katihotsak

Joxe Miguel (The Real Unknown Very Best Never Telling History)

Posted on

Larunbatean Katihotsak Logiak antolatutako Zeatikezpa III Bideo Rallya ospatu zen. Goizeko 1oetan genuen zita Hernaniko Kontrakantxa Gaztetxean eta bertan agertu ginen The Indezents Komandoa beste hiru talderekin batera. Talde bakoitzak gai bat eta objektu bat idatzi zituen paper banatan eta zozketa bidez aukeratu ziren guztiok gure laburretan erabili beharrekoak. Aukeratuak “Teknologia” gaia eta “zatoa” objektua izan ziren.

Bigarren gosariarekin gai eta objektu horrekin zer demontre egin erabakitzen hasi ginen eta kanpoan zegoen txakur-giroa ikusita, ezer grabatu gabe sasi-dokumental bat egitea erabaki genuen. Hemen duzue arratsaldeko 19:00etan aurkeztu genuen laburra edo. Ea guk egiten bezain ongi pasatzen duzuen ikusten.

Joxe Miguel (The Real Unknown Very Best Never Telling History) from The Indezents on Vimeo.

Advertisements

Euskal Herrian molatzen duten 10 gauza

Posted on

Joder! Begira ze izenburu absolutista eta begira zein lasai geratu naizen! Kontua da, The Indezents berria martxan jarri nuenetik ez dudala oraindik meme edo rankingik egin eta barruan lo dudan eta noizean behin kontzientzia astintzen didan sentsazionalistak haize apur bat behar duela. Gauzak horrela, eta gehiegi luzatu gabe, hemen duzue zerrenda subjektibo zein sudurpuntatikateratzenzaidalako hau

Zerrenda honek ez du orden zehatzik. Ordena ausa hutsez ezarria izan da:

1.- Bidehuts

Molatzen dute eta ez dut ezezkorik onartuko. Musikaren industria kale kantoietan lastima eman nahian dabilenean, aro berri bat asimilatu, “bera hasi da” esateari utzi eta tren berriei heltzeko gai izan ez diren garai hauetan, mundu mailan kontuan hartu beharreko proiektua izan beharko lirateke. Txikitik handira, pixkanaka eta egiten dutenean sineste hutsak ematen duen indarrarekin. Bide berri bat jorratuko dute eta ez dute horregatik plantarik egingo. Kooperatibismoa musikaren mundura eraman dute baina ez dituzte SGAEren konferentzi batera gonbidatuko beraiek zertan eta nola ari diren azaltzeko. Askotan iraultza etxe ondoan dugu eta ez gara konturatzen.

txinaurriak_azala_web

 

2.- Jazpana

Rural Postmodern Festival! Egia esan, ez dakit zer demontre esan nahi duen ere baina finak dira eta gure herrian sekula amestu ere egingo ez genituen taldeak ikusteko aukera eskaintzen digute urtero. Musikarekin nahikoa ez eta skate eta saskibaloi txapelketak zein argazki rallya antolatzen dituzte beste gauza batzuen artean. Hori guztia gainera, debalde eta euskaraz. Nork eskaintzen du gehiago?

448525449_640

 

3.- Katihotsak

Iraultza hemen da eta hauek ez dira baimen edo barkamena eskatzen hasiko. Katihotsak dinamita da eta dinamita lehertu egiten da. Oso normaltzat izan dugu beti hiru tximaluzek instrumentu batzuk hartu eta hauek astintzen bi aste pasa ondoren disko bat argitaratzea. Ez dute putaidearik baina egiten dutena gustatu eta beraien kontzertuetara joaten gara egunero urriagoak diren gure tximak dantzatzera. Ondo ezta? Ba Katihotxak artaburu horiek berberak dira baina musika egin beharrean zinea egiten dute, euskaraz eta irudimen zorrotz baten laguntzaz. Ah! Eta mudua konkistatzeko plan bat dute, azti.

a1520791496_10

 

4.- Orain

Maitasun ikaragarriz eginiko lanak, edizio bikainekoak, gustu handiz eta musika ederrez bilduak. Inork ezagutzen ez zituenean hoberenak ziren. Hortik gutxira, batzuetan ondo ereindako jasotzen delako gehienbat, guztiok ezagutu genituen eta dagoeneko, ez zuten hainbeste molatzen. Zer egingo diogu ba? Hipster euskaldunak gainontzekoak bezain inozoak gara. Ez dakit hori izan zen arrazoia aleen produkzioa eteteko, ez dut uste baina faltan botatzen ditut eta egunen batean ale gehiagoz gozatzeko aukera izatea espero dut.

orain1

 

5.- Usopop

Iparraldeko altxorra. Txikia, mimo handiz egina, eskuekin ia-ia. Saran jaialdi eder honetaz gozatzen izan denak badaki zertaz ari naizen. Hollywoodeko kartela kakaren pare uzten duten hizki zuri horiek ikusi bezain pronto maitemintzen zara U S O P O P ez eta badakizu, zure barrenean, ez dela bertaratuko zaren azken aldia izango. Usopopek kolore ezberdina du, argi ezberdin bat eta zu ere aldatu egiten zaitu. Usopop zerua da baina badu zerbait zerua bera baino hobea egiten duena, hilik egon gabe ere, sartzen uzte dizute.

