Month: apirila 2014
Finlandia (1. atala) – 1.9
Alde batetik, Gullfoss eta Dettifoss ur-jauziak ikusi nahi zituen, baita Haukadalurreko geyserrak ere eta bestetik, Vatnajökull eta Langjökull glaziarrak. Eta nola ez, Eyjafjallajökull sumendi madarikatu zein ahoskatu ezina “Ikasi behar dut ba izen hori ahoskatzen!”. Apirilaren hamalauan izan zuen erupzioa eta iskanbila ederra eragin zuen mundu osoan. Zortziehun bat pertsona atera zituzten inguruetatik eta inor akabatu ez bazuen ere, aireko trafikoan arazo ederrak sortu zituen. 20.000 hegaldi geratu ziren bertan behera mundu osoan zehar. Hasiera batean Islandiako turismoarentzat negatiboa eman zezakeen gertaera horrek ordea, izotz eta suaren lurraldea mapan jartzea lortu zuen. Erupzioa eta bi hilabetera, inoizko udarik oparoena espero zuten Islandiar turismoarentzat.
Bera ordea, ez zen talde horretako kide sentitzen. Berak ere Eyjafjallajökulleko erupzioaren ostean erabaki zuen bertara joatea baina sumendi ahoskatu ezinak ez zuen eraginik izan erabakian. Islandia aspaldi zegoen Txominen mapan “Lehen diskotik ezagutzen nuen”.
Fantasiazko lekuak ziren derrigorrez bisitatu beharreko leku horiek guztiak; ur-jauzi amaiezinak, ezerezetik agertu direla diruditen glaziarrak, lurretik ura jaurtitzen duten zuloak… Hala ere, bazen leku bat Islandian paraje magiko haiek baino gehiago erakartzen zuena eta inork bereziki gomendatu ez ziona. Leku hori, hiriburua bera zen, Reykjavik.
Herri handi eta hiri txikiak gustatu izan zitzaizkion beti Txomini eta hortxe sentitzen zuen erosoen bere burua. Reykjavikek 119.000 biztanle besterik ez zituen “Donostia eskandinaviar bat”. Ikaragarrizko bizia zuela irakurri zuen nonbait, kale guztietan kultura apur bat topatu zitekeela eta bazuela argazkietan hauteman ezin daitekeen zerbait. Asko erakartzen zuen Reykjavikek, are gehiago udan izaten duten klimarekin, hamalau gradu eta zerua aratz, “Paradisua…”. Garbi zuen gainera hiriburura iritsi bezain pronto nora joan behar zuen. Bere lehen geldialdia Hallgrímskirkjako eliza izan behar zen. Ez zen batere elizkoia inondik inora ere baina leku hark magia berezia zuen beretzat. Argazkietan besterik ez zuen ikusi baina bazekien elizako plazako bankuetako batean eserita etxean bezalaxe sentituko zela. Lotura berezi bat sentitzen zuen leku harrekin eta ez zekien azaltzen zergatik. Reykjavikeko postalik ezagunena zen eliza luterano eder hura eta egia esan, ez zen zaila ulertzen zergatik. Muino baten gainean dago eta hiriko txoko guztietatik ikusi daiteke “Hiria berak zainduko balu moduan”. Europa zaharreko beste eliza batzuekin alderatuta ez da altuegia baina hala ere, Islandiako erakinik altuena da. Aldamenez begiratu ezkero, eliza bat gehiago besterik ez da baina ate nagusiaren parean duen Leif Eriksson, Erik Gorriaren semeari eskainitako estatuatik begiratuta, beste dimentsio bat hartzen du. Hirurogeita hamalau metro eta erdi harri zuri, dorre sendo bat erdian eta bertatik aldamenetara, ia lurrera arte erortzen diren eskusoinu formako bi harrizko hego. Pentsatzearekin bakarrik bertan egoteko grina piztu zitzaion Txomini. Hallgrímskirkjako eliza parean Sigur Rósen kontzertu batez gozatzea zein ederra izango zen amets egin zuen leihotik begiratzen zuen bitartean.
Bat batean, hots ezagunak entzun zituen atzealdean. Nafarroatik irten berriak besterik ez ziren baina harritu egin zuen atzeko eserlekuetan jendea euskaraz hitz egiten entzuteak. Bi eserleku atzerago zeuden bi neska gazte ziren eta hitz egiteko moduagatik nondarrak ziren galdetu beharrik ez zegoen, “Azpeitiarrak zalantzarik gabe”. Oporretara bidean ziren beraiek ere baina Txominek ez zuen entzun nora. Deseroso sentitu zen beste batzuen elkarrizketa entzuten eta bere Ipodeko musikara itzuli zen. Euskarazko hitzik entzungo al zuen zetozen bi asteetan? Moldatuko ote zen ingelesez? “Eskerrak euskaldunak leku guztietan topatzen dituzun…”.
Bakardadeaz pentsatzen hasi eta Bartzelonaz gogoratu zen. Ez zekien zer demontre egingo behar zuen Santseko geltokitik El Prateko aireportura iristeko, “Ezin da oso konplikatua izan… Bartzelona bezalako hiri batek garraiobide ezberdinak ederki komunikatuak izan behar ditu”. Bere burua lasaitzen saiatzen zen baina ez zuen askorako balio izan. Bitxia zen, bi aste igaro behar zituen bakarrik izotz eta suaren lurralde magikoan ingelesez tutik ere jakin gabe, eta beldur gehiago sortzen zion Bartzelonan hamar orduz egoteak.
