durangoko azoka

Durangoko Azoka gutxi balitz, Kameratoia!

Posted on Updated on

Ederra izan da Durangoko Azokak eskaini digun asteburua! Ilusio ikaragarria egiten zidan Finlandiaren lehen eta bigarren aleak bertan salgai izateak eta Durangoko Azoka eta Gerediaga Elkarteari esker posible izan da. Ez nuen espektatiba handirik salmenten inguruan eta azkenean, lehen atalaren ale guztiak agortu eta bigarrenaren hirurekin itzuli nintzen etxera.

Handia da Durangoko Azokak suposatzen duen bozgorailua eta asteburuan zehar komunikabide ezberdinetan irakurri ahal izan da Finlandiaren inguruan. Betse batzuen artean, Noticias de Gipuzkoa, Gara edo El Paisen (Cadena Serren ere egin dute aipamen bat baina zerrendan norekin batera jarri nauten ikusita, edo norbaitek irrist egin du edo zoratu egin gara).

Esperientzia ederra izan da Autoekozileen Plaza eta hori gutxi balitz, jende jator zein interesgarria ezagutzeko aukera eskaini dit. Aupa zuek!

Hala ere, eta betiko moduan, asteburua nahiko mugitu zein konplexua ez bazen, The Indezents taldeak Kameratoira aurkeztea erabaki zuen… Bai, ulertzen dugu zergatik ez diguten saririk eman. Hori bai! Ezin duzue imaginatu ere zeinen ongi pasa genuen lau minutuko labur hau grabatu eta editatzen. Antolakuntzak hamar objektu proposatu zituen eta horietatik hiru agertu behar ziren aurkeztutako lanean. Lehena, derrigorrezkoa zen Kameratoiaren 10. urteurreneko txapa. Gainontzekoeen artean, euskaraz 365 egunez hitz egitera animatzen gaituen kartela eta okzitanieraren aipamena aukeratu genituen. Eguraldia eta agenda kontuan izanda, gehiena etxean grabatzea erabaki genuen. Edizioa amaitu eta wetransfer bidez bidali genuen baina dirudienez, wetrasferrari ez zitzaion gure laburra gustatu eta ez zen iritsi. Eskerrak abisua eman ziguten eta berriz bidali ahal izan genuen… Hemen duzue aportazioa!

Zorionak? (Kameratoia 2014) from The Indezents on Vimeo.

Finlandia Durango eta Goierriko Azoketan!

Posted on

Duela zortzi hilabete hasi nintzen Finlandia online nobela blogean argitaratzen eta lehen atalarekin amaitu eta bigarrenarekin hasteko ordua iritsi denean bizitzak ematen dituen kasualitate eder horietako bat gertatu da.

Asteburu honetan zehar ospatuko da aurtengo Durangoko Azoka eta Finlandiaren lehen bi atalek leku bat izango dute bertan. Aurten, auto ekoizleen plaza izango da lehendabizikoz euskal kulturaren festa handi honetan eta plaza horretan egoteko aukeraz gozatuko ahal izango dut. Barrenkaleko 15ean izango gara eta oso zaila egiten zait Finlandia han izateak sortzen didan ilusioa deskribatzea.

Larunbatean bertan izango naiz gainera 10:00etatik 13:30etara eta 17:00etatik 20:30etara beraz nahi izanez gero, han izango nauzue zain.

Booktrailer Finlandia from The Indezents on Vimeo.

Hori gutxi balitz, Goierriko Disko eta Liburu Azokak ere tartetxo bat eskaini dio Finlandiari eta bertan ere salgai izango dira lehen bi atalak. Horretaz gain, larunbat arratsaldean (abenduak 13) idazleekin ospatuko duten solasaldirako gonbitea jaso dut eta gustu handiz hartuko dut parte nahiz eta idazle termino hori handi xamar geratzen zaidan.

Finlandiarekin hasi nintzenean irudikatu nezakeena baino gehiago da datorren bi asteetan gertatuko dena beraz une eder hau nirekin batera bizi nahi baduzue, ohore bat izango da gerturatu eta Finlandiaren zatitxo bat etxera eramatea erabakitzen baduzue.

Durango eta Goierriko azoketan izango gaituze zain!