sigur ros

Finlandia (2. atala) – 2.17

Posted on

Irribarre zabal batekin eman zizkion azalpen guztiak baina Txominek ez zion tutik ere ulertu. Geratu zitzaion artaburu aurpegiaren ezinbesteko laguntzaz eskerrak eman eta barrura sartu zen. Lily bilatu zuen begiradarekin txoferrak zer demontre azaldu zion argitzeko asmoz eta autobusaren amaieran topatu zituen betaurreko handiak. Eskuarekin ondoko eserlekua libre zegoela adierazten zion baina ikusi zuenerako, alboan zuen amona batek eskutik heldu zuen.

-You haven’t understood anything, right? Don’t worry, I’ll explain you. – Eskutik helduta goxotasunez tira egin zion Txomini bere aurreko eserlekuan eser zedin “Kaka, betaurrekoek berotzen nautenarekin”. Laurogei urtetik gora zituen baina oso ondo zahartu zen. Ile orrazkerak zein arropak Segurako edozein Margari edo Ortentxi gogoratu zezaketen baina bere aurpegiak izaera berezi bat eskaintzen zion. Ilearen kolorea sekula ikusi ez zuen zuritasun batekoa zen. Bizi on bat iradokitzen zuten zimurrez jantzia zuen aurpegia eta sudur zorroztu baten gainean harri bitxiak ziruditen bi begi urdin txiki zituen.

-You have difficulties speaking English, don’t you? – Irribarre gozo batez eta eskua askatuz. – Pétur is a kind man but he speaks like fishermen from the north of Iceland. – Bi harri bitxiek distira egin zuten barre algara batek ihes egin zionean .

Oso garbi hitz egiten zuen ingelesez eta nahiz eta hitzen batek ihes egiten zion, arazorik gabe ari zitzaion Txomin guztia ulertzen. Buruarekin onarpen keinu bat itzuli zion orduan  eta irribarre batez, eta eskuez lagundurik, azalpenarekin jarraitzeko eskatu zion.

-The ticket you’ve bought lasts for 40 minutes. Until then, you can take any bus without buying any new ticket. Ok? – Oso geldo hitz egin zion eta eskuekin lagundu zuen azalpena.

-Ok, zenkiu beri matx – Erantzun zion Txominek azalpena bihotzez eskertuz “Zein adeitsua den jendea hemen. Horrela gustua ematen du…”. Ez zekien non geratu behar zuen  eta autobusetik Hallgrímskirkjako elizaren bila hasi zen leihotik. Irakurri zuenagatik, ia Reykjavik osotik ikusi zitekeen beraz horrek izan behar zuen geralekua aukeratzeko bilatu beharreko erreferentzia. Horixe zen ikusi nahi zuen lehen lekua. Horixe zen azken asteetan buruan bueltaka izan zuen irudia. Horretarako, non jaitsi behar zuen amonari galdetzea ere pasa zitzaion burutik baina bere burua Hallgrímskirkja esaten irudikatzean gogo guztiak kendu zitzaizkion. Pixkanaka, hiri kanpoaldeko errepide zabalak atzean utzi eta hirigunea izan zitekeela iruditu zitzaionean murgiltzen hasi ziren.

-Don’t worry, there are four more stops before you arrive to the city center. I’ll get off at HIemmurre but you need to go on. – Azaldu zion elur-ilezko amonak poliki-poliki. “Ikaragarrizko tonto konplexuarekin itzuli behar naiz etxera…”.

-Zenkiu beri matx agen – Erantzun zion Txominek Islandiara iritsi zenetik ahoan zizelkatua zeraman irribarrearekin – Jau sei zenkiu in aislandik?

-Takk! – Erantzun zion amonak Txominen interesa eskertzen zuen harridura aurpegi batekin “Joño! Orain badakit zer esan nahi duen Sigur Rosen diska antologiko hartako izenburuak!”.

-Ttak! – Bota zion Txominek bere ahotsaren ozentasuna nahi baino gutxiago kontrolatuz.

Txalo bat eman zuen airean orduan emakumeak poztasun oihu batekin batera. Keinu hori munduko amona guztiek errepikatzen zutela pentsatu zuen Txominek. “Lastima biloba jaioberriak edo zakurrak zerbait berria ikasi dutenean egiten duten…”.

 

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.

Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.

Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.