Urte batzuk lehenago koadrilakoekin Bartzelonara egindako bidaiaz gogoratu zen berriz ere, Rambletatik paseoan sentitu zuen segurtasun ezaz. “Loreak saltzen ari zen amonaz ere ez nintzen fido…”. Esan bezala, herri handi zein hiri txikiak zituen gustuko Txominek eta Bartzelona handiegia zen. “Herri handi eta hiri txikiek kontrolpean dituzunaren sentsazioa eskaintzen dute. Bartzelona kontrolaezina da ordea, edoizein unetan erasotuko zaituztenaren sentsazioa duzu bertan… Hori izango da nire arazoa agian… Dena kontrolpean izan nahi dudala… Nahiz eta ni neu desastre bat izan”.
Bi maleta zeramatzan berarekin eta bidaiarako oso garrantzitsuak ziren gauzak zituen bertan. Beldur zen Bartzelonan igaro behar zituen hamar orduetan lapurreta egingo ote zioten. Zer egingo zuen orduan? “Oporrak porkulo hartzera… Ezin ditut inolaz ere galdu”. Koadrilako Joseba eta Uxune Bartzelonara joan zirenekoaz gogoratu zen orduan. Santseko geltokian ordutegi panel bat begiratzen aritu ziren minutu eta erdian maleta bat ostu zieten. “Ez zait horrelakorik pasako! Pixa egiteko ere ez ditut askatuko…”.
“Ez ditut gustuko hiri handiak…” errepikatu zion bere buruari haserretu berri den haur baten moduan besoak bildu eta estutzen zituen bitartean.
Bagoieko leihotik zelai amaiezinek sortutako zerumugari begira zegoela bere burua psikoanalizatzen hasi zen berriz ere. Oso ohikoa zuen ariketa hogeita bi urterekin psikoterapeuta bat ikusten pasa zuen urte betea eta gero. Zergatik zituen hainbeste beldur? Zergatik sentitzen zuen freno moduko bat egiten zuen guztian? Zerbait egin nahi eta beti topatzen zuen arrazoiren bat “Aitzakiaren bat hostia!” gauzak zeuden bezala utzi eta ezer ere ez egiteko. “Beti geldi, ezer mugitu gabe…”. Haurra zenetik horrelakoa izan zenaren sentsazioa zuen, parkean jolasean, eskolan, unibertsitatean, lanean… Eneritzekin. “Gauzak beste modu batera egin banitu…”
Burua leihotik kendu eta pentsamendu haietatik ihes egin nahian iPoda heldu zuen berriro. Ordu eta erdi inguru falta zen oraindik Bartzelonara iristeko eta beste lokuluxka bat botatzea erabaki zuen.
Orain arte, horrela doa Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka.
Errusiatik ekarritako ipuinak: Dimitri zapatariarena
“Listo, maleta itxita”. Hiru gau zeramatzan Arbat kaleko Da! Hostelean lotan eta guztia ondo aterako balitz, bertan igarotako azkena litzateke “Hala izan dadila mesedez…”. Urtebete pasa berri zen bere bizitza aldatuko zuen bidaiarako aurrezten hasi zenetik. Hamaika urterekin hasi zen Vassili zaharrarekin zapatari lana ikasten eta ikaragarri gustatzen zitzaion. Goizero seietan esnatzen zen Vassilien hitzetan, gizon onak, goizeko zazpietarako lanean ari baitziren “Dimitri, Goizeko bederatziak baino beranduago etxetik irteten den gizonak, arreta gehiago eskaintzen dio gauari egunari baino”. Bazekien zerbait horren inguruan Dimitrik. Ez zuen oroitzapen gehiegi bere aita zenaz baina gauetan, eta izerdi patsetan esnatzen zen bakoitzeko, bere irudia zizelkatua izaten zuen buruan. Amorruz gorri, eta atzera botatzen zuen vodka usainarekin. Horrela esnatzen zenean, nahi baino gehiagotan, norbaitek ukuilu osoa vodkaz busti zuela hitz emango luke. Sudur zuloetatik sartu eta garuneraino iristen zitzaion kiratsa. Agian, horregatik ez zuen sekula vodkarik probatu.
Goizeko bederatzietan geratu zen Kadhasevskyi kaleko zapatariarekin baina Vassili zaharrarekin hartutako ohiturek bere horretan jarraitzen zuten. Goizeko seietan esnatu eta dutxa bero bat hartu zuen hosteleko dutxa nimiñoan. Ordu horretan lo behar luke Da! Hostelak baina egun horietan turista atzerritarrez josita zegoen. Dutxan zegoela, ulertu ez zuen hizkuntza batean oihuka sartu zen koadrila bat entzun zuen sarreran. Erabat mozkortuta zeuden eta beraietako bi komunetan agertu ziren. Ez zuen hizkuntza ulertzen baina hitz egiteko moduagatik errusiarrez hitz egingo balute ere berdina ulertuko ziela pentsatu zuen “Dirua izan eta horrela xahutu behar da gero…”. Bi mozkorrak komunetik atera arte itxaron zuen dutxatik irten eta lehortzeko. Amaitzean, toalla lurrera bota eta aurrean zintzilikatua zuen trajeari begira geratu zen. Ia ia, Botovotik Moskurako tren txartela bezain beste kostatu zitzaion baina ikaragarri dotore ikusi zuen bere burua jantzi zuenean “Lortuko dut”.
