rural postmodern videos

Minutu eta hogeiko elkarrizketa bat euskal filmen izenburuekin! Beno, saiatu gara behintzat…

Posted on Updated on

Orain dela astebete edo bideo bitxi honekin egin nuen topo facebooken. Bertan, Filmeetako izenburuak erabiliz soilik hiru minutu pasatxoko elkarrizketa bat garatzen dute. Ideia ona iruditu zitzaidan baina bideoa ikusten ari nintzela, saihestu ezin izan nuen galdera bat etorri zitzaidan burura. Eta halako zerbait egingo bagenu euskarazko filmeekin?

Milaka dira ingelesez zein gaztelaniaz eginiko filmak eta uzta oparo horretan ez da hain zaila ere zentzuzko elkarrizketa bat garatzeko izenburuak bilatzea. Euskaraz ordea?

Galdera berbera Artolari plazaratu nion eta konturatzerako eta twitterren jasotako laguntzari esker, gidoia idatzita genuen arratsalde batean. Jatorrizko bideoaren omenez edo, elkarrizketa jatetxe batean grabatzea erabaki genuen eta horretarako Garbiñeri deitu genion: Utziko al diguzu bideoa Irizarren grabatzen? Baiezkoa erantzun zigun asko pentsatu gabe eta orduan, bertan agertuko zen zerbitzari bat behar genuela aitortu genion: Axola al zaizu bideoan agertzea? Behin eskuak zikinduta hori ere egingo zuela erantzun zigun baina oraindik bazen zerbait gehiago: Esaldi pare bat esan beharko dituzu… Betiko moduan lagunak ondo zaintzen.

Larunbat goizean grabatu genuen eta bi ordutan amaitu genituen lanak. Paella on bat bazkaldu eta bideoa editatu genuen. Dokumentalak, TV mobiak eta marrazki bizidunak kanpoan uztea erabaki genuen eta edizio lanetan ari ginela aukeratutako batzuk jatorrizko bertsioan gaztelaniaz grabatu zirela jakin genuen. Hala ere, hemen duzue emaitza. Egia esan, guk geuk ere ez dugu oso garbi elkarrizketa zentzudun bat garatzea lortu ote dugun. Zer diozue?

Minutu eta hogeiko elkarrizketa bat euskal filmen izenburuekin from The Indezents on Vimeo.

Gidoia, irudia eta edizioa: Jon Artola eta Mikel Alvarez

Aktoreak: Jon Artola, Mikel Alvarez eta Garbiñe Irizar

Eskerrak: Irizar Etxea (taberna) eta Goierri Telebista (tripodea)

Advertisements

“Operación Palace” dokumental faltsuaren harira, Xabiertxo

Posted on Updated on

Ez dut ulertzen Jordi Évoleren Operación Palacek altxatu duen hautsa eta ezta alde guztietatik jasotzen ari den hainbat kritika ere. Dokumental faltsu bat da, besterik gabe. Gezur bat kontatu zigun eta amaieran bere bekatua aitortu zuen. Non dago arazoa?

Badira baita ere, dimetsio handiagoa eman nahi izan diotenak. Zertarako balio izan ote duen, komunikabideak zalantzan jarri ote dituen… Ez dut uste ezer berririk mahai gainean jarri duenik baina lokartua zebilen enpanaturen bat esnatzeko balio izan badu behintzat, ongi etorria izan dadila.

salvados-operacion-palace-530

Izan dira gainera lekuz kanpo ikusi ditudan kritika batzuk eta ulertzea oso zaila egiten zaizkidanak. Adibidez, erregea indartzeko balio izan omen du monarkia krisian dagoen garai batean. Non? Noiz? Nik behintzat ez dut halako ondoriorik atera inondik inora. Beste batzuek manipulatzaile hutsa dela aurpegiratu diote, ez zela fidatzekoa eta hemendik aurrera are gutxiago. Ez dakit ba, zer nahi duzue esatea? Nahiz eta Euskal Herrian izan den bakoitzean ez zaidan bere saioen emaitza gehiegi gustatu (bat ere ez egia esan…), normalean bere saioak zintzoak iruditzen zaizkidala aitortu behar dut.

