bat eta bat

Bat eta Bat (2014/09/26)

Posted on Updated on

Mikel Alvarez

Parrandazaleak izan gara, edo gara. Hala ere, gure parrandak modako tabernak ez diren beste eremu batera igarotzen ari gara azkenaldian. Gogoan dut hogeita gutxi urte genituela herriko tabernetan jo ta su ari ginela hogeitamagutxi urteko jendea ikusten genuenean pentsatzen genuena: «Begira, aiton-amonak parrandan atera dira berriz». Urte batzuk geroago, beti bezain gazte jarraitzen dugu eta zer demontre! Noizean behin bada ere, tabernetara jaisten gara parranda egitera. Azkenekoetan, ordea, aiton-amonak gu garela irakurtzen dut gazteenen begietan. «Ze lotsa, nik adin horrekin ez dut parrandan ibili nahi» diotela dirudi begirada aztertzaile zein zorrotzarekin. Aizu! Noizean behin ateratzen naizela! Eta gainera! Ze hostia! Ez dit lotsarik ematen! Nahiz eta zeintzuk zareten ez dakidan, nahiz eta tabernan kanpoan geratzen garen barruan trote gehiegi dagoelako… Batzuetan gainera, gaztetxo hauetako batekin hizketan hasi eta jokuz kanpo egongo bazina moduan hitz egiten dizutela konturatzen zara, parranda bat zer den jakingo ez bazenu moduan. «Guk jagerbombak edaten ditugu», dio mesprezuz zure gintonicari begira. Ba zer demontre! Guk ere edango dugu bat gaur! «Ez ez, hobeto ez, oso gogorra da», erantzuten du. «Nola? Zuk ez dakizu nor garen! Kontatuko banizu… kontatuko dizut» eta guk ere jagerbomb bat edaten dugu. Oraindik urdailari buelta eman ezinik nabil. Zer moduz sartu zitzaizun zuri Artola?

batetabat

Jon Artola

Ez da erronka makala.Bada nik ere barne hodiren bat apurtuta edo gutxienez batzuk tokiz aldatuta ditudala uste dut. Ez baita normala komunerako maiztasun hau! Jagerbomb horri Coca-Cola apur bat nahastu beharko diogu hurrena. Tripentzat ona omen den kontuarengatik, badakizu.

Eta zu lasai Mikel, jendeak gure gaueko abenturak eta kalenturak ezagutzen ez baditu, dokumentatzerik izan ez dutelako baita. Internet aurrekoak izatean, gure gaztaroak utzitako arrastoak VHS zintekin batera joan ziren, eta ezin horrela urtez-urte, festarik-festa apurtutako markak trasmititu! Baina hobe horrela! Gainerakoan Interneten ahaztuak izateko eskubideen inguruan ariko ginateke eta! kar, kar, kar.

Bestalde, eta diozun moduan, aitortu beharra dugu guk ere horrelakoak pentsatzen genituela. Eta oraintxe bertan, adibidez, gu baino jende zaharragoa gureak sentitzen ditugun ingurunetan ikustean ere burutik pasatzen zaizkigula. Esate baterako lagunekin… emmm… ba adibidez… zera… Wow Mikel! Posible al da egoera bat bera ere ez bururatzea! Demontre, banengoen ba ni, duela urte batzuk inondik inora erakartzen ez ninduten planak gustura egiteak zerbait txarra eduki behar zuela! Goizetan egindako patata tortila eta fiambreradunak besteak-beste…

Coca-Cola bi bider bota beharko diogu hurrena Jagerbomb madarikatu horri, Mikel. Lehena urdailari laguntzeko eta bigarrena, herdoilak kentzeko! Zaharrak garela kamarada! Edo beno, hobe esan: Vintage Originalak!

 

Berezko artikulua, Goiberin.

Bat eta Bat (2014/06/27)

Posted on Updated on

Jon Artola

Aurreko batetan hitzeman bezala, azkenean korrika egiten hasi naiz Mikel, eta oso ondo dagoela aitortu beharrean natzaizu. Jendeak arrazoi zuen. Behin harra sartuta, ordea, erronka handiagoei ekitea erabaki dut, eta buru-belarri ekin diot zer eta mendi lasterka luze-luze horietakoak prestatzeari.

Astean nik mendian adina denbora inork tabernan edo bideojokoetan pasako balu, edo eta prestakuntzak nire bizitzan duen garrantzia bestelako ezeri emango balio, arazoren bat argi eta garbi lukeela pentsatuko luke jendeak. Baina niri animatu eta aurrera jarraitzeko esaten didate, eta horrek  indarrak ematen dizkit.