Gelara sartu eta bi mozkorrak bere gelan zeudela konturatu zen. Hala ere, eta bere zorterako, argia piztu ere egin gabe ohean sartzen ari ziren. Une hartan, eta gelaren iluntasunean ohean eserita zegoela, Olesyaz gogoratu zen. Hamahiru urte zituztenetik zeuden elkarrekin eta bera zen bidaia harren arrazoi nagusia. Bere ahizpak harrobiko ateetan igarotzen zuen eguna, beste hainbatek bezala, langileak noiz irten eta rublo batzuk ateratzeko zain. Olesyak ordea, ez zuen halakorik nahi beretzat. Olesyak ametsak zituen eta Dimitri zoriontsu egiten zuen amets horietan egoteak “Lortuko duzu eta zurekin joango naiz Moskura bizitzera. Zoriontsu izango gara Dimitri”. Bere azalaren berotasun leuna sumatu zuen berearen aurka hots ikaragarri batek trantzetik atera zuenean. Mozkorretako bat goiko ohatzeetako batetik erori zen. Danbatekoa beldurgarria izan zen. Ohetik altxatu gabe argia piztu eta mozkorra bere azpiko ohean zegoen neskarekin hizketan ari zela ikusi zuen “Ez zaio ezer gertatu”. Argia itzali eta gelatik irten zen.
Sukalde atsegina zen Da! Hostel hartakoa. Armairu zein hozkailuz betea zegoen eta horietako batean zituen hiru egun haiek igarotzeko eraman zuen janari guztia. Gazta zati bat, oilasko bular gatzatu bat eta amak maitasun osoz prestatu zion infusioetarako belarra. Te bat prestatu zuen eta bidaia hark etxean utzi zituen guztientzat suposatzen zuena etorri zitzaion burura. Olesyak Moskun bizi eta lan duin bat bilatu ahal izango luke eta amak, amak lasaiago bizi ahal izango luke astero bidaliko zion diruarekin. Bizitza ez zen zintzoa izan amarekin. Gizon galdu batekin elkartu zen eta sei urteetan zehar, babesa eta maitasuna eskaini beharrean, jipoiak besterik ez zizkion eman. Urte horietan jaio zen Dimitri baina azkena izan zen. Egun batean, bere aita zenari eskua joan zitzaion eta ama hilzorian utzi zuen sukaldeko zoruan botata. Hurrengo goizean bere hiru osabak aita zenaren bila joan ziren eta horrezkero, ez zen gehiago jakin. Herri guztiak zekien errekako arrainen jateko izaten amaitu zuela iluntze hartan baina inork ez zuen hartaz hitz egiten. Botovo horrelakoa zen.
Vassili zaharrak ederki erakutsi zion zapatari lana, nahikoa Moskuko zapata denda batean lana topatzeko. Gerora, diru apur bat egindakoan, berea zabalduko zuen. “Pixkanaka Dimitri” errepikatu zion bere buruari. Azkar ikasten zuen eta azken urteetan Vassili zaharrak baino lan gehiago, azkarrago eta hobeto egiten zuen. Urte bete lehenago, goizero bezala etxetik irten eta Vassiliren tailerrera iritsi zenean, bere aulki zaharrean lanean topatu zuen zapatari zimurtua “Hemendik aurrera, ez zaitez gehiago etorri. Une bat iristen da mutil ororen bizitzan, gizon izaten hasi eta bere bidea jorratu behar duena. Eta zu, berandu zabiltz”. Egun hartan hasi zen Moskurako bidaiarako aurrezten.
Janaria poltsa batean sartu eta gelara sartu zen maletaren bila. Dagoeneko isiltasuna zen nagusi bertan eta hotsik egin gabe utzi zuen “Betiko“. Korridoretik sarrerara bidean zihoala ispilu batekin egin zuen topo. Gorbata bere lekuan jarri eta aterruntz zuzendu zen “Gaur hasten da nire bidea”.
Finlandia (1. atala) – 1.8
-¡Perdón! – jauzi ederra eman zuen Txominek eserlekuan neska gazte, lirain eta dotore bat sorbaldan kolpe txikiak ematen ari zitzaiola konturatu zenean. Behin sustoa pasata, Iruñeako geltokitik ateratzen ari zirela ikusi zuen eta baita, bere ondoan libre zegoen eserlekuan aitona betaurrekodun burusoil bat agertu zela. Bere begi txikiek Txominen begi lokartuetan zuten arreta osoa eta hizketan ari zitzaizkion, “ Egingo al diozu kasu behingoz nik lotan jarraitu dezadan?”. Ipodaren entzungailuak belarrietatik kendu eta neskari zuzendu zion begirada.
-¿Si? ¿Qué pasa? – Erantzun zion aurpegian enpanada galiziar bat zuela.
-Se ha sentado usted en mi sitio – “Usted!? Aizu guapa! Hogeita zazpi urte ditudala! Nire sareetan eroriko ez den beste bat…”
-No, lo siento mucho pero estoy en el asiento que me corresponde – “Toma morena! Ingelesez ez baina erderaz!? Eh! Eh!” – Mire – Lau aldiz tolestutako eta tren txartel bat zen orri zuri bat karpetatxo berdetik atera eta erakutsiz “Zenbat klase ostu dion internetek bidaiatzeari…” -14B, aquí lo pone – Esan zion gudu luze bat irabazi eta arerioa betiko menperatzen duenaren aurpegiarekin. “TXO MIN! TXO MIN! TXO MIN! Entzuten da harmailetan!”
Opuseko fakultatetik atera berria zirudien neskak aldiz, ez zuen gudu luze bat galdu zuenaren aurpegirik eta bai, parean zuen abarkadun ezjakina zapaldu izanaren irriparrea. “Ez da seinale ona… Zer gertatzen da? Orain esan behar didazu ezta?”.
-Ya, pero en su billete pone coche cuatro y este este es el dos – potroetan ostiko bat eman izan baliote bezalaxe.
– Hostia! Pues no me habia dado cuenta. Ya lo siento – tximista baino bizkorrago 14Btik altxatuz – ¿Y cual es el coche cuatro? – “Muy bien fenomeno! Oso galdera ona! TXO MIN! TXO MIN! TXO… Gilipollas.”
