bat eta bat
Bat eta bat (2015/07/27)
Jon Artola
Greziarrek agian Dionisorekin nahikoa zuten jai aitzakiatarako, baina gurean San Joanekin hasi besterik ez da egiten santu jaien zirkuitua: Santa Isabelak, San Pedroak, Santa Anak… Denak kategorikoak noski, nik bezain ondo dakizunez Mikel!
Harritzekoa egiten da, ordea, Gipuzkoa bertan generoaren ikuspuntutik halako harrabotsa sortzen duten jaien ondoan (alarde desberdinak kasu), nolako lasaitasunarekin bizi ditugun guk gureak inguruan. Beti iruditu zait istilu falta honen arrazoia hemen gai hori gaindituta genuelako zela, baina garbi asko geratu zait aurten begirada maskulino huts-hutsa nuelako uste nuela hori. Izan ere, zer eta aurrenengoz egin dute dantza aurten neskek Zumarragako Antion. Aurrenengoz! Eta apur bat gehiago pentsatzen jarrita, oraindik ez dituzte egin ez Beasaingo sokadantza ez beste asko!
Kasualitatea da batzuentzat emakumeek gizonezkoenak soilik ziren eremu eta eskubide guztiak eskuratzea ondo egotea, baina juxtu beraien herriko ohituretan ezin ahal izatea. Ez al zaizu iruditzen Mikel?
Mikel Alvarez
Errazagoa izaten da beti besteena objektibotasunez ikertzea norberarena baino. Hau da, batzuk behin eta berriz errepikatzen dute bertakoak ez direnek ez dutela ezer ulertzen, bertakoa izan behar dela horretarako. Bertakoak ez direnek, ordea, erreka jaiotza bateko ura bezain garbi ikusten dute herri horretan egiten dutenak zentzurik ez duela.
Hala ere, eta ongi diozun moduan, kritika egiten duten horiek ez dute beren herrian gertatzen dena garbitasunez ikusten, Zumarragan edo Beasainen kasu. Umeak ginenetik modu mugiezin horretan gogoratzen ditugu ikuskizun edo ekintza horiek eta inork zalantzan jartzen ez dituen bitartean, ez dugu beraien egokitasun edo ezberdinkeriaz pentsatzen.
Onartuko dizut nik ere bekatu hori egin dudala eta ez dudala sekula pentsatu haurren soka-dantzaren desegokitasunean. Hala ere, garbi izan behar genuke baita ere arazoa, ez dela mutil edo neskek gauza ezberdinak egitea ikuskizun honetan edo bestean, baizik eta nesken papera, mutilenen menpe egotea. Eta bai, gurean horrelaxe gertatzen da soka-dantzan parte hartzen duten neskek mutilek gonbidatuta eta beraien bikote moduan bakarrik hartzen baitute parte. Mila esker Artola, gaur arte ez bainaiz horretaz konturatu. Lan asko daukagu oraindik egiteko.
Bat eta bat (2015/06/19)
Mikel Alvarez
Artola! Badakit ultramatadez eta gurera ekarri duten zorigaiztoko pandemiaz hitz egin genuen azkenekoan hiru astez egon zinela etxetik atera ezinik atarian zain zenuen horda sutua zela eta (bai bai, sarde, lastargi eta guzti!) baina gaur facebooken irakurri dudana eta gero ezin beste gai batekin etorri… Ba al dakizu zein den azken tendentzia ultramatatu eta inguruan sortu duten entrenatzaile, nutrizionista, teknifikazio aditu, galtza-motz aukeratzaile eta gel banatzaile segizioaren artean? Ba heldu zaitez nonbaitera lurrera eroriko zara eta: «Apadrina a un sedentario!».