ban_uso5

 

6.- Joseba Irazoki

Ez nuen pertsona fisikorik zerrenda honetan sartzeko asmorik baina Joseba ez da pertsona fisiko bat. Joseba etereoa da, airean dago, musikan, hemen eta han. Josebak pitzadura larri bat du baina pitzadura hori gehiagok izango bagenu lurra leku hobeago bat izango litzateke. Joseba gainera eredu bat da. Eredu da pertsona ona delako alde batetik, urrunetik ikusten zaio aurpegi irribarretsu horretan (ez dago ezagutu beharrik ere), eta eredu da baita ere self made man bat delako. Urteak zeramatzan nahi zuena egiten, diskoak argitaratzen, musikariekin lankidetzak burutzen baina munduak ez zuen ezagutzen. Horregatik da eredu Joseba, urte askoren ostean, lana, lana eta lana egin ostea, ondo ereindakoa jaso egiten dela frogatzen duelako. Hor abantaila bat du ordea beratarrak, barnean duen talentua ez dago edozeinen eskura eta horrek ere laguntzen du…

Argazkia: bornmusic.org
Argazkia: bornmusic.org

 

7.- Moriarti

Puto amoak dira. Lau lagun, amets bat dutenak. “Zinea egin behar dugu” esan zioten elkarri arratsalde batean eta orrezkero, ez dakit zenbat pelikula zein laburmetraia egin eta ez dakit zenbat sari jaso dituzte. Beraien ekoiztetxe ereduak ez omen zuen etorkizunik, ezinezkoa omen zen modu horretara, lagun artean eta norberak egindakoarekin gustura sentitze hutsagatik, zinea ogibide bilakatzea. Ba urte batzuk pasa dira eta barkatu, baina lanean jarraitzen dute eta sekula baino emankorrago. Betiko gauzak kontatzen dituzte baina beraien ahotsetik, beraien erraietatik eta beraien hizkuntzan. Askotan, ez zaio buruari buelta gehiegi eman behar tekla egokia topatzeko.

80-egunean

 

8.- BOX.A

Zein demontre dira etxe ondoko pabelloi abandonatu puta hori etxe okupa batean bilakatu duten hippy zikin horiek?”. Ziur nago San Esteban auzoko bizilagunen batek hitz hauek berberak ahoskatu zituela Tolosako Gko galerian jaio eta Box.A izaten amaitu duen proiektu honetako artistak (hitzaren zentzurik literalenean) bere etxe atzean agertu zirenean. Ziur nago baita ere, gaur egun ez lukeela berdina esango inondik inora eta jainkoari eskerrak ematen dizkiola bere auzoan agertu ziren egunagatik. Artea kalean ulertzen dute, guztion eskura eta hori da beraien helburu nagusia, zuk ere, artista gazteak egiten ari direna ezagutzea. Ah, abisu bat, hauek ere mundua konkistatu nahi dute. Ostiral iluntze tonto batean Katihotsakekoekin elkarte gastronomiko batean elkar ez topatzea bakarrik espero dut. Gureak egingo luke.

391548503_640

 

9.- Rugbya

Onartzen dut, ez dut kirolik egiten eta egin beharko nuke. Hala ere, kirolaren esentzia galtzen ari garelakoan naiz. Kirola talde lana da, guztiok aukerak izatea da, lehia da, norbere burua hobetzea. Kirola taldearen indarra da, identitatea, norbanakoa eta kolektiboa. Kirolari profesionalen ardura nagusia azken zapatilak eramatea edo zelaira orrazkera in batekin ateratzea den garai hauetan, Rugbya da irtenbidea. Guretzat indibidualki eta baita nazio moduan ere. Rugbyan haur guztiek dute lekua eta ez dira beti berberak baztertuta geratzen kapitainak taldekideak aukeratzen hasten direnean. Taldekide azkarrak behar ditu hegaletan aritzeko, indartsuak kontentzio lanetan ibiltzeko, trebeak baloia mugitzeko eta potoloak bultza egiteko. Guztiok dugu leku bat Rugbyan eta Euskal Herriak ere munduan leku bat izango luke Rugbyari esker. Ingelesek asmatu zuten bai baina Rugbya, oso euskalduna da begiratzen duzun lekutik begiratzen duzula. Ez ahaztu hirugarren denboraz…

119381-620-282

 

10.- Kafea eta Galletak

Norbaitek disko bat aukeratzen du eta hitz batzuk idazten ditu beretzat hain garrantzitsua izan den lan horren inguruan. Ondoren, hitz horiek irakurriz disko hori entzuten dugu guztion artean inguruan kafea eta gailetak zerbitzatzen dituzten bitartean. Askotan, genialitateak ez du zergaitik konplexua izan beharrik eta jende honek argi eta garbi utzi du berriz ere. Festa eder hauek antolatzeaz gain, liburuak argitaratzen ere hasi dira eta beldur naiz, hauek ere, ez ote duten mundua konkistatu nahi… Animo!

c7e2e98b6e9109d6fd237a31e420d194_m

 

Ba hauxe izan duzue nire zerrenda baina hala ere, irekita nago proposamenak entzuteko halako gutiziaren bat gehiago ezagutzea beti baita eskertzekoa. Zuen txanda da orain. Ideiarik?