– Pues el que está dos más atrás que este… – Ardi batekin hitz egiten arituko balitz moduan erantzun zion bere ama bezala janzten zen neska gazteak. “Bi gehi bi, lau Txomin. Konplexua da baina harrapatuko duzu… Fak! Opus guins agen! Alua… The Smithsen Girl Afraid honentzat”
Suncamp handia maletategitik jaitsi eta Quechua txikia heldu nahi izaterako, ederki heldua zuen ondoko aitona burusoil betaurrekodunak. Arrain arrantzatu berri baten moduan zintzilikatua zuen eskutik eta irriparre batez eskaini zion Txomini. “Gustatu zaio honi bidaia kide aldaketa… Orain ez du lokuluxkarik botako kabroiak…”.
Suncamp handia bizkarrean hartu, Quechua txikia eskubiko eskuarekin heldu eta pasilloan gora jo zuen laugarren bagoira iritsi nahian. Trenak ordea, ez zion errukirik izan eta alde batetik bestera astindu zuen eserleku guztiak jo eta bidaiari guztiak aztoratuz, “Tren puta honi ez zaio asko axola ba ni bere herrikoa izatea… Ziur Ordiziako pabiloi batean egin zutela…”. Bi bagoi geroago eta bide osoa larunbat gaueko edozein mozkorren moduan egin ostean, laugarren bagoiko 14Bra iristi zen. 14A eserlekuan zegoen emakumeak Quechua txikiarekin lagundu zion Suncamp handia eserleku gaineko maletategian sartzen zuen bitartean.
-Mila esker! – erantzun zion Txominek ibilaldia amaitzeak eragin zion irriparrearekin.
Bere lekuan eseri eta Arcade Fireren diskografiarekin jarraitu zuen. Neoiezko biblian murgilduta zegoen dagoeneko eta Ocean of Noise ederraren txanda zen oraingoan.
Kantuaren doinu ederrek burua martxan jarri zioten Txomini eta aurretik zuen bidaian pentsatzen hasi zen. Lehen aldia zen modu horretako bidaia bati ekiten ziona. Ordura arte, ez zuen urrunegi joan beharrik oporrak antolatzeko. Edozein txokotan koadrilakoekin bungalow edo apartamendu bat hartu eta garagardoa, horrekin nahiko. Gainera, lehen aldia zen bakarrik bidaiatzen zuena eta nahi edo ez, horrek ere zalantzak sortarazten zizkion barrenean. Gogo izugarria zuen Islandiara iritsi eta bertako hainbat leku ezagutzeko. Hala ere, gauza handirik jakin gabe abiatu zen. Islandiako bi gidak bi hilabete lehenago erosi arren, ez zituen oraindik ireki ere egin. Behintzat, haurtzaroan bere ikaskide izandako lagun batek derrigorrez ikusi beharreko lekuak gomendatu zizkion eta horren arabera osatu zuen oporraldiko planninga. Asko animatu zuen gainera bidaiaren ideiarekin aurrera jarraitzeko bera erabat maiteminduta itzuli baitzen Islandiatik bi urte lehenago. Lurraldeaz, eta baita berarekin joan zen neskalagunaz ere. Ez omen zebiltzan oso gustura azkenaldian eta Islandiak harremana berpiztu omen zuen. Hala ere, neska islandiarren aparteko edertasunaz jabetzeko astia ere izan omen zuen. – Benetan ez dela normala ere! – aitortu zion. “Nahikoa dut nik nire buruarekin dudan harremana berpiztearekin”.
Orain arte, horrela doa Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka.
Usurbeko kritikak: Her
Zuzendaria: Spike Jonze
Gidoigilea: Spike Jonze
Aktoreak: Joaquin Phoenix, Scarlett Johansson, Amy Adams, Rooney Mara, Olivia Wilde
Produkzioa: Spike Jonze, Megan Ellison, Vincent Landay
Musika: Arcade Fire eta Karen O
Edizioa: Jeff Buchanan, Eric Zumbrunnen
Estudioa: Annapurma Pictures
Herrialdea: AEB
Iraupena: 126 minutu
Kevin Smith eta Wes Andersonekin batera Spyke Jonze da nire zine zuzendari kuttunetako bat (Guy Ritchie ahaztu gabe. Beti ere, Madonnarekin ezkonduta egon zeneko tartea kenduta noski). Onartu beharrean naiz ez dudala Being John Malkovich ikusi nahiz eta alde batetik, batzuk bere obra goren moduan izan eta bestetik, ikusi beharreko zerrendan urte asko eraman. Bideoklipgile moduan ezagutu nuen lagun batek orain urte batzuk (dezente egia esan) bere bideoklip hoberenen bilduma bat utzi zidanean (oraindik ez diot itzuli, barkatu). Ikaragarri gustatu zitzaidan bere lana eta bideoklipgintza bezain arte estereotipatu bat iraultzea posible zela ikusi nuen (Guy Ritchie ere kontuan hartu beharreko zuzendaria da arlo honetan).
Gerora, John Malkovichen buruan sartzeko lagun izan zuen gidoigile berberarekin, Charlie Kaufmanekin hain zuzen ere (Eternal Sunshine of the Spoteless Mind zoragarria beste batzuen artean) Adaptation egin zuen eta ez dizuet gezurrik esango filma horrek markatu egin ninduela aitortzen badizuet (Nicolas Cageren lan bat gustuko izatea lortu zuen beraz atera kontuak). Ondoren, Where The Wild Things Are lanaren berri izan nuen Arcade Firerekin txoratuta nenbilen garaian. Wake Up kantua zen soinu bandako kantu nagusia nahiz eta gainontzeko soinu banda Karen O and The Kidsek sinatu zuten. Zinean ikusi nuen eta berriz ere ikaragarri gustatu zitzaidan Jonzeren lana. Azken honetan ordea, ez zuen Kaufmanen laguntzarik izan eta zuzendariaren barne mundua ikusten hasi ginenaren sentsazioa izan nuen.