Bai bai, irakurri duzun bezala. Jainkoak agintzen duen moduko pertsona izan eta kirola behar den bezala egiten dutenak, herrietako potolo alferren aitabitxi bilakatzen ari dira! Beraien bizitzak nagiak suposatzen duen zulo ilunetik atera eta baliozko pertsona bilakatzen dituzte Ultramatada bat egitea lortzen duten punturaino! Dokumentaltxo bat ere egin dute eta adibide moduan ageri den gizajoak, Jordi du izena, Iron Man bat egitea lortu du. Imagina dezakezu atsegin dut festa. Eta nola ez!? Iruzkinak! «Zorionak Jordi. Handia zara!», «Jendeak adibide moduan hartu beharko zintuzke», «Ongi etorri bizitzaz gozatzen dugunon mundura!». Zur eta lur Artola… Kirolik ez egitea ez da ona ez horixe baina, ezer egiten ez duen bat (Jordi kasu), terraza batean garagardo batekin egotetik, 365 egunetan Iron Man bat korritzera eramatea ez da ba oso osasuntsua izango ezta? Benetan, hau eskuetatik joaten ari zaigu eta okerrena da, badirudiela zoratuta gaudenak gu garela…
Jon Artola
Bai, egia da gizartea abiada batetan aldatzen ari dela Mikel. Duela urte gutxi kalean korrika ikustea pentsaezina izango zen adin tarte eta profileko jendea korrika ikusten dela adibidez. Baita bizi guztian beraien burua «gorputza gurtzearen» aurka egondako jendea ere! Baina noski, orain osasunagatik eta natura maite dutelako egiten dute kirola. Izan ere, zer naturarekiko maitagarriagoa mendian korrika egitea baino! Eta zer osasungarriagoa denbora librea, elikadura etab. profesionalen pare, kirolaren inguruan eraikitzea baino!
Egoera berri hau gainera normaltzat eman nahi zaigu, eta baita kasik guztiok iritsi beharreko eredu ere! Jendeak lau maratoiren luzera, gelditu gabe, mendian egin nahi duela? Bada guztiak animatu beharko genituzke eta miresmenez begiratu. Bere borondatez mendi arriskutsu batetara joan eta heriotza gertutik ikusi duela beste batek? Bada, herriko seme kuttun egiten dugu ia-ia.
Azken batean, gizarte sedentario batetik, gizarte bigorexiko-indibidual batera goazela kamarada, honek dakartzan balio guztiekin. Zeren garrantzitsuena osasuna bada adibidez, zergatik ez gonbidatu herriko gizenak talde-kirolen batetan parte hartzera? Noski, honela galdu egingo luketelako agian?
Jatorrizko artikulua Goiberrin.
Bat eta bat (2015/05/08)
Jon Artola
Agian Einsteinek denbora laugarren dimentsioa zela frogatu berritan argi izango zuten denboran, beste dimentsiotan ez bezala aurrera eta atzera joaterik ez zela izango. Baina gaur egun behintzat, hori ezin onartu dabil jendea (emakumeak gehienbat) termodinamikaren leegei ixkin egin nahian. Estetika zentruetara joan besterik ez dago adibidez, norberaren aurpegia 20 urte gaztetzeko! Nahiz eta dena esan behar bada, batzuetan emaitzak denbora bidaia baino, hurruneko unibertso batetatik itzulitakoaren itxura handiagoa izan.
Emakumeen kanpo itxuran soilik eta obsesiboki arreta jartzen duen gizarte baten emaitzarik krudelenetakoa batzuen ustez. Emakumeek beraien gorputz eta diruarekin askatasun osoz nahi dutena egin dezaketenaren adibide besteentzat. (Ipar Amerikako Estatu Batuetan batez ere. Mexikon ez, bestean).
Adibide zerrenda luzera Uma Thurman ere ia gehitu genuen Mikel, azkenean berea makilaia kontua besterik ez zela izan aitortu zuen arte. Aldaketa iragankorra alegia, Photoshop analogikoa. Hura lasaitua e Mikel? 😉
Baina, aldaketek denboran duten iraunkortasuna al da konturik garrantzitsuena? Edo Beyoncé eta Shakiraren azal zuritu eta ile hori lisatuek zerbait gehiago ere esaten digute? Bisturi kultural bat ere existitzen dela?
