Finlandia (1. atala) – 1.4
Suncamp handia bizkarrean eta Quechua txikia eskuineko sorbaldan, “A ze pisua duten… Bi aste horrela? Baja eskatu beharko dut lanera itzultzean…”. Hankarekin atea erdizka ireki eta zeharka sartzen saiatu zen, Suncampa atean trankatu zitzaion. Geltokitik ateratzen ari zen emakume batek laguntzeko keinua egin zion baina orpoarekin ateari kolpe bat eman eta atetik sartzea lortu zuen ahal izan zuen duintasun guztiarekin.
Trenbidearen azpiko igarobidetik pasa eta bere trena hartuko zen nasara iritsi zen Txomin. Zortea izan zuen eta eskailerak igo bezain pronto topatu zuen eserlekuan ez zegoen inor. Metalezko banku gorri “erosora” bota zituen bere bi bidaia kideak “Bai, zuetaz potrotaraino bukatu behar dut”.
Eserlekuan eseri eta aldamenetara begiratu zuen. Makina bat jende zebilen geltoki txikian zehar. Pare batek aurpegian idatzita zeramaten lanera bidean zirela baina gainontzekoek oporretara abiatzeko itxura osoa zuten, Txominek bezalaxe. Giro alaia sumatzen zen Zumarragako geltokian abuztuaren hiruaren goiz hartan. Ordularira begiratu eta trena iristeko ordu laurden falta zela ikusi zuen. Motxilatik iPoda atera eta bidaia handi honetan entzungo zuen lehen diskoa zein izango zen erabakitzen hasi zen.
Musikarako zaletasun ikaragarria zuen Txominek, apur bat frikia izatera iritsi arte. Zer demontre? Oso frikia! Ezagutzen zuen pertsona bakoitzari kantu bat oparitzen zion eta! Ez zien hartzaileei ezer esaten baina bere buruan “Honentzat, kantu hau” pentsatzen zuen. Pertsona bakoitzak bere doinua zuela defendatzen zuen beti. Itxura edo izaerek ere bere melodia zutela eta egunerokotasunean ezagutzen zuen jendeari, berea biltzea gustatzen zitzaion.
Nerabezaroan hainbat musika taldeetan aritu zen kafrearena egiten Txomin. Instrumenturik jotzeko gaitasunik ez zuen sekula izan baina kantari moduan… Beno, moldatzen zen. Kantua ez zen bere dohainetako bat baina eskenatoki gainean mugitzen zekien eta ederki pasatzen zuen gainera. Hogeita bi urte bete zituen egunean ordea, musika uztea erabaki zuen. Edo berak esaten zuen moduan, “Musikak utzi ninduen ni”. Harrezkero musika entzun, bildu eta musikaz idaztean jarri zituen bere indar guztiak. Inork gutxik irakurtzen zuen bere blog malapartatua baina Txomini ez zitzaion axola. Munduko webgunerik garrantzitsuena izango balitz moduan idatzi eta zaintzen zuen artikulu bakoitza. Musika maite zuen baina are gehiago idaztea eta artikulu haiek, bi maitasun horiek uztartzeko aukera eskaintzen zioten.
Arcade Fireren azken lana bero-bero zuen iPodean baina disko harren lehen entzunaldirako denbora gehiago behar zuela erabaki zuen. Azkenean, Fanfarloren Reservoir izan zen hautatua. “Nola demontre sortu daiteke halako zerbait debut lan batean? Ez dut uste disko honetaz sekula nazkatuko naizenik…”
I’m a Pilot amaitzen ari zela aldameneko bankuan kontu-kontari zebiltzan bi neskek tranzetik atera zuten Txomin. Bost maleta zituzten bien artean eta bostak ziren Txominen Suncampa baina handiagoak “Zer demontre eramango ote dute emakumeek maletetan… Espero dut hauek ere hegazkin baten bila ez joatea oporretarako dirua maletak fakturatzen xahutuko dute bestela”. Ondoan, gizon bat ikusi zuen maleta txiki gurpildun batekin, “Hau hondartzara doa fijo!” Hamar gradu inguru, xirimiria eta tipoa koadrodun bermuda zuri-beltz eta mahuka motzeko kamiseta zuri bat jantzita. “Gutxienez Ibizara… Beach Houseren edozein honentzat… Konjunto elegantea ikusita, Zebra adibidez” Bat-batean, oihuka hasi zen tipoa maleta askatu eta bi besoak altxatuz. Trenbidearen beste aldean bere lagun bat agertu zen eta hark ere tontoarena egiten erantzun zion. Bazirudien oporretarako arropa batera erosi zutela “Hoik dittuk piurak…“. Trenbidearen igarobidean barrena murgildu eta iristean besarkada gozo bat eman zioten elkarri “Nik uste hauek lagunak baino gehiago direla…“ .Ipoda itzali eta Islandiako esperientzian zehar produktiboen suertatuko zitzaion liburua atera zuen Quechua txikitik; Español – Inglés, Inglés – Español Collins Hiztegia.
Inorri onartu ez bazion ere, beldur apur bat sortzen zion bere ingeles maila penagarriak aurretik zuen bidaiari zegokionean. Komunikaziorako erraztasuna zuen Txominek txikitatik baina horrekin bakarrik ezin daiteke miraririk egin. Txominen ingelesa eskolan ikasitako gutxira eta kantuen izenburuetara mugatzen zen eta horrekin soilik, oso zaila izan behar zuen behar den bezala komunikatzea. Sekula ez zuen ikasketekin arazorik izan baina ingelesa eta matematikak bere kryptonita izan ziren beti. Haurtzaroan higuina sentitu zuen bi ikasgai hauengatik eta ez zuen sekula ezer egin hori aldatzeko, “Erroak kalkulatzeko kalkulagailuak eta ingelesez komunikatzeko… Google Translator!” esaten zuen beti.
Hiztegi nahiko ona zuen baina ez zen gai esaldiak eratzeko. Bere azken ingeles irakasleak esan zion bezala, “adreilu mordo bat dituzu baina zimenduak falta zaizkizu”. Gauzak horrela, westernetako indioen moduan hitz egiten zuen eta segurtasun gehiago izateko, beti orainaldian. Hori bai, ez pentsa ingelesa hitz egiteak lotsa ematen zionik. Ezta gutxiago ere! “Ez dago ezer garrantzitsurik rock kantu batean esan ez denik!”
Hiztegian reserva nola esaten zen begiratzen ari zen bitartean Eneritzi oporretan Islandiara bakarrik joan behar zuela esan zion egunaz oroitu zen:
-Eta nola demontre komunikatu behar zara?
-Ez dakit ba, moldatuko naiz… – erantzun zion Txominek barre algaren artean.
Eneritzek zulo txiki batetik gustura ikusiko lukeela aitortu zion Txomini barrezka. Berak ordea, zulo txiki batekin, ez luke sekula nahikoa izango Eneritz ikusteko…
Eneritz burutik kendu nahian hiztegi txikitik begirada altxatu eta bere inguruan jendea mugitzen ari zela konturatu zen. Bartzelonara eramango zuen trena iristen ari zen.
Orain arte, horrela doa Finlandia.