Finnbogasson eta Euskara-Islandiar pidgina

Posted on Updated on

Alfreð Finnbogason Donostian da. Komunikabide ezberdinek adierazi zutenez, atzo bertan pasa zuen mediku-azterketa eta gaur bertan Zubietako zelaira aterako da lehen aldiz. Baina lasai, ez dizut futbolaz hitz egingo.

Duela lau urte bertan izan nintzenetik Islandiarekin zeriukusia duen guztiarekiko interesa dut (beno, obsesio apur bat ere bai… Beno, asko) eta lehen aldiz Finnbogasson hau Errealera etorri zitekeela jakin nuenean poztasunez hartu nuen berria. Gaur bertan egunkari batean irakurri ahal izan dudanez, ez omen zaio zaila egingo gipuzkoarron bizitzara egokitzea islandiarren izaerak, gurearen antza asko baitu, edo hori zioen kazetariak behintzat…. Hamazortzi egun besterik ez nituen Islandian pasa eta ez dut bertako idiosinkrasia gehiegi ezagutzen baina ez nuke holakorik esango halako ziurtasunez.

Ez dakit Alfreði erraz edo zail egingo ote zaion gure bizitzara ohitzea baina kontua da, bere curriculuma irakurtzean, agian, gure kultura hain arrotza egingo ez zaiola iradokitzen duen datu bat aurkitu dudala.

11326

Alfreð Finnbogason Grindavíken jaio zen. Grindavík Islandia hego-mendebaldeko 2.800 pertsonako herri arrantzale bat da eta bertan aurkitzen omen da, atzo komunikabideetan irakurritakoagatik, euskaldun eta islandiarren arteko harremanaren berri ematen duen museoa. Kondaira fantastiko kutsua du ia-ia istorioak baina XVII. mende inguruan hainbat eta hainbat itsasontzi euskaldun pasa ziren inguru haietatik. Dirudienez, niri bezain beste gustatu zitzaien Ísland ederra eta bertako biztanleekin harreman sendo bat eraiki zuten. Hainbeste, elkar ulertzeko hizkuntza moduko bat ere asmatu zutela. Gogoan dut euskara-islandiar pidginaren berri izan nuen lehendabiziko aldia. Islandian nintzela izan zen eta sinestezina iruditu zitzaidan.

Ragnar izeneko gida batek kontatu zidan. Nongoa nintzen galdetu eta euskalduna nintzela esatean zur eta lur geratu zen. Ea gure hizkuntza zaharra hitz egiten nuen galdetu zidan eta islandiar eta euskaldun arrantzaleen artean sortutako sasi-hizkuntza batez hitz egin zidan. Ni ere aho bete hortz geratu nintzen eta ezagutzen ote nuen galdetzean, ezetz aitortu nion, etxera itzultzean ikertuko nuela. Gerora, interneten saltseatzen ibili eta wikipediako artikulu hau topatu nuen.

Harrigarria zein ederra egin zitzaidan arrantzale euskaldun bat eta islandiar bat “ungetorre”, “for mi presenta for ju biskusa eta sagarduna” edo “sumbatt galsardia for?” esaten irudikatzea. Surrealista zein zoragarria.

Makina bat izan omen ziren XVII. mende inguruan Islandia aldean ibili ziren euskaldunak baina dirudienez, pidgin hau irlako ipar-mendebaldean erabili zen gehienbat. Horregatik, arraroa egin zait harreman honetaz hitz egiten duen museoa hego-mendebaldean aurkitzea… Dirudienez bada museo bat Grindavíken Isalandiako arrantzale eta itsaso biziaz hitz egiten duena baina webgunean ez dut aipamenik bilatu euskaldun eta islandiarren arteko harreman berezi honen inguruan.

Finnbogassoni galdetu beharko diogu agian, ungetorre Alfreð.

 

PD: Errealeko jokalari bakoitzak kantu bat aukeratzen du eta gola sartzen duen bakoitzean, Anoetako bozgorailuetan entzuten da. Ea Alfreðek fabore bat egin eta bere herrialdean egiten den horietako kantu eder bat aukeratzen duen.

Assassin’s Creed eta Final Fantasy gustoko izan zuten jokalarien eskutik hemen da Game Of Thrones, bideojokoa

Posted on

Filma edo telesailetatik ateratako bideojokoak ez dira normalean joko onak izaten (sekula ez esateagatik). Filma edo telesailaren booma baliatu nahi izaten dute eta korrika eta presaka prestatzen dituzte estreinaldi edo denboraldi berri baten hasierarekin bat egiteko. Horren froga garbia da PS3aren azpiko tiraderan gordea dudan LOSTeko… Bideojokoa? (vaya koñazo).

