Localbier (garagardo artisau bilatzailea)
Larunbat bateko goizeko hamarretan genuen zita ondo gosaldu eta gidoia azken aldiz errepasatzeko. Odolki kurruskari bat jan nuen kafesne batekin lagunduta. David urduri zegoen eta ez zuen ebaki bat baino gehiago eskatu. Pablok ia parrandara iritsi zen bueltatxo bat eman zuen ostiralean eta ez zuen goserik (nahikoa puntual iritsi zela…). Jon lasai zen, bere lana Ataun of The Deadeko lagunek utzitako mikrofono eta pertiga heltzea zen.
Hautatutako bankura gerturatu eta lehen entseguekin hasi ginen. Davidek ideiak zituen bere pertsonaiarentzat eta normal eseri beharrean, ipurdia bizkarrekoaren gainean jarrita esertzea proposatu zuen. Bere pertsonaiak Pablorenaren gainetik behar zuen zentzu guztietan. Ideia ona iruditu zitzaidan eta nahi zuen lekuan jartzeko esan nion.
Goizeko hamaiketan piztu genuen kamera eta bazkaltzeko tarterik egin gabe ere, arratsaldeko bostak laurden gutxiagotan hartu genuen azken planoa. Ordurako, Davidi, eta bereziki bere ipurdiari, ez zitzaion hain ideia ona iruditzen bankuaren bizkarrekoan esertzea.
Abentura ordea, hiru aste lehenago hasi zen. Haurtzaroan gurasoen koadrilakide nuen Igorrek deitu zidan Londresetik. Proiektu berri bat omen zuen martxan eta iragarki bat nahi omen zuten. Lagun batek egin behar zien baina bizitzera Brasil aldera joateko erabaki hartua zuen. Orduan gogoratu zen bere jaioterrian jarraitzen zuen umetako lagun hartaz eta bazuen zantzuren bat garai batean bideoak egiten ibiltzen zenarena.
Garai hartan, The Indezents berria martxan jartzeko azken ukituak besterik ez zitzaizkidan falta eta egun hartan bertan jaso nuen Rural Potsmodern Videos sasi-produktora martxan jartzeko behar nuen kamera. “Patua da Igor” esan nion.
Edizio lana erraza izan zen nahiz eta montajera, ia hiru orduko materialarekin iritsi nintzen (toma faltsuekin DVD bat atera genezake…). Piezak bakar-bakarrrik enkajatu zuten eta konturatzerako, bi arratsalderen buruan, bideoa amaitua zegoen. Ahotsa eta musika sartzea besterik ez zen falta eta musika libreko bankuetan murgildu nintzen behar nuen kantuaren bila. Ia zoratu nintzen bila eta bila baina ez nuen balio zidan ezertxo ere topatu. Orduan, haurtzarotik lagun mina dudan eta oraindik aguantatzen nauen Igorri deitu nion (beste Igor bat). Azkenaldian etxean bertan musika ekoizten zebilen eta iragarkirako piezaren bat egin ahal zidala pentsatu nuen.
Telefonoz deitu nion baina oso liatuta omen zebilen. Ez omen zuen denborarik izango eskatzen nion denboran kantu bat prestatzeko. Lastima.
Hurrengo egunean ordea, familia artean bazkari eder batez gozatzen ari nintzela, mail bat jaso nuen mugikorrean. Igorren kantu bat zen. Melodia eta ukitu elektronikoa atsegin nituen baina irlandar mozkor ukitu bat behar nuela aitortu nion. Hurrengo egunean jaso nuen nire espektatiba guztiak gailendu zituen kantua.
Ahotsa sartzea besterik ez zen falta iragarkia amaitzeko eta profesionala naizenez, nik neuk sartzea erabaki nuen. Ez nintzen kontziente ordura arte erderaz nuen azentuaz. Zazpi saiakera egin nituen s eta rr-ak disimulatu nahian eta txukunenarekin geratu nintzen (bai, besteak entzun beharko zenituzkete…).
Aktoreak: David Camarero eta Pablo Sanchez
Soinua: Jon Artola
Musika: Igor Alustiza / Nikkin (nikkinband@gmail.com)
Bezeroa edo: Localbier
Eskerrak: Katihotsak (mikrofonoa eta pertiga) eta Goierri Telebista (tripodea)
9:59 am 2014/02/24
[…] Indezents blogeko sarrera honetan dituzue bideoaren grabaketaren inguruko […]