik, borrokarako mugimendu kopurua handituko genuke. Ez dadila errazegia izan baina ezta Skyrim bat ere.

Ondo egongo litzateke mugimendu ezberdinak izatea eta jokoan aurrera joan ahala hauek desblokeatzen joatea.

Pertsonaiaren garapena:

Kasu honetan Final Fantasy hartuko genuke eredu moduan. Borroka edo lorpen bakoitzarekin gure pertsonaia mailaz igotzen joango litzateke eta hobetzen joan ahala, gaitasun ezberdinak lortu eta hobetzen joango litzateke.

Rol joko baten moduan funtzionatuko luke baina joko mota horiek bezain konplexua izan gabe. Halakoetan lan gehiegi ematen du pertsonaia zein armak hobetzeak eta horrek jokoaren erritmoa asko moteltzen du. Game Of Thrones honek azkarra izan behar du. Armak armak dira eta listo, hobeago bat nahi izanez gero, erosi edo lapurtu hildakoren bati.

Musika:

Blog hau ezagututa, ezin genuen arlo hau planteamendu orokorretik kanpo utzi. Egia esan, post hau idazten ari nintzela Sigur Rosen Kveikur entzuten aritu naiz eta buruan dudan jokoaren izpiritua ederki islatzen duela iruditzen zait. Are gehiago, telesailerako egokitu dute Rains Of Castamere honen ondoren.

Ba luze joan zait azalpena eta orriak bete ahala uste nuena baino askoz frikigoa naizela konturatu naiz… Itxaropen bakarra geratzen zait. Zuk, bideojoko ingeniari euskaldun jator horrek, nire ideiak hartu eta urte bete baino lehenago joku hau garatzea. Badakit denbora gutxi dela halako joko bat gorpuzteko baina bestela, PS4rako aterako dute eta ez dit ezertarako ere balioko…

emilia-clarke-thrones-game-wallpaper-wallpapers-walls-wallwuzz-hd-wallpaper-

Lehen muxua bi ezezagun euskaldunen artean

Posted on

Azkenaldian bideoetarako makina bat ideia izaten ari gara baina guztiak ez dira egingarriak arrazoi ezberdinengatik. Aktoreak edo baliabideak falta zaizkigulako alde batetik eta efektu espezialak gure trebetasunen artean ez daudelako bestetik.

Horregatik, blog honetan kategoria berri bat sortu beharrean ginela ikusi dugu. “Ezerezean geratzen diren harrikarak” izango da bere izena, ongi etorri. Lehena, gaur dakarkigun hauxe duzue eta pasa den astean ezagun egin den (oraindik arrazoia ulertzen ez badugu ere) bideo honen euskal parodia izango litzateke.

Pantaila beltza. “A FILM BY THE INDEZENTS” agertzen da bertan. Ondoren, azalpen bat: “Bideo honetarako boluntario bila ibili gara zazpi probintzietan baina bi besterik ez ditugu topatu. Sentitzen dugu.”

Fondo zuri batean eta zuri beltzean, neska eta mutil bat ikusten ditugu, deseroso. Alde batera eta bestera begiratzen dute bestearen begirada saihestu nahian eta bietako inork ez du ezer egiten. Kamera atzean dagoena da hitz egiten lehena.

KAMERA: Bueno, ba hori, hasiko zarete muxukatzen?

Neskak “¿pero que me estas contando?” aurpegiarekin begiratzen dio eta mutila ordulariari begira hasten da.

MUTILA: Eske ni oraintxe gaizki harrapatzen nauzu… Botea jarri berri dut koadrilakoekin eta… – kanpora seinalatuz.

Kortea

Biak berriz kamera aurrean. Mutila zerura begira dago.

NESKA: Beno, nola izena duzun jakin beharko dut behintzat ezta?

MUTILA: Aitor baina lagunek Txato deitzen didate.

NESKA: Eta zergaitik Txato?

MUTILA: Eta zer axola dio! Musu eman behar gara edo zer?

NESKA: Hombre, ba hola zein zaren eta zure bizitzarekin zer egiten duzun jakin gabe…

Kortea

Biak kamera aurrean besoak gurutzatuta eta beste aldera begira

KAMERA: Joder! Esan dizuet ba zertarako zen! – Biek ezetz esaten dute muturra estututa.

Kortea

Mutila eta neska kamerari begira

MUTILA: A ver, benetan, hamar euro jarri ditut eta ez dakit non dauden.

Kortea

Bata besteari begira daude lehen aldiz. Mutila gerturatzen hasten da.

NESKA: Baino bueno – ia gainean duenean – lan egiten duzu edo zerbait?

Mutilak buelta ematen du pazientzia galduz.

Kortea

Neska mobilarekin jolasean ari da

MUTILA: Gainera, ez dakit asmatuko nukeen. Behin bakarrik egin dut eta oso mozkortuta negoen…

Kortea

Biak nazkatzen hasita

NESKA: Ba ez dakit zertan ari garen hemen…

MUTILA: Ni txupito batera gonbidatuko nindutela esan didatelako etorri naiz…

KAMERA: Joder!!!

Kortea

Neska mutila goitik behera analizatzen ari da

KAMERA: orain bai?

NESKA: Ez dakit ba, txintxoegia ematen du…

KAMERA: Aaaaaahhh…

Kortea

Mutila kamerara gerturatu da mobila eskuan

MUTILA: Beida, hor ondoan happy hour bat omen dago asique ni banoa. Hala, ondo pasa – eta joan egiten da.

Neska kamerari begira geratzen da eta begirada aldatzen du. Badirudi kamera gustatzen zaiola.

NESKA: Eta biok egiten badugu?

Isilune baten ostean, kamera atzetik irteten da. Neskara gerturatzerako honek behatza altxatzen dio.

NESKA: Kieto kieto kieto! …kamarita txolin horrekin ibiltzeaz gain beste zerbait egingo duzu ezta?

Pantallazo beltza, kredituak eta amaiera

Interesaturik egongo balitz, aktoreen bila gabiltzala zehazten dugu. Animatu ezkero, badakizue non gauden.

Fondoko musika nola ez, Sokoren We Might Be Dead By Tomorrow izango da