Ba nahiakoa da! Altxatu gaitezen industriaren aurka eta exijitu ditzagun jatorrizko produktuaren mailan dauden bideojokoak! Beno, ez dut uste kasu gehiegi egingo digutenik baina pasa den astean galdera bat etorri zitzaidan burura Assassin’s Creed IV Black Flagen jokatzen ari nintzela. Zergaitik ez du inork Game Of Thronesen (edo Tronu Dema MartinJulianen unibertsoan) inguruko jokurik egin? Google orakulura jo nuen erantzun bila eta bertan jakin nuen izan badela Game Of Thrones ardatz moduan duen bideojoku bat. Hala ere, eskaintzen dioten nota ikusi besterik ez dago hasieran aipatu dudan joera horri jarraitzen dion putamierda bat dela ikusteko.

Game Of Thrones telesail arrunt bat baino gehiago da eta atzetik dituen liburuak (bost orain arte) dira horren erantzule. Lehen liburua, telesailari izena ematen diona (liburu sagak A song Os Fire and Ice baitu izena) 1996an argitaratu zuen George R. R. Martinek  eta gaur egun bizirik jarraitzen du, bai istorioak eta baita Martinek ere (eta ez dadila hil zazpigarrena idatzi aurretik mesedez…). Horregatik, ez zait iruditzen hainbesteko presa zuenik saga honentzako bideojoko bat prestatzeak eta merezi zuela, denbora gehiago hartu eta produktu duin bat eskaintzeak. Ez dakit bideojoko ingeniariren batek blog hau irakurriko ote duen baina badaezpada ere, banoa nire proposamenarekin.

gameofthrones.wikia_

Esan bezala, Assassin’s Creeden azken alean jokatzen ari nintzela bururatu zitzaidan ideia hau (eta azkena izango da hurrengoa PS4rako soilik egingo baitute. Putakumeak…). Nire bideojoko gogokoena da Final Fantasy sagakoekin batera eta zortekoa izan naiz orain arte (bai, orain arte.. Putakumeak mila aldiz!), bilduma luzeak izan direnez, hamaika ekoizpenez gozatzeko aukera eskaini didatelako.  Bideojoko batek izan behar duena dira bi frankizia hauek nire uste apalean eta hortik joko nuke mundu mailako arrakasta izango litzatekeen Game Of Thrones hau gorpuzteko.

Istorioa:

Gure protagonista etxe txiki bateko aita gaztea litzateke. Jokoak familiaren abizena, leloa eta armarria pertsonalizatzeko aukera eskainiko liguke ezertan hasi aurretik. Historioa Ned Starken heriotzaren ondoko bost erregeen gerraren hasieran kokatuko litzateke. Gregor Clegane eta bere gizonak krudelkeriaz ari dira herrixka eta gaztelu txikiak suntsitzen eta gure protagonista hauetako bateko jauna da. Bere emazte eta alaba bortxatzen dituzte bera eusten duten bitartean begira dutela. Ondoren, buruan kolpe bat ematen diote eta konortea galtzen du. Esnatzean, gazteluan ez dago inor bizirik. Hori gutxi balitz, bi emakumeen buruak piketan jarriak daude atarian (ez naiz ni, liburua horrelakoa da). Bizirik utzi dute bere porrota, ahultasuna eta galera bizitza guztian zehar sufritu ditzan eta asmatu dute. Lur jota dago eta noraezean gaztelutik irteten da negarrez eta nora doan ere jakin gabe. Basora iristen da eta bertan, eguzkia ezkutatzean, hotzez dardarka eta gosez konortea galtzen du berriz ere zuhaitz baten magalean bere buruaz beste egiteko beste aukerarik ez duela erabakitzen duenean.

Halako batean ordea, lurretik altxa eta nonbaitera eramaten dutela konturatzen da sukar-amets artean. Kobazulo batean esnatzen da eta ile gorriko gizon bat hizketan hasten zaio. Myrreko Thoros da, armarri gabeko ermandadearen eskuetan dago. Beric Dondarrion eta konpainiak bere istorioa entzun eta borrokan erakusten diote, defendatzen, eta are garrantzitsuago dena, bere mendekua prestatzen.