Ezjakintasunetik gerturatzen da beti errealitatera eta kazetari profesional askok baina galdera hobeak egiten ditu askotan. Beste askotan aldiz, hanka sartzen du eta barruan duen komikoa behar ez duen une zein lekuan solte uzten du. Arrisku horiek ditu ezjakintasunak. Gauza batzuk ondo egiten ditu eta beste batzuk gaizki, gainontzekook bezalaxe. Hala ere, espainiar estatuan kazetaritza (beste guztia ez esateagatik) nola dagoen ikusita, bere lanak errealitate bati erantzun eta onuragarria delakoan naiz. Gertuen dugunari egurra emateko zaletasuna dugu itxaropen gutxi pizten digunaz, ez dugula ezer espero. Horrelakoak gara.

Kontua da, ikuskizun entretenigarria iruditu zitzaidala eta eskertzekoa da egia esan, telebistak homogenizaziorantz jotzen dueen garai honetan (iritsi da dagoeneko), igande gau batean zerbait ezberdina ikusi ahal izatea. Hori da agian zergatik ez, Operación Palace honek abiatu beharko lukeen eztabaida nagusia.

Gustuko ditut dokumental faltsuak, izugarri gainera. Ez da generorik emankorrena inondik inora eta nahi baino gutxiago ikusi ditut (baten bat ezagutzen baduzue, eskertuko nizueke aipamena). Dokumental faltsuak gezur bat egia moduan kontatzea baliatzen du beste edozein generok baina gehiago eta hori gutxi balitz, hain maite dudan umore surrealistarako bidea ere ematen du (edozer gauza esan dezakezu egia balitz moduan!).

HUHEZI garaietan, guk ere egin genion generoari ekarpen txiki bat eta dokumental faltsuen gaia guztion ahotan dabilela ikusita, apaletik jetsi eta The Indezents berri honetara ekartzea erabaki dut. Xabiertxo izena du eta dokumentalak lantzeko balio izan zigun ikasgaiaren amaieran aurkeztu genuen lana izan zen. Leku ezberdinetan ikusi ahal izan zen eta Lekeitioko Zine eta Bideo Bileran fikziozko lan ez profesional hoberenari lehen saria eraman zuen (bizi osoan jaso dudan sari bakarra). Ea zer iruditzen zaizuen!

Xabiertxo from The Indezents on Vimeo.

Produkzioa: Maitane Nerekan eta Txomin Tapia

Kamera: Jon Arriaga eta Zuriñe Madinabeitia

Soinua: Nerea Ruiz de Azua

Argia: Nerea Barrutia

Itzulpenak: Josu Arizkorreta, Irati Goitia eta Xabier Azurmendi

Ilustazioak: Imanol Aizpuru

Musika: Xabier Sarasola eta Jeff Buckley

Aktoreak: Juan Kruz Mendizabal, Maria Luisa Garcia, Javier Sarriegi, Josu Lopez, Ixabel Olano, Valero Feo, Juanjo Otaño, Ainhoa Larrañaga eta Roberto Alvarez

Localbier (garagardo artisau bilatzailea)

Posted on

Larunbat bateko goizeko hamarretan genuen zita ondo gosaldu eta gidoia azken aldiz errepasatzeko. Odolki kurruskari bat jan nuen kafesne batekin lagunduta. David urduri zegoen eta ez zuen ebaki bat baino gehiago eskatu. Pablok ia parrandara iritsi zen bueltatxo bat eman zuen ostiralean eta ez zuen goserik (nahikoa puntual iritsi zela…). Jon lasai zen, bere lana Ataun of The Deadeko lagunek utzitako mikrofono eta pertiga heltzea zen.

Hautatutako bankura gerturatu eta lehen entseguekin hasi ginen. Davidek ideiak zituen bere pertsonaiarentzat eta normal eseri beharrean, ipurdia bizkarrekoaren gainean jarrita esertzea proposatu zuen. Bere pertsonaiak Pablorenaren gainetik behar zuen zentzu guztietan. Ideia ona iruditu zitzaidan eta nahi zuen lekuan jartzeko esan nion.

Goizeko hamaiketan piztu genuen kamera eta bazkaltzeko tarterik egin gabe ere, arratsaldeko bostak laurden gutxiagotan hartu genuen azken planoa. Ordurako, Davidi, eta bereziki bere ipurdiari, ez zitzaion hain ideia ona iruditzen bankuaren bizkarrekoan esertzea.

Abentura ordea, hiru aste lehenago hasi zen. Haurtzaroan gurasoen koadrilakide nuen Igorrek deitu zidan Londresetik. Proiektu berri bat omen zuen martxan eta iragarki bat nahi omen zuten. Lagun batek egin behar zien baina bizitzera Brasil aldera joateko erabaki hartua zuen. Orduan gogoratu zen bere jaioterrian jarraitzen zuen umetako lagun hartaz eta bazuen zantzuren bat garai batean bideoak egiten ibiltzen zenarena.

Garai hartan, The Indezents berria martxan jartzeko azken ukituak besterik ez zitzaizkidan falta eta egun hartan bertan jaso nuen Rural Potsmodern Videos sasi-produktora martxan jartzeko behar nuen kamera. “Patua da Igor” esan nion.

Edizio lana erraza izan zen nahiz eta montajera, ia hiru orduko materialarekin iritsi nintzen (toma faltsuekin DVD bat atera genezake…). Piezak bakar-bakarrrik enkajatu zuten eta konturatzerako, bi arratsalderen buruan, bideoa amaitua zegoen. Ahotsa eta musika sartzea besterik ez zen falta eta musika libreko bankuetan murgildu nintzen behar nuen kantuaren bila. Ia zoratu nintzen bila eta bila baina ez nuen balio zidan ezertxo ere topatu. Orduan, haurtzarotik lagun mina dudan eta oraindik aguantatzen nauen Igorri deitu nion (beste Igor bat). Azkenaldian etxean bertan musika ekoizten zebilen eta iragarkirako piezaren bat egin ahal zidala pentsatu nuen.

Telefonoz deitu nion baina oso liatuta omen zebilen. Ez omen zuen denborarik izango eskatzen nion denboran kantu bat prestatzeko. Lastima.

Hurrengo egunean ordea, familia artean bazkari eder batez gozatzen ari nintzela, mail bat jaso nuen mugikorrean. Igorren kantu bat zen. Melodia eta ukitu elektronikoa atsegin nituen baina irlandar mozkor ukitu bat behar nuela aitortu nion. Hurrengo egunean jaso nuen nire espektatiba guztiak gailendu zituen kantua.

Ahotsa sartzea besterik ez zen falta iragarkia amaitzeko eta profesionala naizenez, nik neuk sartzea erabaki nuen. Ez nintzen kontziente ordura arte erderaz nuen azentuaz. Zazpi saiakera egin nituen s eta rr-ak disimulatu nahian eta txukunenarekin geratu nintzen (bai, besteak entzun beharko zenituzkete…).

Aktoreak: David Camarero eta Pablo Sanchez

Soinua: Jon Artola

Musika: Igor Alustiza / Nikkin (nikkinband@gmail.com)

Bezeroa edo: Localbier

Eskerrak: Katihotsak (mikrofonoa eta pertiga) eta Goierri Telebista (tripodea)

Hemen da The Indezents berria!

Posted on Updated on

Hilabeteetan zehar paliza ematen aritu ostean, hemen da behingoz The Indezents berria! Gogo zein ilusio asko jarri dut proiektu berri honetan baina bada beste zerbait, abentura berri honek duena eta orain arte oso ohikoa ez zena blog honetan, lana hain zuzen ere. Dimentsio berri bat deskubritzearen moduko zerbait izan da niretzat.