Pena bat da paisaiaz eta naturaz disfrutatzeko denbora gehiegi ez edukitzea, edo eta horren zabalduak ditugun eraikin megalitiko eta datxekien kondaira, mito eta abarrei behar adinako arreta eskaintzerik ez izatea, baina dena ez da posible Mikel. Oraintxe bertan ibilbidea ahalik eta azkarren egitea da kontua. Tren azkar batentzat xedea bidaia burutzea den bezalaxe, tarteko herrietan gertatzen denaz gehiegi arduratu gabe.

Jendearekin hizketan halere, oraindik taldetik kanpo sentiarazten nauten gaiak badirela ohartu naiz, nahiz eta kirola
egiten hasi naizen. Guztien errege noski, telesailen inguruko elkarrizketa gaiak. Honetan ere zerbait handia galtzen ari naizenaren sentsazioa dut. Zuk honetaz asko dakizu, eta horregatik galdetzen dizut jakinminez, hala al da Mikel?

 

batetabat

 

Mikel Alvarez

Bihotzez pentsatzen nuen gaur egungo kirol-epidemiaren kontua itxitzat jo genuela azken aldian Artola, eta ez naiz berriz sastraka horretan sartuko (nahikoa heriotza mehatxu jaso nituen azkenarekin…). Horregatik, telesailen kontuari helduko diot, onartu beharrean bainaiz aspaldian horixe dela nire gaixotasunik larriena. Kontua galdu dut dagoeneko zenbat telesail ikusten ari naizen aldi berean, eta aitortuko dut, dagoeneko ez dudala telebistarik ikusten. Ez, ezta pixka bat ere, benetan. Gogoan dut garai batean telebista ikusten ez zutela ziotenak zein aluak iruditzen zitzaizkidan: «Nola ez duzu ba telebistarik ikusiko?». Pre-hipster jarrera txatxu bat besterik ez zitzaidan iruditzen eta oraindik ez dakit nola barneratu beraietako bat izaten amaitu izana. Arrazoia bakarra eta garbia da Jon: kaka-zaharra da. Hala ere, gogoko dut ikusentzunezko komunikazioa eta gure etxeetara iristen denak ezer eskaintzen ez didanez, beste leku batzuetan hasi naiz bila.

Bide horretan, maisulanak topatu ditut, eta telesailen kalitate zein berrikuntza gaitasuna noraino iritsi daitekeen ikusten ari naiz, edo ez, egunero topatzen dudalako muga gorago jartzen duen lan bat. Lost, Fringe, Breaking Bad, Tronu Dema (kasu honetan liburuekin geratzen naiz), The Wire, The Sopranos, True Detective… Aukera amaiezina da eta astero ale berri bat eskaintzen dute gainera. Maixulan horiek gutxi balira, telesail arinagoekin ere ikaragarri gozatzen dut: Revenge, The Mentalist, Castle, Falling Skies edo nerabetzarotik ikaragarri kuttun dudan Stargate handia… Bai Jon, aspaldi ez naiz mendira joan…

 

Berezko artikulua, Goiberrin.

Bat eta Bat (2014/05/16)

Posted on

Mikel Alvarez
Badakit bidaiazale amorratua zarela Jon, eta horren froga dira zure pasaporteko hamaika zirriborroak. Gainera, ni baino ausartagoa izan zara beti arlo horretan. Hala ere, itxaropena dut Europan zehar bidaiatua zarela eta, hala bada, garbi daukat behin baino gehiagotan pentsatuko zenuela «hauek gu baino aurreratuago daude» errepikakor hori. Gauza askorekin gertatu izan zait Europara zaharrera bidaiatu dudan bakoitzeko, baina bada gauza bat jende gehiagori ere entzun diodana. Eta zer da? Ba gizaseme alferrena ere zoriontsu egingo lukeen garraio publikoa! Merkea eta txartel-zulatzaile gabea! Nola da posible? Ba bai, jendea autobus, tren, metro edo tranbian sartu eta bere borondatez ordaintzen du!

Sinestezina… Hemen horrelakorik jartzea pentsatzen dugu halakoetan, baina ez dugu garbi ikusten. Ederra izango litzateke bai, baina ezinezkoa. Zuk uste hemen inork tren txartel bat ordainduko lukeela derrigortuko ez balute? Ba nik, garbiago dut egunero, ez. Are gutxiago bosgarren edukiontzia erabiltzeagatik hobariak eskaini eta marroietik txartela pasatzen dugunean, gure ekintza zenbatu ondoren zakar poltsa bakarra
berdera botatzeko. Edo TAOa dela eta, alboko herrian (merkeagoa delako) erroldatua genuen autoarekin egoiliar txartela lortzeko zer egin behar dugun galdezka gabiltzanean… Ez dugu barkamenik Jon.

batetabat

Jon Artola
Demontre Mikel, baina jendeak guzti horiek egiten al ditu ala? Zeinen inozentea naizen alajaina! Ikusten dut xoxak aurrezteko aukerak galdu eta galdu nabilela egunero. Arraioa, herriko aberatsenen artean nintzateke honezkero!