Ermandadea utzi eta Westeroseko lurretara ateratzen da bere familia akabatu dutenei egin dutena itzultzera. Trama honi esker liburu zein telesailak kontatzen dizkiguten trametan barneratuko eta bertako pertsonaia eta lurraldeak ezagutzen joango da. Pixkanaka, Gregorren ekintzak errege baten agindu edo utzikeriaren ondorio izan direla ikusiko du eta ez du nahikoa izango Clegane anaietatik nagusiena akabatzearekin.

Horretaz gain, ezagutzen goazen lurralde eta pertsonaiek jokoa amaitzeko derrigorrezkoak izango ez diren bigarren mailako tramak eskainiko dizkigute.

brotherhood

Joko eremua:

Izan gaitezen anbizio handikoak! Zein joku eremu? Ba Westeros, Essos eta Udako Irlak (Sothoryos eta Ulthos alde batera utziko ditugu). Alde batetik bestera ibiliko da bere mendekua gauzatzeko beharko dituen objektu, irakaspen edo lagun bila eta aitzakia horrekin liburuko unibertsoa ahal bezain hobetoen ezagutuko dugu.

Mapa, mugatua izango da joko hasieran eta ardatz nagusian aurrera goazela, eremu berriak eskuragarri izaten joango gara. Eremuak zabaltzen goazen eran, nahi dugunean itzuli ahal izango gara bertara eta bertako altxor, bigarren mailako misio eta lorpenak (munstroak barne) burutu ahal izango ditugu.

Eremu batetik bestera mugitzeko garraio bat beharko dugu Game Of Throneseko planeta handiegia baita. Erreinu ezberdinak eta tarteko hainbat puntu egongo dira eremu jokagarrien artean baina bideak ez ditugu ezagutuko. Hoberena, garraiobideak kontratatzea izango da. Dirua beharko dugu leku batetik bestera mugitu ahal izateko. Hauek karabana edo gurdiak izango dira.

tumblr_mvupn8yBna1soo5r4o1_1280

Tresnak:

Tresna nagusiak armak izango dira eta uneoro eta jokua geratu gabe aldatu behar izango ditugu, Assassin’s Creeden kurtsoreei esker aldatu daitezkeen moduan. Bestelako objektuak ere modu berean erabili ahal izango ditugu baina ezin dugu jokoa abentura grafiko batean bilakatu. Ezin ditugu orduak eta orduak pasa ate edo erronka bakoitzean zein objektu erabili behar dugun asmatzen.

Zerbait behar denean automatikoki tresna hori erabiltzeko eskatuko digu jokoak, erritmoa berebizikoa da.

Borroka:

Berebiziko garrantzia duen arlo bat da hau halako bideojoko batean eta oraingoan ere eredua Assassin’s Creed izan behar da. Hala ere, borrokatzeko moduari dagokionean sinpleegia da batzuetan Ubisoften jokoa eta horregatik, borrokarako mugimendu kopurua handituko genuke. Ez dadila errazegia izan baina ezta Skyrim bat ere.

Ondo egongo litzateke mugimendu ezberdinak izatea eta jokoan aurrera joan ahala hauek desblokeatzen joatea.

Pertsonaiaren garapena:

Kasu honetan Final Fantasy hartuko genuke eredu moduan. Borroka edo lorpen bakoitzarekin gure pertsonaia mailaz igotzen joango litzateke eta hobetzen joan ahala, gaitasun ezberdinak lortu eta hobetzen joango litzateke.

Rol joko baten moduan funtzionatuko luke baina joko mota horiek bezain konplexua izan gabe. Halakoetan lan gehiegi ematen du pertsonaia zein armak hobetzeak eta horrek jokoaren erritmoa asko moteltzen du. Game Of Thrones honek azkarra izan behar du. Armak armak dira eta listo, hobeago bat nahi izanez gero, erosi edo lapurtu hildakoren bati.

Musika:

Blog hau ezagututa, ezin genuen arlo hau planteamendu orokorretik kanpo utzi. Egia esan, post hau idazten ari nintzela Sigur Rosen Kveikur entzuten aritu naiz eta buruan dudan jokoaren izpiritua ederki islatzen duela iruditzen zait. Are gehiago, telesailerako egokitu dute Rains Of Castamere honen ondoren.

