Finlandia (1. atala) – 1.3

Posted on

Inbentarioa amaitu eta bi motxilei begira geratu zen zutik ohe ondoan. Bi fardel horiek izan behar ziren bere bidaikide bakarrak aurretik zituen hamabost egunetan. Islandiara bidean zen eta ezin zuen sinetsi. Ezin zuen sinetsi behingoz bere bizitzan bere kabuz zerbait egiten ari zenik.

Ohe ondoko tiradera ireki eta amak hamasei urte zituela institutuarekin Amsterdamera joateko oparitu zion larruzko zorroa hartu zuen. Gerrikoari lotu eta galtzen azpian joaten den horietako bat zen. Bakarrik ekin behar zion bidaiari eta badaezpada ere dirua eta dokumentazioa bi leku ezberdinetan gorde nahi zituen “Bazpadaere…”. NANa diru-zorroan eta pasaportea eta ehun euro ezkutukoan.

Zorroa bere lekuan sartu, Suncamp handia bizkarrera bota eta Quechua txikia ohetik altxatzen ari zenean aita atetik sartzen entzun zuen. Berak eraman behar zuen Zumarragako geltokira autoan.

Une hartan, etxekoei Islandiara joateko erabakia azaldu zien eguna etorri zitzaion burura. Negar ederrak bota zituen amak. Hala ere, hori ez da arduratzekoa Lisa Simpsonen lagun saxofonista hil zenean ere negar egin baitzuen… Iluntze batean esan zien, afaltzen hasi aurretik. Etxeko laurak zeuden mahaiaren inguruan eserita eta ahots astunez jakinarazi zien berria erabaki garrantzitsuak komunikatzen diren bezala prentsaurreko baten moduan ia-ia. Aita haserretu egin zen eta anaia barrez lehertzen hasi – Joder! Seriotasun horrekin armariotik atera behar hintzela pentsatzen nian – momentu hartan isilik egoteko keinua egin zion modu txarrez Txominek anaia txikiari baina gerora, eta sekula onartu ez bazion ere, asko eskertu zion berria halako arintasunarekin hartzea. Aitak ez zuen ezer ulertzen – ¿Sólo? ¿A Islandia? ¿Para qué? – eta amak bere esaldi antologiko haietako bat bota zion malko artean: “Soldaduska falta zaik! Lehen mutilak soldaduskara joaten zituan gizon egitera, orain beste zerbait falta zaizue!”. Barrez hasi ziren orduan bai Txomin eta baita anaia Martin ere. Islandiara eramango zituen motxilei begira zegoen une hartan ordea, amak uste zuena baina arrazoi gehiago izango ote zuen galdetu zion bere buruari.

-Bueno, Txomin. ¿Preparado?

-Si aita. Vamos.

Etxekoak bina musuz agurtu eta amari herriz mugitzen zen bakoitzean deituko zuela hitz eman zion. Negar malkoka agurtu zuen amak anaiak barre konplizez begiratzen zion bitartean –Disfrutatu! – esan zion. Ez zen hitz askokoa Martin baina gutxitan esaten zituen alferrik. Oso ezberdinak ziren biak baina hala ere, oso ondo moldatzen ziren.

Motxilak autoan sartu eta Zumarraga aldera abiatu ziren aita eta biak. Ez zuten hitz askorik egin bidean eta Txominek jakin bazekien arduratuta zegoela bere semeak burutu behar zuen  periploarekin. Egia esan, bera ere arduratuta zegoen aurretik zuen abenturarekin eta lehen aldiz atzerrira bakarrik joateak beldur apur bat ere ematen zion. Ez zen ordea hori barruan zuen gauza bakarra. Hankako hatz puntetatik buruko azken ilera arte zeharkatzen zuen zirrara bat sentitzen zuen eta horrek, beldur guztiak desagertarazten zituen. Gainera, mundu osoko kriminalitate tasa baxuenetakoa zuen herrialde batera bidean zen, “Mesedez!”

Zumarragako geltoki kanpoan dagoen aparkaleku zabalean autoa utzi eta motxilak maletategitik atera zituzten. Aitak Suncamp handiari lotuta zegoen zakuan jarri zuen arreta eta apurtutako gakoa heldu zuen Txomini begira – Sí, se me ha roto – erantzun zion garrantzia kendu nahian. Aitak amore ematen duenaren begirada batekin erantzun zion. “Si se te ha roto hasta esto ¿qué coño vas a hacer solo en Islandia?” edo halako zerbait pentsatzen arituko zela pentsatu zuen Txominek. Kontuz ibiltzeko esan zion aitak, noizean behin deitzeko, eta mezu elektronikoren bat ere bidaltzeko, egunero begiratuko zuela posta. Baietz erantzun zion guztiari Txominek eta bi musu eman ondoren, bi fardelak gainean zituela urruntzen hasi zen – Ondo pasa! – bota zion aitak eta Txominek irribarre batekin erantzun zion bere bidean etenaldi bat eginez. Gutxitan hitz egiten zion euskaraz aitak eta guztiak oroitzen zituen Txominek. Gutxi izan zirelako agian, edo une garrantzitsuetan esanak izan zirelako ziurrenik. Mark Knopflerren Sailing to Philadelphia kantua etorri zitzaion burura. Ez zekien zergatik baina kantu hark bere aita gogoratzen zion beti, eta alderantziz. “Hori da bere doinua”.

Orain arte, horrela doa Finlandia.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s