Mikel Alvarez
Emakumezkoak jarri dituzu zure hausnarketaren xedean Jon baina onartuko dizut hala irakurtzean ez naizela eroso sentitu zure planteamenduarekin. Emakumeena baino gizartearen arazo oso larri baten aurrean gaudela iruditzen zait eta emakumeek (beste hainbat gauza bezalaxe) gu baino gehiago pairatzen dutela uste dut. Ez dut uste emakumee horiek beraien erabakiz hartzen dutenik presio gogor hori bizkar gainean eta bai ordea, gizarte osoak (emakume zein gizonezkoek) modu aukeratuan jartzen duela labana emakumeen txitxi zein zimurretan eta ez gizonezkoenetan.
Estatu Batuetako telesailak ikustea besterik ez dago kontu hau gaixotasun bilakatzen ari dela ziurtatzeko. Batzuek askatasunaren lorpena dela esango dute baina bere itxurari lotua bizi dena nekez izango da sekula aske. Konbentzimendu osoz esango dizut edertasun handiena norberaren gorputzarekin gustura egotea dela eta baten batek esango du, erraza dela hori esatea nire fisiko ikusgarriarekin (aizue, ba bere lana kostatu zait).
“Hau flipatua dago…” Zer? Aizu, ba ni gustura bizi naiz nire txitxiekin eta zu ere ispilura begiratuko bazina irakurle maite hori, konturatuko zinateke zu ere ez zarela Jon Kortajarena. Eta hori da arazoa, gizonezkoei barkatzen dizkiegula emakumeei barkatzen ez zaizkienak. Eta horri gainera bisturi kulturalak gehitzen badizkiegu… Buufff… Zenbat lan egiteko Jon.
Berezko artikulua Goiberrin.
Bat eta bat (2015/04/20)
Mikel Alvarez
Ikusi al duzu Jon geltokiko biribilgunean jarri dugun ikurriña? Eta hori ikusi ez baduzu, Loinatz Plazakoa bai ezta? Ez dira txikiak ez… Ba onartuko dizut ikustean ezin egon arraro batek hartu ninduela eta aberriaz eta abertzaletasunaz pentsatzen eman dudala astea. Abertzalea naiz, hala sentitu izan dut beti. Hasteko, euskalduna sentitzen naizelako eta amaitzeko, gure hizkuntzaren defentsak militantzia moduko bat sortu duelako nire barnean. Hala ere, hori al da abertzale izatea? Zer da abertzale izatea Jon? Itzulpen zehatza “patriota” “patriote” edo ”patriot” da gertu ditugun hiru hizkuntzetan. Hitz antzekoa oso hiru kasuetan eta nahasterako tarte gutxi eskaintzen duena. Hori ikusita, berriz galdetu diot nire buruari abertzalea, edo patriota, ote naizen eta erantzuna ezezkoa dela konturatu naiz. Gogoan dut Espainian izan naizen guztietan bandera hori-gorri erraldoiak ikustean sudurzuloetara iritsi zaidan usain zaharkitu zein ozpindua. Ez al da gauza berbera guk egiten dugunean? Egia da zapalduak izan garela, garela eta ziur aski zapalduak izaten jarraituko dugula bere etorkizuna erabaki nahi duen herri moduan baina, eraiki nahi dugun herrialde berri eta moderno hori, zapaldu gaituztenak bezain harro eta fanatikoa izatea nahi al dugu? Nazionalismoa ideologia bat da hemendik kanpo. Nazioa jartzen du maparen erdian eta hori izaten da gizarte eta politikaren motorra indarrean dagoen herrialdeetan. Bandera arrazoi eta helburu… Jon, ez dut hori gustuko eta onartuko dizut amesten dudan Euskal Herri askea, ez dela horrelakoa.