Ba luze joan zait azalpena eta orriak bete ahala uste nuena baino askoz frikigoa naizela konturatu naiz… Itxaropen bakarra geratzen zait. Zuk, bideojoko ingeniari euskaldun jator horrek, nire ideiak hartu eta urte bete baino lehenago joku hau garatzea. Badakit denbora gutxi dela halako joko bat gorpuzteko baina bestela, PS4rako aterako dute eta ez dit ezertarako ere balioko…

emilia-clarke-thrones-game-wallpaper-wallpapers-walls-wallwuzz-hd-wallpaper-

Finlandia (1. atala) – 1.9

Posted on

Alde batetik, Gullfoss eta Dettifoss ur-jauziak ikusi nahi zituen, baita Haukadalurreko geyserrak ere eta bestetik, Vatnajökull eta Langjökull glaziarrak. Eta nola ez, Eyjafjallajökull sumendi madarikatu zein ahoskatu ezina “Ikasi behar dut ba izen hori ahoskatzen!”. Apirilaren hamalauan izan zuen erupzioa eta iskanbila ederra eragin zuen mundu osoan. Zortziehun bat pertsona atera zituzten inguruetatik eta inor akabatu ez bazuen ere, aireko trafikoan arazo ederrak sortu zituen. 20.000 hegaldi geratu ziren bertan behera mundu osoan zehar. Hasiera batean Islandiako turismoarentzat negatiboa eman zezakeen gertaera horrek ordea, izotz eta suaren lurraldea mapan jartzea lortu zuen. Erupzioa eta bi hilabetera, inoizko udarik oparoena espero zuten Islandiar turismoarentzat.

Bera ordea, ez zen talde horretako kide sentitzen. Berak ere Eyjafjallajökulleko erupzioaren ostean erabaki zuen bertara joatea baina sumendi ahoskatu ezinak ez zuen eraginik izan erabakian. Islandia aspaldi zegoen Txominen mapan “Lehen diskotik ezagutzen nuen”.

Fantasiazko lekuak ziren derrigorrez bisitatu beharreko leku horiek guztiak; ur-jauzi amaiezinak, ezerezetik agertu direla diruditen glaziarrak, lurretik ura jaurtitzen duten zuloak… Hala ere, bazen leku bat Islandian paraje magiko haiek baino gehiago erakartzen zuena eta inork bereziki gomendatu ez ziona. Leku hori, hiriburua bera zen, Reykjavik.

Herri handi eta hiri txikiak gustatu izan zitzaizkion beti Txomini eta hortxe sentitzen zuen erosoen bere burua. Reykjavikek 119.000 biztanle besterik ez zituen “Donostia eskandinaviar bat”. Ikaragarrizko bizia zuela irakurri zuen nonbait, kale guztietan kultura apur bat topatu zitekeela eta bazuela argazkietan hauteman ezin daitekeen zerbait. Asko erakartzen zuen Reykjavikek, are gehiago udan izaten duten klimarekin, hamalau gradu eta zerua aratz, “Paradisua…”. Garbi zuen gainera hiriburura iritsi bezain pronto nora joan behar zuen. Bere lehen geldialdia Hallgrímskirkjako eliza izan behar zen. Ez zen batere elizkoia inondik inora ere baina leku hark magia berezia zuen beretzat. Argazkietan besterik ez zuen ikusi baina bazekien elizako plazako bankuetako batean eserita etxean bezalaxe sentituko zela. Lotura berezi bat sentitzen zuen leku harrekin eta ez zekien azaltzen zergatik. Reykjavikeko postalik ezagunena zen eliza luterano eder hura eta egia esan, ez zen zaila ulertzen zergatik. Muino baten gainean dago eta hiriko txoko guztietatik ikusi daiteke “Hiria berak zainduko balu moduan”. Europa zaharreko beste eliza batzuekin alderatuta ez da altuegia baina hala ere, Islandiako erakinik altuena da. Aldamenez begiratu ezkero, eliza bat gehiago besterik ez da baina ate nagusiaren parean duen Leif Eriksson, Erik Gorriaren semeari eskainitako estatuatik begiratuta, beste dimentsio bat hartzen du. Hirurogeita hamalau metro eta erdi harri zuri, dorre sendo bat erdian eta bertatik aldamenetara, ia lurrera arte erortzen diren eskusoinu formako bi harrizko hego. Pentsatzearekin bakarrik bertan egoteko grina piztu zitzaion Txomini. Hallgrímskirkjako eliza parean Sigur Rósen kontzertu batez gozatzea zein ederra izango zen amets egin zuen leihotik begiratzen zuen bitartean.