Edo beno, agian… agian ez, ezta Mikel? Zaborrengatik urtean 20 euro aurreztuz behintzat, gaur egungo maila berberean nengoke gutxi asko. Ikaragarria da bai, jendeak horrelako trikimailuekin herrikideei iruzur egitea eta ondoren, auto, telefono, aseguru edo argi indarretan multinazionalei horrenbesteko erreparorik gabe eta agian konturatu ere egin gabe, hilean 5 edo 10 euro gehiago ordaintzea.

«Lehen ere nahikoa zerga ordaintzen ditut», «besteek ere egiten dute» edo «niri ezer esan aurretik sar daitezela ustelkeria kasu handiekin» bezalakoak pentsatuz justifikatzen du jendeak bere burua (azken honetan arrazoiz agian, pikareskaren batura, ustelkeria handiekin konparatu beharko litzateke eta). Baina sorgin-gurpilarekin apurtu beharra dago, azkenean inork ez baitu ezer ordainduko, besteek ordaintzen ez dutelako.

Eta beno Mikel, behin berriketan ari garela, nola du izena aurrekoan deskargatzeko gomendatu zenidan musikariak? Izan ere, estreinatu berri den pelikula bat online ikusten nengoen eta ez nuen inon apuntatu. Badakizu, «lehen ere kulturan nahikoa ordaintzen dut», etab.

 

Berezko zutabea, Goiberrin.

Bat eta Bat (2014/02/28)

Posted on

Jon Artola
Erabaki garrantzitsu bat hartu berri dut Mikel. Bai jauna!
12 bat urtetako mutiko bat kalean bakarrik lasterka ikusi ondoren, nik ere hala egiten hasteko garaia badudala erabaki dut. Nik ere korrika egiten hasi behar dudala. Izan ere, zerbait handia galtzen behar dut! Mutil zein neska, ume nahiz heldu, pijo edo borroka, jende anitza ikusten dut bidegorrietan korrika. Eta ni, behiak trenari lez beste aldetik begira. Baina nahikoa da! Mens sana in corpore sano! Zertarako irakurri, musika entzun, pelikulak ikusi… Apokalipsia iristen denean Txindoki puntara babestera 35 minututan igotzeko gai ez bazara? Zertarako ikasi hizkuntza bat orein baten ehizan joan eta atzetik jarraitzeko gai ez bazara? Zertarako suspertu zure kreatibitatea, ondoren herriko seme-kuttun bere borondatez bizitza arriskuan jarri duen mendizale bat egiten badute? Zertarako egon hilabetetan liburutegia arratsaldez noiz irekiko zain, kiroldegia egunero zabaltzen dutenean?

Bai Mikel, zerbait handia galtzen behar dut eta ez nago horrela jarraitzeko prest. Etorkizuneko belauneko arazo edo eskuindar bihurtzeko arriskuak kontutan hartuta ere.
Zeren badakizu, ezkertiar izatetik eskuindar pragmatiko bihurtzeko ezinbesteko aro bat omen da norberaren gorputzean arreta jartzea. Edo hala dio behintzat Zizekek.

 batetabat

Mikel Alvarez
Nik ere sentsazio berbera daukat azkenaldian, eta nire herrian arrotz sentitzen hasia naiz. Urrun ikusten nuen plaga bat izatetik, gertuan eta sekula esperoko ez nuen lekuan, pandemia hau zabaltzen ari dela ikusi dut. Baina aizu! Agian arrazoi duzu eta gu gara oker gabiltzanak. Goierri kirolaren herrialdea bilakatzen ari da eta leku guztietan mendi lasterketak, BTT probak, duatloiak, ultratrailak eta megaultramatadak besterik ez daude. Hori bai, zineklubera egunetik egunera jende gutxiago joaten da, liburutegiak frikientzat babestoki bilakatu dira, eta %90ak edo ez du normalean irakurtzen, edo Kilian Jorneten biografia da irakurri duen azken liburua.

Dagoeneko ez dugu gogoratzen orain 10 urte arrakasta soziala eskaintzen zuten jarduerak zeintzuk ziren, eta garbi dugu, gaur egun pundamentuzko pertsona bat izateko, gutxienez Arriarango Mendi Lasterketa egin behar duzula, eta kilometroa ez dakit zenbat denboran.
Gu ere entrenatzen hasi beharko gara lanak libre uzten digun denbora urrian eta, agian, gu ere pro-gizonak izatera iritsiko gara. Orduan Artola, eta orduan bakarrik izango gara kontuan hartzeko moduko pertsonak eta une horretan, ez dugu liburutegiko ordutegi tristea ezagutuko, ezta inportako ere. Kilian Jorneten biografia irakurriko dugu eta ez zaigu axolako Zizekek zer esaten duen. Nor den ere ez dugulako jakingo.

Berezko zutabea Goiberrin