Gauzak horrela, Her iragartzen hasi ziren eta ikusi beharreko filmen zerrendan sartu nuen. Spike Jonzeren azken lana izatea gutxi balitz, I’m Still Here egin zuenetik Joaquim Phoenix ikusteko aukera eskaintzen zuen eta buru hori bere lekuan ote zegoen ikusteko aukera bikaina iruditu zitzaidan (Scarlett Johansson ere ageri da bai baina kolonia iragarki aluak egiten hasi denetik jainkosa izatetik petardilla izatera pasa da…). Usurbe Antzokian nahiko fin dabiltza kudeatzen duen enpresa aldatu eta herriko gazte batzuk hartu dutenetik eta herriko antzokira iritsi arte itxaroteko erabakia hartu nuen (ondo ari denari lagundu egin behar zaio ahal den heinean).
Igande honetan iritsi da Beasaina Jonzeren lan txalotua eta zer nahi duzue esatea? Ez dit hutsik egin inondik inora. Ikaragarri gustatu zait eta nahiz eta gustuko izateko aurretiko jarrerarekin joan nintzen zinera, Her uste nuena baino gehiago dela onartu beharrean naiz.
Where The Wild Things Are lanarekin bere barne mundua erakusten hasi bazen, erabat biluztuta ageri zaigu Jonze Her eder honetan. Planteamendu sinple zein arriskutsu batetik abiatzen da Rocvilleko zuzendaria (herri izen ederra zalantzarik gabe) eta arriskutsua diot, beste edozein zuzendariren eskuetan erori izan balitz, komedia alu bat izaten amaitzeko aukera asko zituelako alde batetik, eta aktore batengan pisu gehiegi jartzen duela pentsatu daitekeelako bestetik. Ba ez bat, eta ezta bestea ere.
Theodore Twomly (Joaquin Phoenix) gutun idazlea da gertuko etorkizun batean. Badirudi jendeak, etorkizun horretan, internet bidez enpresa bati ordaintzen diola bere bikote, lagun edo familiari gutunak idazteko (ez dakigu hartzaileek badakiten edo ez nahiz eta erantzuna baiezkoa den ulertzera ematen den). Horretan ari dela hasten da Her eta lanbidea bera elementu bikaina da gizarte aurreratu hori nolakoa den ulertzen joateko. Gaur egungo teknologia berriez hitz egin nahi digu Jonzek eta hauek eragiten ari diren norbere baitan biltze eta bakartzeaz. Kalean milaka pertsonekin gurutzatzen da egunero Theodore baina arreta mugikorrari konektatua dagoen eta belarrian duen pinganilloan du aurrean topatzen dituen guztiek bezalaxe. Teknologia berri eta sare sozialen kritika horretatik abiatzen da beraz baina giza izaera, behar zein desioez hausnarketa sakon bat egiten amaitzen du.
Twombly jauna orain urte bete banandu zen eta oraindik ez dio bueltarik eman. Lur jota dago eta ezinezkoa egiten zaio bere bizitzan aurrera egitea. Testuinguru horretan, sistema operatibo berri bat erosten du eta hor sartzen da Scarlett Johansson. Sistema iraultzaile honek inteligentzia artifiziala du eta ikasi egiten du bezeroaren beharrei egokitzen den oinarri batetik. Esan beharrik ez dago gizon eta makinaren arteko harremana dela Her honen ardatz nagusia eta nola ez, maitasun istorio bat sortzen dela bien artean.
Ez dut argumentua zanpatu nahi eta ez dizuet gehiago kontatuko bere inguruan baina aurreratzen dizuet harreman horretatik eratorritako egoerek guztiok barnean ditugun zalantza, beldur eta ametsak azaleratzen dituela (gaur egungo gizartearen berekoitasuna, amodio idealen tranpa, oroitzapenen kartzela…). Tekla egokia sakatzen du Spike Jonzek eta guztiok Theodoreren azalean jartzea lortzen du irribarre bat baino gehiago lapurtuko dizun filma honetan.
I’m Still Here ikusi ondoren Joaquin Phoenixen buruak bere lekuan jarraitzen ote zuen zalantzak zituen edonor (ni barne) bere akatsaz konturatuko da. Aktore sanjuandarra (Puerto Ricoco San juan, ez Pasaiakoa) oso handi ageri da bere lanik hoberenetakoa izan daitekeen honetan. Samantha (Scarlett Johansson) ahotsa besterik ez da eta horrek Joaquinen pantaila aurreko minutuak ikaragarri biderkatzen ditu filma arrunt batekin alderatuz (onartu beharrean nahiz Samen bikoizketa izan dela kale egiten duela iruditu zaidan gauza bakarra. Jatorrizko bertsioa ikusi beharko dut filmaz erabat gozatzeko). Pisu handia du Phoenixek filma osoan zehar baina izugarri ondo darama bizkarrean. Ez da plano-kontra planorik eta elkarrizketa gehienetan bakarrik ageri da. Ikuslea bere biboteaz aspertzeko arriskua ordea, oso ongi saihesten du Jonzek eta irudi iradokitzaileekin janzten ditu hainbat pasarte. Horrek guztiak, erritmo pausatu bat eskaintzen dio filmari eta zu ere erritmo horretan sartzen zara bihotz taupadak Arcade Fireren soinu bandaren pare jarri arte.
Where The Wild Things Are bikainean kantu nagusia Arcade Firek eta Soinu Banda Karen Ok egin bazuen, rolak aldatu ditu oraingo honetan Spike Jonzek eta Karen Ok (Yeah Yeah Yeahs) kantu nagusia egin duen bitartean (ederra benetan) Montrealekoek soinu banda osoa gorpuzteko aukera izan dute. Nik dakidala, halako zerbait egiten duten lehen aldia da eta emaitza, txapela kentzeko modukoa da.
Ez nuke nahi kritikatxo hau amaitu jantzigintzaren alorra aipatu gabe normalean, ihes egiten didan kontu bat bada ere, oraingo honetan nire arreta eta nirekin zeudenena eskuratu baitu. Gertuko etorkizun hori osatu eta barneratzen laguntzen digu beraz, bere funtzioa ongi betetzen duelakoan naiz baina ezin izan nuen saihestu, filma osoan zehar, praka madarikatu horiek bere lekuan jartzeko pentsatzen aritzea. Zuk ere pentsatuko duzu ziur, ikustera joaten bazara behintzat. Nik, zalantzarik gabe gomendatzen dizut.
Finlandia (1. atala) – 1.7
INGENIARI GALAKTIKOARENA
2012 da baina lasai, ez da mundua amaitu behar, kontrakoa! NASAk, Agentzia Espazial Europarrak edo Soriako Astronomo Elkarteak (Ze axola dio!) planeta berri bat topatu du gure galaxiatik haratago. Sonda zein robot ikertzaile ezberdinak bidali dituzte bertara eta ziurtatu dute han ere, gurean bezalaxe, oxigenoan oinarritutako bizia dagoela. Lurraren tamainaren laurdena du gutxi gorabehera planeta berriak eta ez dago bizitza inteligentea deitu daitekeenik bertan. Bai milaka animalia zein landare mota baina ez tresnarik egin edo erabiltzen duen izakirik.
Proposatzen dutena hurrengoa da. Mundu osoko 10.000 pertsona bidali nahi dituzte planeta berria kolonizatzera. %70 emakumezkoak eta % 30 gizonezkoak (ugalketa errazteko, besterik gabe…).
Mota guztietako jendea nahi dute; hizkuntza, erlijio zein kultura ezberdinetakoak, lanbide zein ikasketa ezberdinak dituztenak (zientzialariak, ingeniariak, kazetariak, filosofoak, argiketariak, iturginak, igeltseroak, artistak…). Ideia, zibilizazio berri bat sortzea da eta bide batez, hango material zein lehengaiekin industria edo medikuntzarako baliagarriak izan daitezkeen esperimentuak burutzea. Posible izango al da gure gizartean jaio eta hezitako 10.000 pertsonek gure planetan egindako akatsak ez errepikatzea?
Gazte gipuzkoar bat da gure protagonista. Mondragoiko Politeknikan ingeniari ikasketak amaitu berri ditu 28 urte bete dituen egunean eta lan bila dabil (Zer? Lasaitasunez hartu du…). Neskalagunak adinekoak zaintzen egiten du lan eta gure protagonista, lan duin bat topatu arte, (kottadua…) neskaren kontura bizi da alokatua duten 35 metro karratuko etxean.
Halako batean ordea, harremana krisi batean sartzen da, neskak segurtasuna behar omen du eta bere soldata xixtrinak ez omen du biak bizitzeko ematen. Amaren etxera itzuliko dela erantzuten dio gure protagonistak “Zuregatik edozer…” Eta neska sutan jartzen da (Ingeniari izateak ez du inteligentzia emozionalik ematen…). Asko maite omen du baina bien artekoa amaitu egin omen da; “Horrela ezin gara batera egon”. Bere bizitzari ekiteko esan eta portalean uzten dizkio maleta, arropa, eskiak, alemaniatik ekarritako garagardo pitxarra elegante eta Playstationa.
Bizitza birplanteatu beharrean da gure ingeniaria eta hurrengo egunean egunkarian irakurtzen du planeta berriaren kontua. Nazioarteko casting bat zabaldu behar dute! Ez da etxera itzultzerik ziurtatzen baina trukean, mundu berri eta hobe bat sortzeko aukera eskaintzen dute!
Gurean jarraitzeko zuen arrazoi bakarra bere bizitzako amodioa zen eta behin hori galduta, ez du ezer sorterrira lotzen duenik beraz diaspora moderno honetan parte hartzeko erabakia hartzen du. Izena ematen eta mutila, ingeniaria, katoliko ez praktikantea, edale amorratua, porro zalea, bideo-jokuetan aditua eta euskalduna izateak 10.000ko talderako ateak irekitzen dizkio. Altxor bat lagin estratifikatuarentzat!
…
Horrela doa Finlandia orain arte.
Eta horrela non-original soundtracka.
Euskal Herrian molatzen duten 10 gauza
Joder! Begira ze izenburu absolutista eta begira zein lasai geratu naizen! Kontua da, The Indezents berria martxan jarri nuenetik ez dudala oraindik meme edo rankingik egin eta barruan lo dudan eta noizean behin kontzientzia astintzen didan sentsazionalistak haize apur bat behar duela. Gauzak horrela, eta gehiegi luzatu gabe, hemen duzue zerrenda subjektibo zein sudurpuntatikateratzenzaidalako hau
Zerrenda honek ez du orden zehatzik. Ordena ausa hutsez ezarria izan da:
Molatzen dute eta ez dut ezezkorik onartuko. Musikaren industria kale kantoietan lastima eman nahian dabilenean, aro berri bat asimilatu, “bera hasi da” esateari utzi eta tren berriei heltzeko gai izan ez diren garai hauetan, mundu mailan kontuan hartu beharreko proiektua izan beharko lirateke. Txikitik handira, pixkanaka eta egiten dutenean sineste hutsak ematen duen indarrarekin. Bide berri bat jorratuko dute eta ez dute horregatik plantarik egingo. Kooperatibismoa musikaren mundura eraman dute baina ez dituzte SGAEren konferentzi batera gonbidatuko beraiek zertan eta nola ari diren azaltzeko. Askotan iraultza etxe ondoan dugu eta ez gara konturatzen.
Rural Postmodern Festival! Egia esan, ez dakit zer demontre esan nahi duen ere baina finak dira eta gure herrian sekula amestu ere egingo ez genituen taldeak ikusteko aukera eskaintzen digute urtero. Musikarekin nahikoa ez eta skate eta saskibaloi txapelketak zein argazki rallya antolatzen dituzte beste gauza batzuen artean. Hori guztia gainera, debalde eta euskaraz. Nork eskaintzen du gehiago?
Iraultza hemen da eta hauek ez dira baimen edo barkamena eskatzen hasiko. Katihotsak dinamita da eta dinamita lehertu egiten da. Oso normaltzat izan dugu beti hiru tximaluzek instrumentu batzuk hartu eta hauek astintzen bi aste pasa ondoren disko bat argitaratzea. Ez dute putaidearik baina egiten dutena gustatu eta beraien kontzertuetara joaten gara egunero urriagoak diren gure tximak dantzatzera. Ondo ezta? Ba Katihotxak artaburu horiek berberak dira baina musika egin beharrean zinea egiten dute, euskaraz eta irudimen zorrotz baten laguntzaz. Ah! Eta mudua konkistatzeko plan bat dute, azti.
Maitasun ikaragarriz eginiko lanak, edizio bikainekoak, gustu handiz eta musika ederrez bilduak. Inork ezagutzen ez zituenean hoberenak ziren. Hortik gutxira, batzuetan ondo ereindako jasotzen delako gehienbat, guztiok ezagutu genituen eta dagoeneko, ez zuten hainbeste molatzen. Zer egingo diogu ba? Hipster euskaldunak gainontzekoak bezain inozoak gara. Ez dakit hori izan zen arrazoia aleen produkzioa eteteko, ez dut uste baina faltan botatzen ditut eta egunen batean ale gehiagoz gozatzeko aukera izatea espero dut.
Iparraldeko altxorra. Txikia, mimo handiz egina, eskuekin ia-ia. Saran jaialdi eder honetaz gozatzen izan denak badaki zertaz ari naizen. Hollywoodeko kartela kakaren pare uzten duten hizki zuri horiek ikusi bezain pronto maitemintzen zara U S O P O P ez eta badakizu, zure barrenean, ez dela bertaratuko zaren azken aldia izango. Usopopek kolore ezberdina du, argi ezberdin bat eta zu ere aldatu egiten zaitu. Usopop zerua da baina badu zerbait zerua bera baino hobea egiten duena, hilik egon gabe ere, sartzen uzte dizute.
Ez nuen pertsona fisikorik zerrenda honetan sartzeko asmorik baina Joseba ez da pertsona fisiko bat. Joseba etereoa da, airean dago, musikan, hemen eta han. Josebak pitzadura larri bat du baina pitzadura hori gehiagok izango bagenu lurra leku hobeago bat izango litzateke. Joseba gainera eredu bat da. Eredu da pertsona ona delako alde batetik, urrunetik ikusten zaio aurpegi irribarretsu horretan (ez dago ezagutu beharrik ere), eta eredu da baita ere self made man bat delako. Urteak zeramatzan nahi zuena egiten, diskoak argitaratzen, musikariekin lankidetzak burutzen baina munduak ez zuen ezagutzen. Horregatik da eredu Joseba, urte askoren ostean, lana, lana eta lana egin ostea, ondo ereindakoa jaso egiten dela frogatzen duelako. Hor abantaila bat du ordea beratarrak, barnean duen talentua ez dago edozeinen eskura eta horrek ere laguntzen du…
Puto amoak dira. Lau lagun, amets bat dutenak. “Zinea egin behar dugu” esan zioten elkarri arratsalde batean eta orrezkero, ez dakit zenbat pelikula zein laburmetraia egin eta ez dakit zenbat sari jaso dituzte. Beraien ekoiztetxe ereduak ez omen zuen etorkizunik, ezinezkoa omen zen modu horretara, lagun artean eta norberak egindakoarekin gustura sentitze hutsagatik, zinea ogibide bilakatzea. Ba urte batzuk pasa dira eta barkatu, baina lanean jarraitzen dute eta sekula baino emankorrago. Betiko gauzak kontatzen dituzte baina beraien ahotsetik, beraien erraietatik eta beraien hizkuntzan. Askotan, ez zaio buruari buelta gehiegi eman behar tekla egokia topatzeko.
“Zein demontre dira etxe ondoko pabelloi abandonatu puta hori etxe okupa batean bilakatu duten hippy zikin horiek?”. Ziur nago San Esteban auzoko bizilagunen batek hitz hauek berberak ahoskatu zituela Tolosako Gko galerian jaio eta Box.A izaten amaitu duen proiektu honetako artistak (hitzaren zentzurik literalenean) bere etxe atzean agertu zirenean. Ziur nago baita ere, gaur egun ez lukeela berdina esango inondik inora eta jainkoari eskerrak ematen dizkiola bere auzoan agertu ziren egunagatik. Artea kalean ulertzen dute, guztion eskura eta hori da beraien helburu nagusia, zuk ere, artista gazteak egiten ari direna ezagutzea. Ah, abisu bat, hauek ere mundua konkistatu nahi dute. Ostiral iluntze tonto batean Katihotsakekoekin elkarte gastronomiko batean elkar ez topatzea bakarrik espero dut. Gureak egingo luke.