Jon Artola
Ekintza eznaturala izan da bai nonahi ikurrinak jartzearen kontu hau eta normala zu ere zer pentsa jartzea. Nor ez?
Nik ere garbi dut Mikel, Espainia eta gurearen artean bizi izandako guztiaren ondoren, gauzak nola ez diren egin behar jakin beharko genukeela jada, baina zoritxarrez, historia goitik behera erabat errepikatzen ez bada ere, errimatu gutxienez egiten du eta auskalo zer ikusiko dugun etorkizunean. Prestatu hortaz zure beldurretakoren batzuk agian ikustera.
Eta gainerakoan zer esango dizut ba nik? Bada niri ere erantzunak beharrean galdera gehiago bururatzen zaizkidala putzu sakon honen inguruan.
Esate baterako, abestiak eta poetak zioten moduan ‘bandera trapu bat al da haizerik ez badabil’? Eta ‘haizea dabilenean gauzak oso bestelakoak badira ere, banderak trapu bat izaten jarraitzen al du’? Edo eta azken batetan trapu batek bere funtzioa betetzen duen bezala banderak ere eduki positiboz bete ahal genitzake eta askatasuna lortu ondoren, nahi bada sutara bota? Edo, zergatik ez dituzte jarri adibidez errumaniar edo marokoar banderak biribilgunetan udaletxeko balkoietan bezala? Ez al luke horrek agian patria beldurgarria matria erakargarri bihurtzen lagunduko?
Jatorrizko artikulua Goiberrin.
Bat eta bat (2015/01/23)
Jon Artola
Aurreko batetan Mikel, adin guztietako jendetza, gaztetxo nahiz heldu, egun argiz biltzen ikusi nuen Beasainen, etxeko arroparik dotoreenak txukun-txukun jantzita, ardoaren inguruan biltzen eta ogia jaten. Ospakizunen bat ezbairik gabe. Oraintxe zutik, geroxeago eserita. Ardo kopa gora, ogi puska eztarrian behera. Hizketan batzuetan, isilik besteetan.
Dagoeneko elizara joan ote nintzen pentsatzen ariko zara, baina ezezkoa eman beharrean natzaizu Mikel. Aipatu dizudan egoera igandez baizik ostegun batez eman zelako. Zineklubera joan ezin izan nuen ostegun arratsalde batez hain zuzen ere, ditxosozko pintxo-potean. Konparaketa hala-moduzkoa dela esan ahal zenidake, baina txikiteroentzako sortutako ekintza, elizako ospakizun eta ezkontza meza ondorengo mokadutxoaren arteko egoera ‘erabat zuzen’ eta ‘bekatuz garbia’ bihurtzen ari dela iruditzen zait. Ekintza negatibo marjinal baten neutralizatzea, baina baita nolabaiteko ‘kontserbadoretzea’ ere, jendeak itxura, arropa eta jarrera zuzenari ematen dion garrantziagatik.
Hari punta bati tiraka katramila handiegia ari naiz sortzen agian, baina antzemango zenuenez mina eman zidan, mundu osoko zinema interesgarriena dakarkigun zinekluba hutsik dagoen bitartean, kaleak jendez lepo daudela jakiteak.
Zinekluba ilegalizatu beharko genuke agian, jendea joaten hasteko.
Mikel Alvarez
Ez dut uste debekatuz gizartearentzat ezer ona lortuko duzunik. Are gutxiago, Euskal Herrian jana eta edana kriminalizatzen hasten bazara… Azti non sartzen zaren Jon.. Gainera, ez dut uste Zinekluba hutsik egotearen erruduna pintxopotea denik. Orain ez urte asko ez zegoen pintxopoterik eta zineklubera animatzen zen jende kopurua ez zein ikusle olatu geldiezin bat. Egia da, ikusle gutxi batzuk pintxopotea aukeratu dutela zineklubaren ordez eta hori kolpe gogorra izan da ostegunetako zine saioarentzat.
Urteak daramatzagu kultur ekintza ezberdinak antolatzen eta gutxitan gerturatzen dira hamar lagun baino gehiago (erdiak antolakuntzakoak). Esperientzia horrekin ez dut ulertzen nolatan jarraitzen duzun fenomeno tamalgarri horrekin harritzen. Kulturak ez du molatzen Jon, ez da modernoa. Benetan molatzen duena guapo egotea da. Elizan, pintxopotean edo korrika nola ez. Aspaldi galdu dut gure Beasain honetan kultura herriak izan nahi duenaren plan estrategikoaren ardatz izatea. Errazagoa da jendea jan-edanera edo korrika egitera animatzeko ekintza berriak antolatzea (gutxi omen dira…). Hori dela eta, hemendik aurrera Beasain Challengea ere izango dugu guztion gozamenerako. Bitartean, zinekluba hutsik, liburutegia zerbitzu minimoetan eta kultur eskaintzaren %80a folkloreari eskainita. Hori bai, oso guapo eta sasoi betean Jon.
Bat eta bat (2014/12/12)
Mikel Alvarez
Gabonak gainean ditugu eta zertarako gezurretan hasi, gu ere kontsumismoaren zurrunbiloan murgiltzen gara. Ez dut gehiegi atsegin shoping delakoa edo bizitza puta guztian esan dugun moduan, erosketak egitea. Hori dela eta, garai hauetan merkatal zentro erraldoi horietako batera joaten gara egin beharreko guztia kolpe bakarrean egiteko. Aurten Gasteizera joateko erabakia hartu genuen eta egia esan gustura itzuli ginen autoko maletategian ekarri genuenarekin. Han ikusi genuenak ordea, beste aho zapore bat utzi zidan. Herrietatik joaten garenak egun bat markatzen dugu egutegian eta egun hartako eguraldi bikaina ez zen plana bertan behera uzteko arrazoi nahikoa izan. Hala ere, asko harritu ninduen bertan ikusi genuen jende gehienak bertakoa izatearen itxura izateak eta are gehiago, ez zirudiela erosketak egitera joan zirenik. Egun pasa zebiltzan han, alde batetik bestera. Gaztetxo koadrilak batzuk eta haur txikidun familiak besteak… Benetan, ez al dute plan hobeagorik larunbat arratsalde eguzkitsu baterako. Gu ahal bezain azkar alde egin nahian eta besteak aldiz, atarian hizketan auzoko atarian egongo balira moduan. Kevin Smithen Mallrats filma bikaina datorkit burura une honetan eta hemen ere halako jendea ote dugun galdetzen diot nire buruari. Eta garrantzitsuagoa dena, jendeak hori baino plan hobeagorik ez izateko gaizki zer egin ote dugun gizarte moduan.
Jon Artola
Abiada bizian aldatzen direla gauzak Mikel! Nik ere gogoan dut oraindik nola gaztetan, ez nuen ulertzen estatu batuetatik zetozkigun serie eta filmetan zioten ‘Merkatalgunera noa arratsaldea pasatzera!’ hura. ‘Arratsalde guztia Eroskin sartuta? Barazki, haragi eta poteko janari artean?’ pentsatzen nuen, ‘A ze aspergarria!’. Geroago iritsiko zitzaizkigun ordea zineak, tabernak eta abar zituzten estatu batuar erako gune komertzial handiak, eta pelikuletako esaldi hark erabateko zentzua hartuko zuen.