Bat batean, hots ezagunak entzun zituen atzealdean. Nafarroatik irten berriak besterik ez ziren baina harritu egin zuen atzeko eserlekuetan jendea euskaraz hitz egiten entzuteak. Bi eserleku atzerago zeuden bi neska gazte ziren eta hitz egiteko moduagatik nondarrak ziren galdetu beharrik ez zegoen, “Azpeitiarrak zalantzarik gabe”. Oporretara bidean ziren beraiek ere baina Txominek ez zuen entzun nora. Deseroso sentitu zen beste batzuen elkarrizketa entzuten eta bere Ipodeko musikara itzuli zen. Euskarazko hitzik entzungo al zuen zetozen bi asteetan? Moldatuko ote zen ingelesez? “Eskerrak euskaldunak leku guztietan topatzen dituzun…”.

Bakardadeaz pentsatzen hasi eta Bartzelonaz gogoratu zen. Ez zekien zer demontre egingo behar zuen Santseko geltokitik El Prateko aireportura iristeko, “Ezin da oso konplikatua izan… Bartzelona bezalako hiri batek garraiobide ezberdinak ederki komunikatuak izan behar ditu”. Bere burua lasaitzen saiatzen zen baina ez zuen askorako balio izan. Bitxia zen, bi aste igaro behar zituen bakarrik izotz eta suaren lurralde magikoan ingelesez tutik ere jakin gabe, eta beldur gehiago sortzen zion Bartzelonan hamar orduz egoteak.

Urte batzuk lehenago koadrilakoekin Bartzelonara egindako bidaiaz gogoratu zen berriz ere, Rambletatik paseoan sentitu zuen segurtasun ezaz. “Loreak saltzen ari zen amonaz ere ez nintzen fido…”. Esan bezala, herri handi zein hiri txikiak zituen gustuko Txominek eta Bartzelona handiegia zen. “Herri handi eta hiri txikiek kontrolpean dituzunaren sentsazioa eskaintzen dute. Bartzelona kontrolaezina da ordea, edoizein unetan erasotuko zaituztenaren sentsazioa duzu bertan… Hori izango da nire arazoa agian… Dena kontrolpean izan nahi dudala… Nahiz eta ni neu desastre bat izan”.

Bi maleta zeramatzan berarekin eta bidaiarako oso garrantzitsuak ziren gauzak zituen bertan. Beldur zen Bartzelonan igaro behar zituen hamar orduetan lapurreta egingo ote zioten. Zer egingo zuen orduan? “Oporrak porkulo hartzera… Ezin ditut inolaz ere galdu”. Koadrilako Joseba eta Uxune Bartzelonara joan zirenekoaz gogoratu zen orduan. Santseko geltokian ordutegi panel bat begiratzen aritu ziren minutu eta erdian maleta bat ostu zieten. “Ez zait horrelakorik pasako! Pixa egiteko ere ez ditut askatuko…”.

Ez ditut gustuko hiri handiak…” errepikatu zion bere buruari haserretu berri den haur baten moduan besoak bildu eta estutzen zituen bitartean.

Bagoieko leihotik zelai amaiezinek sortutako zerumugari begira zegoela bere burua psikoanalizatzen hasi zen berriz ere. Oso ohikoa zuen ariketa hogeita bi urterekin psikoterapeuta bat ikusten pasa zuen urte betea eta gero. Zergatik zituen hainbeste beldur? Zergatik sentitzen zuen freno moduko bat egiten zuen guztian? Zerbait egin nahi eta beti topatzen zuen arrazoiren bat “Aitzakiaren bat hostia!” gauzak zeuden bezala utzi eta ezer ere ez egiteko. “Beti geldi, ezer mugitu gabe…”. Haurra zenetik horrelakoa izan zenaren sentsazioa zuen, parkean jolasean, eskolan, unibertsitatean, lanean… Eneritzekin. “Gauzak beste modu batera egin banitu…

Burua leihotik kendu eta pentsamendu haietatik ihes egin nahian iPoda heldu zuen berriro. Ordu eta erdi inguru falta zen oraindik Bartzelonara iristeko eta beste lokuluxka bat botatzea erabaki zuen.

Orain arte, horrela doa Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka.