Hilabetea: urtarrila 2018

Islandiarako bidaia proposamen bat (edo bi) #1

Posted on Updated on

Bigarren aldiz izan naiz Islandian uda honetan eta esan dezaket lehen bidaiak utzitako arantza kentzeko aukera izan dudala bigarren aukera honetan. 2010ean joan nintzen lehen aldiz eta orduan bakarrik egin nuen bidaia. Bakarrik bidaiatzeak gauza on asko ditu baina ekonomikoki ez du ahalbideratzen auto bat alokatzea. Eta ahalbideratuko balu ere ez dakit oso gomendagarria izango litzatekeen, bakarrik auto batean joateak bakarrik bidaiatzearen gauza on gehienak baztertzen baititu. Bi lagun joatean autoa alokatu ahal izan dugu eta horrek askatasun osoa eskaini digu nahi genuena ikusi, nahi genuen lekuan geratu eta guk nahi bezala ibiltzeko.

Hala ere, ez naiz etorri blogera bakarrik edo lagunekin bidaiatzearen alde eta kontrako argudioak ematera. Helburua bi bidaia hauek eman dizkidaten bizipen eta esperientziak Islandiara bidaiatzeko gida batean  gorpuztea izan da. Ez dut uste beste edozein gidatan topatuko duzuenaz gain beste ezer topatuko duzuenik bertan baina su eta izotzaren irlara animatuko bazina, bertan egin ahal izango zenituzkeen bi ibilbide proposamen topatuko dituzu bertan. Bertan ikasitakotik, bertako lagunek kontatutakotik eta hainbat gida eta liburutan irakurritakotik sortutako gida xume bat. Nahiz eta Euskal Herrian jaio eta bizi, lurralde zoragarri hartaz maiteminduta bizi den batek munduko ilusio guztiarekin idatzitako igida bat. Animatzen?

Bidaia proposamenekin hasi aurretik irla ezagutzeko modu edo bertara joateko motibazio ezberdinen inguruan aritu nahiko nuke.

MODUAK:

Bakarrik: Bakarrik joateko leku egokia da Islandia. Bertan topatuko dituzun arrisku bakarrak naturaren eskutik datoz eta arriskuko jarduerak egitera ez bazoaz (izotzetan eskalatu, glaziarrak zeharkatu edo arrisku kirolak orokorrean) azti ibili eta itsaslabar batetik jauzi ez egitearekin nahikoa da.

Bakarrik joanez gero bi aukera dituzu irla ezagutzeko (autoa alokatzen ez baduzu). Lehena zonaldetik zonaldera autobusez mugitzea da. Duela zazpi urte baina askoz linea gehiago daude eta ia egunero beraz aukera hoberena izan liteke duzun aurrekontuaren arabera. Lehen aldiz esango dizuet eta uste dut askotan errepikatu behar dudala: Islandia oso garestia da, oso.

Hala ere, lineako autobus hauek ez dira hain garestiak. Arazoa da autobus horiek hiri edo herri batera eramango zaituztela eta zonalde berri horretan ikusi beharreko gauzak ikusteko, beste autobus batzuk hartu beharko dituzula eta hauek bai, oso garestiak izaten dira (bidaia antolatuak dira ia).

Bakarrik bidaiatzeko bigarren modua auto-stopa da. Islandiarrek ohitura handia dute auto-stopa egiteko eta ohitura handia dute baita ere, auto-stopa egiten duen jendea hartzeko. Azken urteetan ordea, turismoaren booma ikaragarria izan da Islandian eta leku guztietan bezala, lehen bitxia zen moduan kanpoko norbait bertan ikustea, dagoeneko eguneroko kontua bilakatu da. Hori dela eta, ez omen dute lehengo maiztasunarekin auto-stopistarik hartzen. Hala ere, turistek baino gehiago hartuko zaituzte bertakoek.

Lo egiteko ere aukera ezberdinak dituzue baina merkeena Hostel international aterpetxeak dira (honek bakarrik edo lagunekin joateko balio du). Webgunean ikusi dezakezuen moduan irla osoan zehar daude eta Islandian hotel edo ostatuen prezioekin alderatuta oso ekonomikoak dira. Sukalde komunak dituzte eta horrek ere asko laguntzen du bidaiaren aurrekontua jaisterako orduan. Hori bai, udan topera izaten dira beraz zuen aukera hori bada komenigarria da aurretik hartzea (otsail eta martxo artean ahal bada). Gainera, nazioarteko aterpezale txartelarekin %15eko deskontua izango duzu guztietan.

Beste aukera bat nola ez, kanpin dendak dira eta egia esan leku askotan ikusi ditugu bai kanpinak baina baita denda jartzeko atondutako debaldeko zelaiak ere. Hori bai, ez joan Islandiara Quechua ziztrin batekin mesedez. Edozein fiordotan agertuko zara haize apur bat egiten duen lehen gauean.

104848662
Reykjavík City Hosteleko sukaldea (Argazkia: Booking)

Lagunekin: Autoa, zalantzarik gabe. Autoen alokairua oso garestia da baina merezi du diru hori aurretik xahutu eta irla askatasun osoz ezagutzeak. Gasolina ere ez da merkea (1,5 euro inguru litroa uda honetan) eta egia esan, hortxe joan zaigu gastatu dugun diruaren zatirik handiena.

Duela zazpi urte 4×4 autoak alokatzea gomendatzen zuten bai ala bai. Islandia 1 errepide nagusiak zeharkatzen du baina behin hortik aterata mendi bideak ziren gehienak. Eta ez dira hemengoak bezalako mendi bideak, auto txiki batekin ezinezkoa zen hortik igarotzea. Gauzak asko aldatu dira ordea eta gaur egun auto txiki batekin ia edozein lekutara iritsi zaitezke. Bide guztiak ez daude asfaltatuak baina gainontzekoen gehiengoa gravel road (txintxor bideak) dira. Auto txiki batekin arazorik gabe sartu zaitezke bide horietan baina ez, zenbakiaren aurretik F hizkia dutenetan. Horietarako bai, 4x4a behar duzu baina kasu egin, ez du merezi. Behin bakarrik gertatu zaigu 17 egunetan joan nahi genuen bide batera iristeko F errepide bat igaro behar izatea (eta 6.000 kilometro egin dizkiogu gure Chevrolet Spark txikiari). Dirua sobran baduzu, hartu 4x4a lasai. Beste hainbat turistekin lehian sartuko zara ea norena den handiagoa. Gaur egun ez zait beste arrazoi bat bururatzen 4×4 edo bigfoot bat alokatzeko.

Hala ere, bada beste aukera bat auto txiki edo 4x4ez haratago eta hori furgoneta edo autokarabanak dira. Modalitate honetan lotarako lekuak hartzea saihesten duzu eta egia esan leku ugari ikusi ditugu zonalde guztietan traste hauek utzi eta bertan lo egiteko. Aurrekontu eta gustu kontuak berriz.

Bidaia antolatua: Horrelakoak ere badira eta makina bat ikusi ditugu. Aukera bat da, zure kontu.

MOTIBAZIOAK:

Ez naiz motibazio transzendentalez ari, zure burua ezagutzera edo gaizki amaitu den harreman bat ahaztera bazoaz zure kontua da. Bidaia lurraldea eta bertako kultura ezagutzeko soilik egin nahi duzun edo beste zaletasun batek bultzatuta abiatu zaren da kontua. Arrantzale asko ikusi dugu bertan eta oso ohikoa omen da su eta izotzaren lurraldera ekintza hori zutabe nagusi moduan joatea. Horretaz gain, moto dezente ere ikusi ditugu. Gaur egungo errepideekin aukera polit bat izan liteke motozalea bazara.

Klasikoetan klasikoa ordea bizikleta da. Jende asko eta asko ikusi nuen bizikletan irla zeharkatzen duela zazpi urte eta are gehiago aurten. Pertsonalki oso gogorra iruditzen zait eguraldiagatik gehienbat baina tira, zuk zeuk ikusi.

Iceland-6
Argazkia: http://bicycletimesmag.com

Beste motibazio bat mendizaletasuna izan liteke. Ez dago ikaragarri mendi alturik Islandian (altuena Vatnajökull glaziarreko Hvannadalshnúkur da eta 2.110 metro ditu) baina kilometro gutxi eginda leku ikaragarriak ikusi daitezke. Hala ere, azken urteetan turismo boomarekin batera mendi istripuek gora egin dute eta bidaia mota hau egin nahi izanez gero, gida bat kontratatzea gomendatzen/derrigortzen dute. Mendizale esperimentatu askok izan dituzte istripuak gertutasunak ematen duen konfidantzaren erruz nahiz bertakoek behin eta berriz errepikatzen duten ez direla altuera askoko lekuak izango, baina arriskuak izan badirela eta beste leku batzuetan daudenen ezberdinak direla (sumendiak, glaziarrak, ura etab).

PROPOSAMENAK:

Hasieran esan dizuedan moduan bi bidaia proposamen egingo dizkizuet. Lehena, 2017ko udan guk egin dugunaren antzeko zerbait izango da. Nola ez, guk gaizki edo ez hain ondo egin ditugun gauzak aldatu edo konponduz (zerbaitetarako balio behar du esperientziak ala?). Lehen proposamen hau 18 eguneko bidaia baterako izango da eta bigarrena, 7 eguneko bidaia baterako. Ez daukat esan beharrik behin joanda merezi duela 18-20 egun hartzeak baina pertsona bakoitza, mundu bat da.

Gidaren bizkarrezurra 18 eguneko bidaia izango da eta bertan, gorriz agertuko dira 7 eguneko bidaiarako aukeratzen ditudan txangoak. Nola ez, berriz errepikatu dizuet txango hauek nire aukera pertsonala direla. Bidaia honetako motibazioa bakarra irla zoragarri hau ezagutu eta bertako kulturan apur bat murgiltzea duen batek eginiko aukeraketa. Beste zaletasun batek eramaten bazaitu bertara, hau ez da zure gida. Nahiz eta ziur baliagarri egingo zaizkizun hainbat datu edo proposamen.

Hasi aurretik, Islandiaren inguruko datu edo bitxikeria batzuk bota nahiko nizkizueke. Adibidez, islandiarrek Island esaten diotela. “Is” horrek izotza esan nahi du eta norvegiarrek jarri zioten kolonizatu zutenean (hortik Iceland ingelesa). Gorago aldiz, Groenland topatu zuten eta “Groen” horrek, berdea esan nahi du. Horrek ez du esan nahi bikingoek oso umore fina dutenik (edo bai), izen aukeraketa horrek bere zentzua baitu. Islandia kolonizatua zegoen daoeneko baina Groenlandia hutsik zegoen. Gauzak horrela, kolonoak bertara animatzeko “Groen” hori jarri zioten aurretik. Bai, engainatu egin zituzten.

Islandia Norvegiako erregeen esku egon zen urteetan zehar baina 1262an Kalmarreko Batasunean sartu ziren Suedia eta garai hartan iparraldeko potentzia nagusi zen Danimarkarekin batera. Gerora, Danimarkaren menpe egon zen 1944an Alemania naziak Danimarka hartu eta Alþingiak Islandiar errepublika aldarrikatu eta independentzia lortu zuten arte.

Eta zer da Alþingia galdetuko duzue? Ba 930ean gaur egun Þingvellirreko Parke Nazionala denean sortu zuten Islandiako parlamentua da. Bertan elkartu ziren lehen aldiz garaiko islandiarrak lege eta proposamenak guztien artean eztabaidatu eta erabakitzeko (esan gero bikingoak basati hutsak zirela…). Islandiarrek harrotasun osoz esaten duten moduan, bertan jaio zen demokrazia modernoa.

Hizkuntzari dagokionean Islandiarra hitz egiten dute. Hizkuntza eskandinaviarra da Norvegiarra, Daniarra edo Suediarra bezala baina lauen artean, ezberdinena da. Eta ezberdinena da, mendeetan zehar gutxien aldatu dena delako. Bertakoek esaten zigutenez, norvegiar bat eta suediar bat elkar ulertu daitezke espainiar bat eta italiar bat elkar ulertu daitezkeen moduan baina islandiarrari ulertzea gehiago kostatzen zaie. Arrazoia sinplea da. Islandia irla urrun bat da eta gainontzeko hizkuntza europarren kutsadura gutxiago izan du mendeetan zehar. Bertakoek harrotasunez esaten duten beste gauza bat, beraien hizkuntza garai bateko bikingoek hitz egiten zutenetik gertuen dagoena dela da. Badute beraz euskaldunok izan dezakegun hizkuntza propioaren harrotasuna eta gu bezala, arraroa badirudi ere, bere etorkizunaz beldur dira. Ingelesak indar asko du irlan eta herririk txiki zein hurrunenean ere edonork daki moldatzeko lain ingelesez hitz egiten. Kanpotik begiratuta eta gure egoeratik barregarria ere badirudi beldur horrek. Islandian islandiarra da hizkuntza ofizial bakarra eta horrek segurtasuna eman beharko lioke hizkuntzari etorkizunera begira. Hala ere, badituzte bere errezeloak eta zerbaitegatik izango da. Gogoratu 330.000 pertsona besterik ez direla bizi bertan eta kopuru horrekin kultur ekoizpenetan potentzia bat izatetik urrun dagoela islandiarra. Errealitate horrek kulturaren portzentaje handi bat ingelesez kontsumitzea dakar eta hortik islandiarren beldurrak.

Hizkuntza polita da belarrira islandiarra eta beste hizkuntza batzuk hitz egiten ditugunontzat hots ezezagunak ditu. Bitxikeria moduan eta supermerkatuan ondo geratzeko, hiztegi txiki bat prestatu dizuet bidaiari ekin aurretik:

Kaixo: Halló edo hæ (Hæ hori ingeleseko Hi baten moduan ahoskazten da ia-ia)

Mesedez: Vinsamlegast

Eskerrik asko: Takk

Bai: Já (Jau esaten dute, hor ikusten da benetako islandiarra zein den)

Ez: Nei

Egunon: Góðan daginn (ð hori gure d-a bezala ahoskatzen da)

Arratsaldeon: Gott kvöld

Gabon: Góða nótt

Agur: Bless

Eta konfidantz asko baduzue zuen buruan hurengo hau aurrekoen ostean jartzeko… Ene lagun: Vinur minn

Bitxikeriekin amaitzeko esango dizuet Islandiako txanpona Krona islandiarra dela eta gaur egun (2017ko iraila) krona bat 0,00788 euro direla. Hala ere oso diru gutxi ikusten da kalean jende guztiak txartela erabiltzen duelako. Gauza guztietarako, baita kafe madarikatu bat ordaintzeko ere. Gogoan dut joan nintzen lehen aldian gaizki begiratu nindutela supermerkatu pare batean diruarekin ordaintzeagatik . “Orain zure erruz bankura joan behar dut etxera joan beharrean” zioen begirada hark.

Ba horrelaxe amaitzen dira bitxikeriak eta hasten da bidaia. Prest maleta eta zakua? Bagoatz!

Advertisements