Eta zertarako behar du artaburu honek blog berri bat berdina egiten jarraitzeko? Ba hori da kontua, The Indezents berri honek bi hanka gehiago dituela eta eman didaten lanarekin (batek gehienbat), euskarri berri zein erabilgarriago baten behar zutela iruditu zaidala.

Hilabeteak daramatzat bai paliza ematen eta ez dut sekula oso garbi utzi zertan ari nintzen… Ba bada garaia ahots ozenez esan eta errealitate bilakatzeko. The Indezents honek betikoa izaten  jarraituko du bai baina ohiko postez gain, bi proiektu berri barneratuko ditu.

Lehena, Rural Postmodern Videos da eta sasi-produktora bat besterik ez da. Asapldi utzi nuen bideogintza eta faltan botatzen nuen. Bideoklip Rural Postmodernoak egitera dedikatuko naiz gehienbat (ez galdetu hori zer den oraindik nik neuk ere ez baitut eta oso argi…). Horretaz gain, burutik pasatako harrikarak eta beste buru batzuetan sortutako enkarguak ere burutuko ditut (webgune zoragarri batentzat eginiko spota izango da lehen lana eta gaur bertan aurkeztuko dute localbierreko lagunek).

Eta bigarrena… Ai bigarrena… Finlandia izena du eta nire bizitzako proiekturik garrantzitsuena dela esango banu, motz geratuko nintzateke. Urteak daramatzat notak hartu eta ideia puta hori nola gauzatu pentsatzen eta azkenean iritsi da eguna. Finlandia, nobela online bat da (bai, burua joan zait) eta nobela online bat da “nobela” soilik esango banu, izena handiegi geratuko litzaiokeelako (nire bizitzako proiekturik garrantzitsuena dela esan dizuet baina horrek ez du esan nahi ona denik…).

Asteartero zatitxo bat argitaratuko dut eta zuek fideltasunez jarraitzea espero dut nahiz eta badakidan hori nire esku dagoela zuen esku baino gehiago. Ez dizuet gehiegi aurreratu nahi baina esango dizuet  filma indie bat dela paperean harrapatuta. Beste gauza batzuen artean, heldua egiteaz hitz egiten duela eta fikzioa eta errealitatea etengabe nahasten direla betetzen dituen orrietan zehar (dagoeneko nik neuk ere ez dakit muga hori non dagoen…).

Ba hori guztia da The Indezents berria eta hori bakarrik aldi berean. Datorren asteartean Finlandiaren azala eta hitzaurrea irakurri ahal izango dituzue eta datorrenean hasiko da festa. Gonbidatuta zaudete bidaia honetan parte hartzera!

Ez nuke nahi post hau amaitu proiektu berri honetan ezinbestekoak izan diren bi pertsonei eskerrak eman gabe. Alde batetik, Martak blogarekin lagundu dit eta nire eskaera surrealista guztiak irribarre batekin jasan ditu (baduzu pazientzia gero…). Bestetik, Imanolek bere artea oparitu dit eta blogaren buruan duzuen logo eder hori prestatu du. Mila esker bioi! Hoberenak zarete! Orain niri suertatzen zait lanean hastea.

Zazpi urte bete berri eta hau hasi besterik ez da egin! Keep on rockin!

The Indezents berria (Promoa) from The Indezents on Vimeo.

Rural Postmodern Videos (aurkezpena)

Posted on Updated on

Gidoiak idaztea eta bideo mundua izan dira nire ametsa handitan zer izan nahi nuen garbi antxean ikusten hasi nintzen egunetik. Garai batean, gogotsu heldu nion kontu honi baina adinak edo ez dakit zerk demontrek eraginda, alde batera utzia nuen gorputza zirrara olatu batez betetzen zidan zaletasuna. The Indezents (Rural Postmodern Videos) zirrara horri berriz heltzeko erditu dudan euskarria da; bideoklipak, laburmetraiak, enkarguak eta harrikarak, harrikara asko.