Baina gizarte bezala ditugun akatsei begiratu beharrean Mikel, gune horiek ondo egin dituzten kontuak azpimarratuko nituzke nik gehienbat. Izan ere, gako batzuetan erabat asmatu dutelakoan nago. Adibidez, hiriguneetatik kanpo dauden ezleku-kutxa itxi-neutro horiek, berdin-berdin irensten dituzte beraien baitan irlandar tabernak, sofadun kafetegiak, ume-jolas parkeak edo kirol dendak, guztiok aurkitu dezagun erakargarri suertatuko zaigun guneren bat. Eta noski, argi naturalik gabe. Hots, denboraren joanaren zentzurik gabe. Espazio eta denboratik at hortaz. Errealitatearen zikintasunetik at, amets edo pelikula batetan bezala. Eta finean, gure dirua ere benetakoa ez balitz bezala gastatzea gustatuko litzaieke hauei, baina noski, hori gehiago kostatuko zaielakoan nago.
Bat eta Bat (2014/09/26)
Mikel Alvarez
Parrandazaleak izan gara, edo gara. Hala ere, gure parrandak modako tabernak ez diren beste eremu batera igarotzen ari gara azkenaldian. Gogoan dut hogeita gutxi urte genituela herriko tabernetan jo ta su ari ginela hogeitamagutxi urteko jendea ikusten genuenean pentsatzen genuena: «Begira, aiton-amonak parrandan atera dira berriz». Urte batzuk geroago, beti bezain gazte jarraitzen dugu eta zer demontre! Noizean behin bada ere, tabernetara jaisten gara parranda egitera. Azkenekoetan, ordea, aiton-amonak gu garela irakurtzen dut gazteenen begietan. «Ze lotsa, nik adin horrekin ez dut parrandan ibili nahi» diotela dirudi begirada aztertzaile zein zorrotzarekin. Aizu! Noizean behin ateratzen naizela! Eta gainera! Ze hostia! Ez dit lotsarik ematen! Nahiz eta zeintzuk zareten ez dakidan, nahiz eta tabernan kanpoan geratzen garen barruan trote gehiegi dagoelako… Batzuetan gainera, gaztetxo hauetako batekin hizketan hasi eta jokuz kanpo egongo bazina moduan hitz egiten dizutela konturatzen zara, parranda bat zer den jakingo ez bazenu moduan. «Guk jagerbombak edaten ditugu», dio mesprezuz zure gintonicari begira. Ba zer demontre! Guk ere edango dugu bat gaur! «Ez ez, hobeto ez, oso gogorra da», erantzuten du. «Nola? Zuk ez dakizu nor garen! Kontatuko banizu… kontatuko dizut» eta guk ere jagerbomb bat edaten dugu. Oraindik urdailari buelta eman ezinik nabil. Zer moduz sartu zitzaizun zuri Artola?
Jon Artola
Ez da erronka makala.Bada nik ere barne hodiren bat apurtuta edo gutxienez batzuk tokiz aldatuta ditudala uste dut. Ez baita normala komunerako maiztasun hau! Jagerbomb horri Coca-Cola apur bat nahastu beharko diogu hurrena. Tripentzat ona omen den kontuarengatik, badakizu.
Eta zu lasai Mikel, jendeak gure gaueko abenturak eta kalenturak ezagutzen ez baditu, dokumentatzerik izan ez dutelako baita. Internet aurrekoak izatean, gure gaztaroak utzitako arrastoak VHS zintekin batera joan ziren, eta ezin horrela urtez-urte, festarik-festa apurtutako markak trasmititu! Baina hobe horrela! Gainerakoan Interneten ahaztuak izateko eskubideen inguruan ariko ginateke eta! kar, kar, kar.
Bestalde, eta diozun moduan, aitortu beharra dugu guk ere horrelakoak pentsatzen genituela. Eta oraintxe bertan, adibidez, gu baino jende zaharragoa gureak sentitzen ditugun ingurunetan ikustean ere burutik pasatzen zaizkigula. Esate baterako lagunekin… emmm… ba adibidez… zera… Wow Mikel! Posible al da egoera bat bera ere ez bururatzea! Demontre, banengoen ba ni, duela urte batzuk inondik inora erakartzen ez ninduten planak gustura egiteak zerbait txarra eduki behar zuela! Goizetan egindako patata tortila eta fiambreradunak besteak-beste…
Coca-Cola bi bider bota beharko diogu hurrena Jagerbomb madarikatu horri, Mikel. Lehena urdailari laguntzeko eta bigarrena, herdoilak kentzeko! Zaharrak garela kamarada! Edo beno, hobe esan: Vintage Originalak!
Berezko artikulua, Goiberin.
Bat eta Bat (2014/06/27)
Jon Artola
Aurreko batetan hitzeman bezala, azkenean korrika egiten hasi naiz Mikel, eta oso ondo dagoela aitortu beharrean natzaizu. Jendeak arrazoi zuen. Behin harra sartuta, ordea, erronka handiagoei ekitea erabaki dut, eta buru-belarri ekin diot zer eta mendi lasterka luze-luze horietakoak prestatzeari.
Astean nik mendian adina denbora inork tabernan edo bideojokoetan pasako balu, edo eta prestakuntzak nire bizitzan duen garrantzia bestelako ezeri emango balio, arazoren bat argi eta garbi lukeela pentsatuko luke jendeak. Baina niri animatu eta aurrera jarraitzeko esaten didate, eta horrek indarrak ematen dizkit.
Pena bat da paisaiaz eta naturaz disfrutatzeko denbora gehiegi ez edukitzea, edo eta horren zabalduak ditugun eraikin megalitiko eta datxekien kondaira, mito eta abarrei behar adinako arreta eskaintzerik ez izatea, baina dena ez da posible Mikel. Oraintxe bertan ibilbidea ahalik eta azkarren egitea da kontua. Tren azkar batentzat xedea bidaia burutzea den bezalaxe, tarteko herrietan gertatzen denaz gehiegi arduratu gabe.
Jendearekin hizketan halere, oraindik taldetik kanpo sentiarazten nauten gaiak badirela ohartu naiz, nahiz eta kirola
egiten hasi naizen. Guztien errege noski, telesailen inguruko elkarrizketa gaiak. Honetan ere zerbait handia galtzen ari naizenaren sentsazioa dut. Zuk honetaz asko dakizu, eta horregatik galdetzen dizut jakinminez, hala al da Mikel?
Mikel Alvarez
Bihotzez pentsatzen nuen gaur egungo kirol-epidemiaren kontua itxitzat jo genuela azken aldian Artola, eta ez naiz berriz sastraka horretan sartuko (nahikoa heriotza mehatxu jaso nituen azkenarekin…). Horregatik, telesailen kontuari helduko diot, onartu beharrean bainaiz aspaldian horixe dela nire gaixotasunik larriena. Kontua galdu dut dagoeneko zenbat telesail ikusten ari naizen aldi berean, eta aitortuko dut, dagoeneko ez dudala telebistarik ikusten. Ez, ezta pixka bat ere, benetan. Gogoan dut garai batean telebista ikusten ez zutela ziotenak zein aluak iruditzen zitzaizkidan: «Nola ez duzu ba telebistarik ikusiko?». Pre-hipster jarrera txatxu bat besterik ez zitzaidan iruditzen eta oraindik ez dakit nola barneratu beraietako bat izaten amaitu izana. Arrazoia bakarra eta garbia da Jon: kaka-zaharra da. Hala ere, gogoko dut ikusentzunezko komunikazioa eta gure etxeetara iristen denak ezer eskaintzen ez didanez, beste leku batzuetan hasi naiz bila.
