Finlandia (1. atala) – 1.5

Posted on

FLAG Finlandia

Gogoan dut umea nintzela etxeko egongelan zegoen Larousse entziklopediko Ante – Bapti bigarren alearekin jolasean pasatzen nituela larunbat goizak. Apalaren azpian zegoen kutxara igo eta altxor baten moduan jaisten nuen kalera ematen zuen atearen ondoan zegoen mahai borolobilera. Eseri eta “Banderas nacionales” atalaren hasieran irekitzen nuen. Bandera zalea nintzen. Orain ordea, banderetan pentsatzean, Dut eta Martxel Mariskalen Haize eza kantuaz gogoratzen naiz beste ezertaz baino gehiago. Banderen partaidetza zentzua atsegin nuen. Munduan zehar beste haur bat zegoen bere etxeko mahai borobilean eserita, bere herrialdeko bandera ikustean nik ikurrina ikustean sentitzen nuen berbera sentitzen zuena. Agian, herri bat gehiago besterik ez garela kontura arazteko balio izan zidan horrek nahiz eta, aldi berean, gure partikulartasunak defendatu beharrean gaudela erakutsi. Ez dut uste orduan horretan pentsatzen nuenik…

Oso bakezalea dirudi joko honek baina azkenean bandera haiek guztiekin izugarrizko txapelketak antolatzen amaitzen nuen. Zortzi folio zeloz lotu eta Munduko Futbol Txapelketako koadro bat marrazten nuen. Bertan, hirurogeita lau talde sakabanatzen nituen supermodelo edo jokalari mitikorik gabeko zozketa baten ostean. Kopuru nahiko altua zen munduko txapelketa baterako baina helburu nagusia ahal bezain bandera gehien marraztea izaten nuen. Banan-banan, herrialdearen izenaren ondoan, zegokion bandera marrazten nion eta astero, bandera ezberdinak aukeratzen nituen lehiarako. Beno, Guztiak ez. Baziren sei beti errepikatzen zirenak; Ikurrina alde batetik, eta Norvegia, Suedia, Finlandia, Danimarka eta Islandia bestetik. Ez dakit koloreek edo gurutze desorekatuek zuten errua, baina ikaragarri gustuko nituen iparraldeko bandera haiek.

Gerora, bandera haiekiko maitasunak eta klaseko ilehori bakarra izateak bikingoen kulturarekiko interesa ere piztu zidaten. Behin baina gehiagotan esan izan dut txantxa artean inguru haietako baten batek duela mende asko Beasain Mendin botatako larrualdi baten ondorengoa naizela… Zergatik ez?

Egongelako munduko kopa haien erruz edo haiei eskerrak, munduko bandera gehientsuenak gogoratzen ditut oraindik.

Jakin-mina duenarentzat, lehiak dado baten bidez erabakitzen nituen.

Horrela doa Finlandia orain arte.

Eta horrela, Finlandiako Non-Original Soundtracka.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s