Onartzen dut, ez dut kirolik egiten eta egin beharko nuke. Hala ere, kirolaren esentzia galtzen ari garelakoan naiz. Kirola talde lana da, guztiok aukerak izatea da, lehia da, norbere burua hobetzea. Kirola taldearen indarra da, identitatea, norbanakoa eta kolektiboa. Kirolari profesionalen ardura nagusia azken zapatilak eramatea edo zelaira orrazkera in batekin ateratzea den garai hauetan, Rugbya da irtenbidea. Guretzat indibidualki eta baita nazio moduan ere. Rugbyan haur guztiek dute lekua eta ez dira beti berberak baztertuta geratzen kapitainak taldekideak aukeratzen hasten direnean. Taldekide azkarrak behar ditu hegaletan aritzeko, indartsuak kontentzio lanetan ibiltzeko, trebeak baloia mugitzeko eta potoloak bultza egiteko. Guztiok dugu leku bat Rugbyan eta Euskal Herriak ere munduan leku bat izango luke Rugbyari esker. Ingelesek asmatu zuten bai baina Rugbya, oso euskalduna da begiratzen duzun lekutik begiratzen duzula. Ez ahaztu hirugarren denboraz…
Norbaitek disko bat aukeratzen du eta hitz batzuk idazten ditu beretzat hain garrantzitsua izan den lan horren inguruan. Ondoren, hitz horiek irakurriz disko hori entzuten dugu guztion artean inguruan kafea eta gailetak zerbitzatzen dituzten bitartean. Askotan, genialitateak ez du zergaitik konplexua izan beharrik eta jende honek argi eta garbi utzi du berriz ere. Festa eder hauek antolatzeaz gain, liburuak argitaratzen ere hasi dira eta beldur naiz, hauek ere, ez ote duten mundua konkistatu nahi… Animo!
Ba hauxe izan duzue nire zerrenda baina hala ere, irekita nago proposamenak entzuteko halako gutiziaren bat gehiago ezagutzea beti baita eskertzekoa. Zuen txanda da orain. Ideiarik?
Finlandia (1. atala) – 1.6
Egunerokoa itxi eta bolalumarekin batera Quechua txikian sartu zuen trenak zein hots gutxi egiten zuen konturatu zen bitartean. Plaza: 14B, horrelaxe zioen bi aste lehenago renfe.com webgunean erosi zuen tren txartelak eta gustatu zitzaion 14B hura. Trena jendez lepo zen baina bere alboko eserlekuan ez zegoen inor. Suncamp handia eserleku gaineko maletategian gorde eta Quechua txikia libre zegoen alboko eserlekuan utzi zuen. Trenari arreta eskaintzen hasi zen orduan eta ordura arte hartu zituen aldirikoetatik oso ezberdina zela ikusi zuen “A ze elegantzia!”. Hori pentsatu bezain pronto, beasaindarrengan ohikoa den bilaketa errituari ekin zion eta azkar topatu zuen nahi zuena. Bagoi hasierako paretan zegoen ederki torlojututa begietara begiratzen zion eta Alkainen Bittori Irratia gogoratu zion amona baten eserlekuaren gainean. CAF zioen metalezko plakatxoak eta harrotasunez bete zuen Txomin aurkikuntzak. Ez zen sekula bertan sartu baina beasaindar eta goierritar gehienen moduan, CAFeko makina bat langile zituen familia zein koadrilan. Bazuen halako harrotasun bat munduan zehar zebiltzan tren asko eta asko bere herrian eginak zirelako eta oporretan edo kanpoan zegoela, “Beasain hori” non demontre zegoen galdetzen ziotenean, kokotsa altxatuz erantzuten zuen trenen herria zela “Trenak eta Argiñano noski!”. Urte batzuk lehenago koadrila osoa Bartzelonara joan zirenekoa gogoratu zuen orduan. Metroan sartu ziren lehendabizikoan, bere lagun Iker argazki bat eskatzen hasi zen oihuka halako metalezko plaka baten azpian eta CAFeko langile txartela eskuan zuela. “Trenak, Argiñano eta odolkiak!” Ez zen asko beasaindarrek munduan zehar beraien herria goraipatzeko zutena baina nahikoa zen beretzat.
13:40etan iritsiko zen tren beasaindarra Santseko geltokira beraz ia bost ordu zituen aurretik Txominek. Momentuz ez zuen ezer gehiago egunerokoan idazteko eta iPodari heldu zion berriz ere. Agian ez zen une txarra Arcade Fireren The Suburbs berria lehen aldiz entzuteko baina motz antzera geratuko zitzaiolakoan zen “Bost ordu…”. Gainera logura ere sartzen ari zitzaion gizaki guztioi trenetan gertatzen zaigun moduan eta lokuluxka bat egitea erabaki zuen azkenean “Nik uste haurtzaroko haur-kotxeen kulunka gogoratzen digula triki-traka honek… Ez dakit Freudek zer pentsatuko duen honetaz”. Lokartzen joateko, Montrealekoen diskografia osoa jarri zuen martxan. “The Suburbsera iristerako esnatuko naiz”. Jazpanako kotoizko kaputsadun jertsea hartu, eserleku eta leihoaren artean jarri eta begiak itxi zituen burua bururdi inprobisatuan kokatzen zuen bitartean. Neighborhood #3 (Power out) kantura iristerako ametsen munduan murgiltzen hasia zen eta betiko moduan, istorioak asmatzeko probestu zuen argiaren klikaren eta ametsaren hasieraren arteko unea.
Horrela doa Finlandia orain arte.
Eta horrela doa Finlandiako non-original soundtracka.