Bide horretan, maisulanak topatu ditut, eta telesailen kalitate zein berrikuntza gaitasuna noraino iritsi daitekeen ikusten ari naiz, edo ez, egunero topatzen dudalako muga gorago jartzen duen lan bat. Lost, Fringe, Breaking Bad, Tronu Dema (kasu honetan liburuekin geratzen naiz), The Wire, The Sopranos, True Detective… Aukera amaiezina da eta astero ale berri bat eskaintzen dute gainera. Maixulan horiek gutxi balira, telesail arinagoekin ere ikaragarri gozatzen dut: Revenge, The Mentalist, Castle, Falling Skies edo nerabetzarotik ikaragarri kuttun dudan Stargate handia… Bai Jon, aspaldi ez naiz mendira joan…
Berezko artikulua, Goiberrin.
Bat eta Bat (2014/05/16)
Mikel Alvarez
Badakit bidaiazale amorratua zarela Jon, eta horren froga dira zure pasaporteko hamaika zirriborroak. Gainera, ni baino ausartagoa izan zara beti arlo horretan. Hala ere, itxaropena dut Europan zehar bidaiatua zarela eta, hala bada, garbi daukat behin baino gehiagotan pentsatuko zenuela «hauek gu baino aurreratuago daude» errepikakor hori. Gauza askorekin gertatu izan zait Europara zaharrera bidaiatu dudan bakoitzeko, baina bada gauza bat jende gehiagori ere entzun diodana. Eta zer da? Ba gizaseme alferrena ere zoriontsu egingo lukeen garraio publikoa! Merkea eta txartel-zulatzaile gabea! Nola da posible? Ba bai, jendea autobus, tren, metro edo tranbian sartu eta bere borondatez ordaintzen du!
Sinestezina… Hemen horrelakorik jartzea pentsatzen dugu halakoetan, baina ez dugu garbi ikusten. Ederra izango litzateke bai, baina ezinezkoa. Zuk uste hemen inork tren txartel bat ordainduko lukeela derrigortuko ez balute? Ba nik, garbiago dut egunero, ez. Are gutxiago bosgarren edukiontzia erabiltzeagatik hobariak eskaini eta marroietik txartela pasatzen dugunean, gure ekintza zenbatu ondoren zakar poltsa bakarra
berdera botatzeko. Edo TAOa dela eta, alboko herrian (merkeagoa delako) erroldatua genuen autoarekin egoiliar txartela lortzeko zer egin behar dugun galdezka gabiltzanean… Ez dugu barkamenik Jon.
Jon Artola
Demontre Mikel, baina jendeak guzti horiek egiten al ditu ala? Zeinen inozentea naizen alajaina! Ikusten dut xoxak aurrezteko aukerak galdu eta galdu nabilela egunero. Arraioa, herriko aberatsenen artean nintzateke honezkero!
Edo beno, agian… agian ez, ezta Mikel? Zaborrengatik urtean 20 euro aurreztuz behintzat, gaur egungo maila berberean nengoke gutxi asko. Ikaragarria da bai, jendeak horrelako trikimailuekin herrikideei iruzur egitea eta ondoren, auto, telefono, aseguru edo argi indarretan multinazionalei horrenbesteko erreparorik gabe eta agian konturatu ere egin gabe, hilean 5 edo 10 euro gehiago ordaintzea.
«Lehen ere nahikoa zerga ordaintzen ditut», «besteek ere egiten dute» edo «niri ezer esan aurretik sar daitezela ustelkeria kasu handiekin» bezalakoak pentsatuz justifikatzen du jendeak bere burua (azken honetan arrazoiz agian, pikareskaren batura, ustelkeria handiekin konparatu beharko litzateke eta). Baina sorgin-gurpilarekin apurtu beharra dago, azkenean inork ez baitu ezer ordainduko, besteek ordaintzen ez dutelako.
Eta beno Mikel, behin berriketan ari garela, nola du izena aurrekoan deskargatzeko gomendatu zenidan musikariak? Izan ere, estreinatu berri den pelikula bat online ikusten nengoen eta ez nuen inon apuntatu. Badakizu, «lehen ere kulturan nahikoa ordaintzen dut», etab.
Berezko zutabea, Goiberrin.
- 1
- 2
